36. ALDIZKARIA - 2026ko otsailaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CINTRUÉNIGO

Lekualdatze-lehiaketa berezia, zerbitzu anitzetako enplegatuen hiru plaza betetzeko

Cintruenigoko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2026ko otsailaren 2an egindako bilkura berezian, deialdi bat onetsi zuen zerbitzu anitzetako enplegatuen hiru plaza lekualdatze-lehiaketa bereziaren bidez betetzeko.

Deialdia eginen da bat etorriz aplikatu beharreko arauekin eta oinarri hauetan ezartzen denarekin:

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da lekualdatze-lehiaketa bereziaren bidez zerbitzu anitzetako enplegatuen hiru plaza betetzea (urak, iturgintza eta igeltserotza), plantilla organikoan A72, A77 eta A80 kodeekin identifikatuta daudenak.

Deialdi honen xedeko plazak lan publikoaren eskaintza hauetan sartuta daude:

–A72 plaza: 2023ko lan publikoaren eskaintza (2024ko 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 5ean).

–A77 plaza: 2024ko lan publikoaren eskaintza (2024ko 246. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 5ean).

–A80 plaza: 2025eko lan publikoaren eskaintza (2025eko 251. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 18an).

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Honako arau hauetan ezarritakoa beteko da lekualdatze-lehiaketa berezi honetan: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/2025 Foru Legea, ekainaren 4koa, Nafarroako administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko langileen arloko aparteko eta premiazko neurriak onesten dituena; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta jarraian ematen diren oinarriak.

3.–Lanpostuaren betebeharrak eta eginkizunak.

3.1. Indarreko araudian ezarritakoarekin bat, lekualdatze-lehiaketa berezi honetan parte hartzen dutenek betebehar hauek bete beharko dituzte, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean eta lanpostuaz jabetu arte:

a) Cintruenigoko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) D mailan edo taldean egotea, maila horretako lanpostu bateko titularra izateagatik.

c) C motako gidabaimena.

3.2. Orobat, deialdian parte hartzen ahalko dute, baldin aipatutako baldintzak betetzen badituzte, lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian daudenek edo nahitaezko eszedentzian daudenek, baldin gutxienez ere urtebetez egon badira administrazio-egoera horretan; gisa horretara, jardunera itzuliko dira, lanpostu baten behin betiko adjudikazioa lorturik.

Lekualdatze-lehiaketan parte hartzean borondatezko eszedentzian egonez gero, gutxienez urtebetez egon beharra dute egoera horretan.

3.3. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiakideek zuten araubide juridikoa aldatzea. Hala bada, lehiakideek segituko dute eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean.

3.4. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.5. Lanpostuaren eginkizunak.

Adibide gisa eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira, besteak beste, zerbitzu anitzetako enplegatua (urak, iturgintza eta igeltserotza) izateko lanpostuaren ohiko eginkizunak:

–Instalazio eta obretako mantentze-lan orokorren brigadaren jarduerekin lotutako zerbitzu anitzak, eta horiei jarraipena egitea, egokiak izan daitezen haien funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentzea.

–Udalaren egoitzetan, eta horietatik kanpo ere, azpiegituraren mantentze- eta konpontze-lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, zangak ireki eta ixtea eta abar.

–Eskatzen zaizkion instalazio berriak eta hobekuntzako jarduketak egitea, baldin bere mailakoak badira, eta oinarrizko lanak egitea laneko ibilgailuak zaintzeko eta mantentzeko.

–Materialak, tresnak eta lan-ekipoak prestatzea. Materialen eta tresnen inbentarioa eskatzea eta kontrolatzea. Tresnak eta ekipoak egoera onean mantentzea. Zerbitzuaren berezko makineria, lanabes eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea.

–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar. Altzariak eta tresnak lekuz aldatu eta paratzea.

–Udalak programatzen dituen festetarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan laguntzea, baita Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere. Agertokiak, hesiak eta gainerakoak muntatzea eta desmuntatzea, jai eta ekitaldi publikoetan.

