4. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BASABURUA-IMOTZ UDAL ELKARTZEA

Deialdia, barne igoera murriztuan eta oposizio-lehiaketa bidez bete dadin administrari-ofizialaren plaza bat

2025eko azaroaren 3an egin bilkuran, onetsi ziren deialdi honen oinarri arautzaileak: deialdia, barne igoera murriztuan bete dadin Basaburua-Imotz Udal Elkartzearen zerbitzuko administrari-ofizialaren plaza bat.

Deialdi horren oinarri arautzaileak argitaratzen dira, betez xedatutakoa eta indarrean dauden lege-aurreikuspenak.

Basaburuan, 2025eko abenduaren 10ean.–Burua, Santos Etxegia Oronoz.

DEIALDIA, BARNE IGOERA MURRIZTUAN BETE DADIN BASABURUA-IMOTZ UDAL ELKARTZEAREN ZERBITZUKO ADMINISTRARI-OFIZIALAREN PLAZA BAT

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea administrari-ofizialen plaza bat, C mailakoa, barne igoera murriztuan (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan ezarritakoari jarraikiz) oposizio-lehiaketa bidez.

1.2. Hautaprobak gainditu ondoan aipatu lanpostuan aritzeko izendatzen den izangaia C mailan/taldean sartuko da, eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak jasoko ditu, gaur egungoen ordez.

1.3. Mailaz igoko da prozedura gainditu eta deialdiko plazan sartzen den izangaia.

1.4. Mailaz igoko dena atxikirik geratuko da lehendik ere zituen lanpostu, zerbitzu eta arloei, jadanik betetzen ari baitzen deialdiko maila eta kategoriari eta eskatutako ikasketei dagozkien eginkizunak eta lanak, eta ordura arte betetzen zituen eginkizunak beteko ditu, baita bere maila berriari dagozkionak ere.

1.5. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa, izan funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Halaber, eutsiko dio eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Basaburua-Imotz Udal Elkartzearen zerbitzuko lan-kontratudun finkoa izatea, D mailan edo taldean egotea, eta ahozko eta idatzizko C1 / EGA / Hizkuntza Eskola Ofizialeko 5. maila izatea.

b) Basaburua-Imotz Udal Elkartzean lan-kontratudun finko izendatua izatea ahozko eta idatzizko C1/EGA/HEOko 5. maila hizkuntza-eskakizuna duen administrari laguntzaileen plaza bat betetzeko.

c) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada administrazio honetako beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

d) Bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea Nafarroako administrazio publikoetan.

e) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Batxilergo titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo baliokidea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulazioaren baldintzaren ordez, kasu honetan (C maila) aukeran egonen da zortzi urteko antzinatasun aitortua frogatzea administrazio publikoen zerbitzuan, bat etorriz 251/1993 Legegintzako foru-dekretuaren 15.2 artikuluan ezarritakoarekin.

3.–Eskabideak.

3.1. Hautaketa-prozedura honetan parte hartu nahi dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskabidea, deialdi honen II. eranskinaren arabera, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, hogei egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira merezimendu guztiak, epaimahaiak deialdi honen arabera baloratu behar dituenak.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

4.2. Izangai baztertuek 10 egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatu eta aurkeztutakoak ebatzita, alkateak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Izangai bazterturik ez bada, zerrenda hori zuzenean onesten ahalko da behin betiko zerrenda gisa.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Basaburua-Imotz Udal Elkartzeko burua. Santos Etxegia Oronoz.

–1. epaimahaikidea: Basaburua-Imotz Udal Elkartzeko buruordea. Alfredo Alzueta Unzue.

–2. epaimahaikidea: Imozko Udaleko zinegotzia, Patxi Xabier Iturriotz Garmendia.

–3. epaimahaikidea: Basaburuko Udaleko administrari-ofiziala, Elena Gaskue Jaunarena.

–Epaimahaikide idazkaria: Basaburua-Imotz Udal Elkartzeko idazkaria, Lucia Beloqui Iriarte.

5.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, oposizioaldia lehenbizi, eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zer ordutan hasiko den oposizio-lehiaketa. Deialdia argitaratzen denetik oposizioaren azterketa egin arte gutxienez bi hilabete igaro beharko dira.

