42. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Udal kirol instalazioen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamendua. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2025eko azaroaren 27an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Zizur Nagusiko Udalaren kirol instalazioen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamendua.

Dagokion iragarkia 2025eko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 1ean argitaratu zen, eta jendaurreko aldia iragan denez inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Zizur Nagusian, 2026ko otsailaren 2an. –Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ZIZUR NAGUSIKO UDALAREN KIROL INSTALAZIOEN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ERREGELAMENDUA

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Zizur Nagusiko Udalaren kirol instalazioen erabilera eta funtzionamendua, bai eta erabiltzaileen eta/edo abonatuen eskubideak, betebeharrak eta erantzukizunak ere arautzea.

Erregelamendu hau jarraian zehazten diren udal kirol instalazioetan aplikatuko da.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Zizur Nagusiko Udalaren titulartasuneko kirol instalazio hauetan aplikatu behar da erregelamendua:

–Kirolgunean, hau da: aisialdiko igerileku klimatizatuetan, igerileku ludiko klimatizatuan, kanpoko igerilekuetan, hidromasajea duen igerilekuan, sauna lehorrean, lurrunezko bainuan, muskulazio gelan, jarduera geletan, aldageletan, kanpoko lorategi gunean, solariumean, erretokietan, frontoian, kirol anitzeko pistan, padel pistetan, taberna jatetxean.

–"Patxi Morentin" kirol- eta gizarte-esparrua, osagai hauek dituena: atletismo modulua, rokodromoa, gelak, taberna, Ardoiondoko futbol zelaia, padel pistak eta aldagelak.

Era berean, eskola ordutegia behin bukatuta, Zizur Nagusiko Udalak araudia aplikatu behar zaien esparru hauek kudeatzen ditu:

–Ikastetxeko eremuan bertan dauden kirol esparruak.

–Zizur Nagusiko BHIko kiroldegia, hitzarmen bidez ezarritako baldintzen markoan.

3. artikulua. Ondasunen kalifikazio juridikoa eta kirol instalazioetarako sarbidea.

1.–Toki entitateen ondasunei buruzko foru araudian ezarritakoarekin bat, udal kirol instalazioak jabari publikoko ondasunak dira, erabilera publikoari edo kirol zerbitzu publikoari lotuak.

2.–Kirol instalazioak, kudeatzeko modua edozein dela ere, herritar guztiek erabil ditzakete, banaka edo taldeka, eta legeetan edo erregelamendu honetan ezarritako mugak baino ez dituzte izanen. Ondorioz, pertsona fisikoek zein juridikoek erabiltzen ahal dituzte.

3.–Hala ere, honako hauek baldintzatuko dute kirol instalazioetarako sarbidea: instalazio bakoitzaren edukiera, egoeraren arabera ezartzen ahal diren edukiera mugak, hala dagokionean, kasuan kasuko kirol jarduera edo instalaziorako ezarritako indarreko prezio publikoak ordaintzea, eta aplikatu beharreko araudia.

4. artikulua. Erabilera.

1.–Udal kirol instalazioak honetarako erabiliko dira: eskola kirola eta jarduera fisikoa egiteko; herritarrek, oro har, aisialdiko edo astialdiko kirola egiteko; eta erakustaldiko, lehiaketako eta errendimendu handiko kirola egiteko, baita kirol profesionala egiteko ere.

2.–Instalazio bakoitzean, arau orokor gisa, instalazio horri berariaz dagozkion kirolak bakarrik egiten ahalko dira, eta udalaren aldez aurretiko baimenarekin, teknikoki egin daitezkeen beste batzuk.

3.–Kirola egiteko erabiltzeaz gain, horretarako baitira berez, kirolari lotuta ez dauden beste ekintza batzuk ere baimentzen ahalko dira udal kirol instalazioetan. Horretarako, bateragarriak izan beharko dira lehendik dauden azpiegiturekin, zehazten diren baldintza partikularrak bete beharko dituzte eta ez dute instalazioen funtzionamendu normala oztopatzen ahalko.

II. TITULUA.–PERTSONA ABONATUAK ETA/EDO ERABILTZAILEAK

KAPITULUA.–BALDINTZAK

5. artikulua. Abonatu izaera.

1.–Abonatu izateko, Zizur Nagusiko biztanleen udal erroldan inskribatuta egon behar da.

2.–Gainera, erroldatuta ez daudenek abonatu bihurtzen ahalko dute, baldin eta baldintza hauetako bat betetzen badute:

a) Zizur Nagusiko ikastetxeetan eskolatua egotea, familia nukleora zabaltzeko aukerarekin.

b) Zizur Zendean erroldatuta egotea.

c) Zizur Nagusian kokatutako enpresa edo erakundeetan lan egitea, familia nukleora zabaltzeko aukerarekin.

d) Zizur Nagusiko Udalarekin hitzarmena duten Ardoi klubetako kide izatea, lankidetza hitzarmenean eta dauden akordioetan ezarritako baldintzetan, kirol txartelaren bidez. Familia nukleora zabaltzeko aukera egonen da.

e) Erroldatuta dauden abonatuen etxeetan aldi baterako bizi diren lehen eta bigarren mailako senideak.

f) Erroldatuta dauden abonatuen bikotekideak edo ezkontideak.

g) Banantze egoeran dauden pertsonak (dibortzioa, banantzea edo antzeko egoera), beraiek beste leku batean erroldatuta egon arren 12 urtetik beherako seme-alabak Zizur Nagusian erroldatuta badituzte.

h) Banantze egoeran dauden pertsonen (dibortzioa, banantzea edo antzeko egoera) 12 urtetik beherako seme-alabak.

i) Zizur Nagusiko eremuan dauden udalerrietan erroldatutakoak, haien udalek horrelako instalaziorik ez badute (Otazu, Beraskoain, etab.).

3.–Nolanahi ere, abonatu izateko, Udalak kirol instalazioetako abonatuentzako ezarri dituen kuoten ordainketa egunean eduki beharko da.

6. artikulua. Eszedentzian dauden abonatuak:

1.–Ikasketak, lana edo antzekoak Nafarroako Foru Komunitatetik at egitea egiaztatzen duten abonatuek, baita ere Foru Komunitatean egin arren bizilekua Zizur Nagusitik gutxienez 90 kilometrora aldatu behar dutenek, eszedentzia eskatzen ahalko dute udalerritik kanpo igarotako denborarako.

2.–Eskaerekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Lan kontratua.

b) Ikasketetako matrikula.

c) Antzeko jarduerak egitea egiaztatzen duten agiriak.

3.–Eszedentzia hauek emanen dira eskaera aurkezten den egunetik aurrera, arau hauen arabera:

a) Eszedentzia lanagatik eskatu bada, ulertuko da kontratuaren izaeraren arabera emanen dela. Horrek esan nahi du kontratua mugagabea bada, eszedentzia ere mugagabea izanen dela, eta, aldiz, aldi baterako kontratua bada, eszedentziak iraunen duela kontratuak iraun bitartean. Urtero justifikatu beharko da eszedentziarako eskubidea ematen duen kontratuaren jarraitutasuna.

b) Eszedentzia ikasketengatik bada, ikasturterako emanen da.

c) Antzeko jarduerak egiteagatik bada, jarduerak irauten duen denborarako emanen da.

4.–Eszedentzia ez da inola ere emanen atzeraeragineko izaerarekin. Hortaz, abonatuei ez zaizkie itzuliko ordaindutako kuotak.

5.–Eszedentzian dagoen abonatuaren izaera etenda egonen da: ez da udal kirol instalazioetan sartzen ahalko eta ez du dagokion prezio publikoa ordaindu beharko.

Eszedentzia eragin duen arrazoia desagertuta, abonatu berriz izateko ez du sarrera kuota ordaindu beharko, baina itzultzen den hiruhileko osoa ordainduko du, hilabetea edozein dela ere.

Abonatu berriz izateko eszedentzia eragin zuen arrazoia bukatu eta hurrengo hiruhilekoan bertan eskatzen ez badu, baja emanen zaio abonatuari.

7. artikulua. Erabiltzaile izatea.

1.–Erabiltzaileak izanen dira udal kirol instalazio batera joaten diren pertsona, kolektibo eta entitateak, noizean behin hura erabiltzeko edota kirol esparru horien alokairuan edo lagatzean, udalak antolatutako jarduera batean ikasle gisa edo instalazioko esparruen erabilera berezi batean parte hartzeko.

