Iragarkia
36. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
TUTERA
Deialdia, Pianoko eta Musika Hizkuntzako irakasle laguntzailearen bi plaza (B maila/taldearekin parekatuak) oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko
Alkateak urtarrilaren 26an emandako 349/2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi zirenen Pianoko eta Musika Hizkuntzako irakasle laguntzailearen bi plaza betetzeko (B maila/taldearekin parekatuak), oposizio-lehiaketa bidez.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
Oposizio-lehiaketa hau eginen da honako hauei jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (onetsi zen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez); estatutu hori garatzeko eta gauzatzeko idatzitako sarrera erregelamendua; gainerako aplikazio arauak; eta honako oinarri hauek:
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak:
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketaren bidez betetzea Pianoko eta Musika Hizkuntzako irakasle laguntzailearen bi plaza (B maila/taldearekin parekatuak), Tuterako Udalaren zerbitzura aritzeko. Plaza horiek izanen dira lekualdatze-lehiaketa baten ondoriozkoak; zehazki, alkatearen 2025eko urriaren 6an eman zuen 4585 Ebazpenaren bidez iragarritako lekualdatze-lehiaketaren ondoriozkoak. Plaza zenbakiak, eskakizunak eta destinoak zehaztuko dira plaza hutsak hautatzeko ekitaldia egin baino lehen.
1.2. Bi plaza huts horiek txanda hauetan banatuko dira:
–1 plaza txanda irekian.
–1 plaza igoera txandan.
1.3. Igoera txandako plaza hutsen bat bete gabe geldituz gero izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, plaza horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Bestalde, igoera txandan plaza hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren plazarik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia zorrotzean eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
Orobat, txanda irekiko plaza hutsak aukera ditzakete, aurreko paragrafoan ezarritako moduan, igoera txandako izangaiek, baldin, behin 10. oinarriko agiriak egiaztaturik, ikusten bada ez dituztela betetzen deialdiko 2.2 oinarriko baldintza espezifikoak, baina, betiere, betetzen baldin badituzte txanda irekiko izangaien baldintzak. Aukera izanen dute txanda irekiko plaza hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekiko lehia zorrotzean eta lortutako azken puntuazioaren arabera.
1.4. Era berean, eta jarraikiz 13. oinarriari, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, Pianoko eta Musika Hizkuntzako irakaslearen lanpostua aldi baterako betetzeko, hautapen prozeduran probak gainditu bai baina plazarik lortzen ez duten izangaiekin.
1.5. Deialdiko lanpostuaren zeregina da musikako eskolak ematea, ikasleen musika arloko prestakuntza eta hezkuntza bermatuta. Halaber, arduratu beharko du beste edozein eginkizunez ere, baldin esleitzen bazaizkio, ezarritako helburuak betetzeko, eta betiere bat badatoz lanpostuari dagozkion gaitasun profesionalekin.
1.6. Izendapenaren ondorioz hautatzen direnak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen diren egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta kidetuko dira.
1.7. Lanpostuen ordainsariak izanen dira B mailako lanpostuetarako oro har ezarrita daudenak abuztuaren 30eko 351/1993 Legegintzako Foru Dekretuan (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen testu bategina), uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan (foru dekretu horrek hizpide du Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendu) eta Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Akordioan. Horrez gain, ordainsari osagarriak izaten ahalko ditu, baldin ezartzen badira aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan eta zehazten badira plantilla organikoan.
1.8. Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez den orotan, eta udal honi dagokionez, jarraituko zaio Tuterako Udalaren zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Akordioan ezarritakoari.
Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.
1.9. Deialdia eta haren oinarriak lotesleak izanen dira Administrazioarentzat, hautaproben epaimahaientzat eta parte-hartzaileentzat.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
A) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea, betiere jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuei, Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan. Orobat, parte hartzen ahal dute espainiarren ezkontideek eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eratutako izatezko bikotekideek, baldin zuzenbidez banandurik ez badaude, bai eta haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez banandurik ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.
B) Hamasei urte beteak izatea, eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
C) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea Pianoko erdi mailako titulua (66 plana), edo Musikako titulu profesionala pianoko espezialitatean, edo horien baliokidea den beste bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izana (azkeneko hori gordekinaren bidez justifikatu beharko da).
