43. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BASABURUA

Ordenantza fiskala, arautzen dituena lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren aukerako hobariak. Behin betiko onespena

Basaburuko Udalak, 2026ko urtarrilaren 28an egindako ohiko batzarrean, hasiera batez onartu zuen Basaburuko Udalaren lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren aukerako hobariak arautzen dituen ordenantza.

Erabaki hori 2025eko 231. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 18an, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluarekin.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduak betez, aipatu ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Basaburuan, 2026ko otsailaren 6an.–Alkatea, Santos Etxegia Oronoz.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DITUENA BASABURUKO UDALAREN LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGAREN AUKERAKO HOBARIAK

1. artikulua. Izaera eta xedea.

1.1. Lur-ondasunen gaineko kontribuzioa zuzeneko tributu erreal bat da, kargatzen dena ondasun higiezinen balioaren gainean, jarraikiz xedatuta dagoenari martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluko 133.etik 143.era bitarteko artikuluetan, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Ordenantza honetan arautzen da aipatu foru legearen 140.4 artikuluan ezarritako aukerako hobaria.

1.2. Ohiko etxebizitzaren gaineko zergaren guztizko zenbatekoan hobari bat izanen dute familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titular diren subjektu pasiboek edo gurasobakartasun egoeran dauden subjektu pasiboek, bai eta pentsio ez-kontributiboak dituztenek zein errenta bermatua edo bizitzako gutxieneko errenta jasotzen dutenek ere. Hobaria ordenantza honetan ezarritako baldintzen arabera aplikatuko zaie.

Hala, ohiko etxebizitzatzat hartuko da bizitegi-erabilerako hiri unitatea, helburu duena soil-soilik erantzutea subjektu pasiboaren eta haren familiaren etxebizitza premia iraunkorrari.

1.3. Ohiko etxebizitzaren titular gisa subjektu pasibo bat baino gehiago baldin badago, hobaria soil-soilik aplikatuko da bakoitzari dagokion titulartasun-portzentajearen arabera.

1.4. Hobaria zer ohiko etxebizitzarako eskatu den, han erroldatuta egon beharko dute hobaria eskatu duten subjektu pasiboek eta familia-unitateko kideek.

1.5. Erroldatutako ohiko etxebizitzaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria jasotzeko eskubidea galtzea hurrengo zergaldirako, eta higiezin berrirako eskatu beharko da, egokitzen ahal bazaio.

1.6. Subjektu pasiboek ezin dute zorrik izan Basaburuko Udalarekin.

1.7. Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako bi baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

1.8. Hobaria aplikatzeko, baldintza izanen da gehienez ere bost urte igaro izana udalerriko balorazio txosten osoa onetsi zenetik edo azken berrikuspena egin zenetik.

2. artikulua. Hobaria kalkulatzea.

2.1. Hobaria soil-soilik aplikatuko zaio ohiko etxebizitzari, eta haren barnean soilik aplikatuko zaio etxebizitzari dagokion zergaren zatiari, eta hobaritik kanpo geratuko da higiezinaren beste elementu batzuei aplikatu beharreko kuota, hala nola garaje eta trastelekuei, edo lorategi, ataripe, zoladura eta abarri.

2.2. Subjektu pasiboek zergaren kuotaren %90ra arteko hobaria izanen dute, jarraian ageri den koadroan ezarritako errenta-tarteen eta hobari-portzentajeen arabera.

ERRENTA TARTEA

HOBARIAREN
EHUNEKOA

10.000 eurotik beherako per capita errenta

%90

10.000 eta 15.000 euro arteko per capita errenta

%60

15.000 euro eta lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza artean

%25

2.3. Hobari hau eskuratzeko errenta-muga zehazterakoan, kontuan hartuko den lanbide arteko gutxieneko soldata izanen da indarrean zegoena hobariaren portzentajea frogatzeko aurkeztu behar den errenta aitorpenari dagokion urtearen abenduaren 31n.

2.4. Errenta-tarteen araberako aurreko hobarien portzentajeak kalkulatzeko, familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (baturik zerga-oinarri orokorra eta ondare-gehikuntzen saldo garbiaren zerga-oinarri berezia, hots, PFEZaren -pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren- egungo aitorpen-ereduko 507 eta 524 laukiak), eta horiek zatituko dira familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz. Hobaria kalkulatzeko, aintzat hartuko da indarrean den PFEZaren gaineko araudian xedatutako familia-unitatea.

