Iragarkia
43. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
187/2026 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeak emana. Haren bidez, 2026ko "Santander Bekak | Excelencia 360.º" programaren baitan beka bat emateko deialdia egiten da Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleentzat, eta baimena ematen da horretarako gastua egiteko. DDBN identifikazioa: 885916.
2024ko uztailaren 3an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak lankidetza-hitzarmen orokor bat sinatu zuen Banco Santander SArekin, eta, haren bidez, Unibertsitateak beka batekin hartzen du parte "Santander Bekak | Excelencia 360.º" programan.
2026ko "Santander Bekak | Excelencia 360.º" programaren termino eta baldintza orokorren arabera, bi gauza sustatu nahi dira: merezimendu akademikoa eta unibertsitateko bizitzan modu aktiboan parte hartzea.
Ikusirik Zerbitzu Juridikoak eta Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egindako txostenak.
Ikusirik Sarbidearen, Beken eta Tituluen Ataleko buruak egindako txostena.
Aurrekontuan horretarako dirua badela kontuan harturik.
Barne Kontrolerako Zerbitzuak aldeko fiskalizazioa eginda.
Errektoretza-taldearen egitura orokorra eta eginkizunak onesten dituen 2023ko ekainaren 20ko 1306/2023 Ebazpenaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak delegatu dizkidan eskudantziak erabiliz –ebazpen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen 2025eko otsailaren 25eko 351/2025 Ebazpenaren, 2025eko maiatzaren 26ko 1026/2025 Ebazpenaren eta 2025eko ekainaren 4ko 1101/2025 Ebazpenaren bidez aldatu zen–,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Deialdia onestea 2026ko "Santander Bekak | Excelencia 360.º" programaren baitan beka bat emateko 2025-2026 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko titulu ofizialen batean matrikulatuak dauden ikasleei, baldin eta ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Bigarrena.–12.000 euroko gastua baimentzea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2026ko gastuen aurrekontuko 30.52.00A/0540/480.02 partidaren kargura ("Ikasleen matrikularako bekak eta laguntzak"; espediente zenbakia: 2026/0000225).
Hirugarrena.–Ebazpen hau Kontabilitate Atalari eta Barne Kontrolerako Zerbitzuari aditzera ematea.
Laugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau eta haren eranskina Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratu dadin.
Bosgarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratu dadin.
Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta haren kontra zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2026ko otsailaren 5ean.–Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordea, Begoña Pérez Eransus.
ERANSKINA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEN GAIETARAKO, UNIBERTSITATEKO BIZITZAKO ETA KONPROMISO SOZIALEKO ERREKTOREORDEAK EMANDAKO EBAZPEN BATENA. EBAZPENAREN BIDEZ, 2026KO "SANTANDER BEKAK | EXCELENCIA 360.º" PROGRAMAREN BAITAN BEKA BAT EMATEKO DEIALDIA EGITEN DA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEENTZAT, ETA BAIMENA EMATEN DA HORRETARAKO GASTUA EGITEKO
"BECAS SANTANDER | EXCELENCIA 360.º" PROGRAMAREN 2026KO DEIALDIAREN BARRENEAN NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEENTZAT 1 BEKA EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK
Deialdi hau honako hauetan ezarritakoaren arabera garatzen da: alde batetik, 2026ko "Santander Bekak | Excelencia 360.º" programaren termino eta baldintza orokorrak (eranskinean jasoak), eta, bestetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Banco Santander SArekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, 2024ko uztailaren 3koa.
1. oinarria.–Partaideak eta bete beharreko baldintzak.
Programa honen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2025-2026 ikasturtean graduko ikasketa ofizialetan matrikulatutako ikasleak, baldin eta honako hiru baldintza hauek betetzen badituzte:
1) Unibertsitateko titulazioa lortzeko beharrezkoak diren kredituen %75 gutxienez gaindituta izatea 2024-2025 ikasturtea amaitzean.
2) Espediente akademikoan gutxienez 8,50 puntuko batez besteko nota lortu izana, 3. oinarrian ezarritakoarekin bat etorriz. 2024-2025 ikasturtera arte lortutako kalifikazioak bakarrik hartuko dira kontuan (ikasturte hori barne).
