Iragarkia
40. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
4E/2026 EBAZPENA, otsailaren 3koa, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiak emana, toki entitateei landa merkataritza suspertzeko dirulaguntzak emateko 2026ko deialdia onesten duena. DDBN kodea: 884880.
Hurbileko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planak (2022-2025) "Landa merkataritza eta artisautza sendotzeko laguntza" izeneko 3.4 ildo estrategikoan ezartzen duenez, bere helburuetako bat da kontsumoa sustatzea landa merkataritzan, landa eremuan merkataritzan aritzeko modua modernizatzea eta eraldatzea eta Nafarroako landa eremuan hornidura, banaketa eta eskaintza baldintzak hobetzea.
Zehazki, "Negozio ereduak landa merkataritzan egokitzeko programa" izeneko 3.4.2 neurriak azpiegiturak eta merkataritzako espazio publikoak hobetzea du xede.
Gaur egun, Nafarroako Hurbileko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planaren (2022-2025) egikaritzea ebaluatzen eta emaitzak eta adierazleak aztertzen ari gara, Nafarroako txikizkako merkataritzarako plan sektorial berri bat egiteko. Plan horrek sektore horretan garatu beharreko jarduketa publikoen ibilbide-orria ezarriko du, eta hartu beharreko helburu estrategikoak, jarduketa-ildoak eta neurri zehatzak zehaztuko ditu.
Hala ere, landa merkataritzaren garapena bultzatzeko ildo estrategikoak, dituen inguruabar eta ezaugarri bereziak direla-eta, txikizkako merkataritza bultzatzeko etorkizuneko plan sektorialaren funtsezko zati izaten jarraituko du.
2024an eta 2025ean, Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusiaren bi ebazpenen bidez, landa merkataritza biziberritzeko toki entitateei dirulaguntzak emateko bi deialdi onartu ziren, eremu horietan udal-titulartasuneko lokalak egokitzea bultzatzeko eta jarduera anitzeko negozioak abian jartzeko.
Negozio eredu horrek aukera ematen du, lokal berean, txikizkako merkataritza beste jarduera ekonomiko batzuekin bateratzeko, hala nola jatetxeekin edo beste zerbitzu batzuk ematearekin, eta biztanleriaren mantenua sustatzen duten oinarrizko zerbitzuak biltzeko sortzen dira, landa-ingurunean oinarrizko produktuen hornikuntza bultzatuz.
Eta hori guztia kontuan hartuta landa eremuetan eragin handia dutela hainbat faktorek, hala nola despopulazioa, biztanleriaren zahartze progresiboa, eremu horietako saltokien errentagarritasun txikia, biztanle gutxi izatea eta kontsumo txikiak gune horietako ekimen pribatuak kudeatutako merkataritza jarduera gutxiesten duela.
Horregatik guztiagatik, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak egokitzat jotzen du landa merkataritzako mota horretako negozioei laguntzen jarraitzea eta horretarako dirulaguntzen deialdi berri bat onestea.
Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin,
EBAZTEN DUT:
1. Toki entitateei landa merkataritza suspertzeko dirulaguntzak emateko 2026ko deialdia onestea.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 350.000 euroko gastua baimentzea dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2026rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako hurrengo partidaren kargura finantzatuko da: G-830001-83100-7609-432104 Merkataritzako dirulaguntzak. Toki entitateak. Jarduera anitzeko landa merkataritza.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2026ko otsailaren 3an.–Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.
ERANSKINA.–DEIALDIA, 2026AN TOKI ENTITATEEI LANDA MERKATARITZA SUSPERTZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.– Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da landa eremuko toki entitateei dirulaguntzak emateko araubide bat ezartzea, udal titulartasuneko lokalak egokitzeko eta moldatzeko lanak egin ditzaten, lokal horietan jarduera anitzeko negozioak eta txikizkakoak jarri ahal izateko. Helburua da negozio horiek oinarrizko produktuen hornikuntza erraztea, batez ere adinekoei begira, eta lurraldea egituratzeko aukera ematea landa eremuan enplegua sortuz.
