36. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Oposizio-lehiaketa, haur-hezkuntzako ikastetxeko zuzendariaren bi plaza betetzeko (B maila/taldearekin parekatuak)

Alkateak urtarrilaren 26an emandako 358/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi ziren, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko haur-hezkuntzako ikastetxeko zuzendariaren bi plaza betetzeko (B maila/taldearekin parekatuak).

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

Oposizio-lehiaketa hau eginen da honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia); estatutu hori garatzeko eta gauzatzeko idatzitako sarrera erregelamendua; gainerako aplikazio arauak; eta honako oinarri hauek:

1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren bidez betetzea 0-3 haur-hezkuntzako ikastetxeko zuzendariaren bi plaza (B maila/taldearekin parekatuak), Tuterako Udalaren zerbitzura aritzeko. Plaza horien plantillako kodeak 0513B03501 eta 1613B03801 dira, eta 0-3 urte bitarteko haurrendako Santa Ana eta María Reina haur-hezkuntzako ikastetxeei esleituta daude, hurrenez hurren.

1.2. Bi plaza huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–1 plaza txanda irekian.

–1 plaza, desgaitasuna dutenendako txanda murriztuan.

1.3. Ezgaitasuna dutenentzat gordetako plazak hutsik geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, baldin eta desgaitasuna dutenendako txanda murriztuan plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia zorrotzean eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

1.4. Era berean, eta jarraikiz 13. oinarriari, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, 0-3 urte bitartekoendako haur-hezkuntzako zentroko zuzendariaren lanpostua aldi baterako betetzeko, hautapen prozeduran probak gainditu bai baina plazarik lortzen ez duten izangaiekin.

1.5. Deialdiko lanpostuaren zeregina da lehen zikloko haur-hezkuntzako zentroen kudeaketa oso-osoaz arduratzea. Halaber, arduratu beharko du beste edozein eginkizunez ere, baldin esleitzen bazaizkio, ezarritako helburuak betetzeko, eta betiere bat badatoz lanpostuari dagozkion gaitasun profesionalekin.

1.6. Izendapenaren ondorioz hautatzen direnak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta kidetuko dira.

1.7. Lanpostuen ordainsariak izanen dira B mailako lanpostuetarako oro har ezarrita daudenak abuztuaren 30eko 351/1993 Legegintzako Foru Dekretuan (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina), uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan (foru dekretu horrek hizpide du Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendu) eta Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Akordioan. Horrez gain, ordainsari osagarriak izaten ahalko ditu, baldin ezartzen badira aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan eta zehazten badira plantilla organikoan.

1.8. Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez den orotan, eta udal honi dagokionez, jarraituko zaio Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Akordioan ezarritakoari.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

1.9. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira Administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuei, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren ezkontideek eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

C) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea Maisu-maistraren gradua Haur Hezkuntzan, edo Maisu-maistraren titulua Haur Hezkuntzako espezialitatean, edo horien baliokidea den beste bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina, deialdian parte hartzeko (azkeneko hori gordekinaren bidez justifikatu beharko da).

Atzerrian lortutako unibertsitateko tituluak dituzten izangaiek aurkeztu beharko dute kasuan kasuko titulua homologatzeko frogagiria, edo, kasua bada, baliokide izatearen ziurtagiria.

D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa edukitzea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

E) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.

F) Bat etorriz uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin, zeinaren bidez aldatzen baita Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da kondenaturik ez egotea, epai irmo baten bidez, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.

2.3. Plaza eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte aurreko baldintzak, deialdi honen 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiek baldintza horiek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzean, bai eta hautapen-prozedura osoan mantendu ere, izendatuak izan arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (sede.tudela.es); horretarako, sartu beharko da "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiari dagokion aipamenean. Aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.

3.2. Eskabideek bat etorri behar dute dagokien ereduarekin. Eredu hori egonen da deialdiaren aipamenean, sede.tudela.es egoitzan, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.

