Iragarkia
36. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
12C/2026 EBAZPENA, urtarrilaren 21ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Erruki Etxeko hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Ikusi da Iruñeko Erruki Etxeak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31001002011981), erregistro honetan sartu dena 2025eko azaroaren 7an, eta 2025eko urriaren 21ean sinatu zutena enpresaren eta sindikatuen ordezkariek. Egin beharreko zuzenketak eginda.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuari dagokionez,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Iruñeko Erruki Etxeak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31001002011981).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2026ko urtarrilaren 21ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
IRUÑEKO ERRUKI ETXEA
2025-2029 ALDIKO HITZARMEN KOLEKTIBOA
1. artikulua. Aplikazio eremua.
2. artikulua. Indarraldia.
3. artikulua. Ordainsariak eta urteko lanaldia.
4. artikulua. Soldata kontzeptuak.
5. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
6. artikulua. Aparteko eskersariak.
7. artikulua. Antzinatasuna.
8. artikulua. Aparteko orduak.
9. artikulua. Lan egutegia.
10. artikulua. Lanaldia.
11. artikulua. Asteko atsedenaldia.
12. artikulua. Oporrak.
13. artikulua. Probaldia.
14. artikulua. Lana norbere borondatez uztea.
15. artikulua. Lizentzia ordainduak.
16. artikulua. Eszedentziak eta erretiroak.
17. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
18. artikulua. Absentismoa.
19. artikulua. Medikura joateko ateratzea.
20. artikulua. Konpentsazioa eta xurgapena.
21. artikulua. Baldintza hobeak.
22. artikulua. Laneko araubide pribatiboaren aldaketa.
23. artikulua. Laneko arropa.
24. artikulua. Ekintza sindikala enpresan.
25. artikulua. Lanbide sailkapena, lanbide postuen eta lanbide taldeen arabera.
26. artikulua. Aurrerakinak.
27. artikulua. Ikasketak egiteko laguntzak.
28. artikulua. Lanbide prestakuntza.
29. artikulua. Heriotza eta baliaezintasuneko aseguruaren poliza.
30. artikulua. Lanpostu aldaketak, osasun arrazoiak direla medio.
31. artikulua. Laneko segurtasun eta osasun batzordea.
32. artikulua. Zehapen araubidea.
33. artikulua. Batzorde paritarioa.
IRUÑEKO ERRUKI ETXEAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
1. artikulua. Aplikazio eremua.
1.1. Hitzarmen hau enpresaren Zuzendaritzaren eta langileen legezko ordezkarien (Enpresa Batzordea) artean adostu da Iruñeko Erruki Etxea enpresako langileen lan baldintzak erregulatzeko; enpresa horren lantoki bakarra Iruñean dago eta irabazi asmorik gabeko egoitza geriatrikoen sektorekoa da.
Lan hitzarmen hau Erruki Etxean ari diren lan arloko legeen menpeko langileei bakarrik aplikatuko zaie.
1.2. Osotasunarekiko loturaren klausula.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzak aplikatzerakoan beren osotasunean hartuko dira. Baldintza hauek, gainera, multzo organiko eta zatiezina osatzen dute, bai Erruki Etxearen hitzarmenaz kanpoko beste hitzarmen batzuetan bai egoitzaz gaindikoetan, eta bereziki Egoitzen Hitzarmen Kolektibo Nazionalean xedatutakoan. Horrenbestez, Iruñeko Erruki Etxean oso-osorik aplikatuko da hitzarmen hau; artikulu guztiak egonen dira indarrean batera; eta ez da beste edozein hitzarmen zatika aplikatzen ahalko. Hitzarmen hau osorik aplikatu ezin bada, besterik gabe baliogabetuta geldituko da.
2. artikulua. Indarraldia.
1. Hitzarmen honek indarra izanen du 2025eko urtarrilaren 1etik 2029ko abenduaren 31ra arte, Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratzen den kontuan hartu gabe.
2. Langileen Estatutuaren 86.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen kolektibo hau salatutzat jotzen da sinatzen den egunetik.
3. Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen, itundutako iraunaldia agortu ondoren, hitzarmenak indarrean jarraituko duela epemugarik gabe harik eta bi alderdiek horren ordezko bat sinatzen duten arte.
4. Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolamendukoak edo ekoizpenekoak direla-eta hitzarmen honetan itundutako lan baldintzak ez aplikatzeko, ados jartzerik ez bada izan kontsultaldia iraganda eta batzorde paritarioak esku hartuta ere, aldeek men eginen diete gatazkak epaiketaz kanpo konpontzeko prozedurei, betiere nahitaezko arbitrajea kenduta. Alde batera uzteko edo ez aplikatzeko klausula hori Enpresa Batzordearekin adostu beharko da beti aurrez.
3. artikulua. Ordainsariak eta urteko lanaldia.
3.1. Urteko lanaldi osoa betetzen duten langileen soldatak hitzarmen honen 1. eranskineko soldaten taulan ageri dira, prestakuntzako kontratudunen soldatak izan ezik.
Langilearen kargura izanen da kasu bakoitzean dagokion Gizarte Segurantzako kuotaren zatia eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga. Horren kariaz, behar diren atxikipenak eginen dira, une bakoitzeko legeria indardunaren arabera.
2025ean, ordainsariak erantsitako soldaten taulan jasotakoak izanen dira (%2,7ko igoera aplikatuta kalkulatu dira, aurreko urtekoen gainean –2024ko Nafarroako KPIa–).
2026tik 2029ra, ordainsari horiek Nafarroako aurreko urteko KPIaren arabera igoko dira urtero, kontzeptu guztietan.
Nafarroako aurreko urteko KPIa negatiboa bada, ez dira ordainsariak murriztuko; hau da, kasu horretan ordainsariak ez dira aldatuko.
Prestakuntza kontratuak dituzten langileen ordainsariak ezartzerakoan, lan arloko legeria indardunak une bakoitzean xedatzen duenari lotuko zaio.
3.2. Urteko lanaldia.
3.2.a) Aurreko hitzarmenean ezarritako urteko lanaldia mantentzen da: mila zazpiehun eta sei ordu eta hemezortzi minutu urtean, langile guztiek; eta mila seiehun eta laurogeita sei ordu eta hemezortzi minutu urtean, hilean gutxienez bi igandetan benetako lana egiten duten langileek. 2021. urtera arte hilean bi igandetan gutxienez lan egiten zuten profesionalek, 2022. urteaz geroztik lan-sekuentzia aldatzearen ondorioz ("hiru asteburu osotik bat" –ikus 11.2 artikulua–) hilean igande bat bakarrik lan egin dezaketenek (benetan egindako lana), urteko lanaldi hori bera edukiko dute: mila seiehun eta laurogeita sei ordu eta hemezortzi minutu urtean.
3.2.b) Betiere, kontratuan ordutegi murriztua itunduta duten langileen lanaldia, lanaldi partzialeko kontratuak, lanaldi murriztua, asteburuak eta abar, aurreko hitzarmenean erregistratuta daudenak izanen dira: benetako laneko mila zazpiehun eta sei ordu eta hemezortzi minutu urtean.
3.2.c) Gaueko lanaldia mila bostehun eta hirurogeita hamazazpi ordu eta hogeita hemezortzi minutukoa izanen da, benetan eta egiaz lan egindakoak. Lanaldi hori 179 (edo 180) gauen baliokidea da 2025ean. 2026tik, lanaldi hori urteko 175 (edo 176) gauen baliokidea izanen da.
–Hitzarmen hau sinatzen den egunean urtean 151 gauetan lan egiten duten gaueko txandako langileek (adinekoen gaueko zaindariak) 2025etik aitzin ere gau kopuru berbera lan eginen dute: urtean 151 gau.
Hori gorabehera, langile horiek ordura arte izan dituzten eskubideak izanen dituzte, ez besterik.
Baldintza pertsonaletan hobea den hori ematen zaie, langile talde horren gaur egungo egoera kontuan hartu eta enpresak bere egiten duelako. Horrek ez die, inola ere, baldintza hori erreklamatzeko aukera ematen hitzarmen hau sinatzen den unean egoera horretan ez dauden beste langileei.
3.2.d) Urteko lanaldi horiek guztiak 2. eranskinaren lehen atalean jaso dira.
3.2.e) Asteburuko langileek urteko larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan lan eginen dute.
a) Hori dela eta, 2025ean opor egun guztiak gordeko dituzte, eta haien ordainsariari dagokion igoera hilabete bateko ordainketa bakarrean ordainduko zaie 2. eranskineko bigarren ataleko a) letran zehazten den prozeduraren bidez.
b) 2026., 2027. eta 2028. urteetarako, urteko lanaldia, opor egunak eta ordainsaria 2. eranskineko bigarren ataleko b) letran zehazten den kalkulu prozedura betez ezarriko dira.
Horrek esan nahi du soldaten tauletan igoera ekonomikoa izanen dela, hau da, "ogitartekoa jateko denbora" 2026tik benetan lan egindakotzat hartuko dela, horretarako 2. eranskineko bigarren ataleko b) letran agertzen den kalkulu formula erabiliz.
c) 2029. urtean:
2028ko abenduaren 31n, "%70eko lanaldiko adinekoen zaindari laguntzailea" kategoria berrian gutxienez 13 kontratu badaude indarrean (asteburuko txandako egungo lanpostuen %25 inguru), "Asteburuko adinekoen zaindaria" kategoriako langile bakoitzak honako hauen artean aukeratzen ahalko du:
i. Urtero aipatutako bi egunen balio ekonomiko baliokidea kobratzen jarraitzea (ogitartekoa jateko denbora benetako lan denboratzat hartzearen ondorio izan ziren, eta 2026an soldaten taulak igo zituzten);
ii. Soldaten tauletan (aukera hori aukeratzen duten pertsonek) lanegun baten baliokidea murriztea, eta urteko lanaldia egun batean murriztea.
Egun hori urteko egutegian jarriko da.
Azalpena: "ii" aukerari dagokionez, egun hori libre hartuko da baina ez da kobratuko (ez lanegun gisa, ez "EX" egun gisa).
2029rako aipatutako aukera horiek 2. eranskineko bigarren ataleko c letran zehaztu dira.
–c) azpiatal horretako lehen paragrafoan aipatutako baldintza betetzen bada, urte bakoitzeko urrian, asteburuetan lan egiten duten langileek bi aukera horietako bat aukeratzen ahalko dute hurrengo urterako.
Aurreko kasu guztietan, gehiegizko lanaldien ondorioz hartzen ahal diren egunak arduradun nagusiak esanen du noiz hartu behar diren, urteko "jaiegun" batzuen edo asteburuen artean (alde batera uzten dira oporretako "lehentasuneko aldia", Aste Santua eta Gabonak).
3.2.f) Asteburuko txandako langileek sei hilabetez lan egiten ez badute, "gehiegizko lanaldiko" egun BATI dagokion zati proportzionala kobratuko dute.
[Adibidea: 6 hilabete = lanaldi bat; 3 hilabete = lanaldi erdia].
Asteburuko txandako langileek sei hilabetez baino gehiagoz lan egiten ez badute (betiere urtebetera iritsi gabe), "gehiegizko lanaldiko" egun BAT jasoko dute, eta geratzen den denboraren zati proportzionala ekonomikoki doituko dute sei hilabete baino gehiagoko denborara egokitzeko.
Horren ondorioz egon daitezkeen murrizketak (ikus 2. eranskineko bigarren atala) ez dira orduak hainbat egunen artean banatuta aplikatuko.
3.2.g) 2018. urtetik, 2014ko urtarrilaren 13an Arlo Sozialeko 3. Zenbakiko Epaitegiaren sententziaren epaiko bi baldintzetako bat betetzen ez bada (JANek 2015eko apirilaren 23an berretsia), astelehenetik igandera goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan txandaka lan egiten duten 7 erizaineko taldeari ez zaio eskatuko erreferentziazko urteko lanaldia osorik egiteko (1.686 ordu eta 18 minutu); aldiz, mila seiehun eta hogeita hamazazpi ordu eta hamar minutu urtean eginen dituzte benetako lanean.
3.2.h) Lanbide kategoria berria (2026ko urtarrilaren 1etik aitzin): "%70eko lanaldiko adinekoen zaindari laguntzailea".
Zaindarien talde berri bat sortu da ostiral, larunbat, igande eta astelehenetarako. Langile horiei ez die egungo Erruki Etxearen hitzarmenaren 2.2 eranskinak eraginen, eta honako baldintza hauek izanen dituzte:
–Urteko lanaldia:
- Lanaldi osoaren %70, 3.2.b artikuluan adierazitakoa betez.
- Urtea hasten den asteko egunaren arabera sortzen den gorabehera txikia lan egutegian doitu beharko da, astean zehar denbora gehituta, lanaldi osoaren %70era iritsi arte.
–Oporrak:
- Astean zehar hartuko dira, astelehenetik igandera, eta urteko egutegian finkatuko dira. Ondoz ondoko 30 egun edo 15 eguneko bi alditan hartzen ahalko dira.
- Gainerako hiru egunak (33 opor egunera arte) ez dira asteburuetan hartuko.
