Iragarkia
36. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
UHARTE
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin kirol kudeatzailearen plaza bat, lan-kontratudun finkoen araubidean
Alkatearen 2026ko urtarrilaren 13ko 93-2026 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin kirol kudeatzailearen plaza bat, lan-kontratudun finkoen araubidean.
DEIALDIAREN OINARRIAK
1. Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea kirol kudeatzailearen plaza bat, lanaldi osoan, lan-kontratudun finkoen araubidean eta euskarako C1 mailarekin. Plaza horrek 50.04 zenbakia du plantilla organikoan.
1.2. Halaber, deialdi honen bidez, eratu nahi dira aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak, prozeduran plazarik lortzen ez duten izangaiekin. Kasu horretan, kontratuak eginen dira hautaprobak gainditu dituzten izangaiek lortutako puntuazioaren ordenaren arabera, eta une oro errespetatuz zerrendak kudeatzeko barne araudia, kontratua egiteko unean indarrean dagoena.
2. Ordainsariak.
Lanpostuak B mailako ordainsariak izanen ditu, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, bai eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.
3. Lanaldia eta ordutegia.
Ordutegia eta lanaldiaren araubidea izanen dira Udalak zerbitzuaren beharrei erantzuteko ezarritakoak, eta behar horien arabera aldatzen ahalko dira.
4. Eginkizunak.
Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu:
Ezagutza teknikoak ematea, eta udal plangintza egiteko ekintzak eta neurriak proposatzea, epe labur eta ertainean, betiere kirol koordinatzaileak gainbegiratuta.
Kirol Zerbitzuan egiten diren kirol jarduerak prestatzea (kirol koordinatzaileak gainbegiratuta), eta horien jarraipen eta ebaluazioa egitea.
Udalaren Kirol Zerbitzuko Zuzendaritzak ezartzen dituen protokolo edo ekintzak ezarri eta gainbegiratzea kirol instalazioetan. Protokolo edo ekintza horiek izanen dira kirol instalazioetako abonatuen eta instalazio horietako osasun programetako parte hartzaileen sarbide eta erabilerari buruzkoak.
Kirol instalazioetako kirol ekipamenduak eta bitartekoak ongi erabiltzen, kontserbatzen eta mantentzen direla gainbegiratzea.
Udalaren Kirol Zerbitzuari proposatzea, kirol instalazioetan atzemandako beharren arabera, zerbitzu, ekipamendu eta bitarteko berriak eskuratu edo kontratatzea, eta horiek eskuratzeko beharrezkoa den informazioa ematea.
Udalaren Kirol Zerbitzuko Zuzendaritzari proposatzea abonatuak erakartzeko kanpainak edo kirol instalazioen finantzaketa hobetzeko edozein jarduera egitea, eta instalazio horien eta haien zerbitzuen marketineko eta salmentako merkataritza lana modu iraunkorrean egitea.
Kirol instalazioetako abonatuen edo erabiltzaileen eskabideei eta erreklamazioei erantzutea, eta, bidezkoa bada, horiek Udalaren Kirol Zerbitzuko Zuzendaritzari igortzea.
Zenbait arlotan aplikagarria den lege araudia betetzen dela gainbegiratzea, Udalaren Kirol Zerbitzuaren jarraibideen arabera: Nafarroako kirol instalazio publikoen kudeaketan, osasunaren arloan, datuak babesteko legean eta kirol ekipamenduen segurtasunean, besteak beste.
Uharteko Udalaren kirol instalazioak arautzen dituen araudia edo berariazko araudia aplikatzen laguntzea.
Instalazioek behar bezala funtziona dezaten horietan egiten diren kontratazioak gainbegiratzen laguntzea, eta behar diren kontratazioak proposatzea Udalaren Kirol Zerbitzuko Zuzendaritzari.
Hizpide diren instalazioetarako onetsi diren aurrekontuko partidak gauzatzen direla gainbegiratzen laguntzea, eta horren berri ematea aldian-aldian Udalaren Kirol Zerbitzuko Zuzendaritzari.
