Iragarkia
42. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 26a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ETXARRI ARANATZ ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko familia-langilearen plaza bat
Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak, 2026ko otsailaren 10ean, deialdi bat onetsi zuen, familia-langilearen plaza bat betetzeko funtzionarioen araubidean. Deialdia jarraian ageri dien oinarrien arabera gauzatuko da.
Etxarri Aranatzen, 2026ko otsailaren 10ean.–Mankomunitateko burua, Silvia Sesma Nazabal.
DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Arauak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea familia-langilearen plaza bat, D mailakoa, funtzionarioen araubidekoa eta lanaldi osokoa, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura arituko dena eta destinoa Etxeko Laguntza Zerbitzuaren Programan (ELZ) izanen duena. Plazak euskarazko hizkuntza-eskakizuna du: B2 maila ahoz, eta B1 maila idatziz. Deialdiaren ondorioz sortutako zerrenda baliatzen ahalko da lanpostu hutsak bitarteko izaeraz betetzeko, laneko bajak behin-behinean ordezkatzeko, oporraldietarako, edo zerbitzuak indartzeko behar puntual guztietarako.
Hauxe da lanpostuaren eginkizuna: etxeko laguntza zerbitzua ematea, etxe partikularretan, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen oinarrizko eskualdeko jarduketa eremuan dauden toki-erakundeetan. Horretarako, joan-etorriak egin beharko dira Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko egoitzaren eta lantoki zehatzen artean; langile bakoitzak bere bitartekoen bidez egin beharko ditu joan-etorriak, Mankomunitateak ez baititu haiek bere gain hartuko.
1.2. Kontratatzen den langilea Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko funtzionario bilakatuko da, D maila edo taldean sartuko da, eta plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritako ordainsari eta osagarriak jasoko ditu, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorreko kide egingo da eta hartan alta emango zaio, araubide horren babespean.
1.3. Plazak bete gabe utz ditzake epaimahaiak, baldin eta uste badu izangaietatik bakar batek ere ez duela gutxieneko mailarik lanpostuan jarduteko.
1.4. Deialdiaren oinarri hauek argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko iragarki-taulan eta mankomunitateko web-orrian.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek honako beharkizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta kopien bidez frogatu beharko dira:
–16 urte beteak izatea eta erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.
–Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa, edo baldintza horiek betetzen dituen baten ezkontidea izatea.
–Behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea, lanpostuaren eginkizunak betetzeko.
–Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.
–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Eskola Graduatuaren titulua, lehen mailako Lanbide Heziketaren titulua edo balio bereko beste bat, edo titulu hori eskuratzeko egoeran egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).
–Euskarazko B2 maila (ahoz) eta B1 maila (idatziz) dituela frogatzea, horretarako aurkeztuz maila horien baliokidea den de titulua. Horretarako, aurkeztu beharko du hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo haren baliokide gisa aitortutako beste titulu bat, edo, bestela, dagozkion euskara probak egin beharko ditu.
–Honako titulu hauetako bat izatea:
- Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.
- Etxean laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria.
- Etxeko laguntzako laguntzailearen profesionaltasun ziurtagiria.
- Salbuespenezko gaikuntza nahiz behin-behineko gaikuntza lanbide kategoria hauetan: gerokultoreak, zaintzaileak eta etxeko laguntzako laguntzaileak eta laguntzaile pertsonalak, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuetarako, jarraikiz martxoaren 13ko 1653/2018 Ebazpenari.
- Beste titulazio ofizial edo profesionaltasun ziurtagiri batzuk, hemen jasotakoen baliokideak direnak.
–Era berean, izangaitzat onartuko dira honako titulu hauetakoren bat daukatenak:
- Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria.
- Erizaintzako Zainketa Lagungarrietako teknikaria.
- Arreta soziosanitarioko teknikaria.
Tituluak atzerrian lortu badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.
Ibilgailuak gidatzeko B1 motako baimena izatea, eta ibilgailua edukitzea.
