1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1426E/2025 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Soner Cervantes SLUk Erriberriko 6. poligonoko 270. eta 271. lurzatietan sustatutako "Erriberriko (Nafarroa) BEES Eunate baterien bidez energia metatzeko sistemaren eta ebakuazio-azpiegituren proiektua" dela kausa.
2025eko abuztuaren 4an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Azpiegitura Energetikoen Atalak Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen da proiektua. Beraz, bertan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.
Jardueraren helburua BESS Eunate metatze instalazioa eraikitzea da. Instalazio horrek 1,83 hektareako azalera izanen luke, eta Erriberriko 6. poligonoko 271. lurzatiko 2,68 hektareak ia osorik hartuko lituzke (hesitutako azalera), Corraliza de Araiz parajean (instalazioaren perimetroa hesitu eginen litzateke). Instalazioko energia 30 kV-eko lurpeko bi lineen bidez ebakuatuko da, 270. lurzatian zehar, lehendik dagoen eta martxan dabilen Erriberri 30/132/220 kV azpiestazioraino, eta han handitu eginen da BESS Eunateri konektatzeko ahalmena emateko. Handitze horretatik, linea 220 kV-eko lurpeko konexio linea baten bidez konektatuko da, Red Eléctricaren (aurrerantzean, REE) Erriberri 220 kV TAEraino.
Instalazioak 40 MW-eko potentzia izanen du, eta 160 MWh-ko metatze ahalmena; beraz, lau orduko autonomia izanen du.

Metatze instalazioak LPF-ioi bateriak izanen ditu (litioferrofosfato-ioizkoak). Instalazioak 40 MW-eko potentzia izendatua izanen du, eta 32 metatze-kontainerrak (neurri honetakoak: 6,06 x 2,9 x 2,44 metro). Kontainerrak hormigoizko lauzen gainean jarriko dira.
Sustatzaileak perimetroan hesia jartzea proposatzen du. Hesi zinegetikoa izanen da, alanbre galvanizatuzko 200/20/30eko sarez egindakoa, eta 2 metroko altuerakoa. Lurzorura 20 cm-ko tartea utziko da, eta, hesian, 50 metroan behin, 30 x 20 cm-ko baoak utziko dira. Sarbide ate bat instalatuko da, 4 metroko luzerakoa, ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera.
Hesia ainguratzeko zutabeak T formakoak izanen dira, 60 x 60 x 6koak, eta lurzoruan tinkatuko dira. Zutoin batetik bestera 5 metroko tartea egonen da. Ikusgarritasuna emateko eta talkak saihesteko, 10 metroan behin plakak jarriko dira altuera desberdinetan.
Baterietako energia BESS Erriberri TAE eraiki berrira ebakuatuko da, 30/220 kV-eko tentsio izendatuan. TAEan, 60 MVA-ko harilkatze transformadore bat egonen da. TAE horrek operazio eta mantentze lanetarako hormigoi prefabrikatuzko eraikin bat izanen du.
BESS Erriberri metaketa TAEtik energia 220 kV-ean ebakuatuko da, lurpetik, Erriberri 30/132/220 kV azpiestazioaren alboko handitzera, zeina beste sustatzaile batzuena baita. Lineak 134 metroko luzera izanen du, laborantza lurretatik pasatuko da, eta, azken tartean, hiri lurzorutik, REEren azpiestaziora iritsiko da.
Baterien bidezko metatze instalazioen helburua da sistema elektrikoaren sareari malgutasuna, efizientzia, jarraitutasuna eta segurtasuna ematea.
Instalazioa ezartzeko lurzatiak landa lurzoruaren erabilera du, eta katastroaren arabera, lehorreko laborantzara bideratuta dago. Lurzatia zelaia da edo malda leuna du, eta Erriberri 220 kV TAErako sarbideetako edozeinetatik sartzen da bertara.
