4. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ATARRABIA

Deialdia, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari atxikitako gizarte-langilearen plaza bat betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez

Atarrabiako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2025eko apirilaren 14an egindako bilkuran, jarraian ageri diren oinarriak onetsi zituen. Oinarriak deialdi honi dagozkio: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko gizarte-langilearen plaza bat, Atarrabiako Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari atxikia.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea gizarte-langilearen plaza bat, B mailakoa, eta Atarrabiako Udalaren Herritarrendako Laguntza Zerbitzuari atxikia. 04 01 01 / 01 identifikazio-kodea du plantillan.

1.1. Deialdiko lanposturako nahitaezkoa da euskaraz jakitea. Zehazki, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 hizkuntza-eskakizuna.

1.2. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.3. Lanpostuak bere mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu –uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenari jarraikiz–, bai eta udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.4. Hautaturiko izangaiaren zeregin nagusiak izanen dira kudeatzea oinarrizko zorroa eta Udaleko gizarte-zerbitzuek definitutako oinarrizko programak. Egin beharreko jarduera nagusiak, baina, izanen dira erabiltzaileei laguntzea, txostenak prestatzea, prestazioak tramitatzea eta dauden baliabideak kudeatzea, eta, orobat, arestian deskribatutakoen antzekoak, baldin eta agintzen bazaizkio zerbitzua dela eta.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozesu hau gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Unibertsitateko Gizarte Laneko gradudun titulua edo Gizarte Laneko diplomadun titulua izatea, edo baliokidetzat hartutako beste bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 euskara maila egiaztatzea.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdiaren oinarrietan ezartzen den unean. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta indarrean egon beharko dute lanpostuaren jabetza hartu arte.

4.–Eskabideak.

4.1. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira, eskabide orokorra erabiliz Atarrabiako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez: https://sedeelectronica.villava.es/.

Deialdian parte hartu nahi dutenek nahitaez erabili behar dute, eskabiderako, eranskinean ageri den eredu normalizatua.

Eskabidearekin batera honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

b) Desgaitasun maila bat izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan, komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea.

Hilabeteko epea izanen da eskabideak aurkezteko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertan jarduteko hautapen-prozesuetan parte hartzeko eskubideengatik, 11,33 euroko tasa ordaindu behar da.

Eskabidea formalizatzean ordainduko da tasa, dirua kontu honetan sartuz: ES70 3008 0069 1926 2997 4524.

Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.

5.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu behar dira, Atarrabiako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez: https://sedeelectronica.villava.es/.

5.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoan, Atarrabiako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.4. Prozeduran parte hartzeko eskubideen tasa ez da itzuliko baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Batzordeburua: Mikel Oteiza Iza, Atarrabiako Udaleko alkate udalburua. Ordezkoa: Diana Bruño Artazcoz, Udaleko alkateordea.

Epaimahaikidea: Sara Izaguirre Equiza, Atarrabiako Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko koordinatzailea. Lehen ordezkoa: Ester Martínez Acedo, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko gizarte-langilea. Bigarren ordezkoa: Ana Redín Pascual, gizarte-langilea, atalburua Nafarroako Gazteriaren Institutuan.

Batzordekidea: Eduardo Moler Mancho, Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideetako zuzendaria. Ordezkoa: Yolanda Álvarez López, Burlatako Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.

Epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Epaimahaikide idazkaria: Francisco Gil Izco, Atarrabiako Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Aitor Garralda Iriarte, Udaleko kontu-hartzailea.

6.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia, eta ez du eratzerik izanen, ez eta aritzerik ere, gutxienez kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon behar dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

6.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoa.