–Udaleko beste zerbitzu batzuekin lankidetzan aritzea (elektrizitatea, iturgintza, igeltserotza, lorezaintza, etab.), hala eskatzen zaienean. Agintzen zaion bide garbiketa egitea, horretarako erabiliz Udalak dauzkan baliabideak. Materialak kargatzea/deskargatzea, obrak garbitzea, areketako belar-sastrakak garbitzea eta obren lantalderako zeregin osagarriak.

–Udal ibilgailuak gidatzea, edo zeregin espezifikoetarako alokatzen direnak, obrako makina arin eta ertainak erabiltzea (kamioia, plataforma jasotzailea) eta tresna espezifikoak erabiltzea.

–Gorabehera eta abisuei erantzutea: beste udal bulego batzuek jakinarazitako matxuren edo gorabeheren parteei erantzutea. Egindako lanei eta hautemandako beharrei buruzko txostena.

–Segurtasunari, higieneari eta ingurumenari buruzko arauak betetzea: behar bezala erabiltzea norbera babesteko ekipamenduak (NBEak). Laneko segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak betetzea. Arduraz jardutea produktuak eta materialak erabiltzean, ingurumen-inpaktua saihestuz. Segurtasun eta prebentzio protokoloak betetzea. Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak.

–Arduradunari behar bezain garaiz komunikatzea udal azpiegitura, lokal eta ekipamenduetan atzemandako gabeziak, matxurak eta akatsak, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta horretan laguntzea, horretarako proposatuz ekintza eta aldaketa lagungarriak.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgu jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan-programa eta zerbitzuaren beharrak.

–Kontrolatzea eta begiratzea ea betetzen diren Udalaren ordenantzak, eta ikuskapena egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta eta jasota ea betetzen den araudia honako hauen gainean: lizentziak eta obrak, bide publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.

–Begiratzea ea bide eta espazio publikoak egoera onean dauden, bai eta udal eraikinak ere, eta proposatzea behar diren mantentze-lanak eta/edo hobekuntza-lanak.

–Lantaldeko buruak esleipena eginez gero, lanpostuak erantzukizuna izanen du lanen antolamenduaren gainean eta langileen gainean. Lan horiek lantaldeko buruak edo nagusiak zehaztuko ditu. Izan ere, hark esleituko ditu lanak eta horretarako behar diren langileak, eta zehaztuko ditu lanen antolamendua, egiteko modua eta kasu bakoitzean hartu beharreko segurtasun neurriak.

–Era guztietako udal zerbitzuak egitea, eta hala alkateak nola eskuordetza duten organoek haren esku uzten dituzten zereginak, guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

Adibide gisa eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira, besteak beste, zerbitzu anitzetako enplegatua (urak) izateko lanpostuaren ohiko eginkizunak:

–Mantentze eta kontserbazio lanak egitea edateko uraren hornidura-sarean: Aldizkako ikuskapenak egitea udalerriko edateko uraren banaketa-sarean. Matxurak, ihesak, hausturak edo presio-galerak aurkitzea eta konpontzea eroanbideetan, harguneetan eta ixteko giltzetan. Kontagailuak, balbulak, txorrotak, junturak, besarkagailuak eta sareko gainerako elementuak ordezkatzea eta konpontzea. Presio eta estankotasun probak egitea hodietan eta instalazioetan.

–Saneamendu-sarea kudeatzea eta mantentzea: estoldak, kolektoreak, kutxatilak, putzuak eta hustubideak garbitzea, libratzea eta mantentzea. Buxadurak edo iragazketak atzematea eta konpontzea udal saneamendu-sarean. Laguntza ematea euri-uren sarea garbitzeko eta larrialdi-egoeretan (uholdeak, euri-jasak, etab.) urak husteko.

