36. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUNBERRIKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Oposizioa, fisioterapeutaren plaza bat betetzeko

Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buru Begoña Gogorcena Marinek 2026ko urtarrilaren 28an emandako ebazpen baten bidez, honako hau onetsi zen:

Lehena.–Deialdi bat egitea hautaprobak egin daitezen, B mailako fisioterapeutaren plaza bat betetzeko, oposizio bidez, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean aritzeko lanaldi osoan eta lan-araubide finkoan.

Bigarrena.–Deialdia arautuko duten oinarriak onestea eta argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Mankomunitatearen iragarki-taulan eta Irunberriko Udalaren webgunean.

Honako hauek arautuko dute deialdia:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea dietista-fisioterapeutaren plaza bat, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzukoa, lan-araubide finkokoa eta B mailakoa. Deialdia honako hauen arabera eginen da: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta oinarri hauek.

Plazak 16. zenbakia dauka plantilla organikoan.

1.2. Era berean, eta 11. oinarriari jarraikiz, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, fisioterapeutaren lanpostua aldi baterako betetzeko, hautapen-prozeduran plazarik lortzen ez duten izangaiekin.

1.3. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan B mailarako oro har ezarritakoak (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina); orobat, izanen ditu Mankomunitatearen plantilla organikoan jasotako ordainsari osagarriak.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

1.4. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.

1.5. Plazaren titular izendatzen denaren eginkizunek barne hartzen dituzte zerbitzuaren programak. Mankomunitateko Burutzak antolatuko ditu zeregin eta lan guztiak, eta ez zaio zeregin edo lan zehatz bat esleituko profesional jakin bati soilik.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan.

Orobat, parte hartzen ahalko dute espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

C) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Fisioterapiako diplomadun edo gradudun titulua edo baliokidetzat aitortutako beste titulu bat edukitzea, edo hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Plaza eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte aurreko baldintzak, deialdi honen 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiek baldintza horiek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzean, bai eta hautapen-prozedura osoan ere, izendatuak izan arte.

Eskabideak aurkeztean frogatu beharko da titulazio-baldintza betetzen dela.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdiko hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabideak erregistro telematikoaren bidez aurkeztu beharko dira, Irunberriko Udalaren egoitza elektronikoan (https://lumbier.sedeelectronica.es/info.0). Horretarako, I. eranskina eta eskatutako agiriak aurkeztu beharko dira (titulazioa, tasa ordaindu izanaren egiaztagiria eta desgaitasunaren ziurtagiria, kasua bada), eta NAN elektronikoa, ziurtagiri digitala edo Cl@ve ziurtagiria erabili beharko da sartzeko; hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Agiriak 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.

3.2. Eskabideak I. eranskinaren araberakoak izan beharko dira.

3.3. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 25,50 euroko tasa ordaindu beharko da. Tasa hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu hauetako batean:

CAIXABANK: ES15 2100 5061 3022 0002 1328.

NAFARROAKO RURAL KUTXA: ES92 3008 0042 5121 6942 4021.

Ordainagirian datu hauek adierazi behar dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: fisioterapeutaren lanposturako azterketa.

3.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, denborak edo baliabideak egokitzea behar badute ariketak egiteko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera agiri bat aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana, frogatzeko legeen arabera desgaitasun bat dutela.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak deialditik kanpo geldituko dira.

3.6. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara emateko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Irunberriko Udalaren egoitza elektronikoan.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

Baztertutako hautagairik ez badago, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda, hautaproba egiteko egun, leku eta orduarekin batera.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta haiek ebatzita, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Irunberriko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.

4.4. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertu ondoren, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Begoña Gogorcena Marín, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Cruz M.ª Moriones Uriz, Nabaskozeko alkatea.

Epaimahaikidea: Irati Garcés Jiménez, fisioterapeuta autonomoa.

Ordezko epaimahaikidea: Josune Rezusta Ruiz, San Juan de Dios ospitaleko fisioterapeuta.

Epaimahaikidea: Helena Casajús Sola, Zangozako zahar-egoitzako erizaina.

Ordezko epaimahaikidea: Leticia Sanz Muñoz, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko erizaina.

Epaimahaikidea: Aitziber Marzana Balda, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaina.