Atzerrian lortutako unibertsitateko tituluak dituzten izangaiek aurkeztu beharko dute kasuan kasuko titulua homologatzeko frogagiria, edo, kasua bada, baliokide izatearen ziurtagiria.
D) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa edukitzea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
E) Ez egotea eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendu gabea izatea.
F) Bat etorriz uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin, zeinaren bidez aldatzen baita Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da kondenaturik ez egotea, epai irmo baten bidez, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.
2.2. Igoera txandako izangaiendako berariazko baldintzak:
Txanda honetako izangaiek, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte, aurreko apartatuan adierazitakoez gain:
a) Nafarroako administrazio publikoetako langile finkoa izatea eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzia-egoeran ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona lanean ari bada deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
b) Deialdiko plaza hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan egin dutela zortzi urteko benetako zerbitzualdia.
2.3. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.4. Plaza eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte aurreko baldintzak, deialdi honen 9. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Izangaiek baldintza horiek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzean, bai eta hautapen-prozedura osoan mantendu ere, izendatuak izan arte.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (sede.tudela.es); horretarako, sartu beharko da "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiari dagokion aipamenean. Aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Azken eguna baliogabea bada, epea luzatu eginen da, hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.2. Eskabideek bat etorri behar dute dagokien ereduarekin. Eredu hori egonen da deialdiaren aipamenean, sede.tudela.es egoitzan, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintza guztiak.
3.3. Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek behar bezala ordenaturik alegatu eta frogatu behar dituzte merezimenduak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz (II. eranskina). Ez da onartuko epez kanpo aurkeztutako merezimendurik. Horrenbestez, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Parte hartzeko eskabidea, behar bezala bete eta sinatua.
–Alegatutako merezimenduen zerrenda, deialdian ezarritako baremoaren arabera, jarraikiz deialdiaren fitxan (Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan) ageri den ereduari.
–Alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituzten agirien kopia soila.
3.4. Deialdiko igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, baldin eta Tuterako Udaleko administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoak badira, eskabideari erantsi beharko dizkiote, gainera, deialdi honen 2.2 oinarriko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak.
3.5. Desgaitasun aitortua (%33koa edo handiagoa) duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute ariketak egiteko, denboran edo baliabideetan, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasun bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.
3.6. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.7. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.8. Aski izanen da oinarri honetan adierazitako dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
4.2. Behin-behineko zerrenda Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzirik, Tuterako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
4.4. Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski izanen deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Behin aztertuta izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: Fernando Ferrer Molina, Tuterako Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: Laura Casanova Sainz-Ajá, Tuterako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikidea: Diego Ramírez Parra, Tuterako Fernando Remacha eskola-kontserbatorioko zuzendaria.
Ordezkoa: Raquel Cuartero Zardoya, Tuterako Fernando Remacha eskola-kontserbatorioko ikasketaburua.
Epaimahaikidea: Aitor Odriozola Ortiz, Piano Saileko burua Tuterako Fernando Remacha eskola-kontserbatorioan.
Ordezkoa: Rosalía Rodrigo Vicente, Pianoko espezialitateko aditua Tuterako Fernando Remacha eskola-kontserbatorioan.
Epaimahaikidea: María Cruz Pérez Omeñaca, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.
Ordezkoa: Francisco Javier Arriazu Fernández, Tuterako Udaleko Langileen Batzordeko ordezkaria.
Epaimahaikide idazkaria: Raquel Huarte del Barrio, Tuterako Fernando Remacha eskola-kontserbatorioko idazkaria.
Ordezkoa: Arturo Goldaracena Asa, Tuterako Fernando Remacha eskola-kontserbatorioko irakaslea.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluari jarraikiz (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa. Gainera, epaimahaiaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.
6.1. Oposizioa 2026ko ekainean hasiko da, gutxi gorabehera, betiere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta bi hilabete iraganik. Hautapen-prozesua bi alditan eginen da; lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia non, noiz eta zer ordutan hasiko den. Ondoren, epaimahaiak iragarkien bidez emanen du aditzera gainerako probak noiz eginen diren. Iragarkiak Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
7.–Lehiaketaldia.
