1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
34E/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita hormigoizko kontrapisuak eta altzairuzko eta hormigoizko mistoak fabrikatzeko eta haien hondakinak kudeatzeko Melmi Prefabricados SLk sustatutako proiektuaren (handitzea) ingurumen-inpaktuaren txostena.
2025eko urriaren 20an, organo substantiboak (Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
Proiektua, haren ezaugarriak ikusirik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko b) atalean sartzen da (Beste proiektu batzuk. Hondakinak deuseztatzeko edo balioztatzeko instalazioak, I. eranskinean sartuta ez daudenak, produkzio-lekuan sortutako hondakin propio ez-arriskutsuak deuseztatzea edo balorizatzea izan ezik). Lege horretan xedatutakoaren arabera, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio.
Melmi Prefabricados SLk (IFZ: B71472609) instalazio bat du Cintruénigoko industrialdean (F kalea, 16. zenbakia, 31592 Cintruénigo). Nagusiki hormigoizko kontrapisuak fabrikatzen dituzte; beste kasu batzuetan, berriz, beraiek muntatutako altzairuzko moldeak egin, eta, jarraian, hondakinekin betetzen dituzte (mistoak).
Cintruénigoko Udaleko alkatearen 2025-0124 Ebazpenaren bidez, jarduera sailkaturako lizentzia eman zitzaion Melmi Prefabricados SLri 2025eko apirilaren 4an nabe industrialerako, Cintruénigoko udal-mugarteko 4. poligonoko 1941 eta 1942 lurzatietan hormigoi- eta altzairu-tailer prefabrikatuetarako.
Jardueraren tasunak kontuan izanik, instalazioak askotariko hondakinak kudeatu (balorizatu) ahal izaten ditu (handitzea). Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-baimen bateratuaren araubidearen mende dago jarduera hori; izan ere, urtean 50 tona baino gehiago tratatzeko gaitasuna du. Hori horrela, 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 5.1 taldean sartzen da aurkeztutako proiektua. Ondorioz, 17/2020 Foru Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, ulertzen da jarduera horrek berekin dakarrela jarduera sailkatuaren lizentziaren araubidetik ingurumen-baimen bateratuaren araubidera igarotzea.
–Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.
Aurkeztutako ingurumen-agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin. Aurkeztutako agirian, alderdi hauek jasotzen dira: proiektuaren xedea eta deskribapena; aukeren azterketa; ingurumen-inbentarioa, prozesu eta interakzio erabakigarrien deskribapen eta guzti; inpaktuak identifikatzea, balioestea eta ebaluatzea; prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak; egungo eta etorkizuneko egoeraren inpaktu-matrize konparatibo bat, ingurumen-balioespen globalarekin; ingurumena zaintzeko eta jarraipena egiteko programa bat; eta proiektuaren kalteberatasuna, istripu larriek, hondamendiek eta klima-aldaketak eragindako arriskuen aurrean.
21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Hori horrela, kontsulta egin zaie Cintruénigoko Udalari, Ekologistak Martxan Iruñea ekologisten konfederazioari eta Sustrai Erakuntza Fundazioari.
20 eguneko epean ez da erantzunik jaso.
–Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Eskatutako proiektua hondakin ez-arriskutsuak balorizatzera bideratua da, bereziki ijezketako herdoil-azalak eta tratatu gabeko zepak (urtean 13.500 tona), gehienbat hormigoizko kontrapisuak fabrikatzeko, eta, beste kasu batzuetan, instalazioan muntatutako altzairuzko moldeak fabrikatzeko, zeinak hormigoiz betetzen baitira (mistoak) hondakin horiekin. Eskatutako handitzearekin, kontrapisuak fabrikatzeko hondakin gehiago sartu nahi dira, guztiak ere ez-arriskutsuak, hala nola zepak tratatzetik sorturikoak, burdina- eta altzairu-hondakinak, eta burdinazko metalak. Lortutako azken produktuak altzairuzko eta hormigoizko prefabrikatuak dira, nekazaritzako eta industriako ibilgailuen kontrapisuetarako baliatuak. Aurreikusitako makineria ez da aldatzen hasieran onetsitako proiektuarekin alderatuta. Proiektua gauzatzea eragin duen aldaketak produkzio-prozesuari bakarrik erantzuten dionez, ez du behar inolako aldaketarik obra zibilean. Eutsi egiten zaio hasierako proiektuan onetsitakoari. Txosten honen I. eranskinean, aurkeztutako proiektuaren laburpena egiten da, eta II. eranskinean, berriz, proiektuaren informazio grafikoa dago erantsita.
