4. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1425E/2025 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ebazten baita hidrogeno berdea ekoizteko instalazioaren proiektua, Enhol Gases Renovablesek sustatutakoa. Proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, txosten honetan ezarritakoaren arabera.

Horren bidez formulatzen da Enhol Gases Renovablesek sustatutako hidrogeno berdea ekoizteko instalazioaren proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak txosten honen goiburuan aipatutako proiektua aurkeztu dio Biodibertsitate eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari 2025eko uztailaren 31n.

Proiektua, bere ezaugarriak direla eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 6. taldean sartzen da, "Industria kimikoa, petrokimikoa, ehungintza eta papergintza", zehazki, i) epigrafean, "Iturri berriztagarrietatik hidrogeno elektrolitikoa, fotoelektrolitikoa edo fotokatalitikoa ekoizteko industria instalazioak"; beraz, bertan xedatutakoaren arabera, iturri berriztagarrietatik hidrolisi prozesu bidez hidrogeno berdea ekoizteko jarduera berria ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren araubidearen mende dago.

Proiektuak hidrogeno berdea ekoizteko instalazio bat barne hartzen du, industrialde batean kokatua, Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriko industrialdeko 4.6 lurzatian, La Serna eremuko D kalean. Katastroko lurzatia 38. poligonoko 489 zenbakikoa da, eta UTM-ERTS89 koordenatuak hauek dira: 30N eremua, x: 611.544; y: 4.659.638. Hornidura elektrikoa La Nava instalazio berriztagarritik (eguzki instalazio fotovoltaikoa) egiten da (lurpeko erdi-tentsioko linea elektrikoa). Iparraldean dago, 5 km-ra baino gehiagora.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren izapidea.

Proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumen dokumentazioa bat dator Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua izapidetzeko zehaztutako edukiarekin.

2025eko abuztuaren 28an, 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz, kontsultak egin zaizkie eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Tuterako Udalari, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalari eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari egin zaie kontsulta.

Erantzunak jasotzeko epea agorturik, Tuterako Udalarena jaso da, zeinak jarduketaren hirigintza bateragarritasunari buruzko aldeko txostena eman baitu, eta, gainera, adierazi du proiektu horren lurpeko ebakuazio lineak Tuterako udal-mugartean eragindako lursailen kalifikazioak (Udalaren herri-lurrak) Udalaren baimena, Nafarroako Gobernuko Herri-lurren Atalaren desafektazioa eta gainerako baimen sektorialak izan beharko dituela.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak jakinarazi du ingurumen-baimen bateratua emateko espedientea aldi berean izapidetzen ari direla, eta proiektua berrikuspen teknikoko fasean dagoela.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoiduna emanen duela proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen-inpaktuaren txostena egin beharrari buruz, ezartzen diren baldintzekin.

Proiektuaren deskribapena eta ingurumen dokumentuaren ondorioak.

Jarduera Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriko lurzati industrial urbanizatu batean ezarriko da. Hornidura elektrikoko lineak lehorreko laborantzako lursailak zeharkatuko ditu, eta abifauna kontserbatzeko bi eremu kritiko zeharkatuko ditu: AC16: Castejón Tutera eta AC17: Tutera Iparraldea.

Lurzatiaren barrutik industrialdera sartzeko bi bide eginen dira. Jarduketa eremuaren hirigintza baldintzen arabera proiektatu dira lurzatiaren urbanizazioa eta hesitze perimetrala.

Hidrogeno berdea ekoizteko instalazioak hainbat ekoizpen eremu, industria eraikin eta eraikin osagarriren multzo bat izanen du, hidrogeno berdea ekoizten eta sortutakoa kudeatzen laguntzeko. Gainera, deposituak proiektatu dira: 18 barrean egonen den 100 m³-ko unitate bat eta 45 barrean egonen den 100 m³-ko unitate bat. Baita zamalanetako kaiak eta tube trailerrak ere: 380 barrean egonen diren 486 kg H2/tube trailer bi unitate. Guztira, 6.555,0 m²-ko azalera.

