43. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8E/2026 EBAZPENA, otsailaren 3koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2026an gazteentzako guneak hornitzeko toki entitateetarako dirulaguntzen deialdia onartzekoa. DDBN kodea: 885269.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak, 7. artikuluan, ezartzen du ezen, gazteen aukera berdintasuna lortzen laguntzeko, gazteriaren arloko eskumena duen departamentuak toki entitateei laguntza eta aholkuak emanen dizkiela gazteriaren arloko tokiko politikak bultzatzeko eta sustatzeko lanean, honako alderdi hauetan zehazki: tokiko gazteria planak prestatzea, gazteentzako instalazioak sustatzea, gazteentzako zerbitzu eta jarduerak garatzea prebentzioaren, informazioaren, prestakuntzaren eta mugikortasunaren arloan, bai eta gazteen eskaerei erantzuten dieten beste arlo batzuetan ere.

Era berean, lege horren 14. artikuluan –gazte politika espezifikoei buruzkoan– honela definitzen dira gazteentzako instalazio eta ekipamenduak: titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan, gazteen zerbitzura daudenak zenbait motatako jarduerak egiteko (prestakuntzako jarduerak, jarduera sozial, kultural edo artistikoak edo aisiakoak).

Nafarroako Gazteriaren Estrategian (2025-2028) jasotzen den bezala, halako guneek gazteentzako topagune izan behar dute, kontsultak egiteko eta orientazioa jasotzeko hezkuntza erreferenteak izan ditzaten gazteek, azken batean, beren jarduerak eta proiektuak asmatu eta eraikitzeko baliabide bat.

Toki entitateei gazteentzako guneen hornikuntza errazteko asmoz, Nafarroako Gazteriaren Institutuak laguntza mota hori arautzen duen deialdi bat onestea proposatu du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezarritakoaren arabera.

Altzariek, ikus-entzunezko baliabideek, baliabide informatikoek edo jolas, dibertimendu eta arte materialek ezinbestean lagundu behar diete gazteei sozializazioa eta balio demokratikoak sustatzen, eta baliagarriak izan behar dute, halaber, gazteen parte-hartze soziala, lankidetza eta pentsamendu kritikoa garatzeko ere, helburu horiek (besteak beste) aurreikusita sortzen baitira halako guneak.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Toki entitateetarako dirulaguntzen deialdia onestea, udal titulartasuneko gazteentzako guneen ekipamendurako.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi hau aurrera eramateko, 300.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretan "Toki entitateen gazteentzako guneen ekipamendurako dirulaguntzak" izeneko 340002 34100 7609 232103 partida ekonomikoaren kargura.

4. Ebazpen hau eta haren I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu ondotik.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu hartzailetza delegatuari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari helaraztea, dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2026ko otsailaren 3an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José María Burgaleta Encina.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, TOKI ENTITATEETARAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIARENAK, GAZTEENTZAKO GUNEEN EKIPAMENDURAKO

1. Xedea.

Deialdi honen xedea honako hau da: Nafarroako toki entitateetarako dirulaguntzen araubidea ezartzea, dirulaguntza horien jomuga izanik udal titulartasuneko gazteentzako guneetarako askotariko ekipamendua erosten laguntzea.

2. Entitate onuradunak.

2.1 Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean araututako toki entitateek eskatzen ahal dute dirulaguntza.

3. Aurrekontu-kreditua.

Deialdi hau aurrera eramateko, 300.000 euroko gastua baimentzen da, Nafarroako 2026ko Aurrekontu Orokorretan "Toki entitateen gazteentzako guneen ekipamendurako dirulaguntzak" izeneko 340002 34100 7609 232103 partida ekonomikoaren kargura.

4. Gazteentzako guneen ekipamendua babestea.

4.1. Definizioak.

–"Gazteentzako gune" delakotzat jotzen dira titulartasun publikokoak izanik zehazki gazteen zerbitzura daudenak askotariko jarduerak egiteko, hala nola prestakuntzako jarduerak, jarduera sozial, kultural edo artistikoak edota aisiakoak. Instalazioei dagokienez, nola berriak hala jada existitzen direnak hartuko dira kontuan, eta beste udal zerbitzu batzuetarako instalazioen barruan kokatutakoak ere onartuko dira. Haatik, ezinbestekoa izanen da deialdi honen eraginpeko ekipamenduak dituzten lokalek gazteentzako jarduera bereizgarriak baino ez egitea.

–"Ekipamendu" delakotzat joko dira hauek: gazteentzako guneen zerbitzua hobetzeko inbentarioan sartzen ahal diren ondasunak, hala nola altzariak, material informatikoa, ikus-entzunezko baliabideak, ikastaroetarako materiala eta jolas eta dibertimendu materiala, bai eta azpiegiturak behar bezala funtzionatzeko ezinbesteko ekipoak ere.

