4. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

80/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 11koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez gutxieneko zerbitzuak ezartzen baitira, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek deituta, Nafarroako salgaien errepide-garraioaren eta logistikako operadoreen sektorean 2025eko abenduaren 13ko 06:00etatik 2025eko abenduaren 17ko 06:00ak arte eta 2025eko abenduaren 20ko 06:00etatik 2025eko abenduaren 24ko 06:00ak arte egitekoa den greba dela-eta.

UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek grebara deitu dute Nafarroako salgaien errepide-garraioaren eta logistikako operadoreen sektorean, zehazki, 2025eko abenduaren 13ko 06:00etatik 2025eko abenduaren 17ko 06:00ak arte eta 2025eko abenduaren 20ko 06:00etatik 2025eko abenduaren 24ko 06:00ak arte.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Lan harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluak ahalmena ematen dio Administrazioari behar diren neurriak har ditzan edozein motatako zerbitzu publikoak–premia bizikoak eta atzeraezinak direnak– emateko ardura duten enpresetan zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentziak manu horri eman dion interpretazioaren arabera, langileek greba egiteko duten funtsezko eskubidearen murrizketa hori modu orekatuan aplikatu behar da, hots, gutxieneko funtsezko zerbitzuen ezarpenaren eta greba-eskubidea sakrifikatzearen arteko oreka bilatu behar da, funtsezko eskubideak babesten direla bermatuz, hots, alde batetik, langileek greba egiteko duten eskubidea, eta bestetik, erkidegoak funtsezko zerbitzuak izateko duen eskubidea, eta, betiere, batzuei eta besteei neurriz kanpoko sakrifiziorik eragin gabe.

Konstituzio Auzitegiaren 1981eko uztailaren 17ko epaitik ondorioztatzen denez (RTC 1981\26), funtsezkoa da erkidegoaren bizitza ordenatu eta antolaturako behar diren salgaiak banatzea.

Hori dela eta, Nafarroako salgaien errepide-garraioaren eta logistikako operadoreen sektoreko greba-deialdiaren aurrean, Nafarroako Foru Komunitateko salgaien garraio zerbitzuak ezin dira erabat geldirik geratu, horrek eragin negatiboa izanen lukeelako gizartearen beste sektore batzuetan, eta funtsezko beste zerbitzu batzuen funtzionamenduari ere eragiten ahal diolako, gizartearen interes orokorrei kalte larriak eraginez, ahaztu gabe ezen greba-eskubidea bateragarria izan behar dela gatazkatik kanpo dauden eta iragarritako grebaren ondorioz kaltetuak gertatzen diren herritarren funtsezko eskubideekin. Hala, sektore horretako jarduera eteteak eragina izan dezake Konstituzioak babesten dituen beste eskubide batzuetan, hala nola osasunerako eskubidean, zirkulazio askatasunaren eskubidean edo elikagaiez hornitzeko aukera izateko eskubidean.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera bereganatutako eskumenak baliatuz.

Horregatik, Garraioaren Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatu du, greba sektorial horren deialdia dela eta, Nafarroako Foru Komunitatean salgaien errepide-garraiorako gutxieneko zerbitzuak ezartzea, behar den foru aginduaren bidez.

Gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko, kontuan hartu dira greba deialdiaren irismena (sektore osoari eraginen dio) eta salgaien kategoria jakin batzuen hornidura eta banaketa bermatu beharra.

Nafarroako Foru Komunitatean, salgaien garraioa batez ere errepidez egiten da, eta hori kontuan hartu behar da gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan, zeren eta hornidura beharrei behar bezala erantzuteko dauden garraiobide alternatiboak ez baitira aski.

Deialdi honetarako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, kontuan hartu da, orobat, grebak salgaien errepide-garraioaren zerbitzuan izanen duela eragina bakarrik. Hortaz, zerbitzu horien eskaera ez da batere gutxituko; izan ere, salgaien garraioa egiteko arrazoiek bere horretan segituko dute greba bitartean ere, greba orokor batean ez bezala.

Deialdi honen ezaugarriak eta egindako oharrak ikusita, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egokitzat jotzen du zerbitzu hauek gutxienekotzat hartzea:

–Lagin analitikoak eta esterilizatutako eta esterilizatu beharreko tresneria klinikoa garraiatzea osasun zentroetara eta osasun zentroetatik.

–Establezimendu sanitarioak eta farmazeutikoak hornitzeko ezinbestekoak diren salgaien garraioa.

–Beren izaera galkorragatik greba-aldietatik kanpo gorde ezin diren salgaien garraioa.

–Hidrokarburo likidoen garraio- eta banaketa-zerbitzua mantentzera bideratutakoak, petrolio-gas likidotuak barne, baina gutxieneko izakin operatiboak mantentzeko beharrezkoak diren zamalanetara mugatuta, eta erregaien kate logistikoaren hornidurarik eza saihesteko beharrezkoak diren gutxieneko bidalketak egin beharko dira.

–Ikastetxeetako jantokiak hornitzeko ezinbestekoak diren salgaien garraioa.

–Abeltzaintzako ustiategi intentsiboak solteko pentsuz hornitzeko ezinbestekoak diren salgaiak garraiatzea, inkubagailuko animaliak baserrira eramateko garraioa, eta, orobat, jatorrizko ustiategian animalien ongizatea mantentzeko ezinbestekoa den garraioa, hala hiltzeko diren animaliak hiltegira eramatekoa, nola animalia bizien garraioa.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1997 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoa, Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek deituta, Nafarroako salgaien errepide-garraioaren eta logistikako operadoreen sektorean 2025eko abenduaren 13ko 06:00etatik 2025eko abenduaren 17ko 06:00ak arte eta 2025eko abenduaren 20ko 06:00etatik 2025eko abenduaren 24ko 06:00ak arte egitekoa den greba egitean gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira:

–Lagin analitikoak eta esterilizatutako eta esterilizatu beharreko tresneria klinikoa garraiatzea osasun zentroetara eta osasun zentroetatik.

–Establezimendu sanitarioak eta farmazeutikoak hornitzeko ezinbestekoak diren salgaien garraioa.

–Beren izaera galkorragatik greba-aldietatik kanpo gorde ezin diren salgaien garraioa.

–Hidrokarburo likidoen garraio- eta banaketa-zerbitzua mantentzera bideratutakoak, petrolio-gas likidotuak barne, baina gutxieneko izakin operatiboak mantentzeko beharrezkoak diren zamalanetara mugatuta, eta erregaien kate logistikoaren hornidurarik eza saihesteko beharrezkoak diren gutxieneko bidalketak egin beharko dira.

–Ikastetxeetako jantokiak hornitzeko ezinbestekoak diren salgaien garraioa.

–Abeltzaintzako ustiategi intentsiboak solteko pentsuz hornitzeko ezinbestekoak diren salgaiak garraiatzea, inkubagailuko animaliak baserrira eramateko garraioa, eta, orobat, jatorrizko ustiategian animalien ongizatea mantentzeko ezinbestekoa den garraioa, hala hiltzeko diren animaliak hiltegira eramatekoa, nola animalia bizien garraioa.

2. Aipatutako zerbitzuak eginen direla bermatzeko behar beste langilek egon beharko dute jardunean; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko ataletan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen araudiak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau jakinaraztea ELA sindikatuari, ANETi (Nafarroako Errepide bidezko Garraioko eta Logistikako Enpresaburuen Elkartea), TRADISNAri (Nafarroako Garraiolarien Elkartea), Osasun Departamentuari, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Hezkuntza Departamentuari eta Garraioen Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2025eko abenduaren 11n.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.

Iragarkiaren kodea: F2516404