Iragarkia
36. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ZIZUR NAGUSIA
Oposizio-lehiaketa, Pianoko irakaslearen lanpostu bat betetzeko, lan-kontratudun finkoen araubidean, errelebo-kontratuaren bidez
Zizur Nagusiko Musika Eskolako Patronatuko Batzarraren 2026ko urtarrilaren 23ko erabaki baten bidez, deialdi bat onetsi da, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Pianoko irakaslearen lanpostu bat, lan-kontratudun finkoen araubidean, errelebo-kontratuaren bidez.
Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, aplikatu beharreko gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Pianoko irakaslearen plaza bat (plantilla organikoko 310009 zenbakia), Zizur Nagusiko Musika Eskolako Patronatuaren zerbitzura aritzeko, lan-kontratudun finkoen araubidean, errelebo-kontratuaren bidez.
1.2. Deialdi honen hautapen-prozesua puntuaziorik handienarekin gainditzen duen izangaia lan-kontratudun finkoen araubidean kontratatuko da, eta Musika Eskolako Patronatuaren plantilla organikoan zehaztutako ordainsariak jasoko ditu.
1.3. Lanpostuko eginkizunak oro har bere kategoria profesionalari dagozkionak dira; besteak beste, honako hauek:
–Pianoko eta Musika eta Mugimenduko eskolak ematea eta piano-laguntzaile gisa jardutea. Horrez gain, beste edozein irakasgai ematea, zentroko zuzendariak ikasturtean zehar lana antolatzeko beharrezkotzat jotzen duena.
–Asteroko klaustroetara joatea.
–Zizur Nagusiko Musika Eskolak antolatutako kontzertu eta jardueretara joatea.
2.–Baldintzak.
2.1. Hautapen-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa. Parte hartzen ahal dute, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean edukitzea edo eskuratzeko moduan egotea honako titulu hauetako bat: Erdi-mailako Musikako Irakaslearen titulua, 1966ko Ikasketa Planekoa, Hezkuntza-Sistemaren Antolamendu Orokorreko (LOGSE) goi-mailako titulua, edo Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko (LOE) edo Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa aldatzen duen Lege Organikoko (LOMLOE) titulu profesionala, edo baliokidea, Pianoko espezialitatean.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
f) Ordainduak izatea azterketa eskubideen tasak, edo ordaintzeko salbuespena frogatzea.
2.2. Aurreko baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, plazaz jabetu arte.
3.–Parte hartzeko eskabideak aurkeztea eta tasak ordaintzea.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen-prozesuan parte hartu nahi dutenek eskabidea telematika bidez aurkeztu beharko dute, deialdi honen I. eranskineko ereduaren arabera; horretarako, eskabide orokorra erabiliko dute, Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.zizurmayor.es). Sartzeko, baliatu beharko dute NANa edo ziurtagiri digitala edo Cl@ve iraunkorra.
Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 20 euroko tasa ordaindu beharko da. Tasa telematika bidez ordainduko da, eskabidea formalizatzen den unean. Tasa hori egoitza elektronikoaren bidez ordainduko da, "Tasen autolikidazioa" izapidean.
Azterketa eskubideen tasa ordaindu ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko, alabaina, baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean uko egin ez izana eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik; halaber, baldintza izanen da ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta.
Salbuespen hori honela frogatu beharko da:
–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.
–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko da ez izatea, hilean zenbatuta, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Deialdi honen II. eranskina baliatuko da horretarako.
b) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak. Aurkeztu beharko dute legez desgaitasuna dutela frogatzen duen agiria.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabidea telematika bidez aurkezteko unean, parte hartzeko eskabidearekin batera (I. eranskina), izangaiek honako agiri hauek gehitu beharko dituzte:
a) Nortasun agiri nazionala edo atzerritarren identifikazio zenbakia.
b) 2.1.c) oinarrian eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia.
c) Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak, halakorik baldin bada.
Egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek (probak egiteko denboretan eta/edo baliabideetan) komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa eransten ahal dute hura justifikatzeko.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute parte hartzeko eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Musika Eskolako Patronatuko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.
