Iragarkia
4. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 8a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
293E/2025 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, deialdi hau onesten duena: "Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2026ko industriako doktoregoak". Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren kodea: 871426.
2022ko ekainaren 29an, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (2021-2025) onetsi zuen. Planaren 1. erronkak talentua erakarri eta mantentzeko hainbat neurri jasotzen ditu, besteak beste bigarren neurria –industriako doktoregaiak kontratatzea–, I+G+Baren oinarria pertsonak direla ulertuta. Beraz, neurriak bideratuta daude ikerkuntza alorreko talentu hori prestatzeko, mantentzeko eta erakartzeko.
"2026ko Industriako doktoregoak" kontratatzeko laguntzen deialdiaren bidez urte anitzeko finantzaketa eskema ezarri nahi da talentuaren harrobi egokia osatzeko, Nafarroako berrikuntza sistemaren eragile estrategiko horietan dauden premiak kontuan harturik: enpresak, ikerketa zentroak eta zentro teknologikoak.
Laguntza neurri honek ibilbide luzea du, eta 2016. urtetik 2025.era bitarteko edizioetan 140 doktoregai kontratatzea ahalbidetu du.
Uztailaren 4ko 576/2023 Errege Dekretuak doktoregaien irakaskuntzen iraupena ikasleen benetako beharretara egokitu zuen. Errege dekretu horren bidez aldatu egin zen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretua, Doktorego Ikasketa Ofizialak arautzen dituena. Horrenbestez, 99/2011 Errege Dekretuaren 3. artikulua aldatu zen doktorego ikasketen gehieneko iraupena lanaldi osoko 4 urtetan ezartzeko, doktoregaia programan matrikulatzen denetik doktorego tesia gordailutzen den egunera arte.
Deialdiaren helburuak erdiesteko eta doktorego ikasketak arautzen dituen araudiaren eguneratzera egokitzeko, egokitzat jotzen da 2025eko deialdiak jada izan zuen denbora horizonteari jarraipena egitea (hau da, 4 urteko epea guztira).
Laguntzen deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2025-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte da. Plan hori 2025eko apirilaren 30ean onetsi zuen Nafarroako Gobernuak erabaki bidez.
Nafarroako Gobernuak 2024ko azaroaren 13an hartutako erabakiaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari baimena eman zaio 1.600.000 euroko urte anitzeko gastu-konpromisoa har dezan honako deialdi hau onesteko: "Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2026ko Industriako doktoregoak".
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. "Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2026ko Industriako doktoregoak" deialdia onestea.
2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. Deialdiaren konpromisoei aurre egiteko 1.600.000 euroko kreditua baimentzen da, 2025eko eta ondotiko ekitaldietako gastuen aurrekontuko G20001-G2100-4701-467300 "Ikerketa eta teknologia langileak kontratatzea, Industriako doktoregoak" partidaren baliokide den partidaren kargura, kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintza etengarriarekin, honela banatuta:
ARIKETA | ZENBATEKOA |
2027 | 400.000 |
2028 | 400.000 |
2029 | 400.000 |
2030 | 400.000 |
Guztizkoa | 1.600.000 |
4. Ebazpen hau eta beronen eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal dute eskumena duen jurisdikzio-ordenari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
Sarrigurenen, 2025eko azaroaren 26an.–Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.
ERANSKINA.–Oinarri arautzaileak
1. oinarria.–Xedea.
1. Laguntza hauen xedea da enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoen ikerketa ildoak sendotzea prestakuntzaldian doktorego bat ikasten ari diren ikertzaileak kontratatuz, eta, orobat, ikertzaile horiek errazago izatea lanean hastea edo lana finkatzea.
2. Horretarako, doktoregoa ikasten ari den pertsona bat (aurrerantzean, doktoregaia) prestakuntzaldian kontratatzea lagunduko da diruz, ikerketa-proiektu bat egiteko bere doktorego tesiaren esparruan, unibertsitate batekin lankidetzan, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan.
3. Dirulaguntza erabiltzen ahalko da, halaber, eremu akademikoko, mugikortasuneko eta ikerketa proiektuaren zabalkundeko gastuetarako.
2. oinarria.–Entitate onuradunak.
1. Onuradun izan daitezke enpresa pribatuak eta publikoak eta Nafarroako I+G+b Sistemako exekuzioko eragile egiaztatuak (SINAI), unibertsitateak izan ezik, doktoregai bat kontratatzen badute eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Lantoki bat Nafarroan izatea eta bertan egitea diruz laguntzen den jarduera.
b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea, sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku kasuetan ez egotea (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5904460).
2. Ezin dira onuradun izan:
a) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende dauden entitateak, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo ondoren; ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.
b) "Krisian dauden enpresak", 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. puntuan ezarritako definizioaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarteko aldian krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.
c) 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektoreetan eta baldintzetan jarduten duten entitateak.
3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ez dira onuradunak izaten ahalko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzen ez dituzten irabazi-asmoko entitateak. Lege horrek merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen ditu.
Honako agiri hauen bidez frogatuko da ordainketa epe horiek bete direla:
a) Kontabilitate araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak. Egoera hori egiaztatzeko, hurrengo apartatuan adierazitako frogabideren bat ere erabiltzen ahal dute.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoek honako hauen bidez frogatzen ahal dute:
1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, zeinetan xehaturik jasoko baita auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioa, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako "Adostutako prozeduren gaineko txostena", non adierazten baita ezen aztertu dela sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat (epeak bete direla ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da) eta ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legean jasotako ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.
Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezarritako ehunekoa).
Nahi izanez gero, 3. apartatuko dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta, lortutakoan, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztuko da.
Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea dirulaguntza ematen duen organoari zuzenean edota datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez, bitarteko telematikoen bidez, deialdi honen jarraipena eta kontrola egiteko behar den informazio pertsonala eskuratzeko, honako datu hauei dagokienez: zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzea, eta kontratatutako pertsonaren lan-bizitza egiaztatzea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian. Entitate eskatzaileak horri berariaz uko egiten badio eskaeran, dagozkion informazioa eta ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
5. Betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, 8.3.a) oinarrian adierazitako eskaera telematikoan bertan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
6. Laguntza hauen onuradun izateko betebeharrak eskabidea aurkezten den unean bete beharko dira, eta dirulaguntzaren indarraldi osoan mantendu.
3. oinarria.–Kontratatutako pertsonak egin behar dituen dirulaguntza jasoko duten jarduerak.
1. Doktoregaiaren jarduerek barnean hartuko dute entitate kontratatzailearen intereseko ikerketa proiektu bat egitea (aurrerantzean, proiektua), haren doktorego tesiaren esparruan. Horretarako, proposatutako jarduerak berriak izanen dira, edo entitateak bere I+Gko ohiko jardueren barruan gauzatuko ez lukeen ikerketa edo ikerketa-ildo bat hobetzea, zabaltzea edo gauzatzea ekarriko dute. Eskabidean, laguntzaren beharra eta eragin sustatzailea justifikatu beharko dira. Efektu pizgarria betetzen dela bermatzeko, proiektua ez da hasten ahalko laguntzaren eskaera aurkeztu baino lehen.
2. Egin beharreko ikerketa proiektua "industria ikerketakoa" izanen da, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 85) apartatuko definizioari jarraituz (https://www.boe.es/buscar/doc.php?lang=eu&id=DOUE-L-2014-81403) Hau da: ikerketa planifikatua edo azterlan kritikoak, egiten direnak lagungarri diren jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko helburuz, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak askoz hobetzeko; barnean hartzen du sistema konplexuen osagaiak sortzea eta, orobat, prototipoak egitea laborategiko ingurune batean edo lehendik dauden sistemekin simulatutako interfazeak dituen ingurune batean, bai eta ildo pilotuak ere, ikerketa industrialerako eta, bereziki, teknologia generikoa balidatzeko beharrezkoa denean. Horren arabera, kontuan hartu beharko dira heldutasun teknologikoaren mailari buruzko definizioak (Technological Readiness Level, TRL). Bertan, I. eranskinean zehaztutako 2., 3. eta 4. mailak industriako ikerketei dagozkie.
Diruz lagunduko dira, orobat, pareko jarduerak, hala nola doktorego ikasketen esparrukoak, proiektuaren jarduera osatzeko xedez egindako ikerketa egonaldiak, bai eta haien aurrerapenak eta emaitzak zabaltzea ere.