2.5. Hobari hau aplikagarria izan dadin ohiko bizilekuaren balio katastralak ez du 150.000 euro gaindutuko.

3. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Interesdunek urtero aurkeztu beharko dute eskabidea edo erantzukizunpeko adierazpena, horretarako erabiliz Udalak finkatutako eredua. Eskabidea urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan aurkeztu beharko da.

3.2. Ohiko etxebizitzarako hobaria eskatzen duten subjektu pasiboak baldin badira familia ugariaren edo guraso bakarreko familiaren titularrak edo baldin badaude gurasobakartasun egoeran, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte nahitaez:

a) Eskabide edo erantzukizunpeko adierazpen sinatua, adierazten duena familia-unitatearen ohiko bizilekua dela kasuan kasuko etxebizitza, alegia, eskatzen den hobariaren xedeko hiri-unitatea, bizitegi-erabilerakoa.

b) Administrazio eskudunak emandako ziurtagiria, titulua edo txartel ofiziala, ziurtatzen duena subjektu pasiboa dela familia ugari baten titularra, edo guraso bakarreko familia batena edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia batena.

c) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.

3.3. Ohiko etxebizitzarako hobaria eskatzen duten subjektu pasiboek jasotzen badituzte pentsio ez-kontributiboak, errenta bermatuak edo bizitzeko gutxieneko errentak, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte nahitaez:

a) Eskabide edo erantzukizunpeko adierazpen sinatua, adierazten duena familia-unitatearen ohiko bizilekua dela kasuan kasuko etxebizitza, alegia, eskatzen den hobariaren xedeko hiri-unitatea, bizitegi-erabilerakoa.

b) Familia-unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, eskatzaileak aurkeztuko du familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa, agiri bidez frogaturik.

3.4. Bi kasuetan, hobaria eskatzen duten subjektu pasiboak ez daude behartuta aurkeztera jada Basaburuko Udalaren eskuetan dauden agiriak. Dena den, horren berri eman beharko dute eskabidean, eta adierazi zer prozeduratan aurkeztu zituzten.

4. artikulua. Hobaria ematea.

4.1. Hobari hori baliatzeko, Udalak aldez aurretik aitortu behar du. Hain zuzen, hobaria zer urtetan aplikatuko den, epean aurkeztutako eskaerak ebatziko ditu dagokion urteko laugarren hilabetean.

4.2. Hobaria zer ekitalditarako eman den, ekitaldi horretarako soilik balioko du. Edonola ere, hobaria emateko baldintza izanen da zergaren sortzapen-egunean (hobaria aplikatuko den urteko urtarrilaren 1a, alegia) betetzea ezarritako baldintza guztiak.

4.3. Hobaria aitortua duten subjektu pasiboek Basaburuko Udalari komunikatu beharko diote gorabehera oro, baldin eta horrek eragina badu hobari fiskala emateko eta hartaz baliatzeko baldintzetan.

4.4. Hobaria kudeatzen duen unitateak egiaztatzen ahalko du betetzen direla onura fiskal hori emateko eskatzen diren baldintza guztiak.

Hobari hori baliatzeko aldian udal-zerbitzuek egiaztatzen badute aldatu egin dela hobariaz baliatzeko edozein inguruabar edo betekizun, eta horiek ez zitzaizkiola behar bezala komunikatu Udalari, dagokion espedientea hasiko da ofizioz, subjektu pasiboaren zerga-egoera erregularizatzeko eta, hala badagokio, hobaridun zenbatekoak eskatzeko, legozkiokeen errekargu eta interesekin batera.

4.5. Hobari hau jasotzeko, beharrezkoa izango da Udalarekiko zorrak ordainduta izatea.

5. artikulua. Bateraezintasuna eta analogia.

5.1. Zerga honengatik hobaria jasotzea bateraezina da zerga bereko beste edozein hobarirekin.

5.2. Ez da analogiarik onartuko zerga-egitatearen eremua edo hobariena bere horretatik harago eramateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan berariaz arautzen ez den orotan, aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea.

Bigarrena.–Ordenantza hau 2026ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du harik eta berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

Iragarkiaren kodea: L2601860