Iragarkia
38. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
4E/2026 FORU AGINDUA, otsailaren 3koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, 2026an euskara sustatzeko irabazi asmorik gabeko gizarte entitateendako dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN kodea: 885022.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoak premiatzen ditu euskararen presentzia sustatzera gizarteko eremu guztietan, euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko, baita eskubide hori benetako bihurtzeko tresnak zehaztera ere.
Legezko betebehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak euskararen presentziari eta gizarte bizitzako eremu guztietan euskararen erabilerari buruz sentsibilizatzeko programak egiteko eginkizuna du, bai eta helburu bera duten erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzeko eginkizuna ere, bat etorriz erakunde autonomo horren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.
Horrenbestez, komenigarritzat jotzen da 2026an euskara sustatzeko irabazi asmorik gabeko gizarte entitateendako dirulaguntzak ematea. Norgehiagoka emanen dira.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz,
AGINTZEN DUT:
1. 2026an euskara sustatzeko irabazi asmorik gabeko gizarte entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
B30002-B3200-4819-334100: Irabazi asmorik gabeko gizarte entitateendako laguntzak euskara sustatzeko | 2026 | 740.000,00 |
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Gai Administratiboak, Langileria eta Azpiegiturak Kudeatzeko Atalera, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.
6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2026ko otsailaren 3an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.
I. ERANSKINA.–IRABAZI ASMORIK GABEKO ENTITATEENDAKO LAGUNTZEN DEIALDIA, 2026AN EUSKARA ETA HAREN PRESENTZIA SOZIALA SUSTATZEKO
1.–Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da laguntzea irabazi asmorik gabeko entitateei (publikoak ez direnei) programak eta jarduerak finantza ditzaten euskararen gaineko sentsibilizaziorako eta euskararen erabilera sustatzeko eta errazteko Nafarroako gizartearen zenbait esparrutan (2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitarte egindakoak, biak barne).
2.–Pertsona edo entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroan helbideraturik dauden irabazi asmorik gabeko entitateek, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta dirulaguntzaren xedeko jarduerak Foru Komunitatearen barrenean egiten badituzte. Halaber, deialdi honetan parte hartzen ahalko dute egoitza soziala Nafarroan izan ez arren, Nafarroan egiten diren eta nafarrei zuzenduta dauden programak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteek.
Deialdi honetara aurkezten diren eta laguntzak jaso nahi dituzten fundazioek, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legearen 49. artikuluaren arabera, kontuak dagokien babesletzari aurkezteko betebeharrak bete beharko dituzte laguntzak jaso ahal izateko.
3.–Aurrekontuetako egozpena.
3.1. Dirulaguntzak honako partida honen kargura egotziko dira: B30002-B3200-4819-334100: Laguntzak, irabazi asmorik gabeko gizarte entitateei, euskara sustatzeko (Nafarroako Gobernuko 2026ko gastu aurrekontuetako partida). 740.000 euroko zenbatekoa du.
3.2. Laguntzen zenbatekoa balorazio batzordeak zehaztuko du, bederatzigarren oinarrian ezarritako irizpideak aplikatu ondoren lortutako puntuazioaren arabera, harik eta deialdian esleitutako zenbateko osoa agortu arte.
4.–Jarduera diruz lagungarriak.
4.1. Deialdi honetan, lehentasuna emanen zaie euskararen presentzia eta erabilera areagotzen laguntzen duten jarduerei eta programei, gehienbat gazteei eta haurrei zuzendutakoei. Era berean, positiboki baloratuko dira ibilbide luzea duten eta luzaroan irauten duten jarduerak.
Jarduera hauek lagunduko dira diruz:
a) Euskararen erabilera sozialarekin eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin zuzenean lotutako jarduerak, jendeari zuzenduak. Besteak beste, hauek izanen dira euskarazko jarduerak: prestakuntza-tailerrak, antzerki-emanaldiak, liburuen aurkezpenak, hitzaldiak, konferentziak, mahai-inguruak, bertsolaritza-emanaldiak, euskarazko pelikulen proiekzioak, etab.
b) Kontzientziazio eta sentsibilizazio jarduerak, hala nola:
–Euskararen erabilera sustatzen duten efemerideak edo bestelako ekimenak ospatzea, lotuta daudenak euskararekin, kulturarekin, tradizioekin, hizkuntzaren historiarekin edo euskararen garapenean garrantzia izan duten pertsonaiekin.
