42. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Behin betiko onestea lan ez-presentzialean zerbitzuak ematea arautzen duen erregelamendua

Altsasuko Udaleko osoko bilkurak, 2025eko urriaren 29an egindako saioan, hasiera batean onetsi zuen Altsasuko Udalean lan ez-presentziala (telelana) erregulatzen duen erregelamendua.

Hasierako onespenaren iragarkia 2025eko abenduaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (246. zk.), eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, erregelamendu horren behin betiko onespena ematen da argitara, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aditzera ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Altsasun, 2026ko otsailaren 6an.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

ALTSASUKO UDALEAN LAN EZ-PRESENTZIALEAN ZERBITZUAK EMATEA ARAUTZEN DUEN ERREGELAMENDUA

1.–Xedea.

Dokumentu honen xedea da Altsasuko Udalaren eta bere zerbitzura dauden langileen arteko lan harremana emateko modua arautzea, urruneko lana, lan ez-presentziala edo telelana modalitateetan.

Erregelamendu hau egokitu egiten da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eskatutako beharrizan, eraginkortasun, proportzionaltasun, segurtasun juridiko, gardentasun eta efizientzia printzipioetara.

Erregelamenduari esker, Altsasuko Udalean zerbitzuak telelanean emateko prozedurak ezartzen dira, eta eraginkortasuna bermatuta geratzen da ahalik eta kostu txikiena eskatzen duen prozedura arin baten bidez.

Proportzionaltasun printzipioaren arabera, erregelamendu honek jasotzen duen erregulazioa ezinbestekoa da interes orokorrak eskatzen dituen eskakizunei erantzuteko. Ez du inolako eskubiderik murrizten, eta hartzaileei ezartzen dizkien betebeharrak zerbitzuak telelan erregimenean emateko prozedura arautu eta antolatu bat bermatzeko ezinbestekoak dira.

2.– Telelanaren kontzeptua eta xedeak.

a) Telelana da zerbitzuak urrunetik ematean datzan modalitate ez-presentziala, zeinetan lanpostuaren gaitasun edukia administrazioaren bulegoetatik kanpo egiten ahal den informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, betiere zerbitzuaren beharrek horretarako aukera ematen badute.

b) Telelanari buruzko Europako Esparru Akordioak ezartzen du telelana borondatezkoa dela langilearentzat eta, kasu honetan, Udalarentzat, eta itzulgarria dela; hortaz, langileak edozein unetan ematen ahalko ditu berriro bere zerbitzuak modu presentzialean bere lanpostuan.

c) Telelanaren bidez lan egiten dutenek, araudi honetan ezarritako baldintzetan, gainerako langileen eskubide eta betebehar berberak izanen dituzte, bai eta modu presentzialeko langile gisa ari zirenean zituztenak ere, eta bermatuko da ez dutela inolako aldaketarik izanen ez ordainsarietan, ez prestakuntza aukeretan, ez gainerako langileei aitortutako ezein eskubidetan.

d) Telelanaren modalitatean zerbitzuak ematen dituzten langileek deskonexio digitalerako eskubidea dute, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 88. artikuluan ezarritako baldintzetan. Gainera, bermatu behar zaie ezarritako prestasun ordutegitik kanpoko atseden denbora eta intimitate pertsonala errespetatuko zaizkiela.

e) Telelana bateragarria da lanaldi murriztapenarekin, lanaldi presentzialeko udal langileek dituzten baldintza beretan.

3.–Aplikazio-eremua.

a) Erregelamendu hau aplikatuko zaie Altsasuko Udalean zerbitzuak ematen dituzten langileei, haien lan harremanaren izaera juridikoa edozein izanik ere, baldin eta betetzen duten lanpostua telelan modalitaterako egokia bada, erregelamendu honetan xedaturikoaren arabera.

b) Telelanerako lanpostu egokitzat joko dira aukera ematen dutenak era autonomoan eta ez-presentzialean jarduteko, berez dituzten ezaugarriak eta lanerako behar diren bitartekoak direla eta.

c) Telelanaren modalitatean zerbitzuak ematen dituzten langileek datu pertsonalak babesteari buruzko araudia eta datu horien konfidentzialtasuna bete beharko dituzte.

d) Beren ezaugarriak kontuan hartuta, ez da telelanean lan egiten ahalko, nahitaez zerbitzu presentzialak eman beharreko funtzioak dituzten lanpostuetan. Zerbitzu presentzialak dira, zerbitzua benetan egiten dela erabat bermatzeko, langilearen presentzia fisikoa behar-beharrezkoa dutenak. Telelanaren modalitatetik berariaz baztertuta geratzen dira honako lanpostu hauek:

a. Udaltzaingoa.