3) Unibertsitate zabalpeneko gutxienez bi jarduera egin izana 2024-2025 ikasturtea amaitu aurretik. Jarduera jakin horiek ebazpen honetan daude jasoak: 2155/2022 Ebazpena, 2022ko azaroaren 3koa, zeinaren bidez eguneratzen baita graduko ikasleen espedienteetan kredituen balioa aitor dakiekeen unibertsitate zabalpeneko jardueren zerrenda: https://www2.unavarra.es/gesadj/sede/tablon-electronico/estudiantes/RESOLUCION_2155_2022_ACTI_EXTENSION_UNIVERSITARIA.pdf Ebazpen horretan akatsak atzeman ziren, eta 2024ko irailaren 18ko 2186/2024 Ebazpenaren bidez zuzendu ziren (https://www2.unavarra.es/gesadj/sede/tablon-electronico/estudiantes/resoluc_2186_2024.pdf).
Ikasketa ofizialen programa bateratuetan (gradu bikoitzak) matrikulatutako ikasleen kasuan, batez besteko notaren eta kredituen portzentajea kalkulatzeko, ikasketa bateratuen programaren barnean gainditutako kreditu guztien gainean eginen da kalkulua, eta ez programa osatzen duten titulazio bakoitzean gainditutakoen gainean.
2. oinarria.–Bekaren zenbatekoa.
Bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2026ko gastuen aurrekontuko 30.52.00A/0540/480.02 partidaren kargura finantzatuko da ("Ikasleen matrikularako bekak eta laguntzak"; espediente zenbakia: 2026/0000225).
Programaren xede den beka jasotzea bateragarria izanen da programa honen xede den bekaren izaera bereko edo desberdineko beste laguntza-mota batzuk jasotzearekin, laguntza horien jatorria edozein dela ere (publikoa edo pribatua).
3. oinarria.–Batez besteko notaren kalkulua.
1. oinarrian aipatzen den batez besteko nota kalkulatzeko, espedientean agertzen diren 2024-2025 ikasturtean gainditutako azken zenbakizko kalifikazio guztiak hartuko dira kontuan (ikasturte hori barne), 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz (dekretu horrek kredituen sistema europarra eta Espainiako lurralde osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitateko titulazioetako kalifikazio sistema arautzen du). Egindako kalkuluaren emaitza hiru zifra dezimalekin adieraziko da, eta milaren hurbilenarekin biribilduko da; distantziakidea bada, goiko milarenarekin.
Ikasketa ofizialen baterako programetan matrikulatutako ikasleen kasuan, programa horretan egindako irakasgaietako azken zenbakizko kalifikazioekin eginen da kalkulua.
4. oinarria.–Beka emateko irizpideak.
Beka honako irizpide hauen arabera emanen da:
1) Kontuan hartuko da ikasle batek eginak dituen unibertsitate zabalpeneko jarduerak zer taldetakoak diren (jarduerak 1. oinarrian daude jasoak): zenbat eta talde gehiagotako jarduerak izan, orduan eta lehentasun handiagoa emanen zaio beka esleitzeko. Jarduera horiek 2155/2022 Ebazpenaren eranskinean daude jasoak, eta talde hauetakoak izaten ahal dira:
880-Kultura-jarduerak.
881-Kirol jarduerak.
882-Ikasleen ordezkaritzako jarduerak.
883-Elkartasun jarduerak eta gizarte erantzukizuneko jarduerak.
884-Garapenerako unibertsitate lankidetzako jarduerak.
885-Hizkuntzen ikaskuntza Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian.
886-Baimendutako beste jarduera batzuk.
Eskatzaileek jarduera bakoitza zein talderi dagokion identifikatzen ahalko dute jarduera bakoitzaren kodearen lehen hiru digituen bidez. Kode hori bat dator taldeen zerrenda horretako zazpi kodeetako batekin. Kode horiek espedientearen web kontsultan daude kontsultatzeko, hain zuzen, "Nire izapideak" atalean: "Aitorpenak eta transferentziak" dioen tokian.
2) Talde kopuruan berdinketa badago, 1. oinarriko unibertsitate zabalpeneko jarduera gehien egin dituenari emanen zaio beka.
