Iragarkia
40. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 24a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
7C/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila Zizur Nagusiko Musika Eskolako Patronatuaren hitzarmen kolektiboa.
Aztertu da Zizur Nagusiko Musika Eskolako Patronatuak aurkeztu duen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31102080012023), erregistro honetan 2025eko abenduaren 24an sartu zena, erakundearen enpresa ordezkaritzak eta ordezkaritza sindikalak 2025eko azaroaren 21ean sinatuta.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuari dagokionez,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Zizur Nagusiko Musika Eskolako Patronatuak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31102080012023).
Bigarrena.–Agintzea argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 14an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
2025-2027ko HITZARMEN KOLEKTIBOA
ZIZUR NAGUSIKO MUSIKA ESKOLAKO UDAL PATRONATUA
Zizur Nagusian, 2025eko azaroaren 21ean.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA.–EREMUAK
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Zizur Nagusiko Musika Eskolako Udal Patronatuaren eremuan aplikatuko da.
2. artikulua. Denbora eremua.
Hitzarmen kolektibo honen iraunaldia 2025eko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra artekoa izanen da.
Onesten den egunean hartuko du indarra, baina ondorio ekonomikoak, atzeraeraginez, 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira.
Langileen Estatutuaren 85. artikuluan ezarritako ondorioetarako, bi alderdietako edozeinek hitzarmen kolektibo hau espresuki salatzen ahalko du 2027ko uztailaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra bitarte. Hitzarmena salatzen ez bada, urteka luzatuko da.
3. artikulua. Eremu pertsonala.
Hitzarmen kolektibo honek Zizur Nagusiko Musika Eskolako Udal Patronatuarentzat lan egiten duten langile guztiei eragiten die, kontratua finkoa edo behin-behinekoa izan.
II. KAPITULUA.–BATZORDE PARITARIOA
4. artikulua. Eraketa.
Lan hitzarmen kolektibo hau onetsi eta hurrengo hilabete naturalean batzorde bat eratuko da, Zizur Nagusiko Musika Eskolako Udal Patronatuaren (hemendik aurrera, Patronatua) eta langileen bina ordezkarik osatua, eta kideetako edozeinek eskaturik bilduko da. Batzorde horren eginkizunak hitzarmen kolektibo honetan ezarritakoa interpretatzea eta bitartekaritza, arbitrajea eta segimendua egitea izanen dira.
Batzorde paritarioa bi alderdietako edozeinek deitu eta gehienez ere 20 eguneko epean bilduko da, eta erabakiak hartuko ditu lehen bilera egin eta hurrengo 30 egunen barnean.
Desadostasuna batzorde paritarioan konpontzen ez bada, alderdiek men eginen diete Nafarroako Lan Auzitegian adiskidetze- eta bitartekaritza-faseetan gatazkak konpontzeko aurreikusitako prozedurei. Orobat, arbitrajearen irtenbidea har dezakete horretarako adostasuna badago.
Beraz, artikulu honek balio du alderdiek berariaz onartzeko gatazkak konpontzeko arbitraje-organo hori, eraginkortasun orokorrarekin, eta ondorioz, itunak enpresa, ordezkari sindikalak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak aipatu organoaren bitartekaritza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera, epaitegietara jo aitzin.
III. KAPITULUA.–LANGILEEN SAILKAPENA
5. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lanaren diziplina eta antolaketa Musika Eskolako Patronatuaren beraren ahalmenak dira eta Langileen Estatutuan eta hitzarmen kolektibo honen aplikazio funtzionalaren eremuan sartutako enpresei aplikatzen zaizkien gainerako lege xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio.
II. TITULUA.–LANGILEAK
I. KAPITULUA.–LANGILEEN SAILKAPENA
6. artikulua. Talde eta kategoria profesionalak.
Hitzarmen kolektibo honen aplikazio eremuaren barrenean dauden langileak, beren titulazioaren eta eskolan egiten duten benetako lanaren arabera, honako talde profesional hauetako batean sartuko dira eta, haren barrenean, kategorietako batean:
1. taldea.–Irakasleak: irakasle titularra.
2. taldea.–Administrazioko eta zerbitzuetako langileak: administrari-ofiziala eta etxezaina.
7. artikulua. Kategorien definizioa.
Irakasle titularra: aplikagarri den legeriak eskatzen duen titulazio akademikoa izanda, irakaskuntzan jarduten duena programak behar bezala garatzeko, ikastetxeak ezarritako esparru pedagogiko eta didaktikoaren barrenean.
Administrari-ofiziala eta etxezaina: Musika Eskolako zuzendariaren edo enpresaren titularraren agintepean, bere karguak berezko dituen eginkizunetan aritzen da, ekimenez eta erantzukizunez. Ikastetxeko beharrei kasu eman, bisitei harrera egin eta Musika Eskolako gela eta guneak zaintzeaz arduratzen da.
8. artikulua. Aldi baterako kategoria funtzionalak.
Musika Eskolako zuzendariaren eta zuzendariordearen karguak aldi baterako kategoria funtzionalak dira.
Kategoria horiek Musika Eskolako Patronatuko buruak, hango klaustroak proposatuta (zuzendariaren kasuan), esleituko ditu irakasleen artean, bete ditzaten karguan aritzeko denbora epe zehatz baterako; kategoria horiek ezin dira finkatu.
Zuzendariak, ikastetxeko titularrak aginduta, bertako jarduera guztiak zuzendu, bideratu eta gainbegiratuko ditu.
Zuzendariordea: Musika Eskolako zuzendariak proposatuta izendatuko da. Zuzendariarekin elkarlanean aritzen da, eta, hura ez dagoenean, haren ordezkoa da.
II. KAPITULUA.–LANGILEEN KONTRATAZIOA ETA LANGILEEK LANA UZTEA
9. artikulua. Kontratazioa.
Hitzarmen kolektibo honek ukitzen dituen langileak egun udal patronatuen arloan indarrean dauden legezko arauei jarraikiz kontratatzen ahalko dira.
