38. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

32E/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-inpaktuaren adierazpen kontrakoa ematen diena El Planillo, Acrux eta Valdiferrer parke eolikoen proiektuei, barnean harturik haien hustuketa-azpiegiturak Promotores Tafalla 66/30 kV-eko biltzeko/goratzeko eraldaketa-aspiestazioraino, zeinak Mistral Renovables 22 SLk, Andrómeda Renovables 22 SLk eta Olivo Generación Renovables SLk sustatuak baitira, hurrenez hurren, Tafalla udalerrian.

Proiektuok, haien ezaugarriak kontuan izanik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen II. eranskinean sartzen dira, 4. taldeko (Energia-industria) h) letran; beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar dute. Hala ere, lege horren 7. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta eginen zaie II. eranskinean jasota dauden eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar duten proiektuei, sustatzaileak hala eskatzen badu, kasu honetan bezala.

1. Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.

Mistral Renovables 22 SLk, Andrómeda Renovables 22 SLk eta Olivo Generación Renovables SLk (aurrerantzean, sustatzaileak) El Planillo, Acrux eta Valdiferrer parke eolikoen proiektuak aurkeztu zituzten 2024ko maiatzaren 13an Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, barnean harturik haien hustuketa-azpiegiturak Promotores Tafalla 66/30 kV-eko biltzeko/goratzeko eraldaketa-aspiestazioraino. Haiekin batera aurkeztu zuten, berebat, parke horietarako eginiko baterako ingurumen-inpaktuaren azterketa. Ondotik, 2025eko urtarrilaren 17an, sustatzaileek dokumentazioa osatu zuten: osorik eta eguneratuta aurkeztu zuten ingurumen-inpaktuaren azterketa, bai eta abifaunaren eta kiropteroen urteko zikloari dagozkion azterketak ere parke horietarako.

21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, organo substantiboak espedientea jendaurrean jarri zuen 30 egunez, 2025eko otsailaren 25eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (38. zk.) iragarkia argitaratuta. Aldi berean, kontsultak egin zitzaizkien proiektuak ukitzen zituen administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Ezarritako epea igaro ondotik, bost alegazio eta hamar txosten jaso ziren, horietako bat epez kanpo. Ebazpen honen espedientearen azterketa teknikoaren gorputzean adierazten da nola hartu diren kontuan ingurumen arloko edukia duten txostenak eta ekarpenak, hizpide dituztenak garrantzitsutzat jotzen diren inpaktuak.

Informazio publikorako eta kontsultarako epea agortu ondotik, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak sustatzailearen esku jarri zituen jasotako alegazioak eta txostenak. Sustatzaileek 2025eko ekainaren 18an aurkeztu zituzten organo substantiboan txosten eta alegazio horien erantzunak, bakoitzaren proiektuak eta hiru parkeetarako eginiko baterako ingurumen-inpaktuaren azterketa. Hala, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta abiarazteko eskatu zuen, baita proiektuok lurzoru urbanizaezinean egiteko baimena ere.

Ebaluazio honek ez ditu barne hartzen honako hauek: instalazio eta gailu elektrikoen segurtasuna, laneko segurtasuna eta osasuna, hirigintza, lurraldearen antolamendua, bide-segurtasuna eta araudi erregulatzailea zein berariazko instrumentuak dituztelako ingurumen-ebaluazioaren irismenetik kanpo gelditzen diren gainerako eremuak.

2. Proiektuen deskribapena.

Proposatutako parke eoliko bakoitzak aerosorgailu bakarra du, 120 metroko abatz-garaiera eta 160 metroko errotore-diametroa dituen dorre baten gainean paraturik. Hiru aerosorgailuak elkarrengandik hurbil eta aztertutako ingurune berean daude, eta, zehazki, koordenatu hauetan (ETRS 1989/UTM 30N Zona erreferentziak dituen koordenatu-sistema):

HAIZE-PARKEA

X

Y

H.P. El Planillo

604.698

4.708.997

H.P. Acrux

605.133

4.708.766

H.P. Valdiferrer

605.059

4.709.763

Gainera, neurketa anemometrikorako dorre bat instalatzea proiektatzen da X:605.166 Y:4.709.539 koordenatuan (gehienez ere 122,5 metroko garaierarekin), bai eta kontrol-zentro bat ere, biak ala biak Valdiferrer parke eolikoko aerosorgailutik gertu.

Ebakuazioa lurpeko zirkuitu elektrikoen bidez egiten da (30 kV), aerosorgailu bakoitzetik Tafalla 66/30 kV-eko biltzeko/goratzeko eraldaketa-aspiestazioraino. Zangaren trazadura partekatua da eraldaketa-azpiestazioraino, Acrux aerosorgailuaren inguruan dagoen elkargune batetik aurrera. Hustuketa-linea 6.513 metro luze izanen da gutxi gorabehera oinplanoan.

Eraldaketa-aspiestazio horretan neurtzen da sortutako energia, eta, handik barna, banaketa-sarearekin lotzen da Tafalla 66 kV-eko eraldaketa-azpiestazioan lurpeko 66 kV-eko linea elektrikoaren bidez. Lurpeko linea elektrikoen trazadura bideekiko paraleloan igarotzen da gehienbat, labore-eremuak zeharkatzen dituen tarte txiki batean izan ezik. 66 kV-eko lurpeko linea elektrikoaren azpiestazioa eta trazadura beste sustatzaile batzuekin partekatzen dira, eta egun badute ingurumen-inpaktuaren adierazpen aldekoa.