Elektrolisigailua Tuterako udal-mugartean bertan dagoen La Nava eguzki instalazio fotovoltaikotik datorren energiaz elikatuko da. Aipatutako instalazio fotovoltaikoko La Nava 66/30 kV TAEko 30 kV-eko gelaxketatik hidrogeno berdea ekoizteko instalaziorako hornikuntza berriztagarria eginen duen 30 kV-eko linea elektrikoa lurpekoa izanen da; 5.570 m-ko luzera izanen du, eta 1,20 m-ko sakonera eta 30 cm-ko zabalera duen zanga batean egonen da.

Hornidura sare orokorreko ur hornidura bakarra egonen da erabilera guztietarako: industriarako, zerbitzuetarako, eta suteen aurkako babes sistemaren hornidurarako. Sarrerako ur gordina 2,00 m³/h izanen da; 16.300 m³/urte.

Instalazioko errefus-ura, hondakin uren isurketa nagusia, 1,08 m³/h izanen da (8.802 m³/urte; 25,92 m³/egun), eta industrialdeko saneamendu kolektorera bideratuko da, ondotik udal HUAn tratatzeko.

Txosten honen I. eranskinean instalazioaren eraikuntza elementuak zehazten dira, eta II. eranskinean instalazioaren planoak eta irudi birtuala eransten dira.

Oinarrizko proiektuarekin batera aurkeztutako ingurumen dokumentuak alternatiben analisia egiten du, teknologiaren arabera: elektrolisia (aldaera guztietan), termolisia eta metodo fotoelektrokimikoak. Baita kokapenaren arabera ere: La Nava 30/66 kV TAEtik jatorri berriztagarriko energia hornitzeko lurpeko linea elektrikoa (30 kV-eko lurpeko erdi-tentsioko linea elektrikoa) partekatzen duten hiru alternatiba. Analisian 0 alternatiba sartu da, eta baztertu egin da, besteak beste, ez dituelako betetzen energia berriztagarria sortzeko, larrialdi klimatikoari arreta emateko eta berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko Europako eremu erkiderako planak eta estrategiak.

Alternatiben analisiak instalazioak hartzeko gaitasunaren araberako ebaluazioa egiten du. Honako alderdi hauek aztertu dira: konexio elektrikorako erraztasuna, irisgarritasuna, higadura, landaredia, fauna, habitatak, babestutako guneak eta abar. Elementu guztiak aztertu ondotik, 1. aukera hautatu da, ingurumen-ebaluazioaren mende den proiektukoa.

Ingurumen dokumentuak eraikuntza, ustiapen eta eraispen faseetako inpaktuak aztertzen ditu, eta ondorioztatzen du hidrogeno berdea ekoizteko instalazioaren eta jatorri berriztagarriko energia hornitzeko lurpeko linea elektrikoaren proiektuak ez duela inpaktu nabarmenik izanen. Eraikuntza fasean, lurzoruak, hidrologiak, landarediak eta ondare historikoak garrantzi gutxiko inpaktu nabarmenak izaten ahal dituztela baizik ez du kontuan hartzen. Ustiapen fasean, mantentze lanak direla eta, gizakiak ibiltzeak eta ibilgailuen zirkulazioak faunari erasaten ahal diotela aipatzen da.

Klima aldaketari dagokionez, ingurumen dokumentuak adierazten du proiektuak berotegi efektuko gasen emisioak murrizten lagunduko duela, eta, horrekin batera, klima aldaketa eragiten duten kausak murrizten, ez baita erregai fosilik erabiliko energia sortzeko.

Metaketa eta sinergia inpaktuei dagokienez, sortzen ahal diren inpaktu guztiak aztertu ondotik, ondorioztatzen da proiektu horrek inpaktu global bateragarria eraginen duela.

Ingurumen dokumentuak, gainera, zehatz aztertzen du proiektua istripu larrien edo hondamendien arriskuen aurrean zenbatean den kaltebera, eta arriskua oso txikia dela ondorioztatzen du.

Prebentzioko eta zuzentzeko neurriak aplikatuta eta obran eta eragiketan Ingurumenaren Jarraipen Programa abian jarrita, sustatzailearen inpaktuari buruzko balorazio orokorra bateragarria da.

Ingurumen-ebaluazioa. Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Industria eremuko jarduera bat ebaluatzen da, ingurumen balio nabarmenik gabekoa eta ur ibilguetatik eta babestutako naturaguneetatik urrun dagoena.