Deialdiaren helburua eta interes publikoa da merkataritza-zerbitzuen eskaintzarik ez duten toki entitateetan txikizkako negozioak sortzea eta txikizkako merkataritza-jarduera ekonomiko berriak ezar daitezen sustatzea.
2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 350.000,00 eurokoa da.
3. oinarria.–Inbertsio diruz lagungarriak gauzatzeko epea.
1. 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko urriaren 29ra bitartean egindako inbertsioak, biak barne, 11. oinarrian aurreikusitako aurrerakina lortzen bada.
Fakturek eta ordainagiriek 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko urriaren 29ra artekoak izan behar dute, biak barne.
Epemuga gisa, obrek eta jarduketek bukatuta eta jasota egon behar dute 2027ko urriaren 29rako, egun hori barne, eta merkataritzako edo jarduera anitzeko lokalak jendearentzat irekita egon behar du egun horretarako.
2. 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 15era bitartean egindako inbertsioak, biak barne, 11. oinarrian aurreikusitako aurrerakina lortzen ez bada.
Fakturek eta ordainagiriek 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 15era artekoak izan behar dute, biak barne.
Epemuga gisa, obrek eta jarduketek bukatuta eta jasota egon behar dute 2026ko abenduaren 15erako, egun hori barne, eta merkataritzako edo jarduera anitzeko lokalak jendearentzat irekita egon behar du egun horretarako.
4. oinarria.–Entitate onuradunak eta jarduketa diruz lagungarriek bete beharrekoak.
1. Entitate onuradunak.
Dirulaguntza hauek eskatzen ahalko dituzte Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan aipatzen diren udalek eta tokiko gainerako erakundeek (aurrerantzean, toki entitateak).
2. Betebehar orokorrak.
Betebehar orokor hauek betetzen dituzten toki entitateak izan daitezke onuradun:
2.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoak, eta foru lege horren 13.2 artikuluan entitate onuradun izateko ezarritako debekuetan sartuta ez egotea.
2.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
2.3. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
3. Jarduketa diruz lagungarriek eskaera aurkezten denean bete behar dituzten betebehar espezifikoak.
a) Jarduketak dirulaguntza eskatzen duen toki entitatearen titulartasuneko instalazioetan edo higiezinetan egin behar dira.
b) Toki entitateak 1.200 biztanletik beherako populazioa izan behar du. Ondorio horietarako, eta 1. balorazio irizpidea aplikatzeko, kontuan hartuko da Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilariak indarrean duen foru agindua, zeinaren bidez ofizialtzat jotzen baitira Nafarroako kontzejuetako biztanle-kopuruak, deialdiaren eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta daudenak.
c) Ezarri nahi den negozioa txikizkako merkataritzako jarduera baterako soilik izan daiteke, edo jarduera anitzeko lokal bat izan daiteke; kasu horretan, oinarrizko eta premia biziko elikagaien eskaintza bat izan behar du nahitaez, eta eskaintza komertzial hori, besteak beste, eta adibide gisa, etxeko ekipamendurako produktuekin, higiene pertsonalerakoekin eta abarrekin handitzen ahalko da. Merkataritza-jarduera beste jarduera ekonomiko batzuekin batera egiten ahalko da, hala nola sukaldaritzako, ostalaritzako edo turismoko jarduerekin (landetxeen modalitatean izan ezik).
d) Establezimenduan aldi berean txikizkako merkataritzako jarduerak eta halakotzat hartzen ez diren beste jarduera batzuk eginen badira, establezimenduan negozio-bolumenaren arabera egiten den jarduera nagusia (salmenta-zifra) txikizkako merkataritzakoa ez bada ere, txikizkako merkataritzako jarduerak eskaintza egonkorra, jarraitua, nahikoa, arrazoizkoa eta koherentea izan behar du deialdiaren xedearekin. Era berean, jarduera anitzeko lokalaren espazioen konfigurazioaren eta banaketaren barruan, txikizkako merkataritza-jarduerak ezin du hondar-presentzia, hutsala edo garrantzirik gabekoa hartu edo ekarri.
e) Toki entitatean ez da egonen jardunean beste merkataritza-establezimendurik, ezarri nahi den negozioak ez baitu zuzeneko lehiarik eragin beharko.
