4. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

392/2025 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdia egiten baita prozedura hauetarako: hezkuntza-itunak aldatzeko Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan (2027-2028 ikasturtera arte ituna indarrean duten ikastetxe pribatu itunduetan), Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetan eta Hezkuntza Bereziko unitateetan, 2026-2027 ikasturterako, eta hezkuntza-etapa horietan hezkuntza-itun berriak sinatzeko.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 13ko 139/2021 Ebazpenaren bidez (119. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 21ekoa), Lehen Hezkuntzarako hezkuntza-itunak onetsi ziren, sei urterako. Gero, uztailaren 21eko 274/2021 Ebazpenaren bidez (2021eko 188. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 12koa), irailaren 16ko 341/2021 Ebazpenaren bidez (2021eko 242. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 19koa) eta urriaren 13ko 369/2021 Ebazpenaren bidez (2021eko 248. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 27koa), zeinak Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak eman baitzituen, apirilaren 13ko 139/2021 Ebazpena aldatu zen.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 13ko 149/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 17koa), aldaketak egin ziren Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Lanbide Heziketako hezkuntza-itunetan, 2022-2023 ikasturterako. Ondoren, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren irailaren 30eko 431/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko 213. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 27koa), apirilaren 13ko 149/2022 Ebazpena aldatu zen.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 13ko 150/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 18koa), Haur Hezkuntzako 2. ziklorako eta Batxilergorako hezkuntza-itunak onetsi ziren, lau urterako. Gero, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ekainaren 6ko 258/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 23koa), 150/2022 Ebazpenaren I. eranskinean atzemandako akatsa zuzendu zen, eta, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren irailaren 30eko 432/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko 213. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 27koa), itundutako unitateen kopurua handitu zen Haur Hezkuntzako 2. zikloan eta Batxilergoan.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren 24/2023 eta 25/2023 ebazpenen bidez (biak urtarrilaren 27koak), Batxilergoko etaparako hezkuntza-itunak iraungi ziren Miravalles-El Redín eta Irabia-Izaga ikastetxe pribatu itunduetan.

Apirilaren 5eko 124/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 96. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 9koa), Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Batxilergoko 2023-2024 ikasturterako hezkuntza-itunak aldatzea onetsi zen. Gero, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 37/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 16koa) eta urriaren 25eko 75/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 231. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 7koa), apirilaren 5eko 124/2023 Ebazpena aldatu zen.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren apirilaren 5eko 125/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 11koa) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetako eta Hezkuntza Bereziko unitateetan hezkuntza-itunak lau urterako berritzea ebatzi zen. Gero, Hezkuntza Baliabideen abuztuaren 22ko 380/2023 Ebazpenaren bidez (2023ko 178. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 28koa), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan itundutako unitate kopurua handitu zen.

Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren apirilaren 3ko 102/2024 Ebazpenaren bidez (2024ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 9koa) ebatzi zen Burlatako Irabia-Izaga eta Iruñeko Miravalles-El Redín ikastetxeetako Batxilergoko hezkuntza-itunaren sinadura 2024-2025, 2025-2026, 2026-2027 eta 2027-2028 ikasturteetarako.

Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren apirilaren 12ko 111/2024 Ebazpenaren bidez (2024ko 97. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 10ekoa) onetsi zen hezkuntza-itun hauen aldaketa: Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak eta Hezkuntza Bereziko unitateak, 2024-2025 ikasturterako. Gero, uztailaren 2ko 215/2024 Ebazpenaren bidez (2024ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 19koa), irailaren 11ko 291/2024 Ebazpenaren bidez (2024ko 196. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 26koa) eta urriaren 10eko 330/2024 Ebazpenaren bidez (2024ko 221. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 31koa), apirilaren 12ko 111/2024 Ebazpena aldatu zen.

Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren ekainaren 3ko 234/2025 Ebazpenaren bidez (2025eko 122. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 19koa), onetsi zen hezkuntza-itunak aldatzea, 2025-2026 ikasturterako, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetan eta Hezkuntza Bereziko unitateetan. Gero, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren uztailaren 3ko 266/2025 eta irailaren 3ko 308/2025 ebazpenen bidez zuzendu eta aldatu zen ebazpen hori (2025eko 157. eta 186. Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratu ziren, hurrenez hurren: abuztuaren 7koan eta irailaren 18koan).

Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 46. artikuluak aipatzen du zilegi izanen dela unitate kopurua aldatzea hezkuntza-ituna Hezkuntza Departamentuarekin sinatua duten ikastetxeetan, hezkuntzarako eskubideari berme egokia eman ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da indarrean dauden itunak aldatzeko eta hezkuntza-itun berriak sinatzeko irizpideak ezarri eta prozedura zehaztea.

Indarrean dauden hezkuntza-itunen aldaketa ez ezik, aipatu foru dekretuaren V. tituluari jarraikiz, hezkuntza-itun berriak sinatzeko irizpideak eta prozedura ere ezarri behar dira.

Horrenbestez, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenean esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz, eta bat etorriz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak esleitzen dizkidan ahalmenekin,

EBAZTEN DUT:

1. Prozedura deitzea, hezkuntza-itunak aldatzeko, 2026-2027 ikasturtean, etapa hauetan: Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa (2027-2028 ikasturtera arte ituna indarrean duten ikastetxe pribatu itunduetan), Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak eta Hezkuntza Bereziko unitateak.

2. Prozedura deitzea, hezkuntza-itun berriak sinatzeko, 2026-2027 ikasturtean, etapa hauetan: Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak eta Hezkuntza Bereziko unitateak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Ebazpen hau eta eskabide-ereduak pertsona edo ikastetxe interesdunen eskura egonen dira Hezkuntza Departamentuaren web-orrian: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/conciertos-educativos.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea, dagozkion ondorioak sor ditzan, Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusira, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Eskolatze Batzorde Nagusiko buruari.

Iruñean, 2025eko azaroaren 28an.–Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

PROZEDURA HONEN OINARRIAK: HEZKUNTZA-ITUNAK ALDATZEA, 2026-2027 IKASTURTERAKO, LEHEN HEZKUNTZAN, DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAN, BATXILERGOAN (2027-2028 IKASTURTERA ARTE ITUNA INDARREAN DUTEN IKASTETXE PRIBATU ITUNDUETAN), LANBIDE HEZIKETAKO OINARRIZKO, ERDI-MAILAKO ETA GOI-MAILAKO HEZIKETA-ZIKLOETAN ETA HEZKUNTZA BEREZIKO UNITATEETAN, ETA HEZKUNTZA-ETAPA HORIETAN HEZKUNTZA-ITUN BERRIAK SINATZEA

Lehena.–Arau orokorrak.

1. 2026-2027 ikasturterako hezkuntza-itunak aldatzeko prozedura.

Bidezkoa da:

–Hezkuntza-itunak aldatzea hezkuntza-etapa hauetan: Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan (2027-2028 ikasturtera arte ituna indarrean duten ikastetxe pribatu itunduetan), Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetan eta Hezkuntza Bereziko unitateetan.

–Hezkuntza-ituna lehen aldiz sinatzea hezkuntza-etapa hauetan: Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa zikloetako mailetan eta Hezkuntza Bereziko unitateetan.

–Hezkuntza-itunak luzatzea edo aldatzea, hots, sinatu zirenak Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa-zikloetako hezkuntza-etapei eta Hezkuntza Bereziko unitateei dagozkien unitate batzuk aldi baterako baimendu zituzten xedapenen babesean.

2. Prozedura honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio:

–8/1985 Lege Organikoa, uztailaren 3koa, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duena.

–2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa.

–11/1998 Foru Legea, uztailaren 3koa, Batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena.

–2377/1985 Errege Dekretua, abenduaren 18koa, Hezkuntza-itunei buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendua onesten duena.

–416/1992 Foru Dekretua, abenduaren 14koa, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duena.

