Iragarkia
38. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
30E/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez «Valle H2V Navarra» parke eolikoaren eta «Valle H2V Navarra» instalazio fotovoltaikoaren proiekuten ingurumen inpaktuaren adierazpena ematen den, haien ebakuazio azpiegiturekin batera, Zangoza eta Oibarko udalerrietan, Acciona Proyextos Renovables para Hidrógeno, SLk sustatuta.
2025eko urtarrilaren 29an, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuan aurkeztu zen ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzeari ekiteko eskaera, «Valle H2V Navarra» parke eolikoaren eta instalazio fotovoltaikoaren proiektuetarako, horren barne direla dagozkien ebakuazio azpiegiturak ere, Oibar eta Zangozako udalerrietan. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aurkeztu zituen eta proiektuen sustatzailea Acciona Proyectos Renovables para Hidrógeno, SL da.
Parke eolikoak eta instalazio fotovoltaikoak soberakinik gabeko autokontsumorako instalazio hibridoa osatzen dute, eta haren helburu nagusia hidrogeno berdea ekoizteko energia elektrikoa hornitzea da. Proiektu horien ezaugarriak jasota daude ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurarekin izapidetzen dira, zeina arautzen baita aipatutako arauaren II. tituluko II. kapituluko 1. atalean.
1. Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskudun gisa, 30 egunez jendaurrean jarri zituen «Valle H2V Navarra» parke eolikoaren eta instalazio fotovoltaikoaren ingurumen inpaktuaren proiektuak eta azterketak, 2023ko azaroaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 249. zenbakian, iragarkia argitaratuta. Bost alegazio egileren idazkiak jaso ziren.
Aldi berean, organo eskudunak inplikatutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin zien, Ingurumen Ebaluazioaren Legearen 37. artikulua betez.
Sustatzaileak hainbat aldaketa egin zituen proiektuetan, jendaurreko informazioko izapideetan eta kontsultetan egindako alegazio eta txosten batzuen ondorioz. Aldaketak, funtsean, hauek dira: aerosorgailu bat kentzea –lautik hirura igarotzea–, aerosorgailuetarako sarbidea aldatzea eta moduluen banaketa eta finkapena aldatzea, ahal den neurrian %5 baino gehiagoko malda duten lurretan ez ezartzeko, lur mugimenduak murrizteko eta ondare arkeologikoari ez eragiteko. Ebakuazioko tentsio ertaineko linearen behin betiko trazadura ere aldatu egin da, lehendik dauden azpiegitura linealen (gasbidea, ur eroanbideak eta elektrikoak) eragina murrizteko.
Ingurumen inpaktuari buruzko azterlanak eguneratu egin dira, proiektuetan egindako aldaketen arabera, eta hegazti-faunak espazioa erabiltzeari buruzko eranskineko azterketa osatu da; horretarako, «Salajones» parke eolikoaren ustiapeneko ingurumen jarraipenari buruzko datuak kontuan hartu dira, eta proiektatutako aerosorgailuen posizio bakoitzeko intereseko espezie bakoitzean hautemandako arrisku egoeren azterketa zehatza egin da.
Aldatutako proiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketa berriak bigarrenez izapidetu ziren eta 30 egunez jendaurrean jarri zituzten, iragarkia 2024ko irailaren 3an argitaratuta, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 179. zenbakian. Bost alegazio idazki jaso ziren. Aldi berean, organo substantiboak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, bat etorriz Ingurumen ebaluazioari buruzko Legearen 37. artikuluarekin.
I. eranskinean laburbildu dira organo eskudunak gauzatutako jendaurreko informazio izapidearen eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei zuzendutako kontsulten emaitzak. Ebazpen honen espedientearen azterketa teknikoaren gorputzean adierazten da nola hartu diren kontuan ingurumen arloko edukia duten txostenak eta ekarpenak, hizpide dituztenak garrantzitsutzat jotzen diren inpaktuak.
2025eko urtarrilean, Acciona Proyectos Renovables para Hidrógeno, SLk ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitako agiriekin batera. 2025eko urtarrilaren 29an, dokumentazio guztia Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari igorri zion, ingurumen organoa izanik, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen inpaktuaren adierazpen egokia egiteko.
Ebaluazio hau egitean, aitzat hartu zen sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioa; zehazki: «Valle H2V Navarra parke eolikoaren proiektua (21,000 MW)» eta «Valle H2V Navarra instalazio fotovoltaikoaren proiektua (25,025 MVA)», biak 2024ko maiatzekoak. Eta sustatzaileak dokumentuetan aztertutako inpaktuei buruzko iritzia eman zuen: «Valle H2V Navarra (21 MW) parke eolikoaren ingurumen inpaktuaren azterketa», 2024ko abendukoa, eta «Valle H2V Navarra instalazio fotovoltaikoaren ingurumen inpaktuaren azterketa (25,025 MVA)», 2024ko ekaina. Baita jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapideetan azaldu ziren inpaktuei buruz ere.
Ebaluazio horrek ez zituen honako hauek barne hartzen: instalazio eta gailu elektrikoen segurtasuna, laneko segurtasuna eta osasuna, hirigintza, lurraldearen antolamendua, bide segurtasuna eta araudi erregulatzailea zein berariazko instrumentuak dituztelako ingurumen ebaluazioaren irismenetik kanpo gelditzen diren gainerako eremuak.
2. Proiektuen azalpena eta kokalekua.
Proiektuak Zangoza eta Oibar udalerrietan kokatzen dira. Helburua 21,00 MWko parke eoliko hibridatu bat eraikitzea da, 20,9 MWeko potentzia duen instalazio fotovoltaiko batekin konexio puntuan. Bi proiektuek sortutako energia soberakinik gabeko autokontsumoaren modalitatean erabiliko da, Rocaforte poligonoko industriako lurzatian ezarri beharrekoa, Zangozako 1. poligonoko 785 lurzatian, hidrogeno berdea ekoizteko instalaziorako, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 14ko 425E/2024 Ebazpenaren bidez baimenduta. Ebazpen horren bidez, ingurumen baimen integratua ematen zaio hidrogeno berdea ekoizteko instalazioaren ezartzeari. Instalazio horren titularra Accionaplug, SL da, eta Zangozako udalerrian dago.
Ebaluatuko den parke eolikoa 7,0 MWeko potentzia unitarioko 3 aerosorgailuk osatuko dute, 108 m-ko altuera duen altzairuzko dorrearekin eta 163 m-ko diametroa duten 3 palako errotorearekin. Makinak koordenatu hauetan proiektatzen dira:
TURBINA | UTM-X (m) | UTM-Y (m) | UDALERRIA | |
Proiektua | IEA | |||
A1–1(1) | WTG01 | 637264 | 4717561 | Oibar |
A1–2(2) | WTG02 | 637834 | 4717333 | Zangoza |
A1–3(3) | WTG03 | 638403 | 4717237 | Zangoza |
Erreferentziako Koordenatu Sistema (CRS) ETRS 1989 / UTM Zone 30N
Sarrerak Rocafortera sartzeko NA-5401 errepidearen 1. kp-an eginen dira, goiti beheiti. 2.561 m bide berri eginen dira, eta guztira dauden bideetatik 5.941 m hobetuko dira. 58x28 m-ko (1.624 m²) aerosorgailu bakoitzeko muntaia plataforma bat eginen da, zagor zorro natural trinkotuaren oinarriarekin. Muntatzeko plataformekin batera, aldi baterako lur berdinketak eginen dira, landaredia kenduz eta trinkotuz, palak pilatzeko (46x18 m). Horietan, materialarekin 18x5 m-ko euskarri azalera prestatuko da palentzat. Garabia muntatzeko, 77,5 (100) x 6-10 m-ko azalera trapezoidala sasiz garbitu eta nibelatuko da. Altzairuzko dorrea muntatzen den bitartean, dorre bakoitzean altzairuzko tirante bana jarri beharko da, 90º-ko angelua eratuz, oinarritik 53 m ingurura zoruari lotuta. Horretarako, aldi baterako bi plataforma eginen dira 5x5 m-ko dorre bakoitzean. Lehenengoa bidetik gertu egonen da, eta bigarrena 90ºC-ko angeluak eskatzen duen lekuan. Bigarren zabalgunera sartzeko, aldi baterako 3 m-ko zabalerako bidea eginen da, sasiz garbituta. Ez da aurreikusten parkean neurketa dorrerik eraikitzea. Altzairuzko dorre bakoitzerako, 23,5 m-ko diametroa duen hormigoi armatuzko zimendatze zirkular bat planteatzen da indusketa hondoan, guztira 3,20 m-ko altuera izanen duena.
Instalazio fotovoltaikoa Zangozako udalerriko Uñesa parajean kokatzen da, El Romeral parajearen (bertan dago parke eolikoa) eta Uñesa edo Gayango sakanaren artean. Hesiak itxitako eremua, ehiza motakoa, 62,16 ha-koa izanen da, 13.249 m-ko perimetroarekin eta 2 m-ko altuerarekin. Esparru horren barruan instalatuko dira modulu fotovoltaikoak, ardatz bateko eguzki jarraitzaileak eta potentzia estazioak inbertitzaile eta transformadoreekin. Multzoaren potentzia 20,90 MWekoa da konexio puntuan. Parke eolikorako erabiltzen den sarbide bera erabiliko da. 1.375 m bide berri eraikitzeko asmoa dago, eta 3.095 m sarbide bide eta 517 m barruko bide hobetzea.
Bi proiektuen energia hidrogeno berdea ekoizteko erabiliko da, zangan lurperatutako tentsio ertaineko (30 kV) linea elektriko baten bidez. Bi proiektuetarako proiektatutako zangen luzera, guztira, 8.188 m linealekoa da.
3. Espedientearen azterketa teknikoa.
a) Alternatiben azterketa.
Ingurumenaren gaineko eraginaren azterketak (IEA) zero alternatiba hartu du kontuan, proiekturik ez egitekoa, eta hiru alternatiba, parke eolikoa kokatzeko eta konfiguratzeko, hiru alternatiba instalazio fotovoltaikorako eta beste hiru trazadurakoak, ebakuazio linearako. Alternatiba guztiak teknikoki, ingurumen aldetik eta ekonomikoki bideragarriak dira.
Ez egiteko alternatiba baztertu egiten da elektrizitate berriztagarritik hidrogenoa sortzearen ondoriozko onura estrategiko, ekonomiko eta ingurumenekoen galeragatik.
Parke eolikoaren lehen alternatiba 4 aerosorgailuk eta 7,1 km-ko bide iraunkorrak osatuko lukete. Bigarren alternatiba 4 aerosorgailuk eta 7,9 km-ko bide iraunkorrak osatuko lukete. Hirugarren alternatiba 3 aerosorgailuk eta 5,19 km-ko bide iraunkorrak osatuko lukete. Instalazio fotovoltaikoaren A alternatibak 58,79 ha-ko azalera izanen luke guztira, eta hortik 11,14 ha okupatuko lituzkete jarraitzaileek. B alternatiba 56,28 ha-ren inguruan ezarrita egonen litzateke, eta horietatik 11,12 ha okupatuko lituzkete jarraitzaileek. C alternatibak 62,51 ha-ko azalera izanen luke guztira, eta hortik 11,14 ha okupatuko lituzkete jarraitzaileek. Ebakuazio linea hartzeko zangari dagokionez, A alternatibak 3.884,29 m-ko luzera du guztira, B alternatibak 4.652,76 m-ko luzera du eta C alternatibak 3.552,37 m-ko luzera.