Hori aldi baterako kontratuei ere aplikatuko zaie, indarra duen araudira egokitu beharko baitira.
Lanaldi partzialeko modalitatean kontratatutako langileei aukera emanen zaie, lehentasunez, beren lanaldia luzatzeko, enpresak behar baldin badu eta, Patronatuaren iritziz, posturako baldintzak betetzen badituzte. Hala zehaztuko da kontratuaren aldaketan.
10. artikulua. Probaldia.
Hitzarmen honen aplikazio eremuan kontratatzen diren langileek probaldi bat gainditu beharko dute, zein lanbide kategoriatan aritzen diren, honenbestekoa, honela:
a) 1. taldeko langileak: lau hilabete.
b) 2. taldeko langileak: bi hilabete.
Probaldiak balio izanen du antzinatasunaren ondorioetarako.
11. artikulua. Lanpostu hutsak.
Ikastetxean lanpostu hutsak honelakoetan gertatzen dira:
a) Lan harremana azkentzearen ondorioz langile baten baja gertatzean.
b) Plantilla handitzean.
2. artikulua. Lana norbere borondatez uztea.
Enpresaren zerbitzua bere borondateaz utzi nahi duen langileak titularrari jakinaraziko dio, idatziz, aurreabisua emateko epe hauek beteta:
a) Irakasleak: hamabost egun.
b) Gainerako langileak: hamabost egun.
Ez bada betetzen aldez aurretik abisatzeko betebehar hori, Musika Eskolako Zuzendaritzak eskubidea izanen du haren likidaziotik 2 eguneko soldata kentzeko aurreabisua emateko atzeratu den egun bakoitzeko, aurreabisua emateko ezarritako egunen mugarekin.
Patronatuak aurreabisua behar den epean eta moduan jasotzen baldin badu, langileari likidazioa eman beharko dio, alderdien arteko lan harremana azkentzen den egunari dagokiona. Betebehar hori betetzen ez baldin bada, langileak eskubidea izanen du jaso behar duen likidazioaz gainera haren %20 adinako kalte-ordaina kobratzeko.
III. TITULUA.–LAN BALDINTZAK
I. KAPITULUA.–LANALDIA
13. artikulua. Irakasleen lanaldia.
Musika Eskolako Patronatuan lanean aritzen diren irakasleek lanaldi hau izanen dute:
Asteko lanaldia hogeita hamahiru ordukoa izanen da. Astelehenetik ostiralera, honela banatuko da lanaldia:
a) Zuzeneko irakaskuntzako 22 ordu ikasleekin.
b) Musika Eskolan egon beharreko eta eskolarik gabeko hiru ordu, irakasleen arteko talde lanean, koordinazioan, ikasle eta gurasoei arreta ematen eta berariazko beste zenbait zereginetan aritzeko.
c) Astean Musika Eskolan zuzeneko arreta emateko finkatutako denbora gainditzen duen ordutegia irakaskuntzako jarduerak (eskola-orduak edo eskolarik gabekoak izan) prestatzeko erabiliko da, hobekuntza profesionalerako eta, oro har, Musika Eskolak ikasleekin, gizartearekin eta udalerriarekin bete behar dituen berariazko eginbehar espezifikoetarako.
Lanaldi partzialeko kontratua duten irakasleek eskola-ordutzat hartzen ez den denbora bat eman beharko dute Musika Eskolan, proportzionalki dagokiena, eta beren kontratuan Musika Eskolatik kanpoko eskolarik gabeko denbora ere agertuko da.
Zuzendari kategorian aritzen denak 8 eskola-ordu gutxiago izanen ditu astean. Ordu horiek zuzendaritza lanetarako erabiliko ditu.
Zuzendariorde kategorian aritzen denak 4 eskola-ordu gutxiago izanen ditu astean. Ordu horiek zuzendaritza lanetarako erabiliko ditu.
Ordu murrizketa horrek ez du ekarriko Musika Eskolaren aurrekontua handitzea.
Musika Eskolan egon beharreko eskolarik gabeko orduak eskola-orduak balira bezala zenbatuko dira.
Urteko orduen kopurua: 1.221 ordu, eta horietatik 925 Musika Eskolan egon beharrekoak dira.
Hitzarmen honen indarraldian 57 urte bete eta lanaldi osoa duten irakasleek bi ordu kenduko dituzte asteko eskola-orduetatik, eta horiek ordu osagarri bihurtuko dira, ikastetxean egon beharrekoak. Era berean, lanaldi erdia edo gehiago duten irakasleek, berriz, ordu bat kenduko dute astean eskola-orduetatik eta ordu hori osagarri bihurtuko da, ikastetxean egon beharrekoa. Murrizketa horiek ikasturtearen hasieratik aplikatuko zaizkie ezarritako adina abenduaren 31 baino lehen betetzen duten irakasleei.
14. artikulua. Irakasle ez diren langileen lanaldia.
Irakasle izan gabe Musika Eskolan aritzen diren langileek astelehenetik ostiralera banatuko dute asteko lanaldia.
Irakasle ez diren langileen lan egutegia, ahal den heinean, irakasleen egutegiari egokituko zaio eta Musika Eskolako zuzendaritzak gainbegiratuta eta haren ardurapean eginen da.
Benetako lanaldia, astean, 36 ordu eta 40 minutukoa izanen da, eta urtean 1.592 ordukoa.
Dagokion foru arauak hitzarmen honetan adierazten denaz besteko urteko lanordu kopurua ezarriko balu Nafarroako Administrazio Publikoetako langileentzat, automatikoki aplikatuko litzaieke kopuru bera Zizur Nagusiko Musika Eskolako irakasle ez diren lan-kontratudun finkoei eta aldi baterako langileei.
15. artikulua. Lanaldiaren konputua.
Eskolan egote hutseko orduak ez dira lanordutzat hartuko.
Musika Eskolako Patronatuaren edo Eskolako Zuzendaritzaren eta langilearen artean akordioa baldin badago, ordu batzuetan langilea Musika Eskolan haientzako lanak egiteko, ordu horiek ez dira egote hutsekotzat hartuko.