7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, 7.3 apartatuan aipatzen den baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.
7.2. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
7.3. Deialdiaren II. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak alegatu eta frogatu diren merezimenduak. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez, honela banatuak:
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 20 puntu gehienez.
B) Prestakuntza: 10 puntu gehienez.
7.4. Epaimahaiak merezimenduak baloratutakoan, Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du balorazioa (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipuan, izangai bakoitzak erdietsitako puntuazioa zehaztuta, eta 5 egun balioduneko epea emanen da, behin-behineko emaitzei alegazioak jartzeko.
7.5. Alegazioak jartzeko epea bukaturik, epaimahaiak behin betiko emaitzak argitaratuko ditu Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
8.–Oposizioaldia:
8.1. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:
–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa. Plika sistemaren bidez eginen da eta izangaiek, gehienez, lau ordu izanen dituzte ariketa egiteko. Bi zatitan banatuko da:
Lehen zatia: Test motako 30 galderaz osatutako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen III. eranskinean ageri diren gai orokorrei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko zenbait aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Hutsak epaimahaiak zehazten duen moduan zehatuko dira.
Bigarren zatia: Izangai bakoitzak bi aukeren artean hautatuko duen gai bati erantzun beharko dio idatziz; bi aukera horiek ausaz aterako ditu epaimahaiak, deialdi honen III. eranskinean ageri diren berariazko gaien artetik.
Hirugarren zatia: Izangaiek osatu beharko dute lan-plangintza bat, musika-eskolako lehen zikloko mailaren obra jakin bat irakasteko eta ikasteko. Obra hori epaimahaiak proposatuko du, eta izangaiek alderdi hauek garatu beharko dituzte lan-plangintzetan:
a. Gidoi bat, azaltzeko ikasleek zer alderdi landu behar izan dituzten aldez aurretik, oraingo ikaskuntzan obra horri ekin ahal izateko.
b. Irakaskuntza eta ikasketa prozesurako baliabideak, estrategia metodologikoak eta jarduerak, bai eta hautagaiaren ustez erabili behar diren beharrezko baliabide didaktikoak ere.
c. Izangaiak kontuan hartu nahi dituen beste alderdi batzuk.
Alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: eskolen egokitasuna, koherentzia eta sekuentziazioa; baliabide eta estrategia ezberdinen erabilera, edukiak asimilatu eta alderdi teknikoak eta musikalak hobetze aldera; baita epaimahaiak egokitzat jotzen dituen beste batzuk ere.
Lehen ariketako puntuazioa:
Lehen zatia: 10 puntu gehienez.
Bigarren zatia: 20 puntu gehienez.
Hirugarren zatia: 20 puntu gehienez.
Bazterturik geldituko dira ariketari esleitutako gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak. Hiru zatien batez bestekoa kalkulatuko zaie gutxieneko puntuazio hau lortzen duten izangaiei: 2,5 puntu lehen zatian, 5 puntu bigarren zatian, eta 5 puntu hirugarren zatian.
–Bigarren ariketa: praktikoa. Izangaiak hautatutako kontzertu programa bat aurkeztea, 20 minutukoa gutxienez, eta 30ekoa gehienez; programak instrumentuari buruzko literaturako estilo nagusien adierazgarri diren hiru lan bildu beharko ditu gutxienez. Obra guztiek argitaratuta egon beharko dute. Obrek baldintza hori betetzen dutela ondorioztatuko da partiturek lege-gordailua badute, eta, lege-gordailua ezarri baino lehen edo atzerrian sortu diren partituren kasuan, argitaletxe ospetsuek argitaratuak badira.
Izangaiek aurkeztutako errepertorio osoaren hiru kopia emanen dizkiote epaimahaiari. Errepertorioak aurkibidea izanen du, egilea, izenburu zehatza eta obra bakoitzaren gutxi gorabeherako iraupena adierazten dituena.