IEAk alternatiba horietako bakoitzaren inpaktua aztertu eta baloratzen du, ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluko c) letran aipatzen diren zenbait irizpideren arabera. Irizpide anitzeko azterketa bat oinarri hartuta, sustatzaileak parke eolikoaren 3. alternatiba hautatu zuten, landarediari, ur ibilguei, lur mugimenduei eta, bereziki, fauna hegalariari gutxiago eragiten dielako. Instalazio fotovoltaikoaren C alternatiba hautatu zen, batez ere faunarekiko eta aztarnategi arkeologikoekiko eraginak kontuan hartuta. Eta ebakuazioko tentsio ertaineko zangari dagokionez, C alternatiba hautatu zen, hidrologian, landaredian eta lur mugimenduetan eragin txikiagoa duelako.
Hainbat alegazio egilek IEAren alternatiben azterketa kritikatu zuten, 0 alternatiban ez dutelako baloratzen lehendik dauden ekoizpen berriztagarri eolikoko instalazioak erabiltzeko aukera, edo horiek berrindartzeko aukera, hidrogenoa sortzeko; izan ere, inguruan hainbat parke eoliko daude, beren elektrizitatea Zangozako 66 kV azpiestaziora (i-DE) bidaltzen dutenak. Sustatzaileak erantzun zuen «Batzordearen 2023/1184 (EB) Erregelamendu Delegatuak, otsailaren 10ekoak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/2001 (EB) Zuzentaraua osatzen duenak, Batasunaren metodologia komun bat ezartzen duela, eta metodologia horretan zehazten direla jatorri biologikoa ez duten erregai likido eta gaseoso berriztagarriak ekoizteko arau zehatzak». Erregelamendu horren 3 b) artikuluan jasotzen denez, elektrizitate berriztagarria sortzen duen instalazio baterako zuzeneko konexioaren bidez lortutako elektrizitatea guztiz berriztagarritzat kontabilizatzeko, instalazio hori martxan jarri beharko da, gehienez ere, jatorri ez-biologikoa duten erregai likidoak edo gaseoso berriztagarriak ekoizten dituen instalazioa baino hogeita hamasei hilabete lehenago.
b) Proiektuen inpaktu nagusien analisia.
Jarraian, proiektuaren inpaktu nagusiak eta horien tratamendua aztertu ziren, sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketan adierazitakoak edo jendaurreko informazio eta kontsulta prozeduretan azaleratu zirenak.
–Airea, klima eta klima aldaketa.
Sustatzaileak ez du garrantzitsutzat jotzen (proposatutako neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren) obra fasean partikula esekien gehikuntzak eta ibilgailuen eta makinen ihes gasen isurketek airearen kalitatean eragindako hondar inpaktua. IEAk eraikuntza lanek sortutako soinu maila handitzeak giza populazioan eta osasunean eragindako hondar inpaktua bateragarritzat jotzen du. Parke eolikoaren, eguzki instalazioaren, ibilgailuen joan-etorrien eta emisio erradiomagnetikoen (ez-esanguratsuak) funtzionamenduaren ondorioz sortutako zarata gehikuntzak. Proiektuak klima aldaketaren gainean dituen ondorioak positibotzat jotzen dira erregai fosilaren kontsumoa murrizteagatik eta berotegi efektuko gasen emisioa murrizteagatik, industriaren eta garraioaren elektrifikazioan eta energia eraginkortasunean laguntzen baitu. Alegazio egile batzuek adierazi dute sustatzaileak ez duela aztertu proiektua eraikitzean sortzen den CO2 isuria, ezta landare estalkia karbono hustubide garrantzitsu gisa kentzean sortzen dena ere. Sustatzaileak azpimarratu du IEAn ingurune atmosferikoaren eta klima aldaketaren gaineko eraginei buruz egiten den balorazioa, baita aurreikusitako isurketei buruzkoa ere. Eta IEAren VI. eranskinean zaharberritze plan bat dagoela gehitzu du, bai eta enpresa sustatzaileak karbono emisioen neutraltasuna lortzeko egindako emisioen konpentsazio neurriak ere.
Inpaktu akustikoa ebaluatzeko, IEAk egungo soinu mailak aurreikusitako maila operazionalekin alderatu ditu, proiektuaren eremuko hartzaile batzuen gainean neurtuta: hiriguneak, eraikin barreiatuak eta Done Jakue bidea.
–Lurzorua, lurpea eta geodibertsitatea.
IEAk lurraren prestaketa, lur mugimenduak eta obra zibilaren gauzatzea identifikatzen ditu geologian eta geomorfologian inpaktuak sortzen dituzten ekintza nagusi gisa. Sustatzaileak baloratu egiten du faktore horri eragin txikiagoa izatea hautatutako alternatiban, parke eolikoan aerosorgailu bat murrizteagatik, sarbideak laburragoak izateagatik eta dauden bideak gehiago erabiltzeagatik. Parke eolikoaren IEAk aldaketa moderatuak eta puntualak antzeman ditu geomorfologian, aerosorgailuen plataformak gauzatzean eta egin berri diren bide zatietan. Instalazio fotovoltaikoan, zonaldeko malden azterketa egin da, LIDAR lursailaren eredu digitaletik abiatuta, 1:25.000 eskalan. IEAn, inpaktu bateragarritzat jo da obra zibilaren exekuzio fasean lurzoruaren profilak aldatzeagatik sortuko den geomorfologiaren gaineko inpaktua. Hondar inpaktua ere bateragarritzat jotzen da neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren.
Jendaurreko informazio fasean, zenbait elkartek, Sustrai Irakuntza, Erriberako eta Zangozerriko Ekologistak martxan, eta, modu partikularrean, Nora Okariz Moran andreak, alegatu dute lur mugimendu garrantzitsuak eginen direla ingurumen balioko zonaldetan, eta pistak zabaltzetik eta makinak ezartzetik eratorritako inpaktu errealen azterketa egiteko eskatu dute. Kontsulta aldian Ingurumen Ebaluazioaren Atalak egindako txostenak ohartarazten duenez, ahalik eta gehien murriztu behar dira instalazio fotovoltaikoaren diseinu eta exekuzioan ukituko diren lurzorua eta geomorfologia. Txostenak dioenez, oro har, ardatz horizontala duten jarraitzaileen gaineko modulu fotovoltaikoak %5eko edo gutxiagoko maldetan bakarrik ezarriko dira. %5etik gorako eta %10erainoko maldetan, modulu fotovoltaikoak egitura finkoen gainean instalatuko dira.
Erantzunean, sustatzaileak azpimarratu du lehendik dagoen bide sarea erabiltzen dela diseinuan aplikatutako prebentzio neurri gisa, eta 6. eta 21. neurri zuzentzaileak aplikatuko direla, makineriak lurrak trinkotzeari eta eraikitze faseko paisaiaren gaineko eraginari dagokionez.
Rocaforteko El Romeral gailurrek, parke eolikoaren kokalekuak, malda handiak dituzte. Espedientearen azterketa teknikoan egiaztatu denez, muntaia plataformak, plataforma osagarriak eta bide berrien trazadurak proiektatzen diren azalerak lurzoru inklinatu (%6-13 malda) eta nahiko malkartsuen (%13-25) gainean daude gehienbat. Lurzoru horietako batzuk %25etik gorako malda izan dezakete, hala nola WTG03 aerosorgailuaren plataforma osagarriaren kasuan, non gehienak lurzoru malkartsuetan dauden (%25-55). Aurkeztutako proiektuak eta IEAk ez dute kuantifikatzen aurreikusitako lur mugimenduaren bolumena.
Instalazio fotovoltaikoaren diseinuari eta gauzatzeari dagokionez, sustatzaileak txosten tekniko deskribatzaile bat aurkeztu du erabili beharreko jarraitzaile fotovoltaikoen ezaugarriak adierazteko; bai eta lurzoruaren ezaugarri topografikoetara nola egokituko den ere, instalazio fotovoltaikoa eraikitzean lurrak ahalik eta gutxien mugitzeko edo batere ez mugitzeko. Dokumentu horretan malden LIDAR azterketa bat egiten da, jarraitzaileen banaketan eta konfigurazioan aldaketak proposatzen dira, eta ekipoaren parametroak aldatzen dira, tinkatzeetan onartutako luzeran estraluzeak sartuz, lurrera hobeki egokitzeko eta lur mugimenduak murrizteko. Aldaketa horiek jadanik islatu dira ebazpen honetan ingurumen ebaluazioaren xede den proiektuan eta IEAn, eta jendaurreko informazioaren eta kontsulten bigarren izapidean aurkeztu dira. Ebazpen honen baldintzen artean adierazten dira proiektuak duen geodibertsitatearen, lurzoruaren eta zorupearen gaineko eraginaren bateragarritasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak.
–Ura.
IEAk Gayango edo Uñesako sakana identifikatzen du, instalazio fotovoltaikoko hesiaren ondoan, parke eolikora sartzeko bidearen eta ebakuazio zangaren ondoan, eta Santa Ziliako sakana, aurrekoaren tributarioa, parke eolikora sartzeko bidearen eta ebakuazio zangaren ondoan. Ez da identifikatzen proiektuko azpiegiturek geldiarazitako ur ibilgurik.
Smurfit Kappa Navarra, SA merkataritza sozietateak kontsulten bigarren prozeduran jakinarazi du proiektatutako zangak Solanillo edo Rocaforte sakanaren ibilgua zeharkatzen duela, eta horrek bere instalazioei eragiten dieten uholdeak eragiten dituela. Interesdunak eskatu du proiektatutako gauzatzeak eta konponbideak ez dezala areagotu, inola ere, gainezka egiteko arriskua. Sustatzaileak erantzun du amildegi hori gurutzatzeko bi modu baloratuko direla: aire zabaleko indusketa, zanga bidez, edo zulaketa horizontal gidatua.
Romeralen hegoaldeko aldea ere hainbat ibilgu naturalek eta bide arekek drainatzen dute, instalazio fotovoltaikoaren esparru hesituen artean, Gayango edo Uñesako sakaneraino. Ibilgu horietako batzuek landaretza naturalari eusten diote, eta horrek haien arteko lotura hobetzen du. Ebazpen honen baldintzen artean adierazten dira proiektua egiteak sare hidrografikoan eta lotutako biodibertsitatean izanen dituen ondorioak arintzeko hartu beharreko neurriak.
–Batasuneko intereseko flora, landaredia eta habitatak.
Kabinete lanaren, landa lanaren eta analisi kartografikoaren bidez, IEAk landaredia unitate fisionomiko batzuk deskribatzen eta mugatzen ditu aztertutako lurraldearen barruan. Sustatzaileak eragina kuantifikatzeko, proiektatutako instalazioek okupatu beharreko eremuetan landaredia kentzeak eragindako azalera kalkulatzen du, ebakuazio azpiegiturak barne. Instalazio fotovoltaiko ia guztiak lehorreko belar eta egur laboreen landaredi unitateei eragiten die; eragindako azalera 70,80 ha-koa dela estimatu da. Parke eolikoan, eragindako azaleraren %42,63 IEAn kartografiatuta dago landaredi natural gisa, batez ere sastraka mediterraneoa, zuhaitz sakabanatuekin edo gabe, eta artadia. Parke eolikoak guztira 27,62 ha-ko azalera hartzen du, eta horietatik 19,71 ha leheneratuko dira.