16. artikulua. Aparteko orduak.
Hitzarmen honetan ezarritako lanaldia gainditzen duten orduak apartekoak izanen dira. Musika Eskolako Patronatuari dagokio orduak egitea proposatzeko ekimena, Eskolako zuzendaritzaren argudioak entzun ondoren eta langileak borondatez onartzen badu.
Musika Eskolaren beharrak betetzeko, asteko lanorduen kopurua gainditzen duten orduak eginez gero, ordu bakoitzeko atsedenaldiko bi ordu zenbatuko dira, urteko kopurua gainditu gabe.
Aparteko orduen gehieneko kopuruari dagokionez, legez ezarritakoari jarraikiko zaio.
17. artikulua. Lan egonkortasuna.
Behar diren neurriak hartuko dira plantilla egonkortze aldera eta lanaldi osoa ez duten langileen lanaldia luzatzeko.
II. KAPITULUA.–OPORRAK ETA BAIMENAK
18. artikulua. Urteko oporrak.
Hitzarmen honek ukitzen dituen langile guztiek 30 eguneko opor ordainduak izanen dituzte gutxienez jarduneko zerbitzuan emandako urte oso bakoitzeko. Jarduneko zerbitzuan emandako aldia urtebetetik beherakoa izan bada, opor egunak proportzioan aterako dira.
Oporrak, nagusiki, uda garaian hartuko dira eta gai horri buruz lan arloko legeetan ezarritakoari jarraikiz ezarriko dira.
Langileen oporraldia egutegian ezarriko da eta Musika Eskolako Patronatuko Batzordeari aurkeztuko zaio ikasturtea hasi baino lehen, hark onets dezan.
Lan egutegian musika eskolaren beharrak kontuan hartuko dira.
19. artikulua.
1. Aste Santuan eta eguberrietan, irakasleek Musika Eskolak ikasleentzat finkatuko duen oporraldi bera izanen dute.
2. Irakasle ez diren langileek, Aste Santuan, gutxienez sei egun naturaleko atsedenaldirako eskubidea izanen dute, eta eguberrietan, zortzi egun naturalekoa.
3. Irakasle ez diren langileek lau opor egun izanen dituzte urtean zehar: bi egun Musika Eskolako zuzendaritzak zehaztuko ditu eta beste biak langileak, 14. artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe.
20. artikulua. Baimen ordainduak.
Langileek, eskaera justifikatuz gero, baimen ordaindua eskatzeko eskubidea dute honako arrazoi hauengatik:
a) Hogei egun natural, ezkonduz gero.
b) Bost lanegun, odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaide baten eritasun larria, ospitalizazioa, etxean atsedenaldia behar duen ospitalizaziorik gabeko ebakuntza kirurgikoa, etxeko ospitalizazioa edo heriotza denean. Egunak aukeratzen ahal dira eritasunak edo ospitalizazioak iraun bitartean.
c) Lau egun lanera ez joateko, ezinbesteko arrazoiengatik, premiazko edo ustekabeko familia-arrazoiengatik, eritasuna edo istripua dela-eta berehala joatea ezinbestekoa bada.
d) Lanegun bat, ohiko etxebizitza aldatzeko eta bigarren mailara arteko ahaideen ekitaldi sozialetarako (ezkontzak). Baimena eragin duen ekitaldia egiten den eguna hartuko da.
e) Saihestu ezin daitekeen betebehar publiko edo pertsonal bat, lanorduetatik kanpo ezin egin dena, betetzeko behar den denbora.
f) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza-lanetan aritzeko denbora, legeetan ezarritakoari jarraikiz.
g) Behar-beharrezkoa den denbora, erditu aurreko azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, lanorduetan egin behar badira.
h) Bi egun, ezkontidearen, seme-alaben eta gurasoen kirurgia handi anbulatorioagatik. Ondorio horietarako, kirurgia handi anbulatoriotzat hartuko dira, aplikatzen den anestesiari begiratu gabe, ebakuntza egin eta denbora batera, ebakuntzaren egun berean, gaixoak etxera itzultzen direneko prozedura kirurgikoak.
i) Kontsulta, tratamendu edo azterketa medikoetara joateko, edo langilearen seme-alabei, gurasoei edo ezkontideari lagun egiteko: behar adinako denbora, Iruñean edo Iruñerrian bada, eta egun bat gainerako kasuetan; hori guztia medikuaren beharrezko justifikazioarekin eta bestelako ordu aukerarik ez badago.
j) Emakumeen kontrako genero indarkeriagatik. Genero indarkeriaren biktimak diren emakumezko langileak egun osoz edo ordu batzuetan lanera ez joatea justifikatutzat joko da, laguntzarako edo osasunerako gizarte zerbitzuek, kasuan-kasuan, ezartzen dituzten denbora eta baldintzetan.
a), b), c), d), h) eta i) atalak izatezko bikotekideei eta lege-tutoreei ere aplikatuko zaizkie, egoera hori egiaztatuz gero.
Ikasturtean, irakasleek eskubidea izanen dute gehienez lanegun bateko baimen ordaindua (edo, zerbitzualdia laburragoa izan bada, proportzioan dagokiena) hartzeko, aurreko ataletan sartzen ez diren eginkizun partikularretarako. Baimen hori zerbitzuaren beharren arabera emanen da.
21. artikulua. Amatasuna eta aitatasuna.
Langileek lansari osoa kobratzeko eskubidea izanen dute amatasun- eta aitatasun-baimenetan, indarra duen legediaren arabera eta hartan ezarritako baldintzetan.
22. artikulua. Ordaindu gabeko baimenak.
Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiek gehienez hamabost egun naturaleko soldatarik gabeko baimena eska dezakete ikasturte bakoitzeko. Zuzendaritza taldearen erantzukizuna da baimena eman edo ukatzea, eskolaren beharren arabera.
23. artikulua. Esnea ematea.
