42. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TULEBRAS

Udal ordenantza, ibilgailuen trafikoa eta zirkulazioa arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ordenantzaren hasierako onespenaren erabakia 2025eko 249. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 16an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzen da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Tulebrasen, 2026ko urtarrilaren 30ean.–Alkatea, Cristina Diaz Soria.

TULEBRASKO TRAFIKOA ETA ZIRKULAZIOA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da trafikoa antolatu, kontrolatu eta arautzea udalerri honetako herri barruko bideetan, horretarako garatzen direlarik Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.b artikuluan ezarritako eskumenak, bai eta Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legearen testu bateratua onetsi zuen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritako eskumenak ere.

Ordenantza honetako arauak bi hauetan xedatzen denaren osagarri dira: aipatutako urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua eta azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretua, zeinak onesten baitu Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorra, 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua aplikatu eta garatzeko.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen xedapenak aplikatuko dira Tulebrasko udalerriko herri barruko bide guztietan, alegia, herrigunean diren udal titulartasuneko bide publiko guztietan.

3. artikulua. Trafikoaren antolamendua eta seinaleak.

Tulebrasko Udalari dagokio herri barruko bideetako trafikoa antolatzea eta seinaleak paratzea.

Seinaleak ezarriko dira bereziki udalerriko bide sarearen halako tarte batzuetan, edo orokorrean, herri osoan, azken kasu honetan seinaleak herriko sarrera guztietan paratuko direlarik.

Herri barruko bideetako seinaleak ezin dira ezarri, kendu, eraman, ezkutatu edo aldatu Udalak aldez aurretik baimena eman gabe. Orobat debeku da seinaleen edukia aldatzea edo haien gainean edo inguruan plakak, afixak, markak edo bestelako objektuak paratzea, baldin eta nahastea, ikuspena eta eraginkortasuna murriztea, erabiltzaileak itsutzea edo haien arreta galaraztea badakarte.

Debeku da seinaleen gainean edo alboetan publizitatea paratzea.

Udalak berehala kenduko ditu behar bezala baimendu gabeko seinaleak edo indarrean dauden arauak betetzen ez dituztenak.

Bai udalak, udal zerbitzuen bitartez, bai trafikoa zaintzeko ardura duten agintaritzaren agenteek, segurtasuna eta ordena publikoa begiratu beharrez, edota zirkulazioaren arintasuna bermatu beharrez, batzuetan aldatzen ahalko dute zenbait lekutako antolamendua, leku horietan pertsona edo ibilgailuen kontzentrazio handiak suertatzen direnean, eta orobat larrialdiren bat gertatzen denean.

Horretarako, behin-behinekoz jarri edo kentzen ahal dira behar diren seinaleak, baita prebentzio neurriak hartu ere.

Alkatetzaren ebazpen bidez, oinezkoendako eremuak mugatzen ahalko dira ibilgailu motordunen zirkulazioa debekatuta.

Zirkulazioari trabarik ez egiteko eta haren arintasuna bermatzeko, murriztapenak edo mugak ezartzen ahalko zaizkie halako ibilgailu batzuei, halako bide batzuetan; ukitutako erabiltzaileendako bete beharrekoak izanen dira.

Bide batean zirkulazioa salbuespen gisa baino ez da itxiko, eta trafikoa arautzeko erantzukizuna duen tokiko agintaritzak berariaz baimendu beharko du.

Trafikoa zaintzeko ardura duten agintaritzaren agenteen seinaleek beste edozein seinalek baino indar handiagoa izanen dute.

Ordenantza hau Foruzaingoari igorriko zaio, beharrezko neurriak har ditzaten hura bete dadin.

Tulebrasko udal-mugarteko bide publikoan ibilgailuak aparkatzeko tokia mugatua da. Hortaz, elkartasunez jokatzeko deia luzatzen da.

Ibilgailu bat ez da geldirik egoten ahalko hamabost egunez baino gehiagoz.

4. artikulua. Oztopoak bide publikoan.

Debeku da oinezkoen edo ibilgailuen ohiko trafikoa eragotz dezakeen edozein oztopo bide publikoan paratzea (adibidez, debekatuta dago bide publikoan altzari partikularrak jartzea), salbu eta Udalak espresuki baimentzen badu, inguruabar bereziak biltzen direnean. Baimen horretan ezarriko dira bete behar diren baldintzak.

Bidean oztopoa paratu edo arriskua sortu dutenek ahalik lasterren kendu beharko dute eta neurriak hartuko dituzte bidearen erabiltzaileek ikus dezaten. Halaber, agintariei berehala emanen diete horren berri.

Udal zerbitzuek oztopoak kentzen ahalko dituzte honako kasu hauetan:

–Bideen erabiltzaileendako arriskutsuak badira.

–Behar den baimenik erdietsi ez bada.

–Hura paratzea arrazoirik gabekoa gertatu bada.

