4. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

391/2025 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2026-2027 eta 2029-2030 ikasturteen arteko aldirako hezkuntza-itunak berritzeko eta hezkuntza-itun berriak egiteko prozedurarako, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko hezkuntza-etapetan.

Nafarroako Gobernuak 2025eko azaroaren 12an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiari Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko unitateen hezkuntza-ituna finantzatuko duen urte anitzeko gastu konpromiso bat hartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan 2026-2027, 2027-2028, 2028-2029 eta 2029-2030 ikasturteetarako.

Estatuko araudi esparruan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, "Itunak" izeneko 116. artikuluan, ezartzen du hezkuntza-itunak sei urte gutxienez iraunen duela Lehen Hezkuntzaren kasuan, eta lau urte gainerakoetan.

Abenduaren 28ko 489/2018 Ebazpenak onetsitako deialdiaren babesean eta aipatutako legea aplikatuta Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako eta Batxilergorako sinatu ziren hezkuntza-itunen indarraldia 2026ko abuztuaren 31n amaituko da. Izan ere, lau urterako sinatu ziren, hots, 2022-20123 ikasturtearen hasieratik 2025-2026 ikasturtea bukatu arte.

Horrez gain, Batxilergoa, Erdi Mailako Heziketa Zikloak eta Gizarte Garantiako Programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duen uztailaren 3ko 11/1998 Foru Legeak honakoa ezarri zuen: "Nafarroako Foru Komunitateko gizarte ekimeneko ikastetxeetan ematen direnean, dagokien hezkuntza-itun berezien xede izanen dira, abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuak ezarritako eran".

Horiek horrela, abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 3. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenean xedatutakoari jarraikiz, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak esleitzen dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Prozedura deitzea, 2026-2027 eta 2029-2030 ikasturteen arteko aldirako hezkuntza-itunak berritzeko Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko hezkuntza-etapetan.

2. Prozedura deitzea, 2026-2027 eta 2029-2030 ikasturteen arteko aldirako hezkuntza-itun berriak egiteko Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko hezkuntza-etapetan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Ebazpen hau eta eskabide-ereduak pertsona edo ikastetxe interesdunen eskura egonen dira Hezkuntza Departamentuaren web-orrian: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Hezkuntza-itunak.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea, dagozkion ondorioak sor ditzan, Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusira, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Eskolatze Batzorde Nagusiko buruari.

Iruñean, 2025eko azaroaren 28an.–Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

PROZEDURA HONEN OINARRIAK: HEZKUNTZA-ITUNEN ARAUBIDEA APLIKATZEA, 2026-2027 ETA 2029-2030 IKASTURTEEN ARTEKO ALDIRAKO, HAUR HEZKUNTZAKO BIGARREN ZIKLOKO ETA BATXILERGOKO HEZKUNTZA-ETAPETAN

Lehena.–Arau orokorrak.

1. Procedimiento de aplicación del régimen de conciertos.

Bidezkoa da:

–Hezkuntza-ituna berritzea Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko hezkuntza-etapetan.

–Lehenengo aldiz sinatzea hezkuntza-ituna Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko hezkuntza-etapetan.

–Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko hezkuntza-etapei dagozkien zenbait unitate aldi baterako baimendu zituzten xedapenen babesean sinaturiko hezkuntza-itunak luzatzea eta/edo aldatzea.

Ituna lortzeko, ikastetxeek haren ondoriozko betebeharrak beren gain hartu beharko dituzte, aplikatu beharreko araudiak ezarritako betekizun guztiak betetzen dituztela adierazi eta itunaren indarraldi guztian horiei eusteko konpromisoa hartu beharko dute.

2. Prozedura honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio:

–8/1985 Lege Organikoa, uztailaren 3koa, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duena.

–2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa.

–11/1998 Foru Legea, uztailaren 3koa, Batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena.