3.3. Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek behar bezala ordenaturik alegatu eta frogatu behar dituzte merezimenduak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz (II. eranskina). Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako merezimendurik. Horrenbestez, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Parte hartzeko eskabidea, behar bezala bete eta sinatua.

–Alegatutako merezimenduen zerrenda, deialdian ezarritako baremoaren arabera, jarraikiz deialdiaren fitxan (Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan) ageri den ereduari.

–Alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituen dokumentazioaren kopia soila.

3.4. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia-erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabidean. Beste agiri batean adierazi beharko dituzte eskatutako egoitzapenak, eta komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.6. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.

3.7. Aski izanen da oinarri honetan adierazitako dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.

4.2. Behin-behineko zerrenda Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzirik, Tuterako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.

4.4. Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski izanen deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Laura Casanova Sainz-Ajá, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaiburuaren ordezkoa: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Mar Mateo Sainz, Lourdes 0-3 urte bitartekoendako Haur Hezkuntzako ikastetxeko zuzendaria.

Ordezkoa: Inés Floristán Mozaz, Santa Ana 0-3 urte bitartekoendako Haur Hezkuntzako Ikastetxeko haur-hezitzailea.

Epaimahaikidea: María Villar Catalá Álava, María Reina 0-3 urte bitartekoendako Haur Hezkuntzako Ikastetxeko haur-hezitzailea.

Ordezkoa: Ana María Fernández Malo, Santa Ana 0-3 urte bitartekoendako Haur Hezkuntzako Ikastetxeko haur-hezitzailea.

Epaimahaikidea: Ángel Luis Antón Agramonte, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Mikel Ziordia Osta, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Idazkaria: Aurora Miranda Latorre, Tuterako Udaleko hezkuntzako teknikaria.

Ordezko idazkaria: Raquel Jiménez Ayllón, Tuterako Udaleko administrari-ofiziala.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari jarraikiz (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Gainera, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.

6.1. Oposizioa 2026ko ekainean hasiko da, gutxi gorabehera, betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iraganik. Hautapen-prozesua bi alditan eginen da; lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia non, noiz eta zer ordutan hasiko den. Ondoren, epaimahaiak iragarkien bidez emanen du aditzera gainerako probak noiz eginen diren. Iragarkiak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, 7.3 apartatuan aipatzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

7.2. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

7.3. Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak alegatu eta frogatu diren merezimenduak. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 20 puntu gehienez.

B) Prestakuntza: 10 puntu gehienez.

7.4. Epaimahaiak merezimenduak baloratutakoan, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du balorazioa (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean, izangai bakoitzak erdietsitako puntuazioa zehaztuta, eta 5 egun balioduneko epea emanen da, behin-behineko emaitzei alegazioak jartzeko.

7.5. Alegazioak jartzeko epea bukaturik, epaimahaiak behin betiko emaitzak argitaratuko ditu Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa. Test motako 40 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen III. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Ariketa egiteko, izangaiek 60 minutu izanen dituzte gehienez.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Ebatzi beharko dira deialdi honen III. eranskinean ageri diren gaiei buruzko kasu praktiko bat edo zenbait, idatziz. Kalifikazio-epaimahaiak adieraziko du zenbat denbora izanen duten izangaiek, gehienez, ariketa egiteko.

–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak egitea. Helburua izanen da zehaztea izangaiak zer neurritan egokitzen diren deialdiko lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko psikologia zerbitzuaren laguntzaz eginen da.

8.2. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu ematen ahalko dira gehienez, honela banatuak:

Lehen ariketa: 20 puntu gehienez.

Bigarren ariketa: 60 puntu gehienez.

Hirugarren ariketa: 20 puntu gehienez.

8.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

8.4. Lehen eta bigarren ariketak gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen dira, salbu eta epaimahaiak erabakitzen badu, bigarren ariketan, jendaurrean irakur dadila hura egindakoan.

