43. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDABIA

Udal ordenantza, kutsadura akustikoaren aurka babestekoa. Behin betiko onespena

Mendabiako Udalak, 2025eko urriaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Mendabiako udalerrian kutsadura akustikoaren aurka babesteko udal ordenantza. Erabaki hori 2025eko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 18an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork haren aurka alegaziorik, kexarik edo oharrik egin gabe iraganik, ordenantza horren hasierako onespenaren erabakia behin betiko bilakatu da eta haren testu osoa argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Mendabian, 2026ko urtarrilaren 15ean.–Alkatea, María José Verano Elvira.

MENDABIAKO UDALARREIAN KUTSADURA AKUSTIKOAREN AURKA BABESTEKO UDAL ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Kutsadura akustikoaren aurkako borroka ingurumena eta osasun publikoa babesteko udal eskumenen eremuan kokatuta dago, baita norberaren eta familiaren intimitaterako eskubide konstituzionala bermatzeko eremuan ere.

Zaratak eragiten dituen kalteak askotarikoak izaten ahal dira; eragozpen soilak izan ditzake, baina arrisku larria sor dezake bai pertsonen osasunerako, bai ingurumenerako oro har. Hori dela eta, ikuspegi zabal eta integratzaile batetik abiaturik arautu behar da kutsadura akustikoaren aurkako borroka, arazoak ukitzen dituen alderdi guztiak bildurik. Horri begira, udal eskumeneko igorle akustikoen prebentzio, zaintza, kontrol eta diziplina eremuan jardun behar dugu, kutsadura akustikoa kudeatzeko tresnen bidez.

Ordenantza hau egiteko oinarria izan da Joko eta Ikuskizunen Brigadak prestatu duen dokumentua Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuko zerbitzu juridikoen aholkularitzarekin. Helburua izan da toki eremuko ordenamendu juridikoan dagoen legezko hutsunea betetzea, eremu horretatik aurre egin ahal izateko partikularren artean sortzen diren eragozpenei, legezko berme guztiekin.

Ordenantzak bereziki azpimarratzen du herritarren artean bizikidetza ona egotea bermatu behar dela, etxebizitzaren barruan nahiz bide publikoan dugun portaeraren ondoriozko eragozpenei dagokienez. Udal eskumenek berezkoa dute bizikidetza hori bermatzea, eta, beraz, auzokideen arteko harremanetan eta portaeretan atsedena errespetatzen dela ziurtatu behar da, jarduerak baimendutako mugen barruan gauzatu ahal izan daitezen. Hartara, azaroaren 17ko 37/2003 Legean aurreikusten ez diren manu batzuk txertatu ditugu, Mendabiako Udalari baitagokio horiek erregulatzea.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da zaraten eta bibrazioen ondoriozko kutsadura akustikoa prebenitu, kontrolatu eta murriztea, kutsadura mota horrek gizakien osasunerako, ondasunetarako edo ingurumenerako sor ditzakeen kalte edo eragozpenak saihesteko.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantzaren preskripzioen mende geratuko dira udal eskumenen eta udal-mugartearen barruko igorle akustiko publiko zein pribatuak, baita eraikuntzak ere, hartzaile akustiko gisa. Igorle akustikotzat jotzen da kutsadura akustikoa sor dezakeen edozein jarduketa, eraikuntza, eraikin, jarduera, instalazio, elementu, bitarteko, makina, azpiegitura, ibilgailu, gailu, unitate tekniko, ekipo, ekitaldi, ospakizun, portaera edo ekintza, eta pertsonak ere barne hartuta.

3. artikulua. Udal eskumenak.

Mendabiako Udalak ordenantza betetzen dela zainduko du, legedi aplikagarriak esleitzen dizkion eskumen eta ahalen arabera; horretarako, zehapen ahala baliatuko du, eta ordenantza aplikatzen dela zaindu eta kontrolatuko. Hala badagokio, legez ezarritako neurriak hartuko ditu.

1. ATALA.–EKITALDIAK, OSPAKIZUNAK ETA PORTAERAK BIDE PUBLIKOAN ETA AIRE ZABALEKO EREMUETAN

4. artikulua. Arau akustikoak, bide publikoko eta jabari publikoko nahiz pribatuko aire zabaleko eremuetako ekitaldi, ospakizun eta portaerei buruzkoak.