3. Halaber, proiektu hori kokatu beharko da Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S4 Estrategian identifikatutako lehentasun edo/eta trantsizio batean bederen:
a) Mugikortasun elektrikoa eta konektatua.
b) Elikadura osasungarria eta jasangarria.
c) Energia berdearen industria.
d) Medikuntza pertsonalizatua.
e) Turismo jasangarria.
f) Ikus-entzunezkoen industria.
g) Trantsizio ekologikoa.
h) Trantsizio digitala.
4. oinarria.–Dirulaguntzaren xedeko kontratazioa.
1. 6.2 oinarrian adierazitako aldi diruz lagungarria hasten denean, doktoregaiak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Doktorego programa ofizial batean sartzeko baldintzak betetzea, Doktorego irakaskuntza ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 6. artikuluak zehaztutakoaren arabera.
b) Ez da dirulaguntzarik jasoko honako hauek kontratatzeagatik:
i) Espainiako edo atzerriko unibertsitate batek emandako doktorego titulua dutenak.
ii) Doktorego programa batean matrikulatu direnak entitate eskatzaileak laguntza eskaera egin baino 4 urte lehenago.
iii) Entitate eskatzaile edo onuradunaren kontrola dutenak, zuzendari-kargua dutenak edo haren administrazio organoetako kide direnak. Era berean, ez zaio emanen kontrataziorako dirulaguntzarik baldin eta kontratatzen den pertsona honako hauen ezkontidea, ondorengoa edo bigarren mailara arteko ezkontza edo odol ahaidea bada (ahaidetasun maila hori barne): entitate onuradunaren enpresaburua edo entitate onuradunaren kontrola bere gain daukaten pertsona, entitatearen zuzendaritzako karguak betetzen dituztenak edo entitatearen administrazio organoetako kideak.
iv) Entitate onuradunaren kapitalean partaidetza dutenak edo harekin akzioen edo sozietateen bidez lotutako beste entitate baten kapitalean partaidetza dutenak.
v) Norberaren kontura lan egiten dutenak eta langile autonomoen araubide berezian kotizatzen dutenak.
vi) Kontratazioaren xedeko lanpostuan enplegua deuseztatu denean deialdia argitaratzen denetik kontratua sinatzen den egunera arte.
Entitate onuradunek, 11.2.b) oinarrian adierazitako kontratazioarekin lotutako dokumentazioarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute, azken baldintza horiek betetzen dituztela adierazteko.
2. Kontratazio horrek honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Lan kontratua (aurrerantzean, kontratua) sinatuko dute 2. oinarrian adierazitako entitate onuradunak eta oinarri honetako 1. puntuko baldintzak betetzen dituzten doktoregaiek.
b) Idatziz formalizatuko da, indarreko legediaren arabera, proposamen bakoitzaren inguruabar zehatzekin hobekien bat datorren kontratazio modalitatean eta horiek hobekien ahalbidetzen duten moduan. Honako hau berariaz jaso beharko da:
I. Kontratatu beharreko pertsonaren prestakuntza maila eta titulazio espezifikoa.
II. Hasierako eguna eta bukaerako eguna (salbu eta kontratua mugagabea bada). Ez dira onartuko "proiektuen datak", "obraren bukaera" eta horrelako aipamenak.
III. Beteko den lanpostua edo eginkizuna.
IV. Urteko soldata gordina eurotan adierazia, eta ez dira onartuko "hitzarmenaren arabera" eta horrelako aipamenak.
V. Deialdi honetako dirulaguntzaren aipamena.
c) Arduraldi osokoa izatea eta proiektuko jarduerak gauzatzeko behar den aldian gutxienez, 8.3.b) oinarrian adierazitakoaren arabera.
d) Kontratatuak Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan emanen ditu zerbitzuak.
e) Kontratatua sartuta egonen da, Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu kodeari dagokionez, entitate onuradunak Nafarroan duen lantokian; hain zuzen ere, 3. oinarrian adierazitako diruz lagundu beharreko jarduerak egin beharrekoan.
f) Kontratazioa Gizarte Segurantzaren 1. kotizazio-taldean sartuko da.
g) Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina 27.000 eurokoa izanen da gutxienez.
h) Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko da.
3. Entitate eskatzaileak edo onuradunak doktoregaia kontratatua badu 8.3.a) oinarrian adierazitako laguntza eskatu aurretik, kontratuak 3. puntuko baldintzak bete beharko ditu. Bestela, kontratua aldatu egin beharko da.
5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.
Diruz lagungarriak diren gastuen lau multzo hauek bereizten dira:
1. Kontratazio gastua.
Onartuko dira kontratatutako doktoregaiaren lan- eta soldata-kostuekin lotutako gastuak, Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio-gastuak barne.
2. Doktorego irakaskuntzetako gastu akademikoak.
Gastu hauek onartuko dira:
a) Gehienez ere lau ikasturteko doktorego ikasketen matrikula-gastuak.
b) Tesia defendatzearen eta/edo doktore-titulua lortzearen tasak, betiere 6.2 oinarrian aipatutako aldi diruz lagungarrian gertatzen badira.
Unibertsitateak egindako jarraipen eta koordinazio gastuak kanpo geldituko dira.
3. Mugikortasun gastuak.
Diruz lagunduko dira entitate kontratatzailean eta doktoregaia doktorego ikasketetan matrikulatuta dagoen unibertsitatean ez beste ikerketa entitate batzuetan egindako egonaldien gastuak. Gastu horiek kontzeptu hauek hartzen dituzte:
a) Ostatua eta mantenua: kontzeptu honengatik ematen den dirulaguntza zenbateko baten gisan ezartzen da, egonaldiko egun bakoitzeko, helmugako herrialdearen arabera (II. eranskinean jaso dira zenbatekoak).
b) Garraioa: kontzeptu honengatik ematen den dirulaguntza egonaldiaren helmugara joateko joan-etorrien zenbateko baten gisan ezartzen da, III. eranskinean ezarritako baldintzen arabera.
c) Atzerriko laguntza-asegurua eta bisatua: ikerketa entitateetan egonaldiak egiteko eta egonaldiaren helmuga den lekura garraiatzeko beharrezkoak diren kostuak izanen dira diruz lagungarriak.
4. Zabalkunde gastuak.
Proiektuaren honako aurrerapen eta emaitza hauek zabaltzearekin lotutako gastuak onargarriak izanen dira, betiere doktoregaiak egina bada:
a) Doktoregaia jardunaldi teknikoetan, hitzaldietan edo kongresuetan inskribatzea.
b) Doktoregaiak jardunaldi teknikoetan, hitzaldietan edo kongresuetan parte hartzeko egindako mugikortasuneko gastuak. 3. apartatuan adierazitakoaren antzeko moduan onartuko dira. Oinarri honetako mugikortasun gastuak.
c) Aldizkari espezializatuetan argitaratzeko kostua. Argitaratzeko aurkeztutako lana doktoregaiak sinatu beharko du.
Zabalkunde gastuak onargarriak izateko, 17. oinarriko publizitate- eta zabalkunde-baldintzak ere bete beharko dituzte.
6. oinarria.–Laguntzaren iraupena.
1. Laguntzak 48 hilabetekoak izanen dira gehienez, lau urtetan banatuta, eta hasiera eta bukaera datak honela mugatuko dira:
a) 1. urtea: hasiera data 2026ko irailaren 30a baino lehenago izan beharko da, eta honela zehazten da:
I. Kontratua hasten bada 10.2 oinarrian adierazitako laguntza eman dela jakinarazten den egunean edo geroago, kontratuaren hasiera data horixe izanen da.
II. Kontratua hasi bada 10.2 oinarrian adierazitako laguntza eman dela jakinarazi aurretik, hasiera data jakinarazpenaren datarena izanen da. Nolanahi ere, aipatu jakinarazpena egiten den egunean, kontratuak 4.2 oinarrian ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
1. urtea 12 hilabete betetzean bukatzen da.
b) 2. urtea: 1. urteko epealdia bukatu eta hurrengo egunean hasten da, eta 12 hilabete betetzean bukatzen.
c) 3. urtea: 2. urteko epealdia bukatu eta hurrengo egunean hasten da, eta tesia gordailutzen den egunean bukatzen, edo, gordailutzen ez bada, 12 hilabete betetzean.
d) 4. urtea: 3. urteko epealdia bukatu eta hurrengo egunean hasten da, eta tesia gordailutzen den egunean bukatzen, edo, gordailutzen ez bada, 12 hilabete betetzean.
