Iragarkia
42. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 26a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUNBERRIKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Oposizioa, terapeuta okupazionalaren plaza bat betetzeko
Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buru Begoña Gogorcena Marinek 2026ko otsailaren 4an emandako ebazpen baten bidez, honako hau onetsi zen:
Lehena.–Deialdi bat egitea hautaprobak egin daitezen, B mailako terapeuta okupazionalaren plaza bat betetzeko, oposizio bidez, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean aritzeko lanaldi osoan eta lan-araubide finkoan.
Bigarrena.–Deialdia arautuko duten oinarriak onestea eta argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Mankomunitatearen iragarki-taulan eta Irunberriko Udalaren webgunean.
Honako hauek arautuko dute deialdia:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea terapeuta okupazionalaren plaza bat, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzukoa, lan-araubide finkokoa eta B mailakoa. Deialdia honako hauen arabera eginen da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta oinarri hauek.
Plazak 13. zenbakia dauka plantilla organikoan.
1.2. Era berean, eta 11. oinarriari jarraikiz, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, terapeuta okupazionalaren lanpostua aldi baterako betetzeko, hautapen-prozeduran plazarik lortzen ez duten izangaiekin.
1.3. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan B mailarako oro har ezarritakoak (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina); orobat, izanen ditu Mankomunitatearen plantilla organikoan jasotako ordainsari osagarriak.
Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.
1.4. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.
1.5. Plazaren titular izendatzen denaren eginkizunek barne hartzen dituzte zerbitzuaren programak. Mankomunitateko Burutzak antolatuko ditu zeregin eta lan guztiak, eta ez zaio zeregin edo lan zehatz bat esleituko profesional jakin bati soilik.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan.
Orobat, parte hartzen ahalko dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.
B) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, terapia okupazionaleko graduatuaren titulua edo haren baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.
2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.3. Plaza eskuratzen duen izangaiak aurreko baldintzak frogatu beharko ditu deialdi honen 8. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiek baldintza horiek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epearen muga-egunean, bai eta hautapen-prozesu osoan mantendu ere, izendatu arte.
Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da titulazio-baldintza betetzen dela.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdiko hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabideak erregistro telematikoaren bidez aurkeztu beharko dira, Irunberriko Udalaren egoitza elektronikoan (https://lumbier.sedeelectronica.es/info.0). Horretarako, I. eranskina eta eskatutako agiriak aurkeztu beharko dira (titulazioa, tasa ordaindu izanaren egiaztagiria eta desgaitasunaren ziurtagiria, kasua bada), eta NAN elektronikoa, ziurtagiri digitala edo Cl@ve ziurtagiria erabili beharko da sartzeko; hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Agiriak 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.2. Eskabideak I. eranskinaren araberakoak izan beharko dira.
3.3. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 25,50 euroko tasa ordaindu beharko da. Tasa hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu hauetako batean:
CAIXABANK: ES15 2100 5061 3022 0002 1328
NAFARROAKO RURAL KUTXA: ES92 3008 0042 5121 6942 4021
Ordainagirian datu hauek adierazi behar dira nahitaez:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–Kontzeptua: terapeuta okupazionalaren lanposturako azterketa.
3.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, denborak edo baliabideak egokitzea behar badute ariketak egiteko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera agiri bat aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana, frogatzeko legeen arabera desgaitasun bat dutela.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak deialditik kanpo geldituko dira.
3.6. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara emateko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Irunberriko Udalaren egoitza elektronikoan.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
Baztertutako hautagairik ez badago, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, hautaproba egiteko egun, leku eta orduarekin batera.
4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta haiek ebatzita, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Irunberriko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.
4.4. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertu ondoren, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Begoña Gogorcena Marín, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.
Ordezko epaimahaiburua: Cruz M.ª Moriones Uriz, Nabaskozeko alkatea.
Epaimahaikidea: Irene Mendióroz Pérez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko terapeuta okupazionala.
Ordezko epaimahaikidea: María Soledad Elarre Beltrán, Zangozako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.
Epaimahaikidea: Ohiane Andueza Narvaiz, Landazabal egoitzako terapeuta okupazionala.
Ordezko epaimahaikidea: Ana Isabel Elarre Aznarez, Zangozako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.
Epaimahaikidea: Beatriz Uriz Lusarreta, Zangozako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-hezitzailea.
Ordezko epaimahaikidea: Ana Garro Macaya, Zangozako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.
Idazkaria: Eva M.ª León Gárriz, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.
Ordezko idazkaria: Ignacio Arreche Goitisolo, Nabaskozeko Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Gainera, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Hautaketa-sistema: oposizioa eta banakako elkarrizketa.
6.1. Hautapen-prozesua oposizio-sistemaren eta banakako elkarrizketa baten bidez eginen da, eta 2026ko apiriletik aurrera hasiko da.