Hiru aerosorgailuak hurbil daude Lizarra eta Tafalla lotzen dituen NA-132 errepidetik. Valdiferrer parke eolikoa errepidearen iparraldean dago, eta Acrux eta El Planillo, berriz, hegoaldean. Errepide horretatik sartzen da parke eolikootara: lehenbizikora lehendik dauden bideetatik iristen da, eta beste bietarako, aldiz, bide berriak egin behar dira.

3. Espedientearen azterketa teknikoa eta proiektuaren eragin nagusien tratamendua.

–Alternatiben azterketa:

Aurkeztu den ingurumen dokumentuan alternatiben analisia dago; bertan 3 aukera aztertzen dira arinki, "0 alternatiba" deitutakoaz gainera. Sustatzaileak ezetsi egin du aukera hori, eragin negatiboa baitu energia berriztagarriak sustatzeari dagokionez, eta, gainera, ez baitu laguntzen klima-aldaketaren aurka borrokatzeko helburuak betetzen –hau da, ez da lagungarria onetsiriko energia-estrategia eta -planetan planteatutako helburuak betetzeko–.

Beste hiru aukerek hiru lerrokadura aurreikusten dituzte elkarren ondoan eta paraleloan, eta bakoitzak hiru aerosorgailu ditu. Hala ere, irizpide anitzeko azterketa bat egin ondotik, sustatzaileak irizten dio 3. aukera ez dela bideragarria ingurumenaren aldetik, eta, arrazoi teknikoak direla medio, 1. eta 2. aukeren arteko kokapen misto bat aukeratzen du. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, aukera horren alde egiteko ingurumen-arrazoi nagusiak loturik daude aerosorgailuek erreserba naturalarekiko eta Juncaleko Aintzira KBEarekiko duten posizioarekin –babestutako espezie-multzo handi bat baitago inguru horretan–, baita korridore biologiko bat gorde beharrarekin ere Juncaleko Aintziraren iparralderantz, ikusirik ugari direla lertxunak, antzarak eta kurriloak aztertutako eremuan.

–Atmosfera: airearen kalitatea eta zaratak:

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, eraikuntza-fasean, obra zibila egitearen ondorioz atmosferara igortzen diren hauts partikulen eta kutsatzaile gaseosoen emisioak dira nabarmentzekoak. Dena den, kontuan hartzen du inpaktu onargarria, kutsatzaileak xurgatzeko eta atmosferara sakabanatzeko gaitasunari dagokionez. Sustatzaileek bateragarritzat jotzen dute inpaktua, eta irizten diote ez-garrantzitsu izatera igaroko litzatekeela neurri prebentibo eta zuzentzaile egokiak aplikatuz gero. Antzera balioesten dute eraispen-faseko inpaktua ere, eta positibotzat jotzen da funtzionamendu-fasean.

Zaratari dagokionez, eraikitzeko eta eraisteko fasean makina astunak eta ibilgailuak erabiltzeak inguruko zarata-maila handitzea ekarriko du. Hala ere, zarataren eragina mugatua eta ezarritako mugen barrukoa izanen denez eta biziguneekiko eta jendea bizi den eremuekiko distantzia nahikoa egonen denez, fase horietan izandako eragina bateragarritzat eta, ustiapen-fasean, ez esanguratsutzat jo du IIAk.

–Geomorfologia eta lurzorua:

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, etorkizuneko parke eolikoaren ezarpen-eremua malda txikia edo oso txikia duen zabalgune handi batean dago, zeinean hiru motatako eremuak detektatzen baitira: %3tik beherako malda duen bat, %3-10 arteko malda duen beste bat, eta malda neurritsua duen beste bat (%10-20).

Eraikuntza-fasean, parke eolikoa eraikitzeko beharrezkoak diren lur-mugimenduek eta bukatutako gainazalen azken birmoldaketak sortzen dituzte elementu geomorfologikoetan hautemandako afektazio nagusiak. Sustatzaileek neurrizkotzat jotzen dute inpaktua, eta irizten diote bateragarria izatera igaroko litzatekeela neurri prebentibo eta zuzentzaile egokiak aplikatuz gero. Ustiapen-faseko inpaktua ez-nabarmentzat jotzen dute, baita eraispen-faseko hondar-inpaktua ere.

Lurzoruari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketak alderdi hauek hartzen ditu eragin potentzial nagusitzat eraikuntza-fasean: ezaugarri estrukturalak aldatzea, zimenduek eragindako lurzoru-galera, makinen eta/edo aerosorgailuen isurketek eragindako kutsadura-arriskua, eta eremuko lurzorua eta landare-geruza narriatzeak eragindako higadura. Ingurumen-inpaktuaren azterketak neurrizkotzat jotzen du lehenengoa, eta bateragarria izatera igaroko litzateke neurri zuzentzaile egokiak aplikatu ondotik. Gainerakoak, berriz, bateragarritzat jotzen ditu. Ustiapen-fasean, inpaktu nagusiak higadura-arriskua eta isurketek eragindako kutsadura dira, eta bateragarritzat jotzen dira. Eraispen-fasean, azkenik, irizten zaio hondar-inpaktua ez dela nabarmena.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak ez du kuantifikatzen zer lur-bolumen mugitu behar den, ezta lanek ukituko duten malda-tarte bakoitzaren azalera ere. Aurkeztutako alegazioetako batzuen arabera, haize-parkeak ezartzeak handitu eginen du higatutako azalera, eta lurzoruen kalitatea galduko da.

–Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia:

Parke eolikoa eta hari dagozkion ebakuazio-azpiegitura basobera eta baso-landaketak uztartzen dituen nekazaritza-eremu batean daude, baina haien exekuzioak lehendik dauden bideei eta lehorreko laborantza-lurrei eragiten die gehienbat, landaredi naturalaren gainetik igarotzen diren zanga-zati batzuekin edo sarbide-bide berriekin.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak landa-lanean eta bibliografian oinarrituta balioesten du landaredia. Aerosorgailuetatik oso gertu, ezkaia eta erromeroa ageri dituzten otadi-azalera txikiak daude, baita itxiokorri-sastrakadi gipsikolak ere erromeroarekin. Horiekin batera ageri dira, orobat, landaredi nitrofiloa eta erruderala, zuhaixka-orlak eta landaredi higrofiloa. Aldiz, eremu urrunagoetan –horietan ez da izanen afektaziorik– baso-landaketak ageri dira Aleppo pinuarekin, baita artadiz, abariztiz eta larrez estaliriko azalerak ere.

Inpaktu handiena eraikuntza-fasean izanen da: ukitutako azaleretan landare-estalkia alteratzeak eta obra-eremuaren ondoko inguruetan landaredia degradatzeak eraginda, hain justu. Sarbideak, hustuketa-azpiegituraren zangak eta aerosorgailuen kokalekuak egikaritzeak sortuko du inpaktu hori.

Landaredi naturalari dagokionez, eragin handiena izanen dutenen artean ageri dira, batetik, itxiokorri-komunitate gipsikolak (1520* lehentasunezko intereseko habitata osatzen dute), kontuan izanik kalte berezia izaten ahal dutela Acrux parkearen eta klub hipikoaren artean, eta, bestetik, erromerodi, ezkaidi eta otadiak (4090 interes komunitarioko habitata), batik bat Valdiferrer parke eolikora sartzeko bidean eta partearen beraren inguruan. Bi kasuetan, neurri prebentibo eta zuzentzaileak hartuko dira inpaktua minimizatzeko, eta oso azalera txikiak ukituko ditu. Ingurumen-inpaktuaren azterketak inpaktu handiagotzat jotzen ditu eraikuntza-fasean gertatuko diren landaredi-alterazioa eta intereseko habitatetan izaniko afektazioa, eta bateragarritzat/neurrizkotzat jotzen ditu, proposatutako neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatu ondotik.

Alegazio-egile batzuek salatu dute parke eolikoak ezartzeak Batasunaren intereseko habitatak suntsitzea ekarriko duela, eta horiek, 92/46/EEE Zuzentarauaren arabera, "ongi kontserbatu behar dira, beren azalerak mantendu edo handituz".

–Fauna eta naturagune babestuak:

Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketak hegazti-faunaren urteko zikloaren azterketa bat jasotzen du, 2023ko abenduaren hasieratik 2024ko azaro hondarrera astean bisita bat egin ondotik. Azterketa horretarako, lau behaketa-puntutatik egin ziren laginketak (hiru aerosorgailuen posiziotik gertuen dagoen inguruan, eta laugarrena, berriz, Juncaleko aintziraren inguruan). Era berean, transektu bat ere egin zen ibilgailuz abiadura txikian, aerosorgailuen kokalekuen inguruan. Orotara 107 hegazti-espezie detektatu ziren; haietatik 16, eguneko harrapari-espezieak. Talka egiteko arriskuaren parean detektaturiko hegaldiei dagokienez, %9,7 hegazti handien taldeak egin zituen (harrapariak, uretakoak eta korbidoak).

Atal honek aurretik ere izapidetu zituen Santa Águeda eta La Lobera parke eolikoak, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen kontrakoa eman zien. Acrux aerosorgailua ia bat dator Santa Águeda parke eolikoko aerosorgailuetako batekin, eta El Planillo aerosorgailua, berriz, parke horretako bertako bi aerosorgailuren artean dago; bestalde, Valdiferrer oso gertu dago aurrekoetatik, eta aipatutako parke eolikoen artean kokatuko litzateke; beraz, haiekin partekatuko luke afektazio-eremua.

Santa Águeda parke eolikoari 2020ko apiriletik 2021eko apirilera bitartean eginiko ingurumen-inpaktuaren azterketan sartutako hegazti-faunaren urteko zikloaren azterketak behaketa-puntu bat jasotzen zuen (2. behaketa-puntua) El Planillo aerosorgailuaren ondoan eta Acruxetik oso gertu. Irizten zaio aerosorgailu horiei aplikatzen ahal zaizkiela puntu horretatik eginiko behaketak. Era berean, La Lobera parke eolikoari 2021eko otsailetik 2022ko otsailera bitartean egindako ingurumen-inpaktuaren azterketan sartutako hegazti-faunaren urteko zikloaren azterketak bazuen behaketa-puntu bat (Lobera 5) Valdiferrer aerosorgailutik gertu, eta, beraz, kasu honetan ere irizten zaio puntu horretatik eginiko behaketak aplikatzen ahal zaizkiola aerosorgailu horri.

Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, faktore hauek sortuko dizkiote inpaktu nagusiak faunari eraikuntza-fasean: lur-mugimenduek, makinen eta langileen presentziak eta joan-etorriek, landaredi naturala eta laborantza-eremuak desagertzeak eta lurzoruaren erabileran izaniko aldaketak. Horiek guztiek habitatak hondatzea eta galtzea, endredoak, desplazamenduak eta zenbait espezieren hilkortasuna ekarriko dituzte.