3) Jardueren kopuruan berdinketa badago, 1. oinarriko unibertsitate zabalpeneko jardueretan kreditu gehien egin dituenari emanen zaio beka.
4) Kredituen kopuruan berdinketa badago, batez besteko nota hoberena duenari emanen zaio beka, formula honen arabera:
Ne^2 |
Np |
Ne zera da: ikaslearen batez besteko nota, 3. oinarrian xedatutakoaren arabera kalkulatua.
Np zera da: titulazio bereko edo ikasketa bateratuen programa bereko ikasle guztien batez besteko nota, 3. oinarrian xedatutakoaren arabera kalkulatua.
5) Kalkulu horren araberako notan berdinketa badago, ohorezko matrikula gehien dituenari emanen zaio beka, edo, bestela, bikain gehien dituenari, eta horrela hurrenez hurren.
5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko forma eta epea.
Bekarako eskaera aurkezteko, ezinbestekoa izanen da programan izena ematea horretarako sortutako web-esteka honetan:
https://www.santanderopenacademy.com/
Izena ematen duten ikasleak identifikatzeko zailtasunak saihesteko, garrantzitsua da izena ematen duten unean NUPeko kudeaketa akademikoko sisteman identifikatzeko dauden datu pertsonal berberak erabili ditzatela ikasleek (izen-abizenak, NANa, AIZa, pasaportea).
Eskabideak aurretik aipatutako estekaren bidez emanen dira, eta horiek aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunean hasi, eta 2026ko maiatzaren 7an bukatuko da.
6. oinarria.–Bekaduna Hautatzeko Batzordea.
Aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta bekaduna proposatzeko, batzorde bat eratuko da, eta honako hauek osatuko dute:
a) Batzordeburua: Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordea.
b) Batzordekidea: Ikasleen Arloko zuzendaria.
c) Idazkaria: Sarbidearen, Beken eta Tituluen Ataleko burua.
7. oinarria.–Behin-behineko argitalpena, erreklamazio epea eta behin betiko ebazpena.
Bekaduna Hautatzeko Batzordeak esleituko ditu bekak, deialdi honen 4. oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz. Horretarako, Batzordeak zilegi izanen du beka eskaerak ebazteko behar dituen dokumentuak eskatzea.
2026ko maiatzaren 19ko 14:00ak baino lehenago argitaratuko da aukeratutako ikasleen behin-behineko zerrenda, 4. oinarrian adierazitako irizpideen arabera ordenatua. Halaber, zerrendan adieraziko da zer eskaeratarako proposatzen den ezezkoa ematea.
Erreklamazioak aurkezten ahalko dira behin-behineko zerrendaren aurka, 2026ko maiatzaren 20tik 26ra bitartean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistro elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8256&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096). Bekaduna Hautatzeko Batzordeak erreklamazioak aztertu eta behin betiko proposamena eginen du.
Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko errektoreordeak ebazpen baten bidez onetsiko du bekaren esleipena, Bekaduna Hautatzeko Batzordearen behin betiko proposamena ikusirik. Beka esleitzeko ebazpena Unibertsitateko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da, betiere 2026ko ekainaren 10eko 14:00ak baino lehen, eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, ebazpen honek administrazio bidea agortzen du. Horrela, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena NUPen iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
8. oinarria.–Bekaren onarpena eta ordainketa.
Ikasleak espresuki onartu behar du esleitutako dirulaguntza 2026ko ekainaren 17tik 23ra, Banco Santanderren webgunean horretarako prestatutako sistemaren bidez (https://www.santanderopenacademy.com/es/index.html).
Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2026ko uztailean ordainduko dio onuradunari beka.
Onuradunak ez badu oinarri honetan bertan adierazitako web estekaren bidez beka espresuki onartzen, Unibertsitateak jarraian datorren pertsonari esleituko dio beka, esleipen ebazpenean ezarritako ordenari jarraituz, norbaitek onartzen duen arte. Beka ikasle bati esleitzen zaionean, ikasle horrek zazpi egun naturaleko epea izanen du beka onartzeko, eta onarpena Banco Santanderren web esteka honen bidez egin beharko du: https://www.santanderopenacademy.com.
9. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Deialdi honetan parte-hartzeak berekin dakar datu pertsonalen tratamendua araudi hauen araberakoa izan behar da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 EB Erregelamendua –2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (DBEO)–; eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa –2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide digitalak Bermatzeari buruzkoa (DBEDBLO)–.
NUPek hautatuko du bekaduna, eta entitate hori izanen da hautagaien datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna (haien nortasuna, harremanetarako datuak, profil akademikoa eta kalifikazio akademikoa, baita aurretik esleitutako bekak ere).
Bekaduna hautatzea eta haren datuak Banco Santanderri jakinaraztea bikaintasun akademikoaren sustapenean eta unibertsitateko ikasleentzako laguntza sozioekonomikoan oinarritutako datu-tratamenduak dira. Xede horiek interes publikoko oinarri juridikoarekin identifikatzen dira, zeinak Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren arabera datu pertsonalen tratamendua zilegitzen baitu. Halaber, NUPeko ikasleek beren unibertsitateko matrikulan izenpetutako pribatutasun klausulari egin behar zaio aipamena, zeinak datuen lagapenen "hartzailetzat" hartzen baititu "banku-erakunde laguntzaileak".
Eskatzaileek beka eskatzeko eta NUPek hautatutako ikasleak beka onartzeko prozesuak Banco Santanderren webgunearen bidez eginen dira (https://www.santanderopenacademy.com). Eskariari eta onarpenari buruzko datuak tratatzeko eragiketa horiek guztiak Banco Santanderren erantzukizunpean geratzen dira.
Informaziorako eskubideaz eta bestelako eskubideez baliatu nahi izanez gero datuak babesteko araudiaren arabera, jarri harremanetan datuen babeserako NUPeko delegatuarekin (delegado.protecciondatos@unavarra.es).
Uste baduzu zuk egindako kontsultari ez zaiola behar bezalako erantzuna eman, zilegi duzu erreklamazioa aurkeztea Datuak Babesteko Espainiar Agentzian: https://www.aepd.es/es.
10. oinarria.–Argitalpena.
Deialdi honetako oinarriak Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuko dira.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honek eta dirulaguntza emateko behin betiko ebazpenak administrazio bidea agortzen dute, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren (LOSU) 38.4 artikuluak ezartzen duen moduan. Hori dela-eta, 39/2015 Legeak –2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa– 112. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin arabera, zilegi da honako errekurtso hauek jartzea dirulaguntza emateko prozedura honen eta dirulaguntza emateko behin betiko ebazpenaren aurka:
–Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; eta dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurka, behin betiko ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.
–Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Iruñeko Auzialdiko Auzitegiko maila bereko atalari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; eta dirulaguntzak emateko ebazpenaren aurka, behin betiko ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.
ERANSKINA.–ZEHAZTAPENAK ETA BALDINTZA OROKORRAK
2026ko "Santander Bekak | Excelencia 360.º" programa
l.–Deialdia egin duten entitateak.
2026ko "Santander Bekak | Excelencia 360.º" programa Banco Santander SAk sustatu du –IFKa: A-39000013; helbidea: Juan Ignacio Luca de Tena 11-13, Madril, 28027; helbide elektronikoa: becassantander@gruposantander.es–. Hemendik aurrera, "Programa" hitza erabiliko da "Santander Bekak | Excelencia 360.º" esateko, eta "Santander" erabiliko da entitateari esateko.
II.–Helburuak.
Programaren bidez, Santanderrekin edo Banco Santander Fundazioarekin hitzarmena duten Espainiako unibertsitateetan gradu batean matrikulatutako ikasleen meritu akademikoa eta unibertsitateko bizitzan parte-hartze aktiboa sustatuko dira. Santanderrekin hitzarmena dute unibertsitateei "unibertsitateak" deituko zaie aurrerantzean.
Zehazki, gehienez 77 ikasle unibertsitariok laguntza ekonomikoa jasotzea sustatuko da, hain zuzen ere ikasleen bikaintasun akademikoari eta prestakuntza integralari aitorpena emateko laguntzak esleitzen diren unean ikasleak matrikulatuta dauden ikasturtean. Laguntzei "Bekak" deituko zaie aurrerantzean.
III.–Parte hartzen duten unibertsitateak.
Santanderrek unibertsitateei zabalduko die programan parte hartzeko aukera, Santanderrek haietako bakoitzari esleitutako beka-kopuruaren arabera.