- 12. artikuluan ezarritako baldintzak mantenduko dira.
–Lanaldia banatzeko lan-sekuentzia:
- Lau asteko zikloetan:
- 3 aste jarraian, ostiraletik astelehenera, biak barne;
- eta laugarren astean, astelehen eta ostiralean lan eginen du, eta larunbat eta igandean atseden hartuko du.
–Soldata:
- Hileko 14 ordainsari (oinarrizko soldata eta jardueraren plusa %80, zaindariaren kategoria).
Kategoria berri horri ez zaizkio aplikatuko beste lan kategoria batzuei dagozkien baldintzak; adibidez, "hirutik bat" asteko atsedenaldien sekuentzia.
Ez dute "asteburuetako eta jaiegunetako adinekoen zaindarien" kategoriarako ezarritako osagarririk jasoko, soldata lanaldiaren zati bat asteburuetan eta jaiegunetan eginen dela kontuan hartuta finkatu baita.
Gainera, honako plus hauek kobratuko dituzte: Eginkizun plusa lan egindako egun bakoitzeko (4.3 artikulua); lan egindako jaiegun berezi bakoitzeko osagarria (4.6 artikulua); txanda plusaren %80 (4.8 artikulua).
3.2.i) Urteko lanaldia hitzarmenean itundutako egutegiaren arabera banatuko da urteko 365 egunen artean, edo 366en artean bisurteetan, eta zerbitzuaren beharren arabera, betiere.
4. artikulua. Soldata kontzeptuak.
4.1. Hitzarmenaren oinarrizko soldata: hileko zenbatekoa, lanbide postu bakoitzerako, hitzarmen honen 1. eranskinean ageri da.
4.2. Jarduera plusa: hileko zenbatekoa, lanbide postu bakoitzerako, hitzarmen honen 1. eranskinean ageri da.
4.3. Eginkizun plusa: eguneko zenbatekoa 5,95 euro izanen da 2025ean, lanean emandako egun bakoitzeko; eta lanaldi osoko presentzia egunen truke likidatuko da. (Lanaldi osoa da Erruki Etxeko langile guztientzat ezarritakoa. Baina, kontratuaren arabera, lanaldi ofizialarekin bat ez datozen lanaldiak dituzten lanpostuetan kasu bakoitzean kontratatu den ordu kopuruaren proportzioan ordainduko dira). Lehendik lortutako eskubideak errespetatuko dira.
4.3.1. Eginkizun plusa lanaldi osoan lanpostuan aritzeagatik ezarri da; beraz, lanpostutik alde egiteak, zernahi denborarako, nahiz eta arrazoizkoa izan, medikura joateko edo lanorduetan egiten diren beste edozein motatako irteerak eginez gero, egun horretako eginkizun plusa ez da osorik kobratuko.
Puntu honetan ezarritakoa gorabehera, absentismoaren urteko indizeak %5 gainditzen ez badu, eginkizun plusa ordaindu eginen da ordubetetik beherako irteeretan.
4.3.2. Eginkizun plusa kobratu ahal izateko lanpostu bakoitzerako eskatzen dena bete beharko da.
Eginkizun plusa sortu eta hurrengo hilabeteko soldatan ordainduko da.
4.3.3. Era berean, langileak plus hori kobratzeko eskubidea izanen du lana ezarritako baldintzetan burutu ez badu ere, berarekin zerikusia ez duten arrazoiengatik izan bada.
4.3.4. Lanera berandu iristeagatik, kasu bakoitzerako laneko araudian ezarritako zehapenaz gainera, langileak ez du eginkizun plusa kobratuko, zenbateko hauetan:
a) Hamar minututik beherako hiru puntualtasun falta hilean: ez da sortuko hiru egunetako eginkizun plusaren zenbatekoa.
b) Hamar minututik gorako puntualtasun falta: ez da sortuko egun horretako eginkizun plusaren zenbatekoa.
4.4. Amatasun plusa.
Emakumezko langileak bederatzi hilabetetik beherako seme edo alabari esnea emateko ohiko lanaldia ordu erdi murrizten badu edo lanetik ordubete ateratzen bada (ordu hori bi zatitan banatzen ahal du), eginkizun plus osoa sortuko du egunean, egoera horretan dagoen bitartean.
4.5. Lan egindako igande edo jaiegun bakoitzeko osagarria, jaiegun bereziak izan ezik (hurrengo puntuan jasotakoak): 35,55 euro 2025ean, lan egindako igande edo jaiegun bakoitzeko.
Sortu eta hurrengo hilabetean ordainduko dira.
Lanaldia murriztua duten langileei benetan lanean emandako denboraren arabera ordainduko zaie.
Osagarri hori ez zaie ordainduko larunbat, igande eta jaiegunetarako kontratatutako langileei.
4.6. Lan egindako jaiegun berezi bakoitzeko osagarria.
Urtarrilaren 1a eta abenduaren 25a jaiegun bereziak izanen dira, urtero. 60,68 euroko osagarria izanen da 2025ean lan egiten den jaiegun berezi bakoitzeko. Sortu eta hurrengo hilabetean ordainduko dira.
Lanaldia murriztua duten langileei benetan lanean emandako denboraren arabera ordainduko zaie.
Osagarri hori ez zaie ordainduko larunbat, igande eta jaiegunetarako kontratatutako langileei.
4.7. Edozein igande, jaiegun edo jaiegun berezitako gauean beren lanaldia egin duten langileek lanean emandako igande, jaiegun eta jaiegun bereziko osagarriak sortzen jarraituko dute, eta orain arteko irizpide bera erabiltzen jarraituko da.
4.8. Gutxienez bi hilabetean behin goizeko eta arratsaldeko txandetan lan egiten duten langileek 41,02 euroko plusa jasoko dute 2025ean, hilero, eta hamabi hilabetez. Sortu eta hurrengo hilabetean ordainduko da. Lan egutegian ezarrita badago, plus hori hilero ordainduko da txanda aldaketa horiek gertatzen badira. (Ez dira txanda aldaketa gisa hartuko lankideek borondatez elkarren artean egindakoak).
Plus hori bera izanen dute urtean hiru hilabetez gutxienez txanda aldatzen dutenek ere. Abenduko nominan sorraraziko da.
4.9. Guardia medikoaren plusa. 2025ean, 31,10 euro kobratuko ditu egunean taldeko medikuetako batek, guardian dagoenak alegia (normalean elkarren segidako bi egunetan banatzen diren 24 orduko etengabeko aldia da guardia). Zenbateko hori kalkulatzeko 3. eranskineko formula aplikatuko da, eta 2026rako adostutako igoera gehituko zaio. 2026an, guardia medikoaren plusa 45 eurokoa izanen da guardia medikoko egun bakoitzeko.
5. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
1. Gauez lan egiten duten langileentzat osagarri bat ezarri da, oinarrizko soldataren %25ekoa.
2. Gaueko lantzat joko da 22:00etatik hurrengo goizeko 6:00etara bitartean egiten dena. Lau ordu baino gutxiago egiten badira lan gaueko txandan, soilik ordainduko dira lan egin diren orduak.
3. Plus hori ez dute jasoko gauez lan egiteko kontratatuak izan diren langileek, ez eta berak nahita gauez lan egitea eskatu duenak ere, denbora baterako izan nahiz behin betiko.
6. artikulua. Aparteko eskersariak.
1. Hitzarmen honen eraginpeko langileek aparteko bi eskersari jasoko dituzte. Lehena ekainean ordainduko da eta bigarrena abenduaren 22an.
2. Aparteko eskersariak sei hilean behin sortuko dira, eta kontaketa edo likidaziorako hainbanaketa egiteko, urtarrilaren 1etik ekainaren 30era hartuko da lehen kasuan eta uztailaren 1etik abenduaren 31ra bigarrenean.
3. Aparteko bi eskersarietako bakoitzaren zenbatekoa honela aterako da: oinarrizko soldatako 30 egun gehi antzinatasuna eta jarduera plusa, hitzarmen honen 1. eranskinean ageri den lanbide postu bakoitzerako.
4. Seihileko lanaldia osorik bete ez duenak eskubidea izanen du, ordainsari kontzeptu horiek ordaintzerakoan, lan egindako denborari dagokion zati proportzionala kobratzeko.
7. artikulua. Antzinatasuna.
1. Antzinatasunaren osagarri pertsonalean bi hirurteko eta bost bosturteko biltzen ahalko dira.
2. Hirurteko bakoitzeko zenbatekoa %5 izanen da eta %10 bosturteko bakoitzeko, oinarrizko soldataren gainean kalkulatuta.
3. Antzinatasuna langilea enpresan sartzen den egunetik hasiko da kontatzen.
4. Eszedentziek, ordaindu gabeko lizentziek edo antzeko arrazoiek antzinatasunaren mugaeguna atzeratuko dute, egoera horiek dirauten denboran.
8. artikulua. Aparteko orduak.
1. Zerbitzu beharrengatik aparteko orduak egin daitezke, bi alderdiak ados jarrita.
2. Ez da zilegi laneko araudiak une bakoitzean baimendutako aparteko orduak baino gehiago egitea.
3. Lanegunetan egindako aparteko orduak ordu arruntei dagokien soldata baino %75 gehiago ordainduko dira.
4. Igandeetan, jaiegunetan edo asteko atseden egunean egindako aparteko orduak ordu arruntei dagokien soldata baino %100 gehiago ordainduko dira.
5. Egiturazko aparteko ordutzat joko dira horrela egiten direnak.
9. artikulua. Lan egutegia.
1. Erruki Etxeko Zuzendaritzak eta enpresa batzordeak elkarrekin negoziatuko dute lan egutegia, kontuan hartuta instituzioko zerbitzu edo departamentu bakoitzaren beharrak.
2. Urtero, urriaren 10a baino lehen, langile guztiek jakinen dute zer txanda dagokien (goizean eta arratsaldean), zer asteko atsedenaldi (larunbat eta igandeak) eta zer jaiegunetan dagokien lan egitea edo jai hartzea.
3. Hurrengo urte hasiera baino lehen, langile guztiek banan-banan jasoko dute urteko egutegia, bertan urteko lanegunak, egin beharreko txandak, asteko atsedenaldiak, opor egunak, lanaldi doikuntzaren egunak eta abar adierazita. Hurrengo urteko egutegiak antolatu ahal izateko, langile guztiek urriaren 30a baino lehen emanen dizkiete beren lehentasunen berri arduradun nagusiei edo departamentuko arduradunari.
Aparteko kasuetan, eta 2025. urtean baino ez (2026ko egutegia), 9.2 eta 9.3 puntuetan aipatzen diren egutegiak ez dira emanen adierazitako egunetan.
10. artikulua. Lanaldia.
1. Hitzarmenaren indarraldirako 3. artikuluko 2. puntuan azaldutako lanaldia ezarri da.
–Eguneko txandak: 8:00-15:00 eta 15:00-22:00.
–Gaueko txandak:
- 22:00etatik hurrengo eguneko 07:00ak arteko txanda.
- 23:00etatik hurrengo eguneko 08:00ak arteko txanda.
- 22:00etatik hurrengo eguneko 08:00ak arteko txanda.
–Garbitegia: 06:30-14:30, astelehenetik ostiralera. Larunbat eta jaiegunetan, txandaka, 07:00-14:00. Ekainetik irailera bitartean, ordutegia 06:30-14:00 izanen da, astelehenetik ostiralera. Larunbat eta jaiegunetan, txandaka, 07:00-14:00.
–Bulegoak: 08:30-14:00 eta 16:00-18:00, astelehenetik ostegunera. Astelehenetik ostegunerako bitarteko egunetako batean arratsaldeko lanaldia 15:30etan hasi beharko da. Zerbitzua betetzeko, langileak txandaka ariko dira ordu erdi horretan, departamentu bakoitzaren barruan.
Ostiraletan eta jai-bezperetan, 8:00-15:00.
Jai-bezperen aurreko egunetan, 8:30-14:00 eta 15:30-18:00.
Uztailaren 15etik urriaren 15era, 8:00-15:00, astelehenetik ostiralera. Urteko lanaldira iristen ez diren langileek txandaka eginen dute lan larunbatetan, 9:00etatik 13:30ak arte, urteko lanaldia osatu arte.
–Abenduaren 24a eta 31, astelehenetik ostiralera bitarteko egunen bat badira, ez dira lanegunak izanen.
–Abenduaren 26tik urtarrilaren 5era, 08:00etatik 15:00etara lan eginen da.
–Gizarte Departamentua:
2025ean bakarrik mantenduko da 2021-2024rako hitzarmen kolektiboan departamentu horretarako ezarritako ordutegia.
- 2026tik aitzin, gizarte-langile bakoitzaren ordutegiak honako hauek izanen dira:
- Astelehenetan: 08:30-14:00 eta 16:00-18:15.
- Asteartetik ostegunera: 08:30-14:15 eta 16:00-18:15.
- Ostiraletan: 8:00-15:00.