4.2. Kategoriak.

Bi kategoria daude:

a) 5.000 biztanletik beherako toki entitateetako gazteentzako guneak.

b) Gutxienez 5.000 biztanleko toki entitateetako gazteentzako guneak.

4.3. Baldintzak.

a) Gazteentzako guneek astean gutxienez 10 orduz irekita egon beharko dute, arratsaldez edo asteburuetan.

b) Gutxienez 5.000 biztanleko toki entitateek ofizialki onartutako gazteentzako informazio zerbitzu bat izan beharko dute, herriko gazteei zerbitzua emateko.

c) Inbertsioak 2025eko azaroaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean gauzatzea.

d) Finantzatutako ekipamenduak Nafarroako Gazteriaren Estrategiarekin (2025-2028) lerrokatuta egon beharko du, eta integrazio eta partaidetza ekintzak, prestakuntza ekintzak edo aisialdi hezitzaileko eta astialdiko ekintzak gauzatzeko balio beharko du.

e) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea. Horretarako, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Nafarroako Gazteriaren Institutuari baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena eta dirulaguntza ordaintzeko ebazpen proposamena egiten direnean (II. eranskina).

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea. Egiaztatzen ahal da baldintzak betetzen direla ziurtatzen duen eskaera formularioko erantzukizunpeko adierazpenaren bidez. (II. eranskina).

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahal dute gazteentzako guneetako askotariko ekipamendua –hala nola material informatikoa eta digitala, ikus-entzunezko baliabideak, altzariak eta bestelako tresnak– erosteagatiko gastuetarako, halako guneei dagozkien jarduerak egiteko jolas eta dibertimendu materiala, bai eta azpiegiturak behar bezala funtzionatzeko ezinbesteko ekipoak erosteagatiko eta horiek instalatzeko beharrezko obra txikiak egiteagatiko gastuetarako ere.

Dirulaguntzen deialdi honen kontura eskuratutako material guztiek inbentarioan sartzeko modukoak izan beharko dute. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira azpiegituren funtzionamendu edo mantentze gastuak, bai eta jarduera erlijiosoak eta hauek sustatzen dituzten jarduerak garatzeko materiala erosteagatiko gastuak ere: osasunerako kaltegarriak diren substantzien kontsumoa, animalien tratu txarrak edo edozein motatako diskriminazioa.

4.5. Balorazioa.

Dirulaguntzen eskaerei dagozkien puntuazioen hurrenkera honako irizpide hauen arabera ebaluatuko da:

–Gehienez 50 puntu:

  • Gazteria Plan bat izatea indarrean (gehienez 5 puntu).
  • Gazteentzako informaziorako bulego bat izatea (gehienez 15 puntu).
  • Gazteentzako informazio gune bat izatea (gehienez 10 puntu).
  • Gazteriaren arloko figurak/teknikariak toki entitatean (gehienez 5 puntu).
  • Langileak sartuta egotea Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarean (gehienez 5 puntu).
  • Udalerrian Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskainitako programak hartzea (5 puntu).
  • Gazteria zinegotzigoa izatea (5 puntu).

5. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Deialdiari dagokion guztizko erabilgarritik, 150.000 euro gordeko dira a) modalitateko toki entitateetako –5.000 biztanle baino gutxiago dituztenetako– gazteentzako guneetarako, eta gainerako 150.000 euroak b) kategoria finantzatzeko erabiliko dira (gutxienez 5.000 biztanleko toki entitateetako gazteentzako guneak).

5.2. Dirulaguntza izanen da aurrekontu onetsiaren ehuneko jakin bat. Ehuneko hori, gehienez, erosketaren guztizko kostuaren % 75 izanen da a) kategorian, eta, % 50, berriz, b) kategorian. Horrenbestez, a) kategoriako toki entitateek % 25 ordaindu beharko dute, eta b) kategoriakoek, berriz, % 50, nola horretarako baliatutako berezko funtsen medioz hala beste dirulaguntza batzuk baliatuz. Emanen den dirulaguntzaren zenbateko zehatza zuzenki proportzionala izanen da eskaerak lortzen duen puntuazioarekiko.

5.3. Eskaera guztiei erantzun ondoren oraindik aurrekontu-krediturik geratzen bada erabilgarri azpimodalitateren batean, gainerako zenbatekoa beste modalitateari gehituko zaio, a) modalitatetik hasita.

5.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inolaz ere izanen entitate onuradunak erositako ekipamenduaren kostua baino handiagoa.