Parte hartzeko, unibertsitate bakoitzak berariaz onartu beharko ditu legezko oinarriak, eta, horretarako, programaren termino eta baldintza orokor hauek ezagutu eta onartu beharko ditu. Izan ere, hori unibertsitateen eta Santanderren arteko lankidetza-hitzarmentzat hartuko da. Hori guztia Santanderrek www.santanderopenacademy.com webgunean duen tresnaren bidez eginen da (aurrerantzean, "plataforma").
Unibertsitate bakoitzaren ardura izanen da hari dagokion beka kudeatu, ebatzi eta esleitzea; edonola ere, dokumentu honetan jasotako terminoak eta baldintzak errespetatu beharko dituzte unibertsitateek, bai eta barneko prozedurak koordinatu eta kudeatu ere, funtzionamendua egokia izan dadin.
Plataformaren bidez eginen da programan izena emateko prozesua, bai eta hautagaitzen kudeaketa eta izangai onuradunen aukeraketa ere.
IV.–Bekak norentzat diren.
Unibertsitate batean matrikulatutako ikasleentzat; beraz, izangaitzat hartuko dira eta onuradun izaten ahalko dira espediente akademiko bikaina duten eta unibertsitateko bizitzan modu aktiboan parte hartu duten ikasleak (aurrerantzean, "Izangaiak").
Ondorio horietarako, espediente akademiko bikaintzat hartuko dira 10etik 8,5eko edo hortik gorako batez besteko nota duten espedienteak.
Bestetik, unibertsitateek modua izanen dute gizarte-, kultura- eta kirol-arloetan ikasleek egindako ekarpenak ere kontuan hartzeko. Hona hemen ekarpen horien zenbait adibide:
1) Enpresetan praktikak egitea (enpresetan egindako praktika-orduen kopuruaren arabera).
2) Gaitasun profesionalak eta/edo ekintzailetzarekin loturikoak garatzea (prestakuntza osagarrian emandako ordu kopuruaren arabera).
3) Curriculum vitaeak nazioarteko proiekzioa izatea (hizkuntzak jakitea eta mugikortasun programetan parte hartzea).
4) Arlo sozialari buruzko kezka izatea eta hartan inplikatzea, gobernuz kanpoko erakunde batekin lankidetzan aritzea eta ikasleen aholkulari edo ordezkari zereginetan aritzea.
Horrez gain, nork bere mugak gainditzearekin loturiko beste alderdi batzuk ere baloratzen ahalko dituzte unibertsitateek, dela gerora sortutako egoera kaltegarriengatik, dela %33tik gorako desgaitasun egiaztatuarengatik, dela behar bezala egiaztatutako hezkuntza-premia bereziengatik.
Programaren aurreko edizioetan beka jaso duten ikasleek ez dute modurik izanen beste beka bat jasotzeko.
Unibertsitatearen ardura izanen da ikasleek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea; horretarako, izangaien datu pertsonalak erabiliko ditu, zeinak unibertsitatearen datu basean baitaude.
Unibertsitateak izangaiei buruz bereziki babestutako datu pertsonalak bildu behar baditu –unibertsitateak beharrezkotzat jotzen duen edozein ziurtagiri edo dokumentazio barne–, datu pertsonalak babestearen arloan unean-unean indarrean dagoen araudia hartuko da kontuan.
Unibertsitateak ez die inolaz ere izangaiei buruz bereziki babesturik dagoen daturik emanen Santanderri edo haren filialei.
V.–Beken edukia.
2026ko deialdi honetara bederatziehun eta hogeita lau mila euro (924.000 euro) bideratuko dira gehienez; horrela, 12.000 euroko 77 beka emanen dira, eta beka bana emanen zaio unibertsitate bakoitzari, jarraian xedatutakoaren arabera.
Santanderren edo Banco Santander Fundazioaren eta unibertsitateen artean sinatutako lankidetza-hitzarmen orokorren kontura finantzatuko da beken ekarpena, betiere programa argitaratzen den egunean indarrean badaude hitzarmenak. Zenbatekoak, bestetik, irabazi asmorik gabeko erakundeen zerga-araubideari eta mezenasgoaren zerga-pizgarriei buruzko 2002ko abenduaren 23ko 49/2002 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako izaera du, eta programa honetara bideratu beharko da oso-osorik.