–132/2010 Errege Dekretua, otsailaren 12koa, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituena.

Bigarrena.–Epeak, eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkeztea eta formalizatzea.

Ikastetxe pribatuek, bat etorriz abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuan ezarritakoarekin, nahitaez aurkeztu beharko dute eskaera modu telematikoan. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak deialdi honi dagokion fitxan (helbidea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Hezkuntza-itunak) gaitu duen berariazko formulario elektronikoa baliatu beharko dute.

3. Aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Ituna aldatzeko eskaera.

Ikastetxeak berak eskatu badu itundutako unitate kopurua aldatzea, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuari zuzenduko zaio eskaera, fitxan dagoen eredua baliatuta. Ebazpen honen 1. oinarrian esandako epean aurkeztu beharko du, eta gutxienez honako datu hauek izanen ditu:

–2026-2027 ikasturterako osotara eskatzen den unitate-kopurua.

–Eskatu den aldaketa justifikatzen duten arrazoiak eta, hala bada, eskatzen diren unitateak hezkuntza-mailako kurtsoen artean banatzeko proposamena.

–Titularraren adierazpena, frogatzeko ikastetxeak jarraitzen duela ituna onesteko bete beharreko baldintzak betetzen, bai eta itunari eragiten dioten aldaketak ere.

3.2. Itun berria sinatzeko eskaera.

Itun berri bat sinatzea eskatzen duten ikastetxeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Itun berria sinatzeko eskaera, fitxan dagoen eredua baliatuta, adieraziz ikastetxeak bete egiten dituela lehenbiziko oinarrian adierazitako arauetan ezarritako baldintza guztiak.

–Azalpen-memoria, honako hau zehazten duena:

–Ikastetxeak nola asetzen dituen eskolatze-beharrak bera dagoen eskualdean, udalerrian edo, hala denean, barrutian dagoen eskariaren arabera.

–Ikastetxeko ikasleen baldintza sozioekonomikoen balorazioa.

–Hala denean, ikastetxean gauzatzen diren esperientzia pedagogikoen ezaugarriak eta irakaskuntzaren kalitaterako eta hezkuntza-sistemarako duten interesa.

–Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioaren ondoriozko beharrak.

–Ikastetxearen jarduera baloratzea ahalbidetzen duen beste edozein informazio (eskola-jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak, eskola-zerbitzuak eta bestelakoak).

–Gizarte Segurantzaren Lurralde Administrazioak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren kasuan kasuko Ordezkaritzak luzaturiko ziurtagiri eguneratuak ere aurkeztu beharko dira, ikastetxearen titularrak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzeko.

–Ikastetxearen titularra kooperatiba bat bada, hura arautzen duten estatutuen kopia erantsi beharko da.

Aurretik aipatu diren dokumentuak aurkeztu ezean (akatsak zuzentzeko eskatu ondoren), hezkuntza-itunak ukatu eginen dira.

3.3. –Honako hauek luzatzeko edo aldatzeko eskaera, horretarako baliatuta fitxan dagoen eredua: hezkuntza-itunak, sinatu zirenak Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa-zikloetako hezkuntza-etapei eta Hezkuntza Bereziko unitateei dagozkien unitate batzuk aldi baterako baimendu zituzten xedapenen babesean.

3.4. Hiru prozesuetarako prozedura komunak.

Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetako eta Hezkuntza Bereziko unitateetako ikastetxeetako titularrek itunak sinatzeko edo berritzeko eskaera egiten ahalko dute, baldin eta ikastetxeok behin betiko baimena edo sailkapena badute.

Aldiz, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren lehenbiziko xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi eta goi mailako heziketa-zikloetako eta Hezkuntza Bereziko unitateetako unitateren baterako aldi baterako baimena duten ikastetxeen titularrek kasuan kasuko itunak luzatzeko eskatzen ahalko dute. Ituna 2026-2027 ikasturterako luzatuko da, baldin eta ikastetxeak aldi baterako baimenari eusten badio, lortzen badu behin betiko sailkapena edo baimena, edo bere horretan segitzen badute luzapena justifikatzen duten eskolatze-beharrek, eta ikastetxeak irtenbidea eman behar badie bestela konpondu ezin daitezkeen eskolatze-beharrei.

Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen Nafarroako erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatuko dituzte hezkuntza-itunak berritzeko, luzatzeko edo aldatzeko eta itun berriak sinatzeko eskaerak. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren legezko ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza frogatzeko notario-ahalorde askietsia, horren fotokopia konpultsatua edo "apud acta" ahalorde-agiria erantsi beharko da.

Hirugarrena.–Hezkuntza-ituna aldatzea.

Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluak xedatzen duenaren arabera, hezkuntza-ituna aldatu behar bada itundutako unitate kopurua handitu edo txikitzeko, zilegi izanen da prozedura ikastetxeko titularrak eskatuta edo Hezkuntza Administrazioak berak ofizioz hastea.

Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak ofizioz hasiko ditu unitate itunduen kopurua aldatzeko prozedurak, ebazpen honen 1. oinarrian ezarritako epeak bukatu ondoren, eskatu ez badute ere, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bosgarren tituluan ezarritako inguruabarrak izaten diren ikastetxeetan. Ukitutako ikastetxeen titularrei prozesua hasi dela jakinaraziko zaie, hurrengo ikasturtean egin gogo diren aldaketen berri izan dezaten eta bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten, hamar egun naturaleko epean.

Itundutako unitate kopurua aldatzeko kontuan hartuko diren irizpideak Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ageri direnak izanen dira.

Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 16. artikuluan aipatzen den ratioa betetzeari dagokionez, kontuan hartuko dira honako hauetan finkatutakoak: otsailaren 5eko 35/2021 Ebazpena (2021eko 37. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 17koa), itundutako unitate bakoitzeko ikasleen gutxienekoa zehazten duena Lehen Hezkuntzan eta abenduaren 29ko 606/2022 Ebazpena (19. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 27koa), unitate bakoitzeko ikasleen gutxienekoa zehazten duena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa-zikloetan eta Hezkuntza Bereziko unitateetan.

Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako oro har, errespetatu beharko da otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 7. eta 16. artikuluetan ezartzen den ikasgela bakoitzeko gehieneko ikasle kopurua. Errege dekretu horren bidez ezarri ziren Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak. Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, errespetatu beharko da otsailaren 28ko 127/2014 Errege Lege Dekretuan ezarritako gehieneko ikasle kopurua, bai eta ikasleak onartzeko prozesua garatzen duten indarreko gainerako arauetan ezarritakoa ere.

Batxilergoan ikastetxe bakoitzean itundutako unitate kopurua kalkulatzeko kontuan hartuko diren irizpideak honako hauek izanen dira, bat etorriz indarrean den legedian ezarritakoarekin:

–Oro har, itunen deialdi honi heltzen dioten ikastetxeetarako, Batxilergorako itundutako eskola unitate bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua 33koa izanen da, ikasleak onartzeko prozesua garatzeko indarreko araudiarekin bat.

–Batxilergorako itundutako unitateek 26 ikasleko batez besteko ratioa izanen dute, gutxienez, itundutako eskola unitate bakoitzeko (416/1992 FLaren 16. artikulua).

Laugarrena.–Unitate iragankorren hezkuntza-itunak.

Unitate itunduren bat salbuespenezko eta aldi baterako baimenarekin duten ikastetxeek zilegi izanen dute sinaturik duten ituna mantentzeko edo luzatzeko eskatzea.

Ituna mantentzeko eskaerak Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, ebazpen honen 1. oinarrian ezarritako epeen barruan.

Ituna 2026-2027 ikasturterako luzatuko da, baldin eta ikastetxeak aldi baterako baimenari eusten badio edo behin betiko sailkapena edo baimena lortzen badu, edo ituna luzatzea justifikatu zuten eskolatze-beharrek bere horretan segitzen badute.

