43. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2026 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez 41.000 euro gehitzen baitzaio "Silver economy ekimenerako gizarte berrikuntzako proiektuak egiteko laguntzak" emateko 2026ko deialdian baimendutako gastuari. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 876248.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiaren abenduaren 18ko 381E/2025 Ebazpenaren bidez, onetsi zen "silver economy ekimenerako gizarte berrikuntzako proiektuak egiteko laguntzak" emateko 2026ko dirulaguntzen deialdia, 100.000 euroko hasierako kredituarekin, gehienez ere beste 50.000 euro gehitzeko aukerarekin.

Deialdi horren xedea da gizarte berrikuntzako proiektuak sustatzea, osagai teknologiko bat dutenak silver economy delakoaren barruko beharrei erantzuteko. Beraz, diruz laguntzen diren gizarte berrikuntzako proiektuen helburua izan behar da Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean 50 urtetik gorako biztanleen osasunaren, ongizatearen, gizarteratzearen eta bizi-kalitatearen arloko beharrak hobetu edo konpontzea, eragin positiboa izateko Nafarroako ekonomian. Deialdian eskaerak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 13ra bitartekoa da.

Laguntza honetarako hasierako kreditua 100.000 eurokoa zen, baina, aurrekontu doikuntza baten ondorioz, 141.000 euroko kreditu erabilgarria dago orain "Silver economy ekimenerako gizarte berrikuntzako proiektuak" izeneko G20001 G2100 7819 467303 (E) aurrekontu-partidan. Beraz, deialdiaren kreditua handitzea proposatzen da, zenbateko horretaraino, ahalik eta proposamen gehien finantzatzeko.

Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 41.000 euro gehitzea "Silver economy ekimenerako gizarte berrikuntzako proiektuak egiteko laguntzak" emateko 2026ko deialdiko kredituari, azalpen zatian adierazitako arrazoiengatik. Gehikuntza gastuen indarreko aurrekontuko "Silver economy ekimenerako gizarte berrikuntzako proiektuak" izeneko G20001 G2100 7819 467303 (E) partidaren kargura eginen da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2026ko otsailaren 5ean.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

Iragarkiaren kodea: F2601852