Iragarkia
36. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
4235E/2025 EBAZPENA, abenduaren 31koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita prestakuntza-beka bat emateko Zuzenbideko gradudunei, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuan aritzeko. DDBN kodea: 870057.
Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuak proposatu du deialdi bat egitea prestakuntza-beka bat emateko Zuzenbideko gradua duten pertsonei, zerbitzu horretan bertan aritzeko.
Beka deialdi hau egin eta beka emanez, Zuzenbideko graduko unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatu nahi da, ezagutza teoriko eta praktiko hobea eta zuzenagoa lor dezaten Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuan egiten den lanari buruz. Hautatutako pertsonak bere prestakuntzari dagozkion zereginak izanen ditu, arlo juridikoari buruzkoak, bereziki administrazio zuzenbidearen eta etxebizitzaren arlokoak.
Bekaren deialdian eta hura ematean, oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.
Horrenbestez, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez esleituriko eskudantziekin bat etorriz,
EBAZTEN DUT:
1. Deialdi bat onestea prestakuntza-beka bat emateko Zuzenbideko graduko unibertsitateko tituludunei, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuan aritzeko. Deialdia arautuko duten oinarriak ebazpen honen I. eranskinean jasotzen dira.
2. 45.492,48 euroko gastua erreserbatzea, honela:
–12.573,12 euro, 2025eko gastu-aurrekontuko "320000-32200-4809-261100: prestakuntza-beka" partidaren baliokidea izanik 2026ko ekitaldian gaitzen den aurrekontu-partidatik.
–15.164,16 euro, 2025eko gastu-aurrekontuko "320000-32200-4809-261100: prestakuntza-beka" partidaren baliokidea izanik 2027ko ekitaldian gaitzen den aurrekontu-partidatik.
–15.164,16 euro, 2025eko gastu-aurrekontuko "320000-32200-4809-261100: prestakuntza-beka" partidaren baliokidea izanik 2028ko ekitaldian gaitzen den aurrekontu-partidatik.
–2.591,04 euro, 2025eko gastu-aurrekontuko "320000-32200-4809-261100: prestakuntza-beka" partidaren baliokidea izanik 2029ko ekitaldian gaitzen den aurrekontu-partidatik.
3. 45.492,48 euroko gastua baimentzea, honela:
–12.573,12 euro, 2025eko gastu-aurrekontuko "320000-32200-4809-261100: prestakuntza-beka" partidaren baliokidea izanik 2026ko ekitaldian gaitzen den aurrekontu-partidatik.
–15.164,16 euro, 2025eko gastu-aurrekontuko "320000-32200-4809-261100: prestakuntza-beka" partidaren baliokidea izanik 2027ko ekitaldian gaitzen den aurrekontu-partidatik.
–15.164,16 euro, 2025eko gastu-aurrekontuko "320000-32200-4809-261100: prestakuntza-beka" partidaren baliokidea izanik 2028ko ekitaldian gaitzen den aurrekontu-partidatik.
–2.591,04 euro, 2025eko gastu-aurrekontuko "320000-32200-4809-261100: prestakuntza-beka" partidaren baliokidea izanik 2029ko ekitaldian gaitzen den aurrekontu-partidatik.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honen, deialdi honen eta deialdiaren oinarri arautzaileen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal da, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).
Iruñean, 2025eko abenduaren 31n.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Elga Molina Roig.
I. ERANSKINA.–ZUZENBIDEKO GRADUDUNENTZAKO PRESTAKUNTZA-BEKA BAT EMATEKO DEIALDIA, 2026. URTEAN ETXEBIZITZA ZUZENDARITZA NAGUSIKO BERRIKUNTZA, PARTE-HARTZE, IKUSKAPEN ETA HEDAPEN ZERBITZUAN ARITZEKO. OINARRIAK
1. oinarria. Xedea.
Deialdi honen xedea da prestakuntza beka bat ematea, norgehiagokako araubidean, Zuzenbideko graduko unibertsitateko tituludunentzat, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuan aritzeko.
Bekaren helburua da haren onuradunaren prestakuntza sustatzea, zuzeneko ezagutza praktikoa lor dezan zerbitzu horretan egiten den lanari buruz.
2. oinarria. Aurrekontu erabilgarria.
Bekarako, guztira, 45.492,48 euro bideratuko dira (Gizarte Segurantzako kotizazioak barne), honela banakatuta:
–2026ko gastuaren zenbatekoa, guztira 12.573,12 euro, egotziko zaio, 2025eko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Prestakuntza-beka" izeneko 320000 32200 4809 261100 partidaren baliokidea izanik, 2026ko aurrekontuan gaituko den partidari.
–2027ko gastuaren zenbatekoa, guztira 63,68 euro, 2026ko abenduko Gizarte Segurantzako enpresa-kuotari dagokio, eta egotziko zaio, 2025eko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Prestakuntza-beka" izeneko 320000 32200 4809 261100 partidaren baliokidea izanik, 2027ko aurrekontuan gaituko den partidari.