2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta eutsi egin behar zaie prozedurak iraun bitartean, harik eta Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Zerbitzuen Mankomunitateak izendatu arte.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean (Kale Nagusia 20, 31820 Etxarri Aranatz), Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bidez (https://etxarriogz.egoitzaelektronikoa.eus/info.0) edo, bestela, erabiliz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bide elektronikoetako edozein (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Baldin eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jartzeko, ziurtatu baino lehen. Era berean, mezu elektronikoa igorriko da info@etxarriogz.eus helbidera, eskabideak aurkezteko epearen barnean, eskabidea posta bulego baten bidez igorri dela aipatuta.
Eskabideak, edukiari dagokionez, deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).
3.2. Izangaiek helbide elektroniko bat eman beharko dute jakinarazpenak jasotzeko.
3.3. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, deialdi honen seigarren oinarriaren arabera.
3.4. Alegatutako merezimenduak frogatu beharko dira enpresa ziurtagiriekin, lan-bizitzaren ziurtagiriarekin eta lan-kontratuekin. Behar bezala konpultsatutako agiriak aurkeztu beharko dira, bestela ez aurkeztutzat joko baitira. Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, ez dira baloratuko merezimenduak.
3.5. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
–NANaren fotokopia.
–Deialdi honetan eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua.
–Izangaiek alegatutako merezimenduen frogagiriak, deialdi honen zazpigarren oinarriari jarraituz.
–B-1 motako gidabaimenaren fotokopia, edo izangaiaren konpromiso sinatua, azaltzen duena bere kabuz eginen dituela joan-etorriak, eranskineko ereduaren arabera.
3.6. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.7. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Mankomunitatekoa buruak ebazpen bat emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Zerrenda hori argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen web-orrian.
4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hiru egun baliodunetan, izangai baztertuek erreklamazioak aurkezten ahal dituzte eta egindako akatsak zuzendu. Ezarritako epean ez bada erreklamaziorik, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, epaimahaiburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko. Behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan ezarriko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitateko web-orrian argitaratuko da.
5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
1.–Epaimahaiburua: Silbia Sesma Nazabal, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.
–Ordezkoa: María Saez de Albeniz Bregaña.
2.–Epaimahaikidea: Josune Ibarra Sanchotena, Ultzama aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.
–Ordezkoa: izendatzeke.
3.–Epaimahaikidea: Alodia Alvaro Igoa, Altsasuko, Olaztiko eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.
–Ordezkoa: izendatzeke.
4.–Epaimahaikidea: Lorena Almandoz Mutuberria, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko kontularia.
Ordezkoa: izendatzeke.
5.–Idazkaria: Miren Josebe Pereda Razquin, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.
–Ordezkoa: izendatzeke.
5.2. Hautapen probak hasi aurretik eratuko da epaimahaia. Epaimahaia eratzeko kideen gehiengo osoak egon beharko du bertan.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko arazo guztiak.
5.4. Epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu, eta horietako bakoitza sinatu beharko dute mahaikide guztiek.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko epaimahaiarekin.
6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zer ordutan hasiko den oposizio-lehiaketa.
Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako probak.
6.3. Oposizio-lehiaketan, gehienez 100 puntu eskuratzen ahalko dira orotara; haietarik, 30 puntu lehiaketaldiari dagozkio, eta 70 puntu oposizioaldiari.
7. oinarria.–Lehiaketaldia.
Helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, eta betiere kontuan hartuko dira lanpostuaren berezko eginkizunekin lotura zuzena duten arloetakoak.
Epaimahaiak 30 puntu, gehienez, emanen dizkie izangaiek aurkeztutako merezimenduei. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dira, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, eta jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliko dira horretarako. Halakoak aurkeztu ezean, ez dira kontuan hartuko.
Balorazioa baremo honen arabera eginen da:
A.–Prestakuntza (gehienez ere 5 puntu).
a.1) Prestakuntza iraunkorreko ikastaro bat emateagatik edo jasotzeagatik.
Ikastaroek lotura zuzena izan behar dute arreta soziosanitarioarekin eta zentro ofizialek edo administrazio publikoek behar bezala ziurtatuta egon: 0,01 puntu ordu bakoitzeko
a.2) Frogatzen den bigarren titulu akademiko bakoitzeko, baldin eta arlo hauetakoa bada:
–Arreta soziosanitarioko teknikari titulua (erdi maila): 4 puntu.
–Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari titulua (erdi maila) edo baliokidea: 4 puntu.
B.–Laneko eskarmentua (25 puntu gehienez).