Udalaren Kirol Zerbitzuko Zuzendaritzak tokiko kirol sistema garatzeko agintzen dizkion ekintzak egitea.
Kirol koordinatzaileari Udalaren Kirol Zerbitzuaren kudeaketan laguntzeko eginkizun orokorrak, eta kirol koordinatzailea ordeztea, bere mailarekin bat datozen eginkizunetan, hura ez dagoenean.
Aipatutakoez gain, bestelako zeregin batzuk ere beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, agintzen zaizkionak ezarritako helburuak lortu beharrez.
5. Baldintzak.
Izangaiek ondoren azaltzen diren baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiar nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, legez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
d) Eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean unibertsitateko diplomadunaren titulua, arkitekto teknikoarena edo baliokidea izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea.
e) Euskarako C1 titulua izatea (EGA). Frogatu beharko da hizkuntza eskola ofizial batek emandako ziurtagiriaren bidez edo baliokidetzat jotzen den titulu baten bidez.
Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioaren frogagiria.
6. Eskabideak aurkeztea.
Eskabideak aurkezteko epea:
Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau iragartzen duen aipua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Deialdiaren testu osoa eskura egonen da Udalaren web-orrian (https://huarte.es/eu/), baita Uharteko Udaleko herritarren arretarako bulegoetan ere.
Deialdian parte hartzeko eskabideak Uharteko Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira (San Juan plaza 1, 1.a), 8:30etik 14:00etara, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, eta mezu elektroniko bat bidali beharko da aldez aurretik helbide honetara: recursoshumanos@huarte.es. Agiri horiek modu telematikoan aurkeztuz gero, fitxategiei jarri beharko zaie beren edukiarekin bat datorren izena.
Eskabideak aurkeztuko dira jarraikiz deialdi honen I. eranskineko ereduari. Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen prozesuan parte hartzeko. Uharteko Udalaren erregistro orokorrean eskuratuko da eskabidearen eredua; bestela, Interneten, helbide honetan: https://huarte.es/eu/.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
Eskabideari behar bezala bete eta honako agiri hauek erantsi behar zaizkio:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Eskatutako titulazioaren fotokopia.
c) Euskararen ezagutza frogatzen duen dokumentazioa.
d) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 21,00 euro ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: ES593008 0087 74 1447560721). Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Eskabidea erregistro orokorrean bertan aurkezten duten izangaiek tasaren ordainketa dirutan egiten ahalko dute, unean bertan. Salbuetsita egonen dira izena emateko unean langabezian daudela frogatzen dutenak.
e) Merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.
Merezimenduak izan ezik, aukerakoak baitira, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenek ezin izanen dute deialdian parte hartu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
7. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Uharteko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Zerrenda hori argitaratuko da Uharteko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (https://huarte.es/eu/).
Egun horretatik aitzina, baztertutako izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko. Horretarako, eskabidea aurkeztu beharko dute edozein udal erregistrotan.
Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Uharteko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Udalaren web-orrian (https://huarte.es/eu/) eta iragarki-taulan. Gainera, deialdi honetako lehen hautaproba egiteko eguna eta tokia adieraziko ditu.
Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Uharteko Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko da, hautaproba egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.
Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik betetzen dituztela deialdi honetan eskatutako baldintzak. Izangaiek aurkeztu behar dituzten agiriak aztertutakoan, edo administrazioak bere eskuetan dauzkanak aztertutakoan, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, izangaiek galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
8. Kalifikazio epaimahaia.
Epaimahaiburua: Alfredo Arruiz Sotés, Uharteko Udaleko alkatea.
Epaimahaikidea: Alfredo Osés González, Antsoaingo Udaleko kirol teknikaria.
Epaimahaikidea: Josu Irigoyen Reclusa, Atarrabiako Udaleko kirol teknikaria.
Epaimahaikidea: Uharteko Udaleko ordezkaritza sindikalak izendatzen duena.
Epaimahaikide idazkaria: Gustavo Jiménez Martín, Uharteko Udaleko Giza Baliabideetako kudeatzailea.