8. artikulua. Baimen txartelak:

1.–Abonatuaren txartel ofiziala eta derrigorrezkoa, kirol instalazioetan sartzeko, Zizur Nagusiko Udalak emandako txartela izanen da. Hala ere, beste sarbide batzuk ere gaitzen ahalko dira, baina erabiltzailea inola ere ez da salbuetsita egonen txartela eramateko derrigortasunetik, eskatzen bazaio.

2.–Abonatu txartelak ez du kredentzial gisa balioko baldin eta argazkirik ez badu, zuzenketak edo urratuak baditu edo apurtuta edo osatu gabe badago. Horrelakorik izanez gero, abonuaren titularrak txartelaren kopia bat eskatu beharko du, eta aurrekoa aurkeztu, ezeztatzeko. Txartela galduz gero, titularrak lehenbailehen eman beharko dio horren berri Zizur Nagusiko Udalari, kopia bat egin diezaioten. Txartelaren kopia egiteagatik, txartela ez bada 5 urte baino zaharragoa, dagokion prezio publikoa ordaindu beharko da.

3.–Txartela pertsonala eta besterenezina da. Hortaz, beste batek erabiltzen badu, eta titularrak ez badu eman haren galeraren edo lapurretaren berri, horrek arau haustea ekarriko du. Instalazioko langileek nortasun agiri nazionala edo antzeko beste agiriren bat erakusteko eskatzen ahalko dute, dagokion egiaztapena egiteko.

4.–Erositako sarrera eta/edo ikastaro batean izena eman izanaren egiaztagiria izanen da erabiltzailearen kredentziala kirol instalazioetan dagoen bitartean.

9. artikulua. Abonatuak eta erabiltzaileak onartzea.

1.–Abonatuen kopurua mugagabea da. Inguruabarrek hala gomendatzen dutenean, Zizur Nagusiko Udalak abonatuen onarpena eten edo mugatzen ahalko du.

2.–Onartzen ahal diren erabiltzaileen kopuruak ez du mugarik. Hala ere, Zizur Nagusiko Udalak erabakitzen ahalko du erabiltzaileak aldi baterako ez onartzea, arrazoi hauek direla medio:

a) Jende gehiegi egotea instalazioetan.

b) Sartu nahi duenak molestatzea beste abonatu edo erabiltzaileak edo instalazioetako langileak.

c) Sartu nahi duena mozkortuta egotea edo ez egotea higiene baldintza fisiko edo mental egokietan.

d) Matxurak, istripuak edo erabilera baldintza desegokiak egotea, edo Zizur Nagusiko Udalak egoki jotako beste arrazoiren bat.

II. KAPITULUA.–ESKUBIDEAK, BETEBEHARRAK ETA ERANTZUKIZUNAK

10. artikulua. Eskubideak.

1.–Abonatu eta erabiltzaile guztiek eskubide berberak dituzte, hain zuzen ere honako hauek:

a) Instalazioetan libreki sartzeko eskubidea dagokion egiaztagiria aurkeztuta, ordutegien barruan, instalazioak jendea hartzeko irekita dauden egunetan eta, kasu bakoitzean, instalazioetan sartzeko moduak berekin dakartzan baldintzen arabera.

b) Instalazioak erabiltzea, jarraikiz Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari.

c) Udal kirol instalazioetan dauden langileak eta beste erabiltzaile eta abonatuak harekin begirunez eta behar bezala aritzeko eskubidea.

d) Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean.

e) Zizur Nagusiko Udalari exijitzea bete dezala erregelamendu honetan xedatzen den guztia.

f) Indarra duen legediak eta erregelamendu honek aitortzen dizkioten gainerako eskubideak.

11. artikulua. Betebeharrak.

1.–Udal kirol instalazioetan sartzeak berekin dakar erregelamendu honetako arau guztiak onartzea eta, zehazki, betebehar hauek betetzea:

a) Aplikatu beharreko araudiari, baita erregelamendu honi ere, men egitea eta hura betetzea, instalazioetako langileek instalazio horien erabilerari buruz esaten dutenari jarraikiz.

b) Zehatz-mehatz betetzea ezarritako ordutegia, aurretik kalkulatuz zenbat denbora egin beharko duten dutxatzen eta aldageletan, ixteko ordua inola ere ez gainditzeko.

c) Behar den errespetuz tratatzea beste erabiltzaile eta abonatuak, baita instalazioetako langileak ere, bizikidetasun egokirako behar den gizalegea betez.

d) Aukeratutako zerbitzuari edo jarduerari dagokion prezio publikoa ezarritako epeetan ordaintzea.

e) Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.

f) Instalazioetako langileei ematea okerreko funtzionamenduaren, hausturen, akatsen edo erregelamendu honetan xedatutakoa ez betetzearen berri.

g) Kirol instalazioen barrenean, pertsona helduak beren ardurapean dituzten adingabeen segurtasunaz arduratzea. Haurrek gurasoen edo arduradunen zaintzapean egon beharko dute instalazioetan, istripuak saihestu eta beste erabiltzaileei eta/edo instalazioetako langileei traba ez egiteko.

h) Txartela aurkeztea edo Udalak gaitzen ahal dituen bestelako bitartekoak erabiltzea udal kirol instalazioetara sartzeko, eta instalazioko langileek eskatzen dietenean. Bestelako bitartekoak erabili arren, abonatuek txartela aldean eraman behar dute, instalazioetako langileek noiznahi eskatzen ahalko dietelako. 10 urte behar dira, gutxienez ere, instalazioetan nor bere kasa sartzeko, bakarrik edo taldean, tutorerik eta heldu arduradunik gabe. Gurasoek edo tutoreek erantzun beharko dute adingabekoek edozer eginez gero.

i) Espediente guztiak (altak, bajak), eskaerak, abonuak, izen-emateak eta bestelakoak Zizur Nagusiko Udalak kasuan-kasuan ezarritako administrazio protokoloen arabera izapidetzea.

j) Beren gain hartzea instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, baldin eta desagertzearen, galtzearen edo hondatzearen ondoriozkoak badira.

k) Indarra duen legediak eta erregelamendu honek aitortzen dizkioten gainerako betebeharrak.

12. artikulua. Erantzukizunak.

1.–Erabiltzaileek eta abonatuek hurrengo erabilerarako egoera ezin hobean utzi beharko dituzte erabilitako instalazioak. Bestalde, erantzukizun zuzen eta osoa beren gain hartuko dute instalazioak erabiltzen dituztenean izaten diren kalte eta galerengatik, baita jarduera baimenduaren ondorioz pertsona fisikoek jasaten dituztenengatik ere.

2.–Baimenaren titularra joko da egindako erabileraren erantzule zuzentzat, ez badu behintzat hartua duen ordezkaritza frogatzen, halakoetan ordezkatuaren gain egonen baita erantzukizuna.

3.–Adingabeen segurtasuna gurasoen edo haiekin doazen helduen erantzukizuna da, eta haiek erantzule izanen dira, halaber, adingabeek ez badituzte udal kirol instalazioen funtzionamendu arauak betetzen.

4.–Zizur Nagusiko Udalak ez du izanen erantzukizunik, baldin erabiltzaileek eta abonatuek istripuak edo kalteak badituzte arau hauek ez betetzeagatik, edo kirol instalazioak erabiltzeagatik modu desegokian edo zuhurtziarik gabe.

5.–Ardoi klubak izanen dira beren kideen jokabidearen erantzule, baldin eta jokabide hori kluben ordutegian programatutako jarduerak egin bitartean gertatzen bada.

III. TITULUA.–UDAL KIROL INSTALAZIOAK

I. KAPITULUA.–ARAUBIDE OROKORRA

13. artikulua. Egutegia.

1.–Zizur Nagusiko Udalaren ardura da instalazio bakoitzaren funtzionamendurako urteko egutegia, baita irekitzeko eta ixteko orduak ere onartzea.

2.–Udalak beretzat gordetzen du ordutegiren bat salbuespenez eta justifikatutako arrazoi batengatik aldatzeko ahalmena. Orobat, instalazioak erabiltzen ahalko ditu, baldin eta ekitaldi garrantzitsu bat edo interes publikoko bat antolatu edota bere kirol eskaintza gauzatu behar badu.

14. artikulua. Aldi baterako eteteak eta ixteak.