–2377/1985 Errege Dekretua, abenduaren 18koa, Hezkuntza-itunei buruzko Oinarrizko Arauen Erregelamendua onesten duena.

–416/1992 Foru Dekretua, abenduaren 14koa, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duena.

–132/2010 Errege Dekretua, otsailaren 12koa, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituena.

Bigarrena.–Epeak, eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkeztea eta formalizatzea.

Ikastetxe pribatuek, bat etorriz abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuan ezarritakoarekin, nahitaez aurkeztu beharko dute eskaera modu telematikoan. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak deialdi honi dagokion fitxan (helbidea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Hezkuntza-itunak) gaitu duen berariazko formulario elektronikoa baliatu beharko dute.

3. Aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Ituna berritzeko eskaera.

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko hezkuntza-etapetarako ituna berritzeko eskaera egiten duten ikastetxeek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Ituna berritzeko eskaera, fitxan dagoen eredua baliatuta, adieraziz ikastetxeak bete egiten dituela lehenbiziko oinarrian adierazitako arauetan ezarritako baldintza guztiak.

–Titularraren erantzukizunpeko adierazpena, frogatzeko ikastetxeak jarraitzen duela ituna eta haren aldaketak onesteko bete beharreko baldintzak betetzen.

–Gizarte Segurantzaren Lurralde Administrazioak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren kasuan kasuko ordezkaritzak eginiko ziurtagiri eguneratuak, frogatzeko ikastetxearen titularrak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

–Ikastetxearen titularra kooperatiba izanez gero, horretan agintzen duten estatutuen kopia bat erantsi beharko da. Estatutuetan aldaketarik egon ez bada, ez dago zertan dokumentu hori aurkeztu.

Aurretik aipatu diren agiriak aurkeztu ezean (akatsak zuzentzeko eskatu ondoren), hezkuntza-itunak ez dira berrituko.

3.2. Itun berria sinatzeko eskaera.

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko hezkuntza-etapetarako ituna lehen aldiz sinatzea eskatzen duten ikastetxeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Itun berria sinatzeko eskaera, fitxan dagoen eredua baliatuta, adieraziz ikastetxeak bete egiten dituela lehenbiziko oinarrian adierazitako arauetan ezarritako baldintza guztiak.

–Azalpen-memoria, honako hau zehazten duena:

  • Ikastetxeak nola asetzen dituen eskolatze beharrak, bera dagoen eskualdean, udalerrian edo, hala denean, barrutian dagoen eskariaren arabera.
  • Ikastetxeko ikasleen baldintza sozioekonomikoen balorazioa.
  • Hala denean, ikastetxean gauzatzen diren esperientzia pedagogikoen ezaugarriak eta irakaskuntzaren kalitaterako eta hezkuntza-sistemarako duten interesa.
  • Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioaren ondoriozko beharrak.
  • Ikastetxearen jarduera baloratzea ahalbidetzen duen beste edozein informazio (eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak, eskola zerbitzuak eta bestelako zirkunstantziak).

–Gizarte Segurantzaren Lurralde Administrazioak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak edo Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren kasuan kasuko Ordezkaritzak luzaturiko ziurtagiri eguneratuak ere aurkeztu beharko dira, ikastetxearen titularrak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzeko.

–Ikastetxearen titularra kooperatiba bat bada, hura arautzen duten estatutuen kopia erantsi beharko da.

Aurretik aipatu diren dokumentuak aurkeztu ezean (akatsak zuzentzeko eskatu ondoren), hezkuntza-itunak ukatu eginen dira.

3.3. –Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko hezkuntza-etapei dagozkien zenbait unitate aldi baterako baimendu zituzten xedapenen babesean sinaturiko hezkuntza-itunak luzatzeko eta/edo aldatzeko eskaera, fitxan dagoen eredua baliatuta.

3.4. Hiru prozesuetarako prozedura komunak.

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko ikastetxeetako titularrek itunak sinatzeko edo berritzeko eskaera egiten ahalko dute, baldin eta ikastetxeok behin betiko baimena edo sailkapena badute.