9. Oposizioaren nondik norakoa.
Hautapen sistema oposizio-lehiaketa izanen da, eta bi aldi izanen ditu: lehiaketaldia (hori eginen da lehenik eta ez da baztertzailea izanen) eta oposizioaldia.
9.1. Lehiaketaldia (25 puntu gehienez).
Lehiaketaldia: ez da baztertzailea izanen eta oposizioaldia baino lehen eginen da. Gehienez ere 25 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:
9.1.1. Antzeko eginkizunetan emandako zerbitzuak (15 puntu gehienez).
1.–Edozein administrazio publikotan B edo A mailako lanpostu hauetan emandako zerbitzuak: kirol kudeatzailea, kirol koordinatzailea, kirol teknikaria, kirol kudeaketako zuzendaria edo parekatutakoa (salbu eta zuzeneko kirol jarduerarekin lotutako enpleguak: aretoko teknikaria eta monitorea, adibidez). Bi puntu urte bakoitzeko.
2.–Enpresa pribatuetan 1. edo 2. kotizazio taldeetako lanpostu hauetan emandako zerbitzuak: kirol kudeatzailea, kirol koordinatzailea, kirol teknikaria, kirol kudeaketako zuzendaria edo parekatutakoa (salbu eta zuzeneko kirol jarduerarekin lotutako enpleguak: aretoko teknikaria eta monitorea, adibidez). Puntu bat urte bakoitzeko.
Urtebetetik beherako lanaldiak hainbanatu eginen dira, modu proportzionalean. Laneko eskarmentua frogatuko da honako hauek aurkeztuz: enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiria, lan-bizitza gehituta.
Enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagirietan, honako hauek jaso beharko dira: kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partzialak izanez gero, portzentajea edo ordu kopurua zehaztuta) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera data zehatzak.
Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
9.1.1 apartatuko puntuak batuta lortzen den puntuazioa, guztira, ez da izanen 15 puntutik gorakoa.
9.1.2. Kirol kudeaketarekin lotutako prestakuntza (10 puntu gehienez).
1.–Titulazio osagarria, sartzeko baldintza gisa aurkeztutakoaz gain: Gradua Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan, edo baliokidetzat jotzen den titulua: 8 puntu.
2.–Masterra Kirol Enpresen Kudeaketan, Masterra Enpresa Publikoen Kudeaketan eta Zuzendaritzan: 2 puntu master bakoitzeko, 4 puntura arte gehienez.
3.–Kirol entitateen plangintza eta kudeaketari buruzko 70 orduko edo hortik gorako ikastaroetan parte hartzea: puntu bat ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere 6 puntu.
Oharrak:
a) Ordu kopururik adierazten ez bada, ikastaroa ez da aintzat hartuko, ezta 70 ikastordu baino gutxiago dituztenak ere.
b) 9.1.2 apartatuko puntuak batuta lortzen den puntuazioa, guztira, ez da izanen 10 puntutik gorakoa.
c) 9.1.2 apartatuan ez dira baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitateaz kanpokoak.
Epaimahaiak inola ere ezin izanen du frogatutzat hartu aurkeztu ez den eta agiri batez frogatu ez den merezimendurik, eta ezin izanen du eman, atal bakoitzeko, adierazitako gehieneko puntuazioa baino puntu gehiago.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiakideek alegatutako merezimenduei buruz.
Merezimenduen frogagiriak aurkeztuko dira deialdirako eskabideak onartzeko hasierako epearen barruan.
Merezimenduen balorazioaren kontra erreklamazioak jar daitezke 5 egun balioduneko epean, web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita, Udalaren edozein erregistrotan eskabidea aurkeztuz.
9.2. Oposizioaldia (75 puntu gehienez).
Lehiaketaldiaren ondotik hasiko da, eta proba hauek izanen ditu:
–Lehen proba (teorikoa): 30 puntu gehienez.