1.–Zizur Nagusiko Udalak instalazioak aldi baterako ixtea erabakitzen ahalko du, neurriaren nondik norakoa ahalik eta azkarren aditzera emanez egoera hauetan: epidemia, osasuna behar bezala ez babesteko arriskua, kalte material larriak instalazioetan, esparruko bizikidetza larriki aldatzea, heriotza istripu bat edo antzeko ezaugarriak dituzten beste arrazoiak.

2.–Zizur Nagusiko Udalak ez du izanen instalazioak irekitzea edo ixtea eteteko erabakiak erabiltzaileei edo abonua dutenei eragiten ahal dizkien kalteen erantzukizunik.

15. artikulua. Instalazioen erabilera.

1.–Instalazio bakoitza erabiltzen ahalko da harentzat aurreikusitako xede diren edo hari dagozkion kirolak praktikatzeko eta jarduerak egiteko.

2.–Instalazioak ondoko jardueretako edozein egiteko erabiltzen ahalko dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Udalaren kirol programa, bere arlo guztietan (haurrendako ikastaroak, helduendako ikastaroak, kanpainak eta txapelketak).

b) Zizur Nagusiko ikastetxe publikoak, heziketa fisikoa sustatzeko programa gauzatzeko.

c) Derrigorrezko bigarren hezkuntzaren institutua, heziketa fisikoko programaren baitan noizean behingo jarduerak egiteko.

d) Zizur Nagusiko Ardoi kirol klubak: kirol-eskolak eta -taldeak.

e) Herriko taldeak: kirolerako instalazioak kirola egiteko erabili nahi dituzten auzo elkarte edo talde guztiak, lehentasunez abonatuak.

f) Beste udalerri batzuetako kirol klubak (ahal dela, eskualdekoak), federazioak, gimnasioak eta beste partikular batzuk.

3.–Aurreko apartatuaren e) eta f) letretan aipatzen diren kluben edo taldeen eskaerak aintzat hartuko dira aurreko letretan aipatutakoen eskaerak bete ondoren. Horrek esan nahi du talde horiek kiroldegiko instalazioak erabiltzen ahalko dituztela Zizur Nagusiko Udalak ezartzen duen araubidean (alokairua, lagatzea, etab.), baldin eta Zizur Nagusiko biztanleen kirol eskaria asebete bada. Nolanahi ere, jarduera horietan ekintza zehatz baterako konpromiso puntual bat hartuko da, eta saihesten saiatuko dira udaleko kirol programa eta abonatuek duten gozatzeko eskubidea arriskuan jar lezakeen lotura bat.

4.–Aurrekoa galarazi gabe, orobat, erabil daitezke kirolekoak ez diren jarduera edo ekitaldietarako, baldin eta udalerriko arlo edo talde batek proposatu baditu, Zizur Nagusiko biztanleen mesederako. Nahitaezko baldintza izanen da proposatutako jarduera edo ekitaldia ez dadila arriskugarria izan instalaziorako edo ekipamendurako, eta bermatuko da, beharrezkoa izanez gero, betetzea instalazioa babesteko ezarritako protokoloak.

16. artikulua. Eskaerak eta baimenak.

1.–Erabilera arautuko udal kirol instalazioak erabiltzeko, nahitaezko baimena beharko da.

2.–Instalazioak noizean behin zein era jarraituan erabiltzeko eskaera gutxieneko aurrerapenez egin beharko da, Udalak ezarritako prozedurari jarraikiz; besteak beste, urrats hauek izaten ahal ditu: aldez aurretiko eskaera egitea, baldintza jakin batzuk betetzea eta erabilera baldintzak espresuki onartzea.

3.–Erreserbak aldatu edo ezeztatzeko baldintzak, baita horiek ez betetzeak ekartzen ahal dituen ondorioak ere, Udalak indarrean dagoen araudiaren eta kudeaketa beharren arabera ezartzen ahal dituenak izanen dira.

4.–Udalak erregelamendu hau aldatu gabe eguneratzen ahalko ditu erreserbatzeko prozedura eta berariazko irizpideak.

5.–Udal kirol instalazioak erabiltzeko baimena, nolanahi ere, Zizur Nagusiko Udalaren beharren mende egonen da.

Zizur Nagusiko Udalak beretzat gordetzen du jada baimendutako erabilerak aldatzeko edo baliogabetzeko ahalmena, baita zerbitzua aldi baterako eteteko ahalmena ere, interes orokorreko arrazoiak direla medio, interesdunek izan ditzaketen kalteei erantzun behar gabe.

17. artikulua. Erabiltzeko mugak eta debekuak.

1.–Arropa aldatzeko leku bakarra aldagela da, eta instalazioko langileek aldagela esleituko diote pertsona edo talde bakoitzari.

2.–Parketezko edo material sintetikozko zorua duten instalazioetan sartzeko, kiroleko arropa eta oinetakoak erabiliko dira, eta inoiz ez kalean eramatekoak. Kaleko arropa eta oinetakoak pasabideetan eta jendearentzat gordetako guneetan baino ez dira janzten ahalko.

3.–Debekatuta dago kirol instalazioetara bizikletekin, ziklomotorrekin, patinekin, monopatinekin eta abarrekin sartzea, ez bada udalak sustatutako jardueretan eta/edo berariazko baimena duten jardueretan.

4.–Kirol anitzeko pabiloien kantxetatik kanpo ezin izanen da kirol-jarduera edo jokorik egin; izan ere, erabiltzaileak eta publikoa igarotzeko eta bertan egoteko eremuak dira.

5.–Debekatuta dago animaliak sartzea udal kirol instalazioetara. Salbuespen izanen dira laguntza-txakurrekin ibiltzen diren eta desgaitasuna duten pertsonak, otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legean edo aplikatu behar den indarreko araudian araututakoari jarraikiz.

6.–Debekatuta dago kirol instalazioetan tabakoa erretzea. Tabako kontsumoari dagokionez, abenduaren 30eko 42/2010 Legeari eta unean-unean indarrean diren arauei jarraituko zaie (42/2010 Legearen bidez jorratu ziren tabakismoaren kontrako osasun neurriak).

7.–Debekatuta dago edari alkoholdunak eta elikagaiak kontsumitzea edo hondakinak sortzen dituen edozein ekintza egitea, horretarako prestatutako guneetan izan ezik.

18. artikulua. Objektuak eta ekipajeak zaintzea.

1.–Zizur Nagusiko Udalak ez du bere gain hartuko udal kirol instalazioetan (aldagelako armairuak barne) galtzen edo hondatzen diren objektu pertsonalen gaineko erantzukizunik, eta gomendatzen du ez eramatea objektu baliotsurik udal kirol instalazioetara.

2.–Giltza galduz gero, instalazioko langileei emanen zaie horren berri, armairuaren barrenean utzitako materiala eman dezan, baldin eta jabetza frogatzen bada. Gainera, inplikatutako erabiltzaileak sarraila aldatzearen kostu osoa ordaindu beharko du, armairua berriz ere erabiltzeko moduan uzteko, hura bortxatu eta, beraz, ezin erabilirik utzi bada.

3.–Armairuak erabili beharko dira, gauzak edo jantziak aldageletan utzi beharrean. Debekatuta dago armairuak egun batetik bestera okupatzea. Instalazioa ixtean, langileek bertan dauden objektuak kenduko dituzte, eta galdutako objektutzat joko dituzte.

II. KAPITULUA.–FUNTZIONAMENDU ARAU ZEHATZAK

LEHENENGO ATALA.–KIROLDEGIAK, ERABILERA ANITZEKO ARETOAK, MUSKULAZIO GELA ETA ALDAGELAK

19. artikulua. Kiroldegiak (kirol pabiloiak).

1.–Kiroldegiak erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Erabiltzaileek eta/edo erabiltzaile taldeek erreserbatutako orduak zorrotz errespetatuko dira.

b) Guztiz debekaturik dago kantxako sareetatik eta ateetatik zintzilikatzea.

c) Kiroldegira sartzeko, erabiltzaileek instalazioko sarrera nagusia erabiliko dute beti, eta debekatuta egonen da aipatutakoa ez den beste edozein ate erabiltzea, udalak espresuki baimendu ez badu. Erabiltzaileak aldageletatik sartuko dira kantxan.

d) Pabiloira sartzeko, publikoak harmailetarako atea erabiliko du zuzenean, eta ez da beste sarbiderik onartzen.

e) Bai publikoak bai erabiltzaileek debeku dute berena ez den beste eremu batera sartzea.

f) Ezin da elikagai, edari alkoholdun edo litxarreriarik sartu aldagela, kantxa eta harmailetan.

g) Taldeen aldageletako arduradun izanen dira taldeetako entrenatzaileak, monitoreak eta arduradunak. Beraz, saiatuko dira jarduera eta gero kirolariak aldagelatik azkar atera daitezen; erabiltzeko tartea errespetatu eta erregelamendu honetan ezarritakoa beteko dute.

