Iragarkia
36. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
TUTERA
Oposizio-lehiaketa, landazainaren plaza bat betetzeko (C maila/taldearekin parekatua)
Alkateak urtarrilaren 26an emandako 352/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi zen, landazainaren plaza bat betetzeko (C maila/taldearekin parekatua), oposizio-lehiaketa bidez.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
Arau hauei jarraikiz eginen da oposizio-lehiaketa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; estatutu hori garatzeko eta gauzatzeko idatzitako sarrera-erregelamendua; gainerako-aplikazio arauak; eta honako oinarri hauek:
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez betetzea landazain-plaza bat (C maila/taldearekin parekatua), funtzionarioen araubidekoa eta Tuterako Udalaren zerbitzukoa.
1.2. Era berean, eta 13. oinarriari jarraikiz, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, landazainaren lanpostua aldi baterako betetzeko, hautapen-prozeduran probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaiekin.
1.3. Deialdiaren xedeko lanpostuak eginkizun hauek ditu: udal-mugarteko landa-eremua zaindu, kontrolatu eta ikuskatzeaz arduratzea, araudia, ordenantzak eta lizentziak (lurzoru urbanizaezina) betetzen direla bermatzeko; laguntza operatiboko lanak egitea, eta azpiegiturak, ekipamenduak eta udal-ondasunak mantentzeko lanak egitea, nekazaritzari, abeltzaintzari eta mendiei dagokienez; Tuterako ehiza-barruti publikoa mantentzeaz, zaintzeaz eta kontserbatzeaz arduratzea; eta ezarritako helburuak lortze aldera agintzen zaizkion bestelako eginkizunak betetzea, lanpostuan eskatzen diren trebetasun eta gaitasun profesionalekin bat badatoz.
1.4. Izendapenaren ondorioz hautatzen dena funtzionario bilakatuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio.
1.5. Lanpostuak C mailarako oro har ezarrita dauden ordainsariak izanen ditu, honako hauetan ezarritakoarekin bat: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 158/1984 Foru Dekretua, uztailaren 4koa, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendua onesten duena, eta Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan-baldintzei buruz indarrean den akordioa. Horrez gain, ordainsari osagarriak izaten ahalko ditu, baldin eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarrita badaude eta plantilla organikoan zehazten badira.
1.6. Lan- eta enplegu-baldintzei dagokienez, oinarri hauetan ezartzen ez den orotan, eta udal honi dagokionez, men eginen zaio Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan-baldintzei buruz indarrean den akordioari.
Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.
1.7. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
A. Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuei jarraikiz, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren ezkontideek eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.
B. Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
C. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat edukitzea: Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Heziketakoa, edo haien baliokidea den beste bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina (azkeneko hori gordekin bidez justifikatuko da).
Atzerrian lortutako tituluak dituzten izangaiek aurkeztu beharko dute kasuan kasuko titulua homologatzeko frogagiria, edo, kasua bada, baliokide izatearen ziurtagiria.
D. Ehizazain-titulua izatea, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz: 48/2007 Foru Dekretua, ekainaren 11koa, haren bidez onetsi baitzen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua; eta 94/2012 Foru Agindua, irailaren 4koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako ehizazain-titulua nola eskuratu arautzen duena.
E. B1 gidabaimena izatea.
F Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
G. Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.
2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.3. Plaza eskuratzen duten izangaiek aurreko baldintzak frogatu beharko dituzte, deialdi honen 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiek baldintza horiek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, bai eta hautapen-prozedura osoan ere, izendatuak izan arte.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (sede.tudela.es); "Trámites destacados-Empleo Público" atalean sartuta, deialdiari dagokion aipamenean. Aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.2. Eskabideek bat etorri behar dute dagokien ereduarekin. Eredu hori deialdiaren aipamenean egonen da, sede.tudela.es egoitzan, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.