1. Artikulu honetan jasotzen diren preskripzioak bide publikoko eta jabari publikoko nahiz pribatuko aire zabaleko eremuetako ospakizun, ekitaldi eta portaeretan aplikatuko dira; besteak beste, honako hauetan: partikularren petardoak eta antzekoak, kanpai hotsak, Mendabiako Udalak ofizialki aitorturiko azoka eta jai herrikoiak, musika emanaldi ibiltariak, ekimen pribatuko dantzaldiak eta ospakizunak, ekimen pribatuko eta jabari publiko edo pribatuko aire zabaleko eremuetan edo etxebizitzak ez diren eraikinetan egiten diren ospakizun eta ekitaldiak eta antzeko guztiak.

2. Ospakizun, ekitaldi eta portaera horietan, betiere, herritarren bizikidetza onaren eta gainerakoekiko errespetuaren mugak errespetatu beharko dira.

3. Aurrekoa aintzat harturik, bide publikoan eta jabari publikoko nahiz pribatuko aire zabaleko eremuetan, oro har, ezin izanen da abestu, oihukatu, soinu anplifikadoreak eta bozgorailuak dauzkaten gailu elektronikoak funtzionarazi, objektu edo musika tresnak jo, soinudun makina edo gailuak eragin eta zarata egin, oro har, honako baldintza hauetako edozeinetan:

a) Sorturiko zarataren intentsitatea eta iraunkortasuna onartezinak edo argi eta garbi gogaikarriak direnean.

b) Urratu egiten direnean artikulu honetan ospakizun, ekitaldi edo portaeretarako xedatzen diren preskripzioak.

4. Hona hemen ekitaldi, ospakizun eta portaera horiek gizabidea bete dezaten ezartzen diren baldintzak:

a) Partikularrek petardoak eta antzekoak erabiltzea.

–Debekatuta dago bide publikoan eta aire zabaleko eremuetan petardoak, suziriak, trakak eta antzeko artifizio piroteknikoak lehertzea, baimendutako manifestazioetan ere, salbu Mendabiako Udalak baimendutako jardueretan.

Kanpai hotsak.

–Gurtza-zentroetan kanpaiak jo daitezke, edo kanpai hotsen grabaketak jarri, ospakizun erlijiosoetarako soilik; beraz, kanpaien kasua ordenantzan ezartzen diren zarata mugetatik salbuetsita dago.

b) Mendabiako Udalak ofizialki aitortutako azoka eta jai herrikoiak.

–Azokak eta jaiak ordenantzan ezarritako zarata mugetatik salbuetsita daude egun horietarako; nolanahi ere, Mendabiako Udalak adierazten dituen eremu edo esparruen barruan garatu beharko dira, eremurik adierazten badu. Dena dela, udalaren organo eskudunak neurriak hartzera behartu ahalko du, ekitaldi horiek ahalik eta eragozpen gutxien eragin dezaten inguruan; adibidez, musika bateratzea atrakzio mekanikoetan, kiosko-tabernetan, salmenta guneetan eta tonboletan, azoka esparruaren mugak adieraztea establezimendu horietan ordu tarte jakin batean megafonia, sirenak edo musika mugatzea, atrakzioak, kioskoak, salmenta guneak eta antzekoak jartzeko..

c) Musika emanaldi ibiltariak.

–Ekitaldi hauek 2. apartatuan jasotzen diren irizpideekin bat etorriz edo 3. apartatua urratu gabe egiten ahalko dira.

d) Ekimen pribatuko dantzaldi eta herri ospakizunak.

–Ekimen pribatuko dantzaldi eta herri ospakizunak bide publikoan egin ahal izateko, 2. apartatuan jasotzen diren irizpideak bete beharko dira, edo 3. apartatua urratu gabe jardun; halere, horrek ez du kentzen behar diren baimenak eskatu beharra hirigintzaren arloko arau aplikagarriak aintzat harturik. Nolanahi ere, soinu anplifikadoreak eta bozgorailuak erabiltzen dituzten instalazio musikalak edo zuzeneko musika emanaldiak debekatuta daude.

e) Jabari eta ekimen pribatuko aire zabaleko eremuetan edo etxebizitzak ez diren eraikinetan egiten diren ospakizun eta ekitaldiak.

