Iragarkia
4. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 8a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1191E/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 5ekoa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "Gizarte erantzukizuna sustatzeko dirulaguntzak" 2026an emateko deialdia. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren kodea: 873349.
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia (S4) onetsi du. S4 estrategia eskualdeko ekonomia eraldatzeko agenda bat da, Nafarroa hazkunde jasangarriaren erreferente izan dadin Europan. Hazkunde jasangarri horren alde egin dezaketen ekintzetako bat da Nafarroako enpresetan gizarte erantzukizuna ezartzea.
Nafarroako Gobernua 2008. urtetik garatzen ari den kudeaketa sisteman, Nafarroako enpresen kudeaketan gizarte erantzukizuna ezartzeko metodologia bat aplikatzen da (InnovaRSE), beste ekintza batzuen artean. Ondoren beste metodologia batzuk garatu dira: TAMIRSE (mikroenpresa eta langile autonomoentzat) eta GOBERNARSE (sektore publikorako).
Era berean, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planean identifikatu diren helburu estrategiko eta jarduketa-arlo nagusi askok lotura zuzena edo zeharkakoa dute InnovaRSE metodologiako enpresek eta entitate publikoek lortu beharreko helburu eta ekintzekin (suspertze ekonomikoa, trantsizio energetikoa, lurralde garapen jasangarria...). Hori horrela izanik, metodologia hori enpresetan aplikatzeak hain beharrezkoa den suspertzea ekartzen lagun dezake.
"InnovaRSE" metodologiak etapa hauek dauzka: diagnostikoaren eta jarduketa-planaren diseinua (aurrerantzean, GE plangintza), jarduketa-plana gauzatzea, jasangarritasun memoria, eta azkenik, hobekuntza-zikloa. Aipatutako etapez gain, 2025etik aurrera sistemak zeharkako modulu bat du txertatua: inpaktua neurtzea. Modulu hori borondatezkoa da, eta plangintzarekin batera edo hobekuntza-ziklo batekin batera lantzen da, hurrenez hurren.
Aurten, dirulaguntzak honako etapa hauek egiteko bideratuko dira: InnovaRSE GE plangintza, TAMIRSE GE plangintza, InnovaRSE hobekuntza-zikloa, TAMIRSE hobekuntza-zikloa eta InnovaRSEren edo TAMIRSEren inpaktuaren neurketa, zeharkako modulu gisa.
Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak gizarte erantzukizuna sustatzen eta bultzatzen du, eta, horretarako, enpresentzako laguntzen deialdiak onesten ditu haien enpresa estrategietan gizarte erantzukizuna sar dezaten errazteko.
Nafarroako Gobernuak 2025eko azaroaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zen laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean tramitatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Gizarte erantzukizuna sustatzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia onestea.
2. Onestea dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak. Foru agindu honen eranskinean bildu dira.
3. Deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko, 120.000,00 euroko gastua baimentzea, 2026ko gastuen aurrekontuko "Gizarte erantzukizuna sustatzeko programa" izeneko 970000 97000 4709 494112 partidaren kargura.
Honela banatuko da baimendutako gastu hori:
JARDUKETA | GUZTIRAKO KOSTUA eurotan | TXOSTEN KOPURUA |
INNOVARSE GE PLANGINTZA (10 langile edo gehiago kontratatuak dauzkaten enpresak) | 75.600 | 24 |
TAMIRSE GE PLANGINTZA (langile autonomoak eta 10 langile baino gutxiagoko mikroETEak) | 3.465 | 7 |
INNOVARSE HOBEKUNTZA-ZIKLOA | 24.300 | 12 |
TAMIRSE HOBEKUNTZA-ZIKLOA | 1.314 | 3 |
INNOVARSEren INPAKTUA NEURTZEA | 12.960 | 18 |
TAMIRSEren INPAKTUA NEURTZEA | 2.250 | 5 |
Jarduketa baterako eskaera guztiei erantzun ondoren, dirua soberan gelditzen bada, beste jarduketetako bat finantzatzeko erabiltzen ahalko da, horiek aurkeztu diren ordenan.
Horren guztiaren baldintza izanen da 2026ko gastuen partidan aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa egotea.
