43. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LIZARRA

Lekualdatze-lehiaketa, etxezain plaza bat betetzeko

Alkatetzak 2026ko otsailaren 12an emandako 138 Ebazpenaren bidez, honako hau erabaki zen:

Bidezkotzat jotzen da plaza huts hori betetzea kasuko administrazioko funtzionarioen arteko merezimendu-lehiaketaren bidez, jarraikiz xedaturik dagoenari abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina) eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikuluan (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).

Deialdiaren oinarriak eta espedientean dauden eranskinak ikusirik, honako hau

EBATZI DU:

Lehenbizikoa.–Deialdia onesteko erabaki honi dagokionez, neureganatzea Alkatetzaren 2023ko uztailaren 3ko 381. Ebazpenaren bidez Lizarrako Udaleko Gobernu Batzarraren esku utzitako eskumena.

Bigarrena.–Onestea Lizarrako Udaleko etxezain plaza bat lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak.

Hirugarrena.–Agintzea deialdiaren oinarriak eta haren eranskinak argitara daitezela Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Laugarrena.–Ebazpen honen berri ematea Udalbatzari, kide anitzeko organo horrek egiten duen hurrengo osoko bilkura arruntean.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bidez betetzea etxezainaren plaza huts bat, 2024ko plantilla organikoan 1.7 zenbakiarekin eta "mandataria" izenarekin identifikaturik dagoena.

Lekualdatze-lehiaketetan eta kategoriaz igotzeko lehiaketetan, deialdiaren xede diren plazak gero osatzen ahalko dira beste plaza huts batzuekin, hots, kalifikazio-epaimahaiak deialdia egin duen organoari igortzen dionean aipatutako araudiaren 40. artikuluaren a) eta c) letretako lehen paragrafoko zerrenda, egun horretan hutsik dauden plazekin. Hori guztia, jarraikiz azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 26. artikuluari (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua).

Era berean, lekualdatze-lehiaketetan, deialdiaren xede izanen dira, batetik, hasieran deialdian sartutako lanpostuak eta, hala badagokio, aurreko apartatuan aipatzen den kopurua handitzearen ondoriozkoak, eta, bestetik, lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak.

1.2. Lekualdatze-lehiaketa arau hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena, eta 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duena.

1.3. Deialdi honen bidez izendatutako izangaiak beteko ditu Lizarrako Udaleko funtzionarioentzat ezarritako eginkizunak, eta izanen ditu horien eskubide eta betebeharrak.

1.4. Plaza D mailakoa da eta horri dagozkion ordainsariak izanen ditu, bai eta 2024ko ekitaldiko plantilla organikoan zehazten diren osagarriak ere.

1.5. Deialdiko plaza bete gabe geratzen bada, deialdi bat eginen da, etxezain plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, funtzionarioen araubidekoa eta D mailakoa, Lizarrako Udalaren zerbitzuan jardun dezan.

1.6. Eginkizunak.

Bete beharreko eginkizunak egokiak izanen dira deialdian sartutako plazaren mailarako eta kategoriarako; hala, besteak beste eta "numerus clausus" izan gabe, honako hauek izanen dira:

–Udal egoitzetako etxezaintza- eta kontrol-eginkizunak.

  • Eraikinak eta udal egoitzak irekitzea eta ixtea. Udal instalazioetako sarbide-kontrola eta oinarrizko zaintza.
  • Argiak, klimatizazioa eta gainerako instalazioak piztea eta itzaltzea.
  • Udal eraikinen erabilera egokiaren zaintza; orobat, eraikinaren egoera orokorra begiratzea, eta atzemaniko gorabeheren berri ematea.
  • Udal aretoak eta espazioak prestatzea, egokitzea eta biltzea, bilerak, osoko bilkurak, ekitaldi instituzionalak eta bestelako ekitaldiak egiteko.

–Jendearentzako arreta eta oinarrizko administrazio-laguntza.

  • Arreta ematea telefono bidez eta aurrez aurre, mostradorean: orientazioa, iragazketa eta herritarrei argibide orokorrak ematea.
  • Agiriak konpultsatzea.
  • Agiriak eskaneatzea, erreprografiatzea, koadernatzea, plastifikatzea eta gillotinatzea.
  • Administrazio agiriak artxibatzea, sailkatzea, zaintzea eta lokalizatzea.
  • Udal zerbitzuei oinarrizko administrazio zereginetan laguntzea.

