1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2026ko urtarrilaren 28an hartua, zeinaren bidez hasiera batean onesten baita "Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoa" erakundearen estatutuen aldaketa.
2007ko maiatzaren 2ko Erabakiaren bidez (2007ko 62. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 18koa), Nafarroako Gobernuak behin betiko onetsi zituen Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoaren estatutuak.
Gaur den egunean, beharrezkoa da estatutuak estatuko oinarrizko legedira eta foru legedira egokitzea. Zehazki, aldatu egin behar dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean eta Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legean jasotako aurreikuspenetara egokitzeko.
Estatuko oinarrizko araudi berriaren helburua da kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetzea, administrazio bikoiztasunak ezabatzea eta, batez ere, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko legedia betetzea (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57.2 artikulua, 27/2013 Legeak emandako idazketa berriaren arabera).
Foru araudiari dagokionez, beharrezkoa da partzuergoaren estatutuak aldatzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea aldarrikatzearen ondorioz (lege horren 64. artikuluan partzuergoak arautzen dira), bai eta otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen ondorioz ere, zeinak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 212. artikulua aldatu baitu.
Estatuko araudiak eta foru araudiak xedatzen dute ezen, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean, partzuergoa bere gobernu organo gorenean boto gehien duen administrazio publikoari atxikiko zaiola. Kasu honetan, bai Nafarroako Gobernuak bai Iruñeko Udalak launa boto dituzte partzuergoan (guztira hamahiru boto dira), eta, beraz, 6/1990 Foru Legearen 212. artikuluko 3. apartatuko bigarren paragrafoaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio partzuergoa atxikitzea, lurralde zabalena hartzen duen administrazioa delako.
Era berean, aldaketaren xedea da estatutuek Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen 124. artikuluko gutxieneko edukia jasotzea eta partzuergoa osatzen duten administrazioek adostutako partaidetza-ehunekoak jasotzea, eta, gainera, estatutuen hasierako idazketa hobetzen duten zenbait alderdi aldatzea, besteak beste, izendapena, hau proposatzen baita: "Trenaren Iruñerriko UGPSaren garapenerako Partzuegoa".
Estatutuen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, Partzuergoak, bere zuzendaritza kontseiluaren erabakiz, indarrean dauden estatutuak aldatzea sustatzen ahalko du. Horretarako, zuzendaritza kontseilua osatzen duten kideen 2/3eko gehiengoaren aldeko botoa beharko da, eta Partzuergoa eratzeko estatutuak onesteko egindako izapidetze administratibo bera bete beharko da.
2023ko martxoaren 30ean, Partzuergoaren Zuzendaritza Kontseiluak egindako bilkuran, aho batez erabaki zen Abiadura Handiko Trenaren Partzuergoaren estatutuak aldatzeko proposamena onestea, eta idazkaritzari ahalmena eman zitzaion Partzuergoa osatzen duten administrazioei bidaltzeko, administrazio bakoitzari legez dagokion aldaketa izapidetu zezaten.
Partzuergoa eratzeko estatutuak onesteko izapidetze prozesuan, udalen osoko bilkurek hasiera batean onetsi zituzten, eta, ondoren, Nafarroako Gobernuak. Gero, jendaurrean jartzeko izapidea ireki zen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz eta Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako udaletako iragarki-tauletan erakutsiz.
Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako udalek hasiera batean onetsi dute estatutuen aldaketa hori.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Hasiera batean onestea "Abiadura Handiko Trenaren Iruñerriko Partzuergoaren" estatutuen aldaketa.
2. Estatutuen aldaketa jendaurrean jartzea hilabeteko epean, eta Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako udaletako iragarki-tauletan ere erakustea. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.
Horretarako, espedientea Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan kontsultatzen ahalko da (San Inazio kalea 3, Iruña), jendea hartzeko ordutegian, eta epe horretan egokitzat jotzen diren alegazio idazki guztiak aurkezten ahalko dira.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan, eta Iruñeko, Zizur Nagusiko eta Zizur Zendeako udalei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.
Iragarkiaren kodea: F2601353