3.3. Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek merezimenduak alegatu eta frogatu behar dituzte, behar bezala ordenaturik, baremoko puntuazio.eskemari jarraikiz (II. eranskina). Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako merezimendurik. Horrenbestez, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Parte hartzeko eskabidea, behar bezala betea eta sinatua.
–Alegatutako merezimenduen zerrenda, deialdian ezarritako baremoaren arabera, deialdiaren fitxan (Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan) ageri den ereduari jarraikiz.
–Alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agirien kopia soila.
3.4. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin denborak edo baliabideak egokitzea behar badute ariketak egiteko, zilegi izanen dute eskabidean hori eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, agiri bat aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasun bat dutela frogatzeko, organo eskudunak emana.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.6. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.7. Aski izanen da oinarri honetan adierazitako dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Tuterako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
4.2. Behin-behineko zerrenda Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta haiek ebatzirik, Tuterako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
4.4. Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski izanen deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertu ondoren, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Verónica Gormedino López, Tuterako Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: Zeus Pérez Pérez, Tuterako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: Raúl Velasco Aizpún, Tuterako Udaleko landazaina.
Ordezkoa: Francisco Domínguez Salvatierra, Tuterako Udaleko nekazaritzako ingeniari teknikoa.
Epaimahaikidea: Asier Goñi Gastón, Tuterako basozainen koordinatzailea.
Ordezkoa: Iván Villar Pastor, Tuterako basozaina.
Epaimahaikidea: Francisco Javier Arriazu Fernández, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria.
Ordezkoa: Ángel Luis Antón Agramonte, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.
Epaimahaikide idazkaria: Manuel Leal Villadangos, Tuterako Udaleko erdi-mailako teknikaria.
Ordezkoa: Asunción Galán Hernández, Tuterako Udaleko erdi-mailako teknikaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari jarraikiz (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Gainera, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.
6.1. Oposizioa 2026ko ekainean hasiko da, gutxi gorabehera, betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iraganik. Hautapen-prozesua bi alditan eginen da; lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia non, noiz eta zer ordutan hasiko den. Ondoren, epaimahaiak iragarkien bidez emanen du aditzera gainerako probak noiz eginen diren. Iragarkiak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
7.–Lehiaketaldia.
7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, 7.3 apartatuan aipatzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska diezazkieke izangaiei alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak.
7.2. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
7.3. Epaimahaiak deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu alegatu eta frogatu diren merezimenduak. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 20 puntu gehienez.
B) Prestakuntza: 10 puntu gehienez.
7.4. Epaimahaiak merezimenduak baloratutakoan, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du balorazioa (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean, izangai bakoitzak erdietsitako puntuazioa zehaztuta. Argitaratzearekin batera, 5 egun balioduneko epea irekiko da behin-behineko emaitzen aurkako alegazioak aurkezteko.
7.5. Alegazioak jartzeko epea bukaturik, epaimahaiak behin betiko emaitzak argitaratuko ditu Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
8.–Oposizioaldia.
8.1. Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira:
–Lehen ariketa: teorikoa. Test motako 40 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen III. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Ariketa egiteko, izangaiek 60 minutu izanen dituzte gehienez.
–Bigarren ariketa: praktikoa. Kasu praktiko bat edo zenbait ebatzi beharko dira idatziz, deialdi honen III. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak. Kalifikazio-epaimahaiak adieraziko du zenbat denbora izanen duten izangaiek, gehienez, ariketa egiteko.
–Hirugarren ariketa: Proba psikotekniko batzuk egin beharko dira, zehazteko izangaiak zer neurritan egokitzen diren deialdiko lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko psikologia-zerbitzuaren laguntzaz eginen da.
8.2. Oposizioko ariketen balorazioan 75 puntu ematen ahalko dira gehienez, honela banatuak:
Lehen ariketa: 20 puntu gehienez.
Bigarren ariketa: 40 puntu gehienez.
Hirugarren ariketa: 15 puntu gehienez.
