4. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa 2026rako

Honen bidez, jendaurrean jartzen da Alkatetzak 2025eko abenduaren 16an eman zuen 2025-1039 Ebazpena, zeinaren bidez Azkoiengo Udaleko zerbitzu orokorren 2026ko lan-egutegia onesten baitira eta epeak zenbatzeari dagokionez baliogabeak diren egunak deklaratzen.

Aintzat hartuz zer xedatzen duten abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 34.6 artikuluak (legegintzako errege-dekretu horren bidez onetsi zen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina), ezartzen baitu enpresak urtero prestatu behar duela lan-egutegia.

Ikusi da 390/2025 Ebazpena, ekainaren 5ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2026ko jaiegunen egutegi ofiziala.

Bat etorriz abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen 4. artikuluan xedatutakoarekin (foru-lege horren bidez aldatu zen 13/2012 Foru Legea, ekainaren 21ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzkoa), ezartzen baitu Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen urteko benetako lanordu kopurua 1592 izanen dela.

Kontuan hartuz zer eskumen ematen dizkidaten apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea) eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 84.1 artikuluak, eta ikusirik langileen ordezkariekin aurretiaz izandako negoziazioa 2026ko lan-egutegirako proposamenaren gainean,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Egun baliogabeak izanen dira, 2026. urtean epeak zenbatzeari dagokionez, larunbatak, igandeak eta jarraian adierazitako hauek, jaiegun deklaratu baitira:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Otsailaren 3a: San Blas (herriko festa eguna).

–Martxoaren 19a: San Jose.

–Apirilaren 2a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 3a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 6a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Abuztuaren 15a: Andre Mariaren Jasokundea.

–Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

–Azaroaren 2a: Santu Guztien Egunaren biharamuna.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Bigarrena.–Onestea bulegoak itxita egonen diren 2026ko aste barreneko jaiegunen egutegia, hementxe zehaztu bezala:

–Abuztuaren 31tik irailaren 4ra (herriko festak).

Jaieguneko lanalditzat hartuko dira egiten direnak igandeetan, Nafarroako Gobernuak izendatutako jaiegunetan (lehen apartatuan aipatuak), eta aurreko paragrafoko egunetan.

Aurrez adierazitakoez gain eta langileei aitorturiko 27 opor-egunen kontura, bulegoak egun hauetan itxita egonen dira jendearentzako:

–Urtarrilean: 2a.

–Martxoan: 20a.

Hirugarrena.–Lanaldiaren urteko benetako lanordu kopurua 1.592 da zerbitzu orokorretako langileendako, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeari eta abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuari jarraikiz, eta haren banaketa honela eginen da:

a) Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, oro har, 7 ordu eta 22 minutu izanen da.

b) Honako hau izanen da azalpen honen aurreko apartatuan adierazitako lanaldiaren banaketa, jarraikiz Azkoiengo Udaleko funtzionarioen, lan-kontratudunen eta administrazio araubideko langileen Akordioari edo Itun Mistoari:

Laneko ordutegiaren zati finkoa, langile guztiek lanpostuan nahitaez egotea eskatzen duena, 09:30etik 14:30era bitartekoa izanen da. Zati malgua 7:30etik 9:30era eta 14:30etik 17:00etara bitarte izanen da.

Laugarrena.–Lan-egutegi hau aldatzen ahalko da zerbitzuaren beharren arabera, jarraituz langileen baldintzen gainean indarrean dagoen araudiari.

Bosgarrena.–Udal bulegoetan, jendaurreko ordutegia izanen da 9:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera, salbu eta lehenengo puntuan jaiegun deklaratutakoetan eta bigarrenean lanik gabeko egun deklaratutakoetan.

Salbuespenez, abenduaren 24an eta 31n jendearentzako arreta 12:00etan bukatuko da.

Seigarrena.–Egutegi hau, lanaldiaren banaketa eta gainerako xedapenak ez zaizkie aplikatuko lan baldintzak direla-eta berariazko lan-egutegia daukaten udal zerbitzuei (Herritarren Babesa, Hezkuntza eta Obrak eta Zerbitzuak).

Gainerako udal-zerbitzuek beren egutegi berariazkoa eginen dute. Herritarren Babeserako Arloak 8 orduko lanaldia eginen du, hiru txandatan. Obra eta Zerbitzuen Arloak 7 ordu eta 22 minutuko lanaldia eginen du.

Kontuan hartuko da ezen, herriko festetan, abuztuaren 29tik irailaren 6ra bitarteko egunak, bi egun horiek barne, jaiegunak izanen direla beren egutegiaren arabera egun horietan lan egin behar dutenentzat.

Zazpigarrena.–Erabaki hau langileen ordezkariei helaraztea, eta argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan, bai eta Udalaren egoitza elektronikoan eta ediktu-taula fisikoan ere.

Dagozkidan eskumenak baliatuta, aditzera ematen dut, orok jakin dezan. Ohartarazten da ezen, erabaki honen aurka, behin betikoa baita bide administratiboan, errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu eta hilabeteko epean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, ordena bereko epaitegiari edo salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Azkoienen, 2025eko abenduaren 17an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

Iragarkiaren kodea: L2516610