–Lantegiak: urriaren 1etik martxoaren 31ra bitartean, biak barne, eta astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 13:00ak arte eta 15:00etatik 18:00ak arte. Apirilaren 1etik irailaren 30era, ordutegia 8:00etatik 16:30 arte da, astelehenetik ostiralera.
–Laborategia: 08:00-13:30 eta 16:00-18:00, astelehenetik ostegunera. Ostiraletan, 08:00-15:30.
Larunbatetan, txandaka, lanaldia osatu arte: 8:00-13:30.
Ekainaren 16tik abuztuaren 31ra arte: 8:00-15:00, astelehenetik ostiralera.
–EUD: ordutegi hauek:
- Goizeko txanda: 7:45-15:00.
- Arratsaldeko txanda: 14:45-22:00.
- Gaueko txanda: 21:45-08:00.
Gaur egun (2010) zazpi erizainek egiten dute lan, astelehenetik igandera, goizez, arratsaldez eta gauez; goian adierazitako ordutegiak txandakatzen dituzte.
Zazpi erizainek osatutako talde honetan, urtean ordu kopuru ezberdina egiten dute lan erizainek; eta urte batetik bestera ere ordu kopuru ezberdina egiten du lan erizain bakoitzak. Urtean lanean emandako ordu kopurua aldatu eginen da Zuzendaritzak erizain gehiago sartzen baditu txandetan edo txanden antolaketa aldatzen badu; baina indarrean dagoen txandaketaren bidez, urtean lanean emandako ordu kopuruak alderantzizko erlazioa du lanean emandako gau kopuruarekin.
Astelehenetik igandera txanda aldakorrean (goizez, arratsaldez eta gauez) lan egiten duten erizainei ez zaie eskatuko urtean lanean emandako orduak osatzeko, baldin eta aurreko formula aplikatuta urteko lanaldiaren ordu kopurua (3.2 artikuluan ezarritakoa) betetzen ez badu.
Zazpi erizain horiez gain, gaur egun (2010) bi erizainek lanaldi partzialean egiten dute lan zerbitzuaren beharrak asetzeko.
–Erizain gainbegiralea: goizez eginen du lan, 7:45-15:00 astelehenetik ostiralera; eta urteko lanaldia osatzeko beharrezkoak diren larunbatetan ere eginen du lan.
–Fisioterapeutak: 09:00etatik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara, urteko hilabete guztietan.
Erruki Etxeak egun kontratatuta duen EUD fisioterapeutak eskuratutako eskubide gisa, honako baldintza hauek mantenduko dira (2025eko iraila): 9:45-13:00, eta 15:45-19:00, astelehenetik ostiralera. Gainerako 45 minutuak, goizez eta arratsaldez, malguak izanen dira. Uztailean eta abuztuan goizez.
–Medikuak: ordutegi malgua, guardiako txandetan.
2. Lan denbora kontatzeko, langileak, hala eguneroko lanaldiaren hasieran nola bukaeran, lanpostuan egon behar du.
3. Lanaldi jarraituko langileek hemezortzi minutu eta erdiko atsedenaldia izanen dute. Tarte hori lan denbora gisa hartuko da 2026tik aurrera.
2025ean, 2024. urterako 2021-2024 aldirako hitzarmen kolektiboan jasotako denbora bera hartuko da kontuan.
Ez da lan denbora gisa zenbatuko sei ordu jarraian lan egiten ez duten langileen atsedenaldiak edo ogitartekoa jateko denborak.
4. Lege arauren baten bitartez benetako lanaldiaren interpretazioa aldatzen bada, arlo horretan aplikatu beharreko arauei jarraituko zaie.
5. Urteko lanaldi osoa (3.2 artikulua) egiten duten langile guztiak lanaldi doikuntzaren egunez baliatzen ahalko dira, ez dezaten urteko lanaldia gainditu. Lan egutegian itundutakoaren arabera arautuko dira lanaldi doikuntzaren egunak.
6. 2025. urtean bakarrik.
Lanaldi doikuntzaren egunik bada, bat astelehenean edo ostiralean hartuko da. Arduradun nagusiak txandaka banatuko du eta norberaren urteko egutegian jaso beharko da. Egun hori astelehena edo ostirala ez den beste batekin trukatzen ahalko da, langileak aldez aurretik eskatuta, arduradun nagusiak egutegiak antolatzeko beste modu bat aurkitzen badu.
Egun horiek hartzeko eguna zehazterakoan kontuan hartuko dira une bakoitzean dauden eritasun bajak, baimenak, oporrak, eta abar.
2018. urtetik aurrea, gertatzen ahal diren lanaldi doikuntzaren egunetatik bi honela hartuko dira:
- Ex2 (ostiral bat, libratzeko larunbat baten ondoan jarrita);
- Ex3 (astelehen bat, libratzeko igande baten ondoan jarrita);
- Bi egun horietako bat maiatzaren 15aren eta urriaren 15aren artean; bestea urteko gainerakoan.
Egun horiek "aste on" delakoetatik kanpo hartuko dira beti. Bi kasuetan, langileek aukeratu dituzten egunak proposatuko dituzte eta arduradun nagusiak balioetsiko du ematen ahal duen.
Urte naturalean sei hilabetez lan egiten dutenei ez zaie jarriko egun horietako bat (Ex2 edo Ex3); beste sei hilabetez luzatuz gero ere ez zaie jarriko beste eguna. Izan ere, bi kasuetan, asteko atsedenaldien sekuentzia sartuta dago.
Arduradun nagusiak planifikatu eta antolatuko du solairu edo departamentu bakoitzean noiz hartuko diren lanaldi doikuntzaren egunei dagozkien jaiegunak.
Gaueko txanda finkoko langileei ere puntu honetan azaldutako arau berberak aplikatuko zaizkie.
7. 2026. urtetik aitzin.
Lanaldia doitzeko egunak, halakorik egonez gero, arduradun nagusiak banatuko ditu, eta norberaren urteko egutegian finkatu beharko dira.
Egun horiek hartzeko eguna zehazterakoan kontuan hartuko dira une bakoitzean dauden eritasun bajak, baimenak, oporrak, eta abar.
Egun horiek "aste on" delakoetatik kanpo hartuko dira beti. Bi kasuetan, langileek aukeratu dituzten egunak proposatuko dituzte eta arduradun nagusiak balioetsiko du ematen ahal duen.
Arduradun nagusiak planifikatu eta antolatuko du solairu edo departamentu bakoitzean noiz hartuko diren lanaldi doikuntzaren egunei dagozkien jaiegunak.
Gaueko txanda finkoko langileei ere puntu honetan azaldutako arau berberak aplikatuko zaizkie.
8. Zuzendaritzak lanaldia, urteko lanaldiaren %2 gehienez ere, irregularki banatzeko eskatzen ahalko dio langile bakoitzari.
9. Adinekoen zaindari laguntzaileen, solairuko arduradunen, arduradun nagusien, telefonisten eta atezainen urteko egutegiak 11.2 artikuluan agertzen den eskema oinarri hartuta –asteko atsedenaldien sekuentzia– eta aplikazio urtearen arabera prestatuko dira, eta beharrezko gehiegizko lanaldiak (astelehena edota ostirala) sartuta edukiko dituzte, hain zuzen ere behar hainbat 11.2 artikuluan azaltzen den asteko atsedenaldien sekuentzia berria osatu arte.
11. artikulua. Asteko atsedenaldia.
1. Langile guztiek izanen dute asteko atsedenaldia, Erruki Etxeko zerbitzu edo departamentu bakoitzerako ezarritako moduan eta egunetan.
2. Egutegiko sekuentziak.
Adinekoen zaindari laguntzaileen, solairuko arduradunen, arduradun nagusien, telefonisten eta atezainen urteko egutegiak jarraian azalduko den "hirutik bat" eskeman oinarritutako asteko atsedenaldien sekuentzia berriaren arabera prestatuko dira.
Eskema horretan asteko atsedenaldiak ezartzeko zikloak hiru astekoak dira. Lehen astean ("A") asteko atsedenaldia asteburuko egun bat da (larunbata edo igandea), hurrengo astean ("B") asteko atsedenaldia asteburu osoa da (larunbata eta igandea), eta hurrengoan ("C") asteko atsedenaldia asteburuko egun bat da (larunbata edo igandea).
Urtero, aipatutako lan kategorietako profesionalen zikloa aurreko hiru aste motetako batean hasi behar da ("A", "B" edo "C").
Gainera, "hirutik bat" sekuentzia ("A", "B" edo "C") osatzeko behar diren doikuntza egunak edo gehiegizko lanaldiak "urdin" esaten zaien asteetako larunbat edota igandeetatik kenduko dira. 2022. urtetik aurrera astelehenetik ostiralera bitarteko egunetakoak izanen dira.
2025. urtean bakar-bakarrik, sekuentzia horri gehiegizko lanaldiko egunak gehituko zaizkio astelehenean edo ostiralean, hain zuzen ere zikloko "C" edo "A" motako aste guztietarako behar hainbat, kasuan kasuko asteburuan lanik egiten ez den egunarekin batera.
2026tik aurrera, sekuentzia horri asteleheneko edo ostiraleko gehiegizko lanegunak gehituko zaizkio, honako eskema edo eredu sekuentzia hau lortzeko behar hainbat:
I IA LI
L OL LI
edo, bestela:
IA I LI
OL L LI
Urteko egutegiak programatzeko, sortutako gehiegizko lanaldiko egun guztiak eta beharrezkoak direnak erabili beharko dira.
"Hirutik bat" sekuentzia berri horretan urteko egutegiko 33 opor egunetako hiru sartuko dira:
–V1 astelehen eta ostiraletan hartuko da, txandaka.
–V2 eta V3 larunbat eta igandeetan hartuko dira, txandaka, eta sekuentziako asteburu osoetan sartzen dira. Baimena emanez gero, urteko beste egun batean erabiltzen ahalko dira, aste barruan.
2022. urtetik aurrera "hirutik bat" sekuentzia berrian ezinbestekoa izanen da gutxienez 33 larunbat edota igandetan lan egitea urtean.
Gehienez 19 asteburu oso edukiko dira libre (aparteko kasuetan 20).
Arduradun nagusiek egutegiak doituko dituzte norbaitek behar baino larunbat eta igande gehiago libre edukiz gero; horretarako irizpide sistematikoa erabiliko dute.
3. Asteko atsedenaldia ahal delarik beti errespetatuko da, baina, zerbitzuaren beharrak direla eta, Erruki Etxeko Zuzendaritzak langilearen asteko atsedenaldia, bere txandari dagokiona, beste egun batera aldatzen ahal dio, lanpostuan egotea behar-beharrezkoa ez den beste egun batera, alegia, aldez aurretik langilearekin adostu eta langileak berak libreki onartuta.
4. Urtero, ekainaren 30a baino lehen Enpresa Batzordeak eta Zuzendaritzak proposamen berri bat adosten ahalko dute asteko atsedenaldien sekuentziari buruz, bai eta aldaketa hori onesteko prozedura ere. Urte horretako ekainaren 30a baino lehen onesten bada, hurrengo urtean aplikatuko da.
5. Asteko atseden egunak edo jaiegunak Erruki Etxeko langileek elkarrekin aldatzen ahal dituzte, interesdunek eskatuta eta Zuzendaritzarekin idatziz adostu ondoren, betiere zerbitzuaren beharrak kontuan hartuta eta, orobat, behar diren lanpostuak betetzeko eskura dauden langileen banaketa, egunen aldaketan parte hartzen duten langileen gaitasuna, bai eta beharrezkotzat jotzen den beste edozein inguruabar ere.
12. artikulua. Oporrak.
1. Erruki Etxeko langileek hogeita hamahiru (33) egun naturaleko oporraldia izanen dute urtero.
33 opor egunetatik bi arrazoi pertsonalengatik hartzen ahalko dira asteko edozein egunetan, baina, ahal dela, larunbatean edo igandean, urtarrilaren 15etik abenduaren 15era arte, Aste Santuan eta Pazko Astean izan ezik; lehenbailehen eskatu beharko dituzte eta, betiere, egun bererako eskatzaileen kopuruak ez du zerbitzuaren ohiko garapena galaraziko.
2022. urtetik aurrera aurreko paragrafoa ez zaie aplikatuko adinekoen zaindari laguntzaileei, solairuko arduradunei, arduradun nagusiei, telefonistei eta atezainei, zeren eta "hirutik bat" eskeman oinarritutako asteko atsedenaldien sekuentzia berrian 33 opor egunetatik 2 asteburuetan sartzen baitira ("V2" eta "V3").
Hogeita hamahiru opor egunetako beste eguna astelehenean edo ostiralean hartuko da. Arduradun nagusiak txandaka banatuko du eta norberaren urteko egutegian jaso beharko da. Egun hori astelehena edo ostirala ez den beste batekin trukatzen ahalko da, langileak aldez aurretik eskatuta, arduradun nagusiak egutegiak antolatzeko beste modu bat aurkitzen badu.
Gainerako hogeita hamar egunak hilabeteko txanda batean edo hamabost eguneko bi txandatan hartuko dira, lankideei kalterik eragiten ez badie eta betiere solairu edo departamentu bakoitzeko beharrak kontuan hartuta.