8.3. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
8.4. Lehen eta bigarren ariketak gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen dira, salbu eta epaimahaiak erabakitzen badu, bigarren ariketan, jendaurrean irakur dadila hura egindakoan.
8.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioak zehaztuta, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean. Halaber, zehaztuko da non, noiz eta zein ordutan eginen den oposizioko hurrengo ariketa, gutxienez 48 ordu lehenago.
8.6. Dei bakarra eginen da ariketa bakoitzerako. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
8.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
8.8. Bost egun balioduneko epea izanen da oposizioaldiko ariketa bakoitzaren kontra alegazioak aurkezteko. Epe hori amaitu ondoren, epaimahaiak ariketa bakoitzeko behin betiko emaitzak argitaratuko ditu deialdiaren aipamenean.
8.9. Oposizioaldiko ariketa guztiak amaitu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du, lortu duten guztizko puntuazioaren arabera ordenatua.
8.10. Oposizioaldiko guztirako puntuazioa kalkulatzeko, oposizioaldiko hiru ariketetan eskuratutako puntuazioak batuko dira. Deialdiko guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.
Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian oro har puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak badirau, kontuan hartuko dira bigarren, lehen eta hirugarren ariketetan lortutako puntuazioak, hurrenez hurren. Berdinketak bere horretan segitzen badu, zozketa publikoa eginen da.
9.–Baldintzak frogatzea.
9.1. 10 egun balioduneko epea irekiko da deialdian puntuaziorik handiena lortu duen pertsonak behar diren agiriak aurkeztu ditzan, erregistroaren bidez ("Aportación de documentación a expedientes en trámite" atala), frogatzeko betetzen dituela tituluari eta B1 gidabaimenari buruzko baldintzak:
–Oinarri hauen 2.1.c atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia (alegatutako merezimenduen zerrendan adierazitakoaren arabera), edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
–Oinarri hauen 2.1.d atalean eskatzen den tituluaren kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
–B1 gidabaimenaren kopia.
10.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.
10.1. Arestian aipatutako izapidea bukaturik, epaimahaiak Tuterako Udaleko alkateari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen-proposamena, egoki den izangaiaren aldekoa, hau da, prozedura gainditu eta deialdiko plaza kopuruan sartzen den izangaiaren aldekoa. Izendapen-proposamen hori Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdiaren aipamenean.
10.2. Proposatutako izangaiak honako dokumentazio hau aurkeztu behar du, izendatzeko, izendapen-proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epean:
a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.
b) Osasun-ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko dituela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dira izendatu agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
10.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den plaza beteko da gainditu dutenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, baldin eta lanposturako baldintzak betetzen baditu, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
10.5. Deialdi honen xede diren plazetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Tuterako Udalak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta hark aurkeztu beharko du "Aportación de documentación a expedientes en trámite" aukera baliatuz.
10.6. Izangairen batek plazari uko egiten badio, edo ez baditu betetzen plazan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak, edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio-organo eskudunak haren baja beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.
11.–Izendapena, plaza hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.
11.1. Alkateak, ebazpen baten bitartez, Tuterako Udaleko funtzionario izendatuko du aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia, deialdiaren xede den plaza bete dezan, eta plaza hutsa esleituko dio.
11.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza hartzearen bidez, izendatutako pertsona funtzionario bilakatuko da, eta indarreko xedapenek Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, baldin izendatutakoa afiliaturik badago Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen ditu: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, babes harturik martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidea, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea. Hori dena, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua).
11.3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da izendapena, kontuan harturik ezen hautatutako izangaia izendapen-ebazpenean ezartzen den egunean jabetuko dela bere plazaz, salbu aski justifikaturik dauden kasuetan.
Egun horretan plazaz jabetu ezean (salbu behar bezala justifikatutako kasuetan), Tuterako Udalaren zerbitzuko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dira. Kasu horretan, deialdiaren 10.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.
11.4. Izangai bat funtzionario bilakatuta ere lanpostuan batere aritzen ez bada, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen zaiolako jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den plaza ere deialdiaren 10.4 atalean xedatzen den gisan beteko da.