4. Foru agindu hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
5. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
7. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea foru agindu honen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2025eko abenduaren 5ean.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen xedea da Nafarroako enpresetan gizarte erantzukizuna (GE) ezar dadila sustatzea.
Enpresaren estrategian kezka sozialak, lanekoak, ingurumenekoak eta giza eskubideekiko errespetuzkoak beren interes-taldeekin nahita txertatzeari esaten zaio gizarte erantzukizuna; horrela, enpresak beren ekintzek sortzen dituzten ondorio eta inpaktuez arduratzen dira. Legeria aplikagarria eta hitzarmen kolektiboak errespetatzea aldez aurreko baldintza da erantzukizun hori betetzeko.
Kudeaketa sistemarako InnovaRSE metodologiek (InnovaRSE eta TAMIRSE) gizarte erantzukizunaren oinarrizko printzipioak adierazpen edo esaldi gisa aurkezten dituzte, gai horretan kontuan hartu behar diren alderdi nagusiei buruz gogoeta egiteko.
Metodologiak lau etapa ditu: GE plangintza bat diseinatzea, hau da, diagnostiko bat eta jarduketa-plan bat egitea; jarduketa-plan hori gauzatzea; hobekuntza-ziklo bat aplikatzea, aplikatutako GE neurrietan sakontzeko; eta jasangarritasun memoria bat, egindako jarduketen berri emateko zeharkako etapa gisa. Horrez gain, 2025ean, berrikuntza gisa, inpaktua neurtzeko borondatezko modulu bat sartu zen, bai hasierako plangintzan, bai hobekuntza-zikloaren etapan.
Aurten, GE plangintza (lehen etapa) eta hobekuntza-zikloa (hirugarren etapa) finantzatzeko erabiliko da dirulaguntza. Bi etapa horietako bati ekin behar dioten enpresek aukera dute, beren borondatez, inpaktua neurtzeko modulua ere aplikatzeko. Modulu hori ere diruz lagungarria da, 4. oinarrian adierazitako moduan.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Honako beharkizunak betetzen dituzten enpresak izaten ahalko dira dirulaguntzen onuradunak:
a) Nafarroan lantoki bat izatea eta, langile autonomoen kasuan, alta emanik egotea LAABen edo dagokion mutualitatean eta Nafarroan alta emanik egotea EJZan.
b) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
c) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun baino gehiago egiteagatik, deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan.
d) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita. Zehapena izan bada, zehapen organoaren txosten baten bidez egiaztatu behar da neurri horiek abian jarri direla eta bete dela neurriak aplikatzeko egutegia.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko adierazitako debekuetako bat bakarra ere ez urratzea.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
2. Eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du, baina horrek ez du eragotziko ofizioz egiaztatu ahal izatea arestian aipatutako baldintza guztiak betetzen direla.
3. Ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan Espainiako Gobernuko Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren "Erakunde Publikoen Inbentarioan" ageri diren sektore publiko instituzionalaren parte diren entitateak, ez eta xedeko metodologia erakundearen beraren langile akreditatuekin ezartzea erabakitzen duten aholkularitza-enpresak ere. Enpresa horiek dirulaguntza jasotzen ahalko dute baldin eta beste erakunde bateko pertsona akreditatu batek aplikatzen badu metodologia, eta deialdi honetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen baditu.
3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
1. Honako jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:
1.1. GIZARTE ERANTZUKIZUNAREN PLANGINTZA: Hemen sartzen dira diagnostiko bat prestatzea eta jarduketa-plan bat diseinatzea. Diagnostiko bat prestatzeak aukera ematen die enpresei identifikatzeko zein den beren gaur egungo egoera gizarte erantzukizunari dagokionez, "InnovaRSE" eta TAMIRSE metodologien hiru dimentsioetako bakoitza aztertuta (ingurumenekoa, ekonomikoa eta soziala). Aurretiazko diagnostikoa oinarri harturik, jarduketa-planak aukera emanen du jarduketa-ildo batzuk planteatzeko, jarraitu beharreko ekintza zehatzekin, enpresaren politikan gizarte erantzukizunaren printzipioak ezartzeko.
Plangintzarekin batera, hala nahi izanez gero, inpaktua neurtzeko modulua ere aplikatzen ahalko da, Nafarroako enpresek eta erakundeek beren jardueran sortzen dituzten inpaktu eta lotutako adierazle nagusiak aztertzeko eta neurtzeko.