–Udal instalazio hidraulikoen kontrola: Instalazio hidraulikoak berrikustea, mantentzea eta konpontzea udal eraikinetan eta azpiegituretan (iturriak, parkeak, kiroldegiak, igerilekuak, etab.). Egiaztatzea behar bezala ibiltzen direla ponpak, motorrak, andelak eta ureztatze eta arazketa sistemak. Ur-mailak kontrolatzea andeletan, iturrietan eta ponpaketa sistemetan.

Adibide gisa eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira, besteak beste, zerbitzu anitzetako enplegatua (iturgintza) izateko lanpostuaren ohiko eginkizunak:

–Ur-sareen instalazioa eta mantentze-lanak: Udal eraikinetako hodiak, ixteko giltzak, txorrotak, balbulak, kontagailuak eta osagarriak muntatzea, konpontzea eta ordeztea. Hornidura- eta saneamendu-sareak instalatzea eta konektatzea.

–Barneko zein kanpoko matxurak konpontzea: Ur ihesak, buxadurak edo hausturak aurkitzea eta konpontzea eroanbideetan. Pieza akastunak ordeztea eta egiaztatzea instalazioek behar bezala funtzionatzen dutela.

–Prebentziozko mantentze-lanak: Instalazio hidraulikoak aldizka berrikustea eraikin publikoetan (ikastetxeak, kirol zentroak, bulegoak, parkeak, etab.). Hodiak, hustubideak eta kutxatilak garbitzea eta libratzea.

Adibide gisa eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira, besteak beste, zerbitzu anitzetako enplegatua (igeltserotza) izateko lanpostuaren ohiko eginkizunak:

–Eraikuntza eta konponketa lanak: Hormak eta trenkadak altxatzea, zimenduak egitea, egiturak kofratzea, etab. Baldosak eta azulejuak paratzea, estaldurak eta zoladurak jartzea, emokadurak/luzituak egitea, etab.

–Bide publikoetako mantentze lanak: Zuloak konpontzea, zintarriak, galtzada-harriak eta espaloiak jartzea eta lehengoratzea, txorkoak estaltzea, argiteria publikoko zutoinak eta piboteak jartzea, etab.

–Kutxatilak eraikitzea, estoldak garbitzea, igeltserotza-lanak egitea hiri-altzarietan (bankuak, iturriak), etab.

4.–Ordainsariak.

Lekualdatzen diren langileek dagozkien ordainsariak jasoko dituzte, bat etorriz indarreko xedapenetan eta Udalaren plantilla organikoan ezarritakoarekin.

5.–Eskabideak, aurkezteko epea eta lekua.

5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu behar dira Cintruenigoko Udalaren erregistro orokor elektronikoaren bidez; Cintruenigoko Udalaren egoitza elektronikoan dago eskura (https://cintruenigo.sedelectronica.es).

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute I. eranskineko eredu normalizatuaren arabera.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

5.2. Izangaiek, eskabidearekin batera, alegatzen dituzten merezimendu guztien frogagiriak aurkeztu behar dituzte (betiere deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera), salbu Cintruenigoko Udalean egindako zerbitzuen frogagiriak, deialdia egin duen organoak zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari.

Izangaiek merezimenduak alegatu eta frogatu beharko dituzte, behar bezala ordenatuak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

5.3. Eskabideak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Merezimendu guztiak, oinarri honetan ezarritakoarekin bat, agiri bidez aurkeztu beharko dira, telematikoki, izena emateko eskabideak aurkezteko epearen barnean.

6.–Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila toki-erakundearen atariko deialdiaren web-fitxan, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere.

6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek 5 egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Agiri horiek guztiak esteka honen bidez eta eskabide orokorraren bidez aurkeztu beharko dira: https://cintruenigo.sedelectronica.es/info.0

6.3. Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko dira onartutakoen behin betiko zerrendak, eta aginduko da toki-erakundearen atarian argitaratzeko, deialdiaren web-fitxan, baita Udalaren iragarki-taulan ere.

6.4. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila toki-erakundearen atarian, deialdiaren web-fitxan, eta Udalaren iragarki-taulan.

