40. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

24C/2026 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana; honen bidez erabaki da Cortesko Udalaren zerbitzuan ari diren funtzionario publikoen eta lan-kontratudunen akordioa edo itun mistoa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Cortesko Udaleko funtzionarioen eta lan-kontratudun langileen akordioa edo itun mistoa aztertu da (kode zenbakia: 31100090142026), erregistro honetan 2023ko urtarrilaren 21ean sartu zena, Udalaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2025eko abenduaren 29an izenpetua.

Funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen gaineko laneko agintaritzak akordioaren testuaren kontrol formalaren eskumena besterik ez du betetzen, egiaztatzeko Langileen Estatutuaren 85.3 artikuluan hitzarmen kolektiboendako ezarritako gutxieneko edukia betetzen duela.

Aurrekoa gorabehera, ohartarazi behar da toki erakundeak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren eta hura garatzeko erregelamenduen aplikazio-eremuaren mende daudela, eta haietan jasotako arauak aginduzkoak direla, eta ez gutxienekoak.

Honako hauetan xedaturikoari jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 84.3 artikulua; Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak; eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Cortesko Udalaren zerbitzuan ari diren funtzionario publikoen eta lan-kontratudunen akordioa edo itun mistoa (kode zenbakia: 31100090142026) Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila xedatzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2026ko otsailaren 5ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

CORTESKO UDALAREN FUNTZIONARIOEN ETA ADMINISTRAZIO-KONTRATUDUNEN ENPLEGU BALDINTZAK HOBETZEKO AKORDIOA

Cortesko Udalak, 2026ko urtarrilaren 8ko bilkuran, Cortesko Udalaren funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen enplegu baldintzak hobetzeko akordioa onartu zuen, jarraian aipatzen diren baldintzetan:

"Alde batetik, Concepción Ausejo Gómez andrea, Cortesko Udaleko alkate-presidentea (P3107700A), Cortesko Udalaren izenean eta hura ordezkatuz.

Eta, bestetik, María Pilar Giménez Pacheco andrea, Javier Catalán Ibáñez jauna eta Francisco Javier Uriel Castro jauna, funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen ordezkariak Cortesko Udaleko Negoziazio Mahaian.

Adierazten dute:

1. Ados daudela Cortesko Udaleko funtzionarioen eta administrazio araubideko aldi baterako lan kontratudunen enplegu baldintzak hobetzeko akordio hau sinatzean.

2. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren 84.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, behin akordioa sinatu eta onetsirik, bulego publiko edo administrazio organo eskudunera igorriko da eta berehala argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Eta behar diren ondorioak izan ditzan, bertaratutako guztiek agiri honen bi ale sinatu dituzte, idatziaren hasieran aipaturiko lekuan eta egunean.

HITZAURREA

Cortesko Udalak eta erakunde publiko horretako funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen ordezkariek adostu dute, zerbitzu publikoak eraginkorrak eta kalitatekoak izanen badira, giza baliabideek ere halakoak behar dutela, eta, gainera, hori guztia bateragarria izan behar dela langileen enplegu baldintzak hobetzearekin.

Administrazioak eguneratuta egon behar du gizartearen eskakizunei erantzuteko erronkan, eta eraginkortasuna, arintasuna eta kalitatea erakutsi behar ditu.

I.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Akordio honek Cortesko Udaleko funtzionarioen eta administrazio araubideko aldi baterako lan kontratudunen enplegu baldintzen hobekuntzari eragiten dio.

2. artikulua. Indarraldia eta iraupena.

Akordio hau 2026ko urtarrilaren 1etik 2027ko ekainaren 17ra arte egonen da indarrean, Udalaren Osoko Bilkurak onartu ondoren.

3. artikulua. Hitzarmena salatzea eta indarraldia luzatzea.

1. Akordioaren salaketa edozein alderdik egiten ahal du, baina, gutxienez, indarraldia agortu baino 3 hilabete lehenago aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, akordioa salatuta, horrek indarrean jarraituko du, beste akordio batek ordeztu arte.

2. Salaketa egiteko, salatzea egiten duen alderdiak idatzi bat helaraziko dio besteari modu fede-emailean.

3. Hemen itundutako akordioak lotesleak izanen dira bi alderdientzat hurrengo akordioa izenpetu arte.

4. Akordioa behar bezala salatzen ez bada, urtetik urtera luzatuko da.

4. artikulua. Arau osagarriak.