6.3. Oposizioaldia.

6.3.1. Ariketa teoriko-praktikoa: idatziz erantzun beharko zaie zenbait galderari. Horiek izanen dira I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bakarra izanen da zuzena. Ariketa egiteko gehieneko denbora izanen da epaimahaiak ezartzen duena.

6.3.2. Epaimahaiak iragarki-taulan eta, kasua bada, web-orrian emanen du argitara lehen ariketaren emaitza, eta hiru egun naturaleko epe bat irekiko da alegazioak egiteko. Hura bukatutakoan, eta alegazioak ebatzita (baldin aurkeztu badira), behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

6.3.3. Oposizioaldiko ariketari gehienez ere 80 puntu emanen zaizkio.

6.3.4. Hautaketa-prozedura bukatuta, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak, ariketa egin den tokian bertan eta Basaburua-Imotz Udal Elkartzearen iragarki-taulan eta web-orrian.

6.3.5. Deialdi bakarra eginen da probetarako, eta haietara izangaiek agertu beharko dute nortasun agiri nazionala edo horren legezko baliokidea aldean daramatela. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

6.4. Lehiaketaldia.

6.4.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahal ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.4.2. Merezimenduen baremoa:

a) Nafarroako administrazio publikoetan, toki administrazioan salbu, administrari-ofizialaren lanpostuan egindako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko 0,50 puntu.

b) Toki administrazio publikoetan, administrari laguntzailearen lanpostuetan egindako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko 0,25 puntu, eta urtebetera iristen ez diren denbora zatiengatik, hainbanatuta dagokiona.

c) Titulu akademikoak:

–Goi mailako titulazio akademikoak: 2 puntu, titulu bakoitzeko.

–Erdi mailako titulazio akademikoak: puntu bat, titulu bakoitzeko.

Titulu akademiko batzuk merezimendu gisa alegatu badira eta baremoaren barrenean berariazko balorazioa badute, ez dira baloratuko titulu horiek lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

6.4.3. Lehiaketaldiko puntuazioa 20 puntukoa izanen da gehienez.

6.4.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du merezimenduen behin-behineko balorazioa, iragarki-taulan eta, kasua bada, web-orrian, eta hiru egun naturaleko epea irekiko da alegazioak egiteko. Hura bukatutakoan, eta alegazioak ebatzita (baldin aurkeztu badira), behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.–Proba gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean paratuko du izangai onartuen zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera, Basaburua-Imotz Udal Elkartzearen iragarki-taulan eta webgunean.

7.2. Epaimahaiak izendapen proposamena igorriko dio deialdia egin duen organoari, egoki den izangaiaren alde, hau da, prozedura gainditu eta deialdiko plaza-kopuruan sartzen den izangaiaren alde. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

8.1. Aurreko oinarrian aipatutako hautaketa-prozedura bukatutakoan, alkateak, izendapen proposamenarekin bat, ebazpen bidez izendatuko du prozedura gainditu eta deialdiko plaza-kopuruan sartzen den izangaia, eta horrek izanen duen maila berria zehaztuko du. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izangai izendatuak plazaz jabetu beharko du, edo lan kontratuaren eranskina formalizatu, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabeteko epean. Norbait plazaz jabetzen ez bada, ezinbertzeko kasuetan izan ezik, maila berria eskuratzeko eskubide guztiak galduko ditu.

9.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Informatikari buruzko ezagutza orokorrak: Outlook, Word, Excel eta Access.

2. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Udalerria. I. kapitulua. Lurraldea eta biztanleria.

3. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa:

4. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

5. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: I. tituluaren III. kapituluaren 1. atala: Foru lege honen mendean dauden kontratuen definizioa.

6. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: I. tituluaren III. kapituluaren 2. atala: Kontratu publikoen araubide juridikoa.

7. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, onesten duena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina: V. tituluaren I. kapituluaren 1. atala, Hirigintza-lizentziak.

8. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: I. tituluaren I. kapitulua, Jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua.

9. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. tituluaren I. kapitulua, Jarduteko printzipio orokorrak.

10. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. tituluaren II. kapitulua, Baldintzak eta epeak.

11. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: V. tituluaren II. kapituluaren 1. atala, Printzipio orokorrak. Administrazio-errekurtsoak.

12. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko tituluaren II. kapitulua.

13. gaia.–11/2012 Foru Legea, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzkoa.

II. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

Iragarkiaren kodea: L2516193