4. ALDIZKARIA - 2026ko urtarrilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

78/2025 FORU AGINDUA, azaroaren 24koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunentzako bi prestakuntza beka emateko deialdiaren oinarriak, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak uste du interesgarria dela unibertsitateko tituludunen (Zuzenbideko lizentzia edo gradua dutenak) prestakuntza sustatzea, zuzenean ezagutu ditzaten departamentu horretan eta haren erakunde autonomoa den Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian gauzatzen diren politikak. Pertsona horiek laguntza eginkizunak beteko dituzte espedienteen kudeaketari, horien azterketa juridikoari eta araudiaren aplikazioari lotutako gaietan, bai eta agintzen zaien beste edozein eginkizun ere.

Bekaren deialdiaz eta hura emateaz oinarri arautzaileetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta, osagarri gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Halaber, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea aplikatuko da. Foru lege horrek adierazten du Nafarroako Administrazio Publikoek onesten dituzten dirulaguntzen, beken eta beste edozein laguntza publikoren oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak sartuko direla genero berdintasuna benetan gauzatzeko jarduketak baloratzeko edo, bestela, jarduketa horiek nahitaez betearazteko.

Espedienteko txostenak ikusirik eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdia onestea, Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunentzako bi prestakuntza beka emateko, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko. Oinarri arautzaileak foru agindu honen eranskinean agertzen dira.

2. 13.724,16 euroko gastua baimentzea prestakuntza beken esleipenari erantzuteko, Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Prestakuntza bekak" izeneko 900000 90200 4809 233100 partidaren kargura edo 2026ko aurrekontuetan horretarako onesten den antzeko partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

3. Deialdi honen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

4. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Kontabilitate Zentrora, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Nafarroako Dirulaguntzen Datu Basera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2025eko azaroaren 24an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA.–ZUZENBIDEKO LIZENTZIADUN EDO GRADUDUNENTZAKO BI PRESTAKUNTZA BEKAREN DEIALDIA, 2026. URTERAKO, ESKUBIDE SOZIALETAKO, EKONOMIA SOZIALEKO ETA ENPLEGUKO DEPARTAMENTUKO IDAZKARITZA TEKNIKO NAGUSIAN ARITZEKO. OINARRIAK

1. oinarria. Xedea.

Deialdiaren xedea da Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunentzako bi prestakuntza beka ematea, norgehiagokako araubideari jarraikiz, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko.

Deialdiaren helburua da unibertsitateko lizentziadunen edo gradudunen prestakuntza bultzatzea, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuan eta haren erakunde autonomoetan egiten diren jarduketak modu praktiko eta zuzenean ezagutu ditzaten.

2. oinarria. Aurrekontuko diru erabilgarria.

Beketarako zenbatekoa 25.160,96 eurokoa da, eta Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Prestakuntza bekak" izeneko 900000 90200 4809 233100 partidaren kargura ordainduko da, edo 2026ko aurrekontuetan horretarako onesten den antzeko partidaren kargura. Gorde beharreko gehieneko zenbatekoaren barnean Gizarte Segurantzaren enpresa kuota ordaintzeko zenbatekoa dago.

3. oinarria. Iraupena.

Bekak hasiko dira haiek emateko ebazpenean ezartzen den egunean. Dena dela, aurreikusten da 2026ko otsailaren 2an hastea eta sei hilabeteko iraupena izatea hasiera batean; iraupen hori luzatzen ahalko da gehienez ere hogeita lau hilabete egin arte, luzapenak kontuan harturik.

Bekak sei hilabetez behin luzatzen ahalko dira, idazkari tekniko nagusiaren ebazpen baten bidez. Horretarako, aldez aurretik eskaera egin beharko du bekaren tutoreak eta ados egon beharko du bekadunak. Luzapenerako baldintza izanen da aurrekontuetan horretarako kreditu erabilgarri nahikoa egotea.

4. oinarria. Beken zenbatekoa eta ordainketa.