–Etxeko laguntza zerbitzuko langile gisa toki-erakundeetan lanean egindako urte oso bakoitzeko: 2 puntu.
–Etxeko laguntzaile gisa edo arreta soziosanitarioko laguntzaile gisa beste administrazio publiko batzuetan edo enpresa publiko edo pribatuetan benetan lan egindako urte oso bakoitzeko: 1 puntu.
Soilik baloratuko dira eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik gauzatu diren merezimenduak.
Laneko eskarmentua frogatuko da kontratua egin duen enpresa edo administrazioaren ziurtagiriekin; haietan hauek agertu beharko dira: lanpostua, kontratuen hasiera eta bukaera datak eta bakoitzaren lanaldia. Ez dira kontuan hartuko zerbitzuen ziurtagiriak, baldin eta ez badituzte jasotzen merezimenduen hasierako eta bukaerako egun zehatzak.
Lehiaketaldia bukatutakoan, argitara emanen da izangai bakoitzak zenbateko puntuazioa lortu duen, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen web-orrian.
Bi egun naturaleko epea irekiko da lortutako emaitzei buruzko alegazioak egiteko.
8. oinarria.–Oposizioaldia.
Oposizioaldiaren helburua da frogatzea lanposturako behar den gaitasuna. Proba teoriko bat, eta ondotik proba praktiko bat, izanen ditu. Gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen da, eta gehienez 70 puntu emanen dira. Baztertu eginen dira orotara 35 puntu, gutxienez, eskuratzen ez dituzten izangaiak.
Dei bakarra eginen da proba bakoitzeko. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.
Proba teorikoa eta praktikoa egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean bertan azaldutakoaren arabera.
8.1. Proba teorikoa (30 puntu gehienez):
Proba teorikoan galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galderek zenbait aukera izanen dituzte erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Gehienez 35 puntu emanen dira proba honetan. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.
Galderak izanen dira II. eranskinean jasotako gai-zerrendari buruzkoak.
Ariketa hasi aurretik zehaztuko da haren iraupena.
8.2. Proba praktikoa (40 puntu gehienez).
Proba praktikoan zenbait kasu praktikori erantzun beharko zaie idatziz. Gehienez 40 puntu emanen dira proba honetan.
Ariketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak plikak irekitzeko deia eginen die parte-hartzaileei, jendaurreko ekitaldi batean, eta probak gainditu dituzten izangaien zerrenda argitaratuko da, eskuratutako kalifikazioak adierazita, ariketak egin diren tokian eta web-orrian.
Hiru egun naturaleko epea irekiko da lortutako emaitzei buruzko alegazioak egiteko.
9. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, agiriak aurkeztea eta dokumentazioa eramatea.
9.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuen ordenan, batuta izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako kalifikazioak, eta organo deitzaileari igorriko dio izendapen proposamena, gainditu duten izangaien alde.
9.2. Epaimahaiak, erreklamazioak ebatzi ondoren (baldin aurkeztu badira), argitaratuko ditu parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan.
9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean jabetu beharko dute proposatutako lehiakideek adjudikatutako plazaz, salbu deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen badu ebazpen horretan.
9.4. Aipatutako epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, adjudikaziodunek ez badituzte aurkezten 3.5 puntuan aipatutako jatorrizko agiriak, ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arte egin dituzten jarduketa guztiak; horrez gain, leporatzen ahalko zaie eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna.
9.5. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, organo deitzaileak hutsik gelditzen diren lanpostuak beteko ditu beste izangai batzuekin, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 31. artikuluko 1. apartatuan aipatutako zerrendan ageri diren izangaiekin (erregelamendu hori onetsi zen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez). Izangai horiekin ere aurreko apartatuetan ezarritako moduan jokatuko da.
10. oinarrian.–Nola kudeatu gainditu duten izangaien zerrenda.
10.1. Apartatu honi jarraikiz sortzen den zerrenda lehenetsiko da egungo zerrenden aurretik, eta indarra izanen du harik eta kasuan kasuko lanpostua betetzeko beste deialdi bat ebatzi arte, eta azken hori eginez gero, orduan eratzen den zerrendaren osagarria izanen da. Halakorik gertatu ezean, zerrenda onetsi eta gehienez ere 5 urtez egonen da indarrean.