12.–Jarduketen publikotasuna.
Galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Tuterako Udalaren deialdiaren fitxan argitaratuko dira, egoitza elektronikoan (www.sede.tudela.es), proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunendako jakingarri den informazio guztia ere.
13.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
13.1. Izangaien zerrenda batzuk eratuko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, eta zerrenda horietan egonen dira hautaketa-prozesuan parte hartu eta gainditu bai baina plazarik eskuratu ez dutenak. Hori dena, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, eta oinarri honetan ezarritako prozeduraren arabera.
Horrez gain, aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak osatuko dira deialdi honetako oposizioaldiko lehen ariketa gainditzen duten izangaiekin.
Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
Lehentasun-ordena azken puntuazioaren araberakoa izanen da; nolanahi ere, aldi baterako kontratazioan deituak izateko lehentasuna izanen dute plazarik ez eskuratu arren prozesua gainditu duten izangaiek, oposizioaldiko lehen ariketa gainditu dutenen aitzin.
Halaber, oposizioaldiko lehen ariketa gainditu dutelako aldi baterako kontratazio-zerrendetan sartzen diren pertsonen aitzin, lehentasuna izanen dute lehenago eginiko hautapen-prozesuetan plazarik eskuratu ez baina prozesuak gainditu zituzten izangaiek, baldin eta deialdi haien ondorioz zerrendarik sortu bazen eta zerrenda horiek indarrean badaude.
Alkatearen ebazpen bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak, eta egoitza elektronikoan (sede.tudela.es) argitaratuko dira, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
13.2. Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauek beteko dira: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; eta Tuterako Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakia (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 24an), non onetsi baitziren Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, edo irizpideak aldatuz gero, horien ordezkoak; eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.
13.3. Aldi baterako kontrataziorako zerrendan onartuak izateko, frogatu beharko dute badituztela deialdian eskatzen diren tituluak. Nahi duenak baimena ematen ahal dio kontratazioa kudeatzen duen zentroari bere titulua kontsultatzeko, Hezkuntza Ministerioko Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan ez baita ministerio horretan agertzen.
13.4. Desgaitasuna dutenei eta genero-indarkeriaren biktimei dei egitea, aldi baterako lan-kontrataziorako.
a) Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da desgaitasunaren arloan ezarrita dagoena, aplikatu behar zaiena Nafarroako administrazio publikoetako langileei. Desgaitasun-egoera noiznahi frogatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna frogatzen den unean. Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Frogagiri hori ofizioz eginen dute balorazio- eta orientazio-talde eskudunek.
b) Era berean, haien babesa gauzatzeko edo gizarte-laguntza osorako duten eskubidea gauzatzeko, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar plazatik bigarrena erreserbatuko da emakumearen kontrako indarkeriaren biktima diren emakumeek betetzeko, betiere hautaprobak gainditzen badituzte eta izaera hori frogatzen badute.
14.–Datu pertsonalak babestea.
Tuterako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu-deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.
Datuak zenbat denboraz gordeko diren: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio-arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datu-hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: jakinarazten dizugu badituzula datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, baldin zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, Erregistro Orokorrera jo beharko duzu (Plaza Vieja 1, 31500 Tutera), edo egoitza elektronikora (www.tudela.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, idazki bat bidalita haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril) edo egoitza-elektroniko honetara: www.agpd.es.
15.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
A. Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
B. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
C. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
A atala: Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
A.1. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, deialdiaren xede den lanpostuaren eginkizunetan (C mailako lanpostua): 2 puntu urte bakoitzeko.
A.2. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, aurrekoak ez diren C mailako beste lanpostuetan, edo A edo B mailakoetan: 1 puntu urte bakoitzeko.
A.3. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, D edo E mailako lanpostuetan: 0,5 puntu urte bakoitzeko.
Oharrak A atalerako:
–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
–Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
–A atalean gehienez ere 20 puntu emanen dira.