–Hurrengo urteetarako, bekak, luzatzen baldin bada, segituko du hileko 1.200 euro gordineko kostua izaten, gehi Gizarte Segurantzaren kuotari dagozkion beste 63,68 euro hilean, eta dagokion gastua urte horietako Nafarroako aurrekontu orokorretan helburu horrekin gaituko den partidari egotziko zaio, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.
2025., 2026., 2027. edo 2028. urteetan Gizarte Segurantzako kuota aldatuz gero, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak eguneratuko dira.
3. oinarria. Iraupena.
Hasiera batean, bekak 10 hilabeteko iraupena izanen du. Hasiko da 2026ko martxoaren 1ean edo, data hori baino beranduagokoa bada beka emateko ebazpena, ebazpenean adierazten den egunean, eta 2026ko abenduaren 31n bukatuko da.
Beka urtez urte luzatzen ahalko da, Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez, gehienez ere hiru urtera arte, guztira, hasierako aldiaren eta luzapenen artean. Luzapenerako baldintza izanen da aurrekontuetan horretarako kreditu erabilgarri nahikoa egotea.
4. oinarria. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.
Bekak 1.200 euro gordineko zuzkidura izanen du hilean, eta zenbateko horretatik dagokion Gizarte Segurantzako kuota deskontatuko da. Orobat, ordaintzen den diruari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.
Ordaindu beharreko zenbatekoa hilero ordainduko da, hilabetea amaitutakoan.
Beken onuradunei ordaintzen zaien dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.
5. oinarria. Bateraezintasunak.
Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.
6. oinarria. Baldintzak.
Prestakuntza beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estatu batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estatu batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.
d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.
e) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.
f) Eskatutako titulua deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.
g) Beharrezkoa bada, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela.
h) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.
Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.
7. oinarria. Eskabideak aurkeztea.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Interesdunek Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren Erregistroan, Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetako edozeinetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako edozein tokitan aurkezten ahalko dute eskaera.
Telematika bidez ere aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz.
Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
7.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eskaera orria, II. eranskinean dagoen eredu normalizatuaren arabera. Tramitearen fitxatik ere hartzen ahalko da eredua.
b) Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiri baten fotokopia.
c) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.
d) Zuzenbideko graduaren titulu ofizialaren fotokopia.
e) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, haren batez besteko nota adierazita eta espresuki aipatuta ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioak eta zein deialditan gainditu zituen.
f) Nafarroan erroldatua egotearen ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena.
g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera (III. eranskina).
h) Erantzukizunpeko adierazpen bat, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik, helburu bererako, bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko (III. eranskina).
i) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, aurkeztu baino hilabete lehenagokoa gehienez ere, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ez dago agiri hori aurkeztu beharrik, baldin eta baimena ematen bada Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egin dezan Ekonomia eta Ogasun Departamentuan, IV. eranskineko ereduaren arabera.
j) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez ere aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egina, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean daudela. Eskatzaileak ziurtagiri hori aurkeztu beharko du, bakar-bakarrik, baldintza hori frogatzen duten datuak kontsultatzearen aurka agertzen bada, arrazoituta, IV. eranskineko ereduaren arabera.
7.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek 7.2 oinarrian finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio gehienez hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.
7.4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
8. oinarria. Ebaluazio batzordea.
8.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko dira.
Honako hauek egonen dira ebaluazio batzordean:
Batzordeburua: Cristina Martínez Artola andrea, Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuko zuzendaria.
Idazkaria: José Antonio Solanilla Navas jauna, Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).
Batzordekidea: Mattias Bergman Johansen jauna, Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuko Berrikuntza eta Ikuskapen Ataleko burua.
Batzordeko kideren bat kanpoan edo gaixorik badago, haren ordez, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko langile bat arituko da, deialdi honetan eskatzen denaren berdina edo goragokoa den titulazioa duena.
9. oinarria. Balorazio baremoa.
Eskaerak baloratzeko, merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira, eta gehienez 20 puntu lortzen ahalko dira:
a) Ikasketa espedientea. 10 puntu gehienez.
Espedientearen batez besteko nota baloratuko da (gradudunaren osoko kalifikazioa), honela:
–Nahikoa: 4 puntu.
–Oso ongi: 6 puntu.
–Bikain: 8 puntu.
–Ohorezko matrikula: 10 puntu.
b) Beka emateko baldintza denaz kanpo, beste unibertsitate titulu batzuk izatea, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. 3,5 puntu gehienez.
–Doktoretza: 2 puntu.
–Masterra: 1 puntu.
–Beste gradu batzuk: 0,5 puntu.
c) Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa, frantsesa eta alemana. 3 puntu gehienez.
Hizkuntza eskola ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aitortutako erakundeetakoak. Ebazpen horrek baliozkotzeak ezarri zituen euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila frogatzen duten titulu eta ziurtagirien artean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.
–A2 maila: 0,20 puntu.
–B1 maila: 0,30 puntu.
–B2 maila: 0,5 puntu.
–C1 maila: 0,75 puntu.
–C2 maila: 1 puntu.
d) Elkarrizketa pertsonala. 3,5 puntu gehienez.