b. Obrak eta zerbitzuak.

c. Garbitzailea.

d. Haur eskola.

e. Atezaintza.

e) Herritarrei arreta eta informazioa emateko lanpostuak eta erregistro bulegoak ere ez dira telelanaren bidez betetzen ahalko; hala ere, txandak antolatzen ahalko dira, arreta fisikoa bermatuta egon dadin beti.

f) Lanaren antolaketari eragiten dioten inguruabarrak direla eta, asteko lanaldiaren banaketa aldatzen ahalko da modalitate presentzialaren eta ez-presentzialaren artean, eta/edo telelanean aritzeko asteko egunen kopurua aldi baterako murrizten ahalko da, edo zerbitzua modalitate horretan emateko baimena eten, gainbegiralea eta langilea aldez aurretik ados jarrita.

g) Zerbitzuaren beharrizanengatik —behar bezala justifikatu beharko dira—, gutxienez 72 ordu lehenago eskatzen ahalko da telelan modalitatean lan egiten duten langileak lantokian egotea. Behar bezala justifikatutako salbuespenetan, eta zerbitzuak emateari eragiten zaionean, gutxienez 24 ordu lehenago eskatzen ahalko da lantokian egotea.

4.–Baldintzak.

a) Zerbitzua telelanean eman aurretik, lan unitate bakoitzaren ohiko premiak zehaztuko dira, lantokian presentzialki egon behar izanen duten langileen gutxieneko kopurua adierazita, zerbitzuak efizientziaz ematen direla bermatzeko.

b) Erregelamendu honen aplikazio-eremuan sartzen diren enplegatu publikoek, lanaldi ez-presentzialean jardun nahi badute, baldintza hauek bete eta frogatu beharko dituzte:

–Izendatuta dauden lanpostu espezifikoaren edukia eta funtzionamendua ezagutzea. Horretarako, eskaera egin aurreko bi urteetan gutxienez sei hilez bete behar izanen dituzte benetan eta eraginkortasunez lanpostuaren berezko funtzioak.

Behar adinako ezaguera informatiko eta telematikoak izatea, teorikoak zein praktikoak, telelana egiteko behar diren eginkizunak gauzatzeko.

Eskura izatea informatikako eta komunikazioko sistema egokiak, definitzen diren ezaugarriekin, zerbitzu-ematea modalitate horretan hasten den egunean.

Behar den ekipamendu informatikoa eta banda zabaleko konexioa edukitzea, edo telelana hastekoa den egunean edukitzeko konpromisoa hartzea; betiere, Administrazioak zehazturiko ezaugarriak izan beharko dituzte horiek, zeinak ezarriko baitira eskuragarritasun teknologikoaren eta sistemen segurtasunaren arabera.

Langileak ez badu ekipo informatikorik, ez da telelana baimentzen ahalko horretarako nahikoa partida egon arte.

–Telelana egiten duten langileek arretarako telefono linea bat izanen dute zerbitzuari buruzko intzidentziak jasotzeko laneko ordutegian. Laguntza teknikoa telelaneko plataformarekin eta aplikazio eta zerbitzuekin lotutako intzidentziak konpontzeko izanen da. Esku-hartze tekniko presentziala behar izanez gero, lanegun presentzialetan eginen da.

–Ekipo informatikoak edo ekipo horretan instalatutako aplikazioek gaizki funtzionatzearen ondorioz etxean lan egin ezin bada eta egun horretan bertan konpondu ezin bada, interesdunak lanpostura bertaratu beharko du berriro hurrengo egunean, eta arazo teknikoa konpondu ondoren hasiko da berriro telelanean.

–Telelanean dihardutenek konpondu beharko dituzte berei dagozkien intzidentziak beren ordenagailu eta komunikazioetan.

–Bideokonferentziak egiten badira, kasuan kasuko aplikazio informatikorako sarbidea emanen da.

–Zerbitzua ematen denean behar den komunikazioari eusteko, Administrazioak eta langileak harremanetarako telefono zenbakia emanen diote elkarri, edo lantoki presentzialeko telefono zenbakiaren deiak enplegatu publikoaren telefono finkora, mugikorrera edo online lineara desbideratuko dira.

Nolanahi ere, lanaldian, enplegatu publikoak telefonoz edo posta elektronikoz lokalizatzeko moduan egon beharko du.

–Telelanaren ondoriozko hornidura gastuak (ura, argia, Internet, etab.) telelana baimenduta duen enplegatu publikoak ordaindu beharko ditu.

–Altsasuko Udalak lan ez-presentzialean diharduten langileen esku jarriko ditu Udalarekin VPN bidezko sarbidea baliatuz (sare pribatu birtuala) telematikoki konektatu ahal izateko bitartekoak.