Gizarte-langileek honela hartuko dituzte 33 opor egun horiek: 3 egun solte urtean, eta gainerako 30 opor egunak aldi bakarrean edo gehiagotan banatuta; betiere, zazpi egun bederen jarraian direla. Edonola ere, bi gizarte langilek ez dituzte aldi berean oporrak hartzen ahalko.
2. Langile guztiek, ahal bada, maiatzaren 16tik urriaren 15era arte hartuko dituzte oporrak, biak barne.
Beren oporrak urriaren 16tik abenduaren 19ra eta urtarrilaren 11tik maiatzaren 15era hartzeko eskaera egiten duten langileentzat, Ostegun Santu eta Ostiral Santuko astea kenduta, hura aldakorra baita, Erruki Etxeak 20,50 euroko konpentsazioa ezarri du eguneko 2025erako, baldin eta 15 egun natural, gutxienez ere, jarraian hartzen badira.
Asteburuko txandako langileek diru konpentsazio bera kobratuko dute, 20,50 euro egunean (larunbat, igande eta jaiegunetan) 2025. urtean, beren oporrak bi aste osoko egunetan hartzen badituzte, aste horiek oso-osorik urtarrilaren 11tik maiatzaren 15era arteko tartekoak izanda, Ostegun Santu eta Ostiral Santuko astea kenduta, hura aldakorra baita, edo urriaren 16tik azaroaren 30era arteko tartekoak.
Oporretarako txandak jarriko dira, Erruki Etxeko zerbitzuak behar bezala bete daitezen.
Familia erantzukizunak dituzten langileek lehentasuna izanen dute beren oporrak eskolako oporrekin batera hartzeko (derrigorrezko eskolatze aldiaren barnean badaude).
Adostasunik ez izatera, jurisdikzio eskudunak ebatziko du afera.
3. Oporraldiak aukeratzekoan erabakigarria izanen da Erruki Etxean langileak duen antzinatasuna, eta txandaka eginen da, halatan non urte edo aldi batean aukera egiteko lehenak izan direnak hurrengoan azkenak izanen baitira. Eta horrela geroan ere, urte batean txanda bat aurrena eta hurrengoan bestea.
4. Oporrak hartzeko zehazten den egunean lanean urtebete eman ez duten langile finkoek lanean daramaten denboraren arabera proportzionala den oporraldia izanen dute. Baina oporraldi hori hartu ahal izateko Erruki Etxean lan egin behar izan dute gutxienez sei hilabetez.
5. Oporraldietan egin beharreko ordezkapenak, adibidez erizaintzan, sukaldean, garbitegian, zerbitzu orokorretan eta abarretan, adinekoen zaindari laguntzaileek eta pabiloietako langileek eginen dituzte.
6. Ondoren adierazten diren zerbitzuetako eta departamentuetako langileen oporraldiak eta horien banaketa honela eginen da:
a) Garbitegia. Oporrak txandaka banatuko dira; bi lagun egonen dira oporretan txanda bakoitzeko, etenik egin gabe, harik eta guztiek euren oporrak bukatu arte.
b) Adinekoen zaindariak eta zaindari laguntzaileak. Oporrak txandaka banatuko dira (pertsona bat zerbitzu edo departamentu eta txanda bakoitzeko), etenik egin gabe, harik eta guztiek euren oporrak bukatu arte.
c) Adinekoen gaueko zaindariak. Oporrak txandaka banatuko dira (pertsona bat txanda bakoitzeko), etenik egin gabe, harik eta guztiek euren oporrak bukatu arte.
d) Lanaldi partzialeko, asteburuko eta jaiegunetako kontratudunek eskubidea dute oporrak izateko lan egindako denboraren edo lanaldiaren proportzioan.
7. Aldez aurretik finkatutako oporrak hartzeko garaia heltzean, langileren bat aldi baterako ezintasun egoeran badago, Langileen Estatutuaren 38.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, arau hauek aintzat hartuta:
a) Langileari dagokion oporraldia bukatu aurretik alta medikoa ematen badiote, oporraldiaren azken egunera artekoak hartuko ditu eta gelditzen zaizkion egunak, berriz, gainerako langileek beraienak bukatu ondoren hartzen ahal ditu, ahal bada urte naturalaren barrenean, edo, ezin izan bada, hurrengo urtean. Kasu horretan ez da inolako diru konpentsaziorik emanen.
b) Alta medikoa langileari dagokion oporraldia bukatu ondoren ematen badiote, gelditzen zaizkion egunak gainerako langileek beraienak bukatu ondoren hartzen ahalko ditu, ahal bada urte naturalaren barnean, edo, ezin izan bada, hurrengoan. Kasu horretan ez da inolako diru konpentsaziorik emanen.
8. Oporraldia haurdunaldian arriskua izateagatiko bajarekin batera suertatzen bada, baja arrunt edo amatasun bajatzat hartuko da.
9. Antolaketa, langileen arrazoizko banaketa eta erakundearen zerbitzuko beharrizanak aintzat hartuta, solairu, zerbitzu edo departamentu bakoitzeko langileek urteko urriaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera hurrengo urteko 30 opor egunak hartzeko, hitzarmenean ezarritako moduan. Epe hori betetzen bada, adostasuna emanen zaie norberaren urteko egutegiko eskaerei.
13. artikulua. Probaldia.
Langile sartu berri orok probaldi bat pasatu beharko du, zeinen iraupena une bakoitzean indarra duen lan legeriak ezarritako luzeena izanen baita.
Probaldian zehar, bi aldeek deuseztatzen ahalko dute kontratua aurretiaz abisatu beharrik gabe eta inolako erreklamaziorik nahiz kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.
14. artikulua. Lana norbere borondatez uztea.
Beren borondatez Erruki Etxetik alde egin nahi duten langileak behartuak daude enpresari jakinaraztera, aurreabisurako epe hauek betez:
–Teknikariak: bi hilabete.
–Enplegatuak: hilabete.
–Menpekoak eta langileak: hamabost egun.
Langileak aurretik abisua emateko baldintza hori behar den epean bete ezean, Erruki Etxeak likidaziotik kentzen ahalko dio egun bateko ordainsariaren zenbatekoa atzerapen egun bakoitzeko.
15. artikulua Lizentzia ordainduak.
1. Erruki Etxeko langile orok, aurrez behar den denboraz abisatu eta justifikatuta, eskubidea izanen du baimena eman diezaioten, inolako eskubiderik galdu gabe (eginkizun plusa izan ezik), unean-unean Langileen Estatutuan jasota dauden kasu guztietan, baita honako kasu eta aldi hauetan ere:
a) Langilearen ezkontza: 15 egun natural.
b) Ikastetxe ofizialetan azterketak egiteko: behar den denbora, behar bezala justifikatuta.
c) Ezkontidearen, bizikidearen, seme-alaben, gurasoen edo aitaginarreba-amaginarrebaren, anai-arreba edo koinatu-koinaten, biloba eta aitona-amonen edo ahaideen heriotza eta ehorzketa: hiru egun natural. Nafarroatik kanpora gertatuz gero, lau egun natural.
d) 1. Ezkontidearen, bizikidearen, guraso eta seme-alaba odolkide nahiz ezkontza bidezkoen eritasun larria: zazpi egun natural operazio kirurgikoa egin eta ospitaleratu beharra dagoenean.
2.
3. Ezkontidearen, bizikidearen, guraso edo seme-alaba odolkide edo ahaideen gaixotasun larria: hiru egun natural. Nafarroatik kanpora gertatuz gero, lau egun.
4.
5. d) atalean aipatzen diren ahaideen egoera larria frogatu beharko da medikuak emandako txosten edo inprimakiaren bidez, eta bertan jasoko dira eriari edo istripua izan duenari asistentzia emandako data, edo ebakuntza kirurgikoa egindako eguna, pazientearen izena eta deiturak eta eritasunaren, lesioaren edo ebakuntza kirurgikoaren larritasunaren egiaztapena.
e) Emaztearen edo bizikidearen erditzea: hiru egun natural.
f) Saihestu ezinezko eginbehar publikoa betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora, baina bi egun jarraian edo hilean bost egun tartekatuta gainditu gabe. Ordezkari politiko izateagatik lekutuz gero, baimen hori ez da ordainduko.
g) Ohiko bizilekuz aldatzeko (altzariak eramaten badira): egun natural bat.
h) Seme-alaben, anai-arreben eta koinatu-koinaten edo ahaideen ezkontza: egun bat (ezkontzaren eguna bera). Nafarroatik kanpo izanez gero: bi egun natural.
i) Lizentziak enpresa batzordekoentzat:
behar-beharrezkoa den denbora, aplikatzekoak diren xedapenek ezarritako gehieneko ordu kopuruarekin.
j) Semearen edo alabaren lehenengo jaunartze eguna, baldin eta egun horretan langileak duen txandagatik laneguna bada.
k) Gurasoen ezkontzagatik: egun natural bat (ezkontzaren eguna bera).
2. Baimen horiek guztiak egun naturaletarako izanen dira eta gertaera eragiletik aitzina; nahitaez justifikatu beharko dira.
3. a), c) eta e) ataletan adierazitako kasuetan, aparteko egoeretan, baimen horiek luza daitezke behar den beste, inguruabarrak nolakoak diren ikusita. Baimenaren baldintzak adostuko dira eta luzapen apartekoetan soldatarik gabeak izatea adostu ahalko da.
4. Lizentziak izateko eskubidea izateko egoerak simulatzea hutsegite larritzat joko da.
5. Lizentzia ordainduei buruzko indarreko legerian gertatzen diren aldaketen ondoriozko eskubideak errespetatuko dira.
16. artikulua. Eszedentziak eta erretiroak.
1. Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 46. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
2. Sei hilabetetik hiru urtera arteko eszedentzia eskaerak banan-banan aztertuko dira eta halaxe erantzunen zaie.
Ebazpena aldekoa baldin bada, bere lanpostura itzuliko da.
3. Enpresa Batzordearen eta Zuzendaritzaren (edo horren ordezkariaren) artean batzorde bat eratuko da, arrazoi pertsonalengatik langileek egindako baimen berezietarako eskabideak balora ditzan. Azken erabakia Zuzendaritzak hartuko du beti.
4. Seme-alabak zaintzeko ardura duen langileak lanaldia %50 murrizteko eskatzen ahal du semeak/alabak 12-14 urte dituen bitartean. Aukera honi heltzen dion langileak ezin du inoiz txanda aukeratu; dagokion txandarekin jarraituko du.
5. Urtero erretiro partziala dakarren lan denbora urte bakoitzean egiten ahalko da jarraian, aldi bakarrean. Arduradun nagusiak eta Zuzendaritzak erabakiko dute urtean lan egiteko aldi hori noiz izanen den. Urtero aldi ezberdinak izaten saiatuko da, langileak besterik esan ezean eta arduradun nagusiarekin eta Zuzendaritzarekin ezer adostu ez badu.
7. Erretiro partziala.
Erretiro partziala errelebo-kontratuaren bidez hartzeko aukera izanen da, 11/2024 Errege Lege Dekretuan eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 215. artikuluan ezarritakoari jarraiki, baldintza hauek guztiak betez gero:
1) Aipatutako bi lege horiek ez aldatzea hitzarmen hau indarrean jartzen denetik aurrera.
2) Ohiko erretiroa hartzeko arauzko adina bete aurreko 24 hilabeteetan erretiro partziala hasteko eskatzea, 2025eko urrian formalizatzen diren eskaera guztietarako (2026an hasi beharko dira).
Honako urte hauetarako ezarritako epean aurkezten diren eskaeren kasuan (16.7 artikulua, 9. eta 10. atalak): 2026, 2027 eta 2028 (beraz, erretiro partziala 2027an, 2028an eta 2029an hasiko da, hurrenez hurren), erretiro partziala ohiko erretiroa hartzeko arauzko adina bete aurreko 19 hilabeteetan hasteko eskatu beharko da.
3) Lanaldia murrizteko eskaera lanaldiaren %75 izatea.
4) Lan kategoria hauetarako emanen da: adinekoen zaindaria, adinekoen gaueko zaindaria, solairuko arduraduna, txandako arduraduna, garbitegiko langileak, EUDak, mantentze-lanetako langileak eta atezainak.
Lan kategoria horietatik kanpoko erretiro partzialeko eskaerak banan-banan aztertuko dira.
5) Gehienez ere erretiro partzialeko 8 kontratu emanen dira aldi berean, 2026ko urtarriletik 2029ko ekainera arte, biak barne. 2029ko uztailetik, indarreko aldi bereko erretiro partzialeko kontratuen kopurua 5. atal honen azken zatian adierazitakoa betez handituko da.
Baldintzak betetzen dituzten eskatzaile gehiago badaude baina ezarritako muga bete bada, hurrengo langileak, erretiro partzialeko kontratua lortzeko, indarrean dagoen erretiro partzialeko kontratuetako bat akitu arte itxaron beharko du. Erretiro partziala emateko ordena ezartzeko prozedura zehatz-mehatz azaltzen da 11. azpiatalean.
