43. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

70E/2026 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, gastua baimentzen duena dirulaguntza-deialdi honetarako: "Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntzak, interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik". Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko kodea: 883305.

Lanaren eta Gizarte Gaien Ministerioaren 1998ko urriaren 26ko Aginduaren bidez, ezarri ziren Enpleguko Institutu Nazionalak, toki korporazioekiko lankidetzaren esparruan, langabeak kontratatzeko ematen dituen dirulaguntzen oinarriak. Kontratazio horien xedea da interes orokorreko eta sozialeko obra eta zerbitzuak egitea.

Arau horren bigarren xedapen gehigarriak erregulazioaren xedeko gaiaren zerbitzuen eskualdaketa beren gain hartu duten autonomia erkidegoak gaitzen ditu arau hori beren antolaketaren ondoriozko espezialitateetara egokitzeko.

Maiatzaren 14ko 811/1999 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administrazioak Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatu zizkion Enpleguko Institutu Nazionalak lanaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan egindako kudeaketaren eginkizunak eta zerbitzuak.

Estatuko araudiari jarraikiz, eta kontuan harturik Administrazioaren esparruan Nafarroako Foru Komunitateari eskualdaturiko eginkizunak eta zerbitzuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 7ko 251/2018 Ebazpenaren bidez Nafarroako toki entitateentzako dirulaguntza-deialdi bat onetsi zen, interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da toki erakundeei, interes orokorreko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik, dirulaguntzak emateko gastua baimentzea 2026. urterako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 7ko 251/2018 Ebazpenaren bidez, eta hura aldatzen duten urriaren 1eko 3351E/2020 Ebazpenaren, otsailaren 9ko 52E/2021 Ebazpenaren eta martxoaren 10eko 458E/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi horren oinarriak onetsi ziren.

Deialdi horren helburua da langabeen lan aukerak hobetzea gaitasun profesionalak beregana ditzaten sustatuz, Nafarroako toki entitateetan aldi baterako kontratazioaren bidez.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea dirulaguntza-deialdi bat, interes orokorreko edo sozialeko obra eta zerbitzuak egiteko langabeak kontratatzeagatik Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko 2026an.

2. 3.000.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; Nafarroako 2026rako Aurrekontu Orokorretako honako partida honen kargura finantzatuko da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

950001-96100-4609-241100 [PEP: E-24/000737-01] : Konferentzia Sektoriala. Toki entitateek kontratazioak egiteko laguntzak

2026

3.000.000

3. 2025eko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2026ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

4. Gehienez 1.000.000 euroko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko da, beste deialdi batzuetan kreditua soberan egotearen ondorioz aurrekontu-kreditua handitzeagatik edo Konferentzia Sektorialetik datozen diru-sarrera handiagoek funtsak sortzeagatik. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berririk hastea ere.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko otsailaren 4an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Esther Fernández Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2601895