Aztergai dugun eremuan Batasuneko intereseko habitaten presentzia zehazteko, Espainiako habitat natural eta erdinaturalen atlasean eta eskuliburuan (1: 50.000, 2005ean eguneratua) definitutako teselak hartzen ditu oinarritzat IEAk. Instalazio fotovoltaikoan, sustatzaileak, landa lanak egin ondoren, kartografiatutako teselak atzematen dituen hesiaren zatia soroen azalerarekin bat datorrela egiaztatu du. Parke eolikoan, IEAk 10,20 ha arteko landare estalkiaren aldaketa kuantifikatu du, interes komunitarioko sastrakadiko bi habitaten mosaiko gisa kartografiatutako tesela baten barruan, 4090 motakoa: «Txilardi oromediterraneo endemikoak, otaberarekin» eta 5210: «Juniperus spp sastraka zuhaizkarak».
IEAk proiektuaren eraginpeko eremuan ez ditu identifikatzen babes araubide bereziko basa espezieen zerrendetako flora espezieak, ez eta espezie mehatxatuen katalogo nazional edo autonomikoetan katalogatutakoak ere.
IEAk landarediaren eta habitaten gaineko inpaktua balioesten du, landaredia kentzeagatik, sastrakak kentzeagatik eta instalazioak okupatzeagatik, neurritsu gisa, parke eolikoaren kasuan, eta bateragarri gisa, instalazio fotovoltaikoa gauzatzeari dagokionez. Balizazioko eta babeseko prebentzio neurriak aplikatu eta proposatutako lehengoratze plana egin ondoren, IEAk hondar inpaktua ez-garrantzitsutzat jotzen du bi proiektuetan.
Alegazioak aurkeztu dituzten elkarte kontserbazionistek argudiatu dute Batasuneko intereseko habitat naturalen gaineko inpaktua larritzat hartu beharko litzatekeela, uste baitute afekzioa ez dela itzulgarritzat hartu behar, ezta berreskuragarritzat ere. Sustatzaileak erantzun du kaltetutako habitata lehentasunezkoa ez den habitata dela, sastraka baxuak hartzen dituena, eta kaltetutako azalera, habitat kartografiatuaren teselaren guztizko hedadurarekiko, ez dela esanguratsua landarediaren eta habitaten gaineko inpaktua murrizteko neurriak aplikatu ondoren.
Espedientea aztertu bitartean, ingurumen organo honek agerian utzi du IEAk Batasuneko intereseko habitaten azalerak kartografiatu dituen eskala ez dela egokia proiektuaren eremuko eraginak kuantifikatzeko. Ingurunearen diagnosiari buruzko kapituluan, IEAk proiektuek eragindako sastrakadi mediterraneoko eta artadiko azalerak estimatzen ditu. Landaredi unitate horiek 4090, 5210 eta 9340 kodeei atxikitako Batasuneko intereseko habitat motatzat hartu daitezke. IEAn eta ebazpen honen baldintzetan ageri diren prebentzio neurrien eta neurri zuzentzaileen artean zehazten dira proiektua florarekin, landarediarekin eta habitatekin bateragarria dela ziurtatzeko hartu beharreko neurriak.
–Fauna.
IEAk lurreko espezieen Espainiako inbentarioak erregistratutako ornodunen inbentario bibliografikoa egiten du UTM 10x10 km-ko laukian, proiektuaren eremua barne hartzen duenean. Proiektua ezarri nahi den eremuan, fauna hegalariak, hegaztiek eta saguzarrek espazioa nola erabiltzen duten ere aztertzen du sustatzaileak. Jarraitutako metodologia eta erabilitako laginketa ahalegina bat datoz Ingurumen Ebaluazioaren Atalak landutako lan protokoloekin.
Hegazti-faunari dagokionez, hegazti harraparien 2.953 hegaldi detektatu dira azterketa eremuan, eta horien %29,25 arrisku eremuan egin ziren. Harrapari ohikoenak honako hauek izan dira: sai arrea, 1.112 hegaldi (harraparien %37,66), horietatik %47,39 arriskuko hegaldiak izan ziren (527 hegaldi); miru beltza (atzemandako harraparien hegaldien %22.15); miru gorria (desagertzeko arriskuan), 375 hegaldirekin (horien %20,80 arriskuko hegaldiak izan ziren); zapelatz arrunta, 233 hegaldirekin; belatz gorria, 221 hegaldirekin; eta mendebaldeko zingira-mirotza (zaurgarria), 163 hegaldirekin, eta horietatik %5,52 arriskuko altueran egin zituen (14). Honako hauek dira espazioaren erabileraren azterketan hauteman diren beste harrapari batzuk: Bonelli arranoa, 13 hegaldirekin, haietako %38,46 arriskuko altueran; ugatza, 4 hegaldi, horietako bi arriskukoak; mirotz zuria (24 hegaldi) eta mirotz urdina (7 hegaldi), arriskuko altueran detektatutako hegaldirik gabe; belatz handia, 9 hegaldirekin, horietako 4 arriskuan; sai zuria, 5 hegaldirekin, 2 arriskuko altueran detektatuta; eta arrano beltza, 4 hegaldirekin, horietako bi arriskuko altueran. Hegazti handientzat lortutako hegaldi tasek (hegaztiak/30 minutu), azterketa eremura egindako 51 bisitetan, 5. eta 6. behaketa puntuetarako balio handienak dituzte, parke eolikoaren ezarpen eremutik gertuen daudenak baitira.
Hegazti harraparien 1.199 hegaldi detektatu dira proiektuaren etorkizuneko kokagunetik gertu; horietatik %30,19 arrisku egoeran daude, etorkizuneko talka arriskuaren parean egiten baitira hegaldiak. Harraparirik ohikoena sai arrea izan da berriz ere, hegaldien %35,28 detektatu baitira (423 hegaldi), eta arriskuko hegaldien tasa handienetako bat du: %56,06; ondoren miru beltza (78 hegaldi); hirugarren, miru gorria (63 hegaldi); horietatik %49,21 hegaldi arriskutsuak izan ziren. Hain ohikoak ez diren baina talka egiteko arriskuko altueran detektatutako hegaldien ehuneko handia duten beste harrapari batzuk Bonelli arranoa (guztira 6 hegaldi detektatu dira), ugatza (2 hegaldi) eta sai zuria (2 hegaldi) dira, eta guztiek %50eko arrisku tasa dute.
Saguzarrei dagokienez, sustatzaileak kiropteroen urteko zikloari buruzko azterlan bat aurkeztu du jendaurrean, ultrasoinuen grabagailu finkoak instalatzeko bi punturekin. Bata proiektuaren iparraldean eta bestea hegoaldean, azken hori hezegune batetik gertu. Azterlanak ondorioztatzen du ezarpen eremuan kiropteroen dibertsitate ertaina dagoela; 16 espezie daude inbentariatuta. Ohikoenak Pipisrellus pipistrellus, P. kuhlii eta P. pygmaeus izan ziren; hiruren artean, erregistroen %92 osatzen dute. Azterlanak bi laginketa puntuen arteko alde handia nabarmentzen du, espezieen maiztasun eta aniztasun handiagoa egonik ur putzuaren inguruan dagoen puntuan. Gainerako espezieen artean, bost espezie kaltebera daude: Minipterus schreibersii, Nyctalus lasiopterus, N. noctula, Rhinolophus ferrumequinum eta R. hipposideros.
Organo substantiboak 2023ko azaroan egindako informazio publikorako eta kontsultetarako prozeduran, Sustrai Erakuntza eta Erriberako eta Zangozerriko Ekologistak Martxan elkarteen alegazioak sartu dira espedientean. Alegazio horien arabera, proiektuaren egikaritzeak eta funtzionamenduak inpaktu moderatuak eraginen ditu Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen II. edo IV. eranskinetan jasotako hegazti eta saguzar espezieetan, eta/edo katalogatuetan, eta Natura 2000 Sareko espazio babestuetako funtsezko elementuak dira. Ingurumen Ebaluazioaren Atalak jakinarazi du aurkeztutako parke eolikoaren proiektuak eragin kaltegarri nabarmenak izan ditzakeela fauna hegalarian, bereziki Natura 2000 Sareko gune babestuetan kontserbazio helburutzat jotzen diren hegazti espezieetan, proiektuaren eragin eremuaren barruan. Beraz, sustatzaileak neurriak, diseinua eta/edo kokapena neurtzeko alternatibak bilatu beharko lituzke, talkak, huts efektuak eta fauna hegalariari eragindako hesi efektuak eragin dezaketen inpaktua minimizatzeko. Diseinu alternatiba horiek aldaketak eragin ditzakete Salajones parke eolikoan.
Erantzun gisa, sustatzaileak hegazti-faunak espazioa erabiltzeari buruzko datuen azterketa berri bat aurkeztu du, arrisku egoeren eta proiektatutako aerosorgailuen posizio bakoitzaren inpaktu potentzialaren estimazioa eginez. Martxan dagoen Salajones parke eolikoaren hilkortasunaren jarraipenaren datuak ere aztertzen ditu. Talka arriskuak eta hesi efektuak hegazti-faunan izan dezaketen eragina arintzeko, sustatzaileak proiektuan aerosorgailu bat edo bi murrizteko aukera aurreikusten du, lehen aldiz jendaurrean jarritako proiektuan aurreikusitako lau aerosorgailuekiko. Bigarren jendaurreko erakustaldian aurkeztutako proiektu berriak posizioetako bat ezabatzen du, eta parke eolikoa ebazpen honetako proiektuaren deskribapenaren eta kokapenaren atalean deskribatutako hiru posizioekin konfiguratuta geratzen da. IEA berriaren arabera, hegazti harrapariek eta tamaina handiko beste batzuek, kontserbazio balio handia dutenek, instalazio eolikoaren aireko espazioan egiten duten erabilerari erreparatuta, WGT04 aerosorgailuak izanen luke eragin handiena. Proiektuaren eraginak murrizteko helburuarekin, makina hori kendu egiten da. Gainera, IEAk proiektuaren aldagai teknikoak, ingurumenekoak eta ekonomikoak baloratu ditu, eta aerosorgailu bakoitzari haztapen bat eman dio, eragin handiena duen aerosorgailua ezagutzeko.