–Euskararen aldeko mezu positiboak zabaltzen dituzten kanpainak.
c) Programak, xedea dutenak tokian tokiko euskararen ondarea (abestiak, ipuinak, tradizioak, bertsoak, euskalkiak..) biltzea, babestea eta aktibatzea, jendartean erabil dadin.
d) Monitore, hezitzaile eta entrenatzaileendako trebakuntza jarduerak eta baliabideak (hizkera berezitua, materialak), batez ere euskararen ahozko erabilera dinamizatzeko estrategietan, haur eta gazte taldeetan, gazteen hizkuntza gaitasuna sendotzeko zenbait esparrutan (aisialdia, kirola, kultura, denbora librea...).
e) Bertsolaritzan trebatzeko jarduerak, jendeari oro har zuzendutakoak, betiere 8 ikasle baino gehiagoko taldeak badira eta ikastetxeetako guraso elkarteek antolatutako jarduerak ez badira.
f) Elkarteetako aldizkari ez-profesionalak, euskararen normalizazioa helburu nagusi dutenak.
g) Deialdi honetan ezarritako irizpideak betez, migratzaileak euskara ikastera erakartzeko jarduerak.
Salbuespen gisa, gaztelaniaz egiten diren jarduerak lagunduko dira diruz. Kasu horietan, euskararen normalizazioa sustatu beharko dute (adibidez, euskal toponimiari buruzko hitzaldiak) euskaldunak % 10 baino gutxiago diren eremuetan.
Jarduera guztietan genero-berdintasuna sustatuko da; esate baterako, edukien diseinuan eta garapenean, jardueren hedapena egiteko euskarri grafikoetan, hizkera ez-sexistaren erabileran eta parte-hartzaileen parekotasunean.
4.2. Honako hauek deialdi honetatik kanpo gelditzen dira:
a) 4.1.a puntuan adierazitako jardueren aldez aurreko prestaketa eta koordinazioko lanak (bilerak, langileen prestakuntza, etab.), bai eta elkarteko kideei zuzendutako elkarteen barneko koordinazioarekin lotutako jarduerak ere.
b) Entitateko funtzionamendu gastuek ez dute laguntzarik jasoko deialdiko jarduera diruz lagungarriekin zuzenean lotuta ez badaude.
c) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu edo unitate batzuei dagozkien edo haien eskumenekoak diren jarduerak edo ekintzak. Orobat, euskararen presentziarik ez dutenak diseinuan, publizitatean nahiz lotutako euskarrietako edozeinetan.
d) Eskolaz kanpoko jarduerak, guraso elkarteek antolatutako aisialdiko jarduerak eta Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko ikastetxeetan egiten direnak.
e) Beste jarduera batzuk, besteak beste, kanpalekuak, txangoak, bazkariak eta aperitiboak, artisautza-azokak, dantzaldiak, ikuskizunak eta kirol-lehiaketak, etab., ez badute harreman zuzenik deialdiaren xedeekin.
f) Musika kontzertuak.
g) Euskara sustatzeko programetan sartutako jarduerak izanda ere, euskararen erabilerarekin zuzeneko lotura ez dutenak.
h) Itzulpenak (liburuak, web-orrialdeak, materialak...).
i) Liburuen edizioak.
j) Eremu euskalduneko eta mistoko herrietako festetako jarduerak.
k) Genero-berdintasuna bermatzen ez duten jarduerak eta programak.
l) Sariak, opari-txekeak, merchandisinga...
m) Inbertsioak (ordenagailuak, kamerak, mikrofonoak, altzariak, etab.).
n) Dietak (ostatuak eta otorduak).
5.–Gastu diruz lagungarriak.
5.1. Zuzeneko gastuak.
Zuzeneko gastu diruz lagungarriak dira behar-beharrezkoak direnak, dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin zalantzarik gabeko lotura dutenak eta proiektu nahiz jarduera diruz lagungarria bukatzeko epea baino lehen egiten direnak.
Honelako gastuek zuzeneko lotura izan behar dute onetsitako jarduera nahiz programa antolatu eta gauzatzearekin, esaterako: material suntsikorra erostea edo ekipamendua alokatzea, lokalak alokatzea eta langileak nahiz zerbitzuak kontratatzea.
5.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak.