2. 11.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu ondoren, Ezagutza Transferitzeko Atalak (aurrerantzean, organo kudeatzailea) txosten bat eginen du eta entitate onuradunei jakinaraziko die. Txostenean, aldi diruz lagungarria eta urteko epealdien datak zehaztuko dira.
Kontratua eteten bada 14. oinarriari jarraituz, organo kudeatzaileak urteko epealdien datak, bai eta hala badagokio justifikatzeko datak ere, aldatu eta jakinarazi eginen ditu.
7. oinarria.–Laguntzen moduluak eta intentsitatea.
1. Dirulaguntza emateko eta 5.1 oinarrian adierazitako kontratazio gastuak justifikatzeko, moduluen araubidea erabiliko da, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 76. artikulutik 79. artikulura bitartean ezarritakoarekin.
Lan eta soldata kostuak konpentsatzeko laguntza moduluak, Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio gastuak barne, IV. eranskinean adierazitakoak izanen dira.
2. 5.2, 5.3 eta 5.4 oinarrietan adierazitako doktoregoko irakaskuntzetako gastu akademikoei, mugikortasuneko gastuei eta zabalkundeko gastuei aplikatu beharreko laguntzaren intentsitatea IV. eranskinean adierazitakoa izanen da.
3. Laguntzaren zenbateko osoa zehazteko, ezarritako laguntzaren iraupenaren araberako kontratazio gastuei dagozkien moduluak aplikatuko dira, bai eta onartzen diren gainerako gastu diruz lagungarriei dagokien laguntzaren intentsitatea ere. Laguntza modu ekitatibo batez banatuko da urteko epealdietan 12 hilabeteko urte epealdi bakoitzeko, eta, azkenekoak iraupen txikiagoa badu, esleitutako zenbatekoa beraren iraupenarekiko proportzionala izanen da.
4. Eskabide bakoitzeko, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 112.000 eurokoa izanen da, hamabi hilabeteko epealdi oso bakoitzeko 28.000 euro, hain justu. Azkeneko urteko epealdiak iraupen txikiagoa badu, dagokion laguntza urteko epealdi bakoitzeko ezarritako gehieneko zenbatekoarekiko proportzionala izanen da.
5. Ez dira inoiz gaindituko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako gehieneko laguntza intentsitateak.
Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragile akreditatuek laguntzaren intentsitatea "gainerako entitate" gisa eskuratzen ahalko dute, baldin eta gauzaturiko jarduerak ez-ekonomikokoak badira. Ondorio horietarako, "jarduera ez-ekonomikotzat" hartuko da Europako Batzordeak 2022ko urriaren 28ko EBAOn argitaratutako "Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu laguntzei buruzko esparruaren" 2.1.1 apartatuko 19. paragrafoan zehaztutakoa, hain zuzen ere.
Erkidegoko Esparru horrek ezartzen duenez, entitate horien jarduera ez-ekonomikoen finantzaketa publikoari ez zaio aplikatuko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoa. Hau da, ez da Estatuaren laguntzatzat hartuko, baldin eta argi bereizten ahal badira bi jarduera motak (ekonomikoak eta ez-ekonomikoak), baita bakoitzaren kostu eta finantzaketa ere, jarduera ekonomikoari zeharka diruz laguntzea benetan saihesteko.
8. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Lanak aurkezteko epea 2026ko urtarrilaren 2an hasiko da, eta apirilaren 30ean bukatuko, 23:59an.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko Tramiteen Katalogoko webgunearen bitartez https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-la-contratacion-de-doctorandos-y-doctorandas-doctorados-industriales-2026, aurrerantzean, laguntzen webgunea.
Eskabide horretan adierazi beharko da jakinarazpenak telematikoki jaso nahi direla, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaitutako helbide elektroniko bakarra izatea (aurrerantzean, GHEb), bai eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egotea ere.
Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.
3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen webgunean eskura dauden ereduen arabera:
a) Eskabide telematikoa, 2. oinarrian aipatzen diren alderdiak jasotzen dituen erantzukizunpeko adierazpena barne, IV. eranskinean adierazitako zabalkunde handiko laguntza osagarriaren intentsitatea aukeratuko den ala ez adierazita.
b) Proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa, 9. oinarriko balorazio irizpideak aplikatzeko.
Adierazi beharko da doktore-tesiaren ikerketa jarduerak zenbateraino diren entitate eskatzaileak garatzen duen ikerketa ildo edo proiektu baten parte. Proposatutako jarduerak berriak izanen dira edo ikerketa edo ikerketa ildo bat hobetu, handitu edo gauzatzekoak, entitateak bere I+G jarduera arrunten barnean eginen ez lituzkeenak.
Memorian hau ere sartuko da:
–Proiektuko jarduerak gauzatzeko lan plana eta kronograma.
–Aurrekontua, aurreikusten diren gastu diruz lagungarriak zehaztuta: kontratazioa, akademikoak, mugikortasuna eta/edo zabalkundea.
–Intentsitate osagarriari heldu nahi izanez gero proiektuaren aurrerapenen edo emaitzen zabalkunde handiarengatik, zabalkunde plan zehatza dakarren atal bat, balorazio tekniko-ekonomikorako.
Ez da zuzentzeko aukerarik izanen "proiektuko memoria zientifiko-teknikoa" aurkezten ez bada.
c) Doktoregoa egiteko kontratatuko den pertsona doktoregoa egiteko gisan dagoela frogatzen duen agiria. Hori egiaztatzeko, agiri hauetako bat aurkez daiteke:
I. Doktorego programa bateko onarpena.
II. Doktorego programa batean onartua izateko eskabidea.
III. Doktoregoko sarbidea ematen duen master bateko matrikula. Doktoregaia matrikulaturik egon behar da masterra 2025-2026 ikasturtean bukatzeko behar diren kreditu guztietan, master bukaerako lanarenak barne.
IV. Doktoregoa egiteko prest dagoela egiaztatzen duen beste dokumentu edo adierazpen bat.
d) Doktoregaiaren curriculum vitae normalizatua (CVN). CVN formatua erabili beharko da, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioan eskura dagoen ereduaren araberakoa (https://cvn.fecyt.es).
e) Eskatzailea irabazi-asmoko entitatea bada, 2.3 oinarrian adierazitako dokumentazioa, ordainketa epeak betetzeari buruzkoa.
f) Entitate eskatzailea enpresa txiki edo ertain bat bada, eta ez bada SINAIko agente bat, enpresaren tamaina egiaztatzeko formularioa, eta, horrez gainera, azken 3 ekitaldietako kontuak, itxiak eta merkataritza-erregistroan erregistratuak, bai eskatzailearenak, bai hari elkartutako eta lotutako enpresenak.
Dokumentazio hori aurkezten ez bada, ez da gerora zuzentzen ahalko; beraz, organo kudeatzaileak, eskaeraren egunean duen informazioarekin, enpresaren tamaina zehaztu ezin badu, IV. eranskinean enpresa handietarako ezarritako laguntzaren intentsitatea eta moduluak aplikatuko ditu.
4. Eskaera bakoitzak kontratazio bakar bati eginen dio erreferentzia.
5. Aurkeztutako dokumentazioak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, oinarri honen 3. puntuko b) eta f) epigrafeetan adierazitako kasu espezifikoetan izan ezik, organo kudeatzaileak hamar egun baliodun emanen dizkio entitate eskatzaileari dokumentazioa zuzen dezan, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da.
9. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.
1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira; hala, V. eranskineko irizpideen arabera baloratutako eskabideak elkarrekin konparatu eginen dira, horien arteko lehentasuna ezartzeko.
2. Laguntzen zenbatekoa honela kalkulatuko da: eskaerei IV. eranskinean ezarritako moduluak eta laguntza intentsitatea aplikatuko zaizkie, bai eta 7.4 oinarrian ezarritako gehieneko zenbatekoak ere.
3. Kudeaketa organoak entitate eskatzaileei eskatzen ahal die eskaerak ebaluatzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio guztiak.
4. Laguntza eskaera ezetsi eginen da baldin eta balorazioak ez badu lortzen V. eranskineko A apartatuko irizpidean ezarritako gutxieneko puntuazioa.
5. Eskabideei emandako puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, V. eranskineko apartatuetan eta ordenan lortutako puntuak kontuan hartuta ebatziko da berdinketa: A), B) eta C).