20. artikulua. Erabilera anitzeko gelak.

1.–Erabilera anitzeko gelak erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Udalak antolatutako edo baimendutako jarduerak eginen dira bertan. Udalak, nahi izanez gero, kirola ez diren beste erabilera batzuk ematen ahalko dizkie gela hauei.

b) Ikastaroetatik kanpo, erabilera anitzeko gelak itxita egonen dira.

c) Tatamietara sartzeko, oinetakoak kendu beharko dira derrigorrez, eta oinutsik (galtzerdietan) edo dagokion kirola egiteko oinetako bereziekin sartuko da.

d) Salbuespenez, erabilera pribaturen bat baimentzen ahalko da, betiere zerbitzu publikoarekin bateragarria bada, eta dagokion tarifa ordaindu bada.

21. artikulua. Muskulazio gela.

1.–Muskulazio gela erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Instalazioa erabiltzeko, derrigorrezkoa izanen da ezarritako prezio publikoa ordaintzea.

b) Muskulazio gela 18 urtetik gorako abonatuek erabiltzen ahalko dute, gimnasioan abonatu alta eman badute, gimnasioko langileen argibideak jaso badituzte eta dagokion kuotaren ordainketa egunean badute.

c) Urte naturalean 16 urte beteko duten abonatuek eman dezakete alta gimnasioan. Gelan sartzeko ordutegi bat emanen zaie, eta monitoreekin egonen dira beti.

d) Salbuespen modura, aurreko irizpideak betetzen ez dituzten pertsonen eskaerak onartuko dira, adibidez, prebentzio gisa edo osasuna hobetzeko, aldez aurretik txosten justifikagarri edo frogagiri bat eskatuta.

e) Erabiltzaileak sarbide nagusitik sartuko dira beti (irakurgailua duen atea), eta sartzen eta ateratzen den aldiro derrigorrezkoa izanen da irakurgailuan abonatuaren txartela jartzea edo udalak gaitutako beste sistema bat erabiltzea.

f) Muskulazio gelara sartzeko, nahitaezkoa da kirol jantzi eta oinetakoak izatea (garbi), baita eskuoihala ere.

g) Jarduerarako beharrezkoak ez diren poltsak, motxilak eta bestelako objektuak ezin dira geletan sartu. Horietarako, aldageletan dauden armairuak erabiliko dira.

h) Elementuak erabiltzeko eskuoihal bat erabiliko da (higieneagatik eta beste erabiltzaileekiko errespetuagatik).

i) Ez dago baimendurik makinak eta ekipamendua erreserbatzea. Makinak eta ekipamendua modu aktiboan erabili behar dira.

j) Ez dago baimendurik soinu ekipo indibidualak erabiltzea, salbu eta horiek entzungailuekin erabiltzen badira.

k) Kardio makinak gehienez ere 20 minutuz erabiltzen ahalko dira, beste pertsona batzuk zain badaude.

l) Erabilitako material laguntzailea bere lekuan utzi beharko da (koltxonetak, pisuak, diskoak, barrak, halterak, etab.).

m) Gela erabili ondoren baldintza onenetan utziko da. Hala ez bada, gela azkenik erabili duten pertsonak izanen dira erantzule, eta osorik hartu beharko dituzte beren gain egindako kalteen ordaina.

n) Monitoreak, ordutegi zehatz batean, erabiltzaileak gainbegiratu, kontrolatu eta aholku emanen die bai entrenamendu planaz, bai makina eta gailuen funtzionamenduaz.

o) Profesional arduradunen eta gelaz arduratzen diren langileen jarraibide eta aholkuei jarraitu beharko zaie. Instalazioko langile arduradunek aginpidea dute aretoa gaizki erabiltzen duten pertsonei ohartarazteko eta, azken neurri gisa, kanporatzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, makinak gaizki erabiltzen badute eta/edo erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak badira.

22. artikulua. Aldagelak.

1.–Aldagelak erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Udalaren kirol-gune eta -instalazioen ezaugarriek aukera eskaintzen badute, erabiltzaileendako aldagelak izanen dira, jantziak aldatu ahal izateko.

b) Zazpi urtetik gorako haurrak ezin dira, inola ere, beste sexukoen aldageletara sartu, ez bakarrik, ezta helduarekin batera ere. Badaude familiako aldagelak, kabinak dituztenak.

c) Ez dago baimendurik aldagela eta dutxetan depilatzea, bizarra egitea edo ilea tindatzea.

d) Higienea dela eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.

e) Dutxatik ateratzean eskuoihala eskura izan behar da, zorua ahalik eta gutxien bustitzeko eta erorikoak ekiditeko.

f) Debeku da aldageletan jatea, edari alkoholdunak edo azukredunak edatea.

g) Debeku da aulkitxoak, haur kotxeak eta gisakoak aldagela orokorretan sartzea. Horietarako eremu berezi bat izanen da.

h) Taldeen aldagelak: taldeetako ordezkariak, entrenatzaileak eta monitoreak izanen dira arduradun taldeen aldageletan. Beraz, saiatuko dira jarduera eta gero kirolariak aldagelatik azkar atera daitezen; erabiltzeko tartea errespetatu eta erregelamendu honetan ezarritakoa beteko dute.

BIGARREN ATALA.–IGERILEKUAK, BERDEGUNEA ETA GUNE HIDROTERMALA

23. artikulua. Igerilekuak: ontziak eta hondartza gunea.

1.–Igerilekua (ontziak eta hondartza gunea) erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Erabiltzaileek bainatzeko, igeri egiteko eta, hala badagokio, lehiaketetan parte hartzeko erabiliko dituzte igerilekuak (barneko klimatizatuak eta kanpoan dauden aisialdikoa eta plisti-plastakoa). Igerileku horietako eremu bakoitza argi eta garbi mugatua egonen da.

b) Udala da igerilekuetako erabilerak antolatzearen arduraduna, eta aldez aurretik eman beharko die horien berri abonatuei eta erabiltzaileei, abisu egokien bidez.

c) Sorosleek ahalmena dute kaleetan igeriketa librea antolatzeko, une bakoitzeko igeriketa mailen arabera, eta, aparteko egoeretan, ahalmena dute, orobat, igerilekuen esparruko erabilerak eta sarbideak antolatzeko.

d) Igerilekuetan, instalazioen funtzionamenduaren arduradun nagusia soroslea da, bai eta instalazioko gainerako langileak ere, eta guztiek betearazi beharko dituzte Udalak ematen dituen arauak, xede bakarra izanik instalazioak zentzuz erabiltzea eta bainulari guztien segurtasuna zaintzea.

e) Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea. 18 urtetik beherako mutil eta nesken gurasoek edo legezko tutoreek dute haien seme-alabekiko edo kargura dituzten adingabeekiko erantzukizun nagusia (are gehiago adingabe horiek ez badakite igeri egiten).

f) Igerilekuetan tutorerik gabe egoteko gutxieneko adina 8 urte izanen da, baldin eta adingabeak igerian badaki. Gurasoek edo tutoreek erantzun beharko dute adingabeek edozer eginez gero.

g) Kirol instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko, baita instalaziotik bidaltzeko ere, baldin eta jokabideagatik ohartarazpena jasotzen duenak gainerako erabiltzaileak begirunerik gabe tratatzen baditu.

h) Ontzira sartzeko, bainujantzia erabili eta dutxa hartu behar da derrigorrez. Gorputz osoa estaltzen duten jantziak baimendurik daude bainujantzi gisa, baldin eta bainatzeko soilik eta egoki erabiltzen badira.

i) Ur bazterrean oinutsik ibili beharko da, edo txankletak jantzita. Erabiltzaileak ezin dira igerilekuko hondartzan sartu kaleko arropa eta oinetakoekin.

j) Ez dago baimendurik kale batetik bestera gurutzatzea eta kortxo-ilaren gainean igo, zintzilik jarri edo ilarari oratzea.

k) Beti errespetatuko dira Udalaren Kirol Zerbitzuak ezarritako erabileretarako erreserbatutako kaleak.