8.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du ariketa egin den tokian eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Halaber, azalduko ditu oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

8.6. Dei bakarra eginen da ariketa bakoitzerako. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

8.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

8.8. Bost egun balioduneko epea izanen da alegazioak aurkezteko, oposizioaldiko ariketa bakoitzaren kontra. Epe hori amaitu ondoren, epaimahaiak ariketa bakoitzeko behin betiko emaitzak argitaratuko ditu deialdiaren aipamenean.

8.9. Oposizioaldiko ariketa guztiak amaitu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du, lortu duten guztizko puntuazioaren arabera ordenatuta.

8.10. Oposizioaldiko guztirako puntuazioa kalkulatzeko, batuko dira oposizioaldiko hiru ariketetan eskuratutako puntuazioak. Deialdiko guztizko puntuazioa kalkulatzeko, batuko dira lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak.

Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian oro har puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak badirau, kontuan hartuko dira bigarren, lehen eta hirugarren ariketetan lortutako puntuazioak, hurrenez hurren eta hurrenkera horretan. Berdinketak bere horretan segitzen badu, zozketa publikoa eginen da.

9.–Baldintzak frogatzea eta plaza hutsak hautatzea.

9.1. Hamar egun balioduneko epea irekiko da, probak gainditurik deialdiko plaza kopuruan sartzen direnek aurkez ditzaten agiri hauek, erregistroaren bidez (horretarako, baliatu behar da aukera hau: "Aportación de documentación a expedientes en trámite"):

–Titulazioaren jabe izatearen frogagiriak; hartarako, aurkeztu beharko da deialdiaren 2.1.C oinarrian eskatutako tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

–Ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.

9.2. Epaimahaiak deia eginen du plaza hutsak aukeratzeko, argitara emanez aukera daitezkeen plaza hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (jarraituz plaza hutsak hautatzeko lehentasun ordenari). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer epe duten plaza hutsak hautatzeko: 10 egun baliodun. Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan. Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, plaza hutsak eskuratzeko.

9.3. Plaza hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Tuterako Udalaren Prebentzio Zerbitzuak eginen du, ofizioz, ziurtagiri bat, adierazten duena desgaitasun aitortua bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Ziurtagiri hori espedienteari erantsiko zaio. Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangai bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu plaza batean edo bestean jarduteko, plazak aukeratzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen direnak eskainiko zaizkio, Tuterako Udalaren Prebentzio Zerbitzuak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

10.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Behin plaza hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Tuterako Udaleko alkateari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko plaza kopuruan sartzen ahal direnak. Izendapen proposamen hori Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdiaren aipamenean.

10.2. Proposatutako izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu behar dute, izendatzeko, izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epean:

A) Tuterako Udalaren edo haren erakunde autonomo edo mendekoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

–Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.

–Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik ez duela erakusten duena.

–Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publiko baten zerbitzutik.

–Zin egitea edo hitzematea errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

10.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den plaza beteko da 9. oinarrian aipatzen den izangaien zerrendaren arabera, plazaren baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

10.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Tuterako Udalak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu egin beharko dio, eta izangaiak aurkeztu beharko du "aportación de documentación a expedientes en trámite" aukera baliatuz.

10.6. Izangairen batek ez badu plaza hautatzen prozedurak agintzen duen moduan eta epean, edo hautapen-prozesuari uko egiten badio, edo ez baditu betetzen plazan aritzeko deialdian ezarritako betebeharrak, edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio-organo eskudunak haren baja beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.

Aurreko apartatuan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko aurretik egindako plaza hutsen hautaketa. Beraz, halakoetan proposatzen diren beste izangaiei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko plaza hutsak.

11.–Izendapena, plaza hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

11.1. Alkateak, ebazpen baten bitartez, Tuterako Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiaren xede diren lanpostuak betetzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie.

11.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak bihurtuko dira nominako eta plantillako funtzionario, eta izanen dituzte indarreko xedapenek Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, baldin izendatutakoa afiliaturik badago Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen ditu: edo segitzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan, babes harturik martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidea, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean. Hori dena, aplikatuz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zehazki, bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).

11.3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da izendapena, kontuan harturik ezen hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean ezartzen den egunean jabetuko direla beren plazez, salbu aski justifikaturik dauden kasuetan.