10. oinarria.–Laguntzak ematea.
1. Organo kudeatzaileak, eskaerak ebaluatu ondotik, ebazpen proposamena aurkeztuko dio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari (aurrerantzean, organo eskuduna). Proposamen horretan, adieraziko du entitate onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira, gutxienez:
a) Entitate onuradunen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, laguntzen zenbatekoa adierazita.
Zerrenda hori konfiguratzeko, kontuan hartuko da hasiera batean dirulaguntza bakarra emanen dela entitate onuradun bakoitzeko. Hala ere, eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarririk badago, bigarren dirulaguntza bat ematen ahalko da entitate bakoitzaren eskaeren artean bigarren balorazio handiena kontuan hartuta, eta prozedura bera errepikatuko da hirugarren eta hurrengo eskaeretarako, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.
2. Organo eskudunak baterako ebazpen baten bidez ebatziko du dirulaguntzak ematearen gainean. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, onuradunen helbide elektroniko gaitu bakarrean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onetsi edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.
3. Entitate onuradun batek laguntzari uko egiten badio edo laguntza eman den urte berean kobratzeko eskubidea galdu izana deklaratzen bada, eta aurrekontuan nahikoa diru badago, laguntza ematen ahalko zaie aurrekontuan krediturik ez egoteagatik ezetsita gelditu diren eskabideei. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio. Laguntza berri horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, organo kudeatzaileak epe berriak ezartzen ahalko ditu konpromisoen aurkezpenerako, kontrataziorako eta laguntzaren justifikaziorako.
11. oinarria.–Laguntza eman ondotik dokumentazioa aurkezteko modua eta epeak.
1. Entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu, laguntzen webgunearen bidez, hilabeteko epean gehienez ere, laguntza ematen dela jakinarazten denetik:
a) Entitate onuradunaren eta doktoregoa ematen duen unibertsitatearen arteko konpromisoen agiria. Atal hauek izanen ditu, gutxienez: doktore-tesiko proiektuaren aipamena, lan denboraren banaketa, jabetza intelektualeko eta industrialeko eskubideak, finantzaketaren baldintzak eta jarraipen mekanismoak; halaber, beste atal batzuk ere izaten ahalko ditu, alderdiek beharrezkotzat jotzen badituzte.
b) Tesi konpromisoa, doktoregaiak eta tesiaren zuzendariak sinatua.
Doktoregaiak unibertsitateak izendatutako pertsona bat izanen du (tutorea), bai eta entitate onuradunak izendatutako arduradun bat ere; hala badagokio, tesia zuzentzeaz arduratuko da, doktorego ikasketei dagokien araudiaren arabera.
c) Onuraduna izaera pribatuko entitatea bada, gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluaren arabera (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5950152).
d) Eskatzailea irabazi-asmoko entitatea bada eta eskaeran aurkeztu ez badu, 2.3 oinarrian adierazitako dokumentazioa, ordainketa epeak betetzeari buruzkoa.
2. Entitate onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu laguntzen webgunearen bidez, 2026ko irailaren 30a baino lehen, hura barne:
a) Doktoregaiarekin formalizatutako kontratuaren kopia; haren hasieraren muga data aurretik esandakoa izanen da.
Entitate onuradunak doktoregaia kontratatua badu laguntza eman zaiola jakinarazi aurretik, 4.2 oinarrian ezarritako kontratazio baldintzak 6.2 oinarrian adierazitako aldi diruz lagungarriaren hasieran betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da, hala nola kontratuaren eranskina, soldata fitxa edo bestelakoak.
b) Entitate onuradunaren arduradun batek sinatutako adierazpena, 4.1 oinarrian adierazitako baldintzak betetzen dituela adierazteko.
c) 2026/2027 ikasturtean doktorego programa batean matrikula formalizatu izana edota, salbuespenez, onartua egotea frogatzen duen agiria. Doktorego programaren ardura duen unitateak edo, bestela, dagokion unibertsitatearen legezko ordezkariak emaniko agiria izanen da.
3. Unibertsitatean matrikula egiteko gaitutako aldia 2026ko irailaren 30a baino aurrerago bada, oinarri honetako 1.a), 1.b) eta 2.b) puntuetan adierazitako dokumentazioa aurkezteko epea luzatzen ahalko da, entitate onuradunak lehen esandako dataren aurretik hala eskatuz gero. Luzapenaren muga-eguna ez da 2026ko azaroaren 30etik haratago joanen.
4. Oinarri honetako dokumentazioa aurkezten ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
12. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.
1. Oro har, entitate onuradunek epe eta ekintza hauek bete beharko dituzte:
a) 2027ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne: 1. urteko epealdiaren egiaztagiriak aurkeztea.
b) 2028ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne: 2. urteko epealdiaren egiaztagiriak aurkeztea.
c) 2029ko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne: 3. urteko epealdiaren egiaztagiriak aurkeztea.
d) 2030eko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne: 4. urteko epealdiaren egiaztagiriak aurkeztea.
Tesia gordailutzeko edo kontratua 15. oinarriaren arabera azkentzeko data oinarri honetan adierazitako edozein epe baino lehenagokoa bada, justifikazio dokumentazioa hilabeteko epean aurkeztuko da, egoera horren datatik zenbatzen hasita.
14. oinarriaren arabera eteten bada, organo kudeatzaileak aldatzen ahalko ditu aurretik adierazitako justifikazio epeak, bai eta, hala badagokio, 6. oinarrian adierazitako urteko epealdien programazioa ere, eta behar denean jakinaraziko dio entitate onuradunari.
2. Entitate onuradunek kasuan kasuko urteko epealdiko justifikazio agiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen webgunearen bidez, hango ereduei jarraikiz:
a) Jardun memoria zientifiko-teknikoa, bertan deskribatuta doktoregaiak egindako jarduerak, barne daudela zabalkunderako jarduerak eta doktorego programako prestakuntza jarduerak, kasuan kasuko urtekoak. Bai eta, kasua bada, laguntzaren gainerako iraunaldirako lan plana, zehazki aipatuz doktore-tesiaren egoera, bilakaera eta lorpena, baita egindako egonaldi eta zabalkunde ekintzak edo horiek egiteko plana ere.
b) Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, honako hauek jasota:
I. 5.2 oinarrian adierazitako doktorego ikasketetako gastu akademikoak:
i. Matrikula-agiriaren kopia eta dagozkion tasak ordaindu izanaren frogagiria.
ii. Hala badagokio, tesiaren defentsaren agiriaren kopia eta/edo doktore-tituluarena, baita dagozkion tasak ordaindu izanaren frogagiria ere.
II. 5.3 oinarrian adierazitako mugikortasun gastuak:
i. Egonaldiaren ikerketa entitateak emaniko agiria, egonaldiaren datak adierazita.
ii. Erabilitako garraiobideen txartelak eta horien ordainagiriak. Entitate onuradunaren jabetzakoa den ibilgailua edo doktoregaiaren ibilgailu partikularra erabiliz gero, entitate onuradunak emandako agiria, bidaia, kilometrajea eta, hala badagokio, ordainagiria egiaztatzen dituena.
iii. Atzerriko laguntza-aseguruen fakturen eta ordainagirien kopia eta bisatua.
