1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
16/2026 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez espedientea irekitzen baita Murillo el Cuendeko "Arrada zaharra" izeneko eremu arkeologikoa eta monumentua interes kulturaleko ondasun deklaratzeko.
Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak Arrada zaharra (Murillo el Cuende) izeneko lekuaren Kultura Intereseko Ondasuneko espedientea ofizioz irekitzeko eskatzen du, eremu arkeologiko eta monumentu kategoriarekin, Nafarroako Kultura Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Arrada zaharra Nafarroako Arkeologia Inbentarioan katalogatuta dago 00-31-178-0001 kodearekin, eta 1. gradua du. Ondare Historikoaren Zerbitzuak hainbat esku hartze egin ditu 1982tik, xehetasun hauen arabera:
–1982, 1983, 1987, 1999 eta 2004ko zaharberritze lanak, San Nikolas eliza eta harresiak ardatz hartuta.
–Indusketa lanak 1984 eta 1999 bitartean.
–Balioa emateko lanak, 1999an bisita publikorako ireki zenean burutu zirenak.
Nafarroako Erdi Aroko aztarnategi arkeologiko nagusietako bat da, bai garrantzi historikoagatik, bai bertan dauden aztarna arkeologikoengatik.
1455ean, Mosen Martín Peraltakoak suntsitzeko agindu zuen Nafarroako Erreinua astindu zuten gerra zibilen testuinguruan, gertakariaren mugarri historikoa adieraziz. Eragindako suntsiketaren indarraren ondorioz, Nafarroaren iragan historikoko une zehatz eta garrantzitsu baten ebidentzia oso bereziak iritsi dira guregana. Arradan, XIV.-XV. mendeetako nekazari komunitate baten biziraupen baliabideek hartzen dute protagonismoa, landa mundu jendetsua baina erregistro ofizialetarako hain opakoa dena. Aztarnategiak bide ematen du beren etxebizitzak eta askotariko tresna arruntak ezagutzeko, baina baita beren bizitza espiritualaren eta Erreinuaren defentsan izan zuen eginkizunaren lekukotzak aztertzeko ere.
San Nikolas tenplua nabarmentzen da. Hiru ataleko habearte bikoitzeko eliza da; hegoaldeko edo nagusiak zirkuluerdi formako absidea du eta iparraldekoak buruhorma laua. Kanoi-gangaz estalita dago, eta zorrotza da iparraldeko habeartean. Plintoak, kapitelak eta portada, landare motibo estilizatu eta geometrikoekin apainduta daude. Badakigu eliza jada bazela 1093an, dokumentaturik dago Antso Ramiritz erregeak Montearagongo monasterioari eman ziola. Elizaren hormetan XII. mendeko bi krismoi hirukoiztar daude. Hegoaldean, berriz, nekropolia dago. Bertan, hilobiratze sekuentzia garrantzitsu bat dago. Hilobiratzeak XI. eta XV. mendeen bitartean datatu dira, hiru motaren arabera eginak: hobi bakuna, zistak eta sarkofagoak. Induskatutako eremuan disko formako hilarri sorta oso bat atzeman da (35 osorik edo zatituta), horietako batzuk in situ. Datatzea ahalbidetzen du horrek, eta, beraz, Arrada urte askoan penintsulako kristau erresumen arkeologiarako erreferente izan da gai honetan.
Arradan, Erdi Aroko gotorleku baten defentsa sistema osoa atzeman daiteke, jatorrizko almenara dorretik –ziurrenik, andalustar jatorrikoa– kristau harresi esparruraino, bere defentsa dorreekin eta hiru ateekin, eta defentsa egitura osagarriekin.
Esparruaren hiri trazadura erreferentziazko eredua da, ongi kontserbatuta dagoelako eta egitura argia duelako. Etxadietan antolatuta dago, eta horietatik 7 induskatu dira, 6 kalek mugatuta. Herrixkak bi etxebizitza mota eskaintzen ditu (sinplea eta konposatu-irregularra); Nafarroako Erreinuko Erdi Aroko etxe eraikuntza tipologiaren adibide arkeologiko onena dira. Multzoa uharkak osatzen du. Esparruan, gainera, hiru etxebizitza daude, gainerakoetatik aurkikuntza motagatik nabarmentzen direnak: taberna, joko-etxea eta labea.
Beste alderdi bat ere nabarmendu behar da: Arradako biztanleen mota askotako tresna ugari daude, mota guztietako jarduerei dagozkienak. Horietako asko osorik edo ia osorik kontserbatzen dira, eta, beraz, iturri hori behin eta berriz baliatzen da Nafarroako Behe Erdi Aroko bizimodua erakutsi behar denean. Batez ere zeramikazko objektuak eta defentsarako, abeltzaintzarako, sukaldaritzarako eta abarretarako metalezko objektuak nabarmentzen dira.
Nafarroako Inbentario Arkeologikoan identifikatutako hondakin guztiak sartzen dira ondasunaren mugaketan, harresi barrutiaren presentzia bereziaz haratago, eta, beraz, honako hauek hartzen ditu:
–Harresiz inguratutako goiko esparruaren perimetroa, Arradako Harresi Barrutia esaten diotena.
–Bigarren esparruaren perimetroa edo kanpokoa, gezileihoa, ipar eta hego orbanak eta abar dituena.
Gotorlekura hurbiltzeko defentsa eraikinak.
–Esparrutik kanpoko eraikuntzak, etxekoak-artisautzakoak, mendi hegaletan.
–Sarbideak (bide harriztatuak), labeak, kanpoko auzoa eta Erdi Aroko gainerako aztarna arkeologikoak.