6.5. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, ebazpen bat emanen da, lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

7.–Epaimahaiko kideak.

7.1. Honako hauek izanen dira lehiaketaren kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Óscar Bea Trincado, Cintruenigoko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Anabel Lacarra Ridruejo, Cintruenigoko Udaleko zinegotzia eta Barne Araubideko Batzordeko burua.

–Epaimahaikidea: Manuel Contreras Sampayo, Cintruenigoko Udaleko arkitektoa.

Ordezko epaimahaikidea: Jorge Chivite Ayala, Cintruenigoko Udaleko lantaldeko burua.

–Epaimahaikide idazkaria: Isabel Garbayo Aliaga, Cintruenigoko Udaleko langileen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Elia Bea Sesma, Cintruenigoko Udaleko langileen ordezkaria.

7.2. Kalifikazio-epaimahaiak eratzen ahalko dira deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun beretik aurrera.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

7.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

7.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, baina horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.5. Lekualdatze-lehiaketaren prozesuko probak eta balorazioa.

–Lanpostuko edukiari eta eginkizunei buruzko proba praktikoa: 25 puntu gehienez.

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: 25 puntu gehienez.

–Txosten psikoteknikoa: 15 puntu gehienez.

7.6. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin eta abstentziorako arrazoiren bat badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

8.–Proba praktikoa, lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzkoa.

Praktikoa eta idatzizkoa izanen da, eta epaimahaiak planteatutako kasu bat edo gehiago ebatzi beharko dira, II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiei buruzkoak.

Probek gehienez 25 puntuko balioa izanen dute, eta baztertzaileak izanen dira. Gutxienez 12,5 puntu behar dira gainditzeko.

Probak plika sistema erabiliz eginen dira.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Probak bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako puntuazioak, toki-erakundearen atarian, deialdiaren web-fitxan, eta Udalaren iragarki-taulan, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek aukera izan dezaten erreklamazioak egiteko eta eskubidekotzat jotzen duten guztia alegatzeko.

Erreklamazioak esteka honen bidez eta eskabide orokorraren bidez aurkeztu beharko dira: https://cintruenigo.sedelectronica.es/info.0

9.–Proba psikoteknikoa.

Proba honek gehienez 15 puntuko balioa izanen du, baina ez da inor baztertuko.

Proba psikoteknikoaren helburua da izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehaztea.

Proba hau Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen du. Gehieneko balorazioa: 15 puntu. Lortutako puntuazioa loteslea izanen da kalifikazio-epaimahaiarentzat.

Probak bi zati hauek izanen ditu:

Lehenbizikoan, nortasunari eta/edo lanerako gaitasunari buruzko galdetegi bat bete beharko da.

Bigarrenean, elkarrizketa bat eginen da, taldeka eta/edo banaka.

Kalifikazio bat lortzeko, ezinbestekoa izanen da bi zatietara agertzea.

Proba psikoteknikoak hasi aurretik, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak, epaimahaiari kontsulta egin ondotik, profil profesiografikoari buruzko proposamena igorriko dio azken horri. Epaimahaiak profil hori onetsi eta ebaluatuko diren ezaugarriak eta intereseko beste alderdi batzuk argitaratuko ditu proba psikoteknikoak egin aurretik.

Proba praktikoa gainditzen duten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.

Proba bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako puntuazioak, toki-erakundearen atarian, deialdiaren web-fitxan, eta Udalaren iragarki-taulan, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek aukera izan dezaten erreklamazioak egiteko eta eskubidekotzat jotzen duten guztia alegatzeko.

Erreklamazioak esteka honen bidez eta eskabide orokorraren bidez aurkeztu beharko dira: https://cintruenigo.sedelectronica.es/info.0

10.–Merezimenduak.

Proba teoriko-praktikoa gainditu dutenen merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Epaimahaiak izangaien merezimenduak baloratuko ditu, honako baremo honen arabera:

a) apartatua: administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu, gehienez.

b) apartatua: prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 25 puntu, gehienez.