5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
1. Diruz lagungarriak dira toki entitateen jabetzakoak diren higiezinetan merkataritza-establezimendu bat edo jarduera anitzeko lokal bat abian jartzeko beharrezkoak diren inbertsioak, eta, zehazki, honako kontzeptu hauek:
a) Lokala egokitzeko obrak, berrikuntzak eta jarduketak egitea, bai eta bertako instalazioak berritzea edo abian jartzea ere, hala nola argiztapena, iturgintza, aire girotuko sistemak edo energia-eraginkortasuna hobetzeko beste batzuk, barruko eta kanpoko errotulazioa eta antzeko beste jarduketa batzuk.
b) Lokalaren ekipamendua.
Aktibo finko berriak erostea, produktuak aurkeztu eta biltegiratzeko altzari gisa, bai eta lokalean egin beharreko merkataritza-jarduerarako edo jarduera anitzeko jarduerarako beharrezkoak diren bestelako aktibo finkoetan inbertsioak egitea ere.
c) Zerbitzu-sariak ezinbesteko zerbitzu tekniko profesionalak ordaintzeko, lotura zuzena badute aurreko jarduketekin, zehazki:
–Balioetsitako proiektu teknikoa edo memoria idaztea.
–Obra zuzendaritza.
Proiektua idazteko eta obra zuzentzeko gastuengatik, inbertsio diruz lagungarrien aurrekontuaren %20 onartuko da gehienez a) eta b) apartatuetan.
Proiektua idazteko eta obra zuzentzeko gastuetarako, a) eta b) ataletan diruz lagun daitezkeen inbertsioen aurrekontuaren %20 onartuko da, gehienez ere, diruz lagun daitekeen gastutzat.
2. Jarduketek eraikin oso bati eragiten badiote, merkataritzako edo jarduera anitzeko lokal bat jartzeko lokalari ez ezik, diruz lagunduko da dirulaguntzaren xede den jarduerarako zuzenean eta zalantzarik gabe erabiltzen diren eraikuntza eta inbertsioen zati proportzionala.
3. Balio erantsiaren gaineko zerga diruz lagungarria da, toki entitateak gastu hori berreskuratu edo konpentsatzen ahal duenean izan ezik.
6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko dirulaguntza eta gutxieneko inbertsioa.
1. Dirulaguntzaren zenbatekoa inbertsio diruz lagungarrien zenbatekoari %80 aplikatu ondoren lortutakoa da.
2. Hauxe da gutxieneko inbertsio diruz lagungarria, jarduketa motaren arabera:
a) Lokala egokitzeko obrak, eraberritzeak eta egokitzeko jarduketak egitea: 12.000 euro.
b) Lokalaren ekipamendua: 2.000 euro.
c) a) eta b) jarduketetarako laguntza eskatzen bada, gutxieneko inbertsioa 12.000 eurokoa izanen da.
Balioetsitako proiektu teknikoa idazteko edo memoria idazteko gastuak eta obra-zuzendaritzaren gastua ez dira kontuan hartuko eskatutako gutxieneko zenbatekoetara iristeko.
3. Entitate onuradun bakoitzeko, gehienez ere 65.000 eurokoa izanen da dirulaguntza.
7. oinarria.–Epea, eskaerak aurkezteko modua eta eskatzen den dokumentazioa.
1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak aurkezteko modua.
a) Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak interneten duen atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (https://tramitespersonal.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/subvenciones-a-entidades-locales-para-revitalizar-el-comercio-rural), aurrerantzean, laguntzaren fitxa.
b) Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntzak emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.
c) Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatutakoa ez bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du esan nahi gero ez denik bide telematikotik aurkezten ahalko. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoa egin denekoa izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
d) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den eskaera inprimakia erabiliz eginen dira, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko dira.
