4. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

488E/2025 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita "Zure ikastetxea deskarbonizatu" lehiaketa.

2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planaren helburuen artean daude energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energiaren hondarreko kontsumoan energia berriztagarrien ekarpena handitzea eta erregai fosilen erabilera murriztea.

Gaitasuna ematen duten palanketako bat du "Komunikazioa eta partaidetza publikoa. Prestakuntza eta sentsibilizazioa". Haren helburuetako bat da herritarrekiko komunikazio ona eta haien parte-hartzea ahalbidetzea eta bermatzea eta, horrez gain, NEP 2030 planaren emaitzak kontrastatzea gizarte erakundeekin eta intereseko taldeekin, eta intereseko talde horietako bat da, hain zuzen ere, eskola adinean dauden pertsonak.

"Deskarbonizatu zure ikastetxea" lehiaketaren xedea da intereseko talde horrentzat baliogarria izatea, lehen kontaktua izan dezaten trantsizio energetikoarekin eta klima aldaketarekin lotutako gako kontzeptu zenbaitekin, eta orobat, horien inguruko sentsibilizazioa lantzea ere. Lehiaketa burutuko da gaia plazaratzeko jardunaldi batekin, non finalistak aurkeztu eta saria emanen den.

Helburu horien ildotik, Zuzendaritza Nagusi honek 2025-2026 ikasturtean Nafarroako eskola jasangarrien sarea osatzen duten ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko (5. eta 6. zikloak) ikasleei zuzendutako "Deskabonizatu zure ikastetxea" lehiaketaren oinarriak onartu ditu.

Azaldutakoarekin bat etorriz, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 78/2025 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera (2025eko 149. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 28koa), eta Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiaren abuztuaren 5eko 80/2025 Ebazpenaren bidez eskuordetu zaizkidan eskumenak baliatuz (2025eko 155. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 5ekoa), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. "Deskarbonizatu zure ikastetxea" lehiaketaren oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

2. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2025eko azaroaren 28an.–Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Garbiñe Basterra Olóriz.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak antolatzen du ikastetxeentzako lehiaketa hau, ikasleak eraikinen deskarbonizazioaren garrantziaz sentsibilizatzeko eta eguneroko bizitzan kontsumo arduratsua sustatzeko.

Lehiaketan aurkeztu beharreko lana bideo bat da, non garatu edo azaldu behar den jardunbide erakusgarri bat, deskarbonizazioarekin lotua, eta mezu bat zabalduko duena energia garbietarantz hurbiltzeko trantsizioaren inguruan, energia aurrezpenaren inguruan eta, azken buruan, gure aztarna ekologikoa murrizteko moduaren inguruan, energiaren erabilera efizientearen bidez.

2. oinarria.–Parte hartzeko baldintzak.

Nafarroako eskola jasangarrien sarea osatzen duten ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko (5. eta 6. mailak) ikasle guztiek parte hartzen ahalko dute. Ikastalde bakoitzeko proiektu bana aurkeztuko da.

3. Oinarria.–Proiektuaren ezaugarriak eta lanen formatua.

Aurkeztu beharreko proiektua gehienez 3 minutuko bideo bat izanen da, non ikasleek azalduko duten ikastetxearen deskarbonizazioarekin lotutako praktika erakusgarri bat. Beraz, izaten ahal da gai hauekin lotutako praktika bat, esaterako: energia edo ura aurreztea, karbono aztarna txikiagoa duten materialen erabilera, kontsumo arduratsua eta berrerabilpenari eta birziklatzeari lotutako gaiak, joan-etorrietako mugikortasun jasangarria, ikastetxeko ingurumen ingurunearen hobekuntzak edo ingurumen hezkuntzako jarduerak.

Bideoa horizontalean grabatuko da eta mp4 formatuan aurkeztuko da. Gainera, beste alderdi hauek ere jasoko ditu, gutxienez:

–Praktikaren helburua eta azalpena.

–Praktikaren aplikagarritasuna ikastetxearen eta/edo ikasleen eguneroko bizitzan.

–Nafarroako eskola jasangarrien sarearen aipamena.