Bosgarrena.–Itunak aldatzeko prozedura.

1. Itunak aldatzeko eskaerak jasotakoan, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu ebazpen honetan eta aplikatzekoa den legeria ezarritako irizpideekin bat.

2. Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak zilegi izanen du eskatzaileak aurkeztu dituen eskaeren eta alegazioen gaineko txostenak eta balorazioak eskatzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiari.

3. Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak, hala behar denean, erakutsi eginen die espedientea eskatzaileei eta epe bat finkatuko du, hamar egun naturalekoa, beren eskubideen alde bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

4. Eskaeraren gaineko ebaluazioa ikusirik eta eskatzaileak aurkeztu dituen alegazioak aztertu eta baloratu ondoren, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak proposamen bat eginen du itunak aldatzeko eskaeren gainean.

5. Horrekin batera, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak, kontuan harturik, alde batetik, ikastetxeetako titularrek aurkeztutako alegazioak, eta bestetik, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiak egiten dituzten txostenak eta balorazioak, halakorik bada, proposamen bat eginen du Hezkuntza Administrazioak ofizioz hasi dituen hezkuntza-itunen aldaketen gainean, eta, kasua bada, espedientea erakutsiko die interesdunei eta hamar egun naturaleko epea finkatuko du eskubidez bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

6. Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuaren proposamena Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiari igorriko zaio, kontuan harturik ikastetxe itunduak finantzatzeko aurrekontuan xedatu diren baliabideak.

7. Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren ebazpena, hezkuntza-ituna aldatzearen gainean ebatziko duena, interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

8. Hezkuntza-itunak aldatzeko ebazpena eginen da kontuan harturik ebazpen honetan aipatzen diren hezkuntza mailetan 2026-2027 ikasturterako dagoen eskolatze aurreikuspena, eta formalizatu aurretik egokituko dira, ikasleen aurreinskripzio- eta matrikulazio-prozesua amaitu ondoren, eta behin bukatuta ikasleak epe arruntetik kanpo onartzeko prozesua.

9. Ebazpen honen babesean egiten diren hezkuntza-itunen aldaketak eginbide baten bitartez formalizatuko dira, eta eginbide hori hezkuntza-ituna formalizatzeko agiriari erantsiko zaio. Eginbide hori, batetik, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak eginen du, Hezkuntza Administrazioaren izenean, eta, bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak; ordezkaritza hori agiri bidez frogatu beharko du.

Seigarrena.–Itun berriak sinatzeko prozedura.

Ituna lortzeko, ikastetxeek haren ondoriozko betebeharrak beren gain hartu beharko dituzte, aplikatu beharreko araudiak ezarritako betekizun guztiak betetzen dituztela adierazi eta itunaren indarraldi guztian horiei eusteko konpromisoa hartu beharko dute.

1. Hezkuntza-itunen iraupena.

Ebazpen honen babesean sinatzen diren hezkuntza-itunek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 116.3 artikuluan ezarritako iraupena izanen dute.

2. Itundutako unitate kopurua kalkulatzeko irizpideak.

2.1. Irizpide orokorrak.

Lehen Hezkuntza.

Gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 11. artikuluak Lehen Hezkuntzarako ezartzen duen kopurua errespetatuko da.

Itundutako unitateek, gainera, eskola unitate itundu bakoitzeko gutxieneko batez besteko ratio hauek izanen dituzte:

Delako maila osatzen duten kurtsoetako bakoitzerako unitate bakarra duten ikastetxeak.

Iruñean eta Iruñerrian (Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Elortzibar, Galar zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Nagusia eta Zizur zendea): 21 ikasle, Lehen Hezkuntzako eskola unitate itundu bakoitzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko gainerako herrietan: 19 ikasle, Lehen Hezkuntzako eskola unitate itundu bakoitzeko.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

Oro har, gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, errespetatuko dira Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 16. artikuluan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako ezarritako kopurua eta Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak arautzen dituen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Lege-dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoa.

