Iragarkia
36. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
LESAKA
Oposizio-lehiaketa, Andra Mari egoitzako gizarte-langile plaza bat betetzeko
Lesakako Andra Mari egoitzako Batzarrak 2025eko irailaren 22an harturiko erabaki baten bidez, deialdi bat eta haren oinarriak onetsi dira gizarte-langileen plaza bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, lan-kontratudun finkoaren araubidean.
Deialdia eginen da bat etorriz aplikatu beharreko arauekin eta oinarri hauetan ezartzen denarekin:
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Lesakako Andra Mari Egoitza erakunde autonomoko gizarte-langileen plaza bat, lanaldi osokoa, lan-kontratudun finkoaren araubidean.
1.2. Izendapenak Andra Mari egoitzako lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aurrera, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta, kasua bada, hartan alta emanen zaio.
1.3. Erakunde autonomoaren hitzarmenean lanpostuari dagozkion ordainsariak izanen ditu lanpostuak. Lanpostuaren lan baldintzak enpresaren hitzarmen kolektiboan arautzen dira.
1.4. Erakunde autonomoak ezarriko ditu lanpostu horren lanaldiaren araubidea eta ordutegia. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko ditu.
1.5. Oinarri hauetan ezarri ez den orotan, honako arau hauei jarraituko zaie: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduari (onetsi zen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez), eta aplikatu beharreko gainerako arauei.
1.6. Hiru hilabeteko probaldia ezartzen da. Bitarte horretan, entitate kontratatzaileak kontratu harremana suntsiarazi edo hutsaltzen ahalko du, egoitzari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.
1.7. Lan hori egiteko, erabiltzaileen datu pertsonalak eskuratzen ahalko ditu, osasunari buruzkoak barne, eta baimena izanen du fitxategiak dauden tokietara sartzeko. Une oro konfidentzialtasuna gordeko du datu pertsonalei, irudiei eta egindako lanetan jasotzen duen informazio orori buruz (egoera fisikoa, prozesu patologikoak, egoiliarren familia egoera eta abar). Daukan informazioa lanpostuaren eginkizun eta beharretarako soilik erabiliko du, eta ez du erabiltzen ahalko lanekoaz bertzeko helburuetarako, ez eta hirugarren batzuei jakinarazten ahalko ere. Konfidentzialtasunaren betebeharra mugagabea da.
Hautatutako izangaiak nahitaez bermatu beharko du konfidentzialtasuna bere lankidetzarengatik edo lanarengatik ezagututako datuetarako, datu horiek egoki tratatu beharko ditu, eta sekretu profesionalaren betebeharren menpean geldituko da, bai eta honako hauetan jasotako betebeharren menpean ere: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan (pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez), abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (Datu pertsonalak babesteari buruzkoa eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa) eta hura garatzeko araudian –edo horiek ordezten edo aldatzen dituen bertze edozein arautan–.
2. oinarria.–Eginkizunak.
Deialdiaren xede den lanpostuaren kategoriarako eta gizarte-langilearen lanpostuko zereginetarako egokiak diren lan eta eginkizunetan arituko da. Kontratatzen den langilea zentroko zuzendariaren menpean izanen da zuzenean eta eginkizun nagusia izanen du eguneroko jardueretan erabiltzaileak zaindu eta laguntzea, beren kabuz egin ezin dutenean, eta haien laguntza pertsonala eta haien ingurunearena xede duten lan guztiak egitea.
Bertzeak bertze, eginkizun hauek bete beharko ditu:
–Egoitzako gizarte lana planifikatu eta antolatzea, xedeak egoki programatuz eta lana arrazionalizatuz.
–Egoitzara sartzeko prozesuan laguntzea eta erabiltzailearen historia eta fitxa soziala egitea.
–Erabiltzaileei buruzko alderdi sozialak ikertzeko azterlanak egitea eta egiten laguntzea.
–Jarduera administratiboak egitea eta erabiltzaileen txosten sozialak prestatzea, bai eta egoitzako zuzendaritzak eskatzen dizkionak ere. Informazioa ematea baliabide propioen eta bertzerenen gainean, eta baloratzea erabiltzailearen egoera pertsonal, familiar eta soziala.