4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztuko dira, Interneten, Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan, eta haiek ebatzi ondoren, Musika Eskolako Patronatuko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zer ordutan hasiko den.
4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Jon Gondán Cabrera, Zizur Nagusiko Musika Eskolako Patronatuko burua.
Ordezkoa: Silvia González Martínez, Zizur Nagusiko Musika Eskolako Patronatuko kidea.
Epaimahaikidea: Carmen Barasoain Sádaba, Zizur Nagusiko Musika Eskolako zuzendariordea.
Ordezkoa: M.ª Cruz Larrión Torres, Zizur Nagusiko Musika Eskolako Pianoko irakaslea.
Epaimahaikidea: Mikel Xabier Rípodas Cañamares, Zizur Nagusiko Musika Eskolako zuzendaria.
Ordezkoa: Isabel Fraile Perurena, Zizur Nagusiko Musika Eskolako Pianoko irakaslea.
Epaimahaikidea: M.ª Eugenia Abaigar Estanga, langileen legezko ordezkaritzak izendatua.
Ordezkoa: Rafael Santos Fernández Andrés, langileen legezko ordezkaritzak izendatua.
Epaimahaikide idazkaria: Cristina Fabo Legarda, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Olatz Arizaleta Azcona, Zizur Nagusiko Udaleko administrazio publikoko teknikaria.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eskatzen ahal du proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.
6.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoak.
Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia ondotik.
6.1. Lehiaketaldia.
Lehiaketaldian 20 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Alegatutako merezimenduak, 3.4.c) oinarrian aipatutakoak, frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dira eskabideak aurkezteko epean. Epaimahaiak baremo honen arabera kalifikatuko ditu:
6.1.1. Aurretik irakasle lanetan esperientzia izatea (9,3 puntu gehienez):
a) Edozein musika eskolatan, Pianoko irakaslearen lanetan, egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1 puntu urte bakoitzeko.
b) Edozein musika eskolatan, Musika eta Mugimenduko irakaslearen lanetan, egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1 puntu urte bakoitzeko.
c) Edozein musika eskolatan, beste edozein musika espezialitateko irakasle lanetan, egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 0,5 puntu urte bakoitzeko.
Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
–Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
–Lanaldi partzialeko zerbitzuak badira, lanaldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
–Aldi berean egin badira atal batean baino gehiagotan sailkatutako zerbitzu batzuk, puntu gehien ematen dituena baizik ez da kontuan hartuko aldi horretan.
Ez dira baloratuko deialdi hau argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
Zerbitzuak zer musika eskolatan egin diren, musika eskola horrexek emandako ziurtagiriaren bidez frogatutako dira alegatutako merezimenduak. Ziurtagiri horietan berariaz agertu beharko dira honako datu hauek: zer lanpostutan lan egin den, zenbat denboraz eta lanaldiak zer iraupen zuen.
6.1.2. Prestakuntza (9,3 puntu gehienez):
2.1.c) oinarrian eskatzen den kontserbatorioko goi-mailako beste edozein titulazio edukitzeagatik eta irakaskuntzarekin lotutako unibertsitate karrerak eta masterrak edukitzeagatik: 3 puntu horietako bakoitzeko.
Ez da baloratuko deialdian parte hartzeko bidea ematen duen titulazioa.
6.1.3. Euskara (1,4 puntu gehienez).
C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat edukitzeak (Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera) gehieneko balorazioa jasoko du euskararen ezagutzari dagokionez, edo behar den Europar Batasuneko hizkuntza ofizialari dagokionez.
Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez ematen ahal den puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.
Merezimendu gisa baloratzeko, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzak jasoko du euskararen ezagutzagatik gehienez ematen ahal den puntuazioaren 1/12.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea emanen du, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
Egiten diren erreklamazioak kalifikazio-epaimahaiak ebatzi ondoren, epaimahaiak Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak.