Teknologiaren aurrerapenek horretarako bidea ematen badute, Udalak bitartekorik seguruenak emanen dizkie konexio hori egiteko.

Udalerako sarbide telematikoa hogeita lau orduz eta asteko zazpi egunetan egonen da erabilgarri; hala, telelana egiten ahalko da horretan diharduenaren interes pertsonalei hobekien egokitzen zaien ordutegian.

Kasu guztietan, Segurtasunaren Eskema Nazionala betetzen dela bermatuko da.

5.–Zerbitzuak telelan modalitatean emateko iraupena.

Telelanean era jarraituan urtebetez egoten ahalko da, baimena ematen duen ebazpenean agertzen den egunetik kontatua. Bukatzean aurkakoa adierazten ez bada, epe bererako luzatutzat joko da.

6.–Telelana baimentzeko prozedura.

Era ez-presentzialean lan egiteko eskabideak Altsasuko Udaleko alkateari zuzenduko zaizkio. Eskabidea hartu, eta Udaleko langileen arloak jasotako eskabideak igorriko dizkio eskatzaileak lan egiten duen arloari, hamabost egun balioduneko epean. Arlo horretako arduradunak txosten bat egin beharko du zazpi eguneko epean; txostena ez da izanen loteslea. Pertsona bakarreko alorretan, eskabidean bertan jasoko da txosten hori.

Arloko arduradunaren txostena duten eskaerak Antolaketa eta Giza Baliabideen Batzordean aztertuko dira. Batzorde horrek irizpena emanen du alkateak onetsi edo ezetsi dezan; horretarako, ebazpen arrazoitu bat eginen du hilabeteko epean, eta telelanean aritzeko eskaera baimendu edo ezetsi den adieraziko du. Gehieneko epea iragaten bada ebazpena jakinarazi gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

7.–Baimena emateko lehentasun irizpideak.

Arlo, zerbitzu edo bulego baten barruan, hainbat pertsonak telelanaren bidez beren funtzioak garatzen badituzte edo garatzea eskatzen badute, telelanean aritzen ahalko den gehieneko pertsona kopurua adieraziko da, eta, hala badagokio, lanaldi presentzialaren eta telelanaren arteko banaketa ere bai. Gainera, autoantolaketaren bidez edo haien eta Udalaren artean adostuta, zerbitzu publikoa eraginkortasunez ematen dela bermatzeko beharrezkotzat jotako txandak ezartzen ahalko dira.

Aurreko baldintza betetzen ez bada, eskaera guztiak baimentzea ezinezkoa denean, honako inguruabar hauek balioetsiko dira, egiaztatu ondoren, eta jarraian ezartzen diren taldeetan sailkatuta:

1. taldea:

–Genero-indarkeriaren biktimak.

–Mugikortasun urria duten enplegatu publikoak, egiaztatutako desgaitasuna dutenak.

–Gaixotasun oso larrietatik eta tratamendu onkologikoetatik oneratzeko prozesuan dauden langileak.

–Haurdun diren enplegatu publikoak.

2. taldea:

  • 0-3 urte arteko semeak edo alabak zaintzea.
  • Desgaitasuna duten, mendekotasuna duten edo gaixotasun larria duten bigarren mailako odolkidetasunerainoko edo ezkontza-ahaidetasunerainoko familiartekoak, zuzeneko eta etengabeko zainketak behar dituztenak. Halaber, aintzat hartuko dira, mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko, betebehar saihetsezinarengatiko baimena izan dutenen eskaerak, eta ministerioak edo osasun arloko departamentu eskudunak une bakoitzean COVID-19aren edo beste edozein pandemia egoeraren aurrean kalteberatzat jotako taldeetakoen eskaerak.
  • Guraso bakarreko familiak.
  • Gaixotasunen bat edo egoera psikofisiko garrantzitsu bat izatea, zerbitzua modalitate ez-presentzialean emateak hobetzen badu edo langilearen osasun egoera babesten badu. Egoera horiek osasuneko zerbitzu publikoek emandako mediku txostenen bidez egiaztatu behar izanen dira eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak neurria osasun egoera horretarako egokia dela dioen aldeko txostena egin behar izanen du.
  • Bizilekutik lantokira arteko joan-etorriaren denbora eta distantzia edo zerbitzu edo garraio publiko bat erabiltzeko zailtasuna.

3. taldea:

  • 3 urte eta egun batetik 14 urtera arteko semea edo alaba zaintzea.

4. taldea: Gainerako enplegatu publikoak.