Jendaurreko informazioaren eta kontsulten prozesu berrian, alegazioa aurkeztu duten elkarte kontserbazionistek berriz ere azpimarratzen dute proiektuak katalogatutako hegaztien eta saguzarren espezieei eragiten diela. Ekologistak Martxan taldeak baztertu egin du proiektu berria, ez baitute nahikotzat jotzen aurreikusitako inpaktua murriztea, posizioetako bat ezabatuta. Kontsulten prozeduran, Ingurumen Ebaluazioko Atalak proiektuaren konfigurazio berriak fauna hegalari katalogatuan izan ditzakeen ondorio kaltegarri nabarmenen berri eman du berriro; izan ere, eskura dauden datuak kontuan hartuta, hegazti harrapariek sarritan erabiltzen dute aerosorgailuak ezartzeko eremua, eta hegaldi tasa handiak dituzte, arriskuko altueran eta aerosorgailuen posizioetatik hurbil. Jakinarazi da sustatzaileak neurriak aztertu eta proposatu beharko dituela talkaren, huts efektuaren eta hesi efektuaren eraginez hilkortasuna handitzearen ondoriozko inpaktu aurreikusgarriak arintzeko edo konpentsatzeko, baita hurrengo Salajones parke eolikoaren funtzionamenduaren ondorio sinergikoak ere. Neurri horien artean egon litezke proiektua dimentsionatzeko alternatibak, aerosorgailuen birbanaketa edo indarberritzea, talken aurkako sistemak instalatzea, etab. Bai proiektatutako parke eolikoan, bai inguruko parke eolikoetan.
Ingurumen inpaktuari buruzko adierazpen arruntaren eskariz aurkeztutako IEAn, sustatzaileak aurreikusten du fauna hegalariarentzako arriskuak prebenitzeko detekzio eta geldialdi automatikoko bi gailu instalatzea.
Kiropteroei dagokienez, Ingurumen Ebaluazioko Atalak jakinarazi du IEAk haizearen abiaduraren gutxieneko atalasea aerosorgailuak abiarazten hasteko 6 m/s-ra igotzea proposatu behar duela, ilunabarretik egunsentira arte, kiropteroentzako egun eta ordu aktiboenetan, talkak/barotraumak fauna talde horrengan duen inpaktua murrizteko. Proiektuaren esparruan kiropteroek espazioa nola erabiltzen duten zehatzago interpretatzeko, komenigarria litzateke azterketa bat egitea jarduera aldian zehar, aerosorgailuen lerrokaduran jarritako ultrasoinuen erregistro automatikoko eta jarraituko grabagailuen bidez.
Sustatzaileak proiektatutako lerrokaduran dauden iraupen luzeko bi grabazio estazio berrirekin lortutako datu bateratuak aurkeztu eta aztertu ditu. Emaitzak eta aurretik lortutakoak nabarmen berdinak dira, dibertsitate eta ugaritasun proportzionalean. Lanak 17 espezie detektatzen ditu, aurreko azterlanean grabatutakoekin bat datozenak, Myotis myotis izan ezik, horrek grabazioen %0,02 baino ez baitu batzen. Pipistellusen hiru espezieak erregistroen %87,90 dira orain, Hypsugo savii %4,64 eta gainerako espezieak %7,46. Hypsugo savii, Nyctalus noctubre, N. lasiopterus eta Minipterus schreibersiiren gaineko inpaktua neurritsu gisa baloratzen du ikerketak.
IEAk proposatzen du kiropteroen jarduera aztertzea makinen abatzaren altueran, gutxienez, funtzionamenduko lehen urtean. Aurkeztutako saguzarren azterketan proposatzen da, azterketaren ondoren, eta lortutako emaitzak kontuan hartuta, protokolo bat proposatzea, aerosorgailuen abiatze abiadura 5 m/s-an ezartzeko.
IEAk ustiapen fasean dauden aerosorgailuen aurka talka egiteagatik kiropteroetan eta faunan izandako inpaktu zuzena neurrizkotzat jotzen du. Neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren faunan izandako hondar inpaktuak bateragarritzat jotzen dira, azpiegituren presentziagatik –hustuketa, habitataren galera eta/edo zatiketa eta konektibitate galera– eta aerosorgailuekin talka egiteko arriskuagatik.
Espedientea aztertu ondoren, eta gorago adierazitakoa ikusita, ingurumen organo honek ikusi du aerosorgailuak ezartzea aurreikusten den eremuan hegazti harraparien hegaldi tasa esanguratsuak detektatzen direla, eta talka arriskuaren parean egindako hegaldien ehunekoa handia dela. Parke eolikoan aurreikusitako lerrokaduratik hurbilen dauden hegazti harrapari katalogatuen eta Natura 2000 Sareko gune izendatzea eragin zuten harraparien arriskuko hegaldien azterketa hartu ziren kontuan. WTG01 posizioak proiektatutako hiru kokapenetan (n = 195) detektatutako hegaldi arriskutsuen %48 metatzen du. Sai arreak (%77) eta miru gorriak (%5) hegaldi arriskutsuen %82 erregistratzen dute. Espezie ohikoenak dira, arrano sugezalearekin eta zapelatz liztorjalearekin batera; hegaldien %8 eta %5 arriskutsuak dira, hurrenez hurren. Sai arrea da, zalantzarik gabe, talka egiteko arrisku handiena duen espeziea, 150 hegaldi arriskutsu metatzen baititu aerosorgailuen lerrokaduraren gainean, eta horietatik %53 WGT01 posizioan. Espainian egindako ikerketetan, sai arrea turbina eolikoen aurka talka egiteko espezie adierazle gisa erabiltzeko hautagai ezin hobea dela argitaratu da (Sebastián-González, et al., 2018. Using network analysis to identify indicator species and reduce collision fatalities at wind farms) (1).
(1) https://doi.org/10.1016/j.biocon.2018.06.003.
Saguzarrei dagokienez, ingurumen organo honek jakinarazten du aerosorgailuen lerrokaduran ugarienak diren espezieen taldea, Pipistrellus sp. eta Hypsugo savii, eta detektatutako hiru espezie katalogatu, Nyctalus noctubre, N. lasiopterus eta Minipterus schreibersii, talka egiteko arrisku handikotzat jotzen direla haien hegaldien portaeragatik, argitaratutako bibliografia zientifikoaren arabera; horregatik, beharrezkotzat jotzen da neurri aringarriak hartzea errotoreen funtzionamenduan, saguzarren jarduerarako egun eta ingurumen baldintza egokienetan, fauna talde horren gaineko inpaktua murrizteko.
Naturgune babestuak eta Natura 2000 Sarea.
Gorago adierazi den bezala, eta jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko prozeduren ondorioz espedientean jasota dauden alegazio idazkietan eta txostenetan adierazi zen bezala, proiektuak eragin nabarmenak izan ditzake 2009/147/EE Zuzentarauko 4. artikuluan aipatzen diren hegazti harrapari eta saguzar espezieetan eta 92/43/EEE Zuzentarauko II. eranskinean zerrendatutakoetan, eta aerosorgailuen ezarpenetik hurbil dauden Natura 2000 Sareko gune babestuak izendatu zituzten horietan: Arbaiun-Leire HBBE (ES0000482) eta Leireko mendilerroa eta Arbaiungo arroila KBE (ES0000125). IEAk eta ebazpen honetako baldintzek proiektua faunarekin bateragarri egiteko beharrezkoak diren aldaketak eta prebentzio neurriak, neurri zuzentzaileak eta konpentsazio neurriak planteatzen dituzte, bai eta Natura 2000 Sareko gune babestuen kontserbazio helburuak eta koherentzia ekologikoa ere, horiek eragina jasanen baitute, ziur aski.
–Kultura ondarea.
IEAk proiektutik hurbil dauden kultura intereseko ondasunen inbentarioa egin du, bai eta prospekzio arkeologiko bat ere, Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten babespean, eta horren emaitzak IEAren IX. eranskinean sartu dira. Erregistroen, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak obrak egiten diren bitartean proiektuak errespetatu behar dituen kautelazko neurrien berri eman du kontsulta fasean. Espedientean jasota dago Ondare Arkitektonikoaren Atalaren txostena, ebakuazio linea Donejakue Bidearekin gurutzatzeko proiektuarekin ados dagoela jakinarazteko. Sustatzaileak proiektua egokitu du aztarnategi arkeologikoen perimetroak errespetatzeko, eta lanek irauten duten bitartean jarraipen arkeologikoa egitea aurreikusten du, Kulturaren Zuzendaritza Nagusiak (Vianako Printzea Erakundea) eskatzen duenaren arabera. Aurreikusitako neurriak aplikatu ondoren, kultura eta arkeologia ondarearen elementuetan izandako hondar inpaktua ez-garrantzitsutzat jotzen da IEAn. Proiektua exekutatzeko, espedientean ageri diren Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak ezarritako zehaztapenak bete beharko dira.
–Paisaia.
IEAk paisaiaren karakterizazioa egiten du proiektuen eragin eremuan, eta hauskortasun moderatuarekin eta harrera gaitasun ertainarekin baloratzen du. Jarraian, ikusmen arroa eta paisaia intromisioaren ondoriozko eragina aztertzen ditu, behatzaile gehien biltzen diren hainbat puntu eta eremutatik: herriguneak, errepideak, Natura 2000 Sarea, beste naturgune batzuk, abelbideak eta Done Jakue bidea, eta turismo instalazioak eta zuzkidurak. Proiektuaren 20 km-ko inguratzailean parke eolikoaren ikuspen ehunekoa azaleraren %18,12 da. Parke fotovoltaikoan, ikus daitekeen azalera proiektuaren inguruko 5 km-ko inguratzailearen %14,01 da. Zentzumenetan eta estetikan sartzeak eta paisaiaren funtzionaltasunari, natura ondareari edo esanahi historikoari eragiteak paisaian eragindako hondar inpaktua bateragarritzat jotzen du IEAk.
Kontserbazio elkarte alegatzaileek azaldu dutenez, eskualde osoko paisaia balioa erabat aldatuko da, eta eragina izanen du leku eta ibilbide turistikoetan, natura eta kultura guneetan. Zangozako EH-Bilduren udal taldeak Uñesako tokiko bidezidorrak egokitzeko egindako inbertsio publikoa adierazi du. Eta uste du proiektuak ibilbide horiek desitxuratzea edo desagertzea ekarriko duela, eta mugikortasunari, kirolari eta paisaiaz gozatzeari eragiten diela.
Espedientea aztertzean, 2025eko otsailaren 19an, Ingurumen Ebaluazioaren Atalak txostenak eskatu zizkion Paisaiaren eta Landa Lurzoruaren Atalari, proiektuak paisaian dituen eraginei buruz. Txosten hori 2025eko urriaren 16an jaso zen, eta bi proiektuek, eguzkikoak zein eolikoak, paisaian dituzten eraginei buruzko gogoetak jasotzen ditu, baina ez du ondoriorik jasotzen.
Paisaia ingurumen inpaktuaren adierazpenean eta paisaian eskumena duen organoak, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, izapidetzen duen lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimenean integratu beharreko alderdia dela kontuan hartuta, ingurumen inpaktuaren adierazpen honek lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzean horri buruz egiten diren ondorioetara jotzen du.
–Sinergiak.
Sustatzaileak bi eranskin aurkeztu dizkio IEAri, proiektuen ondorio sinergiko eta metagarrien azterketarekin. IEAk alternatiba horietako bakoitzaren inpaktua aztertu eta baloratzen du, Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen, abenduaren 9koaren, 35. artikuluko c) letran aipatzen diren alderdiei buruzko eragin sinergikoak eta metagarriak identifikatu eta baloratu ondoren. Ondorio sinergikoen eta metagarrien azterketak ondorioztatzen du proiektuek larritasun txikiko inpaktu sinergikoak dituztela, eta, beraz, aztertutako instalazioen arteko sinergien eragin orokorra bateragarritzat jotzen dela.