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez, baremo honen arabera:

–Zerbitzu anitzetako enplegatu gisa egindako zerbitzuak (D maila edo taldea): puntu bat urteko.

–Edozein administrazio publikotan aurrekoez bestelako lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,50 puntu urteko.

Urteen kopurua ez bada osoa, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

Ez dira baloratuko deialdi hau argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

Apartatu honetan alegatutako merezimenduak baloratuko dira lanpostuaren edukiarekin zerikusia badute soilik.

–Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 25 puntu.

Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ez dira apartatu honetan baloratuko, ez unibertsitatekoak, ez unibertsitatetik kanpokoak.

Deialdiaren 5.2 oinarrian xedatutakoarekin bat, izangai bakoitzak agiri bidez alegatu eta frogatu behar ditu merezimendu guztiak, lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Salbuespen bakarra Cintruenigoko Udalean egindako zerbitzuak izanen dira, deialdia egin duen erakundeak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio horren frogagiriak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Lehiaketan parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, administrazio publikoetan zerbitzuak egiten antzinatasunik handiena dutenen alde ebatziko da. Oraindik ere berdinketa badago, kalifikazio-epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura ebazteko.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu parte-hartzaileek lortutako puntuazioak, toki-erakundearen atarian, deialdiaren web-fitxan, eta Udalaren iragarki-taulan, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek aukera izan dezaten erreklamazioak egiteko eta eskubidekotzat jotzen duten guztia alegatzeko.

Erreklamazioak esteka honen bidez eta eskabide orokorraren bidez aurkeztu beharko dira: https://cintruenigo.sedelectronica.es/info.0

11.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta plaza hutsak hautatzea.

11.1. Kalifikazio-epaimahaiak, aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, argitara emanen ditu behin betiko puntuazioak toki-erakundearen atarian, dagokion deialdiaren web-fitxan, eta Udalaren iragarki-taulan. Orobat, izangaien zerrenda igorriko dio organo deitzaileari, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, espediente osoarekin batera.

11.2. Alkateak plaza hutsak hautatzeko ekitaldirako deialdia eginen du. Horretarako, argitara emanen ditu aukeratu beharreko plaza hutsen zerrenda eta hautaketara deitutako izangaien zerrenda, plaza hutsak aukeratzeko duten lehentasun-hurrenkerari jarraituz (lehiaketan lortutako puntuazioaren arabera). Gero, 5 egun balioduneko epea emanen du plaza hutsak hautatzeko.

Informazio hori argitara emanen da toki-erakundearen atarian, deialdiaren web fitxan, eta Udalaren iragarki-taulan.

11.3. Izangaiek, ezarritako epearen barnean, adieraziko dute nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera.

Eskaera ezarritako epean bidaltzen ez dutenek lehiaketaren xede diren plaza hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

Plaza hutsak aukeratzeko epea bukatuta, lehiakideek ezin izanen diote uko egin aukeratutako plazari.

Organo deitzaileak puntuazio-hurrenkera kontuan hartuta eginen du esleipena.

12.–Esleipena eta plazaz jabetzea.

12.1. Tokiko Gobernu Batzarrak esleituko dizkie plazak lehiakideei, nori dagokiona, interesdunen eskaeren arabera eta lehiaketan lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera. Horretarako, izendapenak eginen ditu, eta manatuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

12.2. Izendaturiko lehiakideek hamar egun naturaleko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten zaienetik, salbu eta organo deitzaileak izendapenean egun jakin bat ezartzen badu horretarako.

12.3. Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa.

13.–Datu pertsonalak babestea.

Izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Cintruenigoko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da deialdiko plaza hutsak betetzea, langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

–DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari dagokion legezko betebehar bat betetzeko.

–DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte denean, edo berak eskatutako tratamendua, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez ezarritako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@cintruenigo.com).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien edo deialdia aplikatzeko kalifikazio-epaimahaitik etortzen ez diren egintzen kontra, hautara, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Cintruenigon, 2026ko otsailaren 2an.–Alkatea, Óscar Bea Trincado.