–Ospakizun hauek 2. apartatuan jasotzen diren irizpideekin bat etorriz edo 3. apartatua urratu gabe egiten ahalko dira. Hemendik kanpo geratzen dira Udalak lizentzia baten edo erantzukizun adierazpen baten bidez legeztatu behar dituen ekitaldi edo emanaldiak, baita ekonomia jarduera motaren bat direnak ere; ordenantzan ezartzen diren preskripzioen mende egonen dira horiek, jarduera motaren arabera.

5. Udalaren kontrola:

Artikulu hau urratzen duten edo poliziako agenteen ustez intentsitatea eta iraunkortasuna direla-eta argi eta garbi gogaikarria den gehiegizko zarata ateratzen duten ekintza edo portaerak izatean direnean, poliziek horrela jokatzeari uzteko eskatuko diete arduradunei. Halaber, salaketa partea idazten ahalko dute, arau-hauste arina egiteagatik, egiaztapen akustikorik egin beharrik gabe; are, egokia bada, zarata eragiten duten elementuak konfiskatzen ahalko dituzte.

Inguruko auzokideen kexak jasotzen direnean, agenteek bide publikoa uztera behartzen ahalko dituzte arduradunak.

Egiaztapen akustikoak egiten direnean, 4.e) apartatuaren kasuan, egokitzen den bezala ezarriko da zehapena, aintzat harturik III. tituluan jasotzen diren taulak.

2. ATALA.–ALARMAK, MEGAFONIA ETA MUSIKA EMANALDIAK

5. artikulua. Alarma motak.

Ordenantza honen ondorioetarako, honako alarma kategoria hauek ezartzen dira:

–A kategoria: kanpoaldera soinua igortzen dutenak.

–B kategoria: barrualde komunetara edo erabilera publiko partekatuko barrualdeetara soinua igortzen dutenak.

6. artikulua. Alarmen baldintza teknikoak eta funtzionamendu baldintzak.

1. Alarma sistemek bat egin beharko dute industriako arau aplikagarriak betetzen dituzten modeloekin, eta erabilera edo funtzionamendu egoera ezin hobean eduki beharko dira, arrazoirik gabe edo beren helburuez bestelako arrazoiengatik aktiba ez daitezen.

2. Debekatuta dago alarma sistemak nahieran aktibatzea, behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzeko egiten diren probetan izan ezik. Hilean gehienez ere egiaztapen bat egiten ahalko da, 10:00etatik 18:00etara, 5 minutuz asko jota.

3. Alarmek honako betekizun hauek beteko dituzte:

a) Soinu sistemak, gehienez, 60 segundoz funtzionatzen ahalko du jarraian.

b) Alarmaren soinudun seinaleak gehienez ere hiru aldiz errepikatzen dituzten sistemak baino ez dira baimenduko. Alarma seinaleen artean, 30 segundoko tartea egonen da gutxienez, eta 60koa gehienez, aurretik deskonektatzen ez bada.

c) Guztizko zikloa amaitutakoan sistema desaktibatzen ez bada, ez da berriro abiarazten ahalko.

7. artikulua. Alarmen igorpen mugak.

1. Alarmek honako igorpen muga hauek errespetatuko dituzte:

a) A kategoriako alarmak: 85 dbA, 3 metroko distantziara neurtuta, gehieneko soinu igorpenaren norabidean.

b) B kategoriako alarmak: 80 dbA, 3 metroko distantziara neurtuta, gehieneko soinu igorpenaren norabidean.

8. artikulua. Megafonia eta bestelako soinudun gailuak, aire zabaleko eremuetan.

1. Oro har, debekatuta dago aire zabaleko eremuetan propagandarako, eskaeretarako, ohartarazpenetarako, dibertimendurako edo antzekoetarako megafonia edota edozein soinudun gailu erabiltzea, aurretik baimendu ez bada, ordenantza honetan adierazitako mugak gainditu ez daitezen eta, hortaz, auzokideei eragozpenik sor ez dakien. Salbuespena izanen dira larrialdietan edo herriko erabilera tradizionalengatik finkatutako egoerak.

2. Eskuduna den udal organoak soinudun gailu horiek erabiltzea baimentzen ahalko du, udalerri osoan edo zati batean, interes orokorreko arrazoiengatik edo herritarrentzat esanahi berezia duten arrazoiengatik.