–Zuzeneko arreta ematea, banaka, taldean eta komunitatean.
–Bultzatzea erabiltzaileak egoitzako bizitzan eta inguruneko bizitzan integratzea eta parte hartzea.
–Parte hartzea erabiltzaileak egoitzara egokitzeko programak prestatzen eta martxan jartzen.
–Koordinatzea animazio soziokulturalerako jarduerak eta lantaldeak.
–Batzorde teknikoan parte hartzea.
–Behar diren kudeaketak egitea erabiltzaileei eragiten dieten arazo sozialak ebazteko, batez ere entitate eta erakundeekin.
–Sustatzea gizarte eta osasun zerbitzuen sistemako profesionalekiko eta baliabideekiko koordinazioa, komunikaziorako bideak ezartzeko.
–Parte hartzea, talde multiprofesionalarekin edo osasun-departamentuarekin, erabiltzaileek behar dituzten orientabideak edo laguntza prestatzen.
–Gelak eta jangelako mahaiak esleitzen eta aldatzen parte hartzea, erizaintzako departamentuarekin eta zuzendaritzarekin.
–Jarraipena egitea osasun-zentroetan dauden erabiltzaileei, eta, hala badagokio, behar diren bisitak egitea.
–Egoitzan erabiltzaileari ematen zaion gizarte-laguntzaren prozesuan, familiari ematea informazioa, orientazioa, aholkularitza eta laguntza.
–Administrazio-lanak egitea (langileen kudeaketa, koadranteak, txantiloiak, posta elektronikoak eta abar), zuzendaritza ez dagoenean eta zentroaren antolamendua dela-eta behar denean.
3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, parte-hartzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu kide batekoa, edo langileen zirkulazio askearen aplikazio-eremukoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea Gizarte Laneko diplomadunaren edo gradudunaren unibertsitate-titulua, edo balio bereko bertze bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
d) Euskaraz jakitea. Horretarako aurkeztu behar da ahozko eta idatzizko C1 titulua, edo, bertzela, eskatutako ezagutzaren proba espezifikoa egin behar da, jarraikiz ezarritakoari oinarrietako 11. apartatuan.
e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
3.2. Espainiako nazionalitatea ez dutenek, parte hartu nahi badute, zinpeko aitorpen edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ezen inongo diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez diela galarazten beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
3.3. Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere. Gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.
4. oinarria.–Eskabideak.
4.1. Hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira eskabideak, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Lesakako Udalaren erregistro orokorrean edo, bertzela, aurkez daitezke urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako zeinahi modutan (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), kontuan izanik ezen, epe hori bukatzen baldin bada egun baliogabean, hurrengo egun balioduna izanen dela eskabideak aurkezteko azken eguna.
Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Lesakako Udalaren erregistro orokor elektronikoan. Erregistro hori Lesakako Udalaren egoitza elektronikoan dago: Egoitza elektronikoa-LESAKA.
4.2. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).
4.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia.
b) Deialdi honen 3. oinarriko c) apartatuan eskatutako tituluen kopia.
c) Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztien kopiak.
d) Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa: 15,00 euro.
Ordaintzeko modua: Zenbateko hori eskudirutan edo banku-transferentzia bidez ordaindu ahal izanen da, honako kontu honetan: ES88 3008 0054 1507 1153 2911.
Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek: izangaiaren izen-deiturak eta kontzeptua, hots, zer hautapen-prozesutan parte hartu nahi den.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortua dutenak.
b) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana, eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilabetero.
Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:
–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.
–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilabetero. Hori egiteko, deialdiaren fitxan dagoen eredua aurkeztu beharko da, edo deialdian parte hartzeko eskabidean berean horretarako dagoen tokian idatzi.
Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzean, ezaugarrien taul(et)an zehazten den moduan. Ezinbertzekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.
Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.
Azterketaren eskubideen tasa ordaindu arren, ezinbertzekoa izanen da aurkezteko izapidea behar den epean eta moduan egitea.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil nahiz administratiboak.