Instalazio sortu berrian argiztapen sistema bat instalatzea aurreikusi da, egin beharreko mantentze lanetan eta balizko larrialdiko esku-hartzeetan ikuspena eta segurtasuna bermatzeko.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Kontsulta egin zaie Erriberriko Udalari eta zenbait talde ekologistari, bai eta instalazio berriak eragindako lurretan edo zerbitzuetan eskumenak dituzten Nafarroako Gobernuko atalei ere (Ondare Historikoaren Zerbitzua). Legean aurreikusitako epean, Erriberriko Udalaren erantzuna jaso da, non hirigintza bateragarritasuna zehaztu den.
Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Aurkeztutako ingurumen dokumentazioak alternatiben azterketa bat jasotzen du, konexio puntutik 2 km-ko perimetroa kontuan hartuta, zeinak ezartzen baitu, hainbat irizpide kontuan hartuta, 6. poligonoko 271. lurzatia dela aukerarik onena, hurbil dagoelako eta "AC13: Caparroso-Faltzes-Martzilla-Erriberri" Estepako Hegaztientzako Eremu Kritikotik kanpo dagoelako.
Figura hori puntu giltzarria izan da bertan deus ere ez ezartzea deliberatzeko.
Ebakuazio lineari dagokionez, laborantza lurretan ahalik eta eraginik txikiena izanen duen ibilbide bat aukeratu da, lurpekoa, eta ez da alternatibarik aurkeztu. Hala, nahiz eta ez den eskatu Erriberri 30/132/220 kV azpiestazioaren ondoko handitzearen ebaluazioa, hura egin beharko litzateke proiektua gauzatuko balitz; beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuan hori ageri da, eta egindako ebaluazioan kontuan hartu da. Gauzatzen bada, egiaztatu beharko da dagokion sustatzaileak eskatutako handitzea bat datorrela espediente honetan ebaluatutakoarekin.
Instalazioaren ezarpen eremuaren morfologia zelaia da nagusiki, eta azalera txikia du; beraz, ahalik eta lur mugimendu gutxien eginen lirateke. Horrek aldaketa geomorfologiko oso txikiak eraginen lituzke, eta, ondorioz, geologiaren eta lurzoruaren gaineko inpaktua bateragarritzat jotzen da, eraikuntza fasean, eta ez-nabarmentzat, ustiapenean.
Baterien instalazioa aldizkako ur korronteetatik gertu dago, eta horietara gutxienez 31 metroko tartea uztea proiektatu da; korronte horiek ez dute eraginik izanen, eta, beraz, balizko inpaktuak bateragarritzat jotzen dira.
Proiektuaren eremuaren arabera, ez da aurreikusi Natura 2000 Sareko guneetan lanik egitea, ez eta ingurumen babeseko figuraren bateko guneetan ere. Instalazioaren lurzatia bera banaketa sarearekiko konexio lotunetik hurbil dago. Horrek baieztatzen du jarduketa eremua ingurune antropizatu batean dagoela, hainbat bide eta eraikuntza azpiegituretatik hurbil. Hala ere, lehen aipatu bezala, jarduketak Estepako Hegaztientzako Eremu Kritikotik gertu eginen dira ("AC13: Caparroso-Faltzes-Martzilla-Erriberri" izena du eremuak). Hori kontuan hartu da, eta beraz, bertan deus ere ez ezartzea edo bertatik deus ere ez ebakuatzea deliberatu da, eta azpiestazioaren ondoko kokalekua aukeratu da, erasana minimizatzeko.
Aurkeztutako ingurumen dokumentazioaren arabera, prebentzioko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak ezarri aitzin inpaktu handienak zarata faktoreak eraginak dira. 75 dB-eko legezko muga dago egunez, eta 65 dB-ekoa, gauez. Zarata iturri hipotetikoa 80 dB-ean ezarriko da, eta immisio punturik hurbilenean, 100 metrora, 34 dB-era pasatuko da; balio hori ezarritako mugak baino txikiagoa da. Faktore horri dagokionez, kokapenaren ondorioz batez ere, afekzioa ez da nabarmentzat hartu.