Elkarteen ohiko funtzionamenduarekin lotutako gastuak zeharkako gastutzat hartzen dira, hala nola: elkarteko administrazio eta kudeaketa eginkizunak betetzeko kontratatutako langileak; bulegoko materiala eta material informatiko suntsikorra; kontabilitateko eta laneko aholkularitza; aseguru orokorrak; argia, telefonoa eta Interneta, posta eta mezularitza. Gastu horiek jarduerak gauzatzeko egun zehatzen arabera soilik egotziko dira; hots, ekintza diruz lagunduak zehazki zenbat egun edo denboratan egin diren, horren araberako gastua aplikatuko da. Gastu horiek justifikatzeko, laguntza eskaeran bi aukera hauetakoren bat aukeratzen ahalko da:
a) Zeharkako gastutzat hartuko da zuzeneko kostu diruz lagungarrien % 7, eta Euskarabideak zuzenean aplikatuko du ehuneko hori justifikatutako zenbatekoaren gainean. Beraz, entitateek proposatutako jardueren zuzeneko gastuak bakarrik aurkeztu beharko dituzte.
b) Zeharkako gastutzat hartuko da onartutako aurrekontuaren % 10, eta Euskarabideak ehuneko hori justifikatutako zenbatekoaren gainean aplikatuko du. Entitateek proposatutako jardueren zuzeneko gastuak bakarrik kontabilizatu beharko dituzte excel dokumentuan, baina justifikatzeko orduan, zeharkako gastuen % 10 horren fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte.
5.3. BEZa.
Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) gastua ez da konputatuko, berreskuratu ezin duten entitateen kasuan izan ezik. Elkarteak eskaeran zehaztu beharko du BEZa berreskuratzeko aukerarik duen.
BEZa berreskuratzen ahal duten entitateak izanen dira V. eranskineko BEZik gabeko prezioen zutabea (zenbatekoa BEZik gabe) bete beharko duten bakarrak.
6.–Eskaerak aurkeztea.
6.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten entitateek Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionaleko laguntza izapidetzeko fitxaren bidez egin beharko dute eskaera, helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-gizarte-entitateendako-laguntzak-euskara-sustatzeko.
6.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.3. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat izatea; Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da, zeina helbide honetan eskura baitaiteke: https://www.sede.fnmt.gob.es/certificados/certificado-de-representante/persona-juridica/solicitar-certificado.
7.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
7.1. Honako dokumentu hauek aurkeztuko dira, ZIP/RAR fitxategi batean konprimatuta:
a) Eskaera, behar bezala beteta.
b) Legez eratua izatearen frogagiriak (elkartea erregistratzeko akta, estatutuak eta identifikazio fiskaleko kodearen txartela).
Entitate eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriz aurkeztea, jarraikiz 39/2015 Legearen 53.d) artikuluari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan aurkeztu zen eta noiz aurkeztu zen edo, kasua bada, administrazioak noiz eman zuen.
Bide hau ez da erabiltzen ahalko agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan badira.
c) Entitateko arduradunaren aitorpena, adierazteko betetzen dituztela azaroaren 9ko Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako betebeharrak (aski da eskaeraren inprimakian klik egitea).
d) Jardueren proiektua. Honako informazio hau bildu beharko du gutxienez: proiektuaren deskripzio laburra, helburuak, aurreikusitako jarduerak, ezarritako datak eta proposatutako programen nahiz jardueren xede diren pertsonak (II. eranskina).
e) Proiektuaren aurrekontu zehaztua (III. eranskina): zehaztuko dira gastuak (gogoan izan: soilik zuzeneko gastuak), diru-sarrerak eta aurreikusten diren laguntzak.
f) Entitateak zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten agiriak. Langilerik kontratatuta ez duten eta, beraz, Gizarte Segurantzan alta emanda ez dauden entitateek eskaeran adierazi beharko dute.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea izapidetu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga-betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.
g) 16. oinarrian araututako gardentasun betebeharrak betetzen direla justifikatzeko dokumentazioa erantsi beharko da, laguntza izapidetzeko fitxan aktibatuko den botoiaren bidez, laguntzak esleitzeko ebazpena argitaratu ondoren. Dokumentazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-gizarte-entitateendako-laguntzak-euskara-sustatzeko.
h) Laguntza honetara lehen aldiz aurkezten diren entitateak edo aurreko urteetan emandako banku-daturen bat aldatu nahi dutenak esteka honetan sartu beharko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.