4.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4.5. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute denboran edo baliabideetan, ariketak egin ahal izateko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua), organo eskudunak emana.
5. oinarria.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lesakako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onetsiko duena izangai onartuen eta, halakorik bada, baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren iragarki-taulan, web-orrian, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idazkia aurkezturik Lesakako Udaleko erregistro orokorrean.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioak ebatzirik, Lesakako Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zer ordutan hasiko den.
Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.
5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du erran nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Baldin eta hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia: eraketa eta jarduketak.
6.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
–Epaimahaiburua: Ladis Satrustegui Alzugaray, Lesakako Udaleko alkatea.
Epaimahaiburuaren ordezkoa: eskuordetza ematen zaiona.
–Lehen epaimahaikidea: Beatriz Lacabe Barrachina, gizarte-langilea eta Lares Navarra elkarteko idazkari teknikoa.
Ordezkoa: eskuordetza ematen zaiona.
–Bigarren epaimahaikidea: Laura Apezteguia Alzugaray, Lesakako Andra Mari egoitzako zuzendaria.
Ordezkoa: eskuordetza ematen zaiona.
–Hirugarren epaimahaikidea: Begoña Aracues Macior, Lesakako Andra Mari egoitzako ordezkari sindikala.
Ordezkoa: eskuordetza ematen zaiona.
–Epaimahaikide idazkaria: María José Larráyoz Ariztegui, Lesakako Udaleko idazkaria.
Ordezko epaimahaikide idazkaria: eskuordetza ematen zaiona.
6.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko eginen diote, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude indarreko araudian abstenitzeko ezartzen diren egoeretako batean, eta izangaiek haiek errekusatzen ahalko dituzte, arrazoi horietako bat gertatuz gero.
6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Betiere, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo, bertzela, haien ordezkoek.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek mugatuko dira dagokien espezialitate teknikoan aritzera, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.
7. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren eta elkarrizketaren nondik norakoak.
Oposizio-lehiaketa hasiko da behin iraganik, gutxienez, bi hilabete deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik. Lehenik lehiaketaldia izanen da, eta, ondoren, oposizioaldia, oinarri hauen arabera. Elkarrizketa azken fasea izanen da.
8. oinarria.–Lehiaketaldia.
8.1. Lehiaketaldian, kalifikazio-epaimahaiak baloratuko ditu lehiakideek deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean alegatutako eta frogatutako merezimenduak, merezimenduen baremo honekin bat:
–Esperientzia:
Zenbateko esperientzia duen gizarte-langile gisa egoitza geriatrikoetan edo antzeko laguntza zentroetan, titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan, behar bezalako kontratu harremanarekin: mendekotasuna duten pertsonak laguntzeko egoitzetan lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,20 puntu.
8.2. Lehiaketaldiaren balorazioa gehienez 30 puntukoa izanen da.
8.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.
8.4. Lanean zer administraziotan edo enpresetan aritu den, administrazio horien ziurtagirien bidez frogatuko dira egindako zerbitzuak, eta agiri horietan datu hauek agertu beharko dira nahitaez:
–Bete den lanpostua eta zer administraziotan aritu den.
–Zerbitzu-ematearen iraupena, hasierako egunetik bukaerako egunera, zehaztuta zenbat egun diren guztira.
–Lanaldiaren ehunekoa.
Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik bukaera arte, egindako lanaldiaren ehunekoaren arabera. Puntu honetako puntuazioa emanen da, gehienez ere, eguneko lanaldi oso bat kontuan hartuta.
Lanaldi partzialean egindako zerbitzuak proportzionalki baloratuko dira.
8.5. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako puntuazioak, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Behin-behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete bortz egun naturaleko epean, Lesakako Udalaren Erregistro Orokorrean, 4.1 oinarrian ezarri bezala.
9. oinarria.–Oposizioaldia.
9.1. Alkateak ebazpen baten bidez onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Ebazpena argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.
Gainerako proben iragarkiak argitara emanen dira soilik Lesakako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian eta aurreko probak egin diren tokian.