Beken zuzkidura hilero 1.080 euro gordinekoa izanen da, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Kopuru horretatik bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kuota deskontatuko da. Diru kopuru horretan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion atxikipena eginen da, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Beken onuradunak besteren konturako araubidean dauden langileen parekoak izanen dira Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala (dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz).

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko (bertan afiliatzeko eta/edo alta hartzeko), eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da onuraduna noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak afiliatzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin.

Onuradunei ematen zaien dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

5. oinarria. Bateraezintasunak.

Prestakuntza bekak bateraezinak izanen dira administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

6. oinarria. Izangaiek bete beharreko baldintzak.

6.1. Dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen den egunean honako betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izaten ahal dira onuradunak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduaren 13.2 artikuluarekin.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) 1. oinarrian aipatzen den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.

f) Eskatutako unibertsitateko titulu ofiziala bekaren deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Beharrezkoa bada, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horrekin batera, aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.

h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten ahal dionik.

6.2. Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

7. oinarria. Balorazio baremoa.

1. Ebaluazio batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, izangaiei bekak emateko proposamena eginen du, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz. Gehienez ere 25 puntu lortzen ahalko dira.

Baremo honi jarraituz baloratuko dira eskaerak:

a) Ikasketa espedientea. 10 puntu gehienez.

Espedientearen batez besteko nota baloratuko da.

Ez dira baloratuko 6,5 puntutik beherako batezbestekoa duten espedienteak (10 puntuko eskalan).

Honako puntuazio hauek emanen dira: Nahikoa: 6 puntu; oso ongi: 8 puntu; bikain: 9 puntu; eta ohorezko matrikula: 10 puntu.

b) Deialdi honetan eskatutakoaz bestelako lizentzia edo gradu tituluak. 2 puntu, gehienez.

Zuzenbidekoa ez den lizentziako edo graduko unibertsitate titulu bakoitzeko puntu bat emanen da. Bakoitzeko puntu bat emanen da.

c) Unibertsitateko master titulua Zuzenbideko espezializazioan. 2 puntu.

Espezializazio juridikoko unibertsitateko master titulu bakoitzeko puntu bat emanen da, baldin eta horietan sartzeko Zuzenbideko gradu edo lizentzia izatea derrigorrezkoa bada.

d) Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa, frantsesa eta alemana. 4 puntu gehienez.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C2 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 1 puntu gehienez hizkuntza bakoitzarengatik, baremo honen arabera:

HEOko MAILA

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

1.

A1

0,10

2.

A2

0,20

3.

B1

0,40

4.

B2

0,60

5.

C1

0,80

6.

C2

1,00

Hizkuntza eskola ofizialetatik kanpoko ikastetxeetan egindako ikasketen kasuan, berariaz aipatu beharko da egindako ikasketak zein ziurtagiriren baliokideak diren, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren gomendioei jarraikiz. Aipatutako titulua berariaz aurkeztu beharko da.

e) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko prestakuntza: 4 puntu gehienez. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

–600 ordutik gorako prestakuntza: 4 puntu.

–400 ordutik 600 ordura bitarteko prestakuntza: 3 puntu.

–200 ordutik 400 ordura bitarteko prestakuntza: 2 puntu.

–20 ordutik 200 ordura bitarteko prestakuntza: 1 puntu.

Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitate publikoek nahiz pribatuek antolatutako edo emandako prestakuntza baino ez da baloratuko. Prestakuntza zentroak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da prestakuntza, eta bertan eskola-orduen kopurua adierazi beharko da. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 0 puntuko balorazioa emanen zaie.

f) Elkarrizketa pertsonala. 3 puntu gehienez.

Puntu gehien lortzen duten hiru pertsonei dei eginen zaie ebaluazio batzordearen aurrean elkarrizketa pertsonala egin dezaten.

Baloraziorako honako hauek hartuko dira kontuan: motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, talde-lanerako gaitasuna eta beste gaitasun sozial batzuk.