7.1. Oposizio-lehiaketak aldi hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldia. Hiru proba eginen dira:

a.1) Lehenbiziko proba galde-sorta teoriko-praktiko bat izanen da, gaztelaniaz, II. eranskinean agertzen den gai-zerrendari buruz. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte. Epaimahaiak esanen du, proba hasi aurretik, zer proportziotan. Proba honetan gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

a.2) Bigarren proba teoriko-praktikoa izango da. Epaimahaiak proposatutako kasuak ebatziko dira, II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiarekin zerikusia dutenak. Probaren gehieneko balioa 20 puntukoa izango da. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

a.3) Hirugarren proban, zenbait galdetegi bete beharko dira, ezagutzeko izangaien nortasun orokorra eta lanerako gaitasunak eta/edo trebetasunak, eta elkarrizketa pertsonalak eta/edo talde-lanekoak eginen dira; haien bidez zehaztuko da izangaiak zenbateraino diren egokiak lanpostuaren profil profesiografikoak eskatzen dituen ezaugarrietarako. Proba honetan gehienez ere 20 puntu lortzen ahalko dira, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

Hirugarren proba Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen du, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Lanpostuaren profil profesiografikoari dagokionez, NAPIko Psikologia Aplikatuaren Atalak aholkularitza emanen die kalifikazio-epaimahaiari edo hark izendatzen dituen langileei (lanpostuko eskakizunak ezagutu behar dituzte) lanpostuaren azterketari buruz, helburua baita ebaluatu beharreko faktoreak edo gaitasunak zehaztea eta lanpostuko zereginak behar bezala aurrera eramateko behar diren trebetasunak ezartzea. Profil profesiografikoaren proposamena epaimahaiari helaraziko zaio, probak hasi aurretik onar dezan.

b) Merezimenduen balorazioko fasea edo lehiaketaldia. Bertan izangaiek alegatu dituzten merezimenduak baloratuko dira, gero azalduko den baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatutakoan, lehiaketaldia.

7.1.1. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua.

7.1.2. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean izan behar dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.1.3. Probak kalifikatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, Atarrabiako Udalaren web-orrian (www.villava.es), eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.1.4. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratutakoan, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten alegatzen dituzten merezimendu guztien frogagirien kopiak.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.2. Lehiaketaldia ez da baztertzailea eta haren helburua da izangaien merezimenduak baloratzea, betiere zuzenean loturik daudenak deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin.

Gehienez 30 puntu lor daitezke. Honako merezimenduak baloratuko dira:

7.2.1. Egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen jardueretan: 20 puntu gehienez.

7.2.1.1. Administrazio edo sozietate publiko batean egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen jardueretan: 2 puntu, zerbitzu egindako urte oso bakoitzeko.

7.2.1.2. Administrazio publikoetatik kanpo egindako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen jardueretan: puntu bat, zerbitzuan egindako urte oso bakoitzeko.

Kontratua egin duen administrazio edo sozietate publikoaren ziurtagiriaren bidez frogatuko dira egindako zerbitzuak, edo, enpresa pribatuen kasuan, kontratuaren eta lan-bizitzaren ziurtagiriaren bidez. Bertan jasoko dira honako hauek: lanpostuaren izena, kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partziala izanez gero, ehunekoa adieraziko da) eta lan egindako aldiaren hasiera eta bukaera datak.

Oharrak:

1. Deialdia argitaratu arte egindako zerbitzuak baloratuko dira.

2. Urte kopurua osoa ez bada edo zerbitzuak lanaldi partzialean egin badira, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

7.2.2. Prestakuntza osagarriarengatik, baldin zuzenean loturik badago lanpostuaren eginkizunekin, 10 puntu emanen dira gehienez, honako irizpide hauen arabera:

–20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitza: 0,5 puntu.

–20 ordu edo gehiagoko ikastaro bakoitza, 100 ordura iritsi gabe: puntu bat.

–100 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitza: 2 puntu.

Oharrak:

1. Iraupena behar bezala frogatzen ez bada, ikastaroa 20 ordutik beherakoa balitz bezala baloratuko da.

7.3. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio-epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, apartatuan adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

7.3.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, telematikoki, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.3.2. Behin epaimahaiak ebatzita behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak, argitara emanen dira merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, ebatziko da egindako zerbitzuetan puntuazio handiena lortu duenaren alde, eta, bat baldin badatoz, kontuan hartuko da apartatu horretako azpiapartatu bakoitzean lortutako puntuazio handiena, zerrendatzen diren hurrenkeran.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du prozesua gainditu dutenen zerrenda, hautapen-prozesuan guztira eskuratu duten puntuazioaren arabera, eta organo eskudunari igorriko dio, egin daitezen baldintzak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko izapideak.