III. 5.4 oinarrian adierazitako zabalkunde gastuak:
i. Doktoregaia jardunaldi teknikoan, konferentzian edo kongresuan parte hartu duela egiaztatzeko ziurtagiria, jardunaldia noiz egin den adierazita.
ii. Jardunaldi teknikoan, hitzaldian, biltzarrean, posterrean edo argitalpenean proiektuaren aurrerapenak edo emaitzak aurkezteko erabilitako dokumentua, justifikatzen duena 17. oinarriko publizitate- eta zabalkunde-baldintzak betetzen direla.
iii. Zabalkunde gastuen fakturen kopia eta haiek ordaindu izanaren frogagiriena.
iv. Erabilitako garraiobideen txartelak eta horien ordainagiriak. Entitate onuradunaren jabetzakoa den ibilgailua edo doktoregaiaren ibilgailu partikularra erabiliz gero, entitate onuradunak emandako agiria, bidaia, kilometrajea eta, hala badagokio, ordainagiria egiaztatzen dituena.
v. Atzerriko laguntza-aseguruen fakturen eta ordainagirien kopia eta bisatua.
vi. Gastu guztiek trazabilitatea egiaztatu beharko dute, eta entitate onuradunak ordaindu beharko ditu, 5.3.a) (ostatua eta mantenua) eta 5.3.b).III (kilometraje gastuak) oinarrietan adierazitakoak izan ezik.
c) Unibertsitateko doktorego programaren batzorde akademikoak tesiaren bilakaerari buruz egindako txostena.
d) Deialdi honetan diruz lagundutako kontzeptuetarako beste dirulaguntzarik jaso ez izanaren adierazpena, laguntzen webgunean eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa.
e) IV. eranskinean ezarritako hedapen handiko proiektuei dagokien laguntzaren intentsitatea eman bada (6.2 oinarrian adierazitako aldi diruz lagungarri osorako), gutxienez 5 jarduera egin eta aurkeztu beharko dira modalitate hauetako batean:
I. Hitzaldiak.
II. Posterrak, komunikazioak edo kongresuetan, jardunaldi teknikoetan eta abarretan zabaldutako beste lan batzuk.
III. Aldizkari espezializatuetako argitalpenak.
IV. Komunikabideetako argitalpenak.
V. Interneten zabaltzea (entitate onuradunaren edo kide den taldearen webgunea, egindako lana erakusten duten sustapenezko ikus-entzunezko materialak eta abar).
VI. Irispide libreko datu baseetan sartu izana.
VII. Doako edo kode irekiko programa informatikoak.
VIII. Patenteen edo Erabilera Modeloen eskabidea.
Jarduketak zenbatzeko, jarduketaren berri ematen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da: jarduketa bistaratzeko gertaeraren webgunerako esteka, ekitaldian aurkeztutako dokumentazioa (posterra, komunikazioa, etab.), argitalpenaren laburpena, Patenteen edo Erabilera Modeloen eskabidea, etab.
Halaber, jarduketek apartatu honetan xedatutakoaren arabera zenbatzeko, 17. oinarrian deskribatutako publizitate- eta zabalkunde-baldintzak bete beharko dituzte.
f) Azkeneko urteko epealdiaren aurrekoak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztuta, egindako gastua dagokion urteko epealdiaren zenbatekoa justifikatzeko adinakoa ez bada, urteko epealdi horren ondotiko hiru hilabeteetako gastuaren aurreikuspenaren adierazpena, dagokion urte naturaleko abenduaren 31 gainditu gabe.
g) Hala badagokio, doktorego tesia gordailutu dela egiaztatzen duen dokumentua.
h) Hala badagokio, gordailututako doktorego tesiaren ale bat.
3. Orobat, 16.1.l) oinarriko ausazko kontrola duten entitate onuradunek, kontratazio gastuei buruzko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Nominen kopia.
b) Nominak ordaindu izanaren justifikazio agiriak.
c) "Langilearen kalkulu globalak" dokumentua (Kalkuluen Kontsulta Zerbitzuaren Likidazio Zuzenerako Sistema), Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarena.
13. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Organo kudeatzaileak aurkeztutako agiriak aztertuko ditu, eta dena delako urteko epealdiaren saria ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamenean, proiektuaren bilakaera zientifiko-teknikoaren balorazio positiboa jasoko da, eta adieraziko da entitate onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea dakarten baldintzak betetzen dituztela.
Horrekin batera, 12.2.f) oinarriaren araberako gastu-aitorpena aurkeztu bada, gastu-aitorpenari dagokion dirulaguntzaren konturako ordainketa eginen da.
2. Ordaintzeko ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, 12. oinarrian adierazitako agiriak aurkezten direnetik zenbatzen hasita. Epe hori geldiaraziko da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.
3. Laguntzaren ordainketa aurreratua egiten ahalko da, entitate onuradunek frogatzen badute funtsak jaso behar dituztela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33. artikuluan aurreikusitako bermeekin.
4. Azken urteko epealdiaren ordainketarekin, laguntza osoaren likidazioa eginen da, eta itzulketa bat eginen da baldin eta entitate onuradunak gauzatutako gastuari dagokion laguntza baino gehiago ordaindu bada edo diruz lagundutako aldia 6.2 oinarriaren arabera hasieran zehaztutakoa baino laburragoa bada.
14. oinarria.–Kontratazioa etetea.
1. Deialdi honen babesean sinatzen diren kontratuak arrazoi hauengatik eteten ahalko dira:
a) Honako kasu hauetan etenen dira:
I. Aldi baterako ezintasun egoera batengatik, gutxienez 2 hilabetez jarraian.
II. Amatasunagatik edo aitatasunagatik.
III. Haurdunaldiko arriskuagatik.
IV. Edoskitzaro naturaleko arriskuagatik.
V. Adopzio edo harrerarako zaintzagatik.
VI. Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 45.1.n) artikuluan ezarritako egoeretan (https://www.boe.es/buscar/act.php?lang=eu&id=BOE-A-2015-11430&tn=1&p=), genero indarkeriaren biktima diren pertsonak babesteko neurri gisa.
b) Kasuren bat a) atalean jasota ez badago, organo kudeatzaileak kontratatutako pertsonaren etetea baimendu edo ukatuko du.
2. Oinarri honetako 1. puntuan adierazitako egoeraren bat gertatuz gero, entitate onuradunek eskatzen ahal dute epe horretan laguntza ere eten dadila; beraz, ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak aldi horretan dituen soldata gastuak. Organo kudeatzaileak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eskatzen ahal ditu.
Etetea eragin zuen egoera bukatu ondotik, entitate onuradunak laguntza berraktibatzeko eskatuko du. Organo kudeatzaileak, bidezkotzat jotzen dituen txostenak eskatu ondotik, laguntza aktibatuko du etendako denbora bererako.
3. Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.
15. oinarria.–Kontratazioa azkentzea.
1. Kontratua azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari eta azkentze horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu, kontratua azkendu eta hilabeteko epean gehienez.
2. Kontratua azkentzen bada, honako hauek hartuko dira kontuan:
a) Kontratua lehen urteko epealdian azkentzen bada, edo azkentzeko arrazoiak entitate onuradunari egoztekoak bazaizkio, ez da dagokion urteko epealdiaren laguntza ordainduko.
b) Kontratua 2., 3. edo 4. urteko epealdian azkentzen bada, eta horretarako arrazoiak ez badira entitate onuradunari egoztekoak, kontratua azkendu izanaren komunikazioari 12.2 oinarrian zehaztutako frogagiriak erantsi beharko zaizkio. Behar bezala justifikatzen bada, gauzatutakoaren laguntza zati proportzionala ordainduko da.
c) Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 52. artikuluaren c) apartatuan (https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2015-11430) jasotako arrazoi objektiboengatik kontratua azkentzen bada, eman gabe gelditzen den dirulaguntzaren zatia kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.
16. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Onuraduna izaera pribatuko entitatea bada, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du laguntzen webgunearen bitartez, webgune horretan eskuragarri dauden ereduak erabilita.
Betebeharra betetzen ez bada, ezin izanen da emandako dirulaguntza ordaindu, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 7. artikuluak ezarritakoa betez (https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5932573), eta, hala badagokio, aurreratutakoa itzuli beharko da.
b) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko araudia betetzea, bereziki Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, Enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna bermatzeko presako neurriei buruzko martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua eta 901/2020 eta 902/2020 Errege Dekretuak. Hau da, 50 langile edo gehiago dituzten enpresen, ikerketa zentroen eta zentro teknologikoen kasuan, indarrean dagoen emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan bat edukitzea, Berdintasun planak eta horien erregistroa arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.
Berdintasun Plana egiteko edo gordailutzeko izapideak martxan badaude, 2028ko irailaren 30era arteko epea ezartzen da hitzarmen kolektiboen, lan akordio kolektiboen eta berdintasun planen erregistroan erregistratzeko (aurrerantzean, REGCON) (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-hitzarmen-kolektiboak-lan-akordio-kolektiboak-eta-berdintasunerako-planak-erregistratzea).