Berdinketa hausteko irizpide gisa, 1. taldean deskribatutako egoeraren batean dauden langileek lehentasuna izanen dute gainerako taldeetan deskribatutako egoeraren batean dauden langileen aldean. Artikulu honetan aurreikusitako inguruabarretako bat gertatzen bada ezkontideak, izatezko bikoteak edo bikote egonkor ezkongabeak diren enplegatu publikoetan, horietako bati bakarrik baimentzen ahalko zaio zerbitzuak telelanean ematea.

8.–Antolaketa eta gainbegiratzea.

Telelan erregimenean zerbitzuak ematen dituzten langileen arloko arduradunei dagokie zerbitzuak emateko modalitate horretan lan egiten dutenek egin beharreko zeregin zehatzak zehaztea, eta telelanean aritu bitartean egiten den lanaren jarraipena egitea. Telelanak malgutasun berezi bat du bereizgarri, lanaldiaren eta ohiko ordutegien aldetik. Hala ere, gutxieneko konexio-aldiak ezartzen ahalko dira lana egiteko edo, orobat, interkonexioko aldi horiek ordu-tarte jakin batzuen barnean eginaraziko dira, hain zuzen, Administrazioaren eta telelangilearen arteko komunikazioa beharrezkoa den tarteetan, zerbitzuaren beharrak direla eta.

9.–Ezaugarri nagusiak.

9.1. Asteko lanaldiaren banaketa.

Oro har, asteko lanaldia astean gehienez lau egun telelanaren modalitatean emateko moduan banatuko da, eta gainerakoa presentziala izanen da. Gerora sortzen bada langileari edo zerbitzuaren beharrei dagokien gorabeheraren bat, lanaldiaren banaketa aldatzen ahalko da lan presentzialaren eta ez-presentzialaren artean.

9.2. Ordutegia.

Telelaneko lanaldiak iraunen du lanaldi presentzialak adina; gaur egun, 7 ordu eta 30 minutu egunean.

Herritarrei arreta egokia emateko eta lanaldian presentzialki eta urrunetik lan egiten ari diren gizataldeak ongi koordinatzeko, urruneko lana lanegun bakoitzeko 9:00etatik 14:30era artean garatu beharko da halabeharrez, eta langilearen esku geratuko da lanaldiaren gainerakoa zehaztea, lanaldia bete arte.

Lanpostuaren nahitaezko lanaldi arrunta osatzeko, telelanean dihardutenek asteko edozein egunetan lan egiten ahalko dute.

9.3. Lanorduen kontrol-sistema.

Altsasuko Udalak mekanismoak ezarri eta egokituko ditu telelaneko ordutegia betetzen dela egiaztatzeko. Langileek nahitaez erabili beharko dituzte halakoak.

10.–Laneko arriskuen prebentzioa.

10.1. Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak jarduera ez-presentzialaren arriskuen ebaluazioa emanen dio telelanean ari den langileari, baita segurtasunari eta lan osasunari buruzko informazio beharrezkoa ere, laneko arriskuak saihesteko eta minimizatzeko.

10.2. Telelanean ari denak une oro eta bere erantzukizunpean aplikatu beharko ditu jarduera ez-presentzialaren arriskuen ebaluazioan ezarritako prebentzio-neurriak.

10.3. Laneko gertakariei dagokienez, laneko istripuen eta gaixotasunen arloan indarrean dagoen araudia aplikatuko da.

11.–Prestakuntza.

Altsasuko Udalak prestakuntza ekintzak antolatuko ditu enplegatu publikoentzat telelanaren modalitateari dagozkion funtzio eta zereginak garatzeko beharrezkoak diren ezagutza informatiko eta telematiko teoriko nahiz praktikoei buruz, bai eta datuen babesari eta konfidentzialtasunari buruz ere.

12.–Telelanaren jarraipena.

Telelanaren jarraipena egiteko batzorde tekniko bat eratuko da. Batzorde hori arduratuko da zerbitzuak telelanaren bidez emateko modalitate ez-presentzialaren jarraipena egiteaz, eta langileen kudeaketaren arloko zuzendaritza organo eskudunari atxikita egonen da. Batzorde hori arduratuko da langileek helarazitako intzidentziak aztertzeaz eta horiek ebazteko jarraibideak emateaz.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Interes publikoko aparteko eta presako beharrizanaren inguruabarrak.

Aparteko eta presako beharrizana badago edo legez egiaztatutako interes publikoko arrazoiak badaude, Alkatetzak, negoziazio kolektiboa egin ondoren, erabakitzen ahalko du zerbitzuak telelanaren modalitatean eman ditzatela une horretan zerbitzuak telelanaren araubidean ematen ari ez diren enplegatu publikoek, araudi honetan aurreikusitako baldintzak bete ez arren.

Azken xedapena.–Indarrean jartzea.

Erregelamendu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2601857