l) Debeku da aulkitxoak, haur kotxeak eta gisakoak igerilekuko hondartzetara sartzea.

m) Debekatuta dago igerilekuaren eremuan eta aldageletan argazkiak edo bideoak ateratzea.

n) Ez dago baimendurik jatea edo hondakinak sortzen dituen beste edozer egitea hondartzan edo ontzietan, ezta beirazko elementu edo gauzak (kristalezko betaurrekoak) edo ezpaletan zatitu daitezkeen edo bereziki hauskorrak diren objektuak erabiltzea ere.

o) Debekatuta dago hegatsak erabiltzea, baloiak, koltxonetak edo beste erabiltzaileak molesta ditzaketen objektuak sartzea, Zizur Nagusiko Udalak gune edo ordutegi batzuetan baimentzea komenigarritzat jotzen ez badu behintzat.

p) Erabat debeku da listu egitea, pixa edo kaka egitea eta, oro har, uraren kalitatea kaltetzen ahal duen ekintza oro.

q) Debeku da, besteak beste, zauri irekiak eta eritasun infekto-kutsakorrak dituzten pertsonak bainatzea, urez kutsatzen ahal badira eritasun horiek.

r) Debeku da mozkor egonda bainatzea.

s) Debekatuta dago erabiltzailearentzat eta beste erabiltzaileendako arriskutsuak diren jauziak eta akrobaziak egitea.

t) Debeku da lasterka, jauzi edo bulka egitea, eta orobat gainerako erabiltzaileendako gogaikarria edo arriskutsua izaten ahal den beste zernahi eta, oro har, gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozein gauza.

u) Igeri-ontzi bakoitzak, arauek hala aginduta, bainulari kopuru bat har dezake gehienez. Kopuru horretara iritsiz gero, ontzi horretan jende gehiago sartzea galarazten ahalko da.

24. artikulua. Berdegunea.

1.–Berdegunea erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Debeku da lasterka, jauzi edo bulka egitea, baloiekin jolastea eta gainerako erabiltzaileendako gogaikarria edo arriskutsua izaten ahal den beste zernahi eta, oro har, gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozein gauza.

b) Udako denboraldian, erabiltzaileek aulkiak eramaten ahalko dituzte kanpoko igerilekuetara. Instalazioko berdegunean baino ez dira erabiliko.

c) Debeku da berdegunean pixa egitea.

d) Ez da onartuko banakako soinu ekipoak erabiltzea, entzungailuekin ez bada.

e) Haurtxoak UV izpien kontra babesteko karpak erabiltzen ahalko dira, baldin eta haurra barruan badago eta karparen tamaina gehienez ere 1 metro x 1 metro bada.

f) Ez da inolako egiturak muntatzen ahalko, aurreko puntuan adierazitakoa salbu.

g) Debekatuta dago erretzea, jatea eta edari alkoholdunak edo azukredunak edatea, hondakinak sortzen badira.

25. artikulua. Uretako txirrista.

1.–Uretako txirrista erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Txirristaren zaintzailea da atrakzioaren erantzukizun handiena duen pertsona.

b) Txirristak erabiltzeko gutxieneko garaiera 1,20 metro da.

c) Txirristak erabiltzeko gehieneko pisua 125 kilogramo da.

d) Txirristak erabiltzeko nahitaezkoa da igeri egiten jakitea.

e) Inor ez da txirristan beheiti hasiko txirristaren zaindariak esan ez badu.

f) Debekatuta dago buruz edo bizkarrez jaistea.

g) Ez dago baimendurik flotagailuak eta antzekoak erabiltzea.

h) Debeku da bi erabiltzaile edo gehiago batera salto egitea.

i) Ez dago baimendurik inor haur bat altzoan duela uretara salto egitea.

j) Iristean erabiltzaileak ahalik eta lasterren kendu behar du erortze eremutik.

k) Segurtasunaren kariaz, gomendatzen da txirristen erortze eremuan ez ibiltzea, horiek irekita dauden bitartean.

l) Eskailerak erabiliko dira txirristetara iristeko, eta erabat debekatuta egonen da atrakzio horietara behar ez bezala sartzea eta/edo horiek erabiltzea.

m) Elementu horiek erabiltzeko ordutegi bat dute; horretatik kanpora ezin dira erabili.

26. artikulua. Solariuma.

1.–Solariuma erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Eremua irekitzeko ordutegian erabiltzen ahalko da, soilik baldintza meteorologikoak horretarako egokiak badira eta instalazioko langileek hala erabakitzen badute.

b) 16 urtez gorakoak baino ez dira sartzen ahalko.

c) Debekatuta dago lekua erreserbatzea toalla edo beste objektu batzuk erabiliz. Tokia erabiltzeko lehentasuna iristeko hurrenkeraren araberakoa izanen da.

d) Errespetuz jokatu beharko da gainerako erabiltzaileekin. Ez dago baimendurik soinu ekipo indibidualak erabiltzea, salbu eta horiek entzungailuekin erabiltzen badira.

e) Derrigorrezkoa da etzaulkian edo zoruan toalla erabiltzea, tokiaren higienea mantentzeko.

27. artikulua. Igerileku estalia.

1.–Igerileku estalia erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) 25 metroko ontzia soilik igeri egiteko erabiliko da (ikastaroetan zein libreki).

b) 10 urtetik beherako erabiltzaileak ez dira igerilekuan sartzen ahalko, egiten duenaren erantzule den heldu batekin batera ez bada, instalazioan antolatutako ikastaroren batean parte hartzen ez badu edota Kirol Zerbitzuaren berariazko baimenik ez badu.

c) Igerilekuen eremuan txanoa, txankletak eta bainujantzia besterik ez jantzita sartu beharko da. Eskuoihal edo bainu-txabusina ere sartzen ahal dira eta esekitokietan utziko dira. Ez da sartuko poltsa, bizkar-zorro, botila, garbitzeko produkturik eta abarrik.

d) Uretan ezin da jolastu eta ezin dira sartu flotagailu, betaurreko hodidunik eta abarrik. Salbuespen izanen dira Udalaren Kirol Zerbitzuak prestatutako jolasak. Era berean, ezin dira erabili hegats handiak eta monohegatsak, aldez aurretik eskaera eginda udalak baimendu ez baditu behintzat.

e) Ez da igerileku estalia erabiltzen ahalko, inolaz ere ez, Zizur Nagusiko Udalak antolatutako edo baimendutako lehiaketak edo gisako beste ekintza batzuk egiteko behar den denboran.

28. artikulua. Gune hidrotermala.

1.–Gune hidrotermala erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Gune hidrotermalak elementu hauek ditu: zisne-lepoa, ur oheak eta zurrustak dituen igerileku hidromasajeduna, jacuzzia, hala nola lurrin bainua, sauna, izotz iturria, dutxa nebulizatzailea, dutxa ziklonikoa eta etzaulkiak.

b) Soilik 18 urtetik gorakoek erabiliko dituzte eremu horiek, instalazioak antolatzen dituen jardueretan ez bada.

c) Eremu bakoitzean egoteko gehieneko denbora ezarriko da, nahitaez bete beharrekoa, baldin eta beste pertsona batzuk zain badaude.

d) Sauna bakoitzean (hezean eta lehorrean) gehienez ere 6 pertsona egon daitezke.

e) Ekipamendu horien sarbideetan, ongi ikusten den lekuan, informazio kartelak jarri behar dira, non azalduko baitira eremu horiek erabiltzeko arauak, erabiltzeko denbora gomendatua, onurak eta kontraindikazioak, eta batik bat, horien erabilera okerrak osasunean eragiten ahal dituen arriskuei buruzko ohartarazpena.

f) Ezinbestekoa da bainujantzia erabiltzea. Gorputz osoa estaltzen duten jantziak baimendurik daude bainujantzi gisa, baldin eta horretarako soilik eta egoki erabiltzen badira.

g) Higieneagatik, sauna lehorrean sartzeko nahitaez erabili behar dira txankletak, baita eskuoihala ere. Debeku da eremu horietara bizkar-zorro, poltsa edo kaleko arropekin sartzea.

h) Bi saunetako edozein erabili aurretik dutxatzea komeni da. Sauna erabili ondoren, igeri-ontzietako batean sartu nahi izanez gero, nahitaez hartu beharko da dutxa.

i) Debeku da erabat edozein osagarri manipulatzea; tenperatura, zundak, harriak etab. Zalantzarik izanez gero edo argibiderik behar izanez gero, instalazioko langileengana jo beharko da.

j) Debeku da instalazio horietan norbere garbitasuna egitea (orraztea, bizarra egitea, depilatzea, eta abar). Era berean, ez dago baimendurik jatea, erretzea, ezta hondakinak sortzen dituen ezer egitea ere.

k) Debeku da barrura liburuak, aldizkariak edo paperak sartzea.

l) Debeku da erabat etzaulkiak erabili baino lehen erreserbatzea. Nahitaezkoa da eskuoihala erabiltzea.

m) Erabiltzaile guztiei osasun azterketa egitea gomendatzen zaie, jakin dezaten eremu horiek erabiltzea osasunaren aldetik komeni zaien ala ez.

n) 10.–Ez da gune hidrotermala erabiltzen ahalko, inola ere ez, Zizur Nagusiko Udalak antolatutako edo baimendutako lehiaketak edo gisako beste ekintza batzuk egiteko behar den denboran.