Plantillan 50 pertsona baino gutxiago dituzten entitateen kasuan, 2029ko irailaren 30era arteko epea ezartzen da berdintasun plan bat inplementatzeko eta REGCONen erregistratzeko, edo, bestela, berdintasunerako neurriak eta delituak eta sexu askatasunaren eta laneko osotasun moralaren aurkako bestelako jokabideak prebenitzeko neurriak inplementatzeko eta REGCONen gordailutzeko.
c) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 11. eta 12. oinarrietan adierazten den moduan.
d) Jasotako dirulaguntzaren kontabilitatea bereiz eramatea.
e) Doktorego-tesia gordailutzea, edo halakorik ezean, hura gordailutzeko eskaera egin izana, 6.2 oinarrian adierazitako aldi diruz lagungarria bukatu baino lehen.
f) Kontratua azkendu izana egiaztatzea 15.1 oinarrian adierazten den gisan.
g) Begiratzea behar bezala garatzen direla kontratatuak egin beharreko ikerketa jarduerak.
h) Aitzinetik jakinaraztea organo kudeatzaileari kontratatuak doktorego tesia defendatuko duen eguna. Kontratatutako pertsonak jakinarazi egin beharko dio entitate onuradunari zer egunetan izanen den defentsa hori; halaber, organo kudeatzaileari bidali beharko dio, laguntzen webgunearen edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, doktore-tesiaren ale bat.
i) Proiektuaren aurrerapenak edo emaitzak jakitera emateko eta zabaltzeko betebeharrak, 17. oinarrian aipatzen den gisan.
j) Doktoregaiari aukera ematea parte har dezan bikaintasun zientifikoko prestakuntzan eta ikerketa jardueran generoaren alderdia txertatzeari buruz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiak sustatutako prestakuntzan, halakorik emanez gero.
k) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak, laguntza ebaluatzeko asmoz, entitate onuradunari eta kontratatutako pertsonari buruz eskatzen duen informazioa ematea, inpaktu-, exekuzio- eta emaitza-adierazleak lortzeko.
l) Organo kudeatzaileak egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea; besteak beste, egindako gastu errealaren espedienteen ausazko kontrolaren zati gisa, 12.3 oinarrian adierazitako dokumentazioa eskatzea entitate onuradunei. Era berean, kasuan-kasuan bidezko diren finantza kontroleko jarduketak egin beharko dituzte.
m) Organo kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio doktoregaiak parte hartzen duen diruz lagundutako proiektua egitean edo bukatzean eragin lezakeen gorabehera oro.
n) Bioetikari, animalien esperimentazioari, biosegurtasunari, segurtasun biologikoari, ingurumenaren babesari, natura-ondareari eta biodibertsitateari eta datuen babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoa betetzea laguntza hauen babesean kontratatutako pertsonek parte hartzen duten proiektuetan eta gainerako jardueretan.
o) Europako Batzordearen Gomendioan (2005/251/EE), martxoaren 11koan (EBAO L75, 2005eko martxoaren 22koa -https://www.boe.es/buscar/doc.php?lang=eu&id=DOUE-L-2005-80527), Ikertzailearen Europako Gutunari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari buruzkoa.
p) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.
2. Entitate onuradunek betetzen ez badute dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dute, edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko dute, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.
Gertatzen ahal diren ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:
a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.
b) Helburuak edo dagozkion jarduerak partzialki bete gabe gelditu badira, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da.
Ildo horretan, 3. edo 4. urteko epealdiari dagozkion jarduketa zientifiko-teknikoek jasotako balorazioa kontrakoa bada, aitortu egin beharko da eskubidea galdu dela dagokion urteko epealdi horri dagokion laguntza kobratzeko.
c) IV. eranskinean adierazitako hedapen handiko ikerketa proiektuei dagokien laguntzaren intentsitatea eman bazaie eta 6.2 oinarrian adierazitako diruz laguntzeko aldia bukatzean 12.2.e) oinarrian adierazitakoa egiaztatu ez bada, %10 murriztuko dira bai kontratazio gastuaren modulua, bai doktoregoko ikasketen gastu akademikoen, mugikortasuneko gastuen eta hedapeneko gastuen laguntzaren intentsitatea, eta dagokion dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea edo, hala badagokio, hura itzultzea ekarriko du.
d) Baldin eta ez bada egiaztatzen oinarri honetako 1.b) atalean emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerako neurriei dagokienez xedatutakoa, %10 murriztuko dira bai kontratazio gastuaren modulua, bai doktoregoko ikasketen gastu akademikoen, mugikortasuneko gastuen eta hedapeneko gastuen laguntzaren intentsitatea, dela igarotako urteko epealdietarako, dela egin gabe daudenetarako, harik eta 6.2 oinarrian adierazitako aldi diruz lagungarria bukatzen den arte. Horrek ekarriko du dagokion dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea edo, hala badagokio, hura itzultzea.
e) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, eta finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz ez badira gainditzen, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Eta adierazitako epea gaindituz gero, %10 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira diruz lagundutako jarduketaren justifikazio dokumentazioa aurkeztearen ingurukoak (12.2 oinarria).
f) Tesia ez badute gordailutzen azken urteko epealdia justifikatzeko egunean, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, azken urteko epealdiko laguntzaren ehuneko 25 itzuli beharko da.
3. Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio entitate onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasu bat baldin bada, organo kudeatzaileak proposatzen ahalko du ordura arte jasotako zenbatekoaren edo haren zati baten itzulketa ez eskatzeko.
4. Emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzen bada eta zenbateko horiek askatzen badira, erabiltzen ahalko dira zati batean onartuta gelditu diren eskaerak osatzeko, edo, emakida ebazpenaren urte naturalean kobratzeko eskubidea galdu bada, dirulaguntza emateko kreditu nahikorik ez izateagatik ezetsi diren entitateei.
17. oinarria.–Proiektuaren emaitzak jakinaraztea eta zabaltzea.
1. Entitate onuradunek eta kontratatutako pertsonek argitalpenen bat edo aipamen publikoren bat egiten badute diruz lagundutako kontratazioaren gainean edo kontratatutako pertsonak parte hartzen duen proiektuaren gainean, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko dute. Halaber, doktorego tesian finantzaketa hori aipatuko da, bai agirian bertan bai tesia defendatzeko ekitaldian.
Tesiaren dokumentuan zein argitalpen edo aipamen publiko batean testu hau edo antzeko bat sartuko da:
"Nafarroako Gobernuak doktoregaien kontratazioa finantzatu du ‘2026ko Industriako doktoregoak’ laguntzen deialdiaren barruan".
"Nafarroako Gobernua" terminoaren ordez, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiltzen ahal da. Hemen dago eskuragarri: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.
Era berean, "doktoregai" terminoaren ordez, doktoregaiaren izena eta abizenak jartzen ahalko dira.
2. Diruz lagundutako proiektuaren inguruan sortzen den dokumentazio guztian nahiz proiektu horren emaitzei zabalkundea emateko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da betiere, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.
18. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta entitate eskatzaileek edo onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko da, laguntzen webgunearen bitartez.
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauen gaineko emakida-prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen edo onuradunen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez eginen dira (GEH), bai eta herritarren karpetan ere: https://carpetaciudadana.gob.es/carpeta/clave.htm.
Gaitutako helbide elektroniko bakarra Eraldaketa Digitaleko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke (https://dehu.redsara.es/). Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektroniko bakarra lortzen den helbide berean.
19. oinarria.–Laguntzen araubidea.
Deialdi honen xede diren laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eta III. kapituluen mende daude, zehazki 25. artikuluaren mende (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=DOUE-L-2005-80527). Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz; 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa; horrenbestez, aitzinetik jakinarazteko betebeharretik salbuetsirik daude.
Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).
Laguntza hauek pizgarriak izan daitezen bermatzeko, eskatzaileek ez diete ekintza diruz lagungarriei ekiten ahalko eskaera aurkeztu baino lehen.
20. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.
Diruz lagundutako gastuak bateraezinak izanen dira beste laguntza publiko batzuk jasotzearekin, gastu berak estaltzeko.
Bereziki, diruz lagundutako kontratazioak bateraezinak dira doktoregaiaren beste lan kontratu oro indarrean edukitzearekin, bai eta soldata izaera duen edozein zenbateko jasotzearekin ere, baldin horrek kalte egiten badio ikerketaren eta prestakuntzaren xedeari edo ordutegi berean gauzatzen bada. Halaber, dirulaguntza hau bateraezina izanen da antzeko helburua duten beste laguntza batzuekin.
21. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/inicio), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzen helburua.
Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.
22. oinarria.–Datuen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzeak berarekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak parte hartzen duten entitateen datuak tratatzea.
Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin.
Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta entitate publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen webgunean kontsultatzen ahalko da.
23. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzenduta, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA.–HELDUTASUN TEKNOLOGIKOKO MAILAK
Proiektuan egin beharreko jarduerak ezinbestean hasi eta bukatu beharko dira 2., 3. edo 4. TRLek barne hartutako mailen artean. Bestela, proposamena ez da diruz lagungarria izanen.
TRL1: oinarrizko printzipioak hauteman eta jasotzen dira.
TRL2: kontzeptu eta/edo aplikazio teknologikoa adierazten da.
TRL3: funtzio kritiko analitikoa eta esperimentala eta/edo kontzeptu-proba bereizgarria.
TRL4: osagaia baliozkotzen da eta/edo osagai horiek laborategiko ingurunean jartzen dira.
TRL5: osagaia baliozkotzen da eta/edo osagai horiek ingurune adierazgarri batean jartzen dira.
TRL6: sistema- edo azpisistema-eredua edo prototipoa ingurune adierazgarri batean probatzen da.
TRL7: sistema edo prototipoa ingurune erreal batean probatzen da.
TRL8: sistema osatua eta ziurtatua dago, proba eta demostrazioen bidez.
TRL9: ingurune errealean arrakastaz probatutako sistema da.
II. ERANSKINA.–OSTATU ETA MANTENUAGATIKO KOSTU DIRUZ LAGUNGARRIA
HERRIALDEA | KOSTUA (euro/egun) | HERRIALDEA | KOSTUA (euro/egun) | HERRIALDEA | KOSTUA (euro/egun) |
Alemania | 70 | Estatu Batuak | 70 | Maroko | 60 |
Angola | 70 | Etiopia | 60 | Mexiko | 60 |
Saudi Arabia | 60 | Finlandia | 70 | Montenegro | 60 |
Aljeria | 60 | Frantzia | 70 | Nikaragua | 60 |
Argentina | 60 | Gabon | 60 | Nigeria | 60 |
Australia | 60 | Guatemala | 60 | Norvegia | 70 |
Austria | 60 | Ekuatore Ginea | 60 | Herbehereak | 70 |
Belgika | 70 | Hungaria | 60 | Pakistan | 60 |
Bosnia-Herzegovina | 60 | India | 60 | Peru | 60 |
Brasil | 70 | Indonesia | 60 | Polonia | 60 |
Kanada | 60 | Iran | 60 | Portugal | 60 |
Kamerun | 60 | Irlanda | 60 | Erresuma Batua | 70 |
Txile | 60 | Israel | 60 | Txekia | 60 |
Txina | 60 | Italia | 70 | Errumania | 60 |
Kolonbia | 70 | Jamaika | 60 | Errusia | 70 |
Kongo | 60 | Japonia | 70 | Serbia | 60 |
Korea | 60 | Jordania | 60 | Singapur | 60 |
Kroazia | 60 | Kenya | 60 | Siria | 60 |
Danimarka | 70 | Kuwait | 60 | Suedia | 70 |
Egipto | 60 | Libano | 60 | Suitza | 70 |
Arabiar Emirerri Batuak | 60 | Libia | 60 | Taiwan | 60 |
Eslovakia | 60 | Luxenburgo | 70 | Yemen | 70 |
Espainia | 60 | Malaysia | 60 | Gainerako herrialdeak | 50 |
Doktoregaiak tesiaren xede den proiektuaren aurrerapenak edo emaitzak zabaltzeko jardunaldi teknikoetan, konferentzietan edo kongresuetan parte hartzen badu, eta joateko eta itzultzeko egunak aintzat hartuta bost egun balioduneko edo gutxiagoko iraupena badu, aurreko taulan adierazitakoaren bikoitza izanen da kostu diruz lagungarria.
III. ERANSKINA.–GARRAIOAGATIKO KOSTU DIRUZ LAGUNGARRIA
Kontzeptu honi dagokion gastuagatik dirulaguntza hau emanen da:
I. 400 euro bitarte joan-etorrietarako, helmuga Espainian dagoenean.
II. 1.200 euro bitarte joan-etorrietarako, helmuga Espainiatik kanpo dagoenean.
III. Dirulaguntza emanen da helmugarainoko joan-etorriak entitate onuradunaren ibilgailuan edo ibilgailu partikularrean egiteagatik, 0,36 euro/km, aitzineko I. eta II. puntuetan adierazitako gehieneko zenbatekoetaraino.
IV. ERANSKINA.–LAGUNTZEN MODULUAK ETA INTENTSITATEA
1. Kontratazio gastua.
Lan eta soldata kostuak konpentsatzeko laguntza moduluak, Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio gastuak barne, honako zenbateko hauek izanen dituzte kontratatutako pertsona eta hilabete bakoitzeko:
Erakunde onuradun mota | Industria ikerketako proiektua | Hedapen handiko industria ikerketako proiektua (euro) (c) |
Enpresa handia (a) | 1.200 | 1.500 |
Enpresa ertaina (b) | 1.500 | 1.700 |
Gainerako erakundeak | 1.700 | 1.900 |
2. Doktorego ikasketetako gastu akademikoak, mugikortasuneko gastuak eta zabalkundeko gastuak.
Laguntzaren intentsitatea, kostu diruz lagungarrien gaineko ehunekoetan adierazia, 5.2, 5.3 eta 5.4 oinarrietan adierazitako doktoregoko ikasketen gastu akademikoei, mugikortasuneko gastuei eta zabalkundeko gastuei aplikatu beharrekoa, honako hau izanen da:
Erakunde onuradun mota | Industria ikerketako proiektua | Hedapen handiko industria ikerketako proiektua (euro) (c) |
Enpresa handia (a) | 45 | 55 |
Enpresa ertaina (b) | 55 | 65 |
Gainerako erakundeak | 65 | 75 |
(a) Enpresa handiak: 651/2014 EB Erregelamenduaren 1. eranskinean enpresa txiki eta ertainerako emandako definizioarekin bat heldu ez direnak.
(b) Enpresa ertainak: 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinaren arabera.
(c) Halako proiektuen aurrerapenen edo emaitzen zabalkunde handia egin beharko da, 12.2.e) oinarrian adierazitako jarduketen bidez.