3. ATALA.–AUZOKIDEEN EKINTZAK ETA PORTAERAK ETXEBIZITZEN ERAIKINETAN

9. artikulua. Auzokideek etxebizitzen eraikinetan egiten dituzten ekintzei eta portaerei buruzko arau akustikoak.

1. Etxebizitzen eraikinetan bizi kalitatea ona izan dadin, gizabide eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako portaera arauak daude, hainbat ekintzaren ondorioz eragozpenik ez sortzeari begirakoak; besteak beste, ekintza hauek aipa ditzakegu: ateak zabar ixtea, zaharberritze lanak egitea, mantentze lanak eta barrualdea egokitzeko lanak egitea, oihukatzea, ozen mintzatzea, korrika egitea, salto egitea, patinatzea, dantzatzea, takoi hotsa ateratzea, musika aparatuak erabiltzea, musika tresnak jo eta etxetresna elektrikoak erabiltzea, altzariak edo objektuak arrastatzea eta zaratarengatik eragozpenak sor ditzakeen bestelako edozein ekintza edo portaera.

2. Arau orokor gisa, bizilagunen ekintza edo portaera orok gizabide arau logikoak bete behar ditu, eta haien jokabidea, orobat, mantendu behar da herritarren arteko bizikidetza onaren eta besteenganako errespetuaren mugen barnean.

3. Aurrekoa aintzat harturik, etxebizitzen eraikinetan auzokideen portaera arautzeko honako arau hauek ezartzen dira:

a) Oro har, etxebizitzen eraikinen barrualdean eta kanpoaldeko eremu erkideetan, debekatuta dago 1. apartatuan adierazitako portaerak edukitzea, 2. apartatuan eta artikulu honen gainerako apartatuetan ezarritakoari kontra egiten badiote.

b) Nolanahi ere, debekatuta dago etxebizitzen barrualdean korrika egitea, salto egitea, patinatzea, takoi hotsa ateratzea eta antzekoak egitea, inpaktuzko zarata ateratzen baitute.

c) Etxebizitzen barrualdean obrak eta igeltserotza lanak egin behar badira, lanegunetan 08:00etatik 21:00etara eginen dira; larunbat eta jaiegunetan, berriz, 09:30etik 21:30era. Lan horiek egiten hasi aurretik, asmoaren berri emanen zaio jabeen erkidegoko buruari edo, bestela, kalte gehien jasan dezaketen auzokideei.

d) Etxebizitzen barrualdean, egokitzapen eta mantentze lanak (garbiketa lanak, instalazioak, konponketak...) 08:00etatik 20:00etara egiten ahalko dira lanegunetan, eta 10:00etatik 15:00etara larunbat eta jaiegunetan, baldin eta zaratengatik eragozpenak sor ditzaketen tresnak erabiltzen badira.

e) Etxebizitzen barneko ospakizun eta jai pribatuak 9:00etatik 22:00etara egiten ahalko dira, gizabide portaera logikoa edukita; larunbatetan eta jaiegunen bezperetan, ordea, 10:00etatik 24:00etara baimenduko dira, eta igandeen edo jaiegunen kasuan, aldiz, 10:00etatik 23:00etara.

f) Auzokideek etxebizitzen eraikinen barrualdeko edo kanpoaldeko eremu erkideetan egin ditzaketen ekintzak, portaerak eta ospakizunak, baita horietarako ordutegiak ere, 2. apartatuan ezarritakoaren mende egonen dira; hala ere, jabeen erkidegoak arautzen ahalko ditu, baldin eta sor daitekeen zaratak erkidego horren higiezineko edo higiezinetako auzokideei bakarrik eragiten ahal badie.

4. Eraikuntzaren zerbitzurako instalazio komunak:

a) Instalazio hauek ezin izanen dute sortu ordenantzan ezarri diren igorpen mugak gainditzen dituen zaratarik edo bibraziorik.

b) Jabeen erkidegoaren betebeharra eta erantzukizuna izanen da instalazio horietan mantentze lanak egitea, instalazioon funtzionamenduak higiezineko edozein etxebizitzatan zarataren edo bibrazioen ondoriozko eragozpenik sor ez dezan. Halere, erkidegoak erantzukizunak eskatzen ahalko dizkie, hala badagokio, makinaren edo instalazioaren fabrikatzaileei, saltzaileei, instalatzaileei edo enpresa arduradunei. Nolanahi ere, jabeen erkidegoak hartu beharko ditu instalazio horiek eragindako kutsadura akustikoarekin zerikusia duen edozein arazo konpontzeko neurriak.

c) Apartatu hau urratzeagatiko zehapenak instalazioaren ardura duen jabeen erkidegoari ezarriko zaizkio.