6.2. Oposizioaldia.
Oposizioaldian 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute NANa, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
Oposizioak bi proba hauek izanen ditu, eta haien bidez baloratuko dira izangaiek lanpostuaren jardunaz dituzten ezagutza teoriko-praktikoak:
a) Lehen proba: irakas-praktika. Musika eta Mugimenduko eskola praktiko bat emanen zaio 6 eta 7 urte arteko ikasle talde bati 20 minutuz.
Izangaiak aukeratuko du zer eduki eman nahi duen.
Proba honetan, gisa honetako alderdiak baloratuko dira: komunikazioa, ikaslearekiko harremana, aurkikuntza bidezko ikaskuntza, musikako adibideen erabilera, eta hainbat baliabide eta estrategiaren erabilera betiere musikako helburua erdieste aldera, erabilitako materiala eta beste batzuk.
Era berean, beste alderdi batzuk baloratuko dira, hala nola koherentzia musikala, jarduera aniztasuna eta jarduerak ikasleen mailara egokitzea.
Proba honetan gehienez 40 puntu lortzen ahalko dira, eta gutxienez 20 beharko dira proba gainditzeko.
b) Bigarren proba: proiektu pedagogikoa.
Epaimahaiaren aurrean aurkeztu eta defendatu beharko da Musika eta Mugimenduko ordubeteko lau saiotarako proiektu pedagogiko bat, 6 eta 7 urte arteko 10 haurri zuzenduta.
Proiektua gaztelaniaz aurkeztu beharko da, 20 egun balioduneko epean, hirugarren oinarrian aipatzen den eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aitzina zenbatuta. Proiektu pedagogikoa aurkezteko epea luzaezina izanen da.
Telematika bidez aurkeztuko da proiektua, eskabide orokor bidez, Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan, 150 MB baino gutxiagoko PDF formatuko (Portable Document Format) dokumentu bakar batean.
Programazio plagiatuak aurkeztuz gero edo zenbait izangaik programazio didaktiko bera aurkeztuz gero, izangaia edo izangaiak hautapen-prozeduratik kanpo geldituko dira.
Proiektu pedagogikoan, izangaiak unitate didaktikoak jasoko ditu, eta horietan barne hartuko ditu helburuen eta edukien proposamen justifikatua, horien sekuentziazioa, erabili beharreko baliabide metodologiko eta material didaktiko guztiak eta ebaluazio metodologia.
Izangaiak ekartzen ahalko ditu bere planteamendu pedagogikoak janzteko egokitzat jotzen dituen material guztiak (teknikoa, didaktikoak...), eta aitzinetik jakinarazi beharko dio Udalaren Musika Eskolako zuzendariari, horrek deus prestatu behar izanez gero, presta dezan. Komunikazio hori eskabide orokor bidez eginen da, eta hori Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan aurkeztuko da.
Izangaiak gehienez ere 20 minutu izanen ditu bere proiektu pedagogikoa defendatzeko. Jarraian, eztabaida dialektikoan ariko da epaimahaiarekin. Epaimahaiak denetariko galderak egin eta azalpenak eskatzen ahalko dizkio izangaiari, defendatutako proposamenari eta emandako eskola praktikoari buruz.
Proba honetan gehienez 40 puntu lortzen ahalko dira, eta gutxienez 20 beharko dira proba gainditzeko.
Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Udalaren egoitza elektronikoan, eta bost egun balioduneko epea emanen da interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
7.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Hautaprobak bukaturik, kalifikazio-epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituztenen zerrenda Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan, lortutako puntuazioaren ordenan, hautapen-prozesuan eskuratu dituzten kalifikazioak adierazita. Zerrenda hori eta espediente osoa igorriko dio Musika Eskolako Patronatuko buruari.
7.2. Berdinketarik gertatuz gero, lehen proban puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.
7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Horren emaitzak argitara emanen dira Zizur Nagusiko udalaren egoitza elektronikoan.
7.4. Epaimahaiak igorriko du, espediente osoarekin batera, izangaia lan-kontratudun finkoen araubidean kontratatzeko proposamena: puntuazio handiena lortu duen izangaia proposatuko da.
Kontratazio-proposamen hori Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.