Hamabi hilabetetik beherako seme edo alabari esnea ematen dioten langileek eskubidea dute lanetik ordubetez joateko. Denbora hori ordu erdiko bi zatitan banatzen ahal dute. Langileak, hala nahi badu, eskubide horren ordez lanaldia ordu bat murrizten ahal du, helburu bererako. Baimen hau amak nahiz aitak hartzen ahal du, unean-unean indarra duen araudiaren arabera. Halaber, langileak aukeratzen ahal du baimen hori lanaldi osotan metatu eta 15 laneguneko baimena hartzea.
24. artikulua. Lanaldi murrizketa.
Lanaldiaren %50era bitarteko murrizketa (ordainsarietan ere behar den murrizketa proportzionala eginda) aurrerantzean aplikatu beharreko araudian jasotzen diren kasuetara egokituz joanen da, eta, horrelakoetan, arau hauei jarraikiz jokatuko da:
24.1. Lanaldi murrizketa aukeratzen ahal dute egoera hauetako batean dauden lan-kontratudunek:
a) Langileak hamabi urtetik beherako haur baten edo legez aitorturiko desgaitasuna duen pertsona baten legezko zaintza duenean.
b) Langilearen ezkontideak edo bikotekide egonkorrak edo odol nahiz ezkontza bidezko lehen mailako ahaide batek desgaitasuna badu.
c) Langileak zaindu behar duenean adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen odol edo ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaide bat.
d) Genero indarkeriaren biktima izan diren emakumezko langileek, egiaz babestuak izan daitezen eta gizarte laguntza integrala izan dezaten, eskubidea izanen dute lanaldia murrizteko, hura beharrezkoa denean, ordainsaria hein berean murriztuta, edo beren lan denbora berrantolatzeko, ordutegia egokituz edo lan denbora antolatzeko aplika daitezkeen beste bide batzuk erabiliz, Patronatuak kasu horietarako ezartzen dituen baldintzekin.
24.2. Lanaldi murrizketa honako kasu hauetan ere onartzen ahalko da, betiere zerbitzuaren beharrek horretarako aukera ematen badute:
a) 55 urteko edo gehiagoko langilea izateagatik. Kasu horretan, Patronatuak konpromisoa hartzen du ordainsari guztien %100 kotizatzeko.
b) Langileak lanerako aldi baterako ezintasunik edo ezintasun iraunkorrik sor ez dezakeen eritasuna badu, edo osasun arrazoiak direla-eta denbora luzea pasa ondoren lanera itzultzen bada, lan arriskuen prebentziorako zerbitzuak hari buruz emandako txostenaren arabera.
c) Langileak, legezko zaintza dela medio, zuzenean bere kargu badu 12 eta 16 urte (biak barne) bitarteko haur bat.
d) Langilearen interes partikularrengatik.
Lanaldi murrizketaren kasu honetan eta haren balizko luzapenetan, ez da inola ere baimenduko murrizketa-aldia aldez aurretik bukatzea, non eta langileak ez duen hasten amatasunagatik edo aitatasunagatik ordaindutako baimen bat edo ez zaion aitortzen jardunekoa ez den beste administrazio egoera bat.
Lanaldia murrizten den kasuetan, Patronatuak %100eko kotizazioa ordainduko dio Gizarte Segurantzari, erretiro garaian portzentajerik ez galtzeko. Egoera hori lanaldi murrizketaren honako kasu hauetan izanen litzateke aplikatzekoa:
–55 urtetik gorakoak izatea.
–Norberaren eritasuna.
–Bere kargura dauden adinekoak zaintzea.
–Liberazio sindikala.
–12 urtetik beherako adingabe bat edo desgaitasuna duen norbait zuzenean zaintzea.
–Genero-indarkeriaren biktimak.
24.3. Eskubide hori ezkontideetako batek bakarrik baliatzen ahalko du, 24.2 artikuluaren a) eta b) puntuetarako izan ezik.
24.4. Lanaldi murrizketa lortzen duten langileak denbora tarte horretan ezin izanen dira beste ezein lanbide jarduera edo lanpostu ordaindutan aritu.
24.5. Organo eskudunak ebatziko du lanaldi murrizketaz, interesdunak eskatuta. Eskabidearekin batera, familia-liburuaren edo eskaera arrazoitzen duen ziurtagiri ofizialen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.
24.6. Lanaldiaren murrizketa, oro har, egunero eginen da, langileak ezarria daukan lanaldiaren lehen eta/edo azken orduetan, zerbitzuaren beharren arabera.
Edonola ere, Patronatuak konpromisoa hartzen du lanaldia murrizteko beste bide batzuen aplikazioa errazteko, urteko konputua erabiliz eta ez egunekoa, posible izan dadin bizitza pertsonala, familia eta lana bateratzea, kasu zehatz bakoitza aztertuz, betiere zerbitzuaren beharrek aukera ematen badute.
24.7. Lanaldi murrizketak berekin dakar langilearen ordainsari guztiak proportzionalki murriztea, familia-laguntza salbu.
24.8. Era berean, kotizazio sozialak eta dagozkien deskontuak lanaldi murriztuari dagozkion ordainsarien arabera kalkulatuko dira, 2.a) atalekoa salbu.
24.9. Lanaldia murrizteko aldia bukatu baino lehen luzapena eskatzen ahalko da, baldin eta murrizketa emateko baldintzak aldatu ez badira.
24.10. Aurreikuspen sozial osagarriko sistemen kotizazioa.
Lanaldi murrizketaren, eszedentzien eta pertsonak zaintzeko baimenen kasuetan, ordainsarien %100 kotizatuko da aurreikuspen sozialeko sistemetan.
III. KAPITULUA.–ERRETIROAK
25. artikulua. Erretiroak.
Unean-unean indarra duen araudian eskatutako baldintzak betetzen dituzten langile lan-kontratudunek Langileen Estatutuan eta hura garatzen duten erregelamenduzko xedapenetan aurreikusitako erretiro partzialeko kontratua sinatzen ahalko dute. Enpresak nahitaez onartu beharko du, eta dagokion errelebo kontratua prestatuko du, indarreko legediaren arabera, erretiro partzial hori benetan bete dadin.