5. Partikularren aire girotuko instalazioak:

Partikularren aire girotuko instalazioek ordenantzan ezartzen diren zarata eta bibrazio mugak beteko dituzte.

6. Etxetresna elektrikoak, irratiak, telebistak eta musika ekipoak.

a) Etxetresna elektrikoak erabiltzean, ez zaie auzokideei eragozpenik eraginen; nolanahi ere, ordenantzan ezarritako zarata mugak errespetatuko dira.

b) Etxebizitzen barruan irratiak, telebistak edo musika ekipoak pizten badira, 3.a) apartatuan ezarritakoa beteko da. Erkidegoko zonetan, 3.a) eta 3.f) apartatuetan ezarritakoa hartuko da aintzat.

c) Etxebizitzen barrualdean goizez edo arratsaldez musika tresnak jotzen badira, 3.a) apartatuan ezarritakoa beteko da; nolanahi ere, debekatuta dago musika tresnak gauez jotzea. Erkidegoko zonetan, 3.a) eta 3.f) apartatuetan ezarritakoa hartuko da aintzat.

7. Animaliak:

a) Animalien jabeek neurriak hartuko dituzte animaliek zaratarekin eragozpenik sor ez ditzaten, dela etxebizitzen barnean, dela balkoietan, zona komunetan, patioetan, terrazetan...

b) Debekatuta dago etxebizitzetan, balkoietan, leihoetan, terrazetan, patioetan eta eraikineko gainerako zona komunetan animaliak bakarrik uztea, aldi baterako bada ere, auzokideei zaratengatik eragozpenak sortzen badizkiete.

8. Udalaren kontrola:

Udaltzainek egiaztatzen badute artikulu honetako preskripzioak urratzen dituen ekintza edo portaeraren bat izaten ari dela edo intentsitatea eta iraunkortasuna direla-eta beren ustez agerikoak diren eragozpenak eragiten ari direla, jokabide hori uzteko eskatuko diete arduradunei, eta salaketa partea idazten ahalko dute portaera zaratatsuaren eragilearen edo eragileen kontra, arau hauste arina egiteagatik, egiaztapen akustikorik egin beharrik gabe.

Egiaztapen akustikoak egiten direnean, 4., 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako kasuetan, egokitzen den bezala ezarriko da zehapena, III. tituluan jasotzen diren taulak aintzat harturik.

4. ATALA.–AIRE ZABALEKO EREMUETAN EGITEN DIREN BESTELAKO JARDUERAK

10. artikulua. Aire zabaleko eremuetan eta eraikuntzetan egiten diren obrak.

1. Eraikinetan edo azpiegituretan egiten diren eraikuntza, aldaketa, konponketa edo eraispen lanak, baita bide publikoan egiten direnak ere, astegunetan ez dira 22:00etatik 08:00etara egiten ahalko, ezta larunbat eta jaiegunetan ere, ordua edozein dela ere, salbu eta tartean badaude larrialdi, segurtasun edo arrisku arrazoiak edo ezinbesteko arrazoi teknikoak eta udalaren alor eskudunak aurretik baimendu baditu. Larunbatetan, 09:00etatik 14:00etara egiten ahalko dira lan horiek.

Arrazoi teknikoengatik edo mugikortasun premiengatik egunez egin ezin badira, ordu horietan egiteko baimena eskatzen ahalko da aurretik. Baimenean, berariaz zehaztuko dira gaueko lan horien ordutegiak eta epeak.

2. Obren arduradunek lanen edo makineriaren ondoriozko zarata mailak murrizteko neurririk egokienak hartu beharko dituzte, eragozpenak murrizte aldera.

3. Artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren lanetarako erabiltzen diren eta zaratak eta bibrazioak eragin ditzaketen ekipo eta makineria guztiek bete beharko dute araudi sektorial aplikagarrian ezarritakoa; bereziki, aire zabalean erabiltzen den makineriari dagokionez, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuaren preskripzioekin (212/2002 Errege Dekretua, otsailaren 22koa, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena). Erabiltzen diren sistema edo ekipo osagarri guztiak kutsadura akustikoa murrizteko egokienak izanen dira.