Puntuaziorik altuenak lortu dituzten 4 pertsonei dei eginen zaie elkarrizketa pertsonal bat egitera ebaluazio batzordearekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren oinarrizko antolaketari eta Administrazio Prozedura Erkidearen kontzeptu orokorrei buruz.
Baloraziorako honako hauek hartuko dira kontuan: motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, talde-lanerako gaitasuna eta beste gaitasun sozial batzuk.
Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 24 ordu lehenago gutxienez. Nahitaezkoa da elkarrizketara joatea. Hautagai bat elkarrizketara joaten ez bada, haren eskaera prozesutik kanpo geldituko da, eta puntuazio altuena duen hurrengo hautagaiari deituko zaio.
Eskatzaileen artean berdinketarik izanez gero, baremoko a) atalean puntu gehien lortu duenaren alde joko da. Berdinketak irauten badu, b) atalean puntu gehien lortu duenaren alde joko da, eta, ondoren, behar izanez gero, c) eta d) ataletako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horretan. Azkenik, behar izatera, zozketaz ebatziko da.
10. oinarria. Beka ematea.
10.1. Ebaluazio batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.
Seigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.
10.2. Baremazio prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak beka emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari, onartutako pertsona bakoitzari emandako guztizko puntuazioa adierazita. Nolanahi ere, proposamen hori loteslea izanen da.
10.3. Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariaren foru agindu baten bidez emanen da beka, ebaluazio batzordeak proposamena egin ondoren. Foru agindu horretan, gutxienez, beka nori ematen zaion agertuko da, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.
Bekaren esleipena interesdunei jakinaraziko zaie eta, informazio gisa, Nafarroako Gobernuaren webgunean (bekaren deialdiaren tramitearen fitxan) argitaratuko da, lortutako puntuazioaren araberako eskatzaileen lehentasun hurrenkerarekin batera.
Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.
11. oinarria. Tutoretza.
Bekaren onuradunaren jarduna Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuko administrazio publikoko teknikariak (arlo juridikoa) zuzendu eta gainbegiratuko ditu; izan ere, haren tutore-lanak eginen ditu.
Tutoreak bekadunaren zeregin zehatzak eta ordutegiak finkatuko ditu, eta betebehar orokorrak eta berariazkoak betetzen dituen begiratuko du.
12. oinarria. Justifikatzeko epea eta modua.
Onuradunak txosten edo memoria bat aurkeztu beharko du egindako jarduerei buruz eta deialdian ezarritako helburuen betetze mailari buruz. Txosten hori tutoreak baloratuko du. Txostena 2026ko abendua baino lehen aurkeztuko da, eta, bekaldia luzatuz gero, urte bakoitzeko abendua baino lehen.
13. oinarria. Onuradunaren betebeharrak.
Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Besteak beste, betebehar hauek izanen ditu:
a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.
b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan den jarduera egin duela eta helburua bete dela.
c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.
d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
e) Bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak.
f) Emandako bekari berariaz uko eginez gero, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez jakinaraztea organo eskudunari.
g) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.
h) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean jakiten duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.
i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.
j) Bekaren garapenari buruzko txostenak aurkeztea, 12. oinarrian azaldu den moduan.
14. oinarria. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.
Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du jardunean. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola, non ez dituen organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten.
Emandako bekari berariaz uko eginez gero, behin bekaz baliatzen hasia dela, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez eman beharko dio ukoaren berri Idazkaritza Tekniko Nagusiari.
Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da utzitako beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.
15. oinarria. Prestakuntza jarduera egitea.
Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiko Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuaren bulegoetan arituko da, astean gehienez 30 orduko dedikazioarekin.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekadunak.
16. oinarria. Jabetza intelektuala.
Bekaren onuradunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.
17. oinarria. Lan edo administrazio harremanik eza.
17.1. Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
17.2. Prestakuntza bekaren onuradunari agintzen zaizkion zeregin edo jarduerak Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko langileek, funtzionario nahiz kontratudunek, gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira zeregin horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
17.3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek arautzen du nola eta zein baldintzatan sartzen diren prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, garatzeko Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.
18. oinarria. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
19. oinarria. Ez-betetzeak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zilegi izanen da jasotako dirua itzultzeko eskatzea. Zehazki, honako egoeretan itzuli beharko da dirua:
a) Bekadunak ez betetzea haren gain utzitako betebehar eta eginkizunak, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.
b) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe, eta, horrez gain, aldi berean jasotzea horrekin bateragarria ez diren beste beka edo dirulaguntza batzuk.
c) Bukaerako memoria aurkezten ez bada, azken hilekoan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da.
20. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.
21. oinarria. Araubide juridikoa.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
II. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA
Eskaera-orria (izapideen katalogoan).
III. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
Erantzukizunpeko adierazpenaren orria (izapideen katalogoan).
IV. ERANSKINA.–ZERGEN ETA GIZARTE SEGURANTZAREN DATUAK KONTSULTATZEA
Zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren datuak kontsultatzeko baimena emateko orria (izapideen katalogoan).
Iragarkiaren kodea: F2600555
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