Hala ere, aipatu muga hori honela handituko da:
–2029ko uztailean, indarreko aldi bereko 9 kontratu gehienez.
–2029ko abuztuan, indarreko aldi bereko 10 kontratu gehienez.
–2029ko irailean, indarreko aldi bereko 11 kontratu gehienez.
–2029ko urrian, indarreko aldi bereko 12 kontratu gehienez.
–2029ko azaroan, indarreko aldi bereko 13 kontratu gehienez.
–2029ko abenduan, indarreko aldi bereko 14 kontratu gehienez.
6) Baldintza guztiak betetzen dituzten langileek kontratu modalitate hori eskuratzeko (aurreko 5. puntua), erakundeko profesional gisa duten antzinatasuna hartuko da kontuan.
7) Erretirodun partzialak egin beharreko gainerako lanaldia banatzeko, Erruki Etxearen hitzarmenaren 16.5 artikulua aplikatuko da ("urtero erretiro partziala dakarren lan denbora urte bakoitzean egiten ahalko da jarraian, aldi bakarrean. Arduradun nagusiak eta Zuzendaritzak erabakiko dute urtean lan egiteko aldi hori noiz izanen den. Urtero aldi ezberdinak izaten saiatuko da, langileak besterik esan ezean eta arduradun nagusiarekin eta Zuzendaritzarekin ezer adostu ez badu").
8) Erretirodun partzialak zerbitzuak ematen dituen bitartean izaten ahal dituen aldi baterako ezintasun aldiak ez dira benetan lan egindakotzat hartuko, eta alta medikoa jaso eta berehala berreskuratu beharko dira.
9) Azken eskaerak 2028ko urriaren 30ean aurkeztu beharko dira beranduenez, eta behar bezala eta osorik bete beharko dituzte erretiro partzialeko kontratua eskuratzeko baldintza guztiak, 2029ko abenduaren 15a baino lehen.
10) Hain zuzen ere, hurrengo urtean 16.7 artikuluan aipatutako baldintza guztiak beteko dituen edozein profesionalek errelebo-kontratuko erretiro partziala eskatu beharko du kontratu hori lortu nahi duen urtearen aurreko urteko urriaren 30a baino lehen.
Hau da, hurrengo urteko norberaren urteko egutegia egiteko informazioa ematen duenean jakinarazi behar du.
Modu eta epe horretan egin ezean, hurrengo urrira arte itxaron beharko du.
11) Aurreko azpiatal guztietan ("7. Erretiro partziala" atal honetako 1etik 10era arteko azpiatalak) ezarritako baldintzak urtero betetzen dituzten profesionalen ordena ezartzeko prozedura honako hau izanen da:
a. Urte bakoitzean, zerrenda bat eginen da errelebo-kontratuko erretiro partziala hartzeko hautagai diren eta urte horretan baldintzak beteko dituztela frogatzen duten profesionalekin.
b. Hautagaien zerrenda ordenatzeko, Erruki Etxeko profesional gisa duten antzinatasuna hartuko da kontuan.
c. Gainera, urte bakoitzeko zerrendan txertatuko dira aurreko urtean eskaera egin zuten eta errelebo-kontratua lortzeko zain dauden hautagaiak.
d. Hautagaien zerrenda (errelebo-kontratua esleitzeko plazarik lortu ez zuten aurreko urteko hautagaiak barne hartuta) Erruki Etxeko profesional gisa duten antzinatasuna kontuan hartuta ordenatuko da berriro.
e. Errelebo-kontratuko erretiro partziala esleitzeko, prozedura horren bidez lortutako zerrendaren ordena zorrotz beteko da, eta plaza hutsak sortzen direnean esleituko da.
f. Baldin eta hautagai batek zerrenda ordenatzeko modu horren arabera errelebo-kontratua eskuratzeko aukera badu, baina oraindik eskuratzeko gutxieneko eguna iritsi ez bazaio (atal honen –"7. Erretiro partziala"– 2. azpiatala), ez da Erruki Etxean antzinatasun txikiagoa duen zerrendako beste hautagairik aurreratuko, nahiz eta hark ezarritako baldintza guztiak bete (erretiro partziala hartzeko gutxieneko eguna iritsi izana barne).
Hau da, antzinatasunagatik errelebo-kontratua egokitzen zaion profesionalaren plaza gordeko da kontratu hori lortzeko gutxieneko eguna iristen zaion arte, eta ordura arte ez da errelebo-kontratu berririk eginen.
g. Hautagai bat aldi baterako ezintasun egoeran badago eta aurreko guztia betetzeagatik errelebo-kontratua egokitzen bazaio, ez zaio plaza gordeko eta zerrendako hurrengoari eskainiko zaio.
Hala ere, hautagaien zerrendara itzuliko da medikuaren alta jaso ondoren, eta aurretik zuen postua berreskuratuko du.
17. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
1. Aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileek, edozein dela ere horren arrazoia, baja agiriak, altakoak eta baja berrestekoak aurkeztu beharko dizkiete Langileen Departamentuari edo arduradun nagusien taldeari, Gizarte Segurantzako arauek ezarri bezala.
Ezintasuna gertatzen den egun berean jakinarazi beharko dute. Horrela egiten ez bada falta arina izanen da eta, ondorioz, egun bat lan eta lansaririk gabe uzten ahalko da.
Hurrengo bost egunetan jakinarazten ez bada, falta oso astuntzat hartuko da.
2. Erruki Etxeak Gizarte Segurantzako prestazio ekonomikoaren eta oinarrizko soldataren %100era arteko diferentzia ordainduko die langileei, antzinatasuna eta jarduera plusa barne, hitzarmen honen 1. eranskinean ageri diren lanbide postu bakoitzean. Ondorengo a, b eta c kasuak hartuko dira kontuan.
"Asteburuko eta jaiegunetako zaindariak" kategoriako langileek asteburuko eta jaiegunetako zaindariendako plus bereziaren %50 ere kobratuko dute, hiru kasu horietan beretan.
a) Laneko istripuaren edo eritasun profesionalaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna, Gizarte Segurantzako arauek aldi baterako ezintasunean daudenentzat une bakoitzean ezarritako gehieneko denboraz.
b) Eritasun arrunt edo lanetik kanpoko istripu larriaren ondorioz ospitaleratu eta aldi baterako ezintasuna, bajak dirauen artean.
c) Amatasuneko aldi baterako ezintasuna, arlo horretan aplikatzekoak diren legezko arauek unean-unean ezartzen duten iraupenarekin.
3. Gizarte Segurantzako prestazioen soldata osagarriak, aurreko puntuan adierazi direnak, kobratu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da baja gertatzen den egunean bertan jakinaraztea.
4. Eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunen kasuetan (artikulu honen 2. puntuko b) ataleko kasuan izan ezik), langileek Gizarte Segurantzaren prestazioa izateko eskubidea izanen dute.
5. Gizarte Segurantzak murriztuko balu aldi baterako ezintasuneko prestazioen zenbatekoa, langilearen hartzeko guztiak (Gizarte Segurantzaren prestazioa eta Erruki Etxearen osagarria) Gizarte Segurantzak murriztutakoa adina murriztuko lirateke.
6. Absentismoak %5 gainditzen ez badu, eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun egoeran daudenean, Erruki Etxeak Gizarte Segurantzako prestazio ekonomikoak oinarrizko soldataren %100era arte osatuko dizkie langile guztiei, antzinatasuna eta jarduera plusa barne.
7. Absentismoaren %5ari dagokionez, ondorengo hauek ez dira kontuan hartuko:
a) Amatasun bajak.
b) Laneko istripuaren ondoriozko bajak.
c) Hitzarmen honen 15. artikuluaren a), c) eta e) artikuluan zehazten diren lizentzia ordainduak.
d) Urtean zehar eritasunaren ondoriozko baja luzeena izan duen pertsonari dagokion absentismo-portzentajea.
e) Zentrotik ateratzea.
f) Ordu sindikalak.
18. artikulua. Absentismoa.
1. Lanera huts egite oro, justifikatua bada ere, adibidez, aldi baterako ezintasuna, etab., egun berean jakinarazi beharko zaio atal bakoitzeko arduradunari.
2. Eritasunaren ondoriozko absentziak, egun bakarrekoak izanik ere, behar bezala justifikatuko dira eta egun berean jakinaraziko zaio ataleko arduradunari.
Frogagiririk aurkeztu ezean enpresak ez du inolako ordainsaririk eman beharko denbora horrengatik.
19. artikulua. Medikura joateko ateratzea.
1. Eritasuna dela-eta, langileak Gizarte Segurantzako zerbitzuetako kontsultategi medikora joan behar baldin badu lanorduetan, Erruki Etxeak horretarako behar den denbora emanen dio, ordainsaria galdu gabe (eginkizun plusa salbu). Sendagileak ontzat emandako frogagiria, kontsultategiak zigilatua, aurkeztuko du langileak denbora hori justifikatzeko.
Frogagiririk aurkeztu ezean enpresak ez du inolako ordainsaririk eman beharko denbora horrengatik.
2. Irtenaldi horiek ahaide hurbilekoak (gurasoak edo seme-alabak) Gizarte Segurantzako kontsultategi medikora edo partikularrera laguntzeko direnean, nominatik lanetik kanpo emandako denbora deskontatuko zaio langileari eta gainera irteerak behar bezala justifikatu beharko ditu.
3. Lanorduetan egiten diren irtenaldietan ez da egun horretako eginkizun plusa kobratuko.
20. artikulua. Konpentsazioa eta xurgapena.
1. Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak derrigorrezko lege xedapenek ezarritako beste edozein arauren edo xedapenen bidez konpentsatu eta xurgatuko dira.
21. artikulua. Baldintza hobeak.
1. Langileek dituzten baldintza hobeak, Erruki Etxearen borondatez edo bakarkako lan kontratu bidez dauzkaten guztiak, errespetatuko dira.
2. Baldintza hobe horiek urteko konputuan kalkulatuko dira beti.
22. artikulua. Laneko araubide pribatiboaren aldaketa.
1. Erruki Etxeak, beharrezkoa denean, lanbide talde bereko beste postu bateko lanetan, edo beste lanbide talde batekoan, jartzen ahalko ditu langileak eta aldaketa egiteko arrazoiak desagertzen direnean lehengo lanpostura itzuliko dira.
2. Langile horien ordainsariak, beste postu bateko lana egiten duten bitartean, postu horri dagokiona izanen da ordainsari handiagoa badu; eta alderantzizko kasuan, bere jatorrizko lanpostuari dagokion ordainsariari eutsiko dio.
Halaber, ahaleginak eginen dira ordainsari txikiagoko lan horietan beti langile bera ez jartzeko.
Ordainsari txikiagoko lanetan aritzeko eskaera langileak berak egiten badu, lan horri dagokion ordainsaria izanen du.
23. artikulua. Laneko arropa.
1. Urte guztietako urtarrilaren aurreneko egunetan, Erruki Etxeak laneko arropa egokia banatuko die langileei, bakoitzaren jarduera, lanpostua, etab., kontuan hartuta.
2. Instituzioak honako hauek banatuko ditu:
a) EUD, garbitegia, zerbitzu orokorrak, zaindari laguntzailea, etab. lan kategorietako langileentzat: pijama zuria.
b) Aipatu langileek, oinetakoak direla eta, 75,70 euro jasoko dituzte 2025ean. Behin-behinekoek lan denboraren araberako kopuru bat jasoko dute oinetakoentzat.
c) Txanodun jaka: gutxienez 2 urteko antzinatasuna izanda, lau urtean behin berria emanen da.
3. Tailerretako langileentzat: buzoak eta oinetakoak, orain arte emandakoak bezalakoak.
4. Arropak sei hilabete iraunen duela aurreikusi da eta oinetakoek urtebete.
5. Langile batek Erruki Etxea uzten badu, eman zaion arropa itzuli beharko du.
24. artikulua. Ekintza sindikala enpresan.
1. Erruki Etxeak ez du langile bat ere diskriminatuko sindikatu batekoa izateagatik, eta Etxe barnean ekintza sindikala eraginkorra izan dadin, langileek arlo horretan aplikatzekoak diren legezko arau indardunetan ezarritako eskubide guztiak izanen dituzte.
25. artikulua. Lanbide sailkapena, lanbide postuen eta lanbide taldeen arabera.
Instituzio honen ezaugarri bereziak ikusirik, beharrezkoa da lan eta eginkizun guztiak lanbideetan biltzea, langile bakoitza hobeki egokitu dadin instituzioaren zerbitzu eta departamentuen egiazko beharretara. Horretarako, lanbide postu hauek ezarri dira:
1. Zerbitzu orokorrak: lan hauek dituztenak: aretoak, logelak, komunak, korridoreak, leihoak, kristalak eta altzariak garbitzea eta, orobat, erabilera orokorreko gelak eta lokalak, etab.
Lan horiekin batera ontziak, beirak, mahai tresnak eta instituzioko era guztietako etxetresnak ere garbituko dituzte.
Arreta berezia jarriko dute materiala erabiltzean eta zaintzean, hausturak saihestearren eta materiala ahalik eta denbora gutxien egon dadin zikin. Oheak egitea. Erruki Etxean daudenei janaria banatzea.