Funtzionamenduko fasean, berriz, ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, faunan izan daitezkeen inpakturik handienak dira, batetik, hilkortasuna (talkagatik eta barotraumagatik), eta, bestetik, hesi-efektua, eta bereziki fauna hegalariari eragiten dietela: hegaztiei eta saguzarrei.

Sustatzaileek azterketa bat egin dute, talka eragiteko arriskuaren parean hegan egiten duten hegaztien ehunekoak lortzeko. Hegazti handien taldeak egiten ditu hegaldi horien %9,7, baina, sai arrearen kasuan (espezie hori begiztatu da gehien, 131 aldiz, hain justu), %18ra igotzen da portzentaje hori. Era berean, Naumann belatzaren kasuan (galzorian dagoen espezie gisa katalogatua) detektatu dutenez, hegaldi-kopuru handia hauteman dute (86) baina talka-arriskurik gabeko altueran izan dira guztiak (< 40 m).

Hesi-efektuari dagokionez, bestalde, sustatzaileek irizten diote ezen, aerosorgailuak triangelu-forman eta aldendurik daudenez, ez dutela eratzen aireko hesi jarraiturik, eta horrek erraztu egiten duela fauna hegalariak igarotzeko moduko espazioa izatea. Hala, ahalbidetu egiten dira hezeguneen eta inguruko nekazaritza-eremuen arteko mugimendu naturalak, eta ohiko hegaldi-ibilbideen gaineko alterazio-arriskua, berriz, murriztu.

Proposatutako neurri prebentibo eta zuzentzaileak aplikatu ondotik, sustatzaileek neurrizkotzat jotzen dituzte faunaren gaineko inpaktu handienak.

Zerbitzu honen iritzian, hiru aerosorgailuak balio ekologiko handiko nekazaritza- eta basogintza-ingurune batean daude proiektatuta. Eremu horretan, zuhaitz-landaredi naturalarekin estalitako azalerak, sastrakadiak, larreak, soroak, pendizak eta abar tartekatzen dira, eta haien interfazean balio handiko ekotonoak sortzen dira. Horretaz gainera –Acrux eta El Planillo aerosorgailuen hegoaldean eta mendebaldean dagoen pinudiari eragin zion 2022ko sutea gorabehera, zeinak murriztu egin baitzuen behin-behinean espezie batzuk hartzeko gaitasuna–, aztergai dugun eremuan badira beste basoberritze-pinudi eta zuhaizti natural batzuk, basoko hegazti harrapari askok baliatzen dituztenak babes eta atseden hartzeko eta/edo habiak egiteko. Hegazti horiek loturik daude zuhaitz-masa horiekin eta areagotu egiten dute erabilera parkea ezartzeko eremuan. Hango habitaten dibertsitateak eta aberastasunak nitxo ekologikoa eskaintzen diete animalia- eta landare-espezieen barietate bikain bati. Horien artean, aipatzekoak dira "harrapakin-espezieak", zeinek erraztu egiten baitute inguru hori beste espezie espezializatuago batzuek baliatzea larreratzeko, elikatzeko eta ugaltzeko.

Aipamen berezia merezi du miru gorriak, Estatuan galzoriko espezie gisa katalogatuta baitago eta aztergai dugun eremua potentzialtasun handiko habitata baitu. Hori dela eta, espezie hori ohikoa eta ugaria da hiru parkeak ezartzeko eremuan. Ebaluazioaren xede diren parke eolikoetarako aurkeztutako hegazti-faunaren urteko ziklo osoari buruzko azterketaren arabera, miru gorria 20 aldiz begiztatu da, eta %35ean talka egiteko arriskuaren altueran. Era berean, nabarmentzekoa da 132 aldiz begiztatu dela miru gorria 2. behaketa-puntutik, zeina El Planillo aerosorgailuaren ondoan eta Acruxetik oso gertu baitago. Azken horretan eta Santa Águeda parke eolikoko hegazti-faunaren urteko ziklo osoko azterketan ezarri zenez, hegaldien %6,7 talka-arriskuaren parean izan ziren. Era berean, nabarmentzekoa da La Lobera parke eolikoko hegazti-faunaren urteko ziklo osoaren azterketan 256 begiztatze izan direla, eta horietatik %70 igaro zirela talka egiteko moduko altueran. Miru gorriak, beraz, azterketa-eremutik hurbil dauzka zenbait etzaleku eta habia egiteko gune. Horretaz gainera, parkeen ezarpen-eremua haren ohiko larreratze-eremuaren barnean dago, eta hori bereziki larria da, ingurunean funtzionatzen ari diren aerosorgailuetan espezie horrek talka egiteko arriskua eta hilkortasuna antzeman direlako. Mehatxu hori faktore mugatzailea izaten ahal da galzorian dagoen espezie hori kontserbatzeko eta berreskuratzeko, bai aztergai den eremuan eta gertuko "Orbaibarko mendiak" KBEan, non "harrapariak" gako-elementuaren parte baita, bai eremu geografiko handiagoetan, estatu mailan eta Europan, espezie migratzailea delako.