Hidrologia eta hidrogeologiaren, landarediaren, habitaten eta faunaren gaineko eragina bateragarritzat jotzen da gehienbat eta, zenbait puntutan, ez-nabarmentzat ere hartzen da. Inpaktuak minimizatzeko, zenbait prebentzio eta zuzenketa neurri proiektatu dira, obra fasean airearen kalitatearen gaineko eragina zein kutsadura akustikoak eragindakoa minimizatzeko, baita geomorfologiaren, zoruaren, uraren, landarediaren, habitaten eta faunaren ingurukoak ere.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuak detektatu du estepako faunaren espezie batzuk daudela inguru horretan, hala nola atalarra, mirotz urdina eta Naumann belatza, eta honako neurri hau ezartzen du: "Erriberri 30/132/220 kV TAE handitzen denean, Naumann belatzaren eztei ondoko etzaleku garaian eraginik ez izateko ahalegina eginen da". Erabili beharreko azalera txikia zein haren kokapena direla-eta ez da eragin nabarmenik aurreikusi espezie horietan. Dena dela, Naumann belatzaren inguruko neurriak sartu dira baldintzen artean: BESS Eunateri eragiten diote neurri horiek, nahiz eta Erriberri 30/132/220 kV TAEren handitzeari buruzkoak baino ez diren.
Azkenik, ingurumen-inpaktuaren azterketak ingurumen jarraipeneko plan bat jasotzen du, egin beharreko obrak egin aurreko jarduketekin eta txostenekin, eta Ingurumen Departamentuan entregatuko dira.
Beraz, aurkeztutako dokumentazioa, eta proiektua gauzatu, ustiatu eta desmuntatzearen ondoriozko ingurumen-inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak txostena eman du, eta adierazi ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dela ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio arruntaren tramitazioa hasi behar, eta aurreikusten dela proiektuaren ingurumen-inpaktua bateragarria izanen dela tokiko ingurune naturalaren balioekin; horrenbestez, aldeko ingurumen-inpaktuaren txostena ematea proposatzen du energia elektrikoa baterietan metatzeko "BESS Eunate" proiektua egiteko, barnean hartzen duena ebakuazio-instalazioaren azpiegitura, betiere proiektuak betetzen baditu ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaerarekin batera aurkeztutako ingurumen gaiei buruzko dokumentuan proposatutako neurriak, eta, horiez gain, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotzen diren zehaztapenak, ondoren zehaztu eta proiektuaren baimen substantiboan jasoko direnak.
Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Soner Cervantes SLUk Erriberri udalerrian sustatutako "Erriberriko (Nafarroa) BEES Eunate baterien bidez energia metatzeko sistemaren eta ebakuazio azpiegituren proiektuak" ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarrita dagoen moduan, eta, beraz, ez da beharrezkoa 21/2013 Legearen II. tituluko II. kapituluko 1. apartatuan jasotako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.
2. Aurrekoa gorabehera, baimenak berekin dakar baldintza hauek betetzea:
–Ebakuazio linea guztiak lurpekoak izanen dira, zulatuko diren zanga berriak edo lehendik dauden kanalizazioak baliatuta.
–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko eragina murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) jasotakoa, eta, zehazki, honako hau:
- Argi puntuek gorantz igorritako gehieneko fluxuak % 1 edo gutxiago izanen dira argi puntu guztietan eta kanpoko argiteriaren edozein erabileratarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 apartatua.–Argi emisioen mugak).
- Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestu behar dira (LED argiak, esate baterako, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko edo LED-anbar lanparak (argi zuri-horia) erabiliko dira. "Lanpara horiek erabiltzea ezinezkoa denean, 440 nm-tik beherako uhin-luzeren irradiazioa iragaziko da" (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.2. apartatua.–Argi iturriak).
–Bestalde, kanpoko argiztapena lanorduetan edo lanetan behar denean erabiliko da, eta gainerakoan itzalita egon beharko da.
–Drainatze sarea diseinatzeko, kontuan hartu beharko da ez ditzala aldarazi topografiaren ondoriozko hustubide naturalak eta lurzatiko aldizkako ibilguen eta jarioen hustubideak.