IV. KAPITULUA.–ESZEDENTZIAK
26. artikulua. Eszedentzia.
Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke, hurrengo artikuluetan ezarritako moduan.
Bi kasuetan, langileak ez du ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izanen, eskubide sindikalei buruzko atalean ezarritakoa izan ezik.
27. artikulua. Nahitaezko eszedentzia.
Nahitaezko eszedentzia hartzeko arrazoiak honako hauek dira:
a) Lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izatea.
b) Probintzian edo eremu zabalago batean eginkizun sindikaletan aritzea, baldin eta langilearen sindikatuak hitzarmen honen negoziazio esparruan ordezkagarritasun nahikoa badu.
c) Ikasturte bateko atsedena hartzea lanbide hobekuntza egin nahi duten irakasleek, ikastetxe berean hamar urtez jardunean aritu ondotik. Hobekuntza egin beharra eskola hezkuntza berrikuntzetara egokitzearen ondorioa baldin bada, eskolan jardunean aritutako denbora lau urtera murriztuko da.
28. artikulua.
Nahitaezko eszedentzian dagoen langileak eskubidea izanen du lanpostua gordetzeko, egoera horretan egon bitarteko antzinatasuna kontatzeko eta, bukatutakoan, Musika Eskolan berriz sartzeko.
Eszedentzia ekarri zuen arrazoia desagertuta, langileak 30 egun natural izanen ditu Musika Eskolara itzultzeko, eta hala egin ezean, behin betiko baja emanen zaio bertan.
Nahitaezko eszedentzia besterik gabe eman behar da, behar diren frogagiriak aurkeztu ondoren.
29. artikulua. Borondatezko eszedentzia.
Hitzarmen honetan sartutako langile orok eskubidea izanen du borondatezko eszedentzia eskatzeko, eskaera idatziz egin ondoren. Eszedentzia hori emateko, beharrezkoa izanen da enpresan urtebeteko antzinatasuna izatea, aurreko lau urteetan eszedentziarik hartu ez izana eta eskolaren beharrak beteta gelditzea.
Eszedentzia onartuz gero, langileak eskatutako egunean berean hasiko da. Eskaera gutxienez 15 egun lehenago aurkeztu behar da.
Borondatezko eszedentziarako baimena, gutxienez, lau hilabeterako emanen da eta, gehienez, bost urterako. Lehenbiziko urtean lanpostua gorde eginen zaio.
Lanera itzultzeko, eszedentziaren urtea bukatu baino hamabost egun lehenago jakinarazi behar zaio Musika Eskolari. Epe hori pasatutakoan, plaza libreki betetzen ahalko da eta langilea lanera itzultzen ahalko da bere kategorian plaza huts bat dagoenean. Eszedentzia bukatu eta urtebetera eskubide hori galduko du.
V. KAPITULUA.–EGUNERATZEA ETA HOBEKUNTZA
30. artikulua. Eguneratze eta hobekuntza ikastaroak.
Musika Eskolan lanbide hobekuntza eta sustapena erdiesteko asmoz azterketa ofizialak egin behar dituztenean, langile lan-kontratudunei horretarako baimen ordaindua emanen zaie, baina justifikatu beharko dute matrikulatu izana eta azterketa edo azterketak egin izana.
31. artikulua. Etengabeko prestakuntza.
Hitzarmen hau 2006ko otsailaren 1eko Etengabeko Prestakuntzari buruzko IV. Akordio Nazionalari atxiki zaio.
Etengabeko Prestakuntzari buruzko Akordio Nazionalaren berariazko planei jarraikiz prestatutako ikastaroetan, Zizur Nagusiko Musika Eskolako Patronatuak prestakuntza horretarako behar diren lanorduak eman beharko ditu, soldatak murriztu gabe.
32. artikulua. Euskara.
Zizur Nagusiko Musika Eskolako irakasleak zein administrariak, hala eskatzen dutenean, udalaren Euskara Zerbitzuak urtero prestatzen duen euskalduntze plangintzan sar daitezke. Plangintza hori Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du oso-osorik, eta hartan sartzen ahal dira Zizur Nagusiko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako langileak.
VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZA SOZIALAK
33. artikulua. Erretiro saria.
Musika Eskolan 15 urteko antzinatasuna, bederen, frogatzen dutenek erretiro saria jasotzeko eskubidea izanen dute, 3 hileko soldata arrunt adinakoa. Errelebo kontratu bati atxikiz gero, hiru hileko soldataren erreferentzia izanen da erretiro partzialean sartzeko unean egiaztatutako soldata.
34. artikulua. Langileen seme-alabentzako laguntzak.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek urtero 250,82 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute 0 eta 18 urte bitarteko seme edo alaba bakoitzeko. Jaso beharreko dirua eskatzailearen lanaldiaren araberakoa izanen da.
Diru zenbateko horri hitzarmenean ezarriko den urteko igoera aplikatuko zaio. Laguntza hau irailean kobratuko da, justifikatu ondotik.
Zizur Nagusiko Musika Eskolako langile lan-kontratudun guztien seme-alabek Zizur Nagusian erroldatuei aplikatzen zaizkien hobari berak izanen dituzte eskolako matrikulan.
35. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileei osagarria ordainduko zaie, lanean arituz gero kobratu ohi duten hileko lansari arruntaren %100 osatu arte behar dena.
36. artikulua. Aseguruak.
Zizur Nagusiko Musika Eskolako Patronatuak bi aseguru poliza izan behar ditu hitzarmen honen eraginpeko langile guztien erantzukizun zibilaren eta norberaren istripuen estaldura bermatzeko.
Musika Eskolak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanak dituen langile guztiek egon beharko dute aseguratuak, eta hala frogatu beharko da hileroko TC-2 kotizazio buletinen bitartez.