11. artikulua. Salgaiak kargatu, deskargatu eta garraiatzea.

1. Salgaiak kargatu, deskargatu eta banatzen direnean, baita kamioietan materialak garraiatzen direnean ere, kutsadura akustikoa ahal bezainbeste murrizteko behar diren neurriak hartuko dira.

2. Jarduera horiek egitean, ez da zuzeneko inpakturik eragiten ahalko ez ibilgailuan, ez zoladuran. Halaber, banaketaren ibilbidean kargak mugitzen direnean edota dardarak sortzen direnean, zarata saihesteko teknika onenak erabiliko dira.

12. artikulua. Beladoreak muntatu, desmuntatu edo mugitzea.

Terrazetako elementuak eta beladoreak muntatu, desmuntatu edo mugitzen direnean, ez da inpaktu edo talka zakarrik eraginen; nolanahi ere, ahalik eta zarata txikiena aterako da. Horri begira, muntatzean, desmuntatzean edo lurzorutik mugitzean zaratarik ez ateratzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte altzariek, eta debekatuta dago metalezko altzariak jartzea, zarata leunduko duen elementurik ez badute.

13. artikulua. Herritarren portaerak aire zabaleko eremuetan.

1. Herritarrek, aire zabaleko eremuetan, herritarren bizikidetza ona izateko mugen barruan jardun beharko dute, auzokideen eta oinezkoen atsedena eta lasaitasuna asaldatuko dituen edo lokal hartzailearen berezko jarduerak normal garatzea eragotz dezakeen zaratarik egin gabe.

2. Zehazki, honako hauek egitea debekatuta dago, aurreko apartatuan ezarritakoari dagokionez jokabide onartezintzat jotzen direlako:

a) Oihukatu edo ozen mintzatzea.

b) Petardoak edo elementu piroteknikoak baimendutako toki eta uneetatik kanpo leherraraztea.

c) Soinu erreprodukzioko aparatuak aurikularrik gabe eta oso ozen erabiltzea.

d) Gauez beste pertsona edo pertsona talde batzuekin kalean edo eremu publikoan edo titulartasun pribatuko eta erabilera publikoko aire zabaleko eremuetan egotea, baimenik ez badago eta, jarduketa kolektiboaren ondorioz, eragozpenak eragiten dituzten eta auzokideen atsedena eta lasaitasuna asaldatzen dituzten zaratak egiten badira.

14. artikulua. Motordun ibilgailuetan eta ziklomotorretan musika ekipoak erabiltzearen ondoriozko kutsadura akustikoari buruzko arauak.

1. Debekatuta dago ibilgailuetan musika ekipoak gehiegizko bolumenean erabiltzea, poliziako agenteen ustez musikaren intentsitatea eta iraunkortasuna direla eta eragozpenak agerikoak badira.

Agenteek, portaera hori duen ibilgailu bat ikusten dutenean, ibilgailua eta ekintzaren arduraduna identifikatu ondoren, salaketa partea idatziko dute haren kontra, arau hauste arina egiteagatik, neurketa akustikorik egin behar gabe.

II. TITULUA.–ARAU-HAUSTE ETA ZEHAPENAK

15. artikulua. Printzipio orokorrak.

Ordenantzan ezarritakoa urratzen duen ekintza edo omisio oro joko da arau-haustetzat, eta, hala badagokio, erantzukizun administratiboa sortzen ahalko du, baztertu gabe bide zibil edo penalean edo beste bideren batean eska daitekeen erantzukizuna.

Zehapenak ezartzeko, zehapen espediente bat irekiko da. Espediente horretan, ustezko arau hausleari entzunen zaio. Espedientean halaber, behar den egokitzapena gordeko da arau-haustearen eta aplikatutako zehapenaren artean. Zehapenak mailakatzeko, honako hauek kontuan hartuko dira: egindako arau-haustearen sailkapena, arduradunaren inguruabarrak, baimenduko mugen gainditze maila, eragindako eragozpenak eta eragozpenak sortu diren ordua, inguruabar larrigarriak eta aringarriak eta proiektuan egindako edo programatutako inbertsioa.

16. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Arau-hauste administratibotzat jotzen dira ordenantzan kutsadura akustikoa prebenitzeko eta akustikaren kalitatea bermatzeko xedez ezarri diren arauen kontrako ekintza edo omisioak, eta zehapena jartzen ahalko zaie, honako sailkapen honen arabera:

–Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a. Onar daitezkeen gehieneko balioak gainditzea, 15 dB(A)-tik gorako aldearekin.

b. Hamabi hilabeteko epean falta astunak behin baino gehiagotan egitea.

c. Etxebizitzen barrualdean eta gauez III. tituluan baimendutako mugak gainditzen dituzten zaratak egitea.

–Hona hemen arau-hauste astunak:

a. Onar daitezkeen gehieneko balioak gainditzea, 5 dB(A)-tik gorako aldearekin.

b. Antzemandako akatsak zuzendu daitezen Udalak berariaz eginiko errekerimenduak ez betetzea.

c. Ibilgailu motordunetan zirkulatzea, ke-hodi librea delakoa badute edo isilgailua eraginik gabea, osagabea, ezegokia edo hondatua badute.

d. Ikuskatzaileei lan egiten ez uztea edo lana trabatzea.

e. Hamabi hilabeteko epean falta arinak behin baino gehiagotan egitea.

–Hona hemen arau-hauste arinak:

a. 5 segundoko bat-bateko neurketa bakarrean baimenduta dauden mugako balioak gainditzea edo bibrazio gogaikarriak eragitea.

b. Ordenantza honen arauak beste edozein modutara urratzea, falta astuntzat edo oso astuntzat berariaz sailkaturik ez dagoenean.

c. 22:00etatik aurrera mudantzak egitea edo altzariak mugitzea.

d. Etxebizitzen barruan obrak egitea, baimendutako ordutegitik kanpo.

17. artikulua. Diruzko zehapenak.

1. Zehapen hauek ezartzen dira ordenantza honetako zarata igorleentzat:

a) Arau hauste oso astunak: 601,00 eurotik 1.200,00 eurora bitarteko isuna.

b) Arau hauste astunak: 301,00 eurotik 600,00 eurora bitarteko isuna.

c) Arau hauste arinak: 150,00 eurotik 300,00 eurora bitarteko isuna.

18. artikulua. Preskripzioa.

A) Arau-hausteen preskripzioa:

1. Honela preskribatzen dute ordenantza honetako zarata igorleen arau-hausteek:

Arau-hausteak honako epe hauetan preskribatuko dira:

–Arau-hauste oso astunek, 3 urteren buruan;

–Arau-hauste astunek, 2 urteren buruan;

–Arau-hauste arinek, 6 hilabeteren buruan.

Zehapenek honako epe hauetan preskribatuko dute:

–Arau-hauste oso larrien zehapenak, 3 urteren buruan;

–Arau-hauste larrien zehapenak, 2 urteren buruan;

–Arau-hauste arinen zehapenak, urtebeteren buruan.

Arau-hausteen preskripzio epea hasiko da kontatzen arau-haustea egin den egunetik. Zehatzeko prozedura abiatzean eten eginen da preskripzio epea, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Zehatzeko prozedura hilabetetik gora geldituta badago, ustezko erantzuleari egozten ez zaion arrazoiren batengatik, berriro abiatuko da preskripzio epea.

Arau-hauste jarraituak baleude, arau-hausteak amaitzean hasiko dira kontatzen.

Zehapenen preskripzio epea kontatzen hasiko da zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik. Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea abiaraziko da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, arau-hausleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.

Arau-hausteak preskribatu izanak ez dio eraginen lehengoratu edo kalte-ordainak eman beharrari, eta zehatzeko ahalari buruzko legeria aplikatuko da.

Jarduera baten titulartasuna edo haren xedea aldatzeak ez dakar zehapen espedientea ezeztatzea.