–Hesi perimetrala ahalik eta gehien egokitu beharko da bateriek eta sarbideak hartzen duten azalerara. Horrela, hesia atzeraeman beharko da ekialdeko mugan behar-beharrezkoa den gutxieneko azalera hartzeraino; alegia, aurreikusitako azalera guztia hartu gabe eta barruan erabilerarik gabeko eremu itxirik utzi gabe.
–Hesi perimetrala zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzen uzteko, eta horretarako, beheko aldean tarte bat utzi beharko da lurzorura, 20 cm-koa.
–Ondare arkeologikoaren gaineko eraginei dagokienez, Vianako Printzea Erakunde – Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak egindako aldeko txostena lortu beharko da administrazio baimena eskuratu aitzin.
–Lanak egin bitartean lurpean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari horren berri berehala emateko legezko betebeharra duela.
–Berariaz debekatzen da ezarpen eremuko landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa herbizidak erabiltzea.
−Lagomorfoen, karraskarien edo beste animalia batzuen kontrola egin behar bada, dagozkion baimenak lortu beharko dira lehenbizi.
–Ustiapen fasean, dagokion jarraipena egin beharko da, sortzen diren soinu mailak indarrean dagoen araudiak ezarritako mugen barruan daudela kontrolatzeko. Hala ez bada, zarata arintzeko neurriak ezarri beharko dira, hala nola zarataren aurkako hesiak jartzea edo instalazioan bestelako hobekuntzak egitea.
−Metatze instalazioak lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira ahal den heinean, lanak egin bitartean eragina guztiz ezinbestekoa den eremuan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan.
–Materialak pilatzeko eremuak eta makinentzako parkeak aldatutako eremuetan jarriko dira, eta inola ere ez dira paratzen ahalko landaredi naturalak estalitako eremuetan.
−Lanek aldatutako eremu guztiak eta lanen ondoren mantenduko ez diren trazak behar bezala lehengoratu beharko dira, lanak egin aurreko erabilera eta egoera berreskura ditzaten. Lehengoratze lanen barnean sartzen da makinak igarotzean zanpatutako lurrak harrotzea.
–Lanak hasi aitzin, lan eremuak, makinak igarotzeko eremuak eta materialak biltzeko eremuak zehaztuko dira argiki. Ezinbestekoa den azalera txikiena izanen dute eremu horiek.
–Zanga irekitzeko lanetan gutxienez 30 cm-ko sakonera duen landare lurrezko geruza bat erauziko da hasteko; lur geruza hori hondeatutako gainerako lurretik bereizita pilatu beharko da, eta berriro jarriko da gainazalean zanga betetzen denean.
–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Ondotik, eragindako eremuak lehengoratuko dira.
–Gomendagarria da afekzioak izan ditzaketen estepako abifauna-espezieen aldi kritikotik kanpo egitea jarduera (uztailaren 1etik irailaren 30era, biak barne), batez ere Naumann belatzaren etzalekuan. Aldi horretan obrak egiten badira, debekatuta dago ilundu baino ordubete lehenagotik egunsentia baino ordubete geroagora arte lan egitea.
–Obra hasi baino astebete lehenago, gutxienez, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoa abisatu behar da (seguimiento.ambiental@navarra.es), espediente kodea aipatuta.
–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuak obraren jarraipen dokumentu bat egiteko aukera jasotzen du, eta aukeran uzten du dokumentu hori idaztea. Jarraipen dokumentu hori nahitaez idatzi beharko da, obra zer eraikuntza fasetan dagoen, zer gorabehera dagoen eta zer neurri hartu diren adierazi beharko da, eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegora bidali beharko da (seguimiento.ambiental@navarra.es).
–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Taldeari (lanen hasiera eta abar), mezu elektronikoa bidali beharko dio Tafalla-Zangoza barrutiari (gmatafalla@navarra.es) edo 609907084 telefonora deitu beharko du.
–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarrean dagoen legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.
3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak galarazi gabe.
4. Honako ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko abenduaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2516139