Horrek honako koordenatuek (ETRS89 UTM 30N) definitutako perimetroa eta haren mugaketa planoa zehazten ditu:
X | Y | X | Y | X | Y |
613944,3. | 4688283,4 | 613891,3 | 4688287,4 | 613862,3 | 4688280,9 |
613850,8 | 4688291,9 | 613835,09 | 4688312,78 | 613822,09 | 4688334,78 |
613800,59 | 4688375,28 | 613791,8 | 4688387,9 | 613787,3 | 4688400,9 |
613783,09 | 4688412,78 | 613757,09 | 4688448,28 | 613745,43 | 4688490,37 |
613734,8 | 4688519,4 | 613740,43 | 4688569,37 | 613776,8 | 4688582,4 |
613792,59 | 4688606,28 | 613813,09 | 4688669,28 | 613853,59 | 4688737,78 |
613958,59 | 4688780,78 | 614041,05 | 4688808,4 | 614060,8 | 4688795,65 |
614084,55 | 4688777,4 | 614137,8 | 4688732,9 | 614180,8 | 4688706,9 |
614221,3 | 4688685,4 | 614249,05 | 4688669,15 | 614302,05 | 4688598,4 |
614321,55 | 4688541,65 | 614346,65 | 4688496,76 | 614349,65 | 4688454,76 |
614332,43 | 4688432,37 | 614287,8 | 4688418,9 | 614262,3 | 4688404,9 |
614236,8 | 4688378,4 | 614163,3 | 4688326,9 | 614146,8 | 4688319,9 |
614122,8 | 4688318,4 | 614054 | 4688314,5 | 614009,8 | 4688292,4 |
Deklarazioa justifikatzen duen espediente osoa Ondare Historikoaren Zerbitzuaren Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalean dago (Navarreria kalea 39, 31001 Iruña). Espedientean jasotzen da ondasuna deskribatzen duen memoria, beharrezkoak diren plano orokor eta xeheak, ondasuna babesteko beharrezkoak diren elementuen koloretako argazkiak, haren mugaketa eta deklarazioak ukitzen dituenen zerrenda, bakoitzaren ezaugarriekin, Nafarroako Foru Komunitatean Interes Kulturaleko Ondasunen aitorpena arautzen duen urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuaren 5.2 artikuluan zehaztutakoaren arabera.
Horrenbestez, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabilita, hau
EBAZTEN DUT:
1. Espedientea irekitzea Murillo el Cuendeko "Arrada Zaharra" izeneko eremu arkeologikoa eta monumentua interes kulturaleko ondasun deklaratzeko. Multzoaren deskribapena eta ezaugarriak espedientean daude jasota.
2. Hau jakinaraztea Murillo el Cuendeko Udalari eta interesdunei: prozedura irekitzeak berehalako eta zuzeneko ondorio bat izanen du, hau da, ukitutako ondasunei behin-behinekoz aplikatzea Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19. artikuluak ezarritako babes araubidea.
3. Interesdunei jakinaraztea hasitako arkeologia eremuari eta monumentuari berariazko babes neurri hauek aplikatuko zaizkiela:
A) Debekatuta dago larreak diren lurretan edozer kentzea, espedientean jasotako katastroko dokumentazioaren arabera, bai eta lurpea aldatzea dakarren beste edozein jarduera egitea ere.
B) Debekatuta dago industria, hirigintza, agregakinak erauzteko edo azpiegiturak egiteko edozein jarduera. Galarazita daude, halaber, berdinketak, mozketak eta ezpondak kenduta lurzatiak elkartzea.
C) Debekatuta dago agerian gelditzen diren publizitatea, kableak, antenak eta kondukzioak jartzea, salbu eta eremu arkeologikoarekin eta monumentuarekin lotura badute eta harekin harmonian badaude.
D) Bideak hobetzeko eta egokitzeko lanak baimentzen ahalko dira, baldin eta kultur eta ingurumen helburuekin eta aitortutako erabilerak mantentzeko egiten badira, eta, betiere, gauzatzen direnean kontrol arkeologikoa izanik.
E) Metalen detektagailua helburu ez-zientifikoetarako erabiltzea arau-hauste astun edo oso astun gisa hartuko da, kalteak norainokoak diren, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 101. eta 102. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
F) Eremu babestuan egin nahi den edozein esku hartzek adierazi diren baldintzak gainditzen baditu, kultura arloan eskumena duen departamentuaren aldez aurreko baimena beharko du, aipatu foru legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
4. Agintaritza eskudunei jakinaraztea eremu arkeologikoa eta monumentua babesteko indarra duten hirigintza antolamenduko tresnak idatzi eta/edo egokitu beharko dituztela, aipatu foru legearen 37. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5. Ebazpen hau igortzea Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira eta Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistro Orokorrera, zeina atxikita baitago Kultura eta Kirol Ministerioko Ondare Historikoaren Erregistroaren eta Dokumentazioaren Zuzendariordetza Nagusiari, prebentziozko idatzoharra egiteko, eta Murillo el Cuendeko Udalari eta interesdunei jakinaraztea, deklarazioak ukitzen dituenen zerrendaren arabera.
6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta argitaratzen den egunaren biharamunetik 30 eguneko epea ematea jendaurrean egon dadin, interesdunek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahal izateko.
Iruñean, 2026ko otsailaren 5ean.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.
ARRADA ZAHARRA. INTERES KULTURALEKO ONDASUNAREN PERIMETROA

Iragarkiaren kodea: F2601855