AC-16 (Castejón-Tutera) eta AC-17 (Tutera iparraldea) abifaunarentzako eremu kritikoak zeharkatzen dituen linea elektrikoa egiteko obrek dirauten bitartean gertatuko da ingurumen kalte nagusia, habitata aldi baterako galduko delako eta makinen eta pertsonen zaratak eta joan-etorriek eragozpenenak eraginen dituztelako. Eragozpen horiek areagotu eginen dira eskortetara hurbildu ahala, hala nola UTMETRS89 koordenatu honetan: X: 610.207 7 Y: 4.661.179. Naumann belatzarentzako gune bat dago bertan. Gauza bera gertatzen da La Serna TAE (REE) azpiestazio elektrikora hurbildu ahala, non Naumann belatzaren migrazio aurreko etzaleku bat dagoen. Inguruetan ez dago babestutako beste gunerik, eta hurbilenak 3,5 km-ra baino gehiagora daude: Pulguer urmaela ES2200041 KBEa, mendebaldean, eta Ebro ibaia 2200040 KBEa, ekialdean.

Lurpeko linea izaki, ez da inpakturik izanen talkarengatik edo elektrokuzioarengatik, ezta bi eremu horietan dauden fauna espezie sentikorrekiko hesi efekturik ere.

Bestalde, instalazioa eta interkonexio elektrikoko sistema proiektatzen diren eremuan ez dago ur ibilgu iraunkorrik; beraz, ez da afekziorik izanen lurgaineko sare hidrikoan. Nolanahi ere, sare hidrografikoari dagokionez, prebentzioko neurriak zorroztu beharko dira instalazio nagusietatik egin daitezkeen isurketei dagokienez, industrialdearen hego-mendebaldeko muturrean uharka duen Barranco del Carmen errekaren natura balioei inolako afekziorik ez eragiteko.

Jarduera nagusia hartuko duen industrialdearen barruan ingurumen balio gutxi dagoenez, ondorio eta arrisku nagusiak instalazioen funtzionamendutik eratorritakoak izanen dira; alderdi horiek ematen den ingurumen-baimen integratuan kontrolatuko dira.

Ondorioa.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, ebatzi du ezen, kontsulten emaitza kontuan izanda eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri dagokionez jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela kalte nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako baldintzen arabera.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Enhol Gas Renovablesek sustatutako hidrogeno berdea ekoizteko instalazioaren proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, txosten honetan ezarritako baldintzen arabera.

2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Txosten hau egin da, sustatzaileak araudi aplikagarri espezifikoan ezarritako baimen guztiak eskuratuta ere, bereziki instalazioaren ingurumen-baimen bateratua, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina arautzen duen administrazio prozedurarekin bat etorriz. Izapide hori, ingurumen inpaktuaren txosten hau idazteko unean, proiektuaren berrikuspen teknikoaren fasean dago, eta bertan instalazioaren ingurumen alderdi garrantzitsuenak ebaluatuko dira; alegia, teknika erabilgarri onenen (TEO) aplikazioa, baliabideen kontsumoa, emisio atmosferiko eta akustikoen arloko afekzioak, isurketak, hondakinen sorrera eta istripu arriskuak ere.

–Ondare arkeologikoaren gaineko afekzioei dagokienez, Vianako Printzea Erakunde – Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da, obrak egiten hasi aitzin.

Lanak egin bitartean lurpean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari horren berri berehala emateko legezko betebeharra duela.

–Obrak hasi aitzin, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Lurpeko linea hartuko duen zanga egiteko lanetan, landaredi naturalaren gaineko afekzioa minimizatuko da, eta bideen ertzeko zuhaixka landarediari eragitea saihestuko da.

–Lurra kendu edo hondeatu aitzin, zanga irekitzeko lanek eragindako azalera guztietatik landare lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko sakonerako profil batean (okupazio iraunkorreko edo aldi baterako azalerak). Material hori behar bezala metatuko da, ondotik zaharberritze lanetan berrerabiltzeko.

–Naumann belatzaren koloniei eragitea saihesteko, lurpeko azpiegitura elektrikoa gauzatzeko egin beharreko lanak, luzera osoan, apirilaren 1etik ekainaren 30era bitarteko alditik kanpo egin beharko dira. Gainera, La Serna TAE (REE) azpiestazioaren mendebaldeko muturra zeharkatzen duen zatiaren kasuan, eta Naumann belatzaren migrazio aurreko etzalekuari eragitea saihesteko, obrak uztailaren 1etik irailaren 30era bitarteko alditik kanpo egitea gomendagarria da. Gomendio hori ezin bada bete, azpiestazio horren inguruko lanak eguzkia atera eta handik ordubetera hasiko dira, goizenez, eta, beranduenez, eguzkia sartu baino ordubete lehenago akituko dira.