Egun horretan plazez jabetzen ez badira (salbu behar bezala justifikatutako kasuetan), eskubide guztiak galduko dituzte Tuterako Udalaren zerbitzuko funtzionario izateko. Kasu horretan, jarraikiko zaio deialdiaren 10.4 apartatuan ezarritakoari.

11.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, lanpostuan batere aritu gabe eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den plaza ere beteko da deialdiaren 10.4 atalean ezarritako moduan.

11.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko plazak.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Tuterako Udalaren deialdiaren fitxan argitaratuko dira, egoitza elektronikoan (www.sede.tudela.es), proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunendako jakingarri den informazio guztia ere.

13.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

13.1. Izangaien zerrenda batzuk eratuko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, eta zerrenda horietan egonen dira hautaketa-prozesuan parte hartu eta gainditu bai baina plazarik eskuratu ez dutenak. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari.

Horrez gain, aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak osatuko dira deialdi honetako oposizioaldiko lehen ariketa gainditzen duten izangaiekin.

Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.

Lehentasun-ordena azken puntuazioaren araberakoa izanen da; nolanahi ere, aldi baterako kontratazioan deituak izateko lehentasuna izanen dute plazarik ez eskuratu arren prozesua gainditu duten izangaiek, oposizioaldiko lehen ariketa gainditu dutenen aitzin.

Halaber, oposizioaldiko lehen ariketa gainditu dutelako aldi baterako kontratazio-zerrendetan sartzen direnen aitzin, lehentasuna izanen dute lehenago eginiko hautapen-prozesuetan plazarik eskuratu ez baina prozesua gainditu zuten izangaiek, baldin eta deialdi haien ondorioz zerrendarik sortu bazen, eta zerrenda horiek indarrean badaude.

Alkatearen ebazpen bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak, eta egoitza elektronikoan (sede.tudela.es) argitaratuko dira, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.

13.2. Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauek beteko dira: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta Tuterako Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakia (argitaratu zen 2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 24an), non onetsi baitziren Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, edo irizpideak aldatuz gero, horien ordezkoak; eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.3. Titulazioa. Aldi baterako kontrataziorako zerrendan onartua izateko, frogatu beharko da baduela deialdian eskatzen den titulua. Nahi duenak baimena ematen ahal dio kontratazioa kudeatzen duen zentroari bere titulua kontsultatzeko, Hezkuntza Ministerioko Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan ez baita ministerio horretan agertzen.

13.4. Desgaitasuna dutenei eta genero-indarkeriaren biktimei dei egitea, aldi baterako lan-kontrataziorako.

a) Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da desgaitasunaren arloan ezarrita dagoena, aplikatu behar zaiena Nafarroako administrazio publikoetako langileei. Desgaitasun-egoera noiznahi frogatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna frogatzen den unean. Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Frogagiri hori ofizioz eginen dute balorazio- eta orientazio-talde eskudunek.

b) Era berean, babesa gauzatzeko, edo gizarte-laguntza osorako eskubidea gauzatzeko, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar lanpostutik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek betetzeko, betiere dagozkien hautaketa-probak gainditu badituzte eta beren egoera frogatzen badute.

14.–Datu pertsonalak babestea.

Tuterako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.

Datuak zenbat denboraz gordeko diren: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan bitartean. Bestalde, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak bete beharko dira.

Datu-hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: jakinarazten dizugu badituzula datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, baldin zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, jo beharko duzu Erregistro Orokorrera (Plaza Vieja 1, 31500 Tutera), edo egoitza elektronikora (www.tudela.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, erreklamazio bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza-elektroniko honetara: www.agpd.es.

15.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

A atala.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

A.1. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, deialdiaren xede den lanpostuaren antzeko eginkizunetan, B mailako lanpostuetan: 2 puntu urte bakoitzeko.

A.2. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, aurrekoak ez diren B mailako beste lanpostu batzuetan, edo A mailakoetan: 1 puntu urte bakoitzeko.