9.2. Oposizioko ariketak, horretarako aukera ematen badute, gutun-azal itxien sistema erabiliz eginen dira eta gehienez 60 puntu lortzen ahalko dira. Ariketa teoriko-praktiko bat izanen du: Test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz; erantzuteko zenbait aukera emanen dira baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak deialdiko II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira.
Proba honetan, epaimahaiak 60 puntu emanen ditu gehienez, eta bazterturik geldituko dira 30 puntu gutxienez eskuratzen ez dituzten izangaiak.
Galdera guztiek balio bera izanen dute. Oker erantzuteagatik ez da penalizaziorik izanen.
10. oinarria.–Elkarrizketaren fasea.
Epaimahaiak elkarrizketa eginen die oposizioaldia gainditu duten izangaiei. Ariketa honetan, gehienez, 10 puntu lortzen ahalko dira guztira. Ez da baztertzailea izanen.
11. oinarria.–Deialdiaren nondik norakoak.
Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Lesakako Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian.
Behin behineko kalifikazio horien kontra, izangaiek alegazioak egin ditzakete bortz egun naturaleko epean, Lesakako Udalaren Erregistro Orokorrean, 4.1 oinarrian ezarri bezala.
Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean daramatela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo nortasuna frogatzeko epaimahaiak nahikotzat jotzen duen bertze agiriren bat. Oposiziotik baztertuko dira probara agertzen ez direnak edo nortasuna adierazitako moduan frogatzen ez dutenak.
Desgaitasun frogatua dutenendako (organo eskudunaren ziurtagiri bidez), ariketak egiteko denborak eta baliabideak egokituko dira, baldin eta eskabidean horixe eskatu badute.
Hizkuntza-maila zehazteko proba.
Euskara jakitea frogatzen duen C1 mailako titulua edo baliokidea ez dutenek aukera izanen dute jakite-maila hori egiaztatzeko, eskatutako hizkuntza-maila zehazten duen probaren bidez.
Maila-proba hori egin nahi duten izangaiek eskabide-orrian adierazi beharko dute.
Euskarabideak eginen du hautapen-prozesua, eta bi ariketa izanen ditu.
Lehenengoa idatzizko ariketa izanen da, eta irakurriaren ulermena eta idazteko trebetasunak baloratuko dira (gramatika, hiztegia, diskurtso-egokitasuna, antolaketa eta koherentzia, etab.).
Bigarrenean, ahozko ariketa bat eginen da, hizkuntzaren ahozko ezagutzaren ulermena eta irismena baloratzeko (gramatika-errepertorioa, etorria, interakzioa, ahoskera eta intonazioa, diskurtso-kohesioa, etab.).
Bi ariketak gainditzen dituzten izangaiek bakarrik frogatuko dute euskararen ezagutza, eta hautaketa-prozesuan parte hartzen ahalko dute.
12. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, eta pertsona hautatuak agiriak aurkeztea.
12.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera, Lesakako Udalaren iragarki-taulan. Gero, zerrenda hori Lesakako Udaleko alkateari igorriko dio, eta, horrekin batera, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamena.
Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta udaletxeko iragarki-taulan jarriko.
Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian, oposizioaldian eta elkarrizketan erdietsitako puntuazioak batuko dira.
Berdinketarik gertatuz gero, ariketen batuketan puntuazio handiena lortzen dutenen alde ebatziko da; berdinketak jarraitzen badu, oposizioko bigarren proba teoriko-praktikoan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak jarraitzen badu, lehiaketako puntuazioarekin ebatziko da. Azkenik, berdinketak jarraitzen badu, zozketa publikoa eginen da.
Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioen hurrenkeraren araberakoa, Lesakako Andra Mari egoitzan maila horretako ordezkapenak egin behar direnerako erabiliko da, zerbitzuen beharren arabera eta deialdiaren xedearekin bat.
Poltsakoei deitzeko, kontuan izanen da III. eranskinean ezarritako araudia.
12.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu proposatutako izangaiak Lesakako Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.
b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
c) Euskaraz jakitearen frogagiria.
d) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik atezainaren eginkizunak betetzea eragozten dionik.
e) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
f) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
g) Lesakako Udaleko Andra Mari Egoitza erakunde autonomoak eskatzen duen gainerako dokumentazioa.