6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia non, noiz eta zer ordutan hasiko den. Ondoren, epaimahaiak gainerako proben emaitzak argitaratuko ditu Irunberriko Udalaren egoitza elektronikoan.
7.–Oposizioaldia.
7.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:
–Lehen ariketa: teorikoa. Test motako 60 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Ariketa egiteko, izangaiek 90 minutu izanen dituzte gehienez.
–Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruzko kasu bat ebatzi beharko da. Ariketa egiteko, izangaiek 120 minutu izanen dituzte gehienez.
–Hirugarren ariketa: banakako elkarrizketa.
7.2. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu emanen dira gehienez, honela banatuak:
7.2.1. Oposizioko bi proba:
–Lehen ariketa: 40 puntu gehienez.
–Bigarren ariketa: 50 puntu.
7.2.2. Banakako elkarrizketa: 10 puntu.
7.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
7.4. Lehenbiziko eta bigarren ariketak gutun-azal itxiaren sistemaren bidez eginen dira.
7.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Irunberriko Udaleko egoitza elektronikoan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gainera, oposizioko hurrengo proba non, noiz eta zein ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.
Oposizioko lehen eta bigarren ariketak egun berean egiten ahalko dira.
7.6. Dei bakarra eginen da ariketa bakoitzerako. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
7.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
7.8. Probaren hasieran, epaimahaiak zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei proba egiteko.
7.9. Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa kalkulatzeko, ariketa guztietan lortutako puntuazioak batuko dira.
7.10. Banakako elkarrizketa: Kalifikazio-epaimahaiarekin elkarrizketa bat egitean datza, baloratzeko ea izangaia deialdiko lanposturako egokia den, hari esleituriko eginkizun eta ezagutzak kontuan hartuta, eta horiek praktikan jar ditzan. Banakako elkarrizketa 10 punturekin baloratuko da gehienez ere, eta ez da baztergarria izanen.
8.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agiriak aurkeztea.
8.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lorturiko puntuazioaren ordenan, Irunberriko Udalaren egoitza elektronikoan. Halaber, Mankomunitateko buruari izendapen-proposamena igorriko dio, puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiaren aldekoa. Puntuazio osoa kalkulatzeko, proba guztietan lortutako puntuazioak batuko dira.
Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde joko da. Berdinketak badirau, kontuan hartuko dira lehen ariketan lortutako puntuazioak. Berdinketak bere horretan segitzen badu, zozketa publikoa eginen da.
Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Irunberriko Udalaren erregistro elektronikoan:
1.–Nortasun-agiri nazionalaren jatorrizkoa eta fotokopia.
2.–Eskatzen den titulu akademikoaren jatorrizkoa eta fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarenak.
3.–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
4.–Osasun-ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.
5.–Zin edo promesa, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
8.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira lan-kontratudun finko izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek ezertan galarazi gabe deialdian parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, halakorik egin badute.
8.4. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, lanpostua beteko du 8.1 apartatuan aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak, eta harekin ere erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
9.–Izendapena eta plazaz jabetzea.
9.1. Hautapen-prozesua bukatu eta izendatzeko proposaturiko izangaiak 8.2 oinarrian ezarritako agiriak aurkeztu ondoan, Mankomunitateko buruak Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langile lan-kontratudun finko izendatuko du.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du plazaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatuz gero, 8.3 eta 8.4 oinarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.
10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, honako zerrenda hauek onetsiko dira, hautapen-prozesuan parte hartu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaiak aldi baterako kontratatzeko:
a) Hautaprobak gaindituta ere, plazarik gabe gelditu diren izangaien zerrenda.
b) Oposizioa gainditu ez baina hautapen-prozesuko lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.
c) Hautapen-prozesuko lehen ariketarako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiak.
Mankomunitateko buruaren ebazpen bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazio-zerrendak.
Kontratazio-zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
10.2. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
10.3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak argitara emanen dira Udalaren webgunean eta Mankomunitatearen iragarki-taulan.
10.4. Gainditu arren plazarik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena.
Orobat, hautapen-prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da lehen ariketan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.
Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
10.5. Aurreko atalean ezarritako ordenari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraituko zaio. Horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehena, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, betiere hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin, eskuratutako puntuazioa aintzat hartuta.
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Irunberrin, 2026ko otsailaren 4an.–Mankomunitateko burua, Begoña Gogorcena Marín.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA, TERAPIA OKUPAZIONALAREN PLAZA BAT OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAN PARTE HARTZEKO
https://lumbier.sedelectronica.es/transparency/fb469265-40ca-490b-be99-9b2da1565704/
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Zati orokorra
Gai orokorrak.