–Baimendutako epea agortu bada edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

Oztopoak kentzeak eta seinale bereziak paratzeak eragindako gastuak interesdunaren kontura izanen dira.

Udalak ezarriko du zein diren zamalanetarako guneak. Eremu horiek espresuki adieraziko dira dagozkien seinaleekin eta ordutegi-mugarekin.

Debeku da salgaiak galtzadan, bazterbidean eta oinezkoendako eremuetan uztea. Lanak, ahal delarik, eginen dira ibilgailuak galtzadaren bazterretik gertuen duen aldetik, eta behar diren baliabideak erabilita azkar burutu ahal izateko.

Udalak, horretarako zerbitzua duenean, ibilgailuak kenduko ditu baldin eta trabatzen badituzte zamalanetarako eremu gisa behar bezala baimendurik eta seinalaturik dauden eremuak.

5. artikulua. Aparkatzea.

Ibilgailuak aparkatzeko, arau hauek begiratu behar dira:

1. Ibilgailuak ilaran aparkatzen ahal dira, hau da, espaloiarekiko paraleloan; baterian, hots, espaloiarekiko perpendikularrean eta erdi-baterian, zeharka.

2. Aparkatzeko manera zehazten duen seinalerik ez bada, ilaran eginen da, non eta bidearen zabalerak bestela egiteko aukera eman eta trafikoa trabatzen ez den.

3. Zoladura seinalaturik duten aparkalekuetan, ibilgailuak perimetro markatuaren barnean utziko dira.

4. Ibilgailuak aparkatzean, espaloitik ahal den hurbilena paratuko dira, baina tartetxo bat utziz, galtzadaren zati hori ere garbitu ahal izateko.

5. Nolanahi ere, gidariek beren ibilgailuak aparkatu beharko dituzte berez ez abiatzeko moduan.

6. Gehienez ere bi ibilgailu lerro eduki eta zirkulazioa norabide bakarrekoa duten karriketan, ibilgailuak kalearen alde batean bakarrik aparkatuko dira, udal agintaritzak zehaztutako aldean.

6. artikulua. Aparkatzeko debekuak.

6.1. Debeku da arras baldintza hauetan aparkatzea:

1. Udalak espresuki marra horiz margoturiko, edo loreontziak edo antzekoak jarritako lekuetan.

2. Behar den seinaleak debekatzen duen tokietan.

3. Zirkulazioa trabatzen edo oztopatzen den tokietan.

4. Desgaitasuna dutenek beste inork ez erabiltzeko toki seinalatuetan.

5. Beste gidariak erregelamenduaren aurkako maniobrak egitera behartzen direnean.

6. Bigarren lerroan, lehenbiziko lerroan ibilgailua nahiz edukiontzia dagoenean, baita beste objekturen bat edo babeseko beste elementuren bat dagoenean ere.

7. Galtzadaren zabaleragatik ibilgailu-lerro bat pasatzea ezinezkoa egiten denean.

8. Kaleburuetan, beste ibilgailuren bati biratzea eragozten edo trabatzen zaionean.

9. Erregelamenduaren arabera aparkatutako beste ibilgailuei aterabidea oztopatzen zaienean.

10. Oinezkoen pasabide diren galtzada pusketan.

11. Espaloietan, kaietan, babestokietan, erdiko nahiz alboetako pasealekuetan eta galtzadan zerrendak paratuz seinalatutako aldeetan, okupazioa partziala nahiz osoa izan.

12. Debeku da ibilgailuak motorra itzali gabe edozein etxebizitzatik 10 metro baino gutxiagora aparkatzea 22:00etatik 08:00etara bitartean, zerbitzu publikoak ematen dituzten ibilgailuak eta larrialdiko ibilgailuak kenduta.

13. Herriko plazaren inguruetan dauden establezimenduetara iritsi behar duten enpresa hornitzaileen ibilgailuak aparkatzea baimenduko da soilik horretarako seinaleztatuta dauden eremuetan eta bakarrik zamalanak egiteko.

14. Aldi batez jarduera baimenduek okupatu beharreko aldeetan, eta konpondu, seinalatu edo garbitu behar diren tokietan.

15. Bizikidetza hobea izateko, egunero erabiltzen ez diren ibilgailuak horretarako egokituriko eremuetan aparkatzeko eskatzen da.

Aparkatutako ibilgailu bat ez da 15 egunez baino gehiagoz mugitu gabe egoten ahalko; Foruzaingoari abisu emanen zaio.

16. Artikulu honetan aipatu ez diren kasuetan, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra onartzen duen azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da.

Debekua behar bezala eta aski garaiz seinalaturik egonen da.

7. artikulua. Abiadura mugak.

Tulebrasko herrigunerako ezartzen den gehieneko abiadura orduko 20 kilometro da, herrigunean jarritako seinale bertikaletan agertzen den moduan.