Test moduko galdera sorta bati erantzun beharko zaio. Galderak gai-zerrendari buruzkoak izanen dira (II. eranskina). Galdera bakoitzean, erantzuteko zenbait aukera emanen dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
–Bigarren proba (praktikoa): 45 puntu gehienez.
Bi kasu praktiko ebatzi beharko dira, gehienez ere 90 minutuan. Kasu praktikoek lanpostuaren eginkizunekin eta edukiekin zerikusia duten alderdiak jasoko dituzte. Probari 45 puntu emanen zaizkio gehienez, eta kasu praktiko bakoitzari 22,5 puntu. Gainditzeko, gutxienez 11,25 puntu lortu beharko dira kasu praktiko bakoitzeko. Edukiaz gain, honako hauek ere baloratuko dira: idatziz adierazteko gaitasuna, izangaiaren ekarpen pertsonala, argitasuna eta ideien ordena, eta laburtzeko gaitasuna. Proba gutun-azal itxien bidez eginen da. Bigarren proba hori ez da baloratuko proba teorikoa gainditzen ez bada.
Probak egun berean eginen dira, eta ez dira hasiko martxoa baino lehen. 10 egun balioduneko epea emanen da bi probekin lotutako alegazioak egiteko.
10. Probak gainditu dituztenen zerrenda, kontratatzeko proposamena eta agirien aurkezpena.
10.1. Ariketaren kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Uharteko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren ordenan, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari.
10.2. Emaitzak argitara eman eta 15 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean:
a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
c) Osasun-ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea, jarraikiz deialdiko lanpostuan gauzatu beharreko jardueretarako ezarritako osasun-protokoloei. Ezin izanen dira kontratatu aipatutako osasun-azterketan "gai" kalifikazioa ez duten izangaiak.
d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.
e) Hala behar badu, Uharteko Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.
10.3. Aipatutako epearen barrenean agiriak aurkezten ez badira (salbu aski arrazoitutako ezinbesteko kasuetan), izangaia ezin izanen da kontratatu eta, beraz, haren jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, galarazi gabe legokiokeen erantzukizuna.
10.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Uharteko Udalak lanpostua beteko du zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin, hots: hautaprobak gainditu dituztenen zerrendan (10.1 apartatuan aipatzen den horretan) ondo-ondotik heldu den izangaiarekin.
11. Kontratazioa.
11.1. Hautapen prozedura bukatu eta izangaiak aurreko oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoan, alkateak kontratatu eginen du.
11.2. Deialdiaren emaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
11.3. Hautatutakoak alkatetzaren ebazpenean adierazitako egunean sinatu beharko du kontratua. Epe horretan kontratua formalizatzen ez bada (salbu ezinbesteko kasuetan), galduko dira kontratatuak izateko eskubide guztiak. Horrelakorik gertatuz gero, 10. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
12. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
12.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Uharteko alkateak aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek era daitezen aginduko du:
–Hautaprobak gaindituta ere, plazarik gabe gelditu diren izangaien zerrenda.
–Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.
13. Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendak osatzeko prozedura.
Kalifikazio epaimahaiaren espedientea jasota, Uharteko Udaleko alkate udalburuaren ebazpen baten bidez onetsiko dira, hala behar badu, aldi baterako kontratazioa egiteko zerrenda hauek:
a) Hautaprobak gaindituta ere, plazarik gabe gelditu diren izangaien zerrenda.
b) Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda, hautaprobak gaindituta ere plazarik gabe gelditu diren izangaiak ez badira.
Gerta liteke Udalak eskatzea deialdiaren 2. oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena edo egoki irizten duen bestelako agiriren bat.
Hautaprobak gaindituta ere plazarik gabe gelditu diren izangaien kasuan, hautapen prozesuan zenbat eta puntuazio handiagoa erdietsi, eta gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan zenbat eta puntuazio handiagoa erdietsi, halakoxea izanen da lehentasuna aldi baterako kontratazioa egiteko zerrendetan.
Edonola ere, aldi baterako kontratazioetarako zerrendetako izangaiei deitzeko irizpideak izanen dira ezarrita daudenak kontratazioaren unean indarrean den Udaleko zerrendak kudeatzeko barne araudian.