Emakumezkoen eta gizonezkoen artean lan arloko edozein diskriminazio galaraztera zuzendutako jarduketak baloratze aldera, SI-07 adierazpenean ("InnovaRSE" diagnostikoaren kasuan), eta diagnostikoaren berdintasunaren eta kontziliazioaren atalean (TAMIRSE metodologiaren kasuan), aztertuko da genero berdintasunarekin eta kontziliazioarekin lotutako alderdietako bakoitza; gainera, enpresa aplikatzen ari den eta adierazpenean ageri ez den beste edozein gehitzen ahalko da.
1.2. HOBEKUNTZA ZIKLOAK: beste diagnostiko bat egiten da, lortutakoa eta egiteko dauden zereginak berrikusten dituena, bai eta beste jarduketa-plan bat ere, non proposatzen baitira hobetu beharreko beste eremu batzuk, helburuak eta hartu beharreko neurriak.
GE plangintzarekin gertatzen den bezala, hobekuntza-zikloekin batera, inpaktua neurtzeko modulua ezartzen ahalko da, Nafarroako enpresek eta erakundeek beren jarduerarekin sortzen dituzten inpaktu nagusiak eta lotutako adierazle nagusiak aztertu eta neurtzeko.
2. Jarduketa diruz lagungarriek honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:
a) Nafarroako Gobernuaren "InnovaRSE" edo TAMIRSE metodologiaren araberakoak izan behar dute.
b) Nafarroako Gobernuak 2026rako akreditatutako aholkulariekin eginen dira. Aholkulari horien zerrenda laguntza hauen tramiteen fitxan eta Nafarroako Gizarte Erantzukizuna web orrian ageri da (https://innovarsenavarra.es/).
c) Laguntza eskatzen den egunaren eta 2026ko irailaren 30aren artean egin behar dira. Ondorio horietarako, egindako gastutzat joko da egun hori baino lehen fakturatu eta ordaindu dena.
d) Enpresa bakoitzeko, jarduketa bakarrerako emanen da dirulaguntza.
e) Aholkularitza-enpresak honako hauek egiaztatu beharko ditu sinadura-orriaren bidez:
a. InnovaRSE GE plangintzarako, gutxienez 70 orduko lan denbora, eta TAMIRSE GE plangintzarako, berriz, 11 ordukoa.
b. InnovaRSE hobekuntza-ziklorako, gutxienez 60 orduko lan denbora, eta TAMIRSE hobekuntza ziklorako, berriz, 13 ordukoa.
Inpaktua neurtuz gero, honako hauek ere justifikatu beharko dira:
c. 16 ordu gehiago InnovaRSE plangintzarekin edo hobekuntza-ziklo batekin batera egiten bada.
d. 10 ordu gehiago TAMIRSE plangintzarekin edo hobekuntza-ziklo batekin egiten bada.
f) Enpresa bakoitzari honako hauetarako baino ez zaio emanen dirulaguntza:
a. Lehenengo GE plangintza.
b. Lehenengo hobekuntza-zikloa.
Inpaktua neurtuz gero, enpresa bakoitzeko gehienez ere bi neurketa egiteko dirulaguntza emanen da:
c. Neurketa bat plangintzarekin batera eta beste bat hobekuntza-ziklo batekin batera, edo
d. Neurketa bat hobekuntza-ziklo batekin batera eta bestea hurrengoarekin batera.
4. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.
1. Laguntzek honako zenbateko hauek izanen dituzte:
JARDUKETA | FASEAREN KOSTUA | GUTXIENEKO ORDU KOPURUA | DIRULAGUNTZAREN ZENBATEKOA |
INNOVARSE PLANGINTZA | 3.150 euro | 70 ordu | 3.150 euro |
TAMIRSE PLANGINTZA | 495 euro | 11 ordu | 495 euro |
INNOVARSE HOBEKUNTZA-ZIKLOA | 2.700 euro | 60 ordu | 2.025 euro |
TAMIRSE HOBEKUNTZA-ZIKLOA | 585 euro | 13 ordu | 438 euro |
INNOVARSEren INPAKTUA NEURTZEA | 720 euro | 16 ordu | 720 euro |
TAMIRSEren INPAKTUA NEURTZEA | 450 euro | 10 ordu | 450 euro |
2. Eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik deialdiaren aurrekontua agortzen bada, horren kreditua handitzen ahalko da, gehienez ere 120.000 euro gehituz. Gehikuntza hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta argitaratu beharko da, beste deialdi batzuetan izandako gastua hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan delako.
5. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 3ko 08:00etan hasiko da, eta 2026ko martxoaren 12an bukatuko.
2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.
3. Eskaerarekin batera, aurkeztu beharko da enpresako zuzendaritzaren konpromisoa, jarduketa diruz lagungarriak abian jartzekoa, laguntzaren fitxan eskura daitekeen ereduaren araberakoa.
4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.
6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hori dela eta, eskaerak 3. eta 4. oinarrietan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.
Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
2. Lan Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; bertan adieraziko da onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.
Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusia izanen da dirulaguntza ematea ebatziko duen organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere 3 hilabeteko epean ebazpena emanen da eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.
7. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.
1. Diruz lagundutako jarduketa gauzaturik, onuradunek 2026ko irailaren 30era arte izanen dute epea, egun hori barne, 5. oinarrian adierazitako moduan dokumentazio hau telematika bidez aurkezteko:
a) Justifikazioko formularioa, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena. Formulario horrek bisita bakoitzaren sinadura-atala behar bezala beteta eduki beharko du (dagokion sinadura digitala edo zigilua).
b) Diruz lagundutako GE plangintzaren edo hobekuntza-zikloaren ale bat formatu digitalean, bi kasuetan inpaktua neurtzeko moduluarekin, hala badagokio. Dokumentu horiek hizkera inklusibo edo ez-sexista erabiliz idatzi beharko dira.
c) GE plangintza egin duten enpresek aurkeztu beharko dute InnovaRSE zigiluen erabilerari buruzko dokumentua, behar bezala beteta.
d) Aholkularitza-enpresaren faktura eta ordainketa frogatzen duen dokumentua. Bi dokumentuak dirulaguntzaren eskatzailearen izenean egonen dira.
Onartutako dirulaguntzaren %100 kobratzeko, fakturaren zenbatekoa honenbestekoa izanen da gutxienez: 4. oinarrian adierazitako "Fasearen kostuaren" guztirako zenbatekoa gehi egoki den BEZa. Fakturaren zenbatekoa "Fasearen kostua" baino txikiagoa baldin bada, proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.
2. Lan Zerbitzuak frogagiriak aztertuko ditu eta, behin egiaztaturik diruz lagundutako jarduerak bat datozela kasuan kasuko metodologiarekin, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta txosten bat erantsiko dio, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela frogatzeko, besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu izana.
3. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.
8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.
Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.
b) Diruz lagundutako jarduerak "InnovaRSE" edo "TAMIRSE" metodologiaren arabera egitea, dagokionaren arabera, eta aurreko oinarrian adierazitako moduan justifikatzea.
c) Jasotako laguntzaren publizitatea egitea enpresaren web orrian, iragarki-taulan edo antzeko toki batean, gutxienez ere urtebetez, laguntza ordaintzeko ebazpena ematen denetik hasita, esaldi honekin: "Gizarte erantzukizuna sustatzeko 2026ko dirulaguntzaren enpresa onuraduna". Ondoan Nafarroako Gobernuaren logotipoa jarriko da. Logotipoa eta hura erabiltzeko arauak esteka honen bidez jaisten ahal dira: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.
d) Behar izatera, Lan Zerbitzuari komunikatzea dirulaguntzari uko egiten diotela eta uko egitearen arrazoiak azaltzea.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak betetzea, eta laguntza ematen duen organoak edo horretarako eskumena duen edozein organok egin beharreko egiaztapen eta kontrol jarduketak onartzea. Horretarako, jarduketa horien ondorioz eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
9. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).
2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazio horien bidalketen berri emanen da eskaera-orrian adierazitako helbide elektronikoaren bitartez.
10. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.
11. oinarria.–"De minimis" laguntzak.
Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko L EBAO).
Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Horren ondorioetarako, erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.
Interesdunek eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.
12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).
13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Iragarkiaren kodea: F2516267
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