HIRUGARREN ATALA.–BESTE INSTALAZIO BATZUK

29. artikulua. Pilotalekuak eta padel pistak.

1.–Pilotalekuak eta padel pistak erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Pilotalekuetan eta padel pistetan beren xede diren kirolak egin eta jarduerak antolatzen ahalko dira, udalak sustatutako jardueretan izan ezik. Pilotalekuak erabiliko dira pilotako modalitate guztietan eta frontenisean jokatzeko, betiere pilotak eta erraketa edo palak arauzkoak badira.

b) Padel pistak gehienez ere lau pertsonak erabiliko dituzte aldi berean, ez badira Udalaren kirol eskolak edo horretarako baimen espresua duten beste entitate batzuk. Ikusleak ez dira pistan sartzen ahalko.

c) 14 urtetik beherakoek heldu batekin sartu beharko dute.

d) Kirol jantzia eta oinetako egokiak eraman beharko dira. Erabiltzen diren erraketak eta pilotak dagokien kirol modalitatekoak izan behar dira.

e) Argia erabiltzaileek ordaindu beharko dute; atezaindegian edota horretarako gaitutako sistemak erabiliz eskatu beharko dute argia pizteko. Erreserba iraungi baino lehenago irteten badira eremutik, atezaindegian abisu emanen dute, argia itzal dezaten.

f) Eremu horiek egoera perfektuan mantenduko dira erabili ondoren, eta hala ez bada, eremua azkenik erabili duten pertsonak izanen dira erantzule, eta osorik hartu beharko dituzte beren gain egindako kalteen ordaina.

30. artikulua. Erretokiak eta askaldegiak.

1.–Erretokiak eta askaldegiak erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Askaldegia pertsonek janaria eramateko eta/edo erretokiak erabiltzeko guneak dira, eta ezin dira beste xede baterako erabili. Erabilera eta luperketarako egoera bereziak onartzen ahalko dira, aldez aurretik aztertu eta baloratu ondoren.

b) Abonurik ez duten pertsonek erretokiak eta askaldegiak erabiltzen ahalko dituzte, horretarako ezarritako zenbatekoa ordaintzen badute. Udako denboraldian 21:00etatik aurrera soilik sartzea baimenduko da.

c) Udalak onartuko du neguko eta udako denboraldian irekitzeko ordutegia.

d) Instalazioa ixteko ordua iritsi arte, tornuak dituen sarrera nagusitik sartu beharko da. Ixteko ordutik aurrera tabernatik sartuko da.

e) Erretokietan sua egiteko egur ikatza edo egurra besterik ezin da erabili; gunean erabat debekatuta dago gasa erabiltzea.

f) Askaldegia eta/edo erretokia erabili ondoren, erabiltzaileak txukun eta garbi utzi beharko du eremu osoa (erretokiak, mahaiak eta abar). Zaborra eta hondakinak horretarako jarri diren edukiontzietan sartu behar dira.

g) Erretokiak eta askaldegiak erabiltzeko, aldez aurretik erreserba egin beharko da.

h) Askaldegira oinetakoekin sartu behar da.

i) Erretzea debekatuta dago.

j) Ezin da erabili musika-ekiporik edo soinuaren anplifikadorerik.

k) Une oro langileen jarraibideak beteko dira; langileek erabiltzaileei edozein momentutan eskatzen ahal diete ezarritako araudia betetzeko, eta arauak betetzen ez dituzten erabiltzaileak kanporatzen ahal dituzte.

31. artikulua. Aulkiak, etzaulkiak eta biltegia.

1.–Aulkiak, etzaulkiak eta biltegia erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Belardietan aulkiak eta etzaulkiak erabil daitezke, baina betiere lurrean finkatu behar ez badira.

b) Instalazioetako abonua dutenek toki bat erabiltzen ahalko dute udan aulkiak eta etzaulkiak biltegiratzeko. Toki hori librea izanen da, eta aukerakoa da erabiltzea ala ez; hortaz, Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen zer edo zer lapurtzen bada. Baimendurik dago toki horretan biltegiratzen diren aulki eta etzaulkiak giltzarrapoz gakotzeko.

c) Udako denboraldia bukatutakoan, jabeek bertatik eraman beharko dituzte aulkiak eta etzaulkiak, udalak erabakitako epemuga heldu baino lehenago. Hala egin ezean, instalazioetako langileek bertan dauden aulki eta etzaulki guztiak eramanen dituzte, eta egoki iruditzen zaiena eginen dute haiekin. Halakorik gertatuz gero, erabiltzaileek ez dute inolako erreklamaziorik egiten ahalko.

32. artikulua. Taberna jatetxea eta terraza.

1.–Taberna jatetxea eta terraza erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Inork okupatzen ez duen aulki edo mahai oro libre dagoela ulertuko da. Objektuak dituen mahai edo aulki hutsak ez dira okupatuta egonen.

b) Tabernako eta terrazako mahaiak establezimenduan saltzen diren edari eta janariak kontsumitzeko bakarrik erabiltzen ahalko dira eta ez dago baimendurik janaria edo edaria ekartzea; horretarako, askaldegia erabil daiteke.

c) Terrazako aulki eta mahaiak gune horretan utzi beharko dira; aulkiak ezin dira terrazatik berdegunera eraman.

d) Berdegune bat dago, baita haurrek jolasteko espazio berezia ere. Beraz, haurrak ez dira tabernan jolastuko.

e) Higiene arrazoiengatik eta gainerako erabiltzaileak errespetatzeko, tabernan lehor eta arropa eta oinetakoak jantzita sartu beharko dute erabiltzaileek (ez oinutsik eta bainujantzian).

f) Udako denboraldian, 21:00etatik aurrera, baimendurik egonen da abonurik ez duten pertsonak abonatuekin batera tabernara eta terrazara sartzea, sarrera ordaindu behar gabe. Neguko denboraldian, udalak erabakitako ordutegian sartzen ahalko da taberna jatetxera (bazkalorduan eta afalorduan).

33. artikulua. Erabilera anitzeko aretoa.

1.–Taberna jatetxearen ondoko erabilera anitzeko gela erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Abonatuek ekitaldi gastronomikoak, urtebetetzeak... antolatzeko erreserbatzen ahalko dute erabilera anitzeko gela, betiere gutxienez 7 egun baino lehenago idatzizko eskaera aurkezten badute eta udalak baimen espresua ematen badu. Baimena une horretan dagoen eskuragarritasunaren arabera eman edo ukatu eginen da, ezarritako baldintzak betetzen badira eta dagokion prezio publikoa ordaindu bada. Nolanahi ere, janaria eta edariak kirol instalazioetako taberna jatetxean eskainiko dira.

b) Abonurik ez dutenak abonatuekin batera sartzen ahalko dira gela horretan, baina ez dituzte beste eremuak erabiltzen ahalko.

c) Beste erabilera batzuk baimentzen ahalko dira, baldin eta idatzizko eskaera aurkezten bada gutxienez 7 egun baino lehenago. Baimena une horretan dagoen eskuragarritasunaren arabera eta garatu nahi den jardueraren izaeraren arabera eman edo ukatu eginen da, ezarritako baldintzak betetzen badira eta dagokion prezio publikoa ordaindu bada.

d) Udako denboraldian gela hori erabiltzea ez da baimenduta egonen. Salbuespen izanen dira egoera hauek: udalak jarduera antolatzen duenean edota antolatzen laguntzen duenean.

e) Udalak beretzat gordetzen du edozein erabilera eta eskaera erabakitzeko erabateko lehentasuna, baita erabilera bat aldez aurretik baimendu denean ere.

f) Taberna jatetxearen adjudikazioduna arduratuko da erabilera anitzeko gela erabili aurretik, bitartean eta ondoren garbitzeaz eta mantentze lanak egiteaz. Higiene- eta garbitasun-arauak bete ezean, udalak zehapenak ezartzen ahalko ditu eta/edo gela erabiltzeko baimena mugatu.

g) Gela horren erabilerak bat etorri behar du instalazioen kirol espirituarekin. Debekaturik dago baimena ematen duen erakundearen printzipio etikoekin eta balioekin kontraesanean dagoen edozein jarduera.