7.2. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEB) bidez eginen da errekerimendu hori. https://dehu.redsara.es/.
7.3. Elkarte bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, eta, bertan, laguntza eskatzen den programa edo jarduera guztiak zehaztu beharko ditu. Hori guztia jardueren proiektuan eta proiektuaren aurrekontu xehatuan bete beharko da. Jarduera bi entitatek edo gehiagok batera antolatzen badute, entitate bakoitzak berariaz adierazi beharko du, baita bere gain zer gastu hartzen dituen ere. Gastu bera ez da bi aldiz egozten ahalko.
8.–Laguntzak emateko prozedura, izapidetze organoak eta ebaluazioa.
8.1. Deialdi honetan xedatutako dirulaguntzak norgehiagoka emanen dira, hainbanaketarekin, aurkeztutako eskaerak alderatuz jasotako puntuazioaren arabera, bederatzigarren oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz, harik eta aurrekontua agortu arte.
8.2. Balorazio irizpideen arabera kalkulatuko da entitate eskatzaileen puntuazio osoa, eta lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da laguntzaren zenbatekoa.
8.3. Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak izapidetuko ditu eskaerak.
8.4. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:
–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.
–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.
–Eta Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari atxikitako teknikaria, idazkaritza lanak betetzeko, hitzarekin eta botoarekin.
Balorazio batzorde teknikoak kanpoko adituen aholkularitza eskatzen ahalko du, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzeko.
Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiko adjudikazio-ebazpen proposamena eginen du.
9.–Balorazio irizpideak.
9.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:
a) Programaturiko jardueren izaera eta kalitatea, 10 puntu gehienez:
–Jardueraren edo programaren koherentzia helburuei, edukiei eta garatzen den errealitate soziolinguistikoari dagokienez: 10 puntu gehienez.
b) Hartzaileei lehentasuna ematea, 20 puntu gehienez:
–Herritarrak oro har: 5 puntu.
–Haurrak (2-14 urte bitartekoak): 10 puntu.
–Gazteak (15-24 urte bitartekoak): 20 puntu.
c) Ekintzen edo jardueren kopurua:
–Jarduera edo ekintza bakoitzeko 20 puntu kontatuko dira.
d) Proiektuaren ibilbidea eta egonkortasuna:
–Luzaroan irauten duten eta eguneroko edo asteroko jarduera jarraitua duten programetarako (hilabete baino gehiagokoak), honako irizpide hau ezarriko da: jarduera bakoitzeko 25 puntu kontatuko dira.
D irizpidea aplikatzen den proiektuetan ez da aurrekoa baloratuko, hots, C irizpidea ez da baloratuko.
e) Genero-ikuspegia. Genero-berdintasuna kontuan hartzea jarduerak antolatzean (hizlariak, gaiak, etab.): 10 puntu gehienez.
Haztapena:
–Jardueretako hizlarien genero-parekotasuna: 5 puntu gehienez.
–Ekintzetako gaiak generoen arteko berdintasuna sustatzearekin eta generoen arteko desberdintasunaren aurka borrokatzearekin lotutakoak izatea: 5 puntu gehienez.
f) Gizarte-ekonomiako entitateekin lankidetzan aritzea: 10 puntu gehienez.
Gizarte ekonomiako entitateak kontratatzea edo azpikontratatzea egin beharreko jarduerak gauzatzeko: 10 puntu.
g) Kulturartekotasuna: 5 puntu gehienez.
–Beste kultura batzuetako pertsonei zuzendutako proiektuak edo jarduerak. 2,5 puntu.
–Euskararekin lotutako kulturartekotasunari buruzko gaiak lantzen dituzten proiektuak. 2,5 puntu.
9.2. Zenbatekoen kalkulua.
a) Jasotako eskaerak kontuan hartuta, Baloraziorako Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu puntu sistema bat erabiliz.
b) Entitate guztiek lortutako puntu guztiak batu ondoren, eta deialdi honetarako dagoen aurrekontua kontuan hartuta, puntu bakoitzaren balioa eurotan emanen da, eta entitate bakoitzari dagokion zenbatekoa esleituko zaio, lortutako puntuen arabera.
10.–Adjudikazioa ebaztea.
10.1. Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bidez emanen ditu laguntzak, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea agortu eta ondoko egunetik hasita. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi eginen dira.
