2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FUNES
Ordenantza fiskala, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena
Funesko Udalak, 2025eko urriaren 13an egin osoko bilkura berezian, erabaki zuen hasiera batez onestea Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala. Horri buruzko iragarkia argitara eman zen 2025eko 215. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 28an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluei jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea iragan denez inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik egin gabe, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bilakatu da, eta haren testu osoa argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Funesen, 2025eko abenduaren 12an.–Alkatea, Ignacio Felipe Domínguez Martínez.
ORDENANTZA FISKALA, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA
1 artikulua.
Ordainarazpen hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko V. kapituluko 159.etik 166.era bitarteko artikuluetan, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
2 artikulua. Salbuespenak.
1. Honako hauek daude zerga honetatik salbuetsiak:
a) Nafarroako Foru Komunitatearen, Estatuaren eta toki-erakundeen ibilgailu ofizialak.
b) Bulego kontsularren eta Espainian akreditazioa duten karrerako funtzionario kontsularren ibilgailuak, baldin horiek beren herrialdeetako herritarrak badira eta ibilgailuak kanpotik identifikaturik badaude. Era berean, Espainian egoitza edo bulegoa duten nazioarteko erakundeen ibilgailuak, bai eta haietako funtzionarioen edo estatutu diplomatikoa duten kideenak ere.
c) Anbulantziak eta osasun laguntza emateko zuzenean erabiltzen diren gainerako ibilgailuak, Espainiako Gurutze Gorriarenak eta DYA elkartearenak direnak.
d) Desgaitasuna duten pertsonak eramateko ibilgailuak, irabazi-asmorik gabeko erakundeen izenean matrikulatutakoak.
e) Egokitzapen bereziak dituzten ibilgailuak. Salbuetsirik egonen dira, halaber, %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa dutenen izenean matrikulatutako ibilgailuak, baldin eta, desgaitasunaz gain, ezaugarri hauetakoren bat badute:
1. Mugikortasun murriztua izatea, bat etorriz abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinarekin (Desgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko Errege Dekretua).
2. Funtzio mentalen urritasuna izatea, gutxienez jarduera-mailako %25eko mugapena aitortzea dakarrena.
3. Begirik hoberenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.
4. Adingabea izatea.
Salbuespena ibilgailu bakar bati aplikatuko zaio pertsona bakoitzeko.
f) Garraio publikoari atxikitako hiri barneko autobusak, baldin kontzesio administratiboaren araubidea badute eta araubide hori onartu badie zerga ezartzen duen udalak berak edo, zerbitzu hori zenbaiten artean ematen denean, araubide hori onartu badie udala kide den toki-erakunde batek.
g) Nekazaritzako inskripzio txartela duten traktoreak, atoiak, erdi-atoiak eta makinak.
2. Baliatu ahal izateko artikulu honen 1. apartatuko e) eta g) letretan aipatzen diren salbuespenak, interesdunek eskatu egin beharko dute, adieraziz ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onura izateko arrazoia. Toki-erakundeak salbuespena deklaratu ondoren, hala dela frogatzen duen agiri bat eginen da.
3. Eskabidearekin batera, zeinean adieraziko baita zerga-salbuespenaren xedeko ibilgailuaren matrikula, e) apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, interesdunek aurkeztu beharko dituzte honako agiri hauek:
–Nortasun agiriaren fotokopia: NANa edo AIZa.
–Desgaitasun mailaren ziurtagiria, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emana.
–Mediku fakultatibo espezialista baten ziurtagiri medikoa, alegatutako beste edozein zirkunstantzia egiaztatzen duena.
3 artikulua. Kuota.
1. Zerga eskatuko da urte bakoitzean indarrean den tarifa-koadroaren arabera.
2. Zerga-kuotari honako hobari hauek aplikatuko zaizkio:
a) %25eko hobaria ECO ibilgailuetarako.
b) %50eko hobaria 0 isuriko ibilgailuetarako.
3. Hobari horiek lortzeko, ibilgailuen titularrek udalerri honetan egon beharko dute erroldaturik, eta hobaria eskatu egin beharko dute, eskabide orokorraren bidez, aurrez aurre edo telematikoki aurkeztua; adierazi beharko dituzte ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onuraren zergatia, eta frogatu beharko dute adierazitakoa egia dela, frogagiriak aurkeztuta.
–Zirkulatzeko baimenaren fotokopia.
–Ibilgailuaren ikuskapen teknikoaren txartelaren kopia. Txartelean, hala badagokio, adieraziko da ibilgailua eraberritu dela, eta noiz eraberritu den.
–Ibilgailuak eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak. Baldintza horiek ikuskapen teknikoaren txartelean ageri badira, ez dira berriro egiaztatu beharko.
4. Hobariak jasotzeko, Udalak aldez aurretik onartu egin beharko ditu, eta ondorioak izanen ditu eskaera egin eta hurrengo zergaldian. Nolanahi ere, matrikulazio berriko ibilgailuek 2 hilabeteko epea izanen dute hobaria eskatzeko, Trafiko Burutzan alta ematen dutenetik, urte horretan bertan ondorioak izateko.
5. Gainera, hobaria jasotzeko baldintza izanen da egunean izatea Funesko Udalarekiko zerga betebeharrak; halaxe eskatuko da hobaria onartzeko, eta, betetzen ez bada, hobaria galdu eginen da.
4 artikulua.
1. Ibilgailuari behin betiko baja ematen zaionean, edo behin-behineko likidazioan gehiegi ordaindu denean, subjektu pasiboaren aldeko kuota proportzionalak itzuliko zaizkie subjektu pasiboei, ibilgailuaren behin betiko bajaren eta matrikulazioaren frogagiriak aurkezten dituztenean.
2. Orobat, egoki den erregistro publikoan ibilgailuari aldi baterako baja ematen zaionean, ebasketagatik, galtzeagatik edo borondatezko bajagatik, halakoetan ere kuota hainbanatu eginen da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantza honetan zehazki arautzen ez den orotan, aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Udalak onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra.
Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan, eta indarrean egonen da harik eta berariaz indargabetzen edo aldatzen den arte.
Iragarkiaren kodea: L2516434