Dena dela, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren lehenbiziko xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko unitateren baterako aldi baterako baimena duten ikastetxeen titularrek beren ituna luzatzeko eskatzen ahalko dute, baldintza hauek betez:

–Ituna berritu eginen da ikastetxeak irtenbidea ematen badie bestela konpondu ez daitezkeen premiazko eskolatze-beharrei.

–Ituna 2026-2027 ikasturterako luzatuko da, baldin eta ikastetxeak aldi baterako baimenari eusten badio edo behin betiko sailkapena edo baimena lortzen badu, edo ituna luzatzea justifikatu zuten eskolatze-beharrek bere horretan segitzen badute.

Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen Nafarroako erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatuko dituzte hezkuntza-itunak sinatu, berritu, luzatu edo aldatzeko eskabideak. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren legezko ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza frogatzeko notario-ahalorde askietsia, horren fotokopia konpultsatua edo "apud acta" ahalorde-agiria erantsi beharko da.

Hirugarrena.–Hezkuntza-itunen iraupena.

Ebazpen honen babespean Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Batxilergoan berritzen edo sinatzen diren hezkuntza-itunek lau urte iraunen dute, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 116.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Aldiz, 1. oinarriko 1. puntuko hirugarren apartatuan xedatutakoaren babesean luzatzen edo aldatzen diren hezkuntza-itunak 2026-2027 ikasturterako izanen dira, eta ikasturtez ikasturte luzatzen ahalko dira, ikastetxeak aldi baterako baimena mantentzen duen eta gainerako baldintzak betetzen dituen bitartean.

Burlatako Irabia/Izaga eta Iruñeko Miravalles/Redín ikastetxe pribatu itunduei ez dagokie ituna berritzea Batxilergoko etaparako, oraindik indarrean baitute ituna. Izan ere, Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren apirilaren 3ko 102/2024 Ebazpenaren bidez, hezkuntza-etapa horretarako hezkuntza-ituna sinatu zen 2024-2025, 2025-2026, 2026-2027 eta 2027-2028 ikasturteetarako.

Laugarrena.–Itundutako unitate kopurua kalkulatzeko irizpideak.

1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloa.

Ikastetxe bakoitzean Haur Hezkuntzako bigarren zikloko unitate itunduen kopurua kalkulatzeko kontuan hartuko diren irizpideak, 2026-2027 ikasturtetik 2029-2030 ikasturtera bitarteko aldirako, biak barne, honako hauek izanen dira:

–Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako, oro har, errespetatu beharko da otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezartzen den ikasgela bakoitzeko gehieneko ikasle kopurua. Errege dekretu horren bidez ezarri ziren Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako hezkuntza-etapak ematen dituzten ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak.

–Iruñean eta Iruñerrian (Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Elortzibar, Galar zendea, Orkoien, Uharte, Zizur Nagusia eta Zizur zendea) Haur Hezkuntzako bigarren zikloan itundutako unitateek batez beste 20 ikasleko ratioa izanen dute gutxienez, itundutako eskola unitate bakoitzeko. (416/1992 FLaren 16. artikulua).

–Nafarroako Foru Komunitateko gainerako tokietan, hezkuntza maila bererako, gutxieneko batez besteko ratioa 17 ikaslekoa izanen da eskola unitate bakoitzeko.

Itunen Batzordearen iritziz, gizarte eta demografia edo eskola ezaugarri bereziak dituzten populazioei erantzuten dieten ikastetxeetako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko unitateak salbuesten ahalko dira unitate bakoitzeko oro har adierazitako ikasleen ratioa errespetatu beharretik, edo adin edo maila ezberdinetako ikasleekin unitateak ituntzen ahalko dira, erabilgarri dauden aurrekontu-izendapenekin bat badatoz.