12.3. Behar adina justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu aipatutako epean agiri horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, alde batera utzi gabe eskabidean gezurra errateagatik egozten ahal zaion erantzukizuna.
12.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 12.1 apartatuak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaia izendatuz beteko da hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
13. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
13.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 10.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Lesakako Udaleko alkate udalburuak izendatuko du Andra Mari Egoitza erakunde autonomoko lan-kontratudun finko, gizarte-langilearen lanpostuan aritzeko.
13.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
13.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Epe horretan jabetza hartzen ez badu (salbu behar bezala justifikaturiko ezinbertzeko kasuetan), eskubide guztiak galduko ditu Lesakako Andra Mari egoitzako langile lan-kontratudun finko izateko. Kasu horretan, deialdiko 12.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.
14. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Datuen tratamenduaren arduraduna:
Identitatea: Lesakako Udala.
Posta helbidea: Herriko Plaza 1, 31770, Lesaka.
Telefonoa: 948 637005.
Posta elektronikokoa: udala@lesaka.eus.
Helburua: enplegu deialdiak kudeatzea, botere publikoen jardunean.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.
Datuak zenbat denboraz gordeko diren: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datu-hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta udal web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere.
Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.
15. oinarria.–Errekurtsoak.
15.1. Errekurtso hauek para daitezke deialdi honen aurka, baita oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ere:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzendu behar baitzaio egoki den Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
15.2. Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Lesakan, 2026ko otsailaren 2an.–Alkatea, Ladis Satrustegui Alzugaray.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa: xedapen orokorrak. Eskubideak eta betebeharrak. Gizarte zerbitzuen sistema publikoa. Eskumenen eta antolaketaren gaineko araubidea. Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren finantzaketa. Kontsultatzeko eta parte hartzeko organoak.
2.–17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa: xedapen orokorrak. Laguntza zerbitzuekin lotutako eskubideak. Ahultasun handieneko kolektiboen eskubideak. Intimitatearekin eta konfidentzialtasunarekin lotutako eskubideak. Informazioaren eta parte-hartzearen arloko eskubideak. Borondatearen autonomiari buruzko eskubideak. Osasun dokumentazioaren arloko eskubideak. Pertsonek osasunaren arloan dauzkaten betebeharrak.
3.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa: mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistema (2): Mendekotasuna eta haren balorazioa. Eskubidea aitortzea. Sistemaren finantzaketa eta onuradunen ekarpena.
4.–1/2011 Foru Legea, otsailaren 15ekoa, mendetasun-egoera aitortzeko prozedura ezartzen duena eta Nafarroan mendekotasun-egoera balioesteko ekipoak eta organoa osatuko dituzten langileen antolamendua, eginkizunak eta araubidea ezartzen dituena: mendekotasun-egoera aitortzeko prozedura eta sistemako prestazioak jasotzeko eskubidea.
5.–Ospitaleko alta planifikatzea: esparru teorikoa, alderdi orokorrak, programaren ezarpena, xedeak, zirkuituak, kronologia, biztanleria taldeen araberako plangintza.
6.–3/2028 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
7.–Laneko arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubideak eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.
8.–Gizarte lanaren kode deontologikoa. Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte-laguntzaileen Elkargo Ofizialetako Kontseilu Nagusia.
9.–Bioetika: jatorria, bilakaera, printzipioak: autonomia, kalterik ez eragitea, ongintza eta justizia.
10.–Lantaldearen eta diziplina anitzeko lantaldearen kontzeptua. Komunikazio kontzeptua eta motak, komunikazioan eragina duten faktoreak, komunikatzeko gaitasun sozialak. Enpatia eta entzute aktiboa. Laguntza emozionala ematea pazienteari, zaintzaile nagusiari eta familiari.
11.–Osasunaren eta gaixotasunaren kontzeptua. Bilakaera eta paradigmak. Osasunean eragina duten faktoreak.
12.–Pertsonarengan zentratutako arreta eredua. Autonomia pertsonala sustatzea. Egoitzetan, eguneko egonaldietan eta bertze programa batzuetan ezartzeko sistemak.