Elkarte kontserbazionista alegatzaileek azaltzen dutenez, parke eolikoek hegazti harrapari katalogatu jakin batzuengan duten eragina sinergikoa da; hau da, guztiek, oro har, eragin demografiko bakarra dute populazioetan. Bestalde, instalazio horien batez besteko bizitza dela eta, epe luzerako efektu demografikoa etengabea da, eta, beraz, metatze efektua da. Ingurumen Ebaluazioko Atalaren txostenaren arabera, proiektuaren eragina areagotu egiten da Salajones parke eolikoak (hori ere Acciona taldearena) eragindako ondorioen metaketagatik eta sinergiagatik. Ebazpen honetako baldintzek Salajones parke eolikoarekin proiektatutako azpiegituren metatze edo sinergia eragina ebaluatzeko neurriak jasotzen dituzte, bai eta ondorio esanguratsurik antzemanez gero hartu beharreko kautela neurriak ere.
–Proiektuaren kalteberatasunaren ondoriozko ingurumen eraginen analisia.
IEAk arrisku handia eta batez besteko zaurgarritasuna aurreikusten ditu baso suteak gertatzeko arriskuaren aurrean. Halaber, uholdeak eta lurrikarak jasateko arriskuarekiko arrisku eta kalteberatasun ertain-txikia. Espero diren ondorioak honako hauek dira: galera ekonomikoak, gas kutsatzaileen eta partikulen isurketek eragindako kutsadura, giza osasunaren gaineko eragina, landaredi naturala ezabatzea, faunako aleak ezabatzea, eta lurzoruak eta urak kutsatzea isurketengatik eta materialak arrastatzeagatik. IEAk ingurumenean eragina izan dezaketen istripu larriak gertatzeko aukera gisa detektatzen du sute eta isurketa arriskua. Biek dituzte arriskua murrizteko neurriak, bai eraikuntza eta eraispen fasean, bai funtzionamendu fasean.
c) Ingurumena zaintzeko programa.
IEAk kapitulu bat du ingurumena zaintzeko programari buruzkoa, eta IEAn eta ingurumen inpaktuaren adierazpenean jasotako neurriak betetzen direla bermatuko duen sistema bat ezartzeko diseinatu da. Sustatzaileak proiektuaren fase guztiak betetzeko zaintza plana ezartzen du. Fase bakoitzean kontrol plan bat ezartzen du IEAn eragin eta ebaluatu daitezkeen faktoreetako bakoitzerako. Kontrol plan bakoitzean, garatu beharreko ekintzak deskribatzen dira. Ebazpen honetako baldintzek proiektuaren ingurumena zaintzeko planak bete behar dituen gutxieneko edukiak eta ahaleginak zehazten ditu. Plan horrek proiektuaren bizitza erabilgarri osoa hartu beharko du. Halaber, ingurumena zaintzeko planaren jarduera eremua martxan dauden parke eolikoen beste proiektu batzuetara zabaldu da, hemen aurreikusitako parkearen inguruan, sustatzaile beraren jabetzakoak baitira. Helburua fauna hegalariak izan ditzakeen ondorio sinergikoak eta metagarriak eraginkortasunez kontrolatzea da.
4. Proposamena.
Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatu du ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren prozedura behar bezala bete dela.
–Proiektuan A1_1 (1) izena duen aerosorgailua, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean WTG01 izena duena, parke eolikoaren proiektutik baztertu behar da; izan ere, hura ezartzeak nabarmen eraginen die katalogatutako espezieei eta Natura 2000 Sareko gune babestuetan kontserbatzeko helburutzat jotzen diren espezieei, proiektuaren eragineko eremuaren barruan.
–Ingurumen inpaktuaren adierazpena aldekoa egitea parke eolikoaren eta «Valle H2V Navarra» instalazio fotovoltaikoaren proposatutako gainerako azpiegituretarako, baita ebakuazio azpiegituretarako ere, horiek ingurumenaren aldetik bideragarritzat jotzen baitira, betiere prebentzio neurriak, neurri zuzentzaileak eta konpentsazio neurriak, ingurumena zaintzeko programa eta ebazpen honetan ezartzen diren gainerako baldintzak betetzen badira.
Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz (honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretuak), honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Proiektuan A1_1 (1) izena duen eta ingurumen inpaktuari buruzko azterlanean WTG01 izena duen aerosorgailuaren ingurumen inpaktuari buruzko adierazpena egitea, zeina baztertu egin behar baita «Valle H2V Navarra» parke eolikoaren proiektutik.
2. Oibar eta Zangoza udalerrietan, Acciona Proyectos Renovables enpresak hidrogenorako sustatuta, parke eolikoaren eta «Valle H2V Navarra» instalazio fotovoltaikoaren proposatutako gainerako azpiegituren ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena egitea.
3. Jarduera egiteko, jarraitu beharko zaie idazpuruan azaltzen den espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei, bai eta baldintza hauei ere:
i) Proiektuaren baldintza orokorrak:
1. Sustatzaileak ingurumen inpaktuaren azterketan eta haren eranskinetan jasotako eta jendaurreko informazioaren izapideen ondotik onartutako prebentzio neurri, neurri zuzentzaile eta konpentsazio neurri guztiak bete beharko ditu, edo espedienteari emandako informazio osagarrian jasotakoak, baldin eta ebazpen honetan ezarritakoaren aurkakoak ez badira, baita ingurumen inpaktuaren adierazpen honetan zehaztutako baldintza eta neurri gehigarriak ere.
2. Oro har, ebazpen honetan eskatutako neurri guztiak sustatzaileak eraikuntza baimena eskatzeko organo substantiboari aurkeztu beharreko exekuzio proiektuan sartuko dira, Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikulua betez. Dokumentazio horrek ingurumen organoaren oniritzia izan beharko du, aipatu 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluaren arabera. Era berean, lanak bukatzean eta funtzionatzen hasteko baimena eskatu aurretik, ingurumen organoari egiaztatu beharko zaio ebazpen honetan ustiapen aldirako zehaztutako neurri aringarriak eta ingurumen jarraipeneko neurriak programatu edo abiarazi direla.
3. Proiektuaren titularrak baso administrazio eskudunaren aurrean izapidetu beharko du onura publikoko mendia okupatzeko eta zortasuna onartzeko dagokion administrazio prozedura, Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen arabera.
4. Paisaia eraginei dagokienez, lurraldearen antolamenduari eta paisaiari begira eskumena duen organoak proiektuetako lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeari buruz xedatzen duena beteko da.
5. Proiektuak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostenean ezarritakoa bete beharko du, organo substantiboak kontsultaldian sustatzaileari jakinarazita. Nolanahi ere, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola berehala Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: arqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan).
6. Proiektua bertan behera uzteko eta desegiteko fasean, proiektu espezifiko bat aurkeztu behar du sustatzaileak, Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 19. artikuluaren arabera, eta ingurumen arloko organo eskudunen txostena ere beharko du.
7. Lanak hasi baino 72 ordu lehenago gutxienez, Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari jakinarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).
ii) Ondorio adierazgarrienak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriei buruzko baldintzak.
8. Proiektuaren diseinua eta exekuzioa lurzorua eta lurzoruaren morfologia ahalik eta gutxien ukituz egin beharko dira. Horretarako, baldintza hauek beteko dira:
Oro har, ardatz horizontala duten jarraitzaileen gaineko modulu fotovoltaikoak %5eko edo gutxiagoko maldetan bakarrik ezarriko dira. %5etik gorako eta %10erainoko maldetan, modulu fotovoltaikoak egitura finkoen gainean instalatuko dira.
–%5etik gorako eta %10erainoko azaleretan, ardatz bateko jarraitzaileak instalatzen ahalko dira, betiere lurraren profilean aldaketarik egin gabe ezartzeko aukera ematen duten irtenbide teknikoak edo diseinukoak aurkitzen badira.
–Azterketa geotekniko zehatza egin ondotik, modulu edo jarraitzaile fotovoltaikoen euste elementuak lurrean zuzenean tinkatuko dira, ahal den guztietan, pilote edo hormigoizko zapataren erabilera ahalik eta txikiena izan dadin.
–Moduluen euskarrien egiturak lurzoruaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira, lanak egin bitartean guztiz ezinbestekoak diren eremuak soilik ukitzeko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan. Ez da baimenduko lurzoru geruzarik kentzea instalazioaren ezarpenak hartzen duen azalera osoan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi garbitzeak eta lur berdintzeak ez dira eremu osoak ukituz eginen; zimenduen zutoinek osatzen dituzten lerroetarako beharrezkoak diren ukipenak soilik eraginen dira, modulu fotovoltaikoen ezarpen eta/edo funtzionamendu egokirako beharrezkoak direnak.
–Exekuzio proiektuan, malda txikieneko eta lur mugimendu txikieneko eremuetan diseinatu behar dira aerosorgailuen, muntaketa plataformen eta bideen maniobra eremuen kokapenak. Lur erauzketetako ezpondak eta bideetako lubetak eta behin betiko plataformak diseinatzean, konponbide egokienak bilatu beharko dira lur mugimendu txikiena eta ezpondetako landare leheneratzea ahalik eta gehien bermatzeko. Egin beharreko lur erauzketa eta betelanetarako, gehienez 2H:1V-eko maldak izanen dira onargarriak, landareztatzeak emaitza onargarria izan dezan. Eraikuntzaren diseinuaren fasean, Ingurumen Ebaluazioko Atalarekin kontsultatuko da, malda handiagoak egin behar badira.
–Aldi baterako bideak edo plataformak egiteko beharrezkoak diren lur erauzketak eta betelanak lehengo egoera topografikora ekarriko dira eta landareztatu eginen dira.
9. Lanak hasi aitzin, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturalean ahalik eta afekziorik txikiena eraginen da, lan eremua ahalik eta txikiena izanen da eta ukitu ezin diren eremuak balizatu eginen dira. Landaredi naturaleko eremuetan ez da inolako material bilketarik edo isuririk eginen, eta makinak ez dira eremu horietan kokatuko. Lurzatien arteko banaketen mugak eta bertan dagoen landaredia mantentzeaz gain, egon daitezkeen harri metak errespetatuko dira, faunarentzako intereseko lekuak izaten ahal direlako. Neurri hori lurpeko linea elektrikoaren trazadurak eta zangek ukitutako azaleretan ere aplikatzen ahalko da.
10. Lurpeko ebakuazio linearen zangaren trazadura landaredi naturaleko eremuetatik doanean, bideko errodadura bandaren gainetik eginen da zanga ahal bada, bide ertzetik egin beharrean. Lehendik dauden bideak lanak bukatzean lehengoratu beharko dira, beren funtzionalitatea erabat berreskuratu arte.
11. Zanga egitean, errespetatu eginen dira Zangozako 1. poligonoko 45. lurzatian dauden harri lehorreko hormak (7. poligonoko 34. lurzatia, lurzatiak bateratzeko behin betiko erabakia hartu ondoren). Kaltetuak izanez gero, eta betiere konponbide alternatibo egokirik ez badago, ordezko piezak jarri beharko dira, beren funtzionaltasun ekologikoa mantenduz, fauna eta flora dibertsifikatzeko eta babesteko elementu gisa.