Ingurumen-dokumentuak ebaluatu ditu lantegia egokitzeak zenbait ingurumen-osagaitan sortzen ahal dituen ondorioak, hala nola klimatologian eta airearen kalitatean, soinu-inpaktuan, geologian eta edafologian, hidrologian eta hidrogeologian, ingurune biotikoan, orografian eta paisaian, edo ingurune sozioekonomikoan eta soziokulturalean.
Lanak garatzeko prozesuan, ingurumena zaintzeko programa bat zehazten da. Han, programaren alderdi orokorrak eta gauzatzen eta ustiatzen ari diren beste prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurri batzuk hartuko dira kontuan. Aurreikusi dira identifikatutako inpaktu nagusiei erantzuten dieten zenbait neurri. Jardunbide egokiekin loturiko neurri orokorrez gainera, kontuan hartu da pilaketak eta zoladura hezetzea, hauts gutxiago isurtzeko. Era berean, egunez lan eginen da zaratagatik, eta behar bezala mantenduko dira instalazioak eta ibilgailuak.
Proiektuak istripu larrien, hondamendi naturalen eta klima-aldaketaren aurrean duen kalteberatasunari buruz eginiko azterketaren arabera, ingurumen-arrisku bakarra identifikatu da: edukiontzi estankoetatik lixibiatuak isurtzea, ontziok hondatuz gero. Edukiontzi horietan uzten diren hondakinak arriskutsu gisa sailkatzen dira, eta ahalik eta denbora gutxien egonen dira instalazioetan. Istripu-arrisku txikitzat hartzen da, eta haren ondorioek intentsitate txikiko inpaktua sortzen dute. Ez da identifikatu instalazio berrien eta haien ekoizpen-prozesuaren ondoriozko ingurumen-arrisku gehigarririk.
Ingurumen-baimen bateratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan eragin litzakeen ingurumen-inpaktuak, bai eta hondakinen sorrerak eta baliabide naturalen, energiaren eta uraren kontsumoak ekarritakoak ere.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, eta proiektua gauzatzeak, ustiatzeak eta bertan behera uzteak ingurumenean izaten ahal duen inpaktua aztertu ondotik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren bidez, hauxe zehazten du: kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotako irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela izanen inpaktu nabarmenik ingurumenean, betiere betetzen badira jarduera berriaren ingurumen-baimen bateratuan eta ingurumen-inpaktuaren txosten honen baldintzetan ezarritako baldintzak, hargatik eragotzi gabe indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortu beharra. Ez da baldintza gehigarririk ezartzen proiektuaren ingurumen-integraziorako.
Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Melmi Prefabricados SLk sustatutako hormigoizko kontrapisuak eta kontrapisu mistoak fabrikatzeko eta altzairu eta hormigoizko kontrapisuak egiteko eta haien hondakinak kudeatzeko (handitzea) proiektuak, aurreikustekoa denez, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan, betiere betetzen badira ingurumen-baimen bateratuan jasotako zehaztapenak –atmosferara, uretara eta lurzorura isurtzen diren substantzia kutsagarriak eta zarata zein bibrazioak kontrolatzeari buruzkoak– eta betetzen badira, orobat, hondakinak kudeatzeari buruzkoak.
2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.
3. Honako ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzura eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 26an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Aurkeztutako proiektuan, ikusirik jarduerak urtean 50 tona baino gehiago tratatzeko gaitasuna duela, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 5.1 taldean kokatu behar da jarduera. Ondorioz, 17/2020 Foru Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, ulertzen da jarduera horrek berekin dakarrela jarduera sailkatuaren lizentziaren araubidetik ingurumen-baimen bateratuaren araubidera igarotzea.