2. Garbitzaileak/lisatzaileak: beren lanbide postuko zereginak egiten dituzte, eskuz edo makinaz. Garbitzeaz gainera ehun eta arropa mota guztiak lisatu, lehortu, antolatu eta sailkatuko dituzte.
3. Atezainak/txoferrak: Etxearen sarbideak zaintzen dituzte eta bisitak hartzen. Hain zuzen, bisitei harrera ona egiten diete eta gero kasu bakoitzean egoki diren arduradun edo egoiliarrengana deribatzen dituzte. Telefono deiak hartu eta egiten dituzte, eta dagokion pertsonarengana bidali. Egoiliarrek zentrotik kanpoko harremanetarako egiten dituzten eskaerei kasu egiten diete.
4. Adinekoen zaindari laguntzaileak (aurreko hitzarmenetan "txandako ordezko langileak" ziren): instituzioaren zerbitzu edo departamentuetan lan egiten dute, eta aldi bateko ezintasun egoeran, baimena nahiz eszedentzia hartuta, asteko atsedenaldian, oporretan eta antzekoetan daudenak ordezkatzen dituzte.
Lanbide postu horretan denbora partzialeko kontratudunak daude, asteburu eta jaiegunetarako. Lanaldi partzialeko langile finkoek lehentasuna izanen dute plantillan lanpostu huts behin betikoak suertatzen direnean.
5. Sukaldeko laguntzaileak: sukaldariari edo sukaldeburuari lagunduko diote maila apalagoko lanbide prestakuntza behar duten lanetan.
Honako eginkizun hauek ere izanen dituzte: berdurak, arraina, barazkiak eta abar prestatu, garbitu eta zuritzea; sukaldea garbitzea; ontziak, beirak, mahai tresnak eta bertako era guztietako sukalde tresnak garbitzea.
6. Adinekoen zaindariak: titulurik izan gabe, honako eginkizun edo zerbitzu hauek egiten dituzten pertsonak dira: egoiliarrei arreta eskaintzea eta gaixoei higienean, garbitzen eta beharrizanetan laguntzea. Oheak egitea. Erabilitako arropa bildu eta garbitzera eramatea. Egoiliarrei jaten ematea, laguntza behar badute. Lan horiekin batera honako hauek garbituko dituzte: ontziteria, aretoak, logelak, komunak, korridoreak, leihoak, kristalak, altzariak, Etxeko erabilera orokorreko gela eta lokal guztiak, eta instalazioetako osagarriak, altzariak eta apaingarriak.
7. Adinekoen gaueko zaindariak: titulurik izan gabe, honako eginkizun edo zerbitzu hauek gaueko txandan egiten dituzten pertsonak dira: egoiliarrei arreta eskaintzea eta gaixoei higienean, garbitzen eta beharrizanetan laguntzea. Oheak egitea. Erabilitako arropa bildu eta garbitzera eramatea. Gaixoei Osasun Zerbitzuak agindu dizkien elikagaiak eta botikak hartzen laguntzea. Gaixoaren datu klinikoak eta termometrikoak eta tresneriarik gabe egindako azterketaren ondoriozko datuak jasoko dituzte; horretarako, EUDen edo mediku arduradunaren agindua jaso behar izan du.
Era berean, EUD edo mediku arduradunari ikusitako zeinu nabarmenen edo eriek beren sintomei buruz egiten dituzten adierazpenen berri emanen diete.
Gaueko zerbitzu horren baldintzak hauek dira: 9 (bederatzi) orduko lan jarraitua gaueko 22:00etatik (edo 23:00etatik) goizeko 7:00ak (edo 8:00ak) arte, egun batean bai eta bestean ez, edo jarraian.
8. Solairuko arduraduna: egoiliarrari bizi den solairuan arreta osoa emateko izendatu den pertsona da; horrez gain, solairu horretako gelak, altzariak, jantziak, tresnak eta abar zaindu eta garbitu behar ditu Gizarte arloko departamentuarekin, erizainekin, arduradunekin eta Etxeko beste atal batzuekin elkarlanean eginen du lan, Zuzendaritzak ezarri dituen arauen arabera eta Egoitzako Barne Araubideko Erregelamendua betez.
Bere eginkizunetan aintzat hartuko du egoiliarraren ongizatearekin zerikusia duen oro, haren behar fisikoak eta psikikoak gogoan izanik.
9. Egoiliarren zaintzailea: egoiliarrari bere eguneroko bizitzako jardueretan laguntzen diona, kanpora ateratzean eta joan-etorrietan, beharrezkoa denean.
10. Telefonista: besteak beste eginkizun hauek izanen ditu, nagusiki:
Instituzioko telefonoguneko zerbitzuaz arduratzea, barneko eta kanpoko telefono komunikazioak ezartzea eta horiek kobratzea.
Erabiltzaileen hiriarteko deietan arreta berezia jarriko du, zenbat irauten duten, etab.; eta horretarako dauden kontrol sistemetan azalduko ditu.
Hartzen dituen mandatuak eta abisuak lehenbailehen eta zehatz hartu eta emanen ditu.
11. Administrari laguntzailea: egin beharreko lanetan laguntzea du eginkizun: txostenak idatzi, telefonoa hartu eta bere zerbitzuak eskatzen dituztenei arreta jarri, datu baseak eguneratu, egoitzatik kanpoko kudeaketak egin: Gizarte Segurantza...
12. Sukaldariak: talde honetako langileek kargua betetzeko behar adina ezagutza dute eta sukaldeko buruaren agindupean daude. Menuak prestatuko dituzte eta beste enplegaturik bada, haien mende edukiko dituzte.
13. Goizeko/arratsaldeko arduraduna: arduradun nagusiaren agindura, lana eta erabiltzaileei eman beharreko arreta egokia antolatzen dituena, horretarako behar diren langileak banatuz.
14. 1. mailako tailerreko ofiziala: zentroko aparatu eta instalazioak eta kanpoaldekoak kontserbatzen, kontrolatzen, konpontzen eta haien mantentze-lanez arduratzen den pertsona da. Zentroan hartzen den materiala jaso eta behar den tokira eramanen du.
15. 1. mailako administrari ofiziala: buruaren agindupean dago eta ekonomia eta finantza kudeaketari lotutako zereginak betetzen ditu. Bulegoko materiala eskatu eta kontrolatuko du. Haren laguntza behar duten egoiliarrei lagunduko die.
16. Zezen plazako etxezaina: zezen plazako mantentze-lanen arduraduna.
17. Garbitegiko burua: arropa garbitegiko lana ez ezik hartan diharduten langileak ere antolatzen ditu.
18. Sukaldeko burua: eguneko menuan dauden plateren ontzeak zaindu eta zuzenduko ditu. Menua aurretiaz egin behar da, eta hark arretaz zaindu behar ditu elikagaien aurkezpena eta aprobetxamendua, zerbitzu hobea eman eta ekonomia artatu dadin. Haren agindupean daude sukaldean lan egiten duten gainerako pertsonak; beraz, ematen dituen aginduak betetzen direla ere zaindu behar du. Osasun atalak erientzat ezarritako dietak koordinatu eta beteko ditu.
Sukaldearen funtzionamendu egokiaz arduratuko da, xehetasun guztietan, besteak beste higienearen arloan, garrantzitsuenetakoa baita.
19. Mantentze-lanetako teknikaria: instalazioen eta makinen mantentze teknikoaren arduraduna.
20. Mantentze-lanetako arduraduna: departamentu horri atxikitako langileak eta haien lana antolatu eta planifikatzen duen pertsona da.
21. Arduradun nagusia: Erruki Etxeko zerbitzuak (solairuak, jantokiak, arropa garbitegia, sukaldea, atezaintza...) ongi funtzionatzeaz arduratzen den pertsona da, goizeko eta arratsaldeko arduradunen laguntzarekin, langileak eta haien lana antolatuz.
22. EDU: erizaintzako gainbegiralearen eta medikuaren mende eta haiek gainbegiratuta, Eritzaintzako titulazioari dagozkion lanetan arituko da.
23. EDU (laborategia): erizaintzako gainbegiralearen eta talde medikoaren mende, bere titulazioari dagozkion lanetan arituko da.
24. Fisioterapeuta: erizaintzako gainbegiralearen eta mediku koordinatzailearen mende, bere titulazioari dagozkion lanetan arituko da, mediku taldearekin eta osasun arlokoarekin koordinatuta. Bere kargura dauden bitartean, egoiliarrei lagunduko die haiek egin beharreko jardueretan.
25. Gizarte Laneko diplomaduna: Zuzendaritzaren mende dago, eta titulu egokia duen profesional horren ardura dira dagozkion zereginak betetzea eta zentroko gizarte lana antolatzea. Egoiliarren arazoak konpontzeko kudeaketak eginen ditu.
26. Gizarte-animatzailea/harreman publikoak: Erruki Etxeko joko eta kultura arloko jarduerak programatuko ditu eta haren ordezkari izanen da beste instituzio eta erakundeekiko harremanetan.
27. Administrazioko burua: ekonomia eta finantza kudeaketaz arduratuko da, zuzendariak emandako arauak betez. Administrazio Departamentuko lana antolatu eta planifikatzeaz arduratzen da.
28. Mediku koordinatzailea: zentroko zuzendariaren agindura, Osasun Arlo Orokorraren funtzionamenduaz arduratzen da.
29. Medikua: koordinatzaileak gainbegiratuta, egoiliar bakoitzaren historia medikoa prestatuko du, tratamendu egokiak errezetatuko dizkie eta haien jarraipena eginen du osasun egoerari erreparatuz.
30. Lan harremanetako graduduna: nominak, gizarte aseguruak, kontratuak eta bere titulazioari dagozkion gainerako eginkizunak eginen ditu.
31. Psikologoa: mediku koordinatzailearen mende dago eta bere tituluari dagozkion zereginak beteko ditu, besteak beste: egoiliarren ebaluazio psikologikoa, esku hartzeko programen plangintza eta garapena, banako eta taldeko terapiak, edo txostenen prestaketa eta aurkezpena.
32. Proiektuen teknikaria/artxibozaina: zuzendaritzaren menpe, unean-unean agintzen zaizkion proiektuak eginen ditu, hala nola: langileen prestakuntzaren kudeaketa, egoiliarren aisialdirako jarduerak, erakundearen dokumentu artxiboaren kudeaketa, etab.
–Irizpide orokorra: lanbide postu bakoitzean aipatutako eginkizunez gain, badaude beste batzuk. Langilea behartua dago arduradunak agintzen dizkion eginkizun guztiak egitera, langile bakoitza instituzio honen departamentuen eta zerbitzuen benetako beharretara egokitu dadin, eta horien ordena eta funtzionamendu zuzena zainduko ditu.
Amortizatu behar ez diren lanpostuak hutsik gelditzen direnean, Etxeko langileek beteko dituzte baldin eta, Zuzendaritzaren iritziz, hutsik gelditutako lanpostuan aritzeko gai dela frogatzen badu. Horren kariaz, lanpostu berrian probaldi bat gaindituko du.
Lanbide postu horiek hainbat lanbide taldetan bildu dira, hitzarmen honen 1. eranskinean deskribatu den moduan.
26. artikulua. Aurrerakinak.
1. Langile bakoitzak urtean aurrerakin bat eska dezake, hiru hilabeteko soldatakoa. Zenbateko hori urtebeteko epean itzuliko da, hilabeteka eta kopuru berdinetan, interesik gabe.
2. Mailegu hori emanen die enpresak langile guztiei mailegatutako diru kopurua 60.101 eurora iristen ez bada. Denbora batez zenbateko horretatik goitikoa izanez gero, mailegu berria ematea atzeratuko litzateke, harik eta hilabetekako itzulketak direla-eta diru kopuru horren azpitik gelditzen den arte.
27. artikulua. Ikasketak egiteko laguntzak.
1. Ikasketak egiteko laguntzen eskaerak banaka aurkeztu beharko dira eta xehetasunez agertuko dira hauek: egoera soziala, ekonomikoa, familiakoa, erakunde ofizialetatik eskuratutako laguntzak eta laguntza eskatzen duenari buruz behar diren xehetasun guztiak.
2. Ematen ahal diren laguntza horiek langileak berak edo haren hurbileko ahaideek eskatutakoetara mugatuko dira.
3. Batzordeak ebatziko ditu bere iritziz aztertu beharrekoak diren kasuak.
28. artikulua. Lanbide prestakuntza.
1. Erruki Etxea prest dago bertako langileen prestakuntza profesionalaren aldeko laguntza emateko.
Langileen prestakuntza helburu, enpresako Zuzendaritzak eta Enpresa Batzordeak elkarrekin lan eginen dute.
Enpresak nahitaez egin beharreko prestakuntza ekintzak antolatzen ahalko ditu. Horietarako, Langileen Estatutuaren 23.3 artikuluan ezarritako baimen ordaindua emanen da. Prestakuntza ekintzak urtean 20 ordutik gorakoak badira, gehiegizko ordu horiek (urtean gehienez 40 ordu) ez dira ordainduko, eta langilearen kontura izanen dira.