Itundutako unitateek, gainera, eskola unitate itundu bakoitzeko gutxieneko batez besteko ratio hauek izanen dituzte:

Oro har, itunen deialdi honi heltzen dioten ikastetxeetarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eskola unitate itundu bakoitzeko gehieneko kopurua 30 ikaslekoa izanen da (132/2010 Errege Dekretuaren 16. artikulua).

Iruñean eta Iruñerrian (Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Elortzibar, Galar zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Nagusia eta Zizur zendea), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako itundutako unitateek 23 ikasleko batez besteko ratioa izanen dute, gutxienez, eskola unitate itundu bakoitzeko (416/1992 Foru Dekretuaren 16. artikulua). (416/1992 FLaren 16. artikulua).

Nafarroako Foru Komunitateko gainerako tokietan, hezkuntza maila bererako, gutxieneko batez besteko ratioa 18 ikaslekoa izanen da eskola unitate bakoitzeko.

Lanbide Heziketa.

Oro har, errespetatuko da Oinarrizko Lanbide Heziketako berariazko alderdiak arautzen dituen otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 22. artikuluan gela bakoitzerako ezarrita dagoen gehieneko ikasle kopurua.

Lanbide Heziketako itundutako unitateek gutxieneko batez besteko ratio hau izanen dute:

18 ikasle, erdi edo goi mailako heziketa-zikloetako eskola unitate itundu bakoitzeko.

11 ikasle, oinarrizko mailako heziketa zikloetako eskola unitate itundu bakoitzeko.

2.2. Kasu espezifikoak.

Itun eta Dirulaguntzen Batzordearen iritziz, gizarte eta demografia edo eskola ezaugarri bereziak dituzten populazioei erantzuten dieten ikastetxe pribatuetako unitate itunduak salbuesten ahalko dira unitate bakoitzerako oro har adierazitako ikasleen ratioa errespetatu beharretik, edo adin edo maila ezberdinetako ikasleekin unitateak ituntzen ahalko dira, erabilgarri dauden aurrekontu kontsignazioekin bat badatoz.

Delako maila edo gradua osatzen duten kurtsoetako bakoitzerako unitate bat baino gehiago duten ikastetxeetan, ikasturte berean matrikulatuta dauden ikasleen kopurua eskola unitatearen gehieneko edukiera baino handiagoa bada, ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostuen arabera, talde hori bitan banatzen ahalko da, baina ikasketa maila edo graduan ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostu eta unitateen edukiera inoiz ere gainditu gabe.

Eskolatze Batzorde Nagusiak eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak apartatu honetan xedatutakoa betetzen den begiratuko dute.

Hezkuntza-itun berri bat sinatzean, unitate kopurua 2024-2025 ikasturtean ikastetxeak itunduta zuen bera izan daiteke, eta baita txikiagoa edo handiagoa ere, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren ebaluazioaren ondorioen eta aurrekontuko kontsignazioen arabera. Dena dela, itundutako unitate kopurua ez da izanen behin ere ikastetxearen titularrak eskatutakoa baino handiagoa, ez eta baimendutako unitate kopurua baino handiagoa ere.

Aipatu den erregelamenduaren 7. artikuluari jarraikiz, itundutako hezkuntza mailaren unitate guztiak ukituko ditu itunak.

Ikastetxearen titularrak erabakiko du zenbat unitate dagozkion maila bakoitzari, eta, edonola ere, eskolatutako ikasleek bertan segituko dutela bermatuko da.

3. Laguntzak emateko prozedura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eskaera egiten duen ikastetxe bakoitzari buruzko txostena prestatuko du, eta bertan hau agertuko da:

–Ikastetxearen identifikazio datuak.

–Zer hezkuntza eskualdetan dagoen, hari buruzko datuak.

–Izandako esperientzia pedagogikoak.

–Ikastetxeko eskola jarduera osagarriak, zerbitzuak eta instalazioak.

–Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioa.

–Eskaera egokiro baloratzeko balio duen beste edozein argibide.