34. artikulua. Futbol zelaiak.

1.–Futbol zelaiak erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Ardoi futbol klubak urtero erabaki beharko du futbol zelaien erabilera, taldearen eta udalaren arteko komunikazioaz arduratuko den harremanetarako pertsona bat izendaturik.

b) Harremanetarako pertsonak futbol zelaietara sartzen ahal diren zuzendari teknikoen (entrenatzaileak) eta zuzendaritza batzordeko kide guztien zerrenda bat helaraziko du.

c) Harremanetarako pertsonak, gainera, aldagelak eta jokalekua erabiltzeko egutegia emanen dio udalari, entrenamenduaren egun eta ordu zehatza adierazita. Udalak talde bakoitzari aldagela esleitzen ahalko dio.

d) Ordutegiaren aldaketak, baita ezarritako partida egunak ere, 5 egun baino lehenago jakinaraziko zaizkio udalari.

e) Taldeek udalari jakinarazitako eta udalak onartutako ordutegiak eta egutegiak errespetatuko dituzte. Ordutegi horretatik kanpo, ez dira futbol zelaian sartzen ahalko, aldez aurretik jakinarazitako eta baimendutako egoeretan izan ezik.

f) Etxekoa den taldeak begiratuko du bere jokalariek eta kanpoko taldekoek arauak betetzen dituztela.

g) Taldearen arduradunari emanen zaio esleitutako aldagelaren giltza, eta berak izanen du aldagela behar bezala erabiltzeko eta bere egoera egiaztatu ondoren giltza itzultzeko ardura. Ondoren, instalazioko langileek begiratuko dute nola dauden instalazioak.

h) Jokalariek eta entrenatzaileek baino ezin dute erabili aldageletako sarbidea.

i) Publikoa horretarako dagoen bidea erabiliz sartuko da.

j) Ibilgailuak ezin dira sartu, udalaren esanbidezko baimenik ez badute behintzat.

k) Kirol oinetako egokiak erabiliko dira jokatzeko. Berariaz debeku da aluminiozko takoak erabiltzea.

l) Erreserba egin duten taldeek jokatzeko behar diren elementuak erabiltzen ahalko dituzte eta behar bezala zainduko dituzte.

m) Berariaz debeku da ateak mugitzea.

n) Udalak izendatutako pertsonari dagokio argiak eta ureztatze sistema piztea.

o) Debekatuta dago jatea, edari alkoholdunak edatea eta erretzea aldageletan eta harmailetan.

p) Udalak ez du erantzukizunik izanen edozein taldetako kideek instalazioan sartzen dituzten materialaren eta gauza pertsonalen gainean.

q) Instalazioetan eta ekipamenduetan antzematen diren akatsak idatziz jakinaraziko zaizkio udalari, hark konpon ditzan.

35. artikulua. Atletismo modulua.

1.–Atletismo modulua erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Behar bezalako baimena duten pertsonak bakarrik sartzen ahalko dira, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

–Ardoi Atletismo Klubeko kideak eta entrenatzaileak, entrenamendu eta norgehiagoketarako baimendutako ordutegian soilik.

–Federazio lizentzia indarrean duten abonatuak, egun eta ordu zehatzetan sartzeko berariazko baimena dutenak.

–Instalazioa erreserbatu edo alokatu dutenak, baldin eta erreserba hori:

  • Udalak aldez aurretik onartu badu.
  • Ardoi Atletismo Klubarekin lankidetzan aritzeko hitzarmen bati badagokio, eta udalaren baimena badu; udalak ezarriko ditu baimendutako egun eta orduak.

–Udalak antolatutako edo baimendutako kirol jardueretan parte hartzen dutenak, jarduera horietarako ezarritako egun eta orduetan bakarrik.

b) Norgehiagokak, entrenamenduak eta ekitaldi bereziak aldez aurretik programatu beharko dira eta udalaren baimena izan beharko dute. Ekitaldi horiek iraun bitartean, moduluaren erabilera orokorra horretarako aukeratutako eremuetara mugatuko da.

c) Gaitutako tornuak erabili beharko dira sartzeko. Guztiz debekatuta dago larrialdiko ateak erabiltzea pistan sartu eta irteteko, larrialdi egoeretan ez bada.

d) Materiala soilik berariazko helbururako erabili behar da, eta gainbegirapean, beharrezkoa izanez gero.

e) Derrigorrezkoa da materiala erabili eta gero hautatutako eremura itzultzea, ordena zainduz eta ongi kontserbatuta dagoela bermatuz.

f) Guztiz debekaturik dago magnesioa erabiltzea horrelakorik eskatzen ez duten jardueretan.

g) Egiten diren jardueretarako kirol jantzia eta oinetako egokiak erabili beharko dira. Guztiz debekaturik dago homologaziorik gabeko oinetako iltzedunak edo pista kalte dezaketenak erabiltzea.

h) Debekaturik dago zaborra lurrera botatzea edo gauzak uztea pistan eta zelaiko eremuetan; eskura dauden edukiontziak erabili beharko dira.

36. artikulua. Rokodromoaren funtzionamendu arauak.

1.–Rokodromoa erabiltzeko, funtzionamendu arau hauek egonen dira:

a) Une horretan eskalatzen ari diren erabiltzaileak soilik egoten ahalko dira rokodromoaren eremuan.

b) Rokodromoan, gehienez, 12 eskalatzaile ibiltzen ahalko dira.

c) Erabiltzaileek material propioa erabiliko dute. Materialak UIAAren arauen araberako homologazioa izan behar du. Aseguruen 1. lerroa ez da gainditzen ahalko soka erabili gabe.

d) Nahitaezko materiala: eskalatzeko oinetakoak eta magnesio likidoa. Eskalada egin bitartean, kordadako lehen eskalatzaileak mosketoia jarri beharko du bideko aseguru puntu guztietan. Erabiltzen ez diren bideak ezin dira okupatu.

e) Guztiz debekaturik dago heldulekuak dauden lekutik mugitzea. Horri buruzko edozein iradokizun instalazioko langileei jakinarazi beharko zaie, azter dezaten. Segurtasun arrazoiak direla medio, ez dago baimendurik babes-koltxonetak lekualdatzea: eskalada hormaren azpian egon behar dute beti.

f) Rokodromoa eskalada egiteko diseinatu da, beraz, diziplinari loturik ez dagoen edozein maniobra arriskutsua izanen da, eta ezin dira tirolinak eta soka horizontalak instalatu.

g) Rokodromoaren erabilera erabiltzailearen erantzukizun esklusiboa da.

h) Rokodromo- edo boulder-instalazioan erabiltzaile guztiak sartzen ahalko dira, baldin eta araudi honen hurrengo artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, udalak urtero ezarriko dituen ordutegiekin.

i) Irekitzeko ordutegia eten edo aldatzen ahalko da, moduluan etete hori edo aldaketa hori gomendatzen duen jardueraren bat egiten bada (norgehiagokak...). Udalak dauden beharren arabera moldatzen ahalko du ordutegia.

37. artikulua. Rokodromoko erabiltzaileen betebeharrak.

1.–Instalazio honen berezitasuna eta, batez ere, arriskugarritasuna dela eta, rokodromoa bere kabuz erabili ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Mendi eta eskaladako federakundearen lizentzia indarrean izatea; lizentzia eremuan sartzeko kontrolean erakutsi beharko da.

b) Adin nagusiko eskalatzaile guztiek onarpen adierazpen normalizatua bete eta aurkeztu beharko dute.

c) 16 eta 17 urte bete dituzten eskalatzaileek bere kabuz eskalada egiten ahalko dute, baldin eta aldez aurretik erakutsi badute gurasoen edo tutoreen baimena eredu normalizatuaren arabera.

d) 16 urtetik beherako eskalatzaileak rokodromoan sartu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da adinez nagusi den pertsona baten laguntza eta begiradapean egotea. Aldez aurretik, instalazioan sartzeko, gurasoek/tutoreek sinatutako baimen espresua aurkeztu beharko dute eredu normalizatuan.