3. Laguntza eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioak eskaera inprimakiaren araberakoa izan beharko du, eta agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuetan aurkeztuko da. Hona hemen:
3.1. Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
Eskaera inprimakiak honako adierazpen hauek jasoko ditu:
a) 4.2 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
b) Jarduketa bererako jasotako beste dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
3.2. Jarduketen gaineko dokumentazio komuna:
a) Obren zenbatekoa kuantifikatzeko, proiektu tekniko bat edo baloratutako memoria bat edo aurrekontuak, proformako fakturak edo behin betiko fakturak aurkeztuko dira.
Jarduketek eraikin oso bati eragiten badiote, merkataritzako edo jarduera anitzeko lokalaz gain, proiektua idatzi duen taldearen ziurtagiri teknikoa aurkeztuko da, lokal horri zuzenean egozteko aurreikusitako inbertsioen zenbatekoa egiaztatuko duena. Dirulaguntzaren xede den jarduerara zuzenean eta zalantzarik gabe bideratzen diren eraikuntza lanen eta inbertsioen zati proportzionala baizik ez da diruz lagunduko.
b) Lokalaren ekipamenduaren, proiektuaren idazketaren edo obra zuzendaritzaren zenbatekoa kuantifikatzeko, aurrekontuak, proformako fakturak edo behin betiko fakturak aurkeztuko dira.
c) Dirulaguntza eskaeraren xedeko jarduketak azaltzen dituen deskripzio-memoria, bilduko duena gutxienez honako alderdi hauen gaineko informazio zehatz eta xehatua:
–Inbertsioak egitera bultzatzen duten arrazoiak, jarduketak eginez lortu nahi diren helburuak eta beren interesa merkataritzaren ikuspuntutik.
–Diruz lagungarria den aldian egin diren edo egiteko diren jarduketan deskripzioa.
–Jarduketak gauzatzeko kronograma eta dirulaguntza eskaera aurkezteko unean jarduketaren exekuzioa nola dagoen.
d) Obretarako dirulaguntza eskatuz gero: Jarduketak egin nahi diren eraikinaren eta lokalaren egungo egoeraren argazkiak.
e) Toki entitatearen idazkaritzaren ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:
–Entitate eskatzailea jarduketak egin behar diren higiezinen edo instalazioen titularra dela, eta ukitutako lurzati zedulen xehetasuna.
–Ezarri, berritu edo hornitu nahi den negozioak ez duela zuzeneko lehia eraginen udalerriko inongo merkataritza-establezimendutan, eta herrian saltokiren bat jardunean egonez gero, adierazi beharko dira saltoki horiek alta emanda dauden ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeak.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, dirulaguntza eskatzen den jarduketei aplikatzekoa den balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratu edo konpentsatu daitekeen kontzeptua dela edo, aitzitik, ziurtagiri horrek frogatu beharko duela berreskuratu ezin den gastua dela. Zati bat berreskuratzen ahal bada, adieraziko da hainbanaketaren zein ehuneko ez den izanen, inola ere, diruz lagungarria.
3.3. Eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
1. Norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.
Baimentzen den kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen eskaeren lehentasun zerrenda prestatzea.
Legokiokeen laguntza osoa emateko kreditu erabilgarrira iristen ez den eskabideak 3 egun balioduneko epea izanen du dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik, adieraz dezaten ados ote dauden aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoarekin edo, hala badagokio, proiektua dimentsio egokiarekin birformula dezaten. Proiektua birformulatzen ez badute, laguntza partzial horren onuradunak inbertsio guztia justifikatu beharko du.
Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
2. Baldin eta dirulaguntza esleitu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela, edo onuradunen batek laguntzari uko egin eta, ondorioz, kreditua askatzen bada, beste xede hauetarako erabiltzen ahalko da, adierazitako hurrenkeran:
–Nahikoa aurrekonturik ez izateagatik laguntza osoa jaso ez zuen eskatzaileari emandako laguntza partziala osatzea.
–Aurrekontu nahikorik ez izateagatik ezetsita gelditu diren eskabideei erantzutea.
Dirulaguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko.