Ordezko epaimahaikidea: Alba Ordiñana Labari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko erizaina.

Idazkaria: Eva M.ª León Gárriz, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Ordezko idazkaria: Ignacio Arreche Goitisolo, Nabaskozeko Udaleko idazkaria.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Gainera, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautaketa-sistema: oposizioa eta banakako elkarrizketa.

6.1. Hautapen-prozesua oposizio-sistemaren eta banakako elkarrizketa baten bidez eginen da, eta 2026ko apiriletik aurrera hasiko da.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia non, noiz eta zer ordutan hasiko den. Ondoren, epaimahaiak gainerako proben emaitzak argitaratuko ditu Irunberriko Udalaren egoitza elektronikoan.

7.–Oposizioaldia.

7.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa. Test motako 60 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Ariketa egiteko, izangaiek 90 minutu izanen dituzte gehienez.

–Bigarren ariketa: teoriko-praktikoa. Deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruzko kasu bat ebatzi beharko da. Ariketa egiteko, izangaiek 120 minutu izanen dituzte gehienez.

–Hirugarren ariketa: banakako elkarrizketa.

7.2. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu emanen dira gehienez, honela banatuak:

7.2.1. Oposizioa: bi proba.

–Lehen ariketa: 40 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 50 puntu.

7.2.2. Banakako elkarrizketa: 10 puntu.

7.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

7.4. Lehen eta bigarren ariketak gutun-azal itxiaren sistemaren bidez eginen dira.

7.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Irunberriko Udaleko egoitza elektronikoan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gainera, oposizioko hurrengo proba non, noiz eta zein ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago.

Oposizioko lehen eta bigarren ariketak egun berean egiten ahalko dira.

7.6. Dei bakarra eginen da ariketa bakoitzerako. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

7.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.8. Probaren hasieran, epaimahaiak zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei proba egiteko.

7.9. Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa kalkulatzeko, ariketa guztietan lortutako puntuazioak batuko dira.

7.10. Banakako elkarrizketa: Kalifikazio-epaimahaiarekin elkarrizketa bat egitean datza, baloratzeko ea izangaia deialdiko lanposturako egokia den, hari esleituriko eginkizun eta ezagutzak kontuan hartuta, eta horiek praktikan jar ditzan. Banakako elkarrizketa 10 punturekin baloratuko da gehienez ere, eta ez da baztergarria izanen.

8.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agiriak aurkeztea.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lorturiko puntuazioaren ordenan, Irunberriko Udalaren egoitza elektronikoan. Halaber, Mankomunitateko buruari izendapen-proposamena igorriko dio, puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiaren aldekoa. Puntuazio osoa kalkulatzeko, proba guztietan lortutako puntuazioak batuko dira.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde joko da. Berdinketak badirau, kontuan hartuko dira lehen ariketan lortutako puntuazioak. Berdinketak bere horretan segitzen badu, zozketa publikoa eginen da.

Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Irunberriko Udalaren erregistro elektronikoan:

1.–Nortasun-agiri nazionalaren jatorrizkoa eta fotokopia.

2.–Eskatzen den titulu akademikoaren jatorrizkoa eta fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarenak.

3.–Zinpeko aitorpena, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

4.–Osasun-ziurtagiria, frogatzen duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.

5.–Zin edo promesa, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

8.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira lan-kontratudun finko izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek ezertan galarazi gabe deialdian parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, halakorik egin badute.

8.4. Aurreko atalean ezarritako kasuan, lanpostua beteko du 8.1 atalean aipatzen den zerrendan hurrengoa den izangaiak, eta harekin ere erabiliko da aurreko ataletan adierazitako prozedura bera.

9.–Izendapena eta plazaz jabetzea.

9.1. Hautapen-prozesua bukatu eta izendatzeko proposaturiko izangaiak 8.2 oinarrian ezarritako agiriak aurkeztu ondoan, Mankomunitateko buruak Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langile lan-kontratudun finko izendatuko du.

9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu beharko du plazaz, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, karguaz jabetzen ez bada, Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatuz gero, 8.3 eta 8.4 oinarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.

