38. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

38E/2026 FORU AGINDUA, urtarrilaren 29koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez errebokatzen baita honako honen bidez emandako eskuordetzea: 63/2003 Foru Agindua, maiatzaren 15ekoa, Osasun kontseilariak emana, Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren esku uzten duena elkargo horretako kideen osasun arloko publizitatea zabaltzeko aurretik behar den baimena emateko ahalmena.

Uztailaren 5eko 213/1993 Foru Dekretuan araututa dago, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, osasun publizitateak aldez aurretik behar duen administrazio baimena.

Hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Osasuneko kontseilariak baimena izanen du elkargo ofizialen esku uzteko 5. artikuluan aipatutako administrazio baimenak emateko edo ukatzeko ahalmena, baldin eta ukitutako jarduerak edo zerbitzuak beren elkargokideek eskaintzen badituzte. Orobat, xedatzen du kontseilariak edozein unetan errebokatzen ahalko duela emandako eskuordetzea.

Osasun kontseilariaren maiatzaren 15eko 63/2003 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren esku utzi zen elkargo horretako kideen osasun arloko publizitatea zabaltzeko aurretik behar den baimena emateko ahalmena.

Eskuordetze horretarako arrazoi izan ziren inguruabarrak aldatu direnez, zilegi da hura indarrik gabe uztea.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9.6 artikuluak honakoa ezartzen du: "Eskuordetza eman duen organoak, noiznahi baliogabetzen ahalko du".

Orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11.4. artikuluak ezartzen du eskumenak eskuordetu eta baliogabetzea noiznahi egin daitekeela, eskuordetza egiten duen organoak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Errebokatzea honako honen bidez emandako eskuordetzea: 63/2003 Foru Agindua, maiatzaren 15ekoa, Osasun kontseilariak emana, Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialaren esku uzten duena elkargo horretako kideen osasun arloko publizitatea zabaltzeko aurretik behar den baimena emateko ahalmena.

2. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Nafarroako Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialari.

4. Foru agindu hau igortzea Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2026ko urtarrilaren 29an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F2601344