12. Lur naturala edo soro landuak dituzten jarduketa eremuetan, landare lurreko geruza aurretiaz kendu beharko da, gutxienez 30 cm-ko sakoneraraino. Material hori berariaz hautatutako tokietan metatuko da, 2 m-tik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, lanak bukatutakoan lehengoratze lanetan erabiltzeko.
13. Lur mugimenduetako soberakinak ahal bezainbeste aprobetxatzeko ahalegina eginen da, obran bertan erabilita. Hondeaketak eta zangaren gauzapena bukatutakoan sobera dauden lurrak nekazaritzako lurzatietan zabaltzen ahalko dira, baina ez hurbileko etzeetan edo landaredi naturalean. Lur soberakinik egotekotan, hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta lehentasunezko helburua izanen da inguruko espazio narriatuak lehengoratzea. Lehengoratzeko lanetan erabiliko ez diren lurrak zabortegi baimendu batera lekutuko dira. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten operazio guztiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute.
14. Lur mugimenduak eurien garaian egiten badira eta euriak sedimentuak eramaten baditu drainatze sare naturalera, drainatze osagarriak eginen dira, jariatze urak solidoei eusteko sistemetarantz bideratzeko; urak drainatze sare nagusian isuri aurretik kokatutako puntuetan ezarriko dira sistema horiek.
15. Areka eta drainatzeen diseinuan eta eraikuntzan egiaztatuko da drainatze sare naturalaren jarraipena, eta saihestuko da higadura gune berriak sortzea eta urak solidoak drainatze sare naturalera eramatea.
16. Obrak hasi aurretik, langile kualifikatuek prospekzio botanikoa eginen dute garai egokian, babes bereziko araubidea duen edo katalogatuta dagoen eta obren eragina jasan dezakeen landare espezieren bateko alerik badagoen zehazteko eta, hala bada, haren gaineko ukipena murrizteko beharrezkoak diren neurriak proposatzeko.
17. Lanak egin bitartean Nafarroako landare eta animalia mehatxatuen katalogoetan edo Espainiako espezie mehatxatuen katalogoan jasotako espezieren bat dagoela detektatzen bada, lanek kaltetzen ahal dutena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.
18. Obrak egitean 15 cm-tik gorako diametro normala duten zuhaitzak kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu beharko zaie Basozainei, hala xedatuta baitago Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean eta hura garatzen duen erregelamenduan.
19. Galdutako landaredi naturalaren azalera konpentsatzeko neurri gisa, bilakaera naturalean utziko dira Zangozako 4. poligonoko 84. eta 85. lurzatietan etengabe okupatutako azaleren baliokideak.
20. Ebakuazio lerroa Solanillo edo Rocaforteko sakanarekin gurutzatzeko, ez da zangarik irekiko. Obrak irailaren 1etik martxoaren 30era bitartean eginen dira, hau da, bisoi europarraren (Mustela Iutreola) ugaltze aldi kritikotik kanpo. Salbuespen gisa, eta faunan eskumena duen teknikariak prestatutako justifikazio txostena ingurumen organoari aurkeztu ondotik, lanak egiten ahalko dira, inguruan belar-sastrakak garbitzen badira, apirilaren 1a baino lehen. Lanak ez badira berehala hasten, belar sastrakak garbitu beharko dira aldian-aldian, landare estalkia ez dadin hazi lanak hasi arte. Belar sastrakak ez badira garbitu apirilaren 1a baino lehen, espezie babestuetan eskumena duen unitatearen berariazko baimena beharko da. Kasu horretan, belar sastrakak eskuz garbitzea bakarrik izanen da bideragarria. Landare estalkia kendu eta 48 ordura hasten ahalko dira lanak.
21. Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Hesia diseinatuko da iragazkortasuna hobetzeko tamaina txikiko faunarentzat, eta ez du elementu zorrotz edo ebakitzailerik izanen.
22. Inguruko hesia seinalez markatzeko neurriak hartuko dira, hegaztiek ikus ditzaten, landare naturalez egindako pantailak eratuz eta/edo plakak jarriz, metalikoak hobe, 15x30 edo 20x20 cm-koak, zuriak edo kontraste handikoak, batetik bestera bi metroko tarte horizontala utziz eta bi ilaratan jarrita, itxituraren altuera desberdinetan, modu alternoan kokatuta.
23. Ingurumen inpaktuaren azterketan aurreikusitako inguruko zuhaixken hesiaren landaketa ez da eginen azpiegiturak ahalik eta gehien ezkutatzeko bakarrik. Espezieen landaketa diseinatu eta hautatzean, ez da erreferentzia formal, irudi geometriko, inausketa edo horrelakorik baliatuko, aitzitik, ahalik eta aniztasun handiena bilatuko da morfologian (zuhaitzak, zuhaixkak, sastrakak eta belarrak) eta espezieetan, ingurumen zerbitzu gehiago sortzeko (loreak, fruituak, konektagarritasuna), eta betiere inguruko landaredi serieetako espezie autoktonoak erabiliko dira.
24. Instalazio fotovoltaikoaren iragazkortasun ekologikoa hobetzeko, perimetro hesia aldatu egin beharko da Zangozako 2. poligonoko 701. lurzatian, korridore ekologiko gisa jardunen duen lotura korridore bat uzteko, A (638.147/4.716.660) eta B (638.128/4.716.551) puntuen artean (UTM ETRS89 koordenatuak, 30N ordu eremua). Hesiak bi poligonal utzi beharko ditu, bata korridorearen ekialdean eta bestea mendebaldean. Korridore bat osatuko dute, iparraldetik hegoaldera, azpiegiturarik gabe, eta gutxienez 10 metroko zabalera izanen du.
25. Helburu berarekin, zuhaixkak eta zuhaitzak landatu beharko dira, inguruko landarediaren geoserie bereko espezieak erabiliz, instalazio fotovoltaikoaren barruti hesituen artean geratzen diren ibilgu natural guztien ertzean. Erreka ez-iraunkor horiek Valle H2V Navarra instalazio fotovoltaikoaren proiektuko «Lehendik dauden azpiegituren gaineko eraginaren» planoan daude ordezkatuta. Aurreko baldintzan deskribatutako korridorean ere eginen dira landaketa mota horiek.
26. Abuztutik urrira bitartean (biak barne), iluntzetik egunsentira arte, 6 m/s-ra handituko da aerosorgailuak abiatzeko haizearen abiaduraren atalasea, horiek baitira kiropteroen jarduera handieneko egunak eta orduak. Neurri hori berrikusten ahalko da saguzarren altuerako jarduera aztertzen bada, egiten dituzten hegaldiak noiz eta zer egoeratan egiten dituzten zehatz-mehatz zehazteko (egunak, baldintza atmosferikoak…); horretarako, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko da.
27. Parke eolikoko aerosorgailu guztientzat talken aurkako detekzio eta gelditze gailuak instalatuko dira. Gailu eraginkorrenak 3Dko zaintza sistemak dira; hau da, ikusmen estereoskopikoa lortzen duten bereizmen handiko kamerak edo radar bidezko detekzio gailuak, hegaztien desplazamendu bektoreak aztertzen dituztenak, haien ibilbideak aurreikusten dituztenak eta, talka egiteko probabilitatea antzemanez gero, denbora nahikoarekin geldialdi indibidualizatuko seinaleak bidaltzen dituztenak talka egiteko probabilitatea saihesteko edo murrizteko. Sistema horiek parke eolikoaren ingurumen segimenduari buruzko informazio ugari ematen dute.
28. Sustatzaileak etxeko abere hilak proiektuaren ingurunean uztearen gaineko jarraipen zorrotza eginen du, hegazti sarraskijaleak erakartzea eta kontzentratzea ekiditeko. Kontrol hori proiektuaren bizitza baliagarri osoan egin beharko da. Sustatzaileak abere hilak behar bezala kendu behar dituztela jakinaraziko die abeltzaintzako ustiategietako titularrei edo parke eolikoaren eragin eremuetako larreak erabil ditzaketenei, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren otsailaren 25eko 46/2014 Foru Agindua aplikatuz. Foru agindu horren bidez, basa faunaren zenbait espezie gizakiek jateko ez diren animalia azpiproduktuekin elikatzeko modua eta Nafarroako Foru Komunitateko hegaztientzako bazkalekuen funtzionamendua arautu zen, eta, horrez gainera, Europar Batasuneko intereseko espezie nekrofagoak elikatzeko babes eremua ezarri, eta funtzionamendurako arauak zehaztu ziren.
29. Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, sustatzaileak jarraipen eta zaintza plan bat entregatu beharko du obra eta funtzionamendu faseetarako. Plan horrek Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren onespena izan beharko du, eta egin beharreko jarduketen metodologiarako proposamena jaso beharko du, eta, zehazki, ebazpen honen II. eranskinean jasotako jarraibideak.
30. Neurri gehigarri gisa, sustatzaileak hegaztien eta kiropteroen ingurumen zaintzako plan bat diseinatu eta egin beharko du «Salajones» parke eolikoan, II. eranskin horretan jasotako jarraibideak betez, eta ebazpen honen xede den «Valle H2V Navarra» parke eolikoan egindako jarraipenaren laginketa ahalegin eta metodologia berarekin.
31. Proiektuaren jarraipena egiten den bitartean ikusten bada baimendutako aerosorgailuak arazoak sortzen dituela hegaztien edo kiropteroen talkek/barotraumak eragindako hilkortasuna dela eta, ebazpen honen III. eranskinean ezarritako baldintzetan, III. eranskin horretan jasotako jarduketa protokoloari jarraituko zaio.
32. Salajones parke eolikoaren heriotza tasa nabarmen handitzen bada erregistro historikoarekiko, oro har, edo haren aerosorgailuren batekiko, bereziki, Acciona Proyectos Renovables para Hidrogeno, SLk neurri osagarriak aplikatu beharko ditu «Valle H2V Navarra» parke eolikoko bi aerosorgailuetan, parke berri horrek aurrekoaren gainean izan ditzakeen ondorio sinergikoak saihesteko. Neurri horiek bi aerosorgailuen abiatze abiadura 5 m/s-tik gorako haize abiaduretara mugatzetik hasten ahalko dira, eta aerosorgailuek gauez edo planteatzen diren beste aldi batzuetan soilik funtzionatuko dute. Neurri horiek Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren oniritzia izan beharko dute. Ingurumen organoak horren berri eman ondoren, eta neurri horiek ezartzen ez diren bitartean, parke eolikoak ez du funtzionatzen ahalko.
33. Parke fotovoltaikoan ingurumen inpaktuaren azterketan proposatutako ingurumen zaintzako programa beteko da. Lehen urtean, ingurumena zaintzeko programan aurreikusitako bisita planarekin bat, inguruko hesiarekin edo modulu fotovoltaikoekin talka egitearen ondorioz hildako hegaztien gorpuzkiak bilatuko dira. Nafarroako edo Espainiako espezie mehatxatuen katalogoetako espezierik aurkituz gero, edo faunaren ezohiko heriotza tasa bat antzematen bada, berehala jakinaraziko zaio Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren eta Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Bigarren ustiapen urtea hasten denetik aurrera, lortutako datuen arabera eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren baimena jaso ondotik, ahalegina murrizten ahalko da.