Udala, nola ez, prest dago bere langileekin edo haien ordezkariekin bildu, eta laneko alderdiak hobetzeko proposatzen zaizkion proposamen guztiak baloratzeko.

Akordio honetan espresuki jasotzen ez diren gaiak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzura ari diren langileentzat sinatutako akordioen, hitzarmen arauen eta indarreko lege xedapenen bidez arautuko dira.

Akordio hau indarrean den bitartean aldeek formaren zuzenketei, aurreikusi gabeko hobekuntzei eta, oro har, itundutako beste gai batzuei buruzko akordioak lortzen badituzte, akordio horiek dokumentu honen eranskinetan sartuko dira, betiere izapide ofiziala egin eta lan administrazioko agintaritzak horren berri izan ondotik.

5. artikulua. Hitzarmen kolektiboa interpretatzea.

Akordio hau interpretatzetik edo betetzetik eratorritako gatazka kolektiboak, nolanahi ere, Negoziazio Mahaiari aurkeztuko zaizkio, eta bitartekari bat edo batzuk izendatzen ahalko dituzte, adostasunez, baldin eta negoziazioan ados jartzea ezinezkoa bada edo akordio edo itunak betetzean gatazkak sortzen badira, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, abuztuaren 30ekoak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategina onesten duenak 84.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

II. –ERABAKIAK

6. artikulua. Kategoria handiagoko eta txikiagoko lanak eta mugigarritasun funtzionala.

Hala eskatzen duten salbuespenezko egoeretan eta behar bezala justifikatuta ez bada, langile batek ez ditu egin beharko beheragoko lanbide talde bati dagozkion eginkizunak.

Langileak goragoko kategoria bateko zereginetara bideratzen direnean, langile horiek kategoria horretako ordainsariak jasoko dituzte egiten dituzten denboran eta lanaldian.

Titulazioa ezinbesteko baldintza bada, ez da titulazio hori ez duen inor esleitzen ahalko goragoko kategoriako lan horietarako, baldin eta ez bada behar bezala justifikatutako salbuespenezko egoerak direla eta.

7. artikulua. Lanalditik kanpo egindako orduengatiko lanaldiaren konpentsazioa.

1. Baldin eta Cortesko Udalak antolatutako jarduerak edo ekitaldiak behar bezala garatzeko (zehazki, San Joan jaietan edo San Migel jaietan), brigada-zerbitzuetako eta udaltzain-zerbitzuko langileen arduraldia behar badu, hau da, zerbitzu osagarrien lanpostuena, lanegun ez diren egunetan ezarritako lanalditik kanpo, lan hori atseden-denboraz konpentsatzen ahalko da, eta konpentsazio hori kalkulatzeko jaieguntzat hartuko dira adierazitako egunak.

2. Aldeek konpromisoa hartzen dute ezarritako lanalditik kanpoko orduak murrizten saiatzeko, behar-beharrezkoak direnetara mugatuz.

3. Halaber, zerbitzu batean ezarritako lanalditik kanpo egindako guztizko orduak gehiegi direla irizten bada, plantilla handitzeari buruzko azterketa eginen da.

8. artikulua. Administrazio zerbitzurako lanaldia aldatzeko aukera.

Administrazio zerbitzuko eta herritarren arreta zerbitzuko langileek lan egiten ahalko dute ekainaren 22an eta 23an, eta horien ordez beste bi egun hartzen ahalko dituzte, hala eskatuta eta Alkatetzak onartuta, baldin eta herritarren arreta zerbitzua ematen jarraitzen bada, ekaineko bi egun horien ordez hartutako egunetan.

9. artikulua. Laneko osasunaren / lan arriskuen prebentzioa, pantailekin lan egiten duten langileen lanpostuaren eta ikusmen beharren arabera egokitutako betaurreko berezien edo lentillen hornidura.

Pantailekin lan egiten duten langileei beren lanpostuaren eta ikusmen beharren arabera egokitutako betaurrekoak edo lentillak eskuratuko dizkie Udalak.

Hiru urtez behin betaurrekoak edo lentillak berritzeko aukera izanen dute –lehenago ikusmen aldaketa handirik ez badute–, medikuaren txostenarekin behar bezala justifikatuz gero.

Langile bakoitzari graduazioagatik dagozkion kristalak, bai eta armazoia edo lentillak ere, Cortesko optikak edo optikek dituzten oinarrizko modeloetakoak izanen dira.