–Txosteneko itun eskaerari buruzko proposamena.

Hori guztia eginen da Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Txosten horiek Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzura igorriko dira, eskaerak jasotzen direnetik hamar egun balioduneko epean.

Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak biltzen dituen datu guztiak igorriko dizkio Hezkuntza Itunen Batzordeari, batzorde horrek ebaluatu eta behar den proposamena egin dezan, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 23. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

4. Hezkuntza Itunen Batzordea.

Honako hauek osatuko dute Hezkuntza Itunen Batzordea, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 23.3 artikuluaren arabera:

–Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusia; batzordeburu izanen da. Berdinketarik gertatuz gero, kalitateko botoa izanen du.

–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia.

–Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia.

–Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzuko zuzendaria.

–Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

–Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendaria.

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko ordezkari bat.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten enpresaburuen elkarteetako hiru ordezkari.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkari kopururik handiena duten sindikatuetako bi ordezkari.

–Nafarroako gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten ikasleen gurasoen erakundeetako bi ordezkari.

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa), batzordeko idazkaria izanen dena, hitza duela baina botorik ez.

Batzorde horren proposamena bat etorriko da aurrekontuko aurrekontu-kontsignazioekin.

5. Ebazpena eta jakinarazpena.

Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostenak eta Hezkuntza Itunen Batzordearen proposamena ikusita, hezkuntza-itunak ebazteko proposamena eginen du. Ebazpena ikastetxe interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, bai eta aipatutako fitxan ere. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

Hezkuntza-itunak berritzeko ebazpena eginen da 2026-2027 ikasturteko eskolatze aurreikuspena kontuan harturik, eta egokituko dira aldi arruntean egiten den ikasleen aurreinskripzio- eta matrikulazio-prozesua amaitu ondoren, eta behin bukatuta ikasleak epe arruntetik kanpo onartzeko prozesua.

6. Itunen formalizazioa.

Ebazpen honen babesean sinatzen diren hezkuntza-itunak kasuan kasuko irakaskuntzetarako dagoen ereduari jarraikiz formalizatuko dira. Eredu horretan, alderdi bakoitzaren eskubide eta betebeharrak jaso behar dira, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Ituna sinatzen dutenek hura formalizatzeko agirian biltzen diren eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, ebazpen honen 1. oinarrian aipatutako araudiarekin bat.

7. Sinatutako hezkuntza-itunak aldatzea.

Sinatzen diren hezkuntza-itunak hurrengo lau urteetan aldatzen ahalko dira, aipatutako erregelamenduaren 46. artikuluan aurreikusitako kasuetan. Itunaren aldaketa ofizioz edo parte batek eskatuta eginen da. Lehenbiziko kasuan, nahitaezkoa izanen da interesdunari entzunaldia ematea.

8. Finantzaketa.

Hezkuntza Administrazioa behartuta dago funts publikoak esleitzera ikastetxe itunduak mantentzeko, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 12. eta 13. artikuluetan adierazitakoaren arabera, bai eta, hala behar denean, laugarren xedapen gehigarrian adierazitakoaren arabera ere, eta zehazten den zenbatekoan, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz. Beste administrazio batzuek irakaskuntzak kofinantzatzen badituzte, horretarako ezarritako beharkizunak beteko dituzte ikastetxe itunduek.

9. Finantza kontrola.

Indarrean diren xedapenek Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-hartzailetzari eta, hala behar denean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari esleitzen dieten finantza kontrolaren mende geldituko dira ikastetxe itunduak, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 41. artikuluak xedatzen duen bezala. Gainera, Kontuen Ganberak eta Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzuak kontrolatuko dituzte, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 20ko 50/2019 Foru Aginduan ezartzen den bezala. Foru agindu horretan honako hauei lotutako araudia garatzen da: "Bestelako gastuak" eta "Langile osagarriak" moduluen justifikazioa, irakasleen hautaketa, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduek Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharreko hezkuntza arloko informazioa.

Zazpigarrena.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta behin betiko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2515909