34. Parke fotovoltaikoko instalazioetan argiteria planteatu bada, ezinbestekoak diren argiak jarriko dira soilik. Kanpoko argiztapena erabiliko da behar den lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.
35. Modulu fotovoltaikoak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiltzea gomendatzen da, eta, behar berezia izanez gero, sasi garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.
36. Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa bada, behar diren baimenak aldez aurretik lortuta egin beharko da, eta bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliko dira, guztiz debekaturik dagoelako pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.
37. Panel fotovoltaikoak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.
38. Ingurumen inpaktuaren adierazpena argitaratu eta ondoko hiru urteetan ez bada parke eolikoa eraikitzen hasten, eta adierazpena berritzeko eskatu nahi bada (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikulua), urteko beste azterketa bat egin beharko da hegazti-faunaren eta kiropteroen espazioaren erabilerari buruz. Sustatzaileak azterketa hori aurkeztu beharko du, adierazpena berritzeko eskaerarekin batera.
39. Eraikitzeko administrazio baimenaren eskaerarekin batera, sustatzaileak ingurumena lehengoratzeko proiektu xehatua eta aurrekontuduna aurkeztu beharko du. Proiektu hori Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak gainbegiratu eta baliozkotu beharko du, Nafarroako parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15.1 artikulua betez. Inguruko landaredi serieko eta geoserieko espezie autoktonoak erabiliko dira landareztatzeko. Zurezko eta basogintzako landareen haziak ingurukoak bertakoak izanen dira, Ekoizpeneko Baso Materiala Identifikatzeko eta Erabiltzeko Eskualdeetako arauen arabera. Obrak burutu eta 6 hilabete igaro baino lehen burutu beharko dira landareztatze lanak. Landaketak eta hidroereiteak garai onuragarrien, klima baldintzen eta abarren mende daudenez, lanak bukatu eta hurrengo aldeko aldi begetatiboan eginen dira. Landaketen, ereiteen eta hidroereiteen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, proiektuaren bizitza baliagarri osoan zehar.
40. Lanak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta lanen hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Lanek eragindako gainazal guztiak, aldi batez eragindakoak barne, harrotu eginen dira eta, behar izanez gero, landare lurraren geruza batez estaliko dira, zeina lehenago kendu eta behar bezala pilatuko baita. Obrak burutzen direnetik sei hilabete igaro baino lehenago, gainazal horietan belardiko inguruko espezie autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da, lurrak laborantzarako erabili ezean.
41. Proiektuaren bizitza baliagarria bukatuta, instalazio guztiak deseginen dira, eta okupatutako lurrak jatorrizko egoerara lehengoratuko dira. Uzte eta eraispen faseak lehengoratze proiektu espezifiko bat izan behar du; sustatzaileak aurkeztuko du, eta ingurumen arloko organo eskudunen txostena izan beharko du.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Basozainei, Tafalla-Zangoza aldeko Koordinazio Unitateari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–JENDAURREKO INFORMAZIOAREN IZAPIDEAREN EMAITZA
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluan adierazitakoa betez, Trantsizio Energetikoaren, Proiektu Estrategikoen eta S4ko Zuzendaritza Orokorrak 30 egun baliodunez jendaurrean jarri zituen "Valle H2V Navarra" parke eolikoaren proiektuak eta ingurumen inpaktuaren azterketak, soberakinik gabeko autokontsumokoak eta 23,6 MW potentzia instalatukoak, 4 aerosorgailuk osatuak, eta "Valle H2V Navarra" instalazio fotovoltaikoarenak, soberakinik gabeko autokontsumokoak eta 25,025 MW potentzia instalatukoak, eta haien eraldaketa eta ebakuazio azpiegiturenak, Acciona Proyectos Renovables para Hidrógeno, SLUk sustatua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2023ko azaroaren 30eko 249. zenbakian iragarkia argitaratuta.
Bost alegazio jaso dira:
–1. alegazioa Sustrai Erakuntza Fundazioa.
–2. alegazioa, Zangozako EH BILDUren Udal Taldea.
–3. alegazioa, Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkartea.
–4. alegazioa, Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkartea.
–5. alegazioa, Enigma Green Power 10, SLU.
Sustatzaileak aldaketa jakin batzuk egin ditu izapidetzean ezarritako baldintzak betetzeko, eta ondorio berberetarako, Energiaren, Enpresen I+G+Bren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritza Nagusiak informazio publikoko bigarren izapide bat egin du 30 egun baliodunez, "Valle H2V Navarra" parke eolikoaren ingurumen inpaktuari buruzko proiektu eta azterlanetan. Parke hori 3 aerosorgailuk osatzen dute, soberakinik gabeko autokontsumorako eta 21 MW potentzia instalatuko, eta "Valle H2V Navarra" instalazio fotovoltaikoak, soberakinik gabeko autokontsumorako eta 25,025 MW instalatutako potentziarako, eta transformazio eta ebakuazio azpiegiturek, Acciona Proyectos Renovables para Hidrogeno, SLUk sustatuta, 2024ko irailaren 3ko 179 zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkiaren bidez.
Bost alegazio jaso dira:
–1. alegazioa Zangozako EH BILDUren Udal Taldea.
–2. alegazioa, Landazuria-Erriberako Ekologistak Martxan elkartea.
–3. alegazioa, Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan elkartea.
–4. alegazioa, Sustrai Erakuntza Fundazioa.
–5. alegazioa, Nora Okariz Moran andrea.
–Eragindako administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako kontsulta tramitearen emaitza.
–Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien eragindako erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso zituen:
ERAKUNDEA | TXOSTENA |
Ingurumen Ebaluaziorako Atala | X |
Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atala | |
Zangozako Udala | |
Oibarko Udala | |
Rocaforteko Kontzejua | |
Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea | |
Baso Plangintzarako Atala | X |
Ondare Arkitektonikoaren Atala | X |
Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala | X |
Zainketa Zerbitzua (Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia) | |
Nasertic | X |
I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU | X |
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa | X |
Nedgia Navarra SA | X |
Vodafone Ono, SAU | |
Smurfit Kappa Navarra, SA |
–Izapidetze aldian ezarritako baldintza betetzeko, sustatzaileak zenbait aldaketa egin ondoren, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso zituen:
ERAKUNDEA | TXOSTENA |
Ingurumen Ebaluaziorako Atala | X |
Paisaiaren eta Landa lurzoruaren Atala | X |
Zangozako Udala | |
Oibarko Udala | |
Rocaforteko Kontzejua | |
Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitatea | |
Herri-lurren Atala (Abelbideak) | X |
Ondare Arkitektonikoaren Atala | |
Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala | |
Zainketa Zerbitzua (Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia) | X |
Nasertic | |
I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU | |
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa | |
Nedgia Navarra SA | X |
Vodafone Ono, SAU | |
Smurfit Kappa Navarra, SA | X |
II. ERANSKINA.–PARKE EOLIKOAK USTIATZEKO FASEAN HEGAZTIAK ETA KIROPTEROAK INGURUMENEAN ZAINTZEKO PLANA
Parke eolikoak ustiatzeko fasean, inguruko hegazti-faunaren eta kiropteroen segimendua egin beharko da, dokumentu honetan adierazitako jarraibideak kontuan hartuta.
Gutxieneko neurrien dokumentu bat da, non parke guztiek bete beharreko jarraibide komunak ezartzen diren, horien guztien emaitzak konparagarriak izan daitezen.
1. Espazioaren erabilera:
1.1. Hegazti-fauna:
Parkea martxan jarri eta hiru urtera, hegazti-faunak espazioa nola erabiltzen duen aztertuko da urteko ziklo oso batean, martxan jarri aurreko metodologia berarekin, aurreko eta ondorengo egoerak alderatzeko. Emaitzaren arabera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren orientaziopean neurri berriak egokitzea edo aplikatzea baloratuko da.
Ustiapen fasean potentzialki kaltetutzat jotzen diren espezie katalogatuen urteko erroldak, edo kontuan hartu beharreko beste batzuenak, parkearen funtzionamenduaren lehenbiziko bost urteetan eginak, proiektua abian jarri aurretiko eta ondorengo populazioak alderatzeko.
1.2. Kiropteroak:
Parkea martxan jarri eta hiru urtera, aldez aurreko ingurumen eraginaren azterketan egindako laginketa bera eginen da, eta bi lanen emaitzak alderatuko dira.
Segimendu osagarri gisa, laginketa bat eginen da ultrasoinuen grabagailuekin, gondolatik, mikrofonoa gondolaren atzealdean eta behealdean jarrita. Uztailaren 1etik urriaren 30era bitartean eginen da etengabe, gutxienez 5 aerosorgailutik 1ean; saguzarrentzat egokienak diren eremuetan daudenak aukeratuko dira (zuhaitzetatik, hezeguneetatik, harkaitzetatik, heskaietatik edo ganadua duten eremuetatik hurbil daudenak). AESAren araudia betetzeko argiztapena duen aerosorgailuren bat sartu beharko da. Lan hori parkea martxan jarri eta hurrengo bost urteetan eginen da, eta gutxienez elkarren segidako bi urtetan.
Parkean eta altuera berean (gondoletan edo dorre meteorologikoetan) jasotako parametro klimatikoekin (haizearen intentsitatea, tenperatura, prezipitazioa) lotutako hegaldiak aztertuko dira. Urtean behin txosten bat aurkeztuko da lortutako emaitzekin, arriskuen azterketarekin eta, behar izanez gero, gomendatutako neurri zuzentzaileekin.
Koloniak berraztertzea: parkearen inguruko 5 km-ko erradioan aerosorgailuak egoteagatik kalteberatasun handia duten saguzar espezieen koloniak ezagutzen badira, kolonia horien errolda eginen da funtzionamenduaren lehenbiziko hiru urteetan. Errolda koloniaren presentzia ezagutzen den estazioetan eginen da. Talde horretan Pipistrellus, Hypsugo, Eptesicus, Nyctalus, Vespertilio, Miniopterus eta Tadarida generoetako espezieak daude. Begiratuko da ea koloniaren tamainak behera egiten duen parkea instalatu aurreko egoerarekin alderatuta, baita parke barruan espezie horietako aleak hilda dauden ere.
ESPEZIE KATALOGATUEN POPULAZIOEN AZTERKETETAN KONTUAN HARTU BEHARREKO GUTXIENEKO | |
Talde taxonomikoak | Erradioa (km) |
Hegazti nekrofagoak | 15 |
Kiropteroak | 5 |
Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk | 5 |
Gainerako hegaztiak | 1 |
2. Hegaztien eta kiropteroen hilkortasunaren kontrola:
2,1. Aerosorgailuak:
–Parke eolikoa martxan jarri ondoko lehen hiru urteetan, instalazioko aerosorgailu guztietan izandako gorabeheren segimendua eginen da. Segimendu fase horretan, eta hilabete arteko zifra konparagarriak edukitzeko, astero berrikusiko dira aerosorgailuak.
Funtzionamenduaren laugarren urtetik aurrera, lortutako datuen arabera, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimena eman ondoren, ahalegina murrizten ahalko da, baina inoiz ez da izanen instalatutako aerosorgailuen %40 baino gutxiago, eta hilean behin berrikusiko dira.
Aerosorgailu bakoitzaren azterketa eremua zirkularra izanen da. Eremu horren diametroa errotorearen diametroa baino %10 handiagoa izan behar da, gutxienez. Azalera hori lurraren eta landaretzaren ezaugarrietara egokitu beharko da, bilaketa gehiegi zailtzen dutenean. Horretarako, aerosorgailu bakoitzaren laginketarako azalera erreala definitu eta kartografiatu beharko da azterketa eremuaren barruan.
Laginketak oinez eginen dira. Aerosorgailuaren berrikuspen azalera estaltzen duten trantsektu paraleloen bidez eginen dira. Trantsektuak elkarrengandik gehienez 15 metro bereizita egonen dira. Aerosorgailu bakoitzaren laginketan emandako denbora ez da 40 minututik beherakoa izanen.
Aerosorgailuen azterketak hegazti eta kiropteroen gorpuzkiak detektatzeko trebatuta dauden miaketa txakurrekin batera eginen dira.
Laginketetatik kanpo hautemandako gorabeherak bereizita erregistratu eta kontuan hartu beharko dira.
Hautemandako gorpuzki bakoitzerako, bai laginketetan, bai haietatik kanpo, fitxa bat bete beharko da, eta gutxienez honako datu hauek erregistratuko dira:
–Parke eolikoa.
–Ustez zer aerosorgailutan gertatu den gorabehera.
–Zer egunetan aurkitu den.
–Espeziea.
–Adina eta sexua, zehazten ahal badira.
–GPS bidez lortutako UTM koordenatuak.
–Gorpuzkien kokapena, hurbilen dauden aerosorgailuekiko (distantzia eta orientazioa).
–Zaurien deskribapena.
–Gorpuzki mota (adibidez, gorpu osoa, hegalak, lumak, etab.).
–Gorpuzkiaren egoera: berria, partzialki usteldurik, janda, hezurrak…
–Gorpuzkia laginketetan ala haietatik kanpo aurkitu den.
–Nork aurkitu duen gorpuzkia.
2.2. Linea elektrikoak:
Lehenengo bi urteetan, gutxienez hiru hilean behin, linea elektrikoetan talka egin duten edo elektrokutatu diren hegaztien gorpuzkiak bilatuko dira. Hirugarren urtetik aurrera, aldizkakotasuna eraginaren ezaugarrietara egokitzen ahalko da, segimendua egiteko ahalegina handituta edo murriztuta.
Azterketak sigi-saga ibiliz eginen dira, abiadura konstantean, linea elektrikoaren trazaduran zehar eta alde bakoitzean 25 m hartuta. Luzera handiko linea elektrikoen kasuan, gorabeheren bilaketa 5 km-ko sekzioetan egin daiteke. Sekzio horiek sistematikoki aztertuko dira trazadura osatu arte.
2.3. Dorre meteorologikoak:
Bilaketa metodoa aerosorgailuetakoa bera da, baina bilaketa eremua dorre meteorologikoaren kable tenkatzaileek hartzen duten azalera izanen da. Aerosorgailuetan egiten den maiztasun berarekin egiten ahal dira azterketak.
3. Gorpuzkiak desagertzeko tasaren eta bilaketaren eraginkortasunaren azterketa.
Gorpuzkien desagertze tasa eta bilaketaren eraginkortasuna aztertuko dira, SEO/BirdLife-ren "Parke eolikoek hegazti eta saguzarretan duten eragina ebaluatzeko jarraibideak" dokumentuan (3.0 bertsioa edo ondorengoak) ezarritako jarraibideen arabera.
4. Gorabeheren jakinarazpena:
Katalogatutako espezieak: berehala bidali behar da mezu elektronikoa Ingurumen Ebaluaziorako Ataleko Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), gorabeheraren fitxa erantsita.
Gorabeherak hilean behin jakinaraztea: Ingurumen Ebaluaziorako Atalak Accesseko datu base bat emanen du, eta bertan gorabehera guztiak sartu beharko dira (espezie sentikorrak barne). Datu base hori hilero bidali beharko da posta elektronikoz Ingurumen Jarraipenaren Bulegora (seguimiento.ambiental@navarra.es), argazkirik gabe, aiseago erabiltzeko.
III. ERANSKINA.–ARAZOAK SORTZEN DITUZTEN AEROSORGAILUEKIN JARDUTEKO PROTOKOLOA
Segimenduak erakusten badu aerosorgailuren batek hegaztien edo kiropteroen heriotza eragiten duela talken ondorioz, sustatzaileak jarduteko protokolo honen arabera jardunen du.
1. Espezie mehatxatuen estatu mailako eta erkidego mailako katalogoan "galzoriko espezie" edo "espezie ahul" gisa sailkatuta dagoen espezieren batekin talka eragiten duten aerosorgailuak.
1.1. Aerosorgailu batekin aurreko bost urteetan ez badu talka egin arriskuan dagoen ezein espeziek: talka detektatu bezain laster sustatzaileak aerosorgailuaren funtzionamendua kautelaz geldiaraziko du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es), ingurumen organoa denez gero. Sustatzaileak ahalik eta lasterren aztertuko ditu kausak; talka arriskua berraztertuko du, eta ingurumen organoari neurri aringarri batzuk proposatuko dizkio, aerosorgailuaren diseinuaz edo funtzionamenduaz gain, baita konpentsazio neurri batzuk ere, arriskuan dagoen espeziearen populazioari eragindako galeragatik. Hori guztia egin ondoren eta ingurumen organoak ezartzen dituen neurri gehigarriak aplikatu ondoren (ezarriz gero), sustatzaileak berriz ere abian jartzen ahalko du aerosorgailua, horrek ontzat emanez gero. Halaber, aerosorgailuak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien gauzatzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.
1.2. Aurreko bost urteetan aerosorgailu berean beste talka bat izan bada espezie mehatxatu batekin: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak aerosorgailuaren kautelazko geldialdia eginen du, eta horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Sustatzaileak aerosorgailuaren ingurunean ukitutako espezieen populazioaren azterketa xehatua eginen du (kontuan hartu beharreko gutxieneko distantziak, 1. taularen arabera) urteko ziklo batean, espeziaren migrazio pasabideak barne. Talka arriskuaren azterketa berrikusiko du, eta beste ebaluazio bat eginen du espeziearen gainean dituen ondorioei buruz (iraungitze faktorea tokiko eskalan, hustubide efektua…). Prebentzio neurri gehigarri batzuk proposatuko dizkie biodibertsitatearen arloko organo substantiboari eta organo eskudunari, istripu berrien arriskua saihesteko (hala nola migrazio igarobideetan funtzionatzeari uztea, espeziea dagoen garaietan eta jarduera ordutegietan edo bestelako arrisku egoeretan funtzionamendua etetea, edo aerosorgailua eraistea) eta arriskuan dagoen espeziearen populazioari eragindako kalte berriagatik konpentsazio neurriak ordaintzeko. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ez du berrabiarazten ahalko aerosorgailuaren funtzionamendua, eta organo substantiboak biodibertsitatearen arloan eskumena duen organo autonomikoak proposatuta espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin. Halaber, aerosorgailuak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, baita neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien ezarpen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.
1. TAULA.–KATALOGATUTAKO ESPEZIEEN POPULAZIOEN | |
Talde taxonomikoak | Erradioa (km) |
Hegazti nekrofagoak | 15 |
Kiropteroak | 5 |
Arrano handiak, uretako hegaztiak eta beste hegazti planeatzaile batzuk | 5 |
Gainerako hegaztiak | 1 |
1.3. Aurreko bost urteetan aerosorgailu beraren eta arriskuan dagoen espezie baten arteko bi talka edo gehiago badaude: talka hauteman bezain laster, sustatzaileak horren berri emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es), eta mehatxatutako espeziearen populazioari egindako kalte berria konpentsatzeko neurriak proposatuko dizkie. Aerosorgailuaren funtzionamendua behin betiko geldituko du, eta lehenbailehen desegin beharko du, salbu eta organo substantiboak, biodibertsitatearen arloan eskumena duen organoak proposatuta, salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu funtzionatzen jarraitzeko, istripu berririk gertatu ezin diren baldintza berrietan.
2. Arriskuan ez dauden Babes Bereziko Erregimeneko Basaespezieen Zerrendako (nazionala edo Nafarroakoa) espezieekin talka eragiten duten aerosorgailuak:
2.1. Urte batean aerosorgailu batek 2. taulan adierazitako heriotza atalaseren bat gainditzen badu, arriskutsutzat joko da. Sustatzaileak kautelaz geldituko du funtzionamendua, eta horren berri eta urteko heriotza tasaren analisiaren emaitza emanen die organo substantiboari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari (seguimiento.ambiental@navarra.es). Une horretatik aurrera, aerosorgailu arriskutsua geldirik edukita, sustatzaileak aerosorgailuaren talka arriskua aztertuko du, eta organo substantiboari eta biodibertsitatearen arloko organo eskudunari istripu gehiagoren arriskua nabarmen murrizten edo baztertzen duten neurri aringarri gehigarriak proposatuko dizkie. Aurreko jarduketa guztiak egin ondoren ingurumen organoak espresuki horretarako baimena emanez gero soilik jartzen ahalko du aerosorgailua berriz martxan. Era berean, martxan jarri ondoren, sustatzaileak jarraipena eginen dio ezarritako neurri aringarri gehigarrien eraginkortasunari. Halaber, sustatzaileak urtebeteko hurrengo bost aldietan areagotu eginen du aerosorgailu arriskutsu horiek eragindako hilkortasunaren jarraipena, bai eta ezarritako neurri aringarri gehigarrien gauzatzea eta haien eraginkortasunaren jarraipena ere.
2.2. Aurreko apartatuan adierazitako aerosorgailu arriskutsu baten jarraipen bereziko bost urteko aldian horrela jarraitzen duela egiaztatzen bada, eta Babes Bereziko Erregimenean dauden Basaespezieen Zerrendan (estatu mailakoan edo foru komunitatekoan) sartutako mehatxatu gabeko espezieen talka eragiten jarraitzen badu, eta aurreko apartatuan adierazitako atalaseak gainditzen baditu berriz urteren batean, neurri aringarri gehigarriak hartu arren, aerosorgailua behin betiko gelditu eta deseginen da, salbu eta organo substantiboak (biodibertsitaterako organoak proposatuta) salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu beste istripurik gerta ez daitekeen baldintza berri batzuetan funtziona dezan.
2. TAULA.–AEROSORGAILU BAT ARRISKUTSUTZAT JOTZEA ERAGITEN DUTEN BBEBZ-KO ESPEZIEEN | |
Talde taxonomikoa | Talka kop. urteko |
Eguneko harrapariak (akzipitriformeak eta falkoniformeak) eta gauekoak (strigiformeak), sai arrea izan ezik | 3 |
Sai arrea (Gyps fulvus) | 5 |
Itsas hegaztiak (gabiformeak, prozelariformeak eta pelekaniformeak), uretakoak (antseriformeak, podizipediformeak, zikoniformeak eta fenikopteriformeak), larolimikolak (karadriformeak), gruiformeak, pterokliformeak eta kaprimulgiformeak | 5 |
Galliformeak, kolunbiformeak, kukuliformeak, apodiformeak, koraziformeak, piziformeak eta paseriformeak | 10 |
Kiropteroak | 5 |
Iragarkiaren kodea: F2601066
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