13.–Jarduteko gaitasuna aldatzea. Prozesua, legezko gaitasun aldatua, ustez ezgai denaren babesa. Tutoretza eta kuradoretza.
14.–92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta, bertzetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea.
15.–38/2023 Foru Dekretua, apirilaren 5ekoa, honako hauek aldatzen dituena: batetik, 92/2020 Foru Dekretua, abenduaren 2koa, arautzen duena nola funtzionatuko duten egoitza zerbitzuek, eguneko zerbitzuek eta zerbitzu anbulatorioek, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sisteman, arlo hauetan: adinekoak, desgaitasuna dutenak, eritasun mentala dutenak eta gizarte-inklusioak; orobat, arautzen du baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea; eta, bertzetik, 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, onesten duena gizarte zerbitzu orokorren zorroa eta, horrekin batera, onesten dituena gizarte eta osasun arloko arreta integralerako zerbitzu soziosanitarioak eta migrazio politiken zerbitzuen zorroa.
16.–Kontratazio sistema irekiko edo Open House-ko baldintza teknikoen agiria. Kontratazio sistema hori erabiltzen da plazak kudeatzeko egoitzetan, eguneko egonaldietan eta adinekoen garraioan eta eguneko zentroetan, Nafarroako Foru Komunitatean.
Oharra: Gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.
III. ERANSKINA.–LESAKAKO ANDRA MARI EGOITZAKO GIZARTE-LANGILEAREN LANPOSTUAREN LAN-POLTSA KUDEATZEKO ARAUAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.
Xedapen honen xedea da arauak ezartzea izangaien zerrendak kudeatzeko, Lesakako Andra Mari Egoitza erakunde autonomoko gizarte-langileen lanpostua aldi baterako lan-kontratuen bidez betetzeko.
2. artikulua. Zerrenda eratzea.
1. Hautapen-prozesuko probak gainditu dituzten izangai guztiak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, puntuazioaren arabera.
2. Izangaien zerrendako lehentasuna ezarriko da kontuan izanda nork lortu duen puntuaziorik handiena lehiaketaren zati osoan, oposizioaren zati osoan eta elkarrizketan.
3. Artikulu honen bidez osatzen diren zerrendek bortz urteko indarraldia izanen dute gehienez, onesten direnetik hasita.
4. Zerrenden indarraldia bitartean, halako lanpostuetarako bertze zerrendaren bat osatzen bada hautaproben deialdi publiko baten bidez, berrikien onetsitako zerrendetako izangaiak lehenetsiko dira zerrenda zaharragokoen aurretik.
5. Egoitzak hala behar badu efikazia- eta efizientzia-arrazoiak direla-eta, lanaldi partzialeko kontratuak egiteko aukera izan daiteke.
Erran beharra dago, gizarte-langilearen lanpostua aldi baterako betetzeko izangaiei deitzeko, kontuan hartuko dela Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru plazatik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte eta dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin bateragarria dela egiaztatzen badute.
3. artikulua. Deiak egiteko arau orokorrak.
1. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako bertze telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio horrek etengabe eguneratua egon beharko du. Udalak hautapen prozesuan parte hartzeko eskaera-orritik eskuratuko ditu datu horiek. Dena den, interesdunak berariaz eskatzen ahalko du datu horiek aldatzeko eta/edo eguneratzeko.
2. Izangaiei deitzeko orduan, aurretik ezarritako lehentasun irizpideak hartuko dira kontuan.
3. Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.
Dei bakoitzaren oharra jasoko da, aipaturik gorabeherak, eguna eta ordua.
4. Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaio.
5. Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den plaza edo plazak bete arte.
Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.
6. Hasiera batean hilabetekoak edo laburragoak diren kontratazioak, behin baimendu ondoren, haiekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa bete behar izan gabe.
7. Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie bertze lanpostu bat betetzeko kontrataziorik eskainiko, lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan izan ezik, horietan ahaleginak eginen baitira udal berean bete beharreko bertze premia batzuekin osatzeko lanaldia, betiere kontratu beraren barruan posible bada eta interesdunaren adostasuna badago.