–Posta, jakinarazpenak eta banaketa kudeatzea.

  • Udal posta eta barne abisuak prestatzea, informatika bidez izapidetzea, biltzea, eraman eta banatzea.
  • Frankeo ordainduko bidalketa eta posta-materialaren eskaerak kudeatzea.
  • Jakinarazpenen, ebazpenen eta udal agirien kanpo-banaketa.
  • Agiriak eta materialak lekualdatzea beste eraikin batzuetara edo beste erakunde batzuetara, beharrezkoa denean.

–Oinarrizko tresna informatikoak erabiltzea.

• Oinarrizko tresna informatiko korporatiboak erabiltzea, loturik daudenak erregistroarekin, barne-postarekin, jakinarazpenekin, agiri-kudeaketarekin edo sarbide-kontrolarekin.

• Gailu elektronikoak erabiltzea (tabletak, eskanerrak, sinadura-terminalak, irakurgailuak, etab.), lanpostuan jarduteko beharrezkoak direnak.

–Laguntza ematea udal organoei eta ekitaldi instituzionaletan.

  • Agiriak eramatea Alkatetzara eta Idazkaritzara, sinatzeko.
  • Prestalanak eta laguntza logistikoa osoko bilkuretan eta ekitaldi instituzionaletan, barne dela ekipamendu eta bitarteko teknikoak muntatzea eta desmuntatzea.
  • Udal ediktuak kudeatzea: paratzea, kentzea eta eginbideak.
  • Laguntzea hauteskunde-prozesuetan eta herri-kontsultetan, legez ezarritako moduan.

–Oinarrizko mantentze-lanak eta laguntza logistikoa.

  • Konponketa txikiak eta jarduketa errazak egitea elementu komunetan (ateak, sarrailak, pertsianak, argiak, seinaleak, etab.), alde batera utzi gabe teknikari espezializatuen esku-hartzea.
  • Kanpoko zerbitzuekin komunikatzea eta koordinatzea, baldin gorabeherek haren jardun-eremua gainditzen badute.
  • Altzariak, materialak, udalaren tresnak eta ekipoak lekualdatzea, hala eskatzen zaionean.
  • Udalaren erabilera komuneko materialak kudeatzea, kontrolatzea eta biltzea, ziurtaturik behar bezala gordetzen direla eta eskuragarri daudela. Material horiek udal alor eta zerbitzuei banatzea, beharren eta jasoriko jarraibideen arabera.
  • Izakinen oinarrizko kontrola egitea eta birjartzeko beharren berri ematea.

–Udal jarduera, ekitaldi eta zerbitzuetan laguntzea.

  • Laguntzea Udalak sustatutako festak eta kultura-, kirol- eta gizarte-ekitaldiak antolatzen eta garatzen.
  • Beste udal-zerbitzu batzuei laguntzea, hala eskatzen duten jarduera puntualetan.
  • Laguntza ematea Erregistro Orokorrari, barne dela agiriak jasotzea, zigilatzea eta banatzea, administrazioko langileek gainbegiraturik.
  • Laguntzea agirien digitalizazio eta bidalketa elektronikoan.
  • Udalkideei laguntzea irteera ofizialetan, ekitaldi instituzionaletan eta ordezkaritza-ekitaldietan.
  • Laguntzea protokolo-ekitaldietan eta ospakizun ofizialetan: laguntza eta babesa ematea protokolo-lanetan, hala nola espazioak prestatzen, sarbideak antolatzen eta agintariei eta gonbidatuei arreta ematen.
  • Laguntzea ekitaldi ofizialak egiten, jasoriko jarraibideen arabera.
  • Arreta, laguntza eta orientazioa ematea udal egoitzetan agintariei, kanpoko teknikariei eta bisitari instituzionalei.
  • Laguntza ematea festetako ekitaldi ofizialetan, barne dela festen hasierako suziri jarduketa: prestalan osagarriak, kontrola eta laguntza.
  • Laguntzea eta laguntza logistikoa ematea Udalak antolatutako zezenketetan.

–Aparteko zerbitzuak.

  • Zerbitzuak ematea ohiko lanalditik kanpo, zerbitzuaren beharrek hala eskatzen dutenean, ekitaldi instituzionalak edo festa edo udal ekitaldiak direla-eta.

–Udal artxiboen kudeaketa partziala.

  • Laguntzea udal agiri eta espedienteen antolaketan, ordenan, lekualdaketan, kudeaketan eta zaintza fisikoan.
  • Laguntza ematea honako hauei loturiko lan osagarrietan: artxibatzea, sailkapena, digitalizazioa eta agirien lokalizazioa.