Arreta berezia merezi du sai arreak ere, maniobratzeko ahalmen eskaseko harrapari planeatzailea bera. Haize-parkeetan intzidentzia handia agertzen du, inguruko haize-parkeetan egiaztatu den moduan. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, etorkizuneko kokaleku eolikoa hegazti sarraskijaleen joan-etorri handiko eremu batean dago, dela inguruko kolonietatik eta/edo etzalekuetatik ateratzean, dela haietara itzultzeko hegaldietan. Abifaunaren urteko ziklo osoaren azterketako datuen arabera, espezie hori 131 bider begiztatu da, eta %17,55 begiztatu dira talka-arriskua dagoen altueran. Horrek arrisku handia dakar eta eragin larria izan dezake, are gehiago kontuan hartzen badugu espeziea bizitza luzekoa dela, heltze sexualeko aldi luzeak dituela, ugaltze tasa txikiak dituela eta populazioek mugikortasun handia dutela. Izatez, 2024ko udaberrian Nafarroan egindako sai arrearen erroldako datuek diote espeziearen populazioa %30 baino gehiago jaitsi dela 2019ko datuekin alderatuta. Beraz, populazio-joera kezkagarria du espezieak uneotan.

Era berean, aipatzekoa da Naumann belatza, galzorian dagoen espezie gisa katalogatua Nafarroan, Acrux aerosorgailutik 4 km-ra baino gutxiagora baitauka etzalekua hego-ekialderantz. Bertan, migrazioa egin aurretik, espezie horretako hegazti asko biltzen dira; hala, aerosorgailuen ezarpen-eremutik barrena zabaltzen dute larreratze-eremua (batez ere Acrux eta El Planillo), eta, ondorioz, talka egiteko arriskua dute.

Proiektu hau Nafarroako Naturagune Babestuen Sarearen eta Natura 2000 Sareko gune babestuen mugetatik kanpo egonagatik, nabarmendu behar da parkearen inguruan 10 km-ko tartean daudela "El Juncal aintzira" KBE eta natura erreserba (ES2200033), "Orbaibarko mendiak" KBEa (ES2200032), KBE horren barruko "Monte del Conde" natura erreserba, eta "Estellerriko Erriberako igeltsuak" KBEa (ES2200031). Hala, parkea instalatzeak KBE horietako funtsezko osagaiak diren hegazti urtar, harrapari eta harkaiztarrei erasateko arriskua ekar dezake, larratze-eremua parkearen ezarpen eremuaren barruan baitute.

Zerbitzu honek irizten dio garrantzi handiko alderdia dela Acrux eta El Planillo aerosorgailuak Junkaleko Aintzira (ES2200033) natura-erreserbatik eta kontserbazio bereziko eremutik distantzia txikira kokatzea (750 eta 1.000 metro pasatxo, hurrenez hurren); izan ere, hegazti habiagile eta negutar ugari ibiltzen dira hezegune horretan, eta parkeen ezarpen-eremuan barna zabaltzen dute larreratze-eremua. Aerosorgailu horiek, gainera, Junkaleko Aintzira beste hezegune batzuekin komunikatzeko ibilbidetik gertu planteatzen dira, hala nola Valditres eta Tamarices sakanekin eta Cascarruejos urmaelarekin lotzeko bideetatik hurbil. Hezegune horiek guztiek garrantzi nabarmena dute eta haietako populazioak argiro daude loturik elkarren artean. Instalazio horrek, beraz, areagotu egiten du haien artean mugitzen diren uretako hegaztien gaineko afektazio-arriskua, bai talka egiteagatik, bai hesi-efektua eragiteagatik inguruko hezeguneen arteko joan-etorrietan.

Aintzira horren barruan, nabarmendu behar da badela zingira-mirotzen eta mirotz zuriaren etzaleku bat –biak ala biak kalteberatzat katalogatutako espezieak Nafarroan–. Aipatutako kontserbazio bereziko eremurako onetsitako kudeaketa-planaren arabera, eremu horretan zingira-mirotzak 5-10 bikote ugaltzaile izanen lituzke, eta banako negutarrak, berriz, 19-67 lirateke. Era berean, ebaluazioaren xede diren parkeetarako eginiko hegazti-faunaren urteko zikloaren azterketak 106 begiztatze jasotzen ditu espezie horren kasuan; horietako asko Valdiferrer aerosorgailuaren ondoko behaketa-puntutik egin dira, landaredi zingiratsua duen amildegi txiki bat baitago inguruan –eta, han, bikote bat umatu da 2024an–. Datu horiek bat datoz 2. behaketa-puntutik eginiko zingira-mirotzaren 132 begiztatzeekin (behaketa-puntu hori El Planillo aerosorgailuaren ondoan eta Acruxetik oso gertu dago, zeina Santa Águeda parke eolikoko hegazti-faunaren urteko ziklo osoko azterlanean ezarri baitzen).

Duela urte gutxi arte, berebat, Junkaleko aintziran bizi zen Nafarroako koartza hauskararen koloniarik handienetako bat: 64-164 bikote ugaltzaile eta 0-6 ale negutar, KBErako onetsitako kudeaketa-planaren arabera. Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, 2024ko udaberrian bost bikote baino ez dira detektatu aintzira horretan, eta gainerako banako asko eta asko inguruan dagoen Cascarruejoko lezkadiraino mugitu dira. Hala ere, kudeaketa planaren datuak bat datoz El Planillo aerosorgailuaren ondoan eta Acruxetik oso gertu dagoen 2. behaketa-puntutik eginiko 158 begiztatzeekin –Santa Águeda parke eolikoko abifaunaren urteko ziklo osoko azterlanean ezarria–. Espezie horren egungo beherakada, neurri batean, baliteke abiadura handiko trenaren (AHT) obrek eragindako eragozpenen ondorio izatea (aintziratik 150 m ingurura egin dira). Aurreikusten ahal da egoera etorriko dela bere onera eta bueltatuko direla bikote habiagile asko, lan horiek burutu ondotik. Zingira-mirotzaren zein koartza hauskararen kasuan, hegaldi gehienak talka egiteko arriskuaren altueratik behera igarotzen badira ere, arrisku handia ageri dute begiztatze-kopuru handiaren eta aintziratik gertu egotearen ondorioz.