V. ERANSKINA.–ESKAERAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK
IRIZPIDEA | BALORAZIO ETA PUNTUAZIO IRIZPIDEAREN XEHETASUNA | GEHIENEKO NOTA | GUTXIENEKO NOTA | |
A.–Proposatutako proiektuaren balorazio zientifiko-teknologikoa | 50 | 30 | ||
A.1 | Proposamenaren aurkezpenaren kalitatea eta argitasuna. | Proposamen osoa deskribatzeko eta aurkezteko izandako zehaztasun, argitasun eta egokitasun maila baloratuko da. | 10 | - |
A.2 | Helburu zientifiko-teknologikoak: proiektuak erantzuten dien premien definizioa eta azalpena. | Baloratuko da argi eta egoki zehazten diren proiektuaren zientzia-teknologia arloko helburuak, lortu nahi den helbururako ikuspegia eta helburu horien kuantifikazioa, ahal den neurrian. | 10 | - |
A.3 | Proiektuaren berrikuntza maila. Erronka teknologikoa. | Baloratuko da nola deskribatzen diren aurrekariak eta teknikak proiektuaren eremuan/esparruan orain duen egoera, nola deskribatzen den abiapuntua aurreko ezagutzari, prozesuari edo produktuari dagokienez eta proiektuak zer hobekuntza eta zailtasun dakartzan deskribatutako aurrekarien aldean. Nola deskribatzen diren aldez aurretik aurkitutako eta proiektuan konpondu asmo diren konplexutasunak eta zailtasunak eta proiektuak zer eskaloi tekniko eta zer ezaugarri bereizgarri dituen. | 10 | - |
A.4 | Metodologia eta lanerako plana. | Baloratuko da zenbateko zehaztasunez deskribatzen diren proiektuan egin beharreko zereginak eta jarduerak, planteamendua eta plangintza argiak diren, eta koherentziarik eta orientaziorik dagoen planteatutako helburuak lortzeko. Probak, saiakuntzak eta abar eginez gero, saiakuntza plana eta aurreikusitako metodologia, materialak eta bestelako baliabideak deskribatu beharko dira. | 10 | - |
A.5 | Proiektuaren arrisku teknologikoak aztertzea eta horiek gainditzeko gaitasuna. | Baloratuko da egokia den identifikatutako arrisku teknologikoak aztertzea; zer probabilitate dagoen arrisku horiek agertzeko; zehaztu daitekeen identifikatutako arriskuen larritasun maila; identifikatutako arriskua agertuz gero, zehaztu den prebentzio neurriak eta/edo kontingentzia neurriak hartzea proiektuak aurreikusitakoaren arabera aurrera egiten jarraitzeko eta planteatutako helburuak eta emaitzak lortzeko. | 10 | - |
B.–Entitatearen balorazioa industriako doktoregoari eta proiektuaren garrantziari dagokienez | 10 | - | ||
B.1 | Entitate eskatzailearen inplikazioa industriako doktoregoaren garapenean. | Entitate eskatzaileak industria doktoregoaren garapenean duen inplikazio maila baloratuko da, honako hauek zehaztuta: inplikatutako giza baliabideak eta entitatean duten jarduketa eremua (bereziki tesiaren xede den entitateko proiektuaren arduraduna, hala badagokio, IP), entitateak proiektuaren eta doktoregaiaren esku jarriko dituen ekipoak eta materialak. | 5 | - |
B.2 | Proiektuaren garrantzia. Espero den eragina. | Baloratuko da nola deskribatzen diren proiektua egin ondotik eskuratu/lortu nahi diren ezagutzen/produktu/prozesu berriak edo horien hobekuntza, hark zenbateko garrantzia duen entitate eskatzailean eta haren estrategian, ezaugarri tekniko eta funtzional nagusiak nabarmenduta, eta zein diren haren alderdi bereizgarri adierazgarrienak. Espero den eragina: zientifiko-teknologikoa (argitalpenak, jabetza intelektuala, transferentzia, etab.), ekonomikoa (produktu edo prozesu berriak, merkatua, fakturazioa, kostuak, eskalagarritasuna, etab.), antolamendukoa eta kudeaketakoa, soziala eta ingurumenekoa (eraginkortasuna, emisioak, baliabideak, enplegua, aintzatespena, etab.), zeharkakoa (aliantzak, sareak, teknologien integrazioa, etab.). Inpaktu hori kuantitatiboki edo kualitatiboki balioestea. | 5 | - |
C.–Zeharkako irizpideak | 40 | - | ||
C.1 | Nafarroako Espezializazio Adimenduneko S4 estrategia: proiektua kokatzea¹. | Jarduerak kokatzen diren lehentasun/trantsizioaren azterketa sakon eta egokia egin da, eta gutxienez Nafarroako Espezializazio Adimenduneko S4 Estrategiaren lan ildo bat identifikatu da (5) | 5 | - |
Jarduerak kokatzen diren lehentasun/trantsizioaren azaleko azterketa egokia egin da, eta gutxienez Nafarroako Espezializazio Adimenduneko S4 Estrategiaren lan ildo bat identifikatu da (3) | ||||
Ez da aztertu lehentasun/trantsizioa edo lan ildoa, edo azterketa hori egin arren ez da egokitzat jo edo ez da identifikatu Espezializazio Adimenduneko S4 Estrategiaren lan ildorik (0) | ||||
C.2 | Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH): proiektuak zer eragin eta ekarpen izan duen haiek (GJH)² lortzeko. | Jarduerek ekarpenak egiten dizkiete garapen jasangarriko helburuei, bat edo bat baino gehiago lortzeko, eta garapen jasangarriko helburu horien azterketa sakona eta egokia egin da, jarduerak zer adierazletan (gutxienez adierazle bat aipatuta) izanen duen inpaktua adierazita eta justifikatuta (5) | 5 | - |
Jarduerek ekarpenak egiten dizkiete garapen jasangarriko helburuei, bat edo bat baino gehiago lortzeko, eta garapen jasangarriko helburu horien azaleko azterketa egokia egin da, jarduerak zer adierazletan (gutxienez adierazle bat aipatuta) izanen duen inpaktua adierazita eta justifikatuta (3) | ||||
Ez dira aztertu jarduerek ekarpenak eginen dizkieten garapen jasangarriko helburuak, bat edo bat baino gehiago lortzeko, edo ez da egokitzat jo egindako azterketa edo ez da adierazi/ justifikatu jarduerak zer adierazletan (gutxienez adierazle bat aipatuta) izanen duen inpaktua (0) | ||||
C.3 | Sexu/genero alderdia I+Gn³. | Sexuaren/generoaren alderdia sakon aztertzea eta proiektuan txertatzea (5) | 5 | - |
Sexuaren/generoaren alderdia diskretuki aztertzea proiektuan, hura txertatu gabe edo proiektuan txertatzea aztertu gabe (3) | ||||
Sexuaren/generoaren alderdia ez aztertzea eta/edo ez txertatzea proiektuan, aukera hori egonda (0) | ||||
C.4 | Lurralde kohesioa: entitate eskatzailearen lantokiaren kokapena⁴. | Iruñerrian ez dagoen 1.500 biztanleko edo gutxiagoko udalerri batean egotea (10) | 10 | - |
Iruñerrian ez dagoen 1.500 biztanletik gorako udalerri batean egotea (5) | ||||
Entitatea Iruñerrikoa ez den udalerri batean egotea (0) | ||||
C.5 | Onuradun berria⁵. | Inoiz onuradun izan ez den entitate eskatzailea (15) | 15 | - |
Noizbait onuradun izan den entitate eskatzailea (0) | ||||
OROTARA | 100 | 50 | ||
¹ C.1 apartatua baloratzeko, 8.3.b) oinarrian adierazitako eta Nafarroako Espezializazio Adimenduneko S4 Estrategiaren ataritik (https://s4navarra.es/eu/) ateratako zientzia-teknika arloko memorian emandako informazioa hartuko da oinarritzat, eta, zehazki, lehentasunen apartatu espezifikoetako (https://s4navarra.es/eu/prioridades-economicas-de-navarra/) eta trantsizioen apartatu espezifikoetako (https://s4navarra.es/eu/transicion-ecologica-y-digital/) informazioa. Gehienez ere bi lehentasun/trantsizio aztertuko dira. ² C.2 apartatua baloratzeko 8.3.b) oinarrian adierazitako eta Nafarroako 2030 Agendaren ataritik ateratako zientzia-teknika arloko memorian emandako informazioa hartuko da oinarritzat (https://ods-agenda2030.navarra.es/eu/), eta, zehazki, NaStat Nafarroako Estatistika Institutuaren webgunean jasotako adierazleena (https://nastat.navarra.es/eu/indicadores/indicadores-ods). GJH bakoitzeko gehienez bi GJH eta bi adierazle aztertuko dira. Apartatu honen azterketatik eta baloraziotik kanpo geratzen dira 4. GJHa (kalitatezko hezkuntza), 5. GJHa (genero berdintasuna), 8. GJHa (lan duina eta hazkunde ekonomikoa), 9. GJHa (industria, berrikuntza eta azpiegitura), 16. GJHa (bakea, justizia eta instituzio sendoak) eta 17. GJHa (helburuak lortzeko itunak). Helburu horiek guztiak diruz lagundutako jardueren zeharkakotzat jotzen dira, diruz lagundutako jarduerak GJH horiei dagozkien gaiei buruzkoak direnean izan ezik. ³ C.3 apartatua baloratzeko 8.3.b) oinarrian adierazitako zientzia-teknika arloko memorian emandako informazioa hartuko da oinarritzat. Hartarako, kontuan hartu beharko da proiektuak barne nola hartzen duen sexu/genero alderdia planteamenduan eta garapenean; aplikagarria izanen da sexuak edo generoak eragina badute hipotesiaren formulazioan, diseinu esperimentalean, datu bilketan eta emaitzen interpretazioan. Lagungarri izan liteke ADItech (Nafarroako I+G+Bko Sistemaren koordinatzailea) agentearen I+G+Bko proiektuetan genero alderdia aintzat hartzeko gida. ⁴ C.4 apartatua NaStat Nafarroako Estatistika Institutuaren webgunean eskuragarri dagoen biztanleriaren erroldaren arabera baloratuko da (https://nastat.navarra.es/eu/tablas_powerbi/-/tag/censos-poblacion/) 2025eko urtarrilaren 1ekoa. ⁵ C.5 apartatua baloratzeko, 15 puntu emanen zaizkie deialdi honen 2023ko, 2024ko edo 2025eko edizioetan dirulaguntzarik jaso ez duten entitate eskatzaileei. | ||||
Iragarkiaren kodea: F2515774
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