10.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenak honako hauek agertuko ditu, eskaera onartuei dagokienez: entitate onuradunak, onartutako aurrekontua, lortutako puntuazioa eta aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa. Orobat, gastu horiek justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira. Ebazpenak, halaber, bazter utzitako eskaerak jasoko ditu, arrazoia zein den adieraziz.
10.3. Laguntzak eskatu dituzten elkarteei ebazpena jakinaraziko zaie eta jendaurrean jarriko da Euskarabidearen web-orrian (www.euskarabidea.es) eta laguntza izapidetzeko fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-gizarte-entitateendako-laguntzak-euskara-sustatzeko).
11.–Entitate onuradunen betebeharrak.
11.1. Deialdi honen babesean diruz laguntzen den programa egiteko erabili beharko da dirulaguntza, ez beste deusetarako.
11.2. Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuan justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren, adierazita jarduera bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua, sexuaren eta adin tarteen arabera.
11.3. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari jakinaraztea, telematika bidez, programa edo jarduera garatzean gertatzen den zenahi gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu, elkartearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik. Diruz lagundutako programan edo jardueran edozein aldaketa egiteko, aurretik beharko da Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren adostasuna, eta zerbitzu horrek baimena emanen du, baldin eta aldaketak ez badu funtsezko aldaketarik ekartzen onetsitako programan edo jardueran, Balorazio Batzorde Teknikoaren ustez.
11.4. Entitate edo pertsona onuradunek behar den gisako publizitatea emanen diote lortutako dirulaguntzari (Nafarroako Gobernuaren logotipoa txertatu beharko dute), dirulaguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.
Horrez gain, idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate- eta zabalkunde-jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.
11.5. Proiektua gauzatu dela egiaztatzeko Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak egiten dituen lanak onartzea beti.
11.6. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak justifikatu baino lehen.
11.7. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko, behar bezala ikuskatuak edukitzea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, betiere pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.
11.8. Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen artean.
12.–Dirulaguntzaren ordainketa.
12.1. Dirulaguntza bi alditan ordaindu daiteke: lehenik, ordainketa partzial bat, borondatezkoa, % 50ekoa gehienez, udako hilabeteetan, oinarri harturik 2026ko martxoaren 31ra arte egindako gastuak, eta, bigarrenik, beste ordainketa bat urtea bukatu baino lehen. Bi kasuetan, ordainduko da behin aurkezturik jardueren memoria laburra eta hamalaugarren oinarrian eskatutako frogagiriak.
12.2. Emandako laguntzen zenbatekoa, oro har eta deusetan galarazi gabe kasuan-kasuan adostu daitekeena, justifikaziorako epeak bukatutakoan ordainduko da, Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, aurretik aldeko txostena emanik Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak.
13.–Gastuen justifikazioa.
13.1. Bi epe ezartzen dira gastuak justifikatzeko:
Lehenbizikoa.–Lehenbiziko ordainketa, borondatezkoa, % 50ekoa gehienez, oinarri harturik 2026ko martxoaren 31ra arte egindako programak eta gastuak, egun hori barne. Lehen ordainketarako frogagiriak aurkeztuko dira laguntzak emateko ebazpenean horretarako ezarritako epean.
Bigarrena.–2026ko urriaren 15a izanen da frogagiriak aurkezteko azken eguna 2026ko irailaren 30era arte egindako programa eta gastuetarako, egun hori barne. Egoki irizten dioten elkarteek gastuen justifikazio bakarra aurkezten ahalko dute bigarren epean (2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean egindako jarduerak, biak barne).
Ez da beharrezkoa izanen finantza eta zerga gastuak eta Gizarte Segurantzako gastuak egun horretarako ordainduak izatea, baldin eta ezinezkoa bada horiek lehenago ordaintzea borondatezko likidazio-aldia hasi ez delako.
13.2. Elkarte onuradunak agiri bidez frogatu beharko du gauzatu dituela dirulaguntzaren xede diren jarduerak edo programak, aurkeztutako proiektu teknikoan lortutako puntuazioarekin bat, dagozkion frogagiriak erantsiz (fakturak edo nominak eta haien bankuko ordainagiriak).
Gerta daiteke diruz lagundutako jardueraren justifikatutako guztizko gastua txikiagoa izatea onetsitako aurrekontua baino. Horrelakoetan, proportzioan gutxituko da eman den zenbatekoa.