–Hala eta guztiz ere, lanak egin bitartean (lurpeko linea elektrikoa) katalogo nazional edo autonomikoetan arriskuan dagoelako jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

–Linea elektrikoa hartuko duen zanga, ireki ondotik, lehenbailehen bete beharko da, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondotik. Zanga zabalik gelditzen bada egun batetik bestera, arrapalak jarri beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak ateratzen ahal izateko.

–Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran bertan erabilita. Lur soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta hurbileko gune narriatuak edo El Culebrete hondakindegia lehengoratzeko erabiliko dira lehentasunez. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten lan horietako edozeinek Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena izan beharko du.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan, hondakinak indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuta.

–Lurpeko linea elektrikoaren obren kasuan, eta landaredi naturala duten gainazaletan, bertako espezieekin eta inguruneko klima baldintzetara egokitutako espezieekin birlandatzea aurreikusi beharko du ingurumen integrazioko proiektuak. Horregatik, ingurumen dokumentuan (15. kapitulua.–Berreskuratzeko plana eta lehengoratzeko neurriak) proposatutako hazi nahasketatik kendu beharko da Moricandia arvensis espeziea, espezie mediterraneoa izan arren, ez baita ohikoa inguru horretan, eta, gainera, oso kolonizatzailea eta hedakorra baita.

– Ingurumen dokumentuak dioen gisan, landaketak eginen dira hidrogenoa ekoizteko instalazioaren inguruan, pantailatzeko eta ingurune hurbilean hobeki integratzeko. Aleppo pinua (Pinus halepensis) erabiliko da lehentasunezko espezie gisa, eta beste espezie batzuk ere erabiltzen ahalko dira, hala nola olibondoak edo almendrondoak.

−Afekzio handiagoa saihesteko, hesi perimetralak ez du elementu ebakitzailerik edo zorrotzik izanen, eta ez da inola ere txarrantxazko hesia erabiltzen ahalko.

–Ingurumena zaintzeko plana ingurumen dokumentuan proposatutakoaren arabera eginen da, eta, gutxienez, 16 bisita izanen ditu obra gauzatzeko fasean.

–Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari inguruabarren bat (obra hasiera eta abar) ohartarazi behar bazaio, hori Tuterako Koordinazio Unitateari mezu elektroniko bat bidalita eginen da (948 847 033 edo 609 904 957, gmatudela@navarra.es).

3. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak, hala badagokio.

4. Honako ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari (Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua), Azpiegitura Energetikoen Atalari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari, Tuterako Koordinazio Unitateari eta sustatzaileari helaraztea.

Iruñean, 2025eko abenduaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA

Proiektuak hidrogeno berdea ekoizteko instalazio bat barne hartzen du, industria gune batean kokatua, Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriko industrialdeko 4.6 lurzatian. Katastroko lurzatia 38. poligonoko 489 zenbakikoa da, eta UTM-ERTS89 koordenatuak hauek dira: 30N eremua, x: 611.544; y: 4.659.638, eta La Nava instalazio berriztagarriarekiko (eguzki instalazio fotovoltaikoa) konexio elektrikoa egiteko azpiegiturak, hark hornituko baitu energia berriztagarriz (lurpeko erdi-tentsioko linea elektrikoa).

Jarraian, hidrogeno berdea ekoizteko instalazioaren proiektua osatzen duten elementuak eta energia berriztagarriz hornituko duen La Nava planta berriztagarriarekiko (eguzki instalazio fotovoltaikoa) konexio elektrikoa egiteko azpiegiturak erakutsiko dira.

–Hidrogeno berdea ekoizteko instalazioa: hidrogeno berdea ekoizteko prozesuko elementuak, hidrogeno berdea konprimatzeko sistemak, metatze sistema, tube trailerren bidezko karga eta garraio sistema, instalazio elektrikoa, instalazio mekanikoa eta suteen aurkako babesa.