Eszedentzian dauden langileak neurri horretatik kanpo geldituko dira, eszedentzia nahitaezkoa edo borondatezkoa izan.
Erantzukizun zibila: aseguratuek, soilik beren jardun profesionalean ari direla, izaten ahal duten erantzukizun zibila, fidantza eta defentsa kriminala barne, honako hauek kanpoan utzita:
–Ibilgailuen arloko aseguruek estaltzen ahal dituzten arriskuak.
–Poliza honek estaltzen dituen kalte materialetatik edo gorputz kalteetatik zuzenean heldu ez den edozein kalte immaterial.
–Aseguru konpainiek kanpoan utzitako arriskuak.
Norberaren istripuak: istripu aseguruak bermatzen duen arriskua 24 orduetan dago estalia; jardun profesionala eta bizitza pribatua daude barnean, munduko edozein tokitan.
–Kapital aseguratua heriotzaren kasuan: 36.000 euro.
–Erabateko baliaezintasunaren edo baliaezintasun iraunkorraren kasuan: 60.000 euro. Diru zenbateko horren gainean portzentaje batzuk aplikatuko dira gorputzadarrak galtzen edo baliogabetzen diren kasuetan.
Ez dago eguneko kalte-ordainik lanorduak galtzeagatik. Aseguru honen eskubideak bateragarriak dira beste edozeinekin.
37. artikulua. Segurtasuna eta higienea.
Langile guztiek urtean osasun azterketa bat egiteko eskubidea dute, legez ezarritako probak bilduko dituena.
Langileek osasun azterketen emaitzen berri jasotzeko eskubidea dute.
Urteko osasun azterketa Zizur Nagusiko Musika Eskolaren kargura eginen da.
38. artikulua. Osasun laguntza.
–Audifonoak: audifonoen kostuaren %40ko laguntza, 1.054,52 euro gehienez bakoitzeko, eta produktu bat gehienez onuradun eta urte natural bakoitzeko (edo bi, bi belarrietan behar izanez gero).
–Optika: kostu osoaren %40ko laguntza (betaurreko edo lentilla graduatuak badira), 250 euro gehienez bakoitzeko, eta pare bat gehienez onuradun bakoitzeko, bi urtean behin. Lenteak edo kristalak erosteko izanen dira laguntzak. Betaurrekoen eustoinaren kasuan 30 euro emanen dira gehienez; eustoinaren prezioaren %40a 30 eurotik gorakoa ez bada, ezarritako portzentajea ordainduko da.
–Soinu-iragazkiak: kostu osoaren %40ko laguntza, 150 euro gehienez pertsona bakoitzeko, eta pare bat gehienez, bi urtean behin.
IV. TITULUA.–ORDAINSARIAK
39. artikulua. Kontzeptuak.
Hitzarmen honen aplikazio eremuko langileen soldatak honako kontzeptu hauek izanen ditu:
Irakasleak: oinarrizko soldata, irakaskuntzako osagarria eta, halakorik egonez gero, antzinatasuna eta eginkizunen kategoriaren plusa.
Irakasleak ez diren langileak: Administrari-ofiziala: oinarrizko soldata, lanpostuko osagarria, prestasuneko osagarria eta, hala badagokio, antzinatasuna.
Hitzarmen honen aplikazio eremuko langileen ordainsariak eranskinean jasotako soldata-tauletan ezarri dira, hitzarmen honen parte baitira. Soldatak hilabetea bukatuta ordainduko dira, hurrengo hileko lehen bost egunetan, lanaldiaren barrenean, banku helbideratzearen bidez.
40. artikulua. Oinarrizko soldataren eta osagarrien gaineko aurreikuspenak.
Soldata-taulak estatuan nahiz Nafarroan unean-unean indarra duen araudira egokituko dira, eta urte natural bakoitza bukatutakoan berrikusteko konpromisoa hartu da, kontuan hartuta araudi horren bilakaera eta aurreko urteetan galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko aukera.
41. artikulua. Kategoria funtzionalen plusa.
Aldi baterako kategoria funtzionaletan aritzen diren langileek, dagozkien gainerako ordainsariez gainera eta kategorian jardun bitartean, eranskinean agertzen den osagarria jasoko dute hilero.
42. artikulua. Aparteko pagak.
Langileek, hilabetetik gorako epean sortzen den aldizkako osagarri gisa, aparteko bi paga jasoko dituzte, horietako bakoitza oinarrizko soldatagatik, antzinatasunagatik, osagarriengatik eta eginkizunen araberako kategoriaren plusagatik hilabete batean jasotzen duten soldata adinakoa. Bi paga horiek ekainean eta abenduan ordainduko dira.
43. artikulua. Antzinatasuna.
Betetako hirurteko bakoitzeko, langileak eskubidea izanen du eranskineko soldata-tauletan adierazten diren zenbatekoak jasotzeko.
Hirurteko bakoitzeko diru zenbatekoa hura betetzen den hilabeteko nominan azalduko da. Hirurteko kopuruan ez da mugarik izanen.
Diru zenbateko hori hilabeteko soldatekin (hamabi) eta aparteko pagekin batera (bi) ordainduko da, dagokion soldatari gehituta.
44. artikulua. Goragoko kategoriako lanak.
Arrazoi justifikatuak direla eta, langile bati bere lanbide kategoriatik gorako eginkizunen bat agintzen bazaio, dagokion ordainsaria jasoko du egoera horretan dirauen bitartean.
Egoera horrek sei hilabete baino gehiago irauten badu urte batean, edo zortzi hilabete baino gehiago bi urtean, langileak aukera dezake benetan betetzen duen lanbide kategoria berrian sailka dezatela, salbu eta titulazio betebeharren bat ezarrita badago. Kasu horretan, langilearen jatorrizko kategoriaren soldataren eta benetan betetzen duen eginkizunari dagokion kategoriaren soldataren arteko aldea jasoko du.
45. artikulua. Beheragoko kategoriako lanak.
