38. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2026 FORU AGINDUA, urtarrilaren 29koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, "IX. Eskola Lehiaketa: Aniztasuna Aberastasun iturri" deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak sustatu du 2026. urterako.

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak, zehazki Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak, sari batzuk eman nahi dizkie Nafarroako ikastetxeek "Aniztasuna, aberastasun iturri" gaiarekin lotuta egindako eskola-lanei, eta izenburu hau eman dio lehiaketari: "IX. Eskola Lehiaketa: Aniztasuna Aberastasun iturri". Sariak hauexek izanen dira: plaka grabatuak ematea sariren bat irabazten duten ikastetxeei, eta, kategoria bakoitzean irabazle suertatzen diren ikasleentzat, egun bateko egonaldia ordaintzea Nafarroako Foru Komunitateko jolas-parke batean.

Lehiaketa zuzenduta dago Nafarroako ikastetxeetako Haur Hezkuntzako (1., 2. eta 3. mailak), Lehen Hezkuntzako (1., 2., 3., 4., 5. eta 6. mailak) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH, Batxilergoko 1. maila, Lanbide Heziketa Berezia, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa) ikasle guztiei. Sormenezko lehiaketa bat da, helburu duena gizarteak aniztasuna balioestea, hura ikusiz, sentituz eta aberastasun gisa bizi izanez, desberdina dena errespetatuz eta desberdintasun hori ikaskuntza-baliabide gisa erabiliz.

Sariak ematearen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 2026ko gastuen aurrekontuko B20002 B2100 2268 232500 partida dago, "Eskola lehiaketa: Aniztasuna aberastasun iturri" izenekoa. Partida horretan dagoen gerakina nahikoa da eskola lehiaketa honetan emanen diren sarietako gastuei aurre egiteko.

Espedientean jasota daude proposamen-txostena, kontabilitate-zentroaren baimena eta horretarako txosten juridikoa.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "Aniztasuna aberastasun iturri" izeneko IX. eskola lehiaketaren 2026ko deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, Foru Agindu honen bukaeran txertatu direnak.

2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau igortzea Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2026ko urtarrilaren 29an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

ANIZTASUNA ABERASTASUN ITURRI

IX. Sormen Lehiaketa, 2026. urtekoa, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako Zuzendaritza Nagusiak antolatua

Justifikazioa: Aniztasunari balioa ematen dion gizartea, aniztasuna aberastasun gisa ikusiz, sentituz eta biziz, ederragoa da. Desberdina dena errespetatu, eta desberdintasuna ikasteko baliabide gisa erabiltzen duen gizartea ederragoa da. Kolore askotako ikuspegia duen gizartea ederragoa da. Gainerakoekin harreman osasuntsuak izanik bizi nahi duen gizarteak askotarikoa izan behar du.

Zergatik sormen lehiaketa bat? Edozein pertsonarentzat pizgarria izan daitekeelako modu aktibo eta kritikoan begiratzeko, ikusteko, sentitzeko eta hausnartzeko.

Eskola lehiaketaren oinarriak.

1. Nafarroako modalitate arrunteko eta bereziko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako (1., 2. eta 3. Mailak eta egitura espezifikoak), Lehen Hezkuntzako (1., 2., 3., 4., 5. eta 6. mailak eta egitura espezifikoak) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH, CBU, egitura espezifikoak, Batxilergoko 1. maila, Lanbide Heziketa Berezia, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa) ikasle guztiek parte hartzen ahalko dute.

2. Taldeka hartuko da parte (gelako ikasle guztiek gehi ardura duen irakasleak).

3. Talde bakoitzak lan bakarra aurkeztuko du.

4. Lanak euskaraz edo gaztelaniaz eginen dira.

5. Gaia: Aniztasuna aberastasun iturri, 2030: BOZETOA. ANIZTASUNA ABERASTASUN ITURRI izanik lehiaketaren gai nagusia, aurtengo gai espezifikoa honako hau da:

"2030. BOZETOA. 2030. urtea nola aurre egin erabaki behar dugun oihal zuria izan daiteke. Horregatik, gure bozetoa sortuko dugu. Bozeto hori hurbileko etorkizuna proiektatzen lagunduko digun abiapuntua izanen da, eta trazu finekin aurre egiteko gai izanen garen egoera konplexuak aurreratuko dizkigu. Desberdinen arteko bizikidetzak errealitatea besarkatuko duen 2030a sinbolizatzen duen bozeto bat sortu. Marraztu, idatzi, sinbolizatu, aniztasuna kontuan hartuta irudikatu... Nola imajinatzen duzu zure ingurunea 2030ean? Nolakoa izanen dela uste duzu? Nolakoa izatea gustatuko litzaizuke? Zer gustatuko litzaizuke ikustea, sentitzea, bizitzea? Zer ez litzaizuke gustatuko ikustea, sentitzea, bizitzea? Zer ekarpen eginen duzu zure ikasgela, auzoa, herria, hiria nahi duzun bezalakoa izan dadin? Nola jokatu behar dugu gaurtik aitzin hain urruti ez dagoen etorkizun hori zoriontsua izan dadin pertsona guztientzat?".

