1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
380E/2025 FORU AGINDUA, abenduaren 9koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren maiatzaren 7ko 142E/2024 Foru Agindua, Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarra arautu zuena.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren maiatzaren 7ko 142E/2024 Foru Aginduaren bidez arautzen da Nafarroako Herritar Batzarra (2024ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 31koa), eta uztailaren 26ko 227E/2024 Foru Aginduaren bidez zuzentzen dira foru agindu horretan atzemandako akatsak (2024ko 174. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 27koa).
Aipatu 142E/2024 Foru Aginduak bost artikulu, xedapen gehigarri bakarra eta azken xedapen bakarra ditu. Artikuluek honako hauei egiten diete erreferentzia: foru aginduaren xedeari, Batzarraren osaerari, zereginari, gobernantzari eta lan metodologiari.
Nolanahi ere, aginduak ez du ezartzen saioetara benetan joateagatik jaso beharreko ordain ekonomikoa; ez Batzarreko kideena ez haiei laguntza eta aholkularitza ematen dizkieten adituena. Bidezkoa da aipatu ordaina, aintzat harturik zer-nolako konpromiso eta ardura maila behar den Batzarrak bere zereginak egoki egin ahal izan ditzan. Gainera, beharrezkoa da hura arautzea, aintzat harturik administrazio publikoen kudeaketa ekonomikoaren berezitasunak eta kudeaketa hori arautzen duen araudia. Horrenbestez, bidezkoa da aipatu agindua aldatzea, eta xedapen gehigarri bat sartzea, aipatu ordaina ahalbidetu eta arautu dadin.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Kontseiluaren iritzia entzun ondotik, eta erabiliz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko Foru Legea),
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Aldatzea 142E/2024 Foru Agindua, maiatzaren 7koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baita Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarra.
Xedapen gehigarri bat gehitzen da. Hona hemen:
Lehena.–Xedapen gehigarri bakarra lehenengo xedapen gehigarria izanen da.
Bigarrena.–Beste xedapen gehigarri bat eransten da. Eduki hau izanen du:
Bigarren xedapen gehigarria.–Ordain ekonomikoa.
Ordain ekonomikoa ematen ahalko da Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarrean parte hartzeagatik, honen arabera.
a) Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarreko kideak: eztabaida saioetara benetan joateagatik.
b) Adituak: Batzarrari laguntza eta aholkularitza emateagatik.
Ordain ekonomikoa ez da izanen 400 euro gordinetik gorakoa, Klima Aldaketaren Nafarroako Herritar Batzarreko kideen kasuan, eta 1.000 euro gordinetik gorakoa, adituen kasuan.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru Agindu honek 2024ko ekainaren 1eko atzerako eraginak dituela hartuko du indarra.
Iruñean, 2025eko abenduaren 9an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2516142