Musika Eskolaren ustekabeko premiak direla eta, langile bat jarri behar badu haren kategoriatik beheragoko lanak egiten, beharrezko den denboran soilik arituko da, eta bere lanbide kategoriaren ordainsariak eta gainerako eskubideak mantenduko zaizkio. Egoera hori idatzizko akordio batean jasoko da. Ahal dela, zehaztuko da noiz arte iraunen duen egoerak, artikulu hau aipatuz, eta langileen legezko ordezkariek horren berri izanen dute.
46. artikulua. Aurrerakinak.
Langileek eskubidea izanen dute egindako lanaren kontura aurrerakinak jasotzeko, betiere hileko soldataren %90eko muga gainditu gabe.
V. TITULUA.–ESKUBIDE SINDIKALAK
47. artikulua. Bazterkeriarik ez.
Langilerik ez da baztertuko bere afiliazio sindikalarengatik; bakoitzak bere iritziak libreki adierazten ahalko ditu eta laneko edo gizarte intereseko argitalpenak argitaratu eta banatzen ahalko ditu, Musika Eskolari jakinarazita eta lanaren ohiko jardunari kalte egin gabe.
48. artikulua. Langileen delegatuen ordezkaritza.
Langileen delegatuek elkarrekin beteko dute langileen ordezkaritza Musika Eskolako Patronatuaren aurrean, eta enpresa batzordeetarako ezarritako eskumen berberak izanen dituzte.
49. artikulua. Biltzeko eskubideak.
Musika Eskolako langileak bertan biltzeko eskubidea bermaturik dago, jarduerei kalte egiten ez zaien bitartean eta indarra duten legeekin bat.
Bilera egin baino lehen Musika Eskolako zuzendariari haren berri emanen zaio, behar den denborarekin, adierazita zein izanen den eguneko gai-zerrenda eta Musika Eskolakoak ez diren zenbat lagun joatekoak diren bilerara.
50. artikulua. Sindikatuko kuota.
Sindikatuetan afiliatutako langileek berariaz eskaturik, Musika Eskolak langileen nominatik kentzen ahal du kasuan kasuko sindikatuaren kuotaren zenbatekoa, eta sindikatuak emanen duen bankuko kontuan sartuko da.
Langileen baimen idatzian, deskonta daitekeen diru zenbatekoa adieraziko da.
51. artikulua. Lanera ez joatea hitzarmena negoziatzeko eta ordu kreditua.
Langileek hautatutako ordezkariek, Musika Eskolan jardunean badaude eta negoziazio batzordeko kide izendatuak izan badira, aurretik abisatu eta justifikatu ondotik, lantokitik alde egiten ahalko dute, lansaria izateko eskubidearekin, hitzarmen berrien negoziazioetan parte hartzeko edo hitzarmenaren interpretazio, bitartekaritza, arbitraje eta jarraipen batzordearen bilkuretara joateko. Halaber, ordezkari sindikalak ordu bat izanen du astean, eskola-orduetatik kenduta, sindikatuaren lanetan aritzeko.
VI. TITULUA.–DIZIPLINA ARAUBIDEA
52. artikulua. Faltak eta zehapenak.
Faltei eta zehapenei dagokienez, lan arloan indarra duten legeetan ezarritako araubide orokorra aplikatuko da.
Enpresa bakoitzak bere barne araudia prestatzen ahal du eta hartan zehaztu zer ekintza diren faltak eta zein zehapen dagozkien. Hori horrela, honako hauek hartuko dira kontuan:
A.–Falta arinak.
a) Hogeita hamar eguneko epean lanpostura hiru aldiz berandu iristea, justifikatu gabe.
b) Hogeita hamar egunean behin lanera ez joatea, justifikatu gabe.
c) Hogeita hamar egunean klasea ordua baino lehenago bukatzea bi aldiz, justifikatu gabe.
d) Baja-agiria dagokion garaian ez aurkeztea, lanera huts egiten denean bidezko arrazoi bategatik, non ez den begi-bistakoa ezinezkoa izan dela.
e) Zabarkeria, kalifikazioak hitz emandako egunean ez banatzean, asistentzia kontroletan eta ikasleen diziplina kontuetan.
B.–Falta astunak.
a) Hogeita hamar egunean lanera hiru aldiz baino gehiagotan eta hamar baino gutxiagotan berandu iristea, justifikatu gabe.
b) Hogeita hamar egunean lanera aldi baten baino gehiagotan eta lau aldi baino gutxiagotan ez joatea, justifikatu gabe.
c) Irakaskuntzaren arloko betebeharrak ez betetzea indarra duen legeriaren arabera.
d) Musika Eskolan lankideekin eztabaidatzea, jendaurrean, ikasleen aurrean edo haien familiartekoen aurrean, mespretxua erakutsiz.
e) Irain larriak egitea ikasleari berari edo haren familiartekoei.
f) Hirurogei egunean falta arina behin baino gehiagotan egitea.
C.–Falta oso astunak.
a) Hogeita hamar egunean bederatzi alditan baino gehiagotan berandu iristea lanera, justifikatu gabe.
b) Hogeita hamar egunean bederatzi alditan baino gehiagotan lanera ez joatea, justifikatu gabe.
c) Irakasle eginkizunak arrazoirik gabe eta behin eta berriz bertan behera uztea.
d) Errespetu falta larriak eta tratu txarrak, hitzezko zein egitezko, Musika Eskolako hezkuntza komunitateko edozein kideri.
e) Irakaskuntzaren arloko betebeharrak modu larrian bete gabe uztea, indarra duen legeriaren arabera.
f) Falta astunak behin eta berriz egitea, lehenbizikoa egin eta hurrengo sei hilabetean egiten bada.
53. artikulua. Preskripzioa.
Langileen faltek honela preskribatuko dute: Falta arinek hamar egunen buruan preskribatuko dute, astunek hogei egunen buruan, eta oso astunek hirurogei egunen buruan, enpresak faltaren berri izaten duen egunetik aitzina, eta, nolanahi ere, falta egin eta sei hilabeteren buruan.
54. artikulua. Zehapenak.