6. Modalitateak:

–Haur Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailetako ikasleek honako modalitate honetan aurkeztuko dituzte lanak:

A. Proposamenaren edukia: taldean egindako azken produktu bat, eskultura itxurakoa, proposatutako gaiarekin: 2030: BOZETOA.

–Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleek honako modalitate honetan aurkeztuko dituzte lanak:

B. Proposamenaren edukia: marrazki kolektibo bat (teknika librea: akuarela, collagea, estanpazioa, ikatz-ziria, etab.) eta marrazkian sartutako esaldi bat. Hori guztia proposatutako gaiarekin lotuta: 2030: BOZETOA.

–Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetako ikasleek honako modalitate honetan aurkeztuko dituzte lanak:

C. Proposamenaren edukia: gutun bat 2030. urteari zuzendua, gaiaren azalpenean aipatutako guztia kontuan hartuta. Gutuna audio batean grabatuko da, eta gutunarekin batera aurkeztuko da. Gutunak 200 hitz izanen ditu gehienez, eta 2030: BOZETOA gaiarekin lotuta egon beharko da.

–Bigarren Hezkuntzako ikasleek honako modalitate honetan aurkeztuko dituzte lanak:

D. Proposamenaren edukia: bideo bat, gehienez 60 segundokoa. Ikus-entzunezkoaren helburua gizartea sentsibilizatzeko mezu argi bat plazaratzea izanen da. Mezu horretan, "2030: BOZETOA" ideia sartuko da, proposatutako gaiarekin lotuta.

7. Lan guztiak jatorrizkoak izanen dira, eta berariaz lehiaketarako eginak.

8. Lanetan ez da taldearen daturik agertuko (ez izenik, ez logorik), anonimotasunari eusteko. Bestela, lanek ez dute aukerarik izanen saria jasotzeko.

9. Lanak aurkezten ahalko dira lehiaketaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10. Lanak 2026ko martxoaren 27ko (ostirala) 14:00ak baino lehen aurkeztuko dira.

11. Lanak aurkeztea: lanak inprimaki honen bidez bidaliko dira, eta bertan talde parte-hartzailearen datu guztiak adieraziko dira. Lana inprimakian berean erantsiko da, eta erantsitako artxiboaren izenean soilik lana egin duen taldearen maila adieraziko da. Adibidez: 3. DBH.

https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSe5Pqp2thWMkez75n9ChyPr8XQcn-2zn7xXTYKwstNgG71lyA/viewform

12. Apirilaren 17an, epaimahaiak hautatu diren lanen berri emanen du, eta, aurrerago, lehiaketan parte hartu duten talde guztiei jakinaraziko zaie erabakia.

13. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuko bi teknikarik eta Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko bi teknikarik.

14. Epaimahaiak kontuan hartuko dituen alderdiak:

–A modalitatea:

  • Produktu artistikoaren originaltasuna, proposatutako gaiarekin lotuta.
  • Lanaren kalitatea.
  • Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.

–B modalitatea:

  • Marrazkiaren originaltasuna, proposatutako gaiarekin lotuta.
  • Marrazkiaren kalitatea, trazua, kolorea eta konposizioa.
  • Esaldiaren zehaztasuna eta haren egokitasuna marrazkiarekiko.
  • Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.

–C modalitatea:

  • Gutunaren originaltasuna.
  • Edukiaren kalitatea.
  • Proposatutako gaiarekiko lotura.
  • Grabazioa: ahotsak edo ahotsek transmititzen duten intonazioa, erritmoa eta indarra.
  • Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.

–D modalitatea:

  • Mezuaren originaltasuna, proposatutako gaiarekin lotuta.
  • Gidoiaren kalitatea.
  • Irudien kalitatea.
  • Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.

15. Sariak apirileko azken astean banatuko dira.

16. Sariak:

–HAUR HEZKUNTZA:

Haur Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailetako ikasleak:

  • Lan onenak sari bat jasoko du: goiz-pasa Iruñeko haur-parke batean + sariaren frogagarri den plaka.

–LEHEN HEZKUNTZA:

Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleak:

  • Lan onenak sari bat jasoko du: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.

Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleak:

  • Lan onenak sari bat jasoko du: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleak:

  • Lan onenak sari bat jasoko du: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.

–BIGARREN HEZKUNTZA eta LANBIDE HEZIKETA:

DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak:

  • Lan onenak sari bat jasoko du: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.

DBHko 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko 1. mailako eta Lanbide Heziketako ikasleak:

–Lan onenak sari bat jasoko du: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.

–LAU ACCESIT SARI: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.

Kontuan hartuko diren alderdiak:

  • Aurkeztutako produktuaren originaltasuna, proposatutako gaiarekin lotuta.
  • Aurkeztutako produktuaren kalitatea.
  • Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.
  • Aurkeztutako produktuaren mezuaren irisgarritasuna.

17. Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako lanak erabil ditzake hezkuntzako eta dibulgazioko helburuekin.

18. Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek onartzea.

19. Informazio gehiago, hemen: 848426048 / pazyconvivencia@navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2601508