14. Datu pertsonalak babestea.
Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):
–Uharteko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Tratamenduaren xedea da deialdi hau kudeatzea.
–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
- DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko).
- DBEOren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak). Datuak beste udal edo erakunde publiko batzuei lagatzen ahalko zaizkie, betiere lan xedeekin.
–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo egoitza elektronikoaren bidez.
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
15. Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, honako errekurtso hauek jartzen ahalko dira:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, Uharteko Udalari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu eta hilabeteko epean.
Uharten, 2026ko urtarrilaren 13an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.
I. ERANSKINA.–HAUTAPEN-PROZESUAN PARTE HARTZEKO ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. IX. Titulua: prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki-erakundeen jarduketen aurkaratzea eta kontrola. Zehazki, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.
2. gaia.–2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. III. titulua, aurrekontua eta gastu publikoa.
3. gaia.–7/1985 Foru Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua: udalerria. V. titulua, I. kapitulua: toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea.
4. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. I. titulua: prozeduran interesdun direnak.
5. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. II. titulua: administrazio publikoen jarduna. III. titulua: administrazio egintzak.
6. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua. xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua. IV. kapitulua: administrazio publikoen ondare-erantzukizuna. V. kapitulua: funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan.
7. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua: dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. II. titulua: dirulaguntzak itzultzea.
8. gaia.–Udal Kirol Zerbitzuaren funtzionamendua arautzen duen ordenantza (2016ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 8an).
9. gaia.–Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko erregelamendua (2019ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 6an).
10. gaia.–Udalaren kirol jardueretako izen ematea arautzen duen ordenantza (2020ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 6an).
11. gaia.–Udalaren kirol eskolen erregelamendua (2019ko 168. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 27an), eta, horrekin batera, haren aldaketa onetsiak (2024ko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, maiatzaren 24an).
12. gaia.–Nafarroako udal kirol zerbitzuen eskumenen esparrua, eta kudeaketa-moduak, indarrean dagoen legeriaren arabera.
13. gaia.–38/2009 Foru Dekretua, apirilaren 20koa, Kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko betebeharrak eta segurtasun neurriak arautzen dituena.
14. gaia.–36/2024 Foru Dekretua, apirilaren 17koa, Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzkoa.
15. gaia.–Europako Kirolaren Gutuna.
16. gaia.–39/2022 Foru Legea, abenduaren 30ekoa, Kirolari buruzkoa.
17. gaia.–Genero ikuspegia txertatzea eta berdintasuna sustatzea udal kirolean. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako Uharteko Udalaren ordenantza.
18. gaia.–Nafarroako eta estatuko beste administrazio batzuek Nafarroako toki entitateei ematen dizkieten dirulaguntzak, kirola eta osasuna sustatzeko.
19. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. I. titulua. Xedapen orokorrak.
20. gaia.–89/2024 Foru Dekretua, urriaren 9koa, Nafarroako Kirolaren Erregistroa arautzen duena.
21. gaia.–86/2018 Foru Dekretua, urriaren 24koa, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen dituena.
22. gaia.–Uharteko kirol elkarteentzako dirulaguntzak, haien kirol ekintzak sustatzeko. Dirulaguntza horien deialdiaren oinarriak.
23. gaia.–18/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzkoa.
24. gaia.–Uharteko Udalaren 2024-2025 kirol programa.
25. gaia.–Uharteko geografia: deskribapen orokorra. Parajeak. Kale-izendegia. Uharte eta bere ingurunea. Biztanleria: bilakaera.
26. gaia.–Administrazio agiriak. Kontzeptua, funtzioak eta ezaugarriak. Administrazioak ematen dituen dokumentazio administratiboen sailkapena eta ezaugarriak. Estilo administratiboa dokumentuak idaztean. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, erabakien helarazpena, jakinarazpenak.
27. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
28. gaia.–Uharteko udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza.
Iragarkiaren kodea: L2600455
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