Langileak kalitate hobeagoko edo prezio garestiagoko kristal, armazoi edo lentilla modeloak erosten ahalko ditu, oinarrizkoekiko diferentzia berak ordainduta.

10. artikulua. Bizi aseguru kolektiboaren eta istripu aseguru kolektiboaren poliza.

Cortesko Udalak dagoeneko baditu bizi eta istripu aseguru kolektiboen polizak bere langileentzat. Udalak konpromisoa hartzen du, ahal duen heinean, egungo aseguruen estaldurak hobetzeko, Nafarroako urteko KPIaren igoeraren balioa bermatuz, gutxienez; horregatik, pertsonako aseguratutako kapitalak/kopuruak berrikusiko eta KPIaren arabera eguneratuko dira.

11. artikulua. Laguntza juridikoa.

Cortesko Udalak laguntza juridikoa emanen die zeinahi eratako prozesu judizialetan dauden langileei, gertaerak Udalak agindutako eginkizunetan aritzeagatik gertatu badira.

12. artikulua. Soldata aurrerakinak ematea.

1. Kasu berezietan, soldata ordaintzeko eguna iritsi baino lehen, soldata aurrerakinak ematen ahal dira, egindako lanari dagozkionak. Aurrerakin horiek ematea edo ukatzea Alkatetzaren esku dago.

2. Aparteko aurrerakinak eskatzen ahal dira, 4.500,00 euro bitartekoak, kasu hauetan:

a) Ezbeharrak etxebizitzan edo ibilgailuan: sutea, lapurreta, istripua, uholdea, etab.

b) Une oso larriak familian.

c) Alkatetzaren iritziz antzeko garrantzia duten beste kasu batzuk.

3. Eskabidearekin batera, zeina Alkatetzara zuzenduko baita, eskaera bermatzeko eta ebazteko behar diren egiaztagiri guztiak aurkeztuko dira.

4. Aurrerakin horiek 18 hilekotan, denak berdinak eta jarraian, itzuliko dira. Aparteko pagak dituzten hilabeteetan hileko soldata arrunt bati dagokiona halako bi deskontatuko da.

5. Aparteko aurrerakina jasotzen duen funtzionarioak ez ditu amortizazioko hiletan 1. apartatuan aurreikusitako soldata aurrerakinak eskatzen ahalko. Halaber, ez da aparteko aurrerakin gehiagorik eskatzen ahalko, aurretik emandakoa guztiz itzuli arte.

13. artikulua. Lanbide prestakuntza.

Prestakuntza, aldi berean, beharrezkoa eta betebehar profesionala dela aintzat hartuta, baita funtsezko faktore bat ere, langileen motibazioa handitzeko, mailaz igotzeko eta mugigarritasuna bultzatzeko, Cortesko Udalak konpromisoa hartzen du prestakuntzaren eskaintza handitzeko; horretarako, langile guztien eta haien ordezkarien laguntza izanen du, arlo eta lanpostu bakoitzak zer behar dituen, eta zer ikastaro eta prestakuntza inplementatu ikusteko.

Langile publikoei prestakuntzarako erraztasunak eman nahian, Udalak konpromisoa hartu du neurri hauek hartzeko, betiere zerbitzuaren kudeaketak eta lanaren antolaketak horretarako bidea ematen badute:

a) Langileei erraztasunak emateko, lan orduetan Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak, Osasun Departamentuak, Kultura eta Turismo Departamentuak, Hezkuntza Departamentuak, Animsak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, Espainiako Udal eta Probintzien Federazioak eta antzeko organoek antolaturiko prestakuntza ikastaroetara joateko, haien edukia funtzionarioaren lanpostuari edo lanbide karrerari lotua bada.

b) Baimen ordainduak ematea lanbide prestakuntza eta hobekuntzako aurrez aurreko ikastaroetara joateko, haien edukia zuzenean lanpostuari edo enplegatuaren lanbide karrerari lotua bada.

Kasu guztietan, ikastarora joan dela eta/edo aprobetxatu duela frogatzen duen agiria aurkezteko eskatuko zaio langileari.

Ikastaro horiek guztiak Alkatetzak onetsi behar ditu, aldez aurretik zerbitzu bakoitzeko arduradunak aurkeztuta.

III.–AZKEN XEDAPENA

Akordio hau Udaleko Osoko Bilkurak onartu beharko du, hala badagokio, eta 2026ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izanen du. "

Iragarkiaren kodea: F2601957