Lanaldi murriztua duten langileen kasuan, goian aipatutako urteko orduak urteko lanaldiaren proportzioan murriztuko dira.
2. Erruki Etxeak aztertuko ditu bertako langileek helburu horretarako egiten dituzten eskaerak eta erantzuna emateaz gainera zein motatako ikastaroak antolatuko diren eta nor joaten ahal den haietara, klaseak lanorduetan izaten badira.
3. Lehentasuna emanen zaie beren lana ikastaroaren helburuko arloan egiten duten langileei. Ikastarora bertaratu dela justifikatu beharko du langileak dagokion ziurtagiriaren bidez.
29. artikulua. Heriotza eta baliaezintasuneko aseguruaren poliza.
1. Erruki Etxeak aseguru kolektiboko poliza bat izenpetuko du, jardunean diren langile guztientzat, hala eskatzen badute, heriotza, baliaezintasun iraunkor absolutuko eta baliaezintasun iraunkor osoko arriskuetatik babesteko, gehienez ere berrogei mila euro artekoa.
2. Erruki Etxearen kargura izanen da aseguru primaren %60 eta gainerako %40 langileen kargura.
30. artikulua. Lanpostu aldaketak, osasun arrazoiak direla medio.
1. Osasun arazoak direla-eta langile batek ezin badu behar bezala lan egin bere ohiko lanpostuan, duen egoerara egokitzen ahal den beste lanpostu batera aldatzen ahal da. Erruki Etxeko Zuzendaritzak hartuko du bere iritziz egokiena den erabakia.
2. Arrazoi horren kariaz ez da lanpostu berririk sortuko, instituzioan benetan premiazkoa ez bada.
31. artikulua. Laneko segurtasun eta osasun batzordea.
Batzordearen osaera eta funtzionamenduari dagokionez, lan arloko legeria indardunak une bakoitzean xedatzen duenari lotuko zaio.
32. artikulua. Zehapen araubidea.
1. Langile guztiak, salbuespenik gabe, agintzen zaizkien eginkizunen erantzule izanen dira Erruki Etxeko Zuzendaritzaren aurrean, baita beren jokabideen erantzule ere, eta hitzarmen kolektibo honetan eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako aginduak eta neurriak beteko dituzte, kasuan-kasuan izaten ahal duten erantzukizun zibila nahiz penala galarazi gabe.
2. Faltatzat hartuko dira hitzarmen honek ezarritako betebeharren kontrako egintzak edo ez-egiteak edo indarra duten legezko xedapenek agindutakoaren kontrakoak.
3. Falta astunen eta oso astunen ondoriozko zehapenak. Enpresa batzordeari jakinaraziko zaizkio falta astunen edo oso astunen ondorioz langileei ezartzen zaizkien zehapenak.
4. Erruki Etxeko Zuzendaritzak zehapenak jartzen ahal dizkie langileei, ondoko artikuluetan ezarritako falten eta zehapenen mailaketari jarraikiz.
5. Falten mailaketa: langileak eginiko faltak arinak, astunak edo oso astunak izanen dira, haien garrantzia, ondorioa eta asmoa kontuan hartuta.
Atsedenaldietarako ezarritako denboran (18 minutu eta erdi, 10.3 artikuluak arautu bezala) lanpostura berandu iristea lanaldiaren hasieran berandu iristea bezalako faltatzat joko da, eta horregatik zehapena jartzen ahal zaio langileari.
A. Falta arinak.
Honako hauek dira falta arinak:
a) Bidezko arrazoirik gabe hilabetean behin, bitan edo hirutan berandu iristea.
b) Lanera ez agertzeko arrazoia aurretik ez jakinaraztea edo, bestela, falta gertatu eta ondoko 24 orduetan, ezinbestekoetan salbu, hartarako ezintasuna frogatu ezean.
c) Zerbitzua bertan behera uztea bidezko arrazoirik izan gabe, denbora laburrerako izan arren. Horren ondorioz, Erruki Etxeari edo lankideei nolabaiteko kalterik sortzen bazaio edo istripuren bat eragiten badu, falta hori astuntzat edo oso astuntzat hartzen ahal da, kasua nolakoa den.
d) Arreta gabezia txikiak materiala zaintzean.
e) Norberaren garbitasun eta txukuntasunik eza.
f) Jendeari arreta ematean adeitasunez eta prestasunez ez aritzea.
g) Bizilekuz edo helbidez aldatu izanaren berri ez ematea Erruki Etxeko Zuzendaritzari.
h) Lankideekin eztabaida sutsua izatea lanaldi barrenean.
i) Hilabetean egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.
B. Falta astunak.
a) Bidezko arrazoirik gabe hogeita hamar eguneko aldian hiru aldiz baino gehiagotan lanera berandu iristea.
b) Bidezko arrazoirik gabe hogeita hamar eguneko aldian behin, bitan edo hirutan lanera ez agertzea. Falta bakar bat nahikoa izanen da lankide bati erreleboa hartu behar dionean edo Erruki Etxeari kalte nabaria egiten zaionean.
c) Lanaldian jostetan ibiltzea.
d) Familian izandako aldaketak, Gizarte Segurantzan ondorioak izaten ahal dituztenak, ez jakinaraztea behar den garaian.
Datu horiek asmo txarrez faltsutzen badira edo eman gabe uzten badira, falta oso astuntzat joko da.
e) Laneko edozein gaitan nagusien esanak ez betetzea, lana arrazionalizatzeko metodo berriei oztopoak eta eragozpenak jartzea barne, bai eta laneko orriak betetzeari, asistentzia kontrolari eta abarri uko egitea ere. Diziplina hautsi dela nabarmen ikusten denean edota jokabide horrek Erruki Etxeari kaltea sortzen dionean, falta oso astuntzat jotzen ahal da.
f) Beste langile baten lekua hartzea, haren ordez sinatuz edo fitxatuz. Norberaren presentzia lanean simulatzea.
g) Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, lanaren kaltetan.
h) Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Langileari berari, lankideei edo egoiliarrei istripua izateko arriskua ekartzen badie, edo instalazioak matxuratzeko arriskua, falta oso astuntzat jotzen ahal da. Nolanahi ere, zuhurtziagabekeriatzat joko da zerbitzuak egitean nahitaezkoak diren segurtasun arropak eta ekipamenduak ez erabiltzea.
i) Lanaldian, eta horretarako baimenik izan gabe, lan partikularrak egitea, bai eta enpresako tresnak norberarentzat erabiltzea ere.
j) Hiruhileko batean falta arin bat (puntualtasuna alde batera utzita) baino gehiago egitea, nahiz eta falta desberdina izan, betiere langileari hitzezko kargu hartzea ez den beste zehapen bat jarri bazaio.
k) Egoiliarrari, haren familiakoei edo lankideei tratu iraingarria ematea edo/eta modu zabarrean hartzea.
l) Sakelako telefonoa norberaren xedeetarako erabiltzea lanaldian, Zuzendaritzak edo arduradun nagusi batek berariaz baimena eman ezean.
C. Falta oso astunak.
Falta oso astunak honako hauek dira:
a) Bidezko arrazoirik gabe sei hilabeteko aldian hamar aldiz edo gehiagotan berandu iristea, edo hogei aldiz baino gehiagotan, urtebetean.
b) Lanera hiru egun jarraian huts egitea edo bost egun tartekatutan hilabetean, bidezko arrazoirik eman gabe.
c) Laneko iruzurra, leialtasun eza eta konfiantza abusua.
d) Eritasun edo istripuaren itxurak egitea. Falta egin dela ulertuko da langilea, arrazoi horiengatik bajan egonik, bere gain edo besteren kontura edozein lanetan dabilenean. Atal honetan sartzen da istripuaren edo eritasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.
e) Lanorduetan mozkortuta eta drogak hartu ondotiko egoeran egotea.
Langilea goian aipatu egoeretan dagoelako zantzuak ageri direnean, enpresako zerbitzu medikoak edo, bestela, Erruki Etxeak izendatzen duen sendagileak egin beharreko azterketa onartu beharko du. Azterketa horietan ahalik eta gehien errespetatuko da langilearen duintasuna eta intimitatea, eta bertan egonen da langileen legezko ordezkari bat edo, lantokian ez badago, enpresako beste langile bat, ahal izanez gero.
f) Enpresaren korrespondentzia edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo enpresakoa ez den bati isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.
g) Enpresari bidegabeko lehia egitea zenbait ekintzaren bidez.
h) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria edo errespetu falta larria nagusiei edo haien ahaideei, baita lankide eta menpekoei ere.
i) Istripu larriak eragitea zuhurtasunik gabe edo zabarkeriaz jokatzeagatik.
j) Erantzukizun berezia izanik, lanpostua uztea abisurik eman gabe.
k) Lan errendimendua arrazoirik gabe gutxitzea.
l) Lankideekin liskarrak eta iskanbilak sortzea.
m) Hiruhileko berean falta astun bat baino gehiago egitea, nahiz eta desberdinak izan, horiengatik zehapenak jaso badira.
n) Erruki Etxeko gauzak, dirua eta abar ebatsi edo lapurtzea, bai eta egoiliarrenak nahiz enplegatuenak, kasuan kasuko akzio penalak ezertan galarazi gabe.
6. Zehapenen araubidea.
Erruki Etxeko Zuzendaritzak du zehapenak jartzeko ahalmena, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.
Zehapena ezartzen den egunetik hiru hilabete pasatzen ahal dira zehapen hori bete arte.
7. Zehapenak.
Hauek dira faltengatik jartzen ahal diren gehieneko zehapenak:
a) Falta arinengatik:
–Hitzezko kargu hartzea.
–Idatzizko kargu hartzea.
–Enplegu eta soldatarik gabe uztea egun batez.
b) Falta astunengatik:
–Bi egunetik hogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
–Beste lanpostu batera aldatzea, zentro berean.
c) Falta oso astunengatik:
–20 egunetik 60ra bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
–Enpresa beraren beste zentro batera nahitaez aldatzea, helbidez aldatzera behartu gabe.
–Lantegitik kanporatzea.
8. Preskribatzea.
–Falta arinak: 10 egun.
–Falta astunak: 20 egun.
–Falta oso astunak: 60 egun.
Horiek guztiak Enpresak gertaeren berri izan duenetik eta, betiere, gertatu eta handik 6 hilabetera.
Enpresa eta enpresa batzordea Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren menpe jarriko dira.
33. artikulua. Batzorde paritarioa.
1. Hitzarmen hau sinatzen denean, hitzarmenari jarraipena egiteko eta hura aplikatzeko eta interpretatzeko Batzorde Paritarioa eratuko dute hitzarmena sinatzen duten alderdiek. Honako hauek izanen dira batzordekideak: enpresaren lau ordezkari eta langileen lau ordezkari. Batzorde paritario horrek bi alderdietako edozeinek eskatuta eginen du bilera. Eskaera formala egiten denetik bilera egunera bitarte ez dira inoiz hamabost egun baino gehiago pasako. Eskabideei erantzuteko, 15 egun naturaleko epea egonen da. Eskaera formala izateko, hitzarmena sinatu duten alderdietako baten (enpresa edo sindikatuak) kide guztien sinadurak bildu beharko dira.
Hitzarmenaren sinatzaileek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren aplikazioan edo interpretazioan sortzen ahal diren arazoak, Nafarroako Lan Auzitegiari edo Lan arloko Jurisdikzioari igorri aurretik, batzorde paritarioari jakinarazteko, salbu eta haien ebazpena legeak ezarritako epeen mende badago (kaleratzeak, gatazka kolektiboak, lan baldintzen funtsezko aldaketak).
2. Batzorde paritarioa, alderdietako edozeinek biltzeko deialdia eskatu eta gero, hitzarmenaren eraginkortasuna eta eduki praktikoa ebaluatzeko eta absentismoaren indizeen bilakaera aztertzeko bilduko da, horiek aztertuta hurrengo hitzarmenean zein neurri hartu pentsatzeko.
3. Batzorde horren helbidea Erruki Etxea bera izanen da.
Iruñean, bi mila eta hogeita bosteko azaroaren hogeita zazpian.