14.–Frogagiriak.
14.1. Frogagiriak laguntza izapidetzeko web-orriaren bidez aurkeztu beharko dira, ZIP/RAR fitxategi batean konprimatuta: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-gizarte-entitateendako-laguntzak-euskara-sustatzeko.
Entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Programaren memoria laburra (IV. eranskina) –5 orrialde gehienez–. Honako hauek bildu beharko ditu: balorazio orokorra, jarduera diruz lagunduak xehaturik; jarduera diruz lagunduen gastuen laburpen txikia, eta parte-hartzaileen kopurua, sexua adierazita.
b) Justifikazio ekonomikoa: excel dokumentu bat bete beharko da, biltzen dituena gastuak, diru-sarrerak eta jasotako laguntzak (gogoratu, Euskarabidearena izan ezik). Automatikoki kalkulatuko du emaitza. Eredua Foru Agindu honetan jaso da V. eranskinean, kalkulu-orrien formatuan, eta eskuragarri egonen da, halaber, Nafarroako Gobernuko webgune instituzionalaren laguntza izapidetzeko fitxan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-gizarte-entitateendako-laguntzak-euskara-sustatzeko.
c) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.
d) Egindako programa eta jardueren gastuak justifikatzeko agiriak, jatorrizko fakturak edo kopia sinpleak, bankuko frogagiriekin batera.
Kanpoan gelditzen dira, berariaz, aurrekontuak eta albaranak.
14.2. Fakturen ezaugarriak.
Ez dira gastuen justifikazio gisa onartuko fakturak nahiz ordainagiriak baldin honako datu hauek argi identifikatzen ez badira:
–Jaulkitzailea, haren izena edo sozietate-izena eta NANa edo IFZ.
–Hartzailea, haren izena edo sozietate-izena eta NANa edo IFZ.
–Gastuaren xedea.
–Data.
–Fakturaren zenbakia.
14.3. Bankuko frogagiriak.
Fakturez gain edo gastuen agiriez gain, aurkeztu behar dira dagozkien bankuko kontu laburpenak edo frogagiriak. Bat etorri beharko dute aurkeztutako zenbatekoekin.
14.4. Euskarabideak elkarte onuradunei eskatzen ahal die nahi adina dokumentazio, informazio, frogagiri eta faktura, zentzuz ondorioztatzeko dirulaguntza ongi aplikatu dela.
15.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.
Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik eta edozein motatako entitate eta erakunde publiko edo pribatuetatik jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo beste dirulaguntzekin, laguntzekin, diru-sarrerekin edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabideekin.
16.–Gardentasuna.
16.1. Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztiak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.
16.2. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru-konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Entitate sortu berrien kasuan, haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan adierazitakoa izanen da informazioa.
d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
Erne! Informazio hori ez da sinatu beharko eta ez du datu pertsonalik jaso beharko, hala nola: NANa, helbide pertsonalak, eta beharrezkoa ez den eta datu pertsonala den bestelako edozein datu.
16.3. Informazio hori laguntza izapidetzeko fitxan berariaz gaituko den botoiaren bidez aurkeztuko da: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-gizarte-entitateendako-laguntzak-euskara-sustatzeko.
16.4. Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du hala ere, izapidetzeko fitxan gaituko den gardentasun botoiaren bidez.
16.5. Entitateak beste dirulaguntza batzuk jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du gardentasun betebeharrari buruzko informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak gardentasun izapidearen bidez adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen informazioa, eta noiz.
16.6. Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituta.
16.7. Aurrekoa galarazi gabe, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, hark bete ahal ditzan Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan ezarritako gardentasun betebeharrak.
16.8. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
17.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.
17.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalak. Halakoetan, ez-betetzearekiko proportzionalak izanen diren itzulketak edo ez-ordaintze partzialak eginen dira. Ez-betetze larritzat joko dira funtsezko gaiei dagozkienak. Halakoetan, arau orokorra izanen da itzulketa edo ez ordaintze osoa, galarazi gabe, bi kasuetan ere, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetarako berandutze-interesak eskatzea. Balorazio batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.
17.2. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.
18.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.
18.1. Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak ere, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.
18.2. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA
Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia izapideen katalogoaren fitxan aurki dezakezu:
Iragarkiaren kodea: F2601700
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