Aplikatzekoa den araudiaren arabera, unibertsitateek nahitaez zabaldu behar dute Santanderrek parte hartzen duela programa honetan, "Zabaltzea eta publizitatea ematea" atalean xedatutakoaren arabera. Hori guztia, plataformaren bidez unibertsitateak programari atxiki zaizkiolako, eta horrek lankidetza-hitzarmen baten balioa duelako.
Nolanahi ere, ikasle bakoitzak jasoko duen bekaren zenbateko unitarioa berbera izanen da unibertsitate guztietan, programan parte-hartze hutsak konpromiso hori baitakar.
Programako beka jasotzea bateragarria izanen da ikasleei laguntzea xede duen eta programa honen xede diren beken izaera berekoa edo desberdinekoa den beste edozein dirulaguntza publiko nahiz pribatu jasotzearekin, betiere praktikak programaren babesean egiten dituen ikasleak jasotzen ahal baditu.
VI.–Programaren kudeaketa.
–Inskripzioa.
Beken onuradun izateko ezinbesteko baldintza izanen da plataformaren bidez egotea izena emanda programan, ahal dela izangai bakoitzak bere helbide elektronikoarekin. Plataforma horretan unibertsitate bakoitzarentzat prestatutako kudeaketa-sistemaren bidez jakinaraziko da beka eman dela.
Ikasleek 2026ko otsailaren 3tik maiatzaren 7ra bitartean ematen ahalko dute izena.
Unibertsitate bakoitzak baldintza gehigarriak ezartzen ahalko ditu, bai eta programa garatu eta gauzatzeko barneko deialdiko ohiko kudeaketa-prozedurei jarraitu ere, unibertsitatearen barneko araudiaren eta bekak emateko politiken arabera; hala ere, prozedura horiek ez dute baldintza orokor hauetan ezarritakoa urratzen ahalko.
Programa amaitzean, emaitzak aurkezteko ekitaldi bat antolatzen ahalko da. Ekitaldia Santanderrek koordinatuko du, programa sustatzen duen enpresa den aldetik, eta hura antolatzearren, aukera izanen du programaren onuradunekin harremanetan jartzeko, edozein bitarteko erabiliz, baita bide elektronikoz ere.
–Izangaien artean bekak esleitzea.
Unibertsitate bakoitzak erabakiko dute zein izangairi esleituko zaion beka (aurrerantzean, "onuradunak"). Nolanahi ere, unibertsitateek izangaien bikaintasun akademikoa eta prestakuntza integrala hartuko dute kontuan onuraduna aukeratzeko, aurreko IV. apartatuan aurreikusitakoaren arabera. Zilegi izanen da baldintza hori unibertsitate bakoitzean ponderatzea, jakintza-arloaren edo unibertsitateak erabaki beharreko beste barne elementu batzuen arabera.
Horrez gain, nork bere mugak gainditzearekin loturiko beste alderdi batzuk ere baloratzen ahalko dituzte unibertsitateek, dela gerora sortutako egoera kaltegarriengatik, dela %33tik gorako desgaitasun egiaztatuarengatik, dela behar bezala egiaztatutako hezkuntza-premia bereziengatik.
Aurrekoa gorabehera, unibertsitateek, klausula honen aurreko apartatuan aurreikusitako irizpideaz gain, bekak esleitzeko egokitzat jotzen dituzten beste irizpide batzuk ere hartzen ahalko dituzte kontuan, betiere deialdi honetan ezarritako irizpideari eragiten ez badiote. Unibertsitateen erantzukizuna izanen da horiek benetan betetzen direla zehaztu eta egiaztatzea, bai eta programa garatzeko eta gauzatzeko barneko deialdian ohikoak diren kudeaketa-prozedurei jarraitzea ere, beren barneko araudiaren eta bekak emateko politiken arabera.
Unibertsitateek 2026ko ekainaren 16ra arte izanen dute bekak esleitzeko. Esleipen hori onuradunei jakinaraziko zaie, eta horiek 7 egun natural izanen dituzte beka plataformaren bidez onartzeko.