Lehenik eta behin, herdoil-azala eta txatarra jasotzen dira, altzairutegietatik eta haiekin loturiko industrietatik datozen hondakinak, alegia. Hondakin horiek lehengaietarako izendatutako gainazaletan metatzen dira, gehienez ere astebetez edo bi astez. Hormigoia botatzeko, tobera bat elikatzen da herdoil-azalarekin, legarrarekin eta hareekin, aukeratutako proportzioetan, eta oratzeko zentralera bideratzen da uhal garraiatzaile baten bidez. Oratze-aldiaren ondotik, hormigoi likidoa osatuko duen garraio-kubilotera isurtzen da. Produktua moldeetara isurtzen da zuzenean, eta han txatarra ere gehitzen da. Hurrengo egunean, azken pieza desmoldatzen da. Lixatzeko, markatzeko eta margotzeko azken lanak egiten dira. Kasu batzuetan, moldeak berrerabilgarriak dira, eta hormigoi hutsezko piezak gelditzen dira. Beste kasu batzuetan, hormigoiz betetzen diren altzairuzko moldeak baliatzen dira, eta altzairuzko eta hormigoizko kontrapisu mistoak osatzen dituzte.
Hauek dira aurreikusitako makinak, hasieran onetsitako proiektuarekin alderatuta aldatzen ez direnak.
–Oratzeko zentrala.
–Polipastoa.
–Konpresorea.
–Soldadurak.
–Makineria osagarri txikia.
Hasierako hurbilketa batean, kalkulatzen da guztira 45.000 watteko potentzia beharko dela. Ur-hornidura instalazioaren sare orokorraren bidez eginen da. Ur zikinak saneamendu-sarera isuriko dira. Jarduerak baditu komunetatik datozen ur beltzak, eta horiek udal-sare orokorraren bidez hustuko dira. Aireztapenarekin, kearekin eta hautsekin lotutako atalean ere ez da aldaketarik behar. Instalazioak badu isurketa-foku finko bat (erauzpen-kanpaia pintura-eremuan), bai eta iturri lauso bat ere lurrean eta pilaketetan.
Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 2. eranskinaren arabera, hondakinak balorizatzeko eragiketa finalistatzat hartzen da ekoizpen-prozesua (R0507 "Lehengaien ordez hondakin ez-organikoak birziklatzea beste fabrikazio-prozesu batzuetan").
II. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN INFORMAZIO GRAFIKOA
Jarduera Cintruénigoko industrialdean dago, 4. poligonoan, 1941 eta 1942 lurzatietan.

Cintruénigoko industrialdea. Cintruénigo

4. poligonoa, 1941. eta 1942. lurzatiak
Lurzatiek 6.069,68 m²-ko azalera dute. Guztira 973,84 m²-ko azalera eraikia du. Azalera erabilgarria: 937,60 m², honela banatuta:
–Prefabrikatuen 1. tailerra - 446,93 m².
–Prefabrikatuen 2. tailerra - 467,07 m².
–Oratzeko zentrala - 18,74 m².
–Komuna - 4,86 m².

Neurri zuzentzaile hauek proiektatu dira:
–Babes akustikoa: eguneko ordutegia, isolamendu akustikoa edo bibrazioen aurkako babesa.
–Isurketen aurkako babesa: ur beltzak udalerriko saneamendu-sarera.
–Ke eta hautsetik babestea eta aireztapena: kanpai kaptadoreak, hezetzea.
–Suteen aurkako babesa: su-itzalgailuak, suteetako ur-hargunea, larrialdietako argiak eta seinaleztapen-ekipoak.
–Hondakin toxikoak eta arriskutsuak zuzen biltegiratzea eta kudeatzea.
–Hondakin solidoak eta ez-arriskutsuak zuzen biltegiratzea eta kudeatzea.
Lehengaiak –batez ere harea– kanpoan metatzen dira. Biltegiratutako bolumena txikia bada ere eta normalean gehienez astebetean edo bitan gordetzen badira ere, haize bizia dabilenean, baliteke hautsa sortzea. Halakoetan, zoladura zementatua hezetzen ahal da esate baterako, gainazalean hautsik ez sortzeko.
Iragarkiaren kodea: F2601068