4. oinarria.–Aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Lehiaketan parte hartzeko eskaera.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, lehiaketaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa baliatuta (hemendik aurrera, lehiaketaren fitxa).

3. Parte hartzeko eskaeran honako hauek zehaztuko dira:

–Proiektua aurkezten duen pertsonaren izena eta bi abizen eta ordezkatzen duen ikastetxearekin duen lotura.

–Parte hartzen duen taldearen edo ikastaldearen izena eta hura osatzen duten ikasleen kopurua.

–Ikastetxearen izena eta helbidea.

4.2. Lanak aurkezteko epea eta lekua:

Lanak aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2026ko martxoaren 27an bukatuko da.

Videoa, mp4 formatuan, weTransfer plataformaren bidez aurkeztuko da, https://trantsisio-energetikoa.nafarroa.eus/ helbidera bidalita.

Horrekin batera, eskabide bat aurkeztuko da telematikoki, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz, honako datu hauek azalduz.

–Proiektua aurkezten duen pertsonaren izena eta bi abizen, eta ordezkatzen duen ikastetxearekin duen lotura.

–Parte hartzen duen taldearen edo ikastaldearen izena eta hura osatzen duten ikasleen kopurua.

–Ikastetxearen izena eta helbidea.

–Praktika-proiektuaren izena.

–Eskabidearekin batera bideoan parte hartu duten ikasleen irudia erabiltzeko baimenak aurkeztuko dira. (9 oinarria).

5. oinarria.–Lehiaketaren nondik-norakoa.

5.1. Herri bozketa.

Aurkeztutako proiektu guztiak Nafarroako trantsizio energetikoaren atarian argitaratuko dira (https://trantsizio-energetikoa.nafarroa.eus/),eta egokitzat jotzen diren Nafarroako Gobernuaren gainerako baliabide propioetan.

Epaimahaiaren iritziz 3. oinarrian aipatutako ezaugarriekin zerikusirik ez duten proiektuak berehala baztertuko dira eta ez dira argitaratuko.

Argitaratutako lanak 15 egun naturaleko epe batez hautagai egonen dira, eta lau bideo bozkatuenak finalerako sailkatuko dira.

5.2. Azken jardunaldia.

Lau proiektu finalistek, maiatzean gutxi gorabehera, oraindik zehazteko dagoen leku batean, eginen den jardunaldi batean azaldu beharko dituzte beren proiektuak.

Finalistek txandaka eginen dituzte azalpenak, eta ausaz erabakiko dira. Talde bakoitzak gehienez 5 minutu izanen ditu bere proiektua azaltzeko eta beren eguneroko bizitzan duen aplikazioa azaltzeko. Halaber, bideoak ikusgai jarriko dira. Praktika erreplikatzeko materiala erabiltzen ahalko da, edo azalpenei laguntzeko material grafikoa.

Bideoak erakutsi ondoren, azken egunean, lehiaketaren irabazlea jakinaraziko da, epaimahaiak aldez aurretik zehaztu ondoren.

5.3. Epaimahaia.

Epaimahai batek eginen du finalerako sailkatutako lau proiektuen ebaluazioa, azken jardunaldiaren aurretik. Pertsona hauek izanen dira epaimahaikideak:

–Trantsizio Energetikoko Zerbitzuko zuzendaria edo hura ordezkatzen duen Trantsizio Energetikoko Zerbitzuko pertsona.

–Trantsizio Energetikoko Zerbitzuko profil teknikoko pertsona bat.

–NASUVINSAko profil teknikoko bi pertsona.

–Ingurumen Heziketako Bulegoko burua, Nafarroako eskola jasangarrien sarearen ordezkari gisa, edo hura ordezkatzen duen sareko pertsona.

5.4. Balorazio irizpideak.

Ebaluazioari begira, epaimahaiak honako alderdi hauek hartuko ditu aintzat:

–Aurkeztu den proiektuaren kalitatea eta orijinaltasuna. 25 puntu.

–Deskarbonizazioari buruzko ezagutza zabaltzeko eta haren garrantziaz sentsibilizatzeko proiektuak duen gaitasuna: 25 puntu.

–Komunikatzeko gaitasuna eta argitasuna, proiektua bideoan azaltzeko orduan: 25 puntu.