3. Balorazio irizpideak.
ZK. | IRIZPIDEA | XEHETASUNA | PUNTUAK |
1 | Saltokia ezarriko den toki entitateko biztanle kopurua | 250 biztanle gehienez | 30 |
251 eta 400 biztanle artean | 25 | ||
401 eta 600 biztanle artean | 20 | ||
601 eta 800 biztanle artean | 15 | ||
801 eta 1.000 biztanle artean | 10 | ||
1.001 eta 1.199 biztanle artean | 5 | ||
2 | Despopulatzeko arriskuaren maila | Arrisku oso handia (1) | 30 |
Arrisku handia (2) | 25 | ||
Arrisku nahiko handia (3) | 20 | ||
Gainbehera bizia (4) | 15 | ||
Gainbehera moderatua (5) | 10 | ||
Kaltebera (6) | 5 | ||
Arriskurik gabea (0) | 0 | ||
3 | Merkataritza suspertzeko 2024ko eta 2025eko deialdietan emandako dirulaguntzak | Ez zen dirulaguntzarik jaso | 65 |
10.000 euro bitarte | 55 | ||
10.001 eurotik 20.000 eurora | 45 | ||
20.001 eurotik 30.000 eurora | 35 | ||
30.001 eurotik 40.000 eurora | 25 | ||
40.001 eurotik 50.000 eurora | 15 | ||
50.000 eurotik gora | 5 |
4. 2. balorazio irizpidea aplikatzeko, despopulazio arriskuan dauden eremu eta udalerrien mapa hartuko da kontuan, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren otsailaren 15eko 8/2023 Foru Aginduari jarraiki.
5. Eskaeren arteko puntuazio berdinketak ebazteko prozedura.
Lehentasuna izanen du 1. balorazio irizpidean puntu gehien lortu dituen toki entitateak eta, berdinketa gertatuz gero, biztanle gutxien duenak.
9. oinarria.–Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hots, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita entitate onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia da.
Emakida ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Entitate onuradunen zerrenda, 8. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik ezetsi direnak ere jasoko dira.
Ebazpena eskaerak aurkezteko epealdia agortzen denetik 3 hilabete iragan baino lehen emanen da eta jakinaraziko da.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
Eskatutako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, esanbidezkoak edo isilbidezkoak izan, enpresa eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
10. oinarria.–Egindako jarduketak frogatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.
1. Aurkezteko epea.
Edozein unetan aurkeztuko da egindako jarduketen justifikazioa, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazi ondoren, eta, beranduenez:
–2027ko urriaren 29an, egun hori barne, dirulaguntzaren aurrerakin bat eman bada.
–2026ko abenduaren 15ean, egun hori barne, dirulaguntzaren aurrerakin bat eman ez bada.
2. Aurkezteko modua.
Justifikazioa telematikoki aurkeztuko da, laguntzaren fitxa erabiliz. Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak justifikatzeko erregistrorako esteka egonen da, eta justifikaziorako inprimakia Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira igorriko da.
3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.
Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, eskaneatuta, agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuetan:
a) Eskaerarekin batera aurkeztutako memoriarekiko izan diren desbideratze posibleen azalpen memoria.
b) Aurkeztutako fakturen zerrenda xehatua eta sailkatua, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen excel ereduaren arabera.
c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulkiak beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerari erantsitako fakturak berriz aurkeztea.
d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.
e) Dirulaguntza jaso duten jarduketen argazkiak.
f) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela publikoki agertzeko betebeharra bete dela frogatzeko argazkiak edo agiriak edo web estekak.
g) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria:
–Adierazi beharko dira dirulaguntza honekin batera jarduketa diruz lagungarriak finantzatzen laguntzeko eman ahal izan diren gainerako dirulaguntzak, eta, kasua bada, funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts propioak, beste baliabide batzuk edo beste dirulaguntza batzuk).
–Egiaztatu beharko da dirulaguntzaren xede diren jarduketak burutu direla; bestela, eta obrak egiten badira, obren harrera-akta edo obra bukaerako ziurtagiria aurkezten ahalko da.
h) Obrek eraikin oso bati eragiten badiote, obra zuzendaritzaren ziurtagiri teknikoa, merkataritza-lokalari edo jarduera anitzeko lokalari zuzenean egotz dakizkiokeen inbertsioen zenbatekoa egiaztatzen duena.