10.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, honako zerrenda hauek onetsiko dira, hautapen-prozesuan parte hartu bai baina plazarik eskuratu ez duten izangaiak aldi baterako kontratatzeko:

a) Hautaprobak gaindituta ere, plazarik gabe gelditu diren izangaien zerrenda.

b) Probak gainditu ez baina hautapen-prozesuko lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.

c) Hautapen-prozesuko lehen ariketarako ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiak.

Mankomunitateko buruaren ebazpen bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazio-zerrendak.

Kontratazio-zerrendek bost urteko indarraldia izanen dute, salbu eta epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

10.2. Deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

10.3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak argitara emanen dira Udalaren webgunean eta Mankomunitatearen iragarki-taulan.

10.4. Gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena.

Orobat, hautapen-prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da hautapen-prozesuko lehen ariketan lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera.

Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

10.5. Aurreko atalean ezarritako ordenari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraituko zaio. Horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehena, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, betiere hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin, eskuratutako puntuazioa aintzat hartuta.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Irunberrin, 2026ko urtarrilaren 30ean.–Mankomunitateko burua, Begoña Gogorcena Marín.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA, FISIOTERAPEUTA PLAZA BAT OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAN PARTE HARTZEKO

https://lumbier.sedelectronica.es/transparency/7ffcfe3f-de2b-4d93-9c4f-de07bc6ba9a5/

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

Zati orokorra.

1. Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2. 13/1982 Lege Organikoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: atariko titulua eta II. titulua. Nafarroaren ahalmen eta eskumenak.

3. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: Beharrezko udal organoen antolaketa eta funtzionamendua (X. titulua, II. kapitulua).

4. 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. Administrazioen arteko harremanak. Funtzionamenduaren araubidea.

5. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketa- eta funtzionamendu-printzipioak, IV. kapitulua (Administrazio publikoen ondare-erantzukizuna). III. titulua. Administrazioen arteko harremanak.

6. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Funtzionario publikoak. III. titulua: Behin-behineko langileak. IV. titulua: Langile kontratudunak.

7. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak. I. titulua: Prozedurako interesdunak. II. titulua: Administrazio publikoen jarduera: jarduketa-arau orokorrak, epemugak eta epeak. III. titulua: Administrazio-egintzak: Administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. IV. titulua. Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena. V. titulua. Egintzak administrazio-bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

8. 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena.

9. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Gardentasuna: Gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. III. titulua: Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

10. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Datu-babesaren printzipioak. III. titulua: Pertsonen eskubideak.

11. Genero-berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarrirakoa. Atariko titulua. I. titulua: Berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. II. titulua: Berdintasunerako politika publikoak. Printzipio orokorrak. V. titulua: Berdintasun-printzipioa enplegu publikoan (I., II. eta III. kapituluak).

12. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua eta I. titulua: Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Kontratu publikoen kontratu kudeaketarako printzipioak eta arauak. Publizitate-arauak eta adjudikazio-prozedurak. Kontratuak betearaztea. Publizitate-arauak eta adjudikazio-prozedurak. Kontratuak betearaztea. II. titulua: Administrazio publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak.

13. 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak.

14. 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua. I. titulua: Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedura. II. titulua: Dirulaguntzen itzulketa. III. titulua: Finantza-kontrola.

15. Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen estatutuak (San Isidro egoitza).

Berariazko zatia.

1. gaia.–Hirugarren adinekoentzako zerbitzuen esparru kontzeptuala eta instituzionala.

2. gaia.–Errehabilitazioa eta fisioterapia arreta geriatrikoan.

3. gaia.–Jarduera fisikoaren helburuak geriatrian.

4. gaia.–Fisioterapia geriatrikoetan, ariketa aktibo bideratuak eta eguneroko bizitzako jarduerak.

5. gaia.–Zahartzearen gaineko teoriak.

6. gaia.–Sindrome geriatrikoak prebenitzea.

7. gaia.–Zahartzearekin lotutako aldaketak.

8. gaia.–Adinekoen balorazio fisikoa eta kognitiboa.

9. gaia.–Adinekoen ibilera. Erorikoak prebenitzea.

10. gaia.–Fisioterapia eta errehabilitazioa mina izatean eta zahartzaroan.

11. gaia.–Berdintasunaren aldeko eta genero-indarkeriaren aurkako politika publikoak.

Iragarkiaren kodea: L2601499