10.2. Ordezkapenetarako zerrendan daudenei dei egiten ahal zaie, Mankomunitateko beharren arabera, jarraikiz deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei.
Deiak honela eginen dira:
a) Lokalizaturik egon daitezen, zerrendako izangaiek Mankomunitateari emanen dizkiote harremanetarako telefono bat eta helbide elektroniko bat, gutxienez, eta informazio hori une oro eguneraturik eduki beharko dute.
b) Kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira zerrendako izangai bakoitzarekin, hark emandako bideak erabiliz, eta saiakerak horiek 48 orduko epean eginen dira.
c) Salbuespenez, eta premia frogaturik dagoen kasuetan soilik, lehenbizikoz deitzen ahalko zaio azken ordezkapenak egin dituenari, baina horretarako baldintza izanen da sei hilabete igaro ez izana azken kontratua egin zitzaionetik. Eskaintza onartzen ez badu, kontratazio-zerrendako ordenari jarraikiz dei eginen zaie izangaiei, eta eskaintza onartzen duen lehena kontratatuko da.
d) Zerrendako izangai batekin harremanetan jartzerik ez badago, zerrendan hurrengoa denari edo hurrengoei deituko zaie, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Ez bada egon izangai batekin harremanetan jartzerik, zerrendan duen postuari eutsiko dio. Eta deialdi honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko da 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana.
10.3. Izangairen batek uko egiten badio eskaini zaion lanpostuari edo kontratuari, zerrendaren bukaerara pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetako batean dagoela:
a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik.
c) Zaindu beharra 3 urte baino gutxiagoko haurra.
d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua gobernatu ezin duena adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik.
e) Izangaiaren ezkontza edo pareko egoera (jarraikiz uztailaren 3ko Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko 6/2000 Legeari), baldin lanpostuari uko egiten bazaio hori gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalen barnean.
f) Beste lan-kontratu baten frogagiria aurkeztea.
Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean daudenek, edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan daudenek, hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian frogatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.
Artikulu honen lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
10.4. Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, baldin ez badira gertatzen B letrako kasuak.
c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
d) Urtebeteko epean ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea, nahiz eta behin eta berriz deitu kontratatzeko, hark emandako telefonoen edo helbide elektronikoen bidez.
Kontratuduna Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuko du Mankomunitateak, eta bertan kidetuko; beraz, haren kargu izanen da dagokion kuota eta PFEZaren atxikipena (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga), behar diren kopuruetan.
11. oinarria.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluarekin, izangaiei honako honen berri ematen zaie:
–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea da.
–Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.
–Hauxe da oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna kontratu horren parte denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko. Orobat, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua.
–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, non informazio gehiago baitago eskura.
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
12. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Etxarri Aranatzen, 2026ko otsailaren 2an.–Mankomunitateko burua, Silvia Sesma Nazabal.
I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA
I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN GAI-ZERRENDA
1.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema. II. kapitulua. Oinarrizko gizarte-zerbitzuen programak.
2.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, hizpide dituena autonomia pertsonala sustatzea eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Mendekotasuna dutenen Autonomiarako eta Arretarako Sistema. II. kapitulua: Autonomiarako eta mendekotasunaren arloko laguntzarako sistemaren prestazioak eta zerbitzuen katalogoa. III. kapitulua: Mendekotasuna eta haren balorazioa. IV. kapitulua. Eskubidea aitortzea.
3.–Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak. (2015eko 95. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 19koa).
4.–Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza. (2007ko 131. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 19koa).
5.–Zer da ELZ (etxeko laguntza zerbitzua)? Definizioa. Helburuak. Printzipioak. Ezaugarriak. Familia-langilea. Lanak eta zereginak.
6.–Etika profesionala etxeko esku-hartzean. Kode deontologiko profesionala.
7.–Adinekoak. Zahartze-prozesua. Adinekoen premiak eta premia horiek eguneroko bizitzan duten eragina.
8.–Autonomia pertsonalaren sustapena eta mendekotasunaren prebentzioa.
9.–Pertsonarengan zentratutako arreta integralaren eredua. Oinarrizko printzipioak.
10.–Nafarroan adinekoek jasaten dituzten tratu txarren egoerak goiz detektatzeko eta esku hartzeko gida.
Iragarkiaren kodea: L2602064
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