5.5. Nolanahi ere, toki entitate bakoitzak 20.000 euro jasotzen ahalko ditu gehienez.

6. Eskaerak aurkeztea.

6.1. Dirulaguntza eskaerak, hasierako dokumentazioa eta frogagiriak Nafarroako Gazteriaren Institutuari aurkeztu beharko zaizkio, eta telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez erregistro orokor elektronikoaren bidez, ahal dela "Tramiteak" katalogoaren bitartez, Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoan (www.nafarroa.eus).

6.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.3. Dirulaguntza eskaerak instantzia bidez aurkeztu behar dira, agiriak eskaneatuta eta agiriok behar bezala identifikatuta:

a) Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendutako eskaera orria (II. eranskina).

b) –Enpresa hornitzaileen aurrekontuak edo fakturak; horietan erosi nahi den edo erositako materiala agertu beharko da, bai eta horien laburpena ere, II. eranskinean agertzen den moduan.

7. Laguntzak ematea.

Dirulaguntzak norgehiagoka emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluari jarraikiz.

8. Instrukzioa.

Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala da laguntza ekonomiko hauek emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko organo eskuduna.

Eskaerak ahalik hobekien ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko.

Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskaera aurkeztu duen entitateari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko jakinarazpenaren biharamunetik 10 egun baliodun iragan baino lehen, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

9. Laguntzak ematea.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko (NGI) zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza emateko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

10. Justifikazioa.

2026ko azaroaren 8a baino lehen, toki entitate onuradunek justifikatu egin beharko dute egindako jarduera.

Diruz laguntzen den ekipamenduaren guztirako gastuaren justifikazioa toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiri bat aurkeztuz eginen da; bertan, diruz laguntzen diren jarduketak eta haien kostua aitortuko dira (III. eranskina), haiek gauzatzean izan diren gastu guztiak xehakatuta. Ziurtagiri horri dagozkion fakturak erantsiko zaizkio.

Edonola ere, egindako gastu eta ordainketa guztien egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, eta egiaztagirien zerrenda zenbakitua eta xehatua bildu beharko da horretarako.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate izena eta IFZa, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, ordaintzeko modua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa).

Egindako gastua egiaztatzeko ez dira inolaz ere onartuko administrazio efikaziarik gabeko ordainagiriak, albaranak eta froga baliorik gabeko ziurtagiriak.

Diruz lagundutako gastu osoa justifikatzen ez bada, justifikatu gabeko zatia jasotzeko eskubidea galduko da.

Justifikaziorako epea bukatuta, entitate onuradunak ez baditu beharrezko agiriak aurkeztu, justifikatzeko betebeharra bete gabe gelditu dela ulertuko da.

11. Ordainketa.

Dirulaguntzaren ordainketa Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez erabakiko da, 10. oinarrian adierazitako epean beharrezko dokumentuak aurkeztu ondoren, eta transferentzia bidez eginen da.

12. Betebeharrak.

12.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluaren arabera, TE onuradunek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko dituzte ondasunak, bi urtez gutxienez. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute eta bertan adierazi beharko dute dirulaguntza eman zaienetik eskuratutako ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili direla (III. eranskina).

12.2. Toki entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar guztiak bete beharko dituzte, eta Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren dirulaguntzaren berri eman beharko dute dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren publizitate eta hedapen ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere. Horretarako, dirulaguntza jasotzean hartzen duten konpromisoaren erantzukizunpeko adierazpena eginen dute erakunde onuradunek.

12.3. Aurkeztutako proiektuan funtsezko aldaketaren bat jazoz gero, toki entitateek horren berri eman beharko dute, aldaketa justifikatzen duten gorabeherak suertatu eta berehala. Halaber, aldaketa egiteko, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren berariazko baimena beharko dute.

12.4. Halaber, entitate onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak 12.4 artikuluan ezartzen duen gardentasun betebeharra bete beharko dute. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Aldi hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta hilabete pasatu aurretik kendu beharko da, eskaera egiten denetik zenbatuta.

13. Bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzen dituzten toki entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haien guztizko baturak ez du proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditzen ahalko, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Dirulaguntzen deialdi hau bateraezina da dirulaguntza eskaeraren jomuga bererako jasotako beste edozein laguntza edo dirulaguntzarekin, baldin eta Nafarroako Gobernuarekin dirulaguntza izendun bat dakarren hitzarmen bat sinatua izateagatik jaso badira horiek.

Toki entitateek, diruz lagundutako jomuga bera finantzatzeko beste dirulaguntza edo baliabideren bat eskuratzen badute, horren berri eman beharko diote deialdi honetako dirulaguntzak ematen dituen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, hartutako funtsak justifikatu baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz (II. eranskina).

14. Ez-betetzeak.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

15. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126. artikuluari jarraikiz.

16. Aplikatuko den legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2601780