IV. TITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA

38. artikulua. Definizioa.

Ordenantza honetako xedapenak ez betetzea eta bertan ezarritako debekuak urratzea arau-hauste administratiboa da.

39. artikulua. Arau-hauste motak.

Arau-hausteak izan daitezke arinak, astunak eta oso astunak, ondotik datozen artikuluen arabera.

Erregelamendu honetan ezarritako arauen hauste arinak arau-hausleari ohartarazpena egitea ekarriko du ondorioz, eta arau hauste hori berriz egiten badu, zehapena jasoko duela ohartaraziko zaio.

Erabiltzaileak eta/edo abonatuak erregelamendu honen aurka nabarmen jokatzen badu eta ahozko ohartarazpenei jaramonik egiten ez badie, instalazioetako arduradunek ahalmena izanen dute txartela kentzeko eta instalaziotik irten dadin eskatzeko, gerora aplika daitezkeen akzioak alde batera utzi gabe.

40. artikulua. Erantzukizuna.

1.–Ordenantza honetan tipifikatuta dauden arau-hausteen erantzule izanen dira, dela egitegatik, dela ez-egiteagatik, arau-haustea egitean parte hartu duten pertsona fisiko edo juridikoak, betiere dolo, erruduntasun edo zabarkeria dagoenean, zehapen prozedura administratiboari buruzko oinarrizko legegintzak ezarritakoaren arabera.

2.–Ordenantza honetan aurreikusitako betebeharrak betetzea aldi berean zenbait pertsonari dagokienean, horiek guztiek batera izanen dute egin diren arau-hausteen eta ezarritako zehapenen erantzukizun solidarioa, arduradunen artean gerta daitekeen berreskaera-eskubidea galarazi gabe.

3.–Pertsona juridikoen kasuan, gainera, zuzenbidezko nahiz egitatezko administratzaileei eskatzen ahalko die erantzukizuna, egitateetan esku hartu badute edota arau-haustea prebenitzeko beharrezko neurriak ezarri ez badituzte.

4.–Adin nagusikoek erantzun beharko dute, baldin eta beren gain dituzten adingabeek ez badituzte betetzen erregelamenduko arauak, edo egiten badute bertan zehaztutako arau-hausteren bat.

41. artikulua. Arau-hauste arinak.

1.–Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkaturik ez badago.

b) Kirol eremu bakoitzaren berariazko araudia ez errespetatzea.

c) Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

d) Kirol instalazioak erabiltzea abonatu izan gabe, salbu eta eguneko sarrera edo berariazko baimen puntuala badute, kirol ikastaro batean izena emanda badaude edo instalazioak erabiltzen dituzten klub edo taldeetako batekoak badira.

e) Berariaz debekaturiko eremuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

f) Armairuak modu desegokian erabiltzea.

g) Erreserba bat ez erabili eta ez ezeztatzea.

h) Kirol instalazioen barruan erretzea.

i) Instalazioetako langile akreditatuen esanei kasurik ez egitea.

j) Beren ardurapean dagoen adingabea ez zaintzea, programatutako jarduera batean edo antzeko jarduera batean parte hartzen ez badu.

k) Eskaintzako sarrera bat erosi duen abonatua sarrera hori erabiltzeko egunean instalazioan ez egotea.

l) Instalazioa erabiltzen ari diren pertsonak edo bertako langileak modu desegokian tratatzea.

m) Kalte txikiak eragitea instalazioetan, edo hirugarren pertsonen material edo ondasunetan, ardurarik edo zuhurtziarik gabe jokatzeagatik.

n) Jostetan edo kirolean aritzea horretarako prestaturik ez dauden tokietan.

o) Ez biltzea eta/edo ez garbitzea erretokiko mahaiak, terrazak eta ospakizunetarako aretoa, ez eta sutegiak ere, horiek erabili eta gero.

p) Instalazioaren barrenean ordena apur bat nahasten duen edozein ekintza edo omisio.

42. artikulua. Arau-hauste larriak.

1.–Arau-hauste larritzat joko dira:

a) Hiru falta arin egitea.

b) Abonatu txartela edo ezarritako sarbidea beste edonori uztea instalazioan sartzeko.

c) Abonatu batek laguntza ematea abonatu gabeko bati ordaindu gabe sar dadin instalazioetan edo ordaindu beharreko beste edozein zerbitzu erabiltzeko.

d) Aholkularitza teknikoa ematea profesionalki (ordainduta) beste erabiltzaile batzuei udal kirol instalazioetako gimnasioan, edo aholkularitza hori jasotzea, instalazioko erabiltzaile gisa.

e) Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein arau-hauste.

f) Kalte edo akats larriak eragitea instalazioetan, edo hirugarren pertsonen material edo ondasunetan, ardurarik edo zuhurtziarik gabe jokatzeagatik.

g) Instalazioaren barrenean ordena larriki nahasten duen edozein ekintza edo omisio.

43. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

1.–Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Hiru falta larri egitea.

b) Instalazioaren barruko bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari edota udalaren interesei bereziki eragiten dieten falta larriak egitea.

44. artikulua. Zehapenak.

1.–Arau-hausteek, sailkapenaren arabera, berekin ekarriko dute zehapen hauek guztiak edo horietako batzuk ezartzea:

a) Arau-hauste arinaren kasuan: instalazioa denbora batean erabili ezin izatea, egun batetik 14 egunera bitarte.

b) Arau-hauste larriaren kasuan: instalazioa denbora batean erabili ezin izatea, 15 egunetik 30 egunera bitarte.

c) Arau-hauste oso larriaren kasuan:

–Instalazioa denbora batean erabili ezin izatea, bi hilabetez.

–Instalazioa erabiltzeko eskubidea behin betiko kentzea, udalak arau-hauslearen aurka legez hasten ahal dituen akzioak alde batera utzita.

2.–Zehapen baten ondorioz erabiltzaile izaera galtzeak berekin ekarriko du instalazioa erabiltzeko ordaindu zen prezio publikoa galtzea.

3.–Zehapenak jartzeko orduan arau-haustearen larritasunaren eta aplikatutako zehapenaren arteko beharrezko egokitasuna zainduko da, inguruabar hauek kontuan hartuta: intentzionalitatea, zabarkeria edota egindakoaren larritasuna.

4.–Dagokion zehapena edozein dela ere, arau-hausleak eragindako kalteak konpondu, lehengoratu eta/edo ordaindu beharko ditu, baita ere, hala badagokio, eragindako kalteen eta galeren kalte-ordaina ordaindu beharko du.

5.–Udalak betebeharpekoaren kontura egikaritzen ahalko ditu gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko lanak, eta betearazpen bidean exijituko dio horien kostua ordaintzeko.

45. artikulua. Prozedura.

1.–Araudi honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik erantzukizuna eskatzeko, zehapen ahalmena erabiltzeko legearen eta erregelamenduaren arabera ezarritako prozedurari jarraituko zaio, instruitu ondoren.

2.–Zehapen espedientea hasita, noiznahi hartzen ahalko dira behin-behineko neurriak, ezinbestekoak badira prozedura behar bezala bideratzeko, ezar litekeen zehapena bermatzeko edo arau-hauste gehiago egitea saihesteko.

46. artikulua. Preskripzioa.

Arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribituko dute, astunek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan. Falta oso astunetan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, falta astunetan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta falta arinetan ezartzen direnek urtebetean.

XEDAPENAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Erregelamendu honek indarra hartzearekin batera, indarrik gabe geldituko da arlo honi buruz orain arte indarra izan duen maila bereko edo apalagoko udal araudia.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Arau garapena.

Zerbitzu jakin batzuk erabiltzea artikulu multzo osagarri eta zabalago bat egiteko arrazoia izaten ahalko da, erabiltzaileek hobeki ulertzeko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Interpretatzea eta aplikatzea.

Zizur Nagusiko Udalaren esku gelditzen dira erregelamendu hau interpretatzea eta aplikatzea. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak eskuordeturik arituko da xedapenak interpretatu eta aplikatzeko eginkizunetan, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Erregelamendu honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte eta Estatuko edo Foru Komunitateko administrazioek toki erakundeei errekerimendua egiteko haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez ezarritako epea igaro arte.

Iragarkiaren kodea: L2601488