B atala: Prestakuntza.
B.1. Unibertsitateko tituluengatik (lizentzia, gradua edo diploma), deialdi honetan eskatzen ez den beste batzuengatik, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute: 3 puntu.
B.2. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu).
Oharrak B.2 azpiatalerako (Prestakuntza akademikoa eta etengabea):
–Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
–Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu baten balorazioa emanen zaie.
–Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.
–Atal honetan baloratutako prestakuntza-ekintza bakoitzagatik 2 puntu emanen dira gehienez.
Puntuazio berarekin baloratuko da parte hartzea administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza-ekintzetan, nahiz eta ez bete erakunde antolatzaileari dagozkion baldintzak. Besteak beste, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barnean antolatutakoak.
Oharrak B atal osorako:
–Atal honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira baldin deialdiko lanpostuarekin zerikusia badute.
–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira atal honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.
Atal hau behar bezala aplikatzeko, izangaiek argi eta garbi adierazi beharko dute zein titulazioren bitartez eman nahi duten izena deialdian, eta beste zein titulazio alegatu nahi dituzten merezimendu gisa. Azalpen hori alegatutako merezimenduen zerrendan aurkeztu behar da.
–B atalean gehienez ere 10 puntu emanen dira.
III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
I. zatia (zati orokorra).
1. Espainiako 1978ko Konstituzioa. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia. Konstituzioak Nafarroaz egiten dituen aipamenak.
2. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
3. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: xedapen orokorrak. Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. Administrazioen arteko harremanak. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.
4. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Prozeduretako interesdunak: jarduteko gaitasuna eta interesdunaren kontzeptua. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Administrazio publikoetako organoak.
5. 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa: hitzaurrea. Xedea. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.
6. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun-printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa.
7. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
8. Tuterako Udalaren aurrekontua betearazteko oinarriak (deialdia argitaratzen den egunean indarrean direnak).
9. Tuterako Udalaren egitura eta antolaketa, eta haren erakunde autonomoena.
II. zatia (berariazkoa).
10. Tuterako udalerriaren egitura, azalerak eta lurralde-banaketa. Eremu ureztagarriak eta alderdiak.
11. Tuterako larre-aprobetxamenduen banaketa eta hedadura. Nekazariekiko harremana, eta adjudikaziodunen obligazioak eta betebeharrak.
12. Ordenantza, Tuterako landabideen eta xenden erabilera, mantentzea eta hobekuntza arautzen dituena.
13. Ingurumena Espainiako Konstituzioan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko eskumen-banaketa ingurumenaren arloan.
14. Naturagune baten eta haren ekosistemen azterketa Eskualde ekologikoak. Formazio naturalen eta ekosistemen sailkapena eta motak. Formazio edo ekosistema nagusiak: garrantzia eta banaketa, ingurune fisikoa, landaretza eta flora, fauna, erabilerak eta aprobetxamenduak, kontserbazioa.
15. 2/1993 Foru Legea, martxoaren 5ekoa, Basa-fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzkoa: egitura eta sistematika.
16. 9/1996 Foru Legea, ekainaren 17koa, Nafarroako Naturaguneei buruzkoa: egitura eta sistematika. Legezkotasuna babestea naturaguneetan.
17. 17/2005 Foru Legea, abenduaren 22koa, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzkoa: egitura eta sistematika. Zehapen-araubidea. 48/2007 Foru Dekretua, ekainaren 11koa, 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko erregelamendua onesten duena.
18. Ingurune naturala leheneratzeko teknikak.
19. Flora eta faunaren kontserbazioa. Espezie katalogatuak. Biologia, katalogatutako animalia- eta landare-espezieen banaketa. Berreskuratzeko planak. Habitataren babesa. Babes-eremuak. Fauna kudeatzeko teknikak: behaketa, jarraipena, populazioen kalkulua, patologiak, berreskuratzea, berriz sartzea.