Aniztasuna, interes artistikoa eta honako alderdi hauek baloratuko dira: egituraren kontzientzia musikala, tempoaren zehaztasuna, agogikoak, dinamikak, soinu-planoak, soinu-oreka, soinuaren kalitatea erregistro eta dinamiketan, interpretazioaren estiloa, presentzia eszenikoa, eta epaimahaiak egokitzat jotzen dituen beste batzuk.
Lehen ariketako puntuazioa: 20 puntu gehienez.
Bazterturik geldituko dira bigarren ariketari esleitutako gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
–Hirugarren ariketa: praktikoa. Izangaiak eskola praktiko bat eman beharko dio musika-eskolako lehen zikloko ikasle bati. Gerta liteke epaimahaiak partitura bat ematea izangaiari, eskola praktiko horretan erabil dezan. Kasu horretan, izangaiak 15 minutu izanen ditu partitura hori prestatzeko.
Proba horretan lehiatzeko, izangaiek egoki iritzitako baliabide guztiak eramaten ahal dituzte.
Alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: irakaslearen eta ikasleen arteko komunikazioa; arazoak detektatzeko eta konpontzeko gaitasuna; hainbat baliabide eta estrategia erabiltzea; eskolen egokitasuna, koherentzia eta sekuentziazioa, baita epaimahaiak egokitzat jotzen dituen beste batzuk ere.
Hirugarren ariketako puntuazioa: 40 puntu gehienez.
Bazterturik geldituko dira hirugarren ariketari esleitutako gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
–Laugarren ariketa: proba psikoteknikoak. Helburua izanen da zehaztea izangaiak zer neurritan egokitzen diren deialdiko lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuaren laguntzaz eginen da.
Laugarren ariketako puntuazioa: 10 puntu gehienez.
Bazterturik geldituko dira adierazitako puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak.
8.2. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira. Bazterturik geldituko dira ariketa bakoitzerako adierazitako puntuazioa lortzen ez duten izangaiak.
8.3. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du ariketa egin den tokian eta Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Halaber, azalduko ditu oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.
8.4. Dei bakarra eginen da ariketa bakoitzerako. Izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik kanpo geldituko dira bertaratzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
8.5. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.
8.6. Epaimahaiak bigarren ariketaren hasieran zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei hura egiteko. Orobat, epaimahaiak zehaztuko du zer material behar den probak egiteko, eta behar den denboraz iragarriko du Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan (sede.tudela.es), "Izapide nabarmenduak - Enplegu publikoa" atalean, deialdiaren aipamenean.
8.7. Oposizioaldiko azken kalifikazioa edo balorazioa kalkulatzeko, batuko dira ariketa guztietan lortutako puntuazioak.
8.8. Bost egun balioduneko epea izanen da alegazioak aurkezteko, oposizioaldiko ariketa bakoitzaren kontra. Oposizioaldia bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, deialdiaren aipuan, probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren ordenan.
8.9. Oposizioaldiko guztirako puntuazioa kalkulatzeko, batuko dira oposizioaldiko hiru ariketetan eskuratutako puntuazioak. Deialdiko guztizko puntuazioa kalkulatzeko, batuko dira lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak.
Berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian oro har puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da. Berdinketak badirau, kontuan hartuko dira hirugarren, lehen, bigarren eta laugarren ariketetan lortutako puntuazioak, hurrenez hurren eta hurrenkera horretan. Berdinketak bere horretan segitzen badu, zozketa publikoa eginen da.
9.–Baldintzak frogatzea eta plaza hutsak hautatzea.
9.1. Hamar egun balioduneko epea irekiko da, probak gainditurik deialdiko plaza kopuruan sartzen direnek aurkez ditzaten agiri hauek, erregistroaren bidez (horretarako, baliatu behar da aukera hau: "Aportación de documentación a expedientes en trámite"):
–Titulazioaren jabe izatearen frogagiriak; hartarako, aurkeztu beharko da deialdiaren 2.1.C oinarrian eskatutako tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.
–Ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege-dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.
9.2. Epaimahaiak deia eginen du plaza hutsak aukeratzeko, argitara emanez aukera daitezkeen plaza hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (jarraituz lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer epe duten lanpostu hutsak hautatzeko. Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan. Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, plaza hutsak eskuratzeko.