2. Batxilergoa.

Batxilergoan ikastetxe bakoitzean itundutako unitate kopurua kalkulatzeko kontuan hartuko diren irizpideak honako hauek izanen dira:

–Oro har, itunen deialdi honi heltzen dioten ikastetxeetarako, Batxilergorako itundutako eskola unitate bakoitzeko ikasleen gehieneko kopurua 33koa izanen da, ikasleak onartzeko prozesua garatzeko indarreko araudiarekin bat.

–Batxilergorako itundutako unitateek 26 ikasleko batez besteko ratioa izanen dute, gutxienez, itundutako eskola unitate bakoitzeko (416/1992 FLaren 16. artikulua).

3. Bai Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako, bai Batxilergorako, delako maila edo gradua osatzen duten kurtsoetako bakoitzerako unitate bat baino gehiago duten ikastetxeetan, ikasturte berean matrikulatuta dauden ikasleen kopurua eskola unitatearen gehieneko edukiera baino handiagoa bada ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostuen arabera, talde hori behar bezala banatzen ahalko da, baina ikasketa maila edo graduan ikastetxeak baimenduta dituen ikaspostu eta unitateen edukiera inoiz ere gainditu gabe.

4. Hezkuntza-ituna berritzean, unitate kopurua 2025-2026 ikasturtean ikastetxeak itunduta zuen bera izan daiteke, eta baita txikiagoa edo handiagoa ere, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren ebaluazioaren ondorioen eta aurrekontuko kontsignazioen arabera. Dena dela, itundutako unitate kopurua ez da izanen behin ere ikastetxearen titularrak eskatutakoa baino handiagoa, ez eta baimendutako unitate kopurua baino handiagoa ere.

5. Eskolatze Batzorde Nagusiak eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak apartatu honetan xedatutakoa betetzen den begiratuko dute.

6. Aipatu den erregelamenduaren 7. artikuluari jarraikiz, itundutako hezkuntza mailaren unitate guztiak ukituko ditu itunak.

7. Ikastetxearen titularrak erabakiko du zenbat unitate dagozkion maila bakoitzari, eta, edonola ere, eskolatutako ikasleek bertan segituko dutela bermatuko da.

Bosgarrena.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eskaera egiten duen ikastetxe bakoitzari buruzko txostena prestatuko du, eta bertan hau agertuko da:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak.

b) Zer hezkuntza eskualdetan dagoen, hari buruzko datuak.

c) Izandako esperientzia pedagogikoak.

d) Ikastetxeko eskola jarduera osagarriak, zerbitzuak eta instalazioak.

e) Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean eta hura garatzeko xedapenetan jasotzen diren aurreikuspenen aplikazioa.

f) Eskaera egokiro baloratzeko balio duen beste edozein argibide.

g) Txosteneko itun eskaerari buruzko proposamena.

Hori guztia eginen da Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Txosten horiek Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzura igorriko dira, eskaerak jasotzen direnetik hamar egun balioduneko epean.

Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak biltzen dituen datu guztiak igorriko dizkio Hezkuntza Itunen Batzordeari, batzorde horrek ebaluatu eta behar den proposamena egin dezan, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 23. artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Seigarrena.–Hezkuntza Itunen Batzordea.

Honako hauek osatuko dute Hezkuntza Itunen Batzordea, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 23.3 artikuluaren arabera:

–Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusia; batzordeburu izanen da. Berdinketarik gertatuz gero, kalitateko botoa izanen du.

–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia.

–Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia.

–Hezkuntza Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Nominen eta Gizarte Aseguruen Zerbitzuko zuzendaria.

–Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria.

–Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendaria.

–Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko ordezkari bat.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten enpresaburuen elkarteetako hiru ordezkari.

–Gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkari kopururik handiena duten sindikatuetako bi ordezkari.

–Nafarroako gizarte ekimeneko ikastetxeetan ordezkapen handiena duten ikasleen gurasoen erakundeetako bi ordezkari.