8.–Baldintzak frogatzea, izendapen proposamena eta agiriak aurkeztea.

8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du, lanpostua eskuratzen duten proposatutako izangaiek aurkez dezaten dokumentazioa, honako baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdian eskatzen diren titulu akademikoen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

c) Eskatutako euskara maila egiaztatzen duen tituluaren edo egiaztagiriaren kopia, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

d) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez dutela karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dien eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.

e) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.

f) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

g) Hala behar izatera, Atarrabiako Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.

8.2. Baldintzak frogatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Kontratazio proposamen hori Atarrabiako Udalaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

8.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

8.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den plaza beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera, lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

9.1. Atarrabiako Udaleko funtzionario izendatuko dira, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak.

9.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori hala da, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).

9.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

9.4. Hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko dira lanpostuaz.

9.5. Emandako epean jabetza hartzen ez dutenek (ezinbesteko kasuetan salbu) galduko dituzte Atarrabiako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak. Kasu horretan, jarraikiko zaio deialdiaren 8.4 apartatuan ezarritakoari.

10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

10.1. Hautapen-prozesu honetan plaza lortzen ez duten izangaiekin zerrenda bat eginen da, puntuazio-ordenaren arabera, aldi baterako kontratazioak egiteko.

10.2. Izangaiei dei eginen zaie jarraikiz "Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak kudeatzeko arauei". Arau horiek 2016ko ekainaren 28an onetsi zituen Atarrabiako Udalak, eta www.villava.es web-orrian daude.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Atarrabiako Udalaren web-orrian (www.villava.es) argitaratuko dira proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den guztia ere.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zeina zuzendu beharko baitzaio administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Atarrabian, 2025eko abenduaren 17an.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Lehenbiziko zatia.

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Atariko titulua: I. kapitulua. II. kapitulua. III. kapitulua: IV. kapitulua. V. kapitulua.

3.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak: I. titulua. II. titulua. V. titulua. VI. titulua: II. kapitulua: Jarduerak eta zerbitzuak.

4.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

5.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: Atariko titulua. II. titulua: I. kapitulua. III. titulua. IV. titulua. VI. titulua. VII. titulua:

6.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

7.–13/2007 Foru Legea, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; gastuen sailkapen ekonomikoa: exekuzioa eta likidazioa.

8.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak. 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak eta emateko eta kontrolatzeko prozedura. Dirulaguntzak itzultzea.

9.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa: IV. titulua: Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

10.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

11.–15/2018 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Datuak babesteko printzipioak. III. titulua. Pertsonen eskubideak. V. titulua. Tratamenduaren arduraduna eta eragilea (1. kapitulutik 3.era). VII. titulua. I. kapitulua. Datuak Babesteko Espainiako Agentzia. 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, pertsona fisikoen babesari buruzkoa, dagokionez, bai datu pertsonalen tratamenduari, bai eta datu horien zirkulazio askeari ere. I. kapitulua. Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Printzipioak. III. kapitulua. Interesdunaren eskubideak. (1-4 atalak).

12.–Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: Berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. Berdintasunerako politika publikoak. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Berdintasunerako erakundeen antolaketako sistema. III. titulua. Berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak.

13.–4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua. Atzerritarren eskubide eta askatasunak. II. titulua: atzerritarren araubide juridikoa. I., II. eta III. kapituluak.

Bigarren zatia.

1. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (1): Xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa.

2. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa (2): Kontsultatzeko eta parte hartzeko organoak. Gizarte zerbitzuetako profesionalak. Ekimen pribatua. Kalitatea, ikuskapena eta zehapen araubidea.

3. gaia.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituena.

4. gaia.–26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak garatzeari buruzkoa.

5. gaia.–Gizarte zerbitzu orokorren zorroa (1): testu artikuluduna.

6. gaia.–Gizarte zerbitzu orokorren zorroa (2): Oinarrizko gizarte-laguntza.

7. gaia.–Gizarte zerbitzu orokorren zorroa (3): mendekotasuna dutenentzako arreta.

8. gaia.–Gizarte zerbitzu orokorren zorroa (4): adinekoentzako arreta.

9. gaia.–Gizarte zerbitzu orokorren zorroa (5): desgaitasunen bat dutenentzako arreta eta eritasun mentala duten pertsonentzako arreta.