9.3. Hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean.
10.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
10.1. Behin plaza hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Tuterako Udaleko alkateari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko plaza kopuruan sartzen ahal direnak. Izendapen proposamen hori Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, deialdiaren aipamenean.
10.2. Proposatutako izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu behar dute, izendatzeko, izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epean:
A) Tuterako Udalaren edo haren erakunde autonomo edo mendekoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokide batena.
b) Osasun ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko dituela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
B) Administrazio dei-egileaz bertzeko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko apartatuko dokumentazioaz gainera, frogatzeko jarduneko zerbitzuan daudela jatorrizko administrazioan, edo borondatezko eszedentzian eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko bertze lanpostu finko edo aldi baterako batean.
10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
10.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den plaza beteko da 9. oinarrian aipatzen den izangaien zerrendaren arabera, plazaren baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
10.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Tuterako Udalak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu egin beharko dio, eta izangaiak aurkeztu beharko du "aportación de documentación a expedientes en trámite" aukera baliatuz.
10.6. Izangairen batek ez badu plaza hautatzen prozedurak agintzen duen moduan eta epean, edo hautapen-prozesuari uko egiten badio, edo ez baditu betetzen plazan aritzeko deialdian ezarritako betebeharrak, edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio-organo eskudunak haren baja beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.
Aurreko apartatuan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko aurretik egindako plaza hutsen hautaketa. Beraz, halakoetan proposatzen diren beste izangaiei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko plaza hutsak.
11.–Izendapena, plaza hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.
11.1. Alkateak, ebazpen baten bitartez, Tuterako Udaleko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiaren xede diren lanpostuak betetzeko, eta plaza hutsak esleituko dizkie.
11.2. Izendapenaren eta plazaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak bihurtuko dira nominako eta plantillako funtzionario, eta izanen dituzte indarreko xedapenek Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, aplikaturik abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.
11.3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da izendapena, kontuan harturik ezen hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean ezartzen den egunean jabetuko direla beren plazez, salbu aski justifikaturik dauden kasuetan.
Egun horretan plazez jabetzen ez badira (salbu behar bezala justifikatutako kasuetan), eskubide guztiak galduko dituzte Tuterako Udalaren zerbitzuko funtzionario izateko. Kasu horretan, jarraikiko zaio deialdiaren 10.4 apartatuan ezarritakoari.
11.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, lanpostuan batere aritu gabe eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den plaza ere beteko da deialdiaren 10.4 atalean ezarritako moduan.
11.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako plaza hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko plazak.
12.–Jarduketen publikotasuna.
Galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko izapideak, Tuterako Udalaren deialdiaren fitxan argitaratuko dira, egoitza elektronikoan (www.sede.tudela.es), proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunendako jakingarri den informazio guztia ere.
13.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
13.1. Izangaien zerrenda batzuk eratuko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, eta zerrenda horietan egonen dira hautaketa-prozesuan parte hartu eta gainditu bai baina plazarik eskuratu ez dutenak. Hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari.
Horrez gain, aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak osatuko dira deialdi honetako oposizioaldiko lehen ariketa gainditzen duten izangaiekin.
Berdinketarik gertatzen bada, deialdi honetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira hura ebazteko.
Lehentasun-ordena azken puntuazioaren araberakoa izanen da; nolanahi ere, aldi baterako kontratazioan deituak izateko lehentasuna izanen dute plazarik ez eskuratu arren prozesua gainditu duten izangaiek, oposizioaldiko lehen ariketa gainditu dutenen aitzin.
Halaber, oposizioaldiko lehen ariketa gainditu dutelako aldi baterako kontratazio-zerrendetan sartzen direnen aitzin, lehentasuna izanen dute lehenago eginiko hautapen-prozesuetan plazarik eskuratu ez baina prozesua gainditu zuten izangaiek, baldin eta deialdi haien ondorioz zerrendarik sortu bazen, eta zerrenda horiek indarrean badaude.
Alkatearen ebazpen bidez onetsiko dira aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak, eta egoitza elektronikoan (sede.tudela.es) argitaratuko dira, "Trámites destacados-Empleo Público" atalean, deialdiaren aipamenean.