Alegazio-egile batzuek adierazi dutenez, Juncaleko Aintzirako KBEaren funtsezko elementuetako bat uretako hegaztiak dira, eta KBEaren kudeaketa-planak funtsezko elementu horretarako ezartzen duen helburuetako bat da, hain justu, hilkortasuna ez ezik arrazoi naturalek eta ez-naturalek eragindako eragozpenak ere murriztea. Aurretik adierazitakoaren arabera, ebaluazioaren xede diren aerosorgailuak instalatzea funtsezko elementu horretarako ezarritako helburuen aurka legoke. Izan ere, ukitu eginen luke elementu hori, eta, beraz, aipaturiko KBE horren kontserbazio-egoera ere bai.

Gainera, KBE hori loturik dago handik nahiko hurbil dagoen Pitillasko Aintzirako KBEarekin, eta, horrenbestez, uretako hegazti askok joan-etorriak egiten dituzte bi aintziren artean. Hori dela eta, aerosorgailuak instalatzeak afektazioa sortuko lioke bi KBEetako "uretako hegaztiak" funtsezko elementuari, eta, beraz, haien kontserbazio-egoerari.

Horri gehitu behar zaio abifaunak migratzeko gehien erabiltzen duen Nafarroako ibilbideetako baten barruan daudela proiektuak. Hain zuzen, halaxe adierazten dute kurriloak begiztatzeari buruzko datuek, zeinak aipatutako hiru parke eolikoetako abifaunaren urteko zikloko azterlanetan egin baitira: Santa Águeda (5.301), La Lobera (167) eta ebaluazio honen xede direnak (873 kurrilo). Hegazti urtarren kasuan aurretik aipatu bezala, aerosorgailuak instalatzeak areagotu lezake espezie migratzaileen gaineko afektazio-arriskua ere, dela aerosorgailuen kontra talka egiteagatik, bai espezie horiek lekualdatzeko ibilbideetan eragiten ahal duten hesi-efektuagatik.

Bestalde, kiropteroetarako ere egin zen urteko zikloko azterlan bat 2024ko apiriletik urrira bitartean; haren barruan sartu zen zoruaren mailan kokatutako bi puntu finkotatik laginketa akustiko bat egitea, beste laginketa mugikor bat ibilgailutik egitea, baita babeslekuak bilatzea eta inbentarioa egitea ere. Landa-lanean egiaztatu zenez, jarduera-tasa ertaina eta kiroptero-dibertsitate handia ageri dira eremu horretan. Guztira 13 espezie eta/edo talde foniko hauteman ziren, batzuk estatuan zein Foru Komunitatean katalogatuak, eta haietako zenbaitek garaieran hegan egiten dute, talka egiteko arriskuarekin. Ikerketaren arabera, halere, hautemandako hegaldien %95,7 Nafarroan ohikoak diren hiru espezierenak ziren –eta, oro har, banaketa jarraitua dutenak–.

Santa Águeda parke eolikoaren ingurumen-inpaktuaren azterketak bazuen kiropteroen urteko zikloaren azterketa bat ere, 2020ko apiriletik urrira bitartean egina. Barnean hartzen zuen bi puntu finkotatik eginiko laginketa akustiko bat, horietako bat El Planillo aerosorgailutik oso gertu, bai eta beste laginketa mugikor bat ere, Acrux eta El Planillo aerosorgailuen hegoaldeko pendiza zeharkatzen duena. Saguzarren jarduera handia antzeman zen aerosorgailuen mendebaldean iparraldetik hegoalderantz doazen bi errekastoetan, eta erregistro ugari izan ziren pendizaren ondoan. Hala, agerian gelditu zen pendizen malda eta ingurumaria –hain justu, aerosorgailuok paratzeko tokia– kiropteroen jarduera handiko eremuak ere badirela. Ingurumen-inpaktuaren azterketa horren arabera, detektatutako jarduera mardulak adierazten du ingurune hurbilean koloniak daudela –horietako batzuk, agian, igeltsu-pendizean–. Hortik ondorioztatzen da Acrux eta El Planillo aerosorgailuak arrisku handia izanen liratekeela kiropteroentzat. Hain justu, Santa Águéda parke eolikoaren ingurumen-inpaktuaren azterketak pendizaren gaineko aerosorgailuak urruntzea gomendatzen zuen, gutxienez 200 metrora. Distantzia hori ez litzateke beteko Acrux aerosorgailuaren kasuan.

Haize-sorgailuak ezartzeko eremuan dauden espezie asko Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko 42/2007 Legearen IV. eranskinean jasota daude, baita basa hegaztiei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean ere; beraz, «habitatari dagokionez kontserbaziorako neurri bereziak izanen dituzten espezieak dira, haien biziraupena eta ugalketa bermatzeko haien banaketa-eremuan». Adierazitakoaren arabera, txostenaren xede diren proiektuak gauzatzeak espezie horietako batzuen biziraupen- eta ugalketa-baldintzak okertzea ekarriko luke, eta aipatutako 42/2007 Legean eta 2009/147/EE Zuzentarauan ezarritakoa urratuko lukete.