10. gaia.–Gizarte zerbitzu orokorren zorroa (6): gizartean bazterturik edo hala geratzeko arriskuan dauden pertsonentzako arreta.

11. gaia.–Gizarte zerbitzu orokorren zorroa (7): adingabeentzako arreta eta genero indarkeriaren biktima direnentzako arreta.

12. gaia.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte-zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema.

13. gaia.–130/1999 Foru Dekretua, apirilaren 26koa, laguntza ekonomikoak arautzen dituena gizartetik baztertuta daudenak gizartean eta lanean txertatzeko programetarako: I. kapitulua. Enplegu sozial babestua: kontzeptua, xede diren entitateak eta pertsonak, laguntzak, proiektuetarako baldintzak, entitate sustatzaileen baldintzak. 94/2016 Foru Dekretua, urriaren 26koa, Nafarroako Gizarteratze eta Laneratze Enpresen kalifikazioaren, erregistroaren eta laguntzen araubidea ezartzen duena. I. kapitulua. Xedapen orokorrak. II. kapitulua. Kalifikazioa eta Erregistroa.

14. gaia.–19/2021 Legea, abenduaren 20koa, Bizitzeko Gutxieneko Errenta ezartzen duena.

15. gaia.–Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina: Prestazio ez-kontributiboak: Pentsio ez-kontributiboak eta Prestazio ez-kontributiboei buruzko xedapen erkideak. 357/1991 Errege Dekretua, martxoaren 15ekoa, zeinaren bidez garatzen baita, kotizazio gabeko pentsioen arloan, abenduaren 20ko 26/1990 Legea, Gizarte Segurantzan kotizazio gabeko prestazioak ezartzen dituena.

16. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasuna duten pertsonei arreta emateari buruzkoa (1): atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Mendekotasuna duten pertsonen autonomiarako eta arretarako sistema: sistemaren konfigurazioa. Prestazioak eta zerbitzuen katalogoa.

17. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasuna duten pertsonei arreta emateari buruzkoa: mendekotasuna duten pertsonen autonomiarako eta arretarako sistema (2): I. titulua. Mendekotasuna eta haren balorazioa. Eskubidea aitortzea. Sistemaren finantzaketa eta onuradunen ekarpena.

18. gaia–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duena: atariko titulua. Legearen xedea, definizioak eta printzipioak. Aplikazio eremua. II. titulua. Aukera berdintasunerako eskubidea. Sustapen- eta defentsa-neurriak. 888/2022 Errege Dekretua, abenduaren 4koa, desgaitasuna aitortu, deklaratu eta haren maila kalifikatzeko prozedura arautzen duena.

19. gaia.–31/2022 Foru Legea, azaroaren 28koa, Desgaitasunari buruzkoa.

20. gaia.–8/2021 Legea, ekainaren 2koa, zeinaren bidez legeria zibila eta prozesala berritzen baitira desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatzen laguntzeko. Bigarren artikulua. Kode Zibilaren aldaketa-IX, X., XI. tituluak.

21. gaia.–1/2011 Foru Legea, otsailaren 15ekoa, Mendetasun-egoera aitortzeko prozedura ezartzen duena eta Nafarroan mendetasun-egoera baloratzeko ekipoak eta organoa osatuko dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea ezartzen dituena. 197/2018 Foru Agindua, ekainaren 15ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baita zer prozedura eta zer baremo aplikatuko diren familiako egoera baloratzeko, plaza bat lortzearren egoitzetan, zehazki, adineko pertsonak, desgaitasun bat dutenak, gaixotasun mental bat dutenak edo gizartean bazterturik daudenak edo bazterturik egoteko arriskuan daudenak artatzeko egoitzetan: testu artikulatua.

22. gaia.–17/2000 Foru Legea, abenduaren 29koa, Zahar-etxeetako egonaldiak finantzatzeko erabiltzaileek ordaindu beharrekoa arautzen duena.

23. gaia.–210/2009 Foru Agindua, ekainaren 1ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoak arautzen dituena. 224/2019 Foru Agindua, maiatzaren 31koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, mendekotasun eta/edo desgaitasun egoera bat aitortua duten pertsonen laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa arautzen duena.