Onuradun bakoitzaren izenean irekitako kontu batean ordainduko dute unibertsitateek bekaren zenbatekoa. Inklusio finantzarioa sustatzeko, Santanderrek doako kontu korronte bat eskainiko du; izangaiek, programan izena eman eta gero, eta plataforman hala onartzen badute, aukera izanen dute kontu korronteari buruzko baldintzen berri izateko.
Programa 2026ko abenduaren 31n (aurrerantzean, "epea") amaituko da.
Epea amaitzean, unibertsitateek beka guztiak izan beharko dituzte esleituak, eta beka ez bazaio inori eman, beka hori berresleitzeko prozedurara jo beharko dute, ziurtatzeko bekarik ez dela gelditzen esleitu gabe.
Klausula honetan aurreikusitako datak aldatzen ahalko dira Santanderren irizpidearen araberako legezko oinarriei jarraikiz, eta, nolanahi ere, plataforman argitaratuko dira.
VII.–Zabaltzea eta publizitatea ematea.
Unibertsitateko komunitatean programa zabaldu eta sustatzeko konpromisoa hartuko dute unibertsitateek, eta, betiere, modu argian identifikatuko dute plataforma.
Unibertsitateek berariaz adieraziko dute, horrez gain, "Santander Bekak│ Excelencia 360°" izena, eta, halaber, Santanderren logotipoa sartuko dute programarekin lotuta egiten dituzten dokumentazioetan eta euskarrietan.
VIII.–Programaren fiskalitatea.
Bekei une bakoitzean indarrean dagoen zerga-araudia aplikatuko zaie, eta, zehazki, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruz xedatutakoa. Horren ondorioz, batzuetan, erakundeek zerga horren konturako atxikipenak egiten ahalko dituzte, eta bekaren onuradunak urteko errenta-aitorpenean dagozkion zenbatekoak sartzeko betebeharra izaten ahalko du (bekaren onuradunaren erantzukizun esklusiboa izanen da zerga-betebeharrak betetzea).
IX.–Datuen babesa.
Plataforman argitaratutako pribatutasun adierazpenaren dokumentuan dago jasoa deialdi honetan aplikatzekoa den datuak babesteko politika, legezko oinarri hauekin batera.
X.–Jarraipena.
Programa amaitu eta bekak esleitu ondoren, unibertsitateek plataformaren bidez identifikatu beharko dituzte onuradunak, bai eta beka jaso ez dituztenak ere; horretarako, plataforman hori egiteko ezarritako modua erabiliko dute. Santanderrek, programaren deitzaile den aldetik, modua izanen du informazio hori eskuratzeko.
Bai programa egiten den bitartean, bai amaitu ondoren, unibertsitateek plataformaren bidez emanen diote Santanderri informazio zehatz horren berri, bai eta programari eta haren gauzatzeari buruzko beste edozein informazio ere, baldin eta edozein unibertsitatek eskatzen badio jarraipena egiteko.
Unibertsitateak arduratuko dira programaren jarraipen eraginkorra egiteaz, ohiko prozeduren arabera, eta, halaber, Santanderrek deialdiaren amaieran eska dezakeen jarraipenari buruzko informazioarekin dokumentu bat egin beharko dute.
XI.–Onartzea eta aldatzea.
Programaren deialdi honetan parte hartzeak berekin dakarkie izangaiei oinarriak onartzea.
Santanderrek beretzat gordetzen du oinarri hauek interpretatzeko eskubidea. Era berean, beretzat gordetzen du programaren deialdiaren edozein baldintza aldatzeko edo zuzentzeko eskubidea, zati batean edo osorik, edozein unetan; are gehiago, deialdia eten, atzeratu edo ezeztatu ahal izanen du, behar bezala justifikatutako arrazoi objektibo bat kontuan hartuta, eta deialdi honen bidez lortu nahi den inpaktu soziala babesteko helburuarekin; kasu horretan, plataformaren bidez emanen die izangaiei aldaketen berri.
XII.–Aplikatu beharreko legeak.
Programa, oinarri hauek, unibertsitateen atxikimenduak eta, oro har, horien garapena eta betearazpena Espainiako legeen mende daude.
Iragarkiaren kodea: F2601965
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