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko titulua eta lehen titulua. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: Atariko titulua eta II. tituluko 53. eta 54. artikuluak.
2. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazioari dagokienez. I., II. eta III. kapituluak.
3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina: I. titulua eta II. tituluko II., III., IV., VI., VII., VIII. eta IX. kapituluak. 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.
4. gaia.–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. Administrazioen arteko harremanak. Funtzionamenduaren araubidea.
5. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: I. kapitulua, II. kapitulua eta III. kapitulua.
6. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa.
7. gaia.–17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa.
8. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: Atariko titulua eta I. titulua. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. 8/2017 Foru Legea, ekainaren 29koa, Nafarroako LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa. 12/2018 Foru Legea, ekainaren 14koa, Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa: I. titulua eta II. titulua.
9. gaia.–44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Osasun arloko Lanbideen Antolamenduari buruzkoa: I., II. eta III. tituluak.
10. gaia.–16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzkoa: atariko kapitulua, eta I. kapitulutik VIII.era bitartekoak.
11. gaia.–41/2002 Lege Oinarrizkoa, azaroaren 14koa, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituena.
12. gaia.–Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak (San Isidro egoitza).
Zati espezifikoa
1. gaia.–Terapia okupazionalaren sorrera eta bilakaera. Lana terapiaren esparruan aplikatzeko eredu teorikoak. Giza okupazioaren eredua.
2. gaia.–Terapia okupazionalaren jardun eremua. Printzipio metodologikoak eta tratamendua terapia okupazionalean. Plangintza eta antolaketa. Helburuak eta jarduerak.
3. gaia.–Terapia okupazionalaren kontzeptuak: pertsona, ingurua eta jarduera. Jardueraren, rolaren eta eritasunaren zentzua eta funtzioa.
4. gaia.–Garun-hodietako istripuekin eta garun-entzefaloko traumatismoekin batera ager daitezkeen alterazio neuropsikologikoak dituzten pertsonen gaineko balorazioa eta esku-hartzea.
5. gaia.–Terapia okupazionala egitea dementzia duten pertsonekin. Helburuak eta jarduteko estrategiak.
6. gaia.–Terapia okupazionalaren esku-hartzea adimenaren gaixotasun moten eta haien narriadura mailen arabera. Lan bidezko terapiaren zeregina instituzioetatik ateratzeko programetan.
7. gaia.–Terapia okupazionala etxeko laguntzan: eria, familia, gizarte sareak.
8. gaia.–Terapia okupazionaleko jarduerak diseinatu, deskribatu eta ezartzea gaixotasun psikotikoak dituztenendako programa batean.
9. gaia.–Terapia okupazionaleko jarduerak diseinatu, deskribatu eta ezartzea laguntza geriatrikoko programa batean.
10. gaia.–Terapia okupazionaleko jarduerak diseinatu, deskribatu eta ezartzea desgaitasun intelektuala dutenei laguntzeko programa batean.
11. gaia.–Terapia okupazionaleko jarduerak diseinatu, deskribatu eta ezartzea dibertsitate funtzional fisikoa dutenendako programa batean.
12. gaia.–Terapia okupazionaleko jarduera programa bat diseinatu, deskribatu eta ezartzea errehabilitazio psikiatrikorako unitate batean.
13. gaia.–Eguneroko bizitzako jarduera oinarrizkoak eta instrumentalak. Haien garrantzia esku-hartze terapeutikoan.
14. gaia.–Esparru kognitibo-konduktualaren garrantzia errehabilitazio programa batean. Haren erabilera terapeutikoa eta trebetasun sozialak.
15. gaia.–Prebentzioaren eta osasunerako hezkuntzaren garrantzia errehabilitazio programa batean. Prebentzio jardueren diseinua, ezarpena eta ebaluazioa.
16. gaia.–Aisiaren eta denbora librearen garrantzia errehabilitazio programa batean: diseinua, ezarpena eta ebaluazioa.
17. gaia.–Talde-lanaren eginkizunak eta prozedurak Terapeuta okupazionalaren berariazko ekarpena, rola eta lanbide erantzukizunaren esparrua.
18. gaia.–Esku-hartzearen printzipio etikoak terapia okupazionalean: ez-gaizkigintza, justizia, autonomia eta ongintza.
19. gaia.–Integrazioa, terapia okupazionaletik abiatuta. Kontzeptua, egitura eta programaren edukiak.
20. gaia.–Bokazioaurreko programak integraziorako. Kontzeptua, egitura eta programaren edukiak.
21. gaia.–Baliabide komunitarioak. Haien erabilera terapia okupazionaletik abiatuta.
22. gaia.–Terapia okupazionaleko programak ebaluatzeko sistema. Irizpideak eta prozedurak.
Iragarkiaren kodea: L2601881
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