24. gaia.–62/2013 Foru Agindua, urtarrilaren 18koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, mendekotasuna dutenentzako laguntzaren arloko hainbat prestazio eta zerbitzuren arteko bateragarritasun araubidea ezartzen duena eta mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei sostengua emateko laguntza ekonomikoak arautzen dituena. 476/2018 Foru Agindua, abenduaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko dirulaguntzak arautuko dituena, zerbitzu bat kontratatzeko: zaintzaile profesional bat eta/edo zerbitzu enpresa bat.

25. gaia.–1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabearen Babes Juridikoari buruzkoa, eta Kode Zibilaren eta Prozedura Zibilaren Legearen zati batzuk aldatzekoa.

26. gaia.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena: atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Lege honen aplikazio esparrua. II. titulua.–Neurriak VIII. titulua. Erantzukizun zibila.

27. gaia.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa (1). Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Haur eta nerabeen eskubideak. II. titulua. Antolaketa administratiboa.

28. gaia.–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa (2). III. titulua: Prebentzio neurriak. IV. titulua. Babesa.

29. gaia.–198/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 28koa, Nafarroako Arreta Goiztiarreko Sarea arautzen duena. 94/2019 Foru Agindua, irailaren 9koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Arreta Goiztiarreko Zerbitzua arautzen duena.

30. Gaia.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa: atariko titulua. Xedea eta printzipio artezkariak. II. titulua. genero indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak. III. titulua: Babes instituzionala.

31. gaia.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egitekoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. V. titulua. Arretarako eta oneratzeko baliabideak eta zerbitzuak.

32. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa.

33. gaia.–10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, Sexu Askatasunaren Berme Osoarena.

34. gaia.–4/2015 Legea, apirilaren 27koa, Delituaren Biktimaren Estatutuari buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua. Oinarrizko eskubideak. III. titulua: Biktimen babesa. Biktimei laguntzeko bulegoak.

35. gaia.–2/1998 Foru Legea, martxoaren 27koa, Nafarroako Bolondres lanari buruzkoa.

36. gaia.–10/2010 Foru Legea, maiatzaren 10ekoa, Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Etxebizitza babestuaren kontzeptua, ezaugarriak eta tipologia. Etxebizitza arloa sustatzeko jarduera publikoa. III. titulua. Etxebizitza babestua lortzeko baldintzak.

37. gaia.–61/2013 Foru Dekretua, irailaren 18koa, Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituena: Gizarte integrazioko etxebizitzen araubidea. 89/2014 Foru Agindua, abenduaren 16koa, Sustapeneko kontseilariak emana, Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa ezartzen duena.

38.–Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina. III. titulua: Langabezia-babesa. Arau orokorrak. Kontribuzio-maila. Laguntza-maila. Langabeen babes soziala: langabezia-sorospen asistentziala. Langabezia-babesa agortu duten pertsonen prestakuntza eguneratzeko programa (PREPARA). Enplegua Aktibatzeko Programa (PAE).

39. gaia.–442/2020 Foru Agindua, abenduaren 28koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, prozedura garatzen duena Gizarteratzeko Aparteko Laguntzak balioetsi eta emateko.

40. gaia.–Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko Nafarroako erakunde arteko III. akordioa.

41. gaia.–Ordenantza, Gizarte larrialdian dauden pertsonei edo familia unitateei banakako gizarte laguntzak emateko.

42. gaia.–Ordenantza, arautzen duena nola eman prestazio ekonomikoak Atarrabiako ikastetxeetan jateko.

Hirugarren zatia.

1. gaia.–Elkarrizketa gizarte lanean: ezaugarri eta fase nagusiak: Teresa Rossell.

2. gaia.–Gizarte lanaren kode deontologikoa. Gizarte Laneko Diplomadunen Kontseilu Ofiziala.

3. gaia.–Bioetika: bioetikako lau printzipio klasikoak. Beauchamp eta Childress.

4. gaia.–Akonpainamendu soziala, inklusio prozesuetan esku hartzeko metodo gisa: definizio adostua, parte hartzeko betebeharrak, ezaugarriak eta esku hartzeko plana.

Iragarkiaren kodea: L2516663