III. TITULUA.–BALIOEN TAULAK

I. TAULA.–MUGAKO BALIOAK, KANPOKO ZARATA-IMMISIOARENAK

EREMU AKUSTIKO MOTA

ZARATAREN INDIZEAK (dBA)

Eguneko
LAeq (0)

Arratsaldeko LAeq (0)

Gaueko
LAeq (0)

Bereziki osasunerako, irakaskuntzarako eta kulturarako erabiltzen den eta kutsadura akustikoaren kontrako babes berezia eskatzen duen lurzorua duten lurraldeko sektoreak

50

50

40

Bereziki bizitegirako erabiltzen den lurzorua duten lurraldeko sektoreak

55

55

45

Aurreko apartatuetan jaso ez diren sektoreak

63

63

53

Bereziki industriarako erabiltzen den lurzorua duten lurraldeko sektoreak

65

65

55

(0) "Eguneko" aldia 07:00etatik 19:00etara doa, "arratsaldeko" aldia19:00etatik 23:00etara, eta "gaueko" aldia 23:00etatik 07:00etara.

Taulako balioetan, esparruaren kanpoaldean eragiten duen eta zarata igorle guztietatik datorren guztizko zarata-immisio indizeak jasotzen dira.

Neurketa eragindako jabetzaren mugan eginen da, lurzorutik 1,2 eta 1,5 metro arteko distantziara, eta, ahal dela, hurbilen dagoen paretatik 2 metrora gutxienez.

Gutxienez 5 segundo iraunen duten 3 neurketa eginen dira gutxienez, neurketen artean gutxienez 3 minutuko tartea utzita.

Mugako balioak, immisioa betetzen ote diren ebaluatzeko; LAeq balioetatik altuena hautatuko da.

II. TAULA.–LOKAL MUGAKIDEETARA TRENKADATIK EDO FORJAKETATIK TRANSMITITUTAKO ZARATAREN MUGAKO BALIOAK

ERAIKINAREN ERABILERA
KOKAPENA
ESPARRU HARTZAILEA

KOKAPENA ESPARRU-HARTZAILEAN

ZARATAREN INDIZEAK (dBA)

Eguneko
LAeq (0)

Arratsaldeko LAeq (0)

Gaueko LAeq (0)

Bizitegia ¹

Gelak

40

40

30

Logelak

35

35

25

Eraikinaren gune komunak

50

50

40

Administratiboa, bulegoa

Profesionalen bulegoak

35

35

35

Bulegoak; bilera gelak

40

40

40

Eraikinaren gune komunak

55

55

45

Osasungintza ²

Gelak(⁴)

40

40

30

Logelak eta kirofanoak

35

35

25

Eraikinaren gune komunak

45

45

35

Hezkuntza, kultura ³

Gelak

35

35

35

Irakurketa-gelak

30

30

30

Bulegoak

35

35

35

Eraikinaren gune komunak

45

45

45

Merkataritza

Gelak(⁴)

50

50

40

Eraikinaren gune komunak

55

55

45

(0) "Eguneko" aldia 07:00etatik 19:00etara doa, "arratsaldeko" aldia19:00etatik 23:00etara, eta "gaueko" aldia 23:00etatik 07:00etara.

(1) Barruan sartzen dira: etxebizitzak, hotelak, ostatuak, apartamentuak, egoitzak eta antzekoak.

(2) Barruan sartzen dira: ospitaleak, klinikak, osasun zentroak, larrialdietako zentroak, anbulatorioak, kontsultategiak eta antzekoak. Osasun erabileraz bestelako erabilera duten mediku kontsulta pribatuei erabilera administratiboko bulego profesionalei dagozkien mugak ezarriko zaizkie.

(3) Barruan sartzen dira: hezkuntzako eraikinak oro har eta liburutegiak.

(4) Gelak hitzarekin, jendea izaten duten zonak adierazi nahi dira.

Eraikinen barrualdean neurketak egiten direnean, ahal dela, ebaluazio puntuak honako distantzia hauek gordeko ditu: paretetatik edo beste gainazal batzuetatik metro 1eko distantzia gutxienez; lurzorutik 1,2 eta 1,5 arteko distantzia, eta leihoetatik 1,5 metroko distantzia gutxi gorabehera. Posizio horiek hartu ezin badira, neurketak esparruaren erdialdean eginen dira.

Eraikinen barrualdean neurketak egiten direnean, ateak eta leihoak itxita egonen dira

Gutxienez 5 segundo iraunen duten 3 neurketa eginen dira gutxienez, neurketen artean gutxienez 3 minutuko tartea utzita.

Mugako balioak, immisioa betetzen ote diren ebaluatzeko; LAeq balioetatik altuena hautatuko da.

Iragarkiaren kodea: L2600561