I. ERANSKINA.–LEKUALDATZE LEHIAKETA BEREZIAREN DEIALDIA - PARTE HARTZEKO ESKABIDEA

Izen-deiturak:

NANa/nortasun-agiria

Jaioteguna

Jaioterria

Nazionalitatea

Egungo helbidea (kalea, zenbakia, solairua)

Posta-kodea/herria

Telefono mugikorra

Telefono finkoa

Helbide elektronikoa

AZALTZEN DUT:

Deialdiko baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera aurkezten ditudala deialdian parte hartzeko eskatutako agiriak.

Eskabidearekin batera aurkezten dudala lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.

Lanpostu honetarako izendatu nindutela (adierazi):

Administrazio-egoera (adierazi dagokizuna):

Jardunean. Borondatezko eszedentzia.

Zerbitzu berezietan. Nahitaezko eszedentzian.

Eszedentzia berezia.

Lanpostuaz jabetu zinen eguna: Arloa:

.......................................................... .............................................................

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea zerbitzu anitzetako enplegatua (urak, iturgintza eta igeltserotza) izateko hiru plaza lekualdatze-lehiaketa bereziaren bidez betetzeko deialdian. Plazak lan-araubide finkokoak dira, eta deialdia argitara eman zen .................. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun honetan: ..............................................................................................................................................................................

Cintruenigon, 2026ko .................aren ....(e)(a)n.

(Sinadura)

DATUEN BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA:

Tratamenduaren arduraduna: Cintruenigoko Udala. Xedea: deialdiko plazak hutsak betetzea, langileak hautatzea. Eskubideak baliatzea: Datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak eta beste batzuk baliatzen ahalko dira, deialdiaren 13. oinarrian adierazitako gisan eta www.cintruenigo.com egoitza elektronikoko gardentasun-atarian nahiz dpd@cintruenigo.com helbidean eskuragarri dagoen informazio gehigarrian adierazitakoaren arabera.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Cintruenigoko Udaleko Ur Zerbitzuaren erregelamendua eta hari lotutako araudia.

2.–Ur-hornidurako sareak. Hodiak: materialak, piezak, zangan nola jarri. Sareko elementuak: balbulak, bentosak, sute-ahoak, ur-harguneak, presioa murriztekoak, erregistro-kutxatilak eta abar. Harguneak: materialak, diametroak, instalazioa. Probak hornidurako hodietan, zerbitzuan jartzea.

3.–Ur-biltegiak. Kokalekua, biltegi motak eta haien eginkizunak. Erregulaziorako eta hornidurarako elementuak. Emari-neurgailuak. Kontsumoak. Uraren kalitatearen kontrola, laginak hartzea. Ur ponpaketa biltontzi batera. Hornidurarako presio-multzoak.

4.–Edateko Ura Tratatzeko Estazioak, EUTE. Tratamendu motak. Dekantazioa, iragazketa, tratamendu kimikoak. Erreaktiboak dosifikatzea. Desinfekzioa. Uraren kalitatearen parametroak, laginak hartzea. Legeria. EUTE baten ekipoak. Kontrol-elementuak. Scada, automatak. Tresnak. Ekipoetako eta makineriako mantentze-lanak.

5.–Saneamendu-sareak. sare motak. Hodiak: materialak, piezak, zangan nola jarri. Sarearen elementuak: kontrol-putzuak, harguneak, kutxatilak, hustubideak eta abar. Probak saneamenduko hodietan, zerbitzuan jartzea. Ponpaketak. Moncayoko Ur Mankomunitateko saneamendu sareen araudi teknikoaren aplikazioa.

6.–Saneamendu-sareak. Isurketak. Gainezkabideak eta ekaitz tangak. Aplikatuko beharreko araudia. Hondakin uren araztegiak (HUA). Hondakin uren ponpaketak.

