1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
11/2026 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Nafarroako Foru Ogasuneko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendariak emana, ondasun higiezinen erregistro baliotzat onesten dituena Lur-ondasunen Erregistroan 2025eko azaroaren 30aren ondotik sartu diren balio esleipenak, urte horri dagozkionak.
Hala xedatzen baitute beren 43. artikuluan Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuek, azaroaren 15eko 244/2023 Foru Dekretuaren bitartez onetsitakoek, Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuari dagokio, besteak beste, ondasun higiezinak karakterizatu eta baloratzeko jarduketak egitea.
Bestalde, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 21.8 artikuluan ezarritakoaren arabera, "Ondasun higiezinen katastroko balioa izanen da udaleko katastroko inskripzioan ondasun horiek daukaten balioa; katastroko balio gisa hartuko da, halaber, udalerri batean baino gehiagotan kokatutako ondasun berezi baten balio unitarioari dagokionez udal bakoitzari dagokion balioaren portzentajea. Udaleko katastroa urtero eguneratuko da, ondorioak urtarrilaren 1ean hasita, Lur-ondasunen Erregistroan azaroaren 30ean inskribatuta dauden balioak hartuz, artikulu honen 4. idatz-zatian aipatu bezala. Balio horiek udalei jakinaraziko dizkie Zerga Ogasunak".
Lege agindu horren bigarren paragrafoan zehazten denez, "hori hala izanik ere, ondasun higiezinei ematen zaien balioa edo urte berean egiten diren aldaketak, bai balorazio kolektiboko prozeduren ondoriozkoak badira bai banakako baloraziokoak badira ere, hurrengo urteko otsailaren 28a baino lehen jakinaraziko dizkio Nafarroako Foru Ogasunak kasuan kasuko udalari, ondasun higiezinak baloratzeko eginkizuna esleitua duen Nafarroako Foru Ogasuneko zerbitzuko zuzendariak multzoan onetsitako erregistro balioak Lur-ondasunen Erregistroan azaroaren 30aren ondotik sartu ondoren eta onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarki bidez argitaratu ondoren. Jakinarazpen hori jasotakoan, Zerga Ogasunak ordura arte jakinarazitako balio guztiak katastroan sartzen ahalko dituzte udalek, horien banakako jakinarazpena egin ondoren. Balio horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua".
Horrenbestez, aipatu aginduan xedatutakoaren arabera,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Ondasun higiezinen erregistro baliotzat onestea Lur-ondasunen Erregistroan 2025eko azaroaren 30aren ondotik sartu diren balio esleipenak edo haien aldaketak, urte horri dagozkionak, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 21.8 artikuluak xedatutakoa betetzeko.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta balio horiek Nafarroako udalei jakinaraztea, horrela kasuan kasuko udal katastroan sar daitezen, sartu behar badira, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 21.8 artikuluan ezarritako moduan.
Hirugarrena.–Adieraztea ezen, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legearen 21.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honen bidez onetsitako balioen aurka, horien banakako jakinarazpena egin eta udalek balio horiek kasuan kasuko udal katastroan sartu ondoren, foru lege horren 5.1 artikuluan ezarritako eskubideen titularrek jartzen ahalko dutela gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean gehienez ere, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita, eta, betiere, balio hori aldatuta badago aurreko zergaldian hartu zen katastroko balioaren aldean.
Iruñean, 2026ko otsailaren 12an.–Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuko zuzendaria, Sergio Osés Amézqueta.
Iragarkiaren kodea: F2602231