Aipatu a) letratik e) letrara bitarteko balorazioetan puntuaziorik handiena lortzen duten hiru eskatzaileei dei eginen zaie telefonoz eta posta elektronikoz, gutxienez ere 72 ordu lehenago. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da, eta hautapen prozesutik baztertu eginen da agertzen ez dena; halakoetan, puntuazio handiena duen hurrengoari deituko zaio.

2. Puntu-berdinketak hausteko irizpideak: Beketarako izangaien merezimendu guztiak batu ondoren puntu-berdinketa gertatuz gero, a) atalean puntuaziorik altuena lortu duenaren alde eginen da. Berdinketa horrela hausten ez bada, b) eta c) atalen zenbaketaren arabera ebatzi beharko da. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da.

8. oinarria. Eskaerak.

8.1. Interesdunek dagokion eskaera aurkeztu beharko dute, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren erregistroan, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

8.2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa, zeina https://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri baitago.

b) Eskatzailearen curriculum vitaea, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, lortutako merezimendu guztiak.

c) Zuzenbideko lizentziaren edo graduaren tituluaren fotokopia.

d) Ikasketa espedientearen ziurtagiria (jatorrizkoa edo fotokopia), non agertu behar baitira maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioak, berariaz aipatuta zein deialditan gainditu zituen, eta lortutako batez besteko nota.

e) Alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak. Hizkuntzen kasuan, korrespondentzia-taulak web honetan daude ezarrita:

https://formainap.navarra.es/inapidiomas_web/eu/hizkuntzen-egiaztapena/laburpen-taula/

f) Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiri baten kopia.

g) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena, gehienez bi hilabete lehenago egina.

h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.

8.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako dokumentuak ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko zaio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Eskatzaileek helbide elektroniko bat emanen dute, behar diren komunikazioak edo jakinarazpenak egiteko.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

8.4. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

9. oinarria. Ebaluazio batzordearen osaera eta bekak emateko prozedura.

9.1. Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz eta bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz. Ebaluazio batzordeak ebazpen proposamena prestatuko du, non izangai onartuei guztira emandako puntuak adieraziko baitira.

Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–Ikuskapen Ataleko burua.

–Mendekotasunaren Arretaren Araubide Juridikoaren, Gizarte-inklusioaren eta Garapenerako Lankidetzaren Ataleko burua.

–Adingabeen Araubide Juridikoaren, Familiaren eta Diru-sarreren Bermearen Ataleko burua.

Batzordeko kideren bat kanpoan edo gaixorik badago, haren ordez, Idazkaritza Tekniko Nagusiko langile bat arituko da, deialdi honetan eskatzen den titulazio berdina duena.

Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko langileek laguntza emanen diote ebaluazio batzordeari.

9.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunen eskaerak jasotakoan.

9.3. Ebaluazio batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Elkarrizketa pertsonalerako dei egin baino lehen, deialdiaren web-orrian argitaratuko dira izangaien zerrenda eta lortutako puntuazioa, eskaeren baremoa egin ondokoa.

Beka eman aurretik, ebaluazio batzordeak txosten bat prestatuko du, non adieraziko baita eskatzaileek laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

9.4. Ebaluazio batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, puntuazio handiena lortu duten izangaiei bekak emateko proposamena eginen du, eta izangaien zerrenda bat eginen du, lortutako puntuazioaren araberakoa.

9.5. Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko idazkari tekniko nagusiaren ebazpen bidez emanen da beka, ebaluazio batzordeak proposamena egin ondotik. Ebazpena Nafarroako web-orrian (https://www.nafarroa.eus) argitaratuko da, instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera eskatzaileek duten lehentasun hurrenkeran egindako zerrendarekin batera.

Ebazpenean jaso beharko dira, gutxienez, beka eskuratzen duten pertsonen izenak eta eskatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.

Ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-atarian argitaratuko da, bekaren deialdiaren fitxan. Argitaratzeak jakinaraztearen ondorio berberak izanen ditu, 39/2015 Legearen 45. artikuluarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik argitaratzen ez bada, ezetsi egin direla ulertuko da.

10. oinarria. Tutoretza.