A.3. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, C, D edo E mailako lanpostuetan: 0,5 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak A atalerako:

–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, emanen da proportzioan dagokion puntuazioa.

–Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

–A atalean gehienez ere 20 puntu emanen dira.

B apartatua.–Prestakuntza.

B.1. Unibertsitateko tituluengatik (lizentzia, gradua edo diploma), deialdi honetan eskatzen ez den beste batzuengatik, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute: 3 puntu.

B.2. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu).

Oharrak B.2 azpiatalerako (Prestakuntza akademikoa eta etengabea):

–Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

–Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

–Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

–Atal honetan baloratutako prestakuntza ekintza bakoitzaren puntuazioa 2 puntukoa izanen da gehienez.

–Puntuazio berarekin baloratuko da parte-hartzea Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barrenean antolatutakoak.

Oharrak B) apartatu osorako:

–Atal honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira baldin deialdiko lanpostuarekin zerikusia badute.

–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

Atal hau behar bezala aplikatzeko, izangaiek argi eta garbi adierazi beharko dute zein titulazioren bitartez eman nahi duten izena deialdian, eta beste zein titulazio alegatu nahi dituzten merezimendu gisa. Azalpen hori alegatutako merezimenduen zerrendan aurkeztu behar da.

–B atalean gehienez ere 10 puntu emanen dira.

III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

I. zatia (zati orokorra).

1. 1978ko Espainiako Konstituzioa: Atariko titulua. I. titulua Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. I. kapitulua: Espainiarrak eta atzerritarrak, II. kapitulua: Eskubideak eta askatasunak.

2. Espainiako 1978ko Konstituzioa. IV. titulua: Gobernua eta Estatuko Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala. IX. titulua: Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

3. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Atariko titulua. I. titulua: Nafarroako foru erakundeak. I. kapitulua: Erakundeak. II. titulua: Nafarroaren ahalmen eta eskumenak: I. kapitulua: Xedapen orokorrak.

4. 2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: toki erakundeen beharrezko antolaketa: udalerria.

5. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: xedapen orokorrak. Prozeduretako interesdunak: jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua.

6. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: xedapen orokorrak. Administrazio publikoen organoak: 1. atala (administrazio-organoak). Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

7. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea.

8. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: administrazio karrera. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak. 1. atala (eskubideak) eta 3. atala (betebeharrak).

9. 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: I. titulua: Nafarroako Toki Ogasunen Baliabideak. 1. kapitulua: Baliabide motak.

10. Tuterako Udalaren aurrekontua betearazteko oinarriak.

11. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. II. titulua. Gardentasuna. I. kapitulua: Gardentasuna jarduera publikoan. III. titulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea. I. kapitulua. Arau orokorrak.

12. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: VI. titulua. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua. Kontseiluaren eginkizunak; Kontseiluaren osaera; Kontseiluko lehendakariaren eginkizunak; Antolaketa eta funtzionamendua.

13. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

14. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I. titulua: Xedapen orokorrak. Berdintasunerako erakundeen antolaketako sistema. Nafarroako toki entitateak. III. titulua: Berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak.

15. 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: prebentzio ekintzaren printzipioak. Lan-ekipamenduak eta babes-tresnak. Langileen betebeharrak laneko arriskuen prebentzioaren alorrean.

II. zatia (espezifikoa).

16. 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa. I. titulua, I. kapitulua.

17. 79/2012 Foru Agindua, abuztuaren 27koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen artean lankidetza hitzarmenak izenpetzeko oinarriak ezartzen dituena, udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko asmoz.

18. 28/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, zeinaren bidez ezartzen baita Haur Hezkuntzako lehen zikloa Nafarroako Foru Komunitatean eta zeinaren bidez ezartzen baitira, orobat, ziklo hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak. Atariko titulua. I. titulua. II. titulua. IV. tituluko I. kapitulua.

19. 61/2022 Foru Dekretua, ekainaren 1ekoa, zeinaren bidez ezartzen baita Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma Nafarroako Foru Komunitatean. 1. artikulutik 14. artikulura arte.

