38. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ENKANTEA, Elizondoko ondasun higiezin batena.

Nafarroako Foru Ogasunaren Derrigorrezko Diru-bilketaren Atalean bideratutako premiamendu-espediente administratibo baten barruan, Nafarroako Foru Ogasuneko Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak, 2025eko urriaren 30ean, erabaki zuen behean azaltzen den ondasun higiezin enbargatua enkante bidez saltzea. Enkantea Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatuko Agentziaren Enkanteen Atarian eginen da.

Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren 135. artikuluan eta aipatu erabakian xedatutakoa betez, iragarki bat argitaratzen da Estatuko Aldizkari Ofizialean, bai eta iragarki hau ere, eta honako hau ohartarazten zaie enkantean parte hartu nahi dutenei:

1. Enkante administratiboaren iragarkia, erreferentzia-zenbakia: 03964.

2. Helbide elektronikoa: https://subastas.boe.es/reg/detalleSubasta.php?idSub=SUB-RC-2026-3100200103964 Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Enkanteen Atariaren helbide elektroniko horretan jasota daude enkantearen eta enkantean jarriko den ondasunaren funtsezko datuak.

3. Helbide elektroniko horretan adierazitako egunean hasiko da enkantea. Irekitzen denetik, eskaintza elektronikoak egiten ahalko dira hogei egun naturalean, Enkanteen Atarian.

4. Ondasunak adjudikatzeko aktaren ziurtagiria egin aurretik edo, hala dagokionean, salmentaren eskritura publikoa eman aurretik behar bezala justifikatzen bada ordaindu direla zorra, berandutze-interesak eta prozeduraren kostuak, enkantea bertan behera geratuko da.

5. Enkantean jarriko den ondasuna:

–Lote bakarra:

Erregistrokoa: Baztango 56. finka. 65. liburukia, 2. liburua, 232. folioa. Iruñeko 5. Jabetza Erregistroa.

Landa eta hiri lurra. Finka bat Iturrialde edo Etxegibela alderdian, Elizondon, Baztanen. Azalera: hemezortzi area, hirurogeita hamabortz zentiarea eta bortz dezimetro karratu. Mugakideak: iparraldean, Iruñetik Frantziara Dantxarinetik pasatuta doan errepide nagusia, Elizondon barna Santiago karrika deitzen dena; hegoaldean, Emilia Echeverría andrearen baratzea eta Jorge Urroz jaunaren lursaila; ekialdean, bide publikoa, aipatu errepidetik edo Santiago karrikatik Bidasoko tren geltokira doana (egun, desagertu denez, lan eskolara doa); mendebaldean, jatorrizko finkatik banandutako lurzatia, Juan Bautista eta Cipriano Iturria Galazar jaunen jabetzakoa, haien alde saldu baitzen banantzea egin ondoan. Mendebaldeko mugan, Goyeneche jaunaren jaraunsleak ere badaude. Eraikin hauek daude finka barnean: familia bakarreko etxebizitza, arestian aipaturiko finkako ekialdeko mugan. Beheko solairua eta zorua eta bi solairu ditu; azalera: laurogeita hemeretzi metro karratu. Mugakideak: aitzinaldean (ekialdean, alegia), bide publikoa, Santiago karrikatik (edo Iruñetik Frantziara Dantxarinetik pasatuta doan errepidetik) lan eskolara joaten dena (lehen, Bidasoko tren geltokira); gibelaldean, eskuin eta ezker, arestian deskribaturiko finkaren gainerakoa. Behe solairuko txerritegia, kasuko finkaren hego-ekialdeko mugan; azalera: hogeita hamar metro karratu, gutxi goiti-beheiti. Txerritegiaren mugakideak: ekialdean, aipatu bide publikoa, non bere sarrera baitu; hegoaldean, Emilia Echeverría andrearen baratzea; mendebaldean eta iparraldean, finka horretako gainerako lursaila.

Katastroa: Elizondon. 67. poligonoa, 79. lurzatia, 1. azpiarea, 1-4 hiri unitateak.

Ondasun higiezinaren katastroko erreferentzia: 310000000001523312BR.

6. Lehentasunez erosteko edo lehentasunez eskuratzeko eskubideen balizko titularrik izanez gero, etenda geldituko da mahaiak behin-behinean erabakitako adjudikazioa, aplikatu beharreko legeriarekin bat titular horiek beren eskubidea baliatzen ahal duten epean.

7. Iragarki honetan eta Estatuko Aldizkari Ofiziala Estatu Agentziaren Enkanteen Atarian aurreikusita ez dagoen guztian, egintza arautzen duten legezko eta erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoari jarraituko zaio.

Argibide gehiago nahi izanez gero, harremanetan jarri Derrigorrezko Diru-bilketaren Ataleko langileekin (telefono zk.: 848 428693, helbide elektronikoa: recaudacion.ejecutiva@navarra.es).

Iruñean, 2026ko otsailaren 11n.–Derrigorrezko Diru-bilketaren Ataleko burua, Sonia Ruiz Millán.

Iragarkiaren kodea: F2602072