7.–Eremu publikoko hornidura eta saneamenduko matxurak konpontzea. Sareetako ur-ihesak. Detekzio sistemak. Jarraibideak. Erabili beharreko makineria eta lanabesak. Segurtasuna.

8.–Neurgailuak, herri bat urez hornitzerakoan. Kontagailuak. Tipologia, instalazioa, funtzionamendua eta mantentze-lanak.

9.–Saneamendu-sareen instalazioen garbiketa. Bulkatzeko eta xurgatzeko ekipoak, saneamenduko instalazioak garbitzeko. Garbiketarako erabilitako kamioia: funtzionamendua, osagai edo mekanismo nagusiak, mantentze-lanak.

10.–Instalazio elektrikoak: kondukzioak. Magnitude elektrikoak. Korronte alternoa, zuzena eta sistema trifasikoak. Babesak. Neurtzeko gailuak. Behe-tentsioko instalazioak. Transformazio zentroak. Instalazio elektrikoak uren araztegietan, ponpatze-estazioak. Maiztasun-aldagailuak. Automatizazioa. Automata programagarriak. Segurtasuna, babesa arrisku elektrikoaren aurrean.

11.–Laneko segurtasuna eta osasuna. Bitarteko eta gailu zuzentzaileak. Denen segurtasunerako bitartekoak eta gailuak. Norberaren segurtasunerako bitartekoak eta gailuak. Lanak espazio konfinatuetan.

487/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, langileen segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituena zamak eskuz jasotzeari buruz, langileen bizkarrerako eta gerrialderako arriskutsua izan daitekeen aldetik. Kargak eskuz manipulatzeko gida teknikoa: II. atala. 487/1997 Errege Dekretua, apirilaren 14koa, Langileentzako arriskutsuak izan daitezkeen zamak, bereziki, bizkarrerako eta gerrialderako, eskuz jasotzeari buruzko segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituena (haren garapena eta hari buruzko iruzkinak).

1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa, eraikuntza obrei buruzko segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ezartzen dituena. Banakako babesak. Babes kolektiboak. Seinaleak.

12.–Zimenduak eta saneamenduak eraikitzea. Zimenduak hormigoitzea: hormigoi armatua, masan eta ziklopeoa. Bakoitzaren ezaugarriak. Hormigoitzea muturreko tenperaturetan. Hormigoitzea. Sartzeko pateak, horien neurriak eta tarteak. Zanga eta putzuetako zolatak hormigoitzea.

13.–Obra eraikuntza. Astoak eta oholak. Ilaren zertxa, miren banaketa eta trazadura. Juntura berdintzailea. Zertxa. Zehar-saiheska jarritako bistako adreiludun leiho-barrenak, leihoetako baoetan.

14.–Estalki zeramikoak eraikitzea. Bizkar-limak, limatxokonak, gailurrak eta kontramailak bilbaduran. Bizkar-limak eta limatxokonak adreilu huts bikoitzarekin enpalomatuan. Rasillonak. Estalkien estaldurak teilekin. Kare-zementua, osaera eta proportzioa. Bizkar-limak, limatxokonak eta gailurrak. Bakoitzaren estaldura. Zinkezko xafla eta asfaltozko geruzak. Piñoiak, txapitulak.

15.–Trenkadak eraikitzea. Aurremarkoak, egiaztapena eta arreta-neurriak horietako bakoitza jartzerakoan. Aurremarkoak, lehen ilararekin hartuak. 40 x 20 zentimetroko rasillonak.

16.–Zarpiatuak eta luzituak, morteroekin eta pastekin. Plataformak airean eta zintzilik, goratzeko aparailuak, erabilera eta zainketa; zuhurtasun-neurriak. Kare-zementua, leundua eta garbitua.

17.–Emokadura eta luzituak igeltsuarekin. Azeleratzaileak; erabilera eta arreta-neurriak. Ertz-babesak: zokoetako eta izkinetako ertzak, ertz-babesen xedea izkinetan, paratzeko teknikak. Astoak eta oholak.

Oharra: Gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L2601512