–Proiektuak eguneroko bizitzan duen aplikazioa. 25 puntu.

5.5. Lehiaketaren ebazpena.

Epaimahaiaren erabakia eta proiektu irabazlea, azken jardunaldian iragarriko dira, eta Nafarroako Gobernuaren sare sozialetan eta bidezkotzat jotzen diren hedabideetan argitaratuko dira, zein ikastetxetakoa den adieraziz.

6. oinarria.–Saria.

Lehiaketaren saria bi eguneko irteera bat izanen da, proiektu irabazlearen sorkuntzan parte hartu duten ikasleen ikastalde bereko ikasle guztientzat, Nafarroan kokatutako abentura parke batera. Sariak barne hartuko ditu: ikastetxetik autobusez garraiatzea, gaua igarotzeko lekua, mantenua eta abentura parkeko jarduerak.

7. oinarria.–Administrazio deitzailearen eskubideak.

Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak beretzat gordetzen du oinarri hauetan xedatutakoa betetzen ez duten ikastetxeak lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea.

Lehiaketan parte hartzeak esan nahi du aipatutako zuzendaritza nagusiaren esku uztea lan irabazlea, bai eta proiektu irabazlea jendaurrean komunikatzeko eskubideak ere, proiektua sustatzen duen ikastetxea aipatuta.

8. oinarria.–Datuen babesa.

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar lehiaketa honetan parte hartzen duten pertsonen datuak tratatzeko baimena ematea, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren esparruan.

9. oinarria.–Irudia erabiltzeko baimena.

Lehiaketa honetan parte hartzeko, beharrezkoa da ikasgela bakoitzeko erreferente den pertsonak jasotzea parte hartzen duten ikasle guztien datu pertsonalak, eta aurkeztutako bideoan haien irudia erabiltzeko gurasoen/legezko tutoreen baimena ere bai. Bete beharreko baimena oinarri hauen II. eranskinean dago, eta proiektua aurkeztearekin batera aurkeztutako eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

10. oinarria.–Parte hartzearekin batera hartutako konpromisoa.

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek onartzea, baita epaimahaiak edo Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiak hartzen ahal dituen erabakiei men egitea ere.

Oinarriok ez betetzeak lehiaketan parte hartzeko ezintasuna ekarriko du, epaimahaiaren edo Zuzendaritza Nagusiaren irizpideari jarraikiz. Era berean, Zuzendaritza Nagusiak oinarri hauetan aurreikusi gabeko edozein kontingentzia konpontzeko eta horiek interpretatzeko ahalmena izanen du.

II. ERANSKINA.–LEHIAKETAN PARTE HARTUKO DUTEN ADINGABEEN IRUDIAK ERABILTZEKO BAIMENA

..................................................................................................................................jaunak/andreak

NANa ............................................. duenak, .......................................................... ikaslearen aita, ama edo legezko tutorea naizen aldetik,

BAIMENA EMATEN DUT:Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiko Trantsizio Energetikoko Zerbitzuari, "Deskarbonizatu zure ikastetxea" eskola lehiaketara aurkeztutako bideoa argitara dezan, Nafarroako Gobernuaren hedabideetan, nire semearen/alabaren irudia jasotzen den irudien eta erreprodukzioen eskubide guztiak haren esku utziz. (Markatu nahi duzun aukera):

BAIMENA BAI BAIMENIK EZ

Halaber, Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan eta datuak babesteko araudian ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuak gurasoen edo legezko tutoreen baimena eskatzen du, eskola lehiaketaren barruan egindako edo antolatutako jardueretan adingabeko semea edo alaba, bakarka edo taldean, agertzen den irudiak argitaratu ahal izateko.

Adingabeen irudiak hirugarrenei jakinarazteko, beharrezkoa da bi gurasoek baimena ematea. Beraz, baimena ematen badu, beste kidearen baimena duela eta inprimakian dagoen informazio guztia helarazi diola baieztatu behar du.

Iruñean, 2026ko aren (e)(a)n

Izpta.:

(aita, ama edo legezko tutorea)

Iragarkiaren kodea: F2515837