11. oinarria.–Aurrerakinen aurreikuspena.
1. Entitate eskatzaileak dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituela justifikatzen badu, emandako dirulaguntza osoaren aurrerakina emanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2. Horretarako, entitate eskatzaileak, laguntza eskaerarekin batera, toki entitateko idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiria aurkeztuko du. Ziurtagiri horrek egiaztatuko du dirulaguntzaren helburuak betetzeko dirulaguntzaren aurrerakina lortu beharra dagoela, aurrekontuak gauzatuta dauden moduaren arabera, entitatearen diruzaintzako egoera-orrien arabera, banku-kontuetako likideziaren arabera eta abar.
3. Aurrerakina laguntza ematean ordainduko da, eta entitate onuradunak egindako jarduketen justifikazioa aurkeztu ondoren erregularizatuko da; horrela, horretarako behar den zenbatekoa justifikatzen ez bada, ordaindutako dirulaguntzaren soberakina itzultzeko eskatuko da, dagozkion berandutze-interesekin batera.
12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Jarduketen frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jarduketa horiei dagokien ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, eta txosten bat gehituko du, frogatzen duena entitate onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.
2. Esleitutako dirulaguntza aldez aurretik ordaintzen ahalko da, aurreko oinarrian aurreikusitakoari jarraikiz.
3. Esleitutako dirulaguntzak ordaintzeko ebazpena 2026ko abenduaren 31 baino lehenago emanen da.
13. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.
1. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntzaren xedeko jarduketak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.
b) Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea, 20 egun balioduneko epean, kontzesioaren ebazpena jakinarazten denetik aitzina, emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola, diruz lagunduriko ekintzak ez badira egin behar deialdian ezarritako epeetan, eta, hala badagokio, ordaindutako aurrerakina eta dagozkion berandutze-interesak itzultzea.
c) Dirulaguntzaren xede izan den inbertsio proiektuan egin nahi diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Eta dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat ez bada ezarritako epean egin behar, horren berri ere ematea. Zerbitzu horrek baimendu beharko ditu proiektuan egin nahi diren aldaketa garrantzitsu guztiak, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak.
d) Dirulaguntzaren xede diren jarduketen gaineko informazio eta publizitate guztietan (irratiko iragarkiak, aurkezpenak edo webguneak) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso dutela adierazi beharko da.
e) Dirulaguntza behar bezala iragartzea, honela:
–Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik 3 urteko epean, toki entitatearen webgunean honako inskripzio hau txertatuko da: "Toki entitate honek Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntza jaso du, 2026ko toki entitateei landa merkataritza suspertzeko dirulaguntzak emateko deialdian".
–Era berean, lokalaren leku ikusgarri batean, jendearentzat irekitzen denetik 3 urtez, kartel bat jarrita egonen da, Nafarroako merkataritza-marka eta inskripzio hau barne direla: "Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako jarduera. 2026ko toki entitateei landa merkataritza suspertzeko dirulaguntzak emateko deialdia", laguntza fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
f) Jarduera anitzeko edo merkataritzako lokala dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzea, gutxienez 3 urtez, lokala irekitzen den egunetik aurrera.
g) Merkataritzako edo jarduera anitzeko lokala abian jartzea eta jendearentzat irekitzea, 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Ez badira betetzen e) eta f) apartatuetako baldintzak betetzeko epeak, itzuli beharreko zenbatekoa izanen da betetzeko gelditzen den denborarekiko zuzenki proportzionala.
14. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.
Betiere, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntza eta Laguntza Publikoen Publizitate Sistema Nazionalaren bitartez: https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/inicio.
Era berean, emandako dirulaguntzak laguntzaren fitxan argitaratuko dira eta honako hauek adieraziko dira: deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, entitate onuradunak eta emandako diru kopurua.
16. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2601561
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