Langileek egindako faltak honela zehatuko dira:
A.–Falta arinengatik: hitzezko kargu-hartzea eta, behin eta berriz gertatzen badira, kargu-hartze idatzia.
B.–Falta astunengatik: idatzizko kargu-hartzea. Behin eta berriz gertatzen badira, bost egunetik hamabostera bitarte enpleguz eta soldatez gabetzea. Zehapen hori espediente pertsonalean jasoko da.
C.–Falta oso astunengatik: hamasei egunetik hogeita hamarrera bitarte enpleguz eta soldataz gabetzea, kaleratu aurreko ohartarazpena, enpleguz eta soldataz gabetzearekin batera ematen ahal dena, edo kaleratzea.
Zehapen guztiak idatziz jakinaraziko zaizkio langileari eta haietan agertuko da zerk ekarri zituen eta zein egunetan. Haien kopia langileen delegatuei, Enpresa Batzordeko kideei edo ordezkari sindikalari igorriko zaie.
Sei hilabetean falta arinik eta urtebetean falta astunik ez egiteak berekin ekarriko du espediente pertsonalean dauden maila bereko falta guztiak ezabatzea.
VII. TITULUA.–ENPRESAREN ARAU-HAUSTEAK
55. artikulua.
Musika Eskolako titularrek hitzarmen honetan eta gainerako legezko xedapenetan ezarritakoaren kontra egiten dituzten ekintzak edo ez-egiteak lan arloko arau-haustetzat hartuko dira.
Langile lan-kontratadunak eskatzen saiatuko dira, langileen delegatuen, ordezkari sindikalaren edo Enpresa Batzordeko kideen bidez, lehenbizi, Musika Eskolako titularrari ustezko arau-haustea zuzentzeko.
Titularrari jakinarazi eta hamar eguneko epean erantzunik izan ez baldin bada edo erantzuna nahikoa ez bada erreklamazio egilearentzat, espedienteari hasiera ematen ahalko zaio hitzarmenaren batzorde paritarioan, azken horrek, gehienez ere hogei eguneko epean, irizpena eman dezan.
Alderdietako edozeinek Lan Ikuskatzailetzaren edo Lan Ministerioaren Zuzendaritza Probintzialaren irizpena eskatzen ahalko du.
VIII. TITULUA.–ESKURATUTAKO ESKUBIDEAK
56. artikulua. Eskuratutako eskubideak.
Osotasunean hartuta eta, halakoa izanez gero, urte osoan neurtuta, langileentzat egon daitezkeen egoera hobeak "ad personam" eskubide gisa errespetatuko dira.
57. artikulua. Hitzarmena luzatzea.
Alderdiek erabaki dute ezen hitzarmen honen indarraldia bukatzean bertako baldintza guztiak mantenduko direla negoziazio prozesuak irauten duen bitartean, beste hitzarmen bat sinatu edo oraingoa berritu arte.
Lehenengo xedapen gehigarria.
Hitzarmen honek Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeari men eginen dio.
Prebentzio ordezkarien hautaketa eta Segurtasun eta Osasun Batzordearen eraketa lege berari lotuko zaizkio.
Bigarren xedapen gehigarria.
Hitzarmen honetako negoziazio aldeek Nafarroako Lan Auzitegiaren menpe jartzen ahalko dira, baita haren aplikazio erregelamenduaren menpe ere, eta horietatik datozen erabakiek ordezkatutako langile guztiengan izanen dute eragina. Nolanahi ere, lehenbizi hitzarmen honetako batzorde paritariora joko da.
Hirugarren xedapen gehigarria.
Irakasleren batek bere jabetzako musika instrumenturen bat erabili behar badu eskolak emateko, Musika Eskolako Patronatuak irakasleen musika instrumentuak babesteko aseguruaren baldintzak ezarriko ditu lehendabiziko urtean, irakasleek erabiltzen dituzten tresna pertsonalak irakasteko ezinbestekoak diren aldetik; aseguruak irakasle bakoitzaren lan orduetan baizik ez ditu estaliko instrumentuak.
Laugarren xedapen gehigarria.
Orduaren prezioa baloratzeko formula (ordu arrunta):
Urteko ordainsari gordina kategoriaren arabera / urteko lanordu kopurua hitzarmenaren arabera.
Benetako lana bost egunetik beherakoa duten kontratazioei aplikatuko zaie formula hau.
ERANSKINA.–Hitzarmen honetako soldata-taulak 2025erako
TALDEA | KATEGORIA | OINARRIZKO | ZUZENDARITZAKO | ZUZENDARIORDETZAKO | IRAKASKUNTZAKO | ANTZINATASUNA |
1. taldea | IRAKASLEAK | |||||
Irakasle titularra | 1.867,00 | Oinarrizko soldataren %16,16 | Oinarrizko soldataren %3,47 | |||
Zuzendaria | 1.867,00 | Oinarrizko soldataren %24,00 | Oinarrizko soldataren %16,16 | Oinarrizko soldataren %3,47 | ||
Zuzendariordea | 1.867,00 | Oinarrizko soldataren %12,00 | Oinarrizko soldataren %16,16 | Oinarrizko soldataren %3,47 | ||
TALDEA | KATEGORIA | OINARRIZKO | LANPOSTUKO OSAGARRIA | PRESTASUN OSAGARRIA | ANTZINATASUNA |
2. taldea | IRAKASLE EZ DIREN LANGILEAK | ||||
Administrari-ofiziala | 1.647,97 | Oinarrizko soldataren | Oinarrizko soldataren | Oinarrizko soldataren | |
Zizur Nagusian, 2025eko azaroaren 21ean.
Zizur Nagusiko Udal Musika Eskolako Patronatuaren aldetik: Jon Gondan Cabrera.
Musika Eskolako langileen ordezkarien aldetik: María Eugenia Abaigar Estanga.
Hitzarmen honek 28 orrialde ditu, Batzordeko kideek bazterrean sinatuak.
Iragarkiaren kodea: F2600540
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