–Elektrolisigailua eta bere ekipo osagarri guztiak: ura desionizatzeko sistema, artezgailua, elektrolisigailua hozteko sistemak eta hidrogenoa arazteko sistema. Baita obra zibila ere: hesi perimetrala, sarbideak eta bide konexioak, aparkalekua, lur mugimenduak, drainatzeak, egituren zimenduak, eraikin prefabrikatuak.

–Obra zibileko beste azpiegitura batzuk: ekoizpen estazioa, PCI metatzeko tankea, tube trailerren karga eremua eta hidrogeno berdea metatzeko eremua.

Hornidura sare orokorreko ur hornidura bakarra egonen da erabilera guztietarako: industriarako, zerbitzuetarako, eta suteen aurkako babes sistemaren hornidurarako. Udalaren hornidura saretik datorren ura tratatu egin beharko da elektrolisi prozesuan sartu aitzin. Sarrerako ur gordina 2,00 m³/h izanen da; 16.300 m³/urte.

Instalazioko errefus-ura, hondakin uren isurketa nagusia, 1,08 m³/h izanen da (8.802 m³/urte; 25,92 m³/egun), –eroankortasuna nabarmen handituko da, baina gehieneko balio gisa ezarritako 5.000 uS/cm-tik behera–, eta industrialdeko saneamendu kolektorera bideratuko da, ondotik udal HUAn tratatzeko.

Energia berriztagarria hornitzeko lurpeko 30 kV-eko linea elektrikoa Tuterako udal-mugartetik igaroko da oso-osorik. Lurpeko 30 kV-eko linea elektrikoak La Nava 66/30 kV TAEko 30 kV-eko gelaxkak etorkizuneko H2-a sortzeko eta banatzeko instalazioaren konexio puntuarekin lotuko ditu Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian.

Lurpeko tarteak oinplanoan 5.570 m-ko luzera izanen du 1,20 m-ko sakonerako eta 0,30 m-ko zabalerako zanga batean egonen da, eta honela banatuko da:

–Lehen zatia, 2.315 m-koa, La Nava TAEren eta La Cantera TAEren artean egonen da.

–Bigarren zatia, 1.245 m-koa, La Cantera TAEren eta Pasada P-11 abelbidearen artean egonen da.

–Hirugarren zatia, 2.010 m-koa, Pasada P-11 abelbidearen eta Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriaren artean egonen da.

Prozesu industrialaren deskribapena.

Hidrogenoa ekoizteko prozesu industriala elektrolisitik abiatuta eginen da, korronte elektriko jarraitu baten bidez ur molekula gas egoerako oxigenoan eta hidrogenoan disoziatuta. Korronte hori bi elektrodorekin konektatutako elikatze iturri batek hornituko du, eta haren gainazalean ur molekula hautsiko da. Horretarako, teknologia alkalino presurizatuko 5 MW-eko elektrolisigailu bat erabiliko da, 2.500 KW-eko bi stack-ez osatua.

H2-a ekoizteko ahalmena, guztira, 1.022 Nm³/h izanen da (91,88 kg/h), eta urtean 749 t ekoiztea aurreikusi da. Elektrolisi prozesuko azpiproduktu gisa lortutako oxigenoa zuzenean atmosferara jariatuko da kalterik eragiten ez duen gas gisa; hidrogenoa, berriz, konprimatu eginen da eta tube trailerren bidez banatuko da.

H2-a ekoizteko instalazioaren potentzia 5 MW Urteko H2 ekoizpena 15 barrean, 1.022 Nm³/h Elektrolisigailuaren teknologia 749 t/urte (8.150 h/urte) Hornidura elektrikoa Alkalino presurizatua Gertuko instalazioen energia berriztagarria metatzeko deposituak: 100 m³-ko unitate bat, 18 barrean; eta 100 m³-ko unitate bat, 45 barrean Zamalanetarako kaiak eta tube trailerrak 486 kg H2/tube trailer bi unitate, 380 barrean. Guztira, 6.555,0 m²-ko azalera.

II. ERANSKINA.–Planoak

Hidrogeno instalazioa Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriaren barruan egonen da.

Instalazioen planoa.

1. irudia: instalazioaren airetiko ikuspegia.

Hidrogeno berdea ekoizteko instalazioaren eta La Nava TAEarekiko interkonexio elektrikoko sistemaren ezarpena (alternatibak aztertu ondotik hautatua).

Iragarkiaren kodea: F2516147