20. 56/2025 Ebazpena, otsailaren 20koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan haurrak onartzeko prozesua, 2025-2026 ikasturterako.

21. 312/2025 Ebazpena, maiatzaren 23koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibide batzuk onesten baitira 2025-2026 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako.

22. 50/2025 Foru Agindua, ekainaren 11koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur-eskoletan familiei aplikatzen ahal zaizkien tarifak, 2025-2026 ikasturterako.

23. 694/2025 Ebazpena, urriaren 13koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita haur-eskolei errefortzuko hezitzaileak esleitzeko irizpidea 2025-2026 ikasturtetik aurrera.

24. 59/2023 Foru Agindua, ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzan ari diren ikasleen ebaluazioa arautzen duena. I. titulua.–Haur Hezkuntzako lehen zikloa.

25. Ikastetxearen hezkuntza-proiektua, Nafarroako 0-3 urte bitarteko haurrendako zentroetan.

26. Ikastetxearen proposamen pedagogikoa, Nafarroako 0-3 urte bitarteko haurrendako zentroetan.

27. 0 eta 3 urte arteko haurren garapen motorra: garapen motorra haurtzaroan, garapen motorraren legeak, mugimendu motak, motrizitate grafikoaren garapena, nahasmendu motor orokortuak, curriculum-egokitzapenak dibertsitate funtzional motorra duten haurrendako.

28. 0 eta 3 urte arteko haurren garapen kognitiboa: teoria esplikatzaileak, funtzio kognitiboak, garapen kognitiboa 0 eta 2 urte bitartean (asimilazio-ptrozesuak eta haurtzarora egokitzeko prozesuak, adimen sensoriomotorearen azpi-faseak). Garapen kognitiboa 0 eta 2 urte bitartean. Operazio aurreko faseko adimena (operazioen aurreko faseko pentsamenduaren ezaugarriak eta azpi-faseak, funtzio sinbolikoa).

29. Garapen afektiboa: definizioa eta garapen afektiboaren mugak, teoria esplikatzaileak, atxikimendu-harremana.

30. Garapen soziala: sozializazio-agenteak, teoria esplikatzaileak.

31. Espazioa, hezkuntzarako baliabide. Txokoen bidezko antolaketa.

32. Baliabide material eta teknologikoak Haur Hezkuntzan.

33. Denboraren antolaketa Haur Hezkuntzan.

34. Langileen eta ikasleen antolaketa, hezkuntzarako baliabide.

35. Aukera metodologikoak Haur Hezkuntzaren programazioan.

36. Metodologiak Haur Hezkuntzan.

37. Zentroaren antolaketa eta bizikidetzaren kudeaketa.

38. Harrera-aldiaren plangintza eta antolaketa.

39. Familien esku-hartzea eta inplikazioa hezkuntza-zereginetan.

40. Istripuen prebentzioa haurtzaroan. Lehen sorospenak: lehen sorospenak zaurien sendaketan, epistaxiaren aurreko jokamoldea, oinarrizko bizi-euskarriaren tekniken aplikazioa: Oinarrizko bizi-euskarri pediatrikoaren algoritmoa; OVACE edo GAABB (Gorputz arrotzaren ondoriozko aire-bidearen buxadura) pediatrikoa.

41. Ebaluazioa: informazioa jasotzeko teknikak, mutiko eta neskatoen ebaluazioa, hezkuntza-jardunaren ebaluazioa, zentroaren kudeaketaren ebaluazioa.

42. Jolasa: kontzeptua, ezaugarriak, kontzepzio teorikoak, jolasa joera psikologiko handietan, printzipio metodologikoak, jolasen sailkapena, altxorren saskia, jolas heuristikoa.

Oharra: gai guztiak baloratuko dira jarraikiz deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari; nolanahi ere, egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahal ditu epaimahaiak.

Tuteran, 2026ko urtarrilaren 29an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

Iragarkiaren kodea: L2601369