20. Basogintza. Zuhaiztien forma nagusiak. Zuhaiztiaren egitura: definizioa eta motak. Zuhaizti nagusia eta osagarria. Mozketa-epearen, birsortzeko aldiaren, heldutasunaren eta mozteko diametroaren kontzeptuak. Adin-klase naturalak eta artifizialak. Azalera basimetrikoaren kontzeptua.
21. Basogintza. Bakantzeak: definizioa, motak eta xedeak. Bakantzeetako pisua, intentsitatea eta errotazioa. Kimaketak. Zuhaitzak seinalatu, taldea egin eta motzaldirako markatze- eta begiratze-lanak egitea.
22. Mendien antolamendua. Kontzeptua eta helburuak. Mendien erabilerak. Antolaketa-proiektuak: inbentarioaren fasea eta plangintzaren fasea. Mendiak antolatzeko metodoak.
23. Baso-inbentarioa. Zenbaketa osoaren araberako inbentarioa. Lagin estatistikoaren araberako inbentarioa. Ereduko zuhaitza: hautaketa eta bildu beharreko datuak, kubikazio-taulak eta produkzio-taulak.
24. Basoko produktuen aprobetxamendua antolatu eta planifikatzea. Erabiltzen diren tresnak, makineria, ekipoak eta materialak. Basoko produktuen aprobetxamendu-lanetan gerta daitezkeen ingurumen-inpaktuak eta kalte ekologikoak.
25. Nafarroako ehiza-espezieak. Ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra.
26. Ehiza- eta arrantza-espezieen populazioak. Populazioen errolda eta jarraipena. Ehiza- eta arrantza-espezieek eragindako kalteak. Gaitzak, harrapakariak eta lehiakideak.
27. Ehiza antolatzeko planak. Populazioen maneiua eta kudeaketa. Habitata babestu eta kontserbatzea. Hobekuntza-teknikak. Kalteen prebentzioa. Lanak programatu, antolatu, segurtasunez egin eta kontrolatzea.
28. Nafarroan ehiza antolatu eta kudeatzeko oinarriak: ehiza-barrutiak, eskualdeko ehiza antolatzeko planak, ehiza-barrutietako ehiza antolatzeko planak, urteroko kontrolak, populazioen kontrola eta jarraipena, baimen bereziak.
29. Harrapakarien kontrola: araudi orokorra eta berariazkoa, harrapatzeko metodoen gaur egungo problematika, espezie harrapakariak, harrapakaritzaren ekologia, harrapaketarako materiala, harrapatutako animalien manipulazioa, arriskuen prebentzioa.
30. Dokumentazioa eta eskaeren izapidetzea, populazioak eta kalteak kontrolatzeko jarduketa berezietarako.
31. Etika eta segurtasuna ehizan.
32. Mendien antolamendua. Kontzeptua eta helburuak. Mendien erabilerak. Antolaketa-proiektuak: inbentarioaren fasea eta plangintzaren fasea. Mendiak antolatzeko metodoak.
33. Baso-suteak: Prebentzioa eta itzalketa. Ingurune naturala antolatzea, sua zabaltzea zailtzeko. Sua ebakitzeko eremuak eta zerrendak. Kalteen balorazioa. 222/2016 Foru Agindua, ekainaren 16koa, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen duena, oihanetako suak prebenitzeko; haren aldaketak barne.
34. Ingurumen-hezkuntza eta -boluntariotza. Ingurumen-hezkuntzaren oinarrizko printzipioak: Oinarrizko kontzeptuak eta definizioak. Ingurumen-hezkuntzaren xedeak eta helburuak. Natura ezagutzeko zentroak Nafarroan. Ingurumen-arloko boluntariotza.
35. 17/2020 Foru Legea, abenduaren 26koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena.
Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari jarraikiz, baina egun horren ondoren onesten diren arau-aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.
Tuteran, 2026ko urtarrilaren 29an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.
Iragarkiaren kodea: L2601368
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