I. ERANSKINA.–IRUÑEKO ERRUKI ETXEKO LANGILEEN LANALDI OSOARENGATIKO SOLDATEN TAULA; 2025EKO URTARRILAREN 1ETIK ABENDUAREN 31RA ARTE IZANEN DUTE INDARRA
LANBIDE POSTUAK | OINARRIZKO | JARDUERA | SOLDATA |
ZERBITZU OROKORRAK | 1.046,60 | 465,73 | 1.512,33 |
GARBITZAILE-LISATZAILEAK | 1.120,53 | 478,30 | 1.598,83 |
ADINEKOEN ZAINDARI LAGUNTZAILEA | |||
ADINEKOEN ZAINDARIA | |||
SUKALDEKO LAGUNTZAILEA | |||
ATEZAIN-GIDARIAK | |||
SOLAIRUKO ARDURADUNA (1) | 1.120,53 | 696,29 | 1.816,82 |
ADINEKOEN ZAINDARIA (GAUA) | 1.120,53 | 575,68 | 1.696,21 |
EGOILIARREN ZAINTZAILEAK | 1.120,53 | 653,77 | 1.774,30 |
ADMINISTRARI LAGUNTZAILEA | 1.143,59 | 697,96 | 1.841,55 |
TELEFONISTA | |||
SUKALDARIA | 1.143,59 | 824,40 | 1.967,99 |
TAILERREKO 2. MAILAKO OFIZIALA | 1.143,59 | 891,03 | 2.034,62 |
2. MAILAKO ADMINISTRARI OFIZIALA | |||
ARDURADUNA | 1.194,51 | 796,82 | 1.991,33 |
1. MAILAKO PINTORE OFIZIALA | 1.205,81 | 970,65 | 2.176,46 |
ITURGIN OFIZIALA | |||
ZURGIN OFIZIALA | |||
1. MAILAKO ADMINISTRARI OFIZIALA | |||
ZEZEN PLAZAKO ETXEZAINA | |||
GARBITEGIKO BURUA | 1.120,53 | 696,29 | 1.816,82 |
SUKALDEKO BURUA | |||
MANTENTZE LANETAKO TEKNIKARIA | 1.324,67 | 1.057,96 | 2.382,63 |
MANTENTZE LANETAKO ARDURADUNA | 1.324,67 | 1.143,35 | 2.468,02 |
ARDURADUN NAGUSIA | 1.324,67 | 1.154,73 | 2.479,40 |
EUD FISIOTERAPEUTAK | 1.600,90 | 758,97 | 2.359,87 |
EUD | |||
GIZARTE LANGILEAK | |||
GIZARTE ANIMATZAILEA | 1.600,90 | 790,05 | 2.390,95 |
HARREMAN PUBLIKOAK | |||
LAN HARREMANETAKO GRADUDUNA | 1.600,90 | 966,20 | 2.567,10 |
LAN TEKNIKARIA | 1.600,90 | 966,20 | 2.567,10 |
ADMINISTRAZIOKO BURUA | 1.653,05 | 1.159,34 | 2.812,39 |
MEDIKUA | 1.811,53 | 1.610,79 | 3.422,32 |
PSIKOLOGOA | 1.734,87 | 1.217,09 | 2.951,96 |
ASTEBURU ETA JAIEGUNETAKO ADINEKOEN ZAINDARIA | 60,19 41,55 | 25,72 | 85,91 41,55 |
(EGUNEKO SOLDATA) (2) | |||
Asteburuko adinekoen zaindari laguntzailearen plus berezia | |||
(1) Ordainsari horietan txandakako lanaren plusa sartuta dago. (2) Zenbateko orokor horrek aparteko bi ordainsariei dagokien zatia barne hartzen du, hau da, legozkiekeen plus eta soldata kontzeptu guztien zati proportzionala, eginkizun plusa izan ezik. | |||
LANBIDE POSTUAK | LANBIDE TALDEAK |
ZERBITZU OROKORRAK | A |
GARBITZAILE-LISATZAILEAK | |
ADINEKOEN ZAINDARI LAGUNTZAILEA | |
ADINEKOEN ZAINDARIA | |
SUKALDEKO LAGUNTZAILEA | |
ATEZAIN-GIDARIAK | |
ASTEBURU ETA JAIEGUNETAKO ADINEKOEN ZAINDARI LAGUNTZAILEA | |
SOLAIRUKO ARDURADUNA | |
ADINEKOEN GAUEKO ZAINDARIA | |
EGOILIARREN ZAINTZAILEAK | |
SUKALDARIA | |
ARDURADUNA | |
GARBITEGIKO BURUA | |
SUKALDEKO BURUA | |
ADMINISTRARI LAGUNTZAILEA | B |
TELEFONISTA | |
2. MAILAKO ADMINISTRARI OFIZIALA | |
1. MAILAKO ADMINISTRARI OFIZIALA | |
ARDURADUN NAGUSIA | |
GIZARTE LANGILEAK | |
GIZARTE ANIMATZAILEA | |
HARREMAN PUBLIKOAK | |
LAN HARREMANETAKO GRADUDUNA | |
ADMINISTRAZIOKO BURUA | |
TAILERREKO 2. MAILAKO OFIZIALA | C |
1. MAILAKO PINTORE OFIZIALA | |
ITURGIN OFIZIALA | |
ZURGIN OFIZIALA | |
ZEZEN PLAZAKO ETXEZAINA | |
MANTENTZE LANETAKO TEKNIKARIA | |
MANTENTZE LANETAKO ARDURADUNA | |
EUD FISIOTERAPEUTAK | D |
EUD | |
MEDIKUA | |
PSIKOLOGOA |
2. ERANSKINA
I.–URTEKO LANALDIAK, HITZARMEN HONETAN ADOSTUTAKOAK
Urteko lanaldia | 1.686 ordu eta 18 minutu (ikus 3.2.a artikulua). |
Urteko lanaldia | 1.706 ordu eta 18 minutu (ikus 3.2.a artikulua). |
Urteko lanaldia | 1.577 ordu eta 38 minutu (2025ean, 182 gau oso; 2026tik aitzin, 175 edo 176 gau oso. Ikus 3.2.a artikulua). |
II.–URTEKO LANALDIAREN KALKULUA ASTEBURUKO TXANDAKO LANGILEENTZAT ETA HITZARMEN HONETAN ADOSTUTAKO MURRIZTAPENAK EGITEKO ERABILI DEN PROZEDURA
2.2.A) eranskina. 2025ekoa kalkulatzeko eredua.
(Adibide gisa 115 egun hartu dira; izan ere, dakigunez, urte horretako benetako datua da).
Lanegunak (larunbatak, igandeak eta jaiegunak) | 115 |
Dagozkion oporegunak | 10,3973 (33 / 365) * 115 |
Urtean hartuko diren opor egunak | 11 |
Lan egin gabeko denbora(11 egun horietara iristeko enpresari zor zaiona) | (ken -) 4 ordu eta 7 minutu |
AUKERA BAKARRA | |
Lanaldia doitzeagatik hartuko diren urteko egun metatuak | 3 egun |
Lanaldia doitzeagatik hartuko den denbora metatuaren soberakina | 6 ordu eta 56 minutu |
Hilabeteko batean ordaintzeko zenbatekoa, dagokion urtean soilik | 2 ordu eta 49 minutu |
2.2.B) eranskina. 2026., 2027. eta 2028. urteetakoa kalkulatzeko eredua
(Adibide gisa 116 egun hartu dira. Datu hori urte bakoitzaren bukaeran zehaztuko da, eta orduan kalkulatuko da soldata igoeraren ordu kopurua, beheko ereduaren arabera)
Lanegunak (larunbatak, igandeak eta jaiegunak) | 116 |
Dagozkion oporegunak | 10,4877 (33 / 365) * 116 |
Urtean hartuko diren opor egunak | 11 |
Lan egin gabeko denbora(11 egun horietara iristeko enpresari zor zaiona) | (ken -) 3 ordu eta 35 minutu |
AUKERA BAKARRA | |
Lanaldia doitzeagatik hartuko diren urteko egun metatuak | 3 egun |
Lanaldia doitzeagatik hartuko den denbora metatuaren soberakina | 6 ordu eta 56 minutu |
Hilabeteko batean ordaintzeko zenbatekoa, dagokion urtean soilik | 3 ordu eta 21 minutu |
Bi lanegunen baliokide ekonomikoa (kopuru hori urtero eguneratuko da) | 254,92 euro (2025eko taulen arabera) |
2026tik aurrera, eguneko plus bat ordainduko da murrizketagatik (kopuru hori 116, 115... artean banatuko da, urtearen arabera) | 2,20 euro (254,92 / 116) |
Zenbateko hori aparte kalkulatuko da urtero | |
2.2.C) eranskina. 2029koa kalkulatzeko eredua
(Adibide gisa 116 egun hartu dira. Datu hori urte bakoitzaren bukaeran zehaztuko da, eta orduan kalkulatuko da soldata igoeraren ordu kopurua, beheko ereduaren arabera)
LEHENENGO AUKERA | |
Lanegunak (larunbatak, igandeak eta jaiegunak) | 116 |
Dagozkion oporegunak | 10,4877 (33 / 365) * 116 |
Urtean hartuko diren opor egunak | 11 |
Lan egin gabeko denbora(11 egun horietara iristeko enpresari zor zaiona) | (ken -) 3 ordu eta 35 minutu |
Lanaldia doitzeagatik hartuko diren urteko egun metatuak | 3 egun |
Lanaldia doitzeagatik hartuko den denbora metatuaren soberakina | 6 ordu eta 56 minutu |
Hilabeteko batean ordaintzeko zenbatekoa, dagokion urtean soilik | 3 ordu eta 21 minutu |
BI lanegunen baliokide ekonomikoa (kopuru hori urtero eguneratuko da) | 254,92 euro (2025eko taulen arabera) |
2026tik aurrera, eguneko plus bat ordainduko da murrizketagatik (kopuru hori 116, 115... artean banatuko da, urtearen arabera) | 2,20 euro (254,92 / 116) |
Zenbateko hori aparte kalkulatuko da urtero | |
BIGARREN AUKERA(baldintza: 3.2.E artikuluko C azpiatala osorik betetzea) | |
Egun LIBREA eta SOLDATARIK GABEA, egutegian ezarriko dena | 1 |
Lanegunak (larunbatak, igandeak eta jaiegunak) | 115 |
Dagozkion oporegunak | 10,3973 (33 / 365) * 115 |
Urtean hartuko diren opor egunak | 11 |
Lan egin gabeko denbora(11 egun horietara iristeko enpresari zor zaiona) | (ken -) 4 ordu eta 13 minutu |
Lanaldia doitzeagatik hartuko diren urteko egun metatuak | 3 egun |
Lanaldia doitzeagatik hartuko den denbora metatuaren soberakina | 6 ordu eta 56 minutu |
Hilabeteko batean ordaintzeko zenbatekoa, dagokion urtean soilik | 2 ordu eta 43 minutu |
Lanegun BATEN baliokide ekonomikoa (kopuru hori urtero eguneratuko da) | 127,46 euro (2025eko taulen arabera) |
2026tik aurrera, eguneko plus bat ordainduko da murrizketagatik (kopuru hori 116, 115... artean banatuko da, urtearen arabera) | 1,11 euro (127,46 / 115) |
Zenbateko hori aparte kalkulatuko da urtero | |
3. ERANSKINA
Guardia medikoaren plusa kalkulatzeko (hitzarmenaren 4.11 artikulua) honako formula hau erabili behar da:
[ (P + (G / R)) * (S / ((1+A) * J) ]-S |
(365 / M) |
- eta G = (365 * 24 / M) - P-F
- P: benetako lanorduak dira, gutxi gorabehera hartuta; baina guardien denbora kontuan hartu gabe (1.540)
- Urte berean mediku guztiek eta mediku bakoitzak urte ezberdinetan duten ordu kopuruen (P kontzeptua) gorabehera logikoak ez du kalkuluaren emaitza aldatuko hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean (4.10 artikuluan ageri da zenbatekoa).
- G: ordaintzeko kalkulatu den guardiako ordu kopurua da.
- R: presentziako orduaren eta guardiako orduaren arteko ratio baliokidea da (1-3,8).
- S: mediku bakoitzaren oinarrizko soldata gehi urteko jarduera plusa da (14 lansari). 2017an, 40.670,42 euro.
- A: lansariaren ustezko portzentajea da, guardiak hein batean konpentsatzen dituena. Ehuneko 3 hartzen da.
- J: hitzarmen honetan ezarri den urteko lanaldiko orduen kopurua da (1.706 ordu eta 18 minutu).
- M: lantaldeko medikuen kopurua da. Egun 3 mediku daude.
- F: mediku bakoitzak lanaldiko orduak kudeatzean nolabaiteko malgutasuna konpentsatzeko hartzen den ordu kopurua da. 60 dira.
Formula aplikatzetik ateratako emaitzari, 2026an adostutako igoera gehituko zaio (4.9 artikuluan jaso da).
4. ERANSKINA
Produkzioaren inguruabarrengatik egiten diren behin-behineko kontratuak gehienez ere 12 hilabetekoak izanen dira, 18 hilabeteko epean, arrazoi horiek suertatzen diren unetik kontatuta. Kontratua epe laburrago baterako egiten bada, gehieneko aldira luzatzen ahal da, Langileen Estatutuaren 15. artikuluak eta adineko pertsonentzako egoitza pribatuen eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren lan hitzarmen kolektiboaren 13. artikuluak ezarritakoarekin bat.
5. ERANSKINA.–BERDINTASUN PLANA
Alderdiek berdintasun plan bat adostu dute, dagoeneko erregistratu dena. Plan horrek aukera berdintasunaren printzipioak garatzen ditu Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren esparruan. Izan ere, horixe ezartzen dute Langileen Estatutuaren 85.2 artikuluak eta indarrean dagoen araudiak.
Iragarkiaren kodea: F2600945
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