Era berean, errei bakar batetik ibili beharreko kaleetan eta oinezkoen kopurua handia den guztietan, ibilgailuek 20 kilometro/ordura murriztuko dute abiadura. Kale horietan lehentasuna izanen dute oinezkoek eta txirrindulariek. Horretarako, oinezkoek lehentasuna duten eremuak behar bezala seinaleztatuta egonen dira.

8. artikulua. Zirkulazioa mugatzea.

Salgai gogaikarri, kaltegarri, osasungaitz edo arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek edo baimendutako gehieneko neurriak gainditzen dituzten ibilgailuek, arlo hau arautzen duten berariazko arauak betetzeaz gain, udalaren baimena beharko dute herrigunean salbuespenez zirkulatzeko. Hartan, behar diren baldintzak ezarriko dira. Debeku da arras ibilgailu horiek herrigunearen barnean aparkatzea, berariaz baimendutako kasuetan izan ezik.

Nekazaritzako ibilgailuei, kamioiei eta tamaina handiko beste batzuei dagokienez, herrigunearen kanpoko mugatik zirkulatzea gomendatzen da.

9. artikulua. Beste arau batzuk.

1. Ibilgailuek debeku dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, baita ihes hodiak trukatuz, musika ekipoak oso ozen jarriz edo bestelako ezohiko inguruabarren ondorioz. Ibilgailu batek gehiegizko asotsa edo kea ateratzen badu, tokiko agintariek eskatzen ahalko diote gidariari matxura konpontzeko. Horrela egin ezean, agintaritzak ibilgailua ibilgetzen ahalko du, eta dagokion salaketa aurkeztu.

2. Debeku da zirkulatzea ibilgailuaren motorrari bira gehiegi eginaraziz, zakarki azeleratuz edo gehiegizko zarata sortuz, batez ere gauean.

3. Debeku da herrigunean seinale akustikoak erabiltzea, arrisku nabaria edo behar larria ez bada.

4. Eguzkia sartzen denetik atera arteko orduetan, eta ikuspen bereziko egoeretan, argi laburrak piztuko dira; argi luzeak ez dira inola ere erabiliko herrigunean. Ibilgetu eginen dira ibilgailuak baldin eta dagozkien argiak eduki ez eta bidearen gainerako erabiltzaileendako arriskua badira. Herri barruko bideetan zirkulatzen diren motozikletek argi laburrak pizturik eraman behar dituzte egun osoan.

5. Debeku da suteak, zikinkeria eta zirkulaziorako arriskua eragin dezaketen edo bideak edo ingurumena honda dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

6. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo beste zerbait dela eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

7. Debeku da gidatu bitartean telefonoak edo komunikatzeko antzeko bitartekoak erabiltzea, hauek "eskuak libre" izeneko gailua dutenetakoak ez badira, behintzat. Ibilgailua gidatzean, hotsa hartu edo berriro sortzen duen aparaturen bati loturiko kasko edo aurikularrak jarrita edukitzea ere debeku da.

8. Zehapena jarriko da ibilgailuak Tulebrasko bide publikoan edo edozein ibai, erreka edo iturriren ondoan garbituz gero.

9. Zehapena jarriko da, halaber, ibilgailuak bide publikoan konpontzen badira, olioa aldatzen bada edo ingurumenean kalteak eragin ditzakeen edo gainerako bizilagunei eragozpenak sortzen dizkien beste edozein ekintza egiten bada.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Zehapenak ezartzeko eskumena Tulebrasko Udaleko alkateak izanen du.

Ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako arau-hausteen tipifikazioa, zehapenen zenbatekoa eta zehapen prozedura izanen dira arautzen direnak Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan, eta, horretan aurreikusirik ez dagoen orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

Arau hauste arintzat hartuko da ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, baldin eta trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean larritzat edo oso larritzat kalifikatuta ez badago.

Arau-hausteak zehatuko dira aintzat hartuz urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren V. titulua (horren bidez onetsi zen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina), horrekin bat datozen gainerako lege xedapenak, eta ordenantza honetan ezarritakoa.

Zehapen espediente bidez emandako ebazpenekin burutuko da bide administratiboa, eta horiek aurkaratzen ahalko dira indarrean dagoen legeriak ezarritako moduetan.

Azken xedapenetako lehena.–Ordenantza hau igorriko da Nafarroako Gobernuko Barne Kontseilaritzara eta Tuterako Foruzain etxera, jakinaren gainean egon daitezen eta ordenantza hau betearaz dezaten.

Azken xedapenetako bigarrena.–Trafikoari eta zirkulazioari loturik dauden eta ordenantza honetan esanbidez arautu ez diren kontu guztietan arloko oinarrizko araudia aplikatuko da, hain zuzen, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua (horren bidez onetsi zen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina) eta hura garatzeko erregelamendu guztiak.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da bere testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan aurreikusitako epea iraganik.

Iragarkiaren kodea: L2601411