10.1. Idazkari tekniko nagusiari dagokio beken onuradunek egiten dituzten jardueren tutoretza, zuzendaritza eta ikuskapen lanak egitea.

10.2. Tutoreak zeregin zehatzak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko, eta bekadunek beren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituzten begiratuko du.

11. oinarria. Justifikatzeko epea eta modua.

Onuradunek txosten edo memoria bat aurkeztu beharko dute egindako jarduerei buruz eta deialdian ezarritako helburuen betetze mailari buruz. Txosten hori tutoreak baloratuko du. Txostena beka bukatutakoan aurkeztuko da.

12. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan den jarduera egin duela eta helburua bete dela.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Emandako bekari berariaz uko eginez gero, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez jakinaraztea organo eskudunari.

f) Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian bekadun aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

g) Prestakuntzan ari zela ezagutu duen eta isilpekotzat jo daitekeen informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea bekak irauten duen bitartean, eta ondoren ere bai.

h) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.

i) Beken garapenari buruzko txostenak aurkeztea, 11. oinarrian azaldu den moduan.

13. oinarria. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunek beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko dute jardunean. Ebazpenean adierazitako egunean onuradunak ez badira jardunean hasten, organo eskudunari horren berri eman gabe, eta baldin eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez baditu, bekari behin betiko uko egiten diotela ulertuko da.

Jardunean hasi ondoren bekari berariaz uko eginez gero, Idazkaritza Tekniko Nagusiari horren berri eman beharko zaio. Ukoaren berri ematea jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago egin beharko da gutxienez.

Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak betetzea uko egin arte sortu diren betebeharrak.

14. oinarria. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaren onuraduna Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren bulegoetan arituko da, astean gehienez ere 30 orduz. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen ditu.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekadunak.

15. oinarria. Jabetza intelektuala.

Beka jasotzeko hautatzen diren pertsonek jabetza intelektualaren gainean dituzten eskubideak, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuan egindako jardueraren ondorioz bekaldian eskuratzen dituztenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izaten ahal diren asmakarien gainean legokiokeen jabetzari.

16. oinarria. Lan edo administrazio harremanik eza.

16.1. Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekadunak bere plantillan sartzeko.

16.2. Prestakuntza beken onuradunei agintzen zaizkien zeregin edo jarduerak Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko langileek, funtzionario nahiz kontratudunek, gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira jarduera horien erantzuleak. Bekaren onuradunek ezin izanen dituzte funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoko kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17. oinarria. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunek, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari diren, administrazio horrekin duten harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen dute zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. oinarria. Beka bukatzea.

Honako hauek dira bekak bukatzeko arrazoiak:

a) Bekaren epea bukatzea, luzapenik izan gabe.

b) Luzapenaren gehieneko epea bukatzea.

c) Bekari probetxurik ez ateratzea.

d) Bekadunak haren gain utzitako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.

19. oinarria. Ez-betetzeak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zilegi izanen da jasotako dirua itzultzeko eskatzea beken onuradunei. Zehazki, honako egoeretan itzuli beharko da dirua:

a) Bekadunak ez betetzea haren gain utzitako betebehar eta eginkizunak, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.

b) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe, eta, horrez gain, aldi berean jasotzea horrekin bateragarria ez diren beste beka edo dirulaguntza batzuk.

c) Azken hilean jasotakoa itzuli beharko da amaierako memoria ez aurkezteagatik.

20. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta deialdia aplikatzeko emandako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluarekin eta hurrengoekin, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

21. oinarria. Aplikatzekoa den legeria.

Agertzen ahal diren gorabehera guztiak honako hauetan ezarritakoarekin bat ebatziko dira: deialdi honetako oinarriak, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta, osagarri, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

22. oinarria. Emandako beken publizitatea.

Laguntza hau Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren web-orrian argitaratuko da. Zein deialdiri, programari eta aurrekontuko kredituri egotzita ematen den adieraziko da, baita onuradunak, emandako zenbatekoa eta xedea ere.

Iragarkiaren kodea: F2515384