7.5. Kontratazio-proposamena Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitara eman eta 10 egun balioduneko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Zizur Nagusiko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:
a) Zizur Nagusiko Musika Eskolako Patronatuko osasun zerbitzuek egindako txostena, frogatzen duena ez duela lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, agiri bat aurkeztu beharko dute, frogatzeko desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek emana.
b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela kendu administrazio publikoren baten zerbitzutik.
c) Zina edo hitzematea, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
d) Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez arautu zen erregistro hori.
7.6. Epe horren barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
7.7. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, plaza beteko da prozesua gainditu dutenen zerrendan (7. oinarrian aipatua) hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
7.8. Zizur Nagusiko Musika Eskolako Patronatuak bere eskudantziak betetzeko behar duen beste edozein agiri, eskatu eginen zaio proposaturiko izangaiari, eta hark aurkeztu beharko du deialdi honen 7.5 apartatuan ezarritako moduan.
10.–Kontratazioa, lanpostu hutsen adjudikazioa eta plazaz jabetzea.
10.1. Zizur Nagusiko Udaleko Musika Eskolako Patronatuko buruaren ebazpen baten bidez, lan-kontratudun finkoen araubidean kontratatuko da aurreko oinarriak betetzen dituen izangaia, Pianoko irakaslearen lanpostuan aritzeko, eta errelebo-kontratua eskainiko zaio. Kontratuak iraunen du plaza betetzen ari zen langileak erretiro arrunta hartzen duen arte.
10.2. Kontratazioak eta plazaz jabetzeak nominako eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, eta, hortaz, izanen ditu Zizur Nagusiko Musika Eskolako Patronatuan lan-kontratudunei buruz indarrean diren xedapenek ezarritako eskubide eta betebehar guztiak. Halaber, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan jasotako babesean.
10.3. Lan-kontratudun finkoen araubideko kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaia 10.1 oinarrian zehaztutako egunean jabetu beharko da plazaz.
Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan salbu, plazaz jabetzen ez denak galduko ditu Zizur Nagusiko Musika Eskolako Patronatuaren zerbitzuko lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak. Hala gertatuz gero, deialdiaren 7.7 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.
11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.
11.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen-prozesuan parte hartu eta plazarik lortu ez duten izangaiekin, bat etorriz xedaturik dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan (lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onesten dituena) eta oinarri honetan ezarritako prozeduran:
a) Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda. Probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrendan, izangaien ordena ezarriko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera.
b) Hautapen-prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, honako hauek osatua:
–Deialdiaren oinarrietan lehen proban, gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiak.
11.2. Epaimahaiak espedientea igorritakoan, Musika Eskolako Patronatuko buruaren ebazpen baten bidez, zerrenda hauek onetsiko dira: probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrenda eta lehen ariketan gehieneko puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaien zerrenda. Horietatik, lehentasuna izanen du probak gainditu baina plazarik eskuratu ez duten izangaien zerrendak, indarreko kudeaketa-arauekin bat.
Aldi baterako kontrataziorako zerrendak argitara emanen dira Zizur Nagusiko Udalaren iragarki-taulan.
Berdinketak ebazteko, halakorik badago, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak, hain zuzen, 7.2 eta 7.3 oinarrietan (gainditutako proben puntuazioari eta zozketa egiteari buruzkoak).
Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, beteko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoetan xedaturikoa (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).
12.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Zizur Nagusiko Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunendako jakingarri den informazio guztia ere.
13.–Datu pertsonalak babestea.
Izangaiei honako honen berri ematen zaie, bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan xedatutakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Zizur Nagusiko Udala da deialdiko parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Hona hemen oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, kontratu bat gauzatzeko, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, berak eskatuta).
–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denboran ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin (Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko Foru Legea).
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, datuak babesteko ordezkariaren bidez (delegadaprotecciondedatos@zizurnagusia.es).
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
14.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, beronen oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, kalifikazio-epaimahaiak emanak ez badira, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Musika Eskolako Patronatuaren Batzarrari zuzendua, hilabetean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Zizur Nagusian, 2026ko urtarrilaren 23an.–Patronatuko burua, Jon Gondán Cabrera.
Iragarkiaren kodea: L2601425
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