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikitako administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa), batzordeko idazkaria izanen dena, hitza duela baina botorik ez.

Batzorde horren proposamena bat etorriko da aurrekontuko aurrekontu-kontsignazioekin.

Zazpigarrena.–Ebazpena eta jakinarazpena.

Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren txostenak eta Hezkuntza Itunen Batzordearen proposamena ikusita, hezkuntza-itunak ebazteko proposamena eginen du. Ebazpena ikastetxe interesdunei jakinaraziko zaie, eta www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren aipamenean. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

Hezkuntza-itunak berritzeko ebazpena eginen da 2026-2027 ikasturteko eskolatze aurreikuspena kontuan harturik, eta egokituko dira aldi arruntean egiten den ikasleen aurreinskripzio- eta matrikulazio-prozesua amaitu ondoren, eta behin bukatuta ikasleak epe arruntetik kanpo onartzeko prozesua.

Zortzigarrena.–Itunak formalizatzea.

Ebazpen honen babesean sinatzen diren hezkuntza-itunak formalizatuko dira alderdi bakoitzaren eskubide eta betebeharrak finkatzen dituen ereduari jarraikiz, eta bat etorriz Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoarekin.

Ituna sinatzen dutenek hura formalizatzeko agirian biltzen diren eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, ebazpen honen 1. oinarrian aipatutako araudiarekin bat.

Bederatzigarrena.–Sinatutako edo berritutako hezkuntza-itunak aldatzea.

Sinatzen edo berritzen diren hezkuntza-itunak hurrengo lau urteetan aldatzen ahalko dira, aipatutako Erregelamenduaren 46. artikuluan aurreikusitako kasuetan. Itunaren aldaketa ofizioz edo parte batek eskatuta eginen da. Lehenbiziko kasuan, nahitaezkoa izanen da interesdunari entzunaldia ematea.

Hamargarrena.–Finantzaketa.

Hezkuntza Administrazioa behartuta dago funts publikoak esleitzera ikastetxe pribatu itunduak mantentzeko, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 12. eta 13. artikuluetan adierazitakoaren arabera, bai eta, hala behar denean, laugarren xedapen gehigarrian adierazitakoaren arabera ere, eta zehazten den zenbatekoan, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz. Beste administrazio batzuek irakaskuntzak kofinantzatzen badituzte, horretarako ezarritako beharkizunak beteko dituzte ikastetxe itunduek.

Hamaikagarrena.–Finantza-kontrola.

Indarrean diren xedapenek Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-hartzailetzari eta, hala behar denean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari esleitzen dieten finantza kontrolaren mende geldituko dira ikastetxe itunduak, Hezkuntza-itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 41. artikuluak xedatzen duen bezala. Gainera, Kontuen Ganberak eta Azterlan Ekonomikoen eta Ikastetxeen Finantzaketaren Zerbitzuak kontrolatuko dituzte, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 20ko 50/2019 Foru Aginduan ezartzen den bezala. Foru agindu horretan honako hauei lotutako araudia garatzen da: "Bestelako gastuak" eta "Langileria eta gastu espezifikoak" moduluen justifikazioa, irakasleen hautaketa, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe pribatu itunduek Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharreko hezkuntza arloko informazioa.

Hamabigarrena.–Hezkuntza-itunaren berrikuntza ukatzea.

Hezkuntza-itun baten berrikuntza ukatzen denean, ezezkoak arrazoitua izan behar du betiere. Halakoetan, kasu bakoitzaren inguruabarren arabera, eta Hezkuntza Departamentuak edo, kasua bada, Nafarroako Gobernuak hala erabakitzen badute, aplikatzen ahalko da 416/1992 Foru Dekretuaren 44. artikuluan eta 11/1998 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrean xedatutako luzapen araubidea (11/1998 Foru Legea, uztailaren 3koa, Batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena).

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta behin betiko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2515908