8. Kasu bakoitzean ezarritako epean jakinarazi beharko du izangaiak kontratua onartzen duela, eta epe hori ez da 24 ordu baino gehiagokoa izanen, deia jasotzen denetik hasita, Andra Mari egoitzak hala erabakitzen badu. Erantzuten ez badu, interesdunak kontratuari uko egiten diola ulertuko da.
4. artikulua. Deietarako lehentasun apartekoa.
1. Deietarako orokorrean ezarritakoa deusetan ukitu gabe, izangai bat aldi baterako kontratu baten bidez lanpostu batean aritu bada eta, kontratu hori bukatu eta hurrengo 6 hilabeteko epearen barruan, udal berean lanpostu berdina aldi baterako betetzea baimentzen bada, Administrazioak izangai berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaion momentuan baldintza hauek betetzen badira:
–Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.
–Aurreko kontratua bukatzeko arrazoia ez izatea hari uko egin izana.
5. artikulua. Presako deiak.
Behar bezala frogatutako presako kasuetan, kontratazioa, behin baimendu ondoren, harekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaio, 3.3 artikuluan ezarritakoa bete behar izan gabe.
6. artikulua. Deia egitea amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.
1. Amatasunaren, aitatasunaren edo adopzioaren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei plaza hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.
2. Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuak ustez izanen duen iraupena ikusita, aukera badute lanpostuan benetan hasteko.
3. Lanean hasiko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina betiere erditu ondoren amarendako ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.
4. Horrelakoetan, amatasuna edo adopzioa gertatu izan ez balitz lanean hasiko zatekeen egunetik lanpostuan benetan hasten den egunera bitarteko epea Administrazioan egindako zerbitzu gisa onartuko zaio. Aldi hori onartuko zaio kontratua sinatzen baldin badu, eta ondorioak izanen ditu lanpostuan hasten den unetik aurrera.
7. artikulua. Kontratazio eskaintzari uko egitea.
1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendatik at geldituko da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:
a) Uko egitera behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia izatea ama izateagatik edo adoptatzeagatik. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta behar bezala frogatu arte uko egitea justifikatu zuen egoera bukatu dela.
c) Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, berezkoa nahiz adoptatua. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat igaro arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.
d) Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adinarengatik, istripuarengatik edo eritasunarengatik. Arrazoi hori dela kausa kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete bat igaro arte, salbu eta hura eragin zuen arrazoia lehenago desagertzen bada.
e) Izangaia ezkondu berria izatea edo, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), parekatutako egoeran sartu berria izatea, baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabortz egun naturalen barnean.
f) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.
2. Aurreko apartatuan jasotako kasuetan, f) letrakoetan izan ezik, izangaiek zerbitzu emateko moduan daudela jakinarazi beharko dute. Jakinarazpen hori egin bitarte, izangaiak ez dira deitzeko moduan izanen, eta ez zaie inolako plazarik eskainiko sartuta dauden zerrendetatik. a), e) eta f) letretako kasuetan, gertaera eragile bera bi aldiz baino ezin izanen da erabili ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.
3. Artikulu honetako 1. apartatuan adierazitako egoeretako batean, f) letrakoan izan ezik, dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, ukatutako plaza eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, plazari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
8. artikulua. Zerrendetatik baztertzea.
Deia eragiten duen zerrendatik baztertuko dira ondoko egoera hauetako batean dauden izangaiak:
a) Eskainitako plazari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Dei egin eta plaza onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.
c) Probaldia ez gainditzea.
d) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta ukoaren zergatia baldin bada izangaia sartu dela Lesakako Andra Mari Egoitza erakunde autonomoan lan-kontratudun gisa, maila bereko edo apalagoko bertze lanpostu batean aritzeko, edo arau honen 3.8 artikuluan ezarritakoaren ondorioz.
e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
f) Lan-kontratudun finko gisa sartzea Lesakako Andra Mari Egoitza erakunde autonomoan, lanpostu berean edo maila handiagoko bertze batean.
g) Lanpostutik alde egitea.
h) Kontratua amaitzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.
Iragarkiaren kodea: L2601480
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