–Lanpostuari dagozkion gainerako eginkizun guztiak, eta bereziki lantokiko zuzendaritzak agintzen dizkionak, betiere lanpostuaren mailaren eta kategoriaren barnean baldin badaude.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Indarrean den araudian xedatutakoaren arabera, lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako plazaz jabetzeko orduan:

a) Lizarrako Udalaren zerbitzuko langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) D maila edo taldekoa izatea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du inolaz ere ekarriko parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa aldatzea.

Plaza erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian dauden funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan, eta plaza behin betiko esleituko zaie.

2.2. Aurreko baldintzak deialdiaren hirugarren oinarrian ezarritako epean eta moduan frogatu beharko dira. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar direla ulertuko da. Bigarren oinarri honen 1. apartatuan aipatutako baldintzak, gainera, hautapen-prozesuak irauten duen bitartean ere bete beharko dira. Hautapen-prozesua izendapenarekin bukatuko dela ulertuko da.

3. oinarria.–Eskabideak eta haiek aurkezteko epea.

3.1. Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak nahitaez aurkeztu beharko dira modu telematikoan. Horretarako, Lizarrako Udalaren atariko egoitza elektronikoan berariaz diseinatutako izapidea baliatu beharko da.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), "administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezartzen ahalko dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna badutela".

Halaber, 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko 19/2024 Foru Legearen 27. artikuluan (Nafarroako Administrazio Publikoek deitutako hautapen prozesuei buruzko xedapenak), hau ematen da aditzera: "Nafarroako administrazio publikoei ahalmena ematen zaie Administrazioan sartzeko edo bertako lanpostuak betetzeko hautapen-prozesuen deialdietako eskabideak eta gainerako dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkez daitezela eskatzeko".

3.2. Eskabideak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.3. Eskabideak egoitza elektronikoko izapidearen bidez aurkeztu beharko dira. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.4. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, deialdi honen seigarren oinarriaren arabera.

Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, ez dira baloratuko merezimenduak.

3.5. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak. Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

3.5.1. Nortasun agiri nazionala edo pasaportea, indarrean.

Europar Batasuneko beste estatuetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarra duena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontide direnek, ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela, ez badira Europar Batasuneko kide den estatu bateko herritarrak; bestela, aurreko apartatuan aipatu dokumentazioa aurkeztuko dute.

3.5.2. Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten egiaztagiriak (jatorrizkoak edo kopia autentifikatuak).

3.5.3. Azterketa eskubideei dagokien tasaren hamar euroak ordaindu izanaren egiaztagiria, Agiriak egin eta izapidetzeko tasak arautzen dituen 4. ordenantza fiskalean xedatu bezala.

Tasa autolikidazio bidez ordainduko da bankuko txartelaren bidez egoitza elektronikoan bertan, eskabidea aurkezteko izapidean. Egiaztagiria automatikoki sortuko da eta eskabideari erantsiko zaio.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

4. oinarria–Izangaien onarpena.

4.1. Onartzeko baldintza gisa ezartzen da bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzea, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta epe barnean aurkeztea eskabideak, eskatutako gainerako agiriekin batera.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori argitara emanen da Lizarrako Udalaren iragarki taulan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udalaren web-orrian. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.3. Interesdunek egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka, eta, akatsik izan bada, haiek zuzentzen ahalko dituzte, zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epearen barruan.

4.4. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Lizarrako Udaleko alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpen bat emanen du. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.

4.5. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, Lizarrako Udaleko alkateak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Marta Ruiz de Alda Parla, Lizarrako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Udalbatzako kide bat, hark eskuordetza ematen diona.

Epaimahaikidea: Lizarrako Udaleko giza baliabideetako teknikaria.

Ordezkoa: Lizarrako Udaleko langile bat, hura ordezkatzen duena.

Epaimahaikide idazkaria: José Luis Navarro Resano, Lizarrako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Lizarrako Udaleko langile bat, hura ordezkatzen duena eta behar den titulazioa duena.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Lizarrako Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horiek gertatzen direnean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.

5.3. Epaimahaia lehiaketa hasi aurretik eratu beharko da, eta bere eraketak eta ondorengo jarduketek balio izateko, kideen gehiengo osoa beharko da elkartu.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, betiere epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

6. oinarria.–Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Lehiaketa honetan, epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu honako baremo honen arabera:

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 40 puntu gehienez.

b) Hizkuntzak. 6 puntu, gehienez.

Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak, eta gehienez ere 46 puntu izanen dira.

6.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio-epaimahaiak noiznahi eskatzen ahal du dokumentazio gehiago, behin betiko balorazioa egin baino lehen, uste badu merezimenduren bat ez dagoela behar bezala frogatua.

6.3. Epaimahaiak inola ere ezin izanen du kontuan hartu aurkeztu ez den eta agiri batez frogatu ez den merezimendurik, eta ezin izanen du eman, apartatu bakoitzeko, adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntu gehiago.

6.4. Merezimenduen kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta izangai bakoitzak lortutako puntuak zehaztuko ditu. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun balioduneko epean, Lizarrako Udalaren egoitza elektronikoan, horretarako gaitutako izapidea erabiliz.

6.5. Erreklamazioak aurkezteko epea igarota eta epaimahaiak haiek ebatzita, Lizarrako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da berriz ere izangaien zerrenda, merezimenduen kalifikazio fasean lortutako behin betiko puntuazioekin.

7. oinarria.–Izangaien zerrenda ordenatua eta plazaren esleipena.

7.1. Kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda argitaratuko du Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan.

Lehiakideek guztira lortzen dituzten puntuazioetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Berdinketak jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da, 215/1985 Foru Dekretuaren 39. artikuluaren arabera.

7.2. Zerrenda horri jarraituz, alkatetzari igorriko zaio puntuazio altuena lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena, bai eta azken bilkuraren akta ere. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Alkateak hartuko du, hala badagokio, hasiera batean deitutako plazak gehitzearen erabakia, jarraikiz 215/1985 Foru Dekretuaren 26. artikuluan ezarritakoari.

8. oinarria.–Lanpostuak betetzea.

8.1. Izangaiak izendapenari buruzko ebazpena jakinarazi eta ondoko hamar egun naturaleko epearen barruan bete beharko dute plaza.

8.2. Behar bezala frogaturiko ezinbesteko egoeretan izan ezik, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, eskubide guztiak galduko ditu esleitu zaion lanpostuan aritzeko. Kasu horietan, deialdiaren aurreko oinarrian aipatzen den zerrendan hurrengo dagoen izangaiak beteko du lanpostua.

9. oinarria.–Datuen babesa.

Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Lizarrako Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da deialdiko plaza hutsa betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari dagokion legezko betebeharra den aldetik.
  • Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua. Tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz aplikatzeko kontratuaren aurreko neurriak.

–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudia aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@estella-lizarra.com).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Administrazio Auzitegiari, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka aurkez daiteke gora jotzeko errekurtsoa, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak (gehienez 40 puntu).

1. Edozein administrazio publikotan deialdiko lanpostuan egindako zerbitzuak: 3 puntu urte bakoitzeko.

2. Edozein administrazio publikotan deialdiaren maila bereko beste lanpostu batean egindako zerbitzuak: 1 puntu urte bakoitzeko.

Administrazio publikoetako merezimendu profesionalak frogatuko dira dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagirian adierazi beharko dira betetako lanpostua, maila, zerbitzuaren iraupena eta lanaldi mota.

Urteen kopurua ez bada osoa, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

Zerbitzuak ematen hasten direnetik bukatzen diren arte emandako zerbitzuak baloratuko dira, egindako lanaldiaren ehunekoa zeinahi dela ere, %50 baino txikiagoa denean izan ezik; kasu horretan, puntuazioa proportzionalki esleituko da.

Deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.

Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzerakoan zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira aldi berari dagozkionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

B) Hizkuntzak. 6 puntu, gehienez.

Hizkuntzak jakiteagatik, gehienez ere 6 puntu emanen dira. Jakintza hori frogatu beharko da Hizkuntzetarako Esparru Bateratuko ziurtagiri ofizialen arabera. Titulazio gorena baino ez da baloratuko.

Baloratuko diren hizkuntzak: euskara, ingelesa eta frantsesa.

C1 tituluagatik: 6 puntu; B2 tituluagatik: 4,8 puntu; B1 tituluagatik: 3,6 puntu.

II. ERANSKINA.–ESKABIDEA

https://sedeelectronica.estella-lizarra.com/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=10645

Lizarran, 2026ko otsailaren 12an.–Alkatea, Marta Ruiz de Alda Parla.

Iragarkiaren kodea: L2602191