1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
3E/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 20koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Kasedako udal mugartean elikagaien bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Viscofan España SLU da, eta hark egin du aldatzeko eskaera.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 14ko 318E/2025 Ebazpenaren bidez aldatu zena.
2025eko abuztuaren 1ean, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzea; zehazki, eskatu zuen aldatzea NOx emisioaren gehieneko muga 6C eta 7C fokuetan.
Izan ere, gehieneko emisio muga horiek ezarri ziren aurreikusita zegoelako galdara horien erregailuak ordeztea (gasolioa eta gas naturala erretzen dituzte), halako moduz non emisioaren balioa 100 mg/Nm³-koa izanen baitzen. Balio hori da, hain zuzen, errekuntza instalazio ertain berrietarako (salbu motorrak eta gas turbinak) ezarrita dagoena abenduaren 22ko 1042/2017 Errege Dekretuaren II. eranskineko 2. zatiko 1. koadroan. Errege dekretu horren bidez, errekuntza instalazio ertainetatik atmosferara egiten diren zenbait agente kutsatzaileren emisioak mugatu ziren eta eguneratu zen Airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen IV. eranskina.
Titularrak justifikatu du erregailuak ez direla aldatu; aitzitik, egokitu egin dira, bi erregaiak erre ahal izateko. Hori dela eta, galdarak egon badaudela ulertzen da, eta haiei aplikatu beharreko emisio muga 200 mg/Nm³-koa da. Balio hori da 1042/2017 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1. zatiko 2. koadroan ezarrita dagoena errekuntza instalazio ertainetarako, baldin eta 5 MW-etik gorako potentzia termiko izendatua badute eta ez badira motorrak edo gas turbinak.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla ulertzen da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Onartzea elikagaien bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Kasedako udal mugartean dago eta haren titularra Viscofan España SLU da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Viscofan España SLUri, Kasedako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 20an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Larrañeta Nido.
Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2600729