13.2. Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauek beteko dira: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta Tuterako Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabakia (argitaratu zen 2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 24an), non onetsi baitziren Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, edo irizpideak aldatuz gero, horien ordezkoak; eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.
13.3. Titulazioa. Aldi baterako kontrataziorako zerrendan onartua izateko, frogatu beharko da baduela deialdian eskatzen den titulua. Nahi duenak baimena ematen ahal dio kontratazioa kudeatzen duen zentroari bere titulua kontsultatzeko, Hezkuntza Ministerioko Datuak Egiaztatzeko Zerbitzuan, baina aukera horrek ez du beti bermatzen egiaztapena, batzuetan ez baita ministerio horretan agertzen.
13.4. Desgaitasuna dutenei eta genero-indarkeriaren biktimei dei egitea, aldi baterako lan-kontrataziorako.
a) Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da desgaitasunaren arloan ezarrita dagoena, aplikatu behar zaiena Nafarroako administrazio publikoetako langileei. Desgaitasun-egoera noiznahi frogatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna frogatzen den unean. Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Frogagiri hori ofizioz eginen dute balorazio- eta orientazio-talde eskudunek.
b) Era berean, babesa gauzatzeko, edo gizarte-laguntza osorako eskubidea gauzatzeko, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan hamar lanpostutik bigarrena gordeko da genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek betetzeko, betiere dagozkien hautaketa-probak gainditu badituzte eta beren egoera frogatzen badute.
14.–Datu pertsonalak babestea.
Tuterako Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.
Datuak zenbat denboraz gordeko diren: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan bitartean. Bestalde, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak bete beharko dira.
Datu-hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta argitara emanen dira Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: jakinarazten dizugu badituzula datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, baldin zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horiek erabiltzeko, jo beharko duzu Erregistro Orokorrera (Plaza Vieja 1, 31500 Tutera), edo egoitza elektronikora (www.tudela.es). Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, erreklamazio bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza-elektroniko honetara: www.agpd.es.
15.–Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
A atala: Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
A.1. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, Pianoko eta Musika Hizkuntzako irakaslearen zereginetan, A edo B mailako lanpostuetan: 2 puntu urte bakoitzeko.
A.2. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, aurrekoak ez diren B edo A mailako lanpostuetan, edo C mailakoetan: 1 puntu urte bakoitzeko.
A.3. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, D edo E mailako lanpostuetan: 0,5 puntu urte bakoitzeko.
Oharrak A atalerako:
–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei. Era berean, lanaldi partzialetan egindako zerbitzuen kasuan, emanen da proportzioan dagokion puntuazioa.
–Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
–A atalean gehienez ere 20 puntu emanen dira.
B atala: Prestakuntza.
B.1. Unibertsitateko tituluengatik (lizentzia, gradua edo diploma), deialdi honetan eskatzen ez den beste batzuengatik, baldin eta lanpostuaren eginkizunekin zerikusia badute: 3 puntu.
B.2. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko, edo haren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu).
Oharrak B.2 azpiatalerako (Prestakuntza akademikoa eta etengabea):
–Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
–Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
–Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.
–Atal honetan baloratutako prestakuntza ekintza bakoitzaren puntuazioa 2 puntukoa izanen da gehienez.
–Puntuazio berarekin baloratuko da parte-hartzea Administrazioak agindutako edo baliozkotutako prestakuntza ekintzetan, nahiz eta erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak ez bete. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barrenean antolatutakoak.
Oharrak B) apartatu osorako:
–Atal honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira baldin deialdiko lanpostuarekin zerikusia badute.
–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.
Atal hau behar bezala aplikatzeko, izangaiek argi eta garbi adierazi beharko dute zein titulazioren bitartez eman nahi duten izena deialdian, eta beste zein titulazio alegatu nahi dituzten merezimendu gisa. Azalpen hori alegatutako merezimenduen zerrendan aurkeztu behar da.
–B atalean gehienez ere 10 puntu emanen dira.
III. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
I. zatia (zati orokorra).
1. Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.
2. Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Europar Batasuneko Justizia Auzitegia.
3. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta erranahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
4. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. Administrazioarteko harremanak. Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.
5. 2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: toki erakundeen beharrezko antolaketa: udalerria.
6. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: xedapen orokorrak. Prozeduretako interesdunak: jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua.
7. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: xedapen orokorrak. Administrazio publikoetako organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
8. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
9. 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako toki ogasunen baliabide motak eta haien ezaugarri nagusiak. Aurrekontua eta gastu publikoa.
10. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
11. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. xedapen orokorrak. Datu-babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
12. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
II. zatia (espezifikoa).
Zati honetako gai guztiak musika-eskoletan pianoaren espezialitatearen irakaskuntzara bideratuta daude.
13. Pianoaren teknikaren oinarrizko printzipioak. Gorputzaren kokaera eta jarrera musika-tresnarekiko. Besoaren zati desberdinen eta horien arteko artikulazioen mekanismoak eta funtzioak. Horien ondoriozko mugimenduak eta mugimendu-konbinazioak. Hatzen bizkortasunaren, indarraren eta independentziaren garapena. Eskuen independentzia eta koordinazioa. Zenbait metodo, ikasliburu eta beste baliabide pedagogiko batzuk, printzipio horiek asimilatzera eta hasierako mailak berezko dituen arazo tekniko espezifikoak konpontzera bideratuak. Haien irakaskuntzarako metodologia progresiboa.
14. Pianoaren teknikaren oinarrizko printzipioak. Soinuaren kalitatearen kontrola eta entzumenaren garapena ikasleengan. Pedalen eragina pianoaren sonoritatean. Zenbait metodo, ikasliburu eta beste baliabide pedagogiko batzuk, printzipio horiek asimilatzera eta hasierako mailak berezko dituen arazo tekniko espezifikoak konpontzera bideratuak. Haien irakaskuntzarako metodologia progresiboa.
15. Gorputz-kontzientziazioko tekniken didaktika. Gorputzaren nahiz buruaren erlaxazioa, adimenaren kontzentrazioa, ohiko jarrerak, arnasketa, adimenaren kontrola, adimen bidezko bistaratzea, jendaurrean agertzearen aurreko beldurra, etab. Alderdi anatomiko eta fisiomekaniko nagusiak pianoaren teknikan. Denbora-plangintza eta jarduerak prestakuntza-etapa eta adin desberdinetan.
16. Instrumentua jotzen hasteko eskola eta sistema pedagogiko garrantzitsuenen deskribapena eta azterketa konparatua. Metodologia horien aplikazio motibatua. Metodo, azterlan eta beste material pedagogiko batzuen hautaketa justifikatua.
17. Ikasgelako didaktika, Barrokoko eta Klasizismoko tekla-instrumentuetarako errepertorioarena. Errepertorio hori pianoz jotzeko eraren ezaugarriak eta arazo tekniko berariazkoen konponketa. Errepertorioa hautatzeko irizpide didaktikoak.
18. Ikasgelako didaktika, XIX. mendetik XXI.erainoko tekla-instrumentuetarako errepertorioarena. Errepertorio hori pianoz jotzeko eraren ezaugarriak eta arazo tekniko berariazkoen konponketa. Errepertorioa hautatzeko irizpide didaktikoak.
19. Pianoa instrumentu talde barruan. Pianoko ikasleak, pianista laguntzaile gisa, edo klase kolektibo zein musika-talde bateko kide gisa. Piano-interpretazioaren ezaugarriak modalitate horietan eta ikasleentzako estrategiak. Diziplinartekotasuna gainerako irakasgaiekin eta espezialitate instrumentalekin. Jarduera-proposamenak.
20. Ikasleen lan indibidualaren orientazioa: ikasteko autonomia garatzeko estrategiak. Arrazionalizazioaren eta digitazioaren bilaketa ikasleen aldetik. Lan-metodoak, eta ikasleengan lantzea musika-testuen zailtasunei irtenbideak norberak bilatzeko gaitasunak. Oinarrizko estrategiak.
Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarrean dagoen legediari jarraikiz, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.
Tuteran, 2026ko urtarrilaren 29an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.
Iragarkiaren kodea: L2601367
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