Gainera, ingurumen-organo honen iritziz, proiektatutako jarduerek fauna hegalariaren gainean izanen lituzkeen ondorio garrantzitsuek –talkek/barotraumek eragindako hilkortasun ez-naturalak areagotzeko arriskuaren, hesi-efektuaren eta huts-efektuaren ondoriozkoak– izaera metagarri nabarmena izanen lukete, denboraldi luze batez eraginen bailiekete kontserbazio-egoera okerra duten (eta katalogatuta dauden edo babes bereziko araubidea duten) espezieei, bai eta bizi luzeko espezieei ere, non parametro demografiko sentikorrena banako helduen eta helduarora heltzear direnen biziraupena baita.

Alegazio-egileetako askok aurkeztutako idazkietan adierazi dutenez, katalogatuta dauden edo babes bereziko araubidea duten abifaunako espezien eta kiroptero-espezieen presentzia agerikoa da eremuan, asko 42/2007 Legearen IV. eranskinean sartutakoak gainera; ez hori bakarrik, konektagarritasun-gunea eta espezie migratzaileen igarolekua ere bada eremua. Horregatik, proiektuak egiteak biodibertsitate-galera nabarmena eraginen lukeela salatu dute, eta faunaren gaineko inpaktua sekulakoa litzatekeela. Era berean, nabarmendu dute espezie horietako batzuk haize-sorgailuak jarri nahi diren eremutik gertu dauden Juncaleko Aintzira kontserbazio bereziko eremuko funtsezko elementuak direla, zeina oso hurbil baitako haize-sorgailuak ezartzeko eremutik, eta, beraz, proiektua habitaten gaineko 92/43/EE Zuzentarauren eta hegaztien gaineko 2009/147/EE Zuzentarauaren kontra joanen litzatekeela. Salatzen dutenez, arriskua dago talka, hesi-efektua eta konektagarritasunaren galera eragiteko, agian arrisku handia, eta horrek proiektuen ingurumen-bideragarritasuna baldintzatuko luke.

Horregatik guztiagatik, zerbitzu honen ustez, proiektuen eremua interes handiko ingurunea da, eta intereseko eta babestutako espezie askoren bizi eremuaren zati da (hazkuntza, bizi edo elikadura eremuak); horien artean, abifauna nabarmentzen da, eta, bereziki, harrapariak (miru gorria eta Naumann belatza, zeina galzorian baitago nazio eta autonomia mailan, hurrenez hurren; mirotz zuria eta zingira-mirotza, kaltebera gisa katalogatuak Nafarroan; miru beltza, arrano beltza, arrano txikia, arrano sugezalea, sai arrea, eta abar). Hori berresten dute abifaunaren urteko ziklo osoari buruz aurkeztutako azterketetan adierazitako behaketetako datuek. Beraz, proiektuak gauzatzeak arrisku handia dakar, eta eragin larria izan dezake bertako abifauna espezie batzuengan; gainera, ez dago eraginkortasun frogatua duen prebentzio- eta zuzenketa-neurririk, eragina behar beste murrizteko. Hain zuzen ere, parkeen inguruko 10 km-ko eremuan, gorabehera esanguratsuak daude bertako haize-parkeetan, bai oso ugariak direlako (sai arrearen kasuan, adibidez), bai espezieak bereziak direlako (esaterako, miru gorriaren, Naumann belatzaren eta mirotz urdinaren eta mirotz zuriaren kasuan).

–Ondorio sinergikoak:

Sinergiak ebaluatzeko, ingurumen-inpaktuaren azterketak proposatutako aerosorgailuen ezarpen-eremuaren inguruan dauden eta izapidetzen ari diren energia-azpiegitura nagusiak identifikatzen ditu, eta ez ditu kontuan hartzen beste jarduera batzuk, hala nola abiadura handiko trena edo Nafarroako ubideari loturiko ureztatzea. Beste parke eoliko batzuekiko sinergiak balioesten ditu –dela hurbilekoak, dela 10 km-ra baino gehiagora daudenak–, eta parke eolikoetako talkekiko sentikorrak diren espezie babestuetan eta habiak egiteko eremuetan eragindako inpaktu metagarri eta sinergikoa baloratzen du. Era berean, konektibitatearena ere balioesten du, eta kasurik okerrenean inpaktu bateragarria luke.

Zerbitzu honen iritzian, afektazioa areagotu egiten da eremuaren balio ekologiko handiagatik eta, gainera, eremu zabal bat erabat eraldatu izanagatik nekazaritza areagotu egin delako Nafarroako ubidetik ureztatzen hasi eta gero, Artaxoa, Mendigorria eta Tafalla udalerrietan. Ondorioz azalera erabilgarri garrantzitsu bat galdu edo/eta hondatu da espezie askorentzat. Espezie horiek lur ureztatuetatik kanpo gelditzen diren lurrak erabiltzen dituzte, baso-lurrak eta menditsuak direlako. Orain, parkeak bertan instalatzea proposatzen da. Baso-lur menditsu horiek, gainera, dagoeneko presio handia jasaten dute, haize-sorgailu asko baitaude. Horrekin batera, airetiko linea elektrikoen, errepide- eta trenbide-azpiegituren, instalatutako eguzki-parkeen eta tramitatzen ari diren eguzki-parkeen dentsitate handia dago ingurunean, lehendik daudenak eta izapidetzen ari direnak, eta horrek ondorio metagarri eta sinergikoak eragiten ditu, paisaiaren gaineko ukipenean, fauna hegalariak lurraldeaz egiten duen erabileran eta multzoaren joan-etorrietarako iragazkortasunean eragiten dutenak, hilkortasun arriskua areagotzen dutenak eta azalera erabilgarria murrizten dutenak espezie askorentzat.

Arrazoi horiengatik eta aurretik aipatutako beste batzuengatik, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 17ko 42E/2023 Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpen kontrakoa eman zitzaion Santa Águeda parke eolikoari, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 5eko 332E/2023 Ebazpenaren bidez, berriz, ingurumen-inpaktuaren adierazpen kontrakoa jaso zuen La Lobera parke eolikoak; horiek, lehen adierazi bezala, ebaluatu beharreko aerosorgailuekin partekatuko lukete afektazio-eremua.

–Paisaia:

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, paisaiaren gaineko efektua, funtsean, ingurunean elementu artifizial berri bat sartzearen ondorio da, zeinaren magnitudea ingurunearen kalitateak eta hauskortasunak zehaztuko baitute. Paisaiaren gaineko inpaktu nagusiei dagokienez, hauek izanen dira: kalitatea murriztea, belar-sastrakak garbitzeagatik, eta inguruotan sorturiko intrusio bisualak, bai lur-mugimenduek eraginak, bai parke eolikoen eta horiei lotutako azpiegituren instalazioak sortuak. Dokumentuaren arabera, hiru aerosorgailuok instalatzeak %0,2 bakarrik handituko du ikus-arroa, eta gaineratzen du horrek alabaina ez duela esan nahi aztertutako 25 km-ko erradioan agertzen diren 89 hiriguneetatik ikusten ez diren turbina-kopurua areagotzea. Eraikuntza-fasearen inpaktua neurrizkotzat jotzen da.

Funtzionamendu-fasean, azterketaren xede diren haize-sorgailuen presentziak eta haize-parkeetako azpiegiturek eragindako ikusmen intrusioak izanen du eragina paisaiaren kalitatean. Ingurumen-inpaktuaren azterketak neurrizkotzat jotzen du fase horretan eta faktore horretan duen inpaktua.

Alegazio-egileek proiektuak ezartzearen ondoriozko paisaia-balioetan izaniko afektazioak aipatzen dituzte, eta agerian uzten dute galdu eginen direla ingurumen-balioak, paisaiarekin loturikoak, kultura-ondarearen gainekoak eta abar. Adierazten dute, orobat, Acrux eta El Planillo parke eolikoak arreta bereziko La Sarda paisaiaren gainean kokatzen direla, eta horrek eragin negatiboa duela paisaiaren kalitateari loturiko helburuetan, Nafarroako Gobernuak paisaiari buruz eginiko dokumentuek diotenari jarraikiz.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalak txosten bat egiteko eskatu zion Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalari 2025eko azaroaren 19an, baina ebazpen hau egiteko datan ez da erantzunik jaso. Hala ere, ikusirik badela inguruneko gainerako faktoreei buruzko nahikoa informazio, irizten zaio jarraitzen ahal dela ingurumen-ebaluazioarekin.

4. Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondotik, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du behar bezala egin dela ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa. Hala, kontuan izanik lekuaren ingurumen-balio handia, fauna hegalari mehatxatua –"galzorian" eta babes bereziko erregimenean dauden zenbait espezie ez ezik, inguruko Juncaleko Aintzira KBEa izendatzea eragin zuten espezieak ere baditu–, fauna hegalariak talka egiteko eta espazioa gutxiago erabiltzeko arriskua, hesi-efektua, aipatutako KBEa kontserbatzeko erabakigarria den funtsezko elementuren batean izaten ahal duen afektazioa eta Natura 2000 Sareko espazioen koherentzia ekologikoari eta konektagarritasunari eusteko betebeharra, eta ikusirik, berebat, inguruko parke eoliko ugarien eta beste azpiegitura batzuen ondorio metatzaile eta sinergikoak, ondorioztatzen da proiektua bideraezina dela ingurumenaren aldetik, baita proposaturiko prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak aplikatu ondotik ere.

Horregatik guztiagatik, proposatzen da ingurumen-inpaktuaren adierazpen kontrakoa ematea Acrux, El Planillo eta Valdiferrer parke eolikoen proiektuei.

Lehen esan bezala, gainera, Acrux parke eolikoa ia bat dator Santa Águeda parke eolikoko aerosorgailuetako batekin, eta El Planillo parke eolikoa, berriz, parke horretako bertako bi aerosorgailuren artean dago. Bestalde, Valdiferrer parke eolikoa, aurrekoetatik oso gertu dagoena, Santa Águeda eta La Lobera parke eolikoen artean egonen litzateke –hots, 900 eta 1.050 metrora, hurrenez hurren–, eta, horrenbestez, haiekin partekatuko luke afektazio-eremua. Santa Águeda eta La Lobera parke eolikoetarako ingurumen-inpaktuaren adierazpen kontrakoak eman zituen Ingurumeneko zuzendari nagusiak, urtarrilaren 17ko 42E/2023 eta apirilaren 5eko 332E/2023 Ebazpenen bidez.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen honen azalpen-zatian jasotako arrazoiak kontuan izanik, ingurumen-inpaktuaren adierazpen kontrakoa ematen zaie El Planillo, Acrux eta Valdiferrer parke eolikoen proiektuei, barnean harturik haien hustuketa-azpiegiturak Promotores Tafalla 66/30 kV-eko biltzeko/goratzeko eraldaketa-aspiestazioraino, zeinak Mistral Renovables 22 SLk, Andrómeda Renovables 22 SLk eta Olivo Generación Renovables SLk sustatuak baitira, hurrenez hurren, Tafalla udalerrian.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio-bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, jardueraren organo substantiboa den